AZKEN 10 SARRERAK

2017/10/12

EGINO: AZTOREA, HEGO EKIALDEKO GANDOR INTEGRALA "MAT" SARRERATIK, 210 metro, 6a (2017/10/07)

Bizitzan, gauza guztiak ongi prestatuta eta kontrolpean eraman nahi izaten dugu inprobisazioari tarte gutxi emanez. Ezusteko baten aurrean inprobisatu egin behar denean ez gara eroso sentitzen eta denbora bat behar izaten dugu egoera berrira egokitzeko. Eskaladan ere batzuetan gauza bera gertatu eta buruan genuen plana aldatu beharrean izaten gara, batzuetan eguraldia edota eskalatu nahi den bidearen egoeragatik, beste batzuetan aldiz, sokadak azken momentuan planak aldatzea erabakitzen duelako. Asier eta bioi honelako zerbait gertatu zitzaigun kronika honetan azaldutako bidea eskalatu genuenean.

Aste guztian astebururako aukera ezberdinak aztertzen aritu ondoren, larunbatean Eginoko Usoa eta Aztorea eskalatzeko plana egin genuen. Arratsaldean konpromiso bat nuenez, konbinaketa ederra zen goiz pasa egin eta etxera goiz bazkaltzera iristeko. Liburu, gida eta interneten informazio bila aritu ondoren, Usoaren eskalada bide eta Aztorearen hego-mendebaldeko gandorraren nondik norakoen inguruko kronika, azalpen eta deskribapenak irakurri nituen.

Hala ere, kronikan irakurriko duzuen bezala, nahiz eta dena ongi antolatua izan, ia hormaren oinean geundenean bat-batean plana aldatu eta Aztorearen kontrako ertzara zuzendu ginen. Zergatik galderarentzat ez daukat erantzunik, bata besteari proposatu eta helburua besterik gabe aldatu genuelako.Mendian oso metodikoa izaten naiz eta nire esku dagoen guztia kontrolpean izatea gustuko dudan arren, bat-bateko plan aldaketa erronka moduan hartu nuen. Bide honetatik genuen informazio bakarra "kuartoko" zailtasuna duen bidea dela zen, eta beharbada zailtasun maila hau izan zen animatu gintuena, otsoaren ahoan sartu eta aurretik egun oso luzea izango genuela jakin gabe.

Kronikarekin hasi aurretik esan "MAT" sarreraren izena guk asmatua dela, honen inguruko informaziorik ez dugulako inon aurkitu. Sarrera honek izen propia badu eskertuko nuke esatea blog eta krokisetan aldatzeko.

OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoetan babestutako espezien habiagintzagatik eskalada debekatuta dago.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 210 metro.
Luze kopurua: 7.
Nork irekia: Aztorearen hego-ekialdeko gandorra nork ireki duenaren daturik ez dugu topatu. "MAT" sarrera bezala deitu diogunaren (lehenengo bi luzeak) inguruan ere ez dugu inongo informaziorik topatu. Gu izango ginen eskalatzen lehenak? Harritzen naiz.
Zailtasuna: 6a, Vicente Peralesen "Eguino, paseos en vertical" liburuan IV+ ematen badiote ere. Luzez-luze: 1ºL: III (35 m), 2ºL: IV (40 m), 3ºL: IV (25 m), 4ªL: IV+ (30 m), 5ºL: 6a (35 m), 6ª: IV (15 m), 7ªL: IV (30 m). Bosgarren eta seigarren luzeak batean egin daitezke.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Eginon dagoen iturrian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera: Aztorearen iparreko bidexka jarraitu eta Larrenegiko haitzetatik jaisten den Aztorea-Usoaren ohiko bidetik jaitsiko gara.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka , luzera ezberdinetako 12 express zinta eta tamaina ezberdinetako zinta batzuk bilgune eta harkaitz zubietarako, Alien eta fisurero jokua eta Lincam hori eta gorria. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.

BIDEAREN KROKISA

Krokisetan azaltzen diren ertzaren zailtasun mailak "ofizialak" dira, hau da, gidetan azaltzen direnak. Goian azaldu bezala, gure ustez bosgarren luzea askoz gogorragoa da (V+/6a).

Bidearen nondik norakoak.

Krokisa zehatzago.

Aztorearen hego-ekialdeko gandorraren krokisa beste ikuspuntu batetik.

BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Eginotik, Xabier bidera iristeko jarraitu beharreko bide bera hartu genuen.

Ur deposituaren ondoan.


Oraingoan, baso erdian dagoen argiunera iristerakoan pista jarraitu beharrean argiunea zeharkatu eta parean ditugun haritzen artean sartu ginen, hariztia zeharkatu eta hormen azpira iritsiz.

Argiunea eta hemendik hariztian barrena jarraitutako bidea.


Hormen azpian harriz jositako zabalune zabala eta Usoa dagoeneko begi-bistan genuen. Usoa aldera zuzendu eta, 30 metro inguru egin ondoren, harrien artean doan bidexka utzi eta goraka zuzen jo genuen.

Zabalunean, eskuinera hartuz gero Xabier bidera iritsiko gara. Guk puntu zuriz margotutako bidea jarraitu genuen.


Haritz batzuen artetik pasatu eta belar eta harriz estalitako malda bat igo ondoren, "MAT" sarreraren oinean dagoen plaka etzanara iritsi ginen.

Haritz artean jarraitu genuen bidea. "MAT" sarrerak Aztorearen azpian dagoen eskuineko monolitoa eskalatzen du.


DESKRIBAPENA

"Gaur gutxiñez eguraldi ona deu" esan nion Asierri Etzegarate mendatean gora. Eguna fresko eta zerua oskarbi zegoen eta Euskadi Irratian eguraldi ederra zetorrela baieztatzeak umorea alaitu zigun.

Baina Altsasura iritsi ginenean behe laino itxi batean sartu eta kotxeko argiak piztu beharrean sentitu nintzen: "joer, hau ez al da Gasteizko pantanotio etorriko?" pentsatu genuen. Tenperaturak behera egin eta 7 gradu eskasekin Eginora iritsi ginen.

"Bueno, han zeon egualdie ikusita seguro hemen ere egualdi ona ingoiula" esan nion Asierri motxila eta sokak maletategitik hartzen genituen bitartean.

Usoa eta Aztorean lehen eskalada nuen eta banuen horretarako gogoa, urteetan Eginon eskalatzen aritu ondoren, betortz itsurako bi monolito famatu hauetara sekula hurbildu gabe nengoen eta. Gure asmoa Usoaren Dame veneno eta Aztorearen hego-mendebaldeko gandorra eskalatzea zen, goiz eder batez gozatu eta etxera bazkaltzera iristeko.

"Harritzen naiz hego-ekialdeko aristaren repotajeik ez eotea" esan zidan Asierrek gainean ikusten zen ertza seinalatuz. "Ze gradu dauke?" galdetu nion. Telefono mugikorra atera eta mendikat web orriko argazki bat erakusten zidan bitartean, "kuarto omen dauke" esan zidan. Argazkian Aztorea azaltzen zen. Eskuin ezker doan ertza hurrenez hurren IV-, IV eta IV+ zailtasuneko hiru luzez osatua zegoen. Asierri begiratu eta "kuartokoa izanda eztaula iñun honen inguruko kornikaik?" galdetu nion. "Nik eztet topau ta moskeantea da" erantzun zidan "eztakit ekipauta daun hala ez baña reuniok montauta darela emateo". "Ba, ekarri deun materiala ikusita, nahizu saiatzea?" galdetu nion. "Ez da txarra izango, ta gañea, Usotio eskalau gabe ertzara azpitio zuzen irixten saiatzen bagea?" galdetu zidan. "Goazen ba!!" erantzun nion.

Bitan pentsatu gabe Usoara doan bidea utzi eta aldapan gora hasi ginen.

Aztorearen hegoalde eta Usoaren ekialdean bi monolito daude. Aztorearen hego-ekialdeko ertzaren oinera zuzen iristeko bi monolitoetako bat eskalatu beharko genuen. Usoara doan bidea utzi, harrikaran gora igotzen hasi eta, haritz batzuen artetik pasa ondoren, goizeko intzarengatik bustia zegoen belar eta harrizko aldapa igota monolitoen oinera iritsi ginen.

"Eskubikoa edo ezkerrekoa?" galdetu nion Asierri. "Bideik zuzenena eskalau nahi badeu eskubikoa eskalau beharko deu" erantzun zidan arrazoi osoz.

Material guztia prestatu, arnesaren uztai ezberdinetan banatu eta, Asierrek keinu egin zidanean, mosketoien txilin-hotsen artean eskalatzen hasi nintzen.

Bi monolitoen oinean eta eskuin monolitoan eskalatu genuen "MAT" sarreraren bi luzeak. Ezkerrean, eguzkitan, Usoa eta gainean Aztorea.


Lehen luzea, 35 metro, III. Hasiberriak  eta Placas del Pájaro loco bideak eskalatu genituenetik banekien eskalatu gabeko edo gutxi eskalatutako monolitoen harkaitza kaskarra izaten dela. Honegatik, nahiz eta eskalada erraza izan, poliki eta kontu handiz hasi nintzen.

Lehen luzearen metroak zailtasun gutxikoak dira eta, nire harridurarako, harkaitza nahiko trinkoa topatu nuen. Hala ere, tarteka kolokan zegoen harri eta harkaitzen bat eskuineko kanalaren zulora ere bota behar izan nuen.

15-20 metro inguru eskalatuak nituenean, III zailtasun mailako hormatxo bat topatu nuen. Bertako harkaitz zubi eskas batetik zinta bat pasatu eta hormatxoa zailtasun handirik gabe eskalatu nuen.

"Joer, oain arte harrie nahiko ona!!!" Oihukatu nion Asierri.

Lehenengo hormatxoa eskalatu ondoren.


Hormatxoa eskalatuta beste tarte erraz bat eskalatu eta bigarren hormatxo batera iritsi nintzen, aurrekoa baino tentegoa, baina helduleku onekoa.

Bigarren hormatxoan.


Hormatxotik kolokan zeuden harri pare bat kendu, arrail batean fisurero bat trabatu eta hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu nuen.

Bigarren hormatxoa eskalatzen.


Bigarren hormatxoa eskalatuta, zuhaitz eta sastrakek itxitako muinoa zeharkatu, adar eta sastraka batzuk kendu eta, zuhaixken artean argiunetxo bat ireki ondoren, azken zuhaixkaren enborraren inguruan bilgunea muntatu nuen.

"Azpitio oso errexa ematezun baña bi zatitan zeoze eskalau behar zen, eh?" esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. "Bai, hemendio gora asuntoa zailtzen dela emateo" erantzun nion.

Bigarren luzea, 40 metro, IV. Zuhaixken adarrek bigarren luzea ikusten uzten ez zidatenez, bilgunea desmuntatu eta hormaren oinetik aseguratzen hasi nintzen: "ahal dezunen zeoze sartu bazpare" esan nion Asierri eskalatzen hasi aurretik.

Bigarren luzea eskalatzen hastear.


Asier luzearen lehen metroetako plaka etzana eskuineko joerarekin erraz eskalatuz, plakaren amaierara iritsi zen. "Zemuzko harrie?" galdetu nion. "Oaingoz oso ona" erantzun zidan, "ea hemendio gora nolakoa den".

Biderik zuzen eta logikiena plaka etzanatik gora doan plaka bertikal eta trinkotik zuzen eskalatzen jarraitzea zen, baina babesteko aukera gutxi dituenez, Asierrek ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin zuen bloke batzuetan friend bat jartzeko.

Friend-a jarri ondoren zalantzan izan zen monolitoaren ezker aldera eskalatzen jarraitu, bilgunetik tximini itsurakoa zirudiena eskalatzeko: "eztakit ba, baña hemendio nahiko zaile emateo" esan nion, "ta gañea ezta osoik ikusten". Hau entzunda, friend-a jarritako lekutik eskuin aldera diagonalean eskalatzen jarraitu zuen tartean fisurero bat trabatu eta plaka bertikalera itzuliz.

Plaka bertikalaren lehen metroetan.


"Zemuzko harrie?" galdetu nion berriro ere. "Hemen oso ona" erantzun zidan. Plaka bertikalak helduleku onak ditu baita auto-babeserako aukera ere eta, monolitoaren ertzetik gertu mantenduz, Asierrek metroak arin irabazi zituen.

Plaka bertikalean.


Plaka bertikala eskalatuta, plaka zertxobait etzan eta, zailtasun handirik gabeko metro batzuen ondoren, monolitoaren puntara iritsi zen.

Monolitoaren puntan.


Monolitoaren puntaren atzean zuhaixka batzuk daudela aprobetxatuz, hauetako baten enborraren inguruan bigarren bilgunea muntatu zuen.

Bigarren bilgunea.


Lehen luzean gertatu moduan, bigarrenaren lehen metroetako plakako harkaitzaren kalitatea ezusteko atsegina izan zen. Asierrek ezkerrera egindako zeharkaldia egin eta friend-a jarritako lekura iritsi nintzenean ordea, inguruko bloke gehienak kolokan zeudela ikusi nuen. Hasiera batean bloke hauek kentzear izan nintzen baina, blokeen tamainak ikusi eta botaz gero noraino iritsiko ziren beldurrez, zeuden lekuan utzi nituen, hurrengo metroak kontu handiz eskalatuz.

Dena den, plaka bertikalera iristearekin batera, harkaitza trinkotu eta eskaladaz berriro ere gozatzeko aukera izan nuen.

Plaka bertikalean.


Plakan metroak irabazi ahala geroz eta gehiago gozatu nuen: "Plaka earra, eh?" esan nion Asierri. "Bai, ikusita beheraño dijola ondo eongozen paraboltekin azpitio ekipatzea" erantzun zidan bilgunetik.

Bigarren luzean gozatuz.


Bilgunera iritsi nintzenean zoratzen nengoen: "ze ona, oain ertzara iritsi ta kuartoko bi luzen ondoren goien gare" esan nion Asierri, "halere, gazteleraz esatean bezela no hay que vender la piel del oso antes de cazarla". "Bai, bazpare hobe bukaerarte kontuz ibiltzea" erantzun zidan Asierrek ertz honen inguruko kronikarik ez dagoela gogoratuz, "ta ez badau zerbaitegatio izangoa".

Bigarren bilgunea atzean utzi eta, monolitoaren gainetik ibilitako metro batzuen ondoren, zelai batera iritsi nintzen.

Asier bigarren bilgunean, atzean Egino.


Hurrengo erronkatxoa hego-ekialdeko gandorrara iristeko biderik zuzenena aukeratzea zenez, honen azpiko horma alderik alde begiratu eta hormaren eskuinean arraildura antzekoa ikusi nuen.

Gandorraren oinera nondik iritsi begiratzen.


"Earra izango zen hormatio zuzen eskalatzea" esan zidan Asierrek. "Bai, baña eskalada zaile izangoela emateo" erantzun nion. Bitan pentsatu gabe oraindik bustia zegoen zelai inklinatuan oinez 40 metro inguru ibili ondoren arrailduraren azpira iritsi nintzen.

Hormako arrailduran eskalatu genuen luzea.


Bigarren bilgunetik bigarren "bis" bilgunera egin genuen ibilbidea.


Asier nengoen lekura iritsi zenean, soberan zuen materiala eman eta, hormaren oinean dagoen harlauz batetik zinta bat pasatuz bigarren "bis" bilgunea muntatu zuen.

Bigarren "bis" bilgunea.


Hirugarren luzea, 25 metro, IV. "Joer, azpitio horma bertikalagoa emateo" esan zidan Asierrek. "Ya te digo" erantzun nion. Hormaren goiko zatian pare bat friend jartzeko aukera ederra duen harlauza dago. "Hortan irixten eongoa hemengo trukoa" esan nion Asierri.

Hasiera batean horma zuzen eskalatuz hasi nintzen baina, nahiz eta azpitik erraza iruditu, ez nuen heldulekurik topatu. Antzuak izan ziren bi saiakeren ondoren amore eman nuen.

"Ezkerretio igual errexago emateo" animatu ninduen Asierrek. Hau entzunda, hormaren azpiko sasi eta belarrak zapalduz zeharkaldi bat egin eta hormaren ezkerrean dagoen bloke handi baten azpira iritsi nintzen. Blokera igotzear nengoela oinen azpiko harkaitzak eman eta besoetatik erdi-zintzilik gelditu nintzen. "Buff!!!" bota nion Asierri. Oinak eroritako harkaitzek utzitako lekuan jarri eta, bloketik tiraka, gainera igo nintzen."Ez da moitzen?" galdetu zidan Asierrek bilgunetik. "Ez, nahiko sendoa daula emateo" erantzun nion. Blokearen ingurutik zinta handi bat pasatu eta eskalatzen jarraitu nuen.

Bigarren asegurua blokearen gainean dagoen zuhaixkaren enborraren ingurutik pasatako zinta bat izan zen. Zuhaixkatik eskuinera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin eta, harlauz txiki batetik hirugarren zinta bat pasa ondoren, luzearen harlauz nabarira iritsi nintzen. "Bueno zailena inda daula emateo" esan nion Asierri. Harlauzak hormarekin osatzen duen arrailean Lincam horia ongi sartu eta horma bertikalaren amaierara iritsi nintzen.

Horma bertikaletik ateratzea izan zen gehien kosta zitzaidana, hormatik kanpo dauden heldulekuak ez baitira sendoak. Oinak ahal izan nuen guztia igo eta, belarretatik tira eginez, hormatik atera eta bertan dagoen zuhaixka ustel baten ondora iritsi nintzen.

Horma bertikaletik atera ondoren.


Zuhaixka honetatik gora belarrezko kanal inklinatu bat igo, kanalaren erdian erorita zegoen zuhaitzaren enborren gainetik pasa eta, parean nuen plaka etzanean, trabatutako bi fisureroekin bilgunea muntatu nuen.

Hirugarren bilgunea.


Asierrek luzea eskalatzen zuen heinean garbitzen aritu zen, ahal izan zituen harri eta adar askeak kenduz. Usteldutako zuhaixka ere behera botatzen saiatu zen.

Hormatik ateratzen, kanalaren erdian eroritako zuhaitza ikusi daiteke.


"Kontuz ibili zuhaitzen adarrekin ustelduta dare ta", ohartarazi nion, "hasieran bertatio zinta bat pasatzekotan aittu naiz baña azkenen eztet jarri zuhaitza eroi ta arrastaka goitio behera eramango nindun bildurrez".

Hirugarren bilgunean eta laugarren luzearen nondik norakoak.


Laugarren luzea, 30 metro, IV+. Hasiera batean ezkerrera jo eta gidek hego-ekialdeko gandor bezala adierazten duten lehen luzearen bila joatekotan izan ginen, Aztorearen hego horman dagoen arrail bat, hain zuzen ere. "Arista integrala eskalatzea etorri bagea, integrala eskalau beharko deu, ez?" esan zidan Asierrek irrifartsu. Arrazoi zuela onartuz, soberan nuen materiala eman eta laugarren luzea eskalatzen hasi zen.

Lehenengo metroak helduleku oneko plaka inklinatu bat eskalatuz egin zituen, plakaren gaineko erlaitzera iritsiz.

Plaka etzanean.


Hemendik gora bilgunetik ikusten den sabaitxo batera hurbildu eta eskalatu zuen. Metroak irabazten zituen heinean plaka bertikalagoa bihurtuz joan zen.

Sabaitxoaren gainean.


"Hemen kordino bat dau!!!" Oihukatu zidan sabaitxoaren gainetik. "Zaharra?" galdetu nion. "Ez, berri berrie" erantzun zidan. "Joer, ze ona, hoi hemendio beste norbait sartu dela esan nahi du" bota nion.

Asierrek kordino hura topatzeak asko lasaitu ninduen. Tontakeria badirudi ere, honelako abenturan sartu eta aurretik norbait pasata zegoela ikusteak konfidantza eman zidan, "hemendio norbaitek eskalau badu eskalatzeko modukoa delako izangoa" pentsatu nuen.

Kordinotik gora Asier batera eta bestera begira zebilela ikusi nuen. "Zemuz ikustezu?" galdetu nion. "Bueno, plakako paso bat dator ta ez naiz plakan bestalden daun agarrera ondo iristen" esan zidan. Bi-hiru saiakeren ondoren atseden bat hartu behar zuela esan zidan. Bilgunetik plaka etzana bazirudien ere, gero baieztatuko nuen ilusio optikoa besterik ez zela.

Atsedenaren ondoren, kordinoaren gainetik hala nola fisurero eta Alien bat jarri eta, segundo batzuen ondoren, ezkerrera jo zuen hasiera batean iristen ez zen heldulekua arnasestuka helduz. Tentsio momentua pasata, hemendik gora, plakaren helduleku onak aprobetxatuz, metroak arinago irabazi zituen.

Plaka bertikala eskalatzen.


Begi bistatik galdu eta denbora gutxira "hemen zinta eta mailloi batekin indako reunioa dau" esan zidan talkietik. "Ostia, ze ona!!!!" erantzun nion.

Laugarren bilgunea, zinta zahar batetik pasatako mailloi zaharra. Asierrek bilgunea beste zinta batekin indartu zuen.


Luzea ederra iruditu zitzaidan eta Asierrek egindako "fedezko" pausua meritu handikoa. Nire kasuan, altuagoa eta soka gainetik izanda errazago eskalatu nuen, soka azpitik eramanez gero, dudarik gabe beste kontu bat izango zen.

Luzearen pausu finera iristen. Ezker eskuaren ondoan luzean jarritako kordino gorri berria ikusi daiteke.


Pausu fina eskalatu ondoren, bilgunera iritsi aurreko plaka bertikalean.


"Joer, reunio hontan aspaldi ezta inor izan" esan nion Asierri zinta eta mailloi zaharrak ikusi nituenean. "Aristaren lehen reunio ofiziala hau izangoela pentsatzet" erantzun zidan "baña ezkerretio honea irixtean kanalik eztau".

Gora begiratu eta bosgarren luzeak jarraitzen duen arrail bertikala ikusi genuen. "Ostia, hemendio zaile emateo" esan nion Asierri. "Fotografin kuartoa emateie" erantzun zidan. "Ordun suposatzet kriston heldulekuk izangoittula" esan nion eskalatzen hastearekin batera.

Bosgarren luzea, 35 metro, 6a. Luzea 3 metro inguruko helduleku oneko hormatxo bertikala eskalatuz hasten da. "Hara, honea iristea lehen luze ofizialeko pitzadurea" esan nion Asierri hormatxoaren gainetik "baña hemendio kuarto menos izateko oso tentea ta zaile emateo".

Luzearen hasieran dagoen hormatxoa, atzean luzeko arraila ikusi daiteke.


Hormatxoa atzean utzi eta pixkanaka tentetuz zihoan plaka eskalatu nuen arrailaren oinera iritsiz. Arraila hasieran zabala eta inklinatua da eta aseguruak jartzeko aukera handiak ditu. Metro batzuen ondoren, iltze bat ikusi eta bertatik express zinta bat pasa nuen: “ze? Parabolten bat?” oihukatu zidan Asierrek bilgunetik. “Ez, iltze zahar bat” erantzun nion. “Igual fisura osoa iltzekin asegurauta dau” esan zidan Asierrek. “Esperoet hala izatea” erantzun nion arrailari begiratuz.

Iltzetik gora arraila estutu eta tentetu egiten da bertikal bihurtuz. Esku eta oinak arrailean sartuz metroak oso poliki irabazi nituen eta ardura osoa jarritako aseguruak sendo egotean nuen. Honetan nengoela kordino zaharra zuen bigarren iltze bat ikusi nuen: “Ea iltzeraño errex iristen naizen” pentsatu nuen. Bihotz taupada eta arnasaren abiadura pixkanaka azkartuz zihoazela sentituz, iltzera iritsi eta express zinta bat pasa nuen: “beste iltze bat!!!” Oihukatu nion Asierri.

Gora begiratu eta ez nuen iltze gehiagorik ikusi: “Smithy, hemendio aurrea estutzea tokatzea” pentsatu nuen. Oinak batzuetan arrailean eta besteetan arrailatik kanpo eramanez, iltzetik metro pare bat igo eta fisurero txiki bat arrailaren barruan sendo trabatu nuen: “bi metro gutxigo”. Eskalatzen jarraitu nuenean lepotik zintzilik nuen zinta fisurerotik pasatako express zinta eta sokaren artean trabatu zitzaidala sentitu nuen.

"No jodas!!! Hemen ez!!!" erregutu nuen. Ahal izan nuen moduan zinta lepotik kendu eta express zintatik askatzen saiatu nintzen, baina ezin izan nuen askatu. Orain arte kontrolpean nuen lasaitasuna ihes egiten hasi eta arnasestuka hasi nintzen. Ezpainen inguruan zarakar bat sortzen ari zela sentitu eta ahoa lehor eta adrenalinaren zapore garratzaz kutsatu zitzaidan. Azkenean zinta lepotik kendu eta express zintatik zintzilik utzi nuen.

Zintaren kontuak lekutik kanpo utzi eta orain arte nire buruarengan nuen segurtasunaren zati bat zinta horretatik zintzilik gelditu zen. Gora begiratu eta, auto-babeserako aukera handiak eman arren, arrailetik kanpo helduleku trinkorik ikusten ez nuenez, A0 moduan eskalatzen jarraitzea erabaki nuen. Asierri soka ahal zuen gehien tinkatzeko eskatu, fisurerotik zintzilikatu eta, hurrengo fisureroa non jarriko nuen erabaki ondoren, metro eta erdi eskalatu eta fisureroa ahal izan nuen punturik altuenean trabatu nuen. Express zinta pasatu, bertatik eskuekin heldu eta, sokak jasotzen hasi nintzenean, fisureroa jarritako lekutik askatu zen.

Instintiboki hormara heltzeko keinua egin arren, konturatzerako airean nengoen. Bat-batean arnesean tiraldia sentitu eta beherago jarritako fisurero txikitik zintzilik gelditu nintzen. Ezker eskuan express zinta eta fisureroa eta bi eskuetako hatzak odoleztatuak nituen. “Ondo zare?” galdetu zidan Asierrek bilgunetik. “Bai, eskuetan odol pixkat baña ondo” erantzun nion. “Iltzek eutsi dizu?”, “Ez, bere gañetik jarritako fisurero txikik”.

Eskuan nuen fisureroa besteekin batera gorde, express zinta arnesean zintzilikatu eta arrailari begira gelditu nintzen: “Fisureroa ezin bada, ea gutxiñez friend bat jartzeko modun naun”.

Arnasa nolabait bere onera itzuli zenean, Asierri berriro ere soka tinkatzeko eskatu nion. Lincam horia ezker eskuarekin heldu ondoren, metro eta erdi eskalatu eta, fisureroarekin egin nuen moduan, ahal izan nuen lekurik altuenean sartu nuen. Express zinta pasatu, bitan tira egin eta, nahiz eta itsuraz oso sendo ez zegoela iruditu, Lincam-a ez zen mugitu ere egin. Bertatik heldu eta sokak pasa nituen: “Tentsauuuu!!” Oihukatu nion Asierri.

Arrailari beste metro pare bat irabaziak nizkion.

Arraila laugarren bilgunetik ikusita. Argazkian bigarren iltzea ikusi daiteke.


Hemendik gora orain arte jarraitutako teknika berarekin jarraitzea erabaki nuen. Fisurero bat trabatzeko leku bat identifikatu ondoren metro bat inguru eskalatu, gorputza luzatu eta ia pitzaduraren amaieran fisurero bat jarri nuen. Express zinta pasatu, gorputza fisureroa zegoen lekura arte igo eta sokak bertatik pasa nituen.

Ia arrailaren amaieran  nengoen baina, hemendik luzea amaitzen den orratzaren gailurrera arte, aseguruak jartzeko aukera gutxiko 10-12 metro bertikal eskalatu beharra nituen. Fisurerotik ezker eskuarekin heldu eta oinak igotzen hasi nintzen gorputza ahal nuen guztia luzatzeko. Orduan, trabatutako fisurero hau askatu zen.

Erorketak iraun zuen une motzean Lincam-a lekutik atera eta, zorte pixkatekin, fisurero txikitik berriro ere zintzilik geldituko nintzela burutik pasa zitzaidan. Baina sokak uste baino lehenago tiratu eta itsuraz ongi jarria ez zegoen Lincam-ak erorketa eutsi zuen.

Bihotza ahotik ateratzear nuen eta erorketan eztarrian sartu zitzaidan zikinkeri bat eztulka bota ezinik nenbilen: "Joer, ahon txistuik ere eztauket" oihukatu nion Asierri. Hainbat eztulen ondoren eztarriko zikinkeria bota eta, fisureroaren parean nengoela aprobetxatuz, bertatik zintzilik utzitako zinta berreskuratu nuen.  

Lincam-etik berriro ere igo ondoren, ahal izan nuen goienen Alien orlegia jartzeko kapaz izan nintzen. Bertatik tira egin eta, ongi sartuta zegoela ikusita, bertaraino eskalatu eta bertatik zintzilik gelditu nintzen.

Arrailetik irteteko pare bat saiakeren ondoren, hirugarrenean arnasa sakon hartu, Asierri goraka nindoala abisatu eta, ezertan pentsatu gabe, arraila atzean utzi eta plaka bat eskalatuz orratzaren gailurraren aurretik dagoen harlauz batera iritsi nintzen. Bertatik zinta bat pasatu ondoren orratzaren gailurrera iritsi nintzen.

Orratzaren gailurreko harkaitz zubi txiki batetik zinta zahar bat (pertsianak igo eta jaisteko dauden modukoa) jarrita zegoela ikusi nuen baina bertatik tira egin nuenean apurtu egin zen. Orratzaren bestaldean harkaitz ezegonkorreko metro eta erdi inguruko ertz estu bat zegoen eta honen atzeko horman zinta zaharradun iltze zahar bat ikusi nuen. Bertara hurbildu eta zintatik tiraka hasi nintzen apurtu eta iltzetik express zinta bat pasatzeko, baina ez nuen lortu. Orratzera itzuli eta bertako harkaitz zubitik zinta bat pasatzen saiatu nintzen baina gainean nituen zinta guztiak zabalegiak ziren eta ez ziren harkaitz zubi estutik sartzen.

Berriro ere ertz estura itzuli eta bilgunea non eta nola muntatu pentsatzen ari nintzela hankak dardarka hasi eta bertigoa sentitu nuen. Badaezpada zaldi batean eserita egongo banintz bezala ertzean eseri eta zer egin ez nekiela gelditu nintzen: "reunioa nola montaukoet?", "Zeinek esan digu honea etortzeko?", "hemendio nola atera behar gea?" bezalako pentsakera "positiboek" burua betetzen hasi ziren.

Pentsakera hauetatik talkie-ak atera ninduen: "Smithy, ondo zare?" Asier zen. Blokeatuta nengoen eta ez nekien nondik nora jo. Bat-batean, ez dakit zergatik eta nola, ertza estuan zutitu, sendoak ez ziren harkaitzak kendu, sendoak ziruditen pare batetik zinta bana pasatu, zintak tinko mantentzeko berriro ere ertzean eseri eta "reuniónnnn!!!" esan nion. Oraindik ez nekien baina luzearen 35 metroak eskalatzea ordubetetik gora eraman ninduten.

Sokak jaso nituenean, eskalatzen hasi baino lehen Asierrek "reunioa segurua da?" galdetu zidan. "Bueno, nik ustet baietz, baña bazpare hobe ez probatzea" erantzun nion.

Nire gorputzaren pisuarekin bilguneko zintak ahalik eta tinkatuen mantenduz Asier txapeldunen moduan luzea erori gabe eskalatu zuen: "Ostia Smithy, muuuucho" esan zidan "kuarto? Kuarto mas? Nik uste gutxiñez kinto mas eo 6a ere badela". "Neire gutxiñez kintomasekoa iruittu zait" esan nion, "ze, eztet sekula gaur bezelako tentsiorik pasa". "Nik ere azkeneko Alien berdetio tira indet pitzaduratio ateatzeko" esan zidan Asierrek.

Zer egin pentsatzen aritu ginen, krokisaren arabera hurrengo luzea gogorragoa baitzen. Hasiera batean orratzetik errapel bat egitea pentsatu genuen, baina orratzaren gaineko harkaitzen "sendotasunak" atzera bota gintuen. Bigarren aukera ertzaren atzeko horman jarritako iltzetik errapelatzea zen, baina aspaldi jarritako seguru bakarretik errapelatzeak ere atzera bota gintuen eta gainera ezin izan genuen zinta zaharra kendu. Hirugarren aukera orratzaren puntako harkaitz zubitik trabatutako fisurero batetik errapelatzea zen baina iltzetik bakarrik errapelatzean bezala, ideia baztertu genuen. Azkeneko aukera Asierrek bota zuen: "goitio ateatzen saiau behar naiz ea zer daun, ta goitio ateatzeik ez badau pentsauko deu zer egin".

Arratsaldeko ordubi eta erdiak ziren. Asier eskalatzen hasi aurretik biok etxera deitu eta bazkaltzeko iritsiko ez ginela abisatu genuen, ondo geundenetik aparte beste informaziorik eman gabe.

Orratzaren harkaitz zubi txikitik trabatutako fisureroan eta orratzaren ingurutik pasatako zinta batetik aseguratu eta iltzearen zinta zaharretik express zinta bat pasatu ondoren, Asierrek eskalatzen jarraitu zuen.

Seigarren luzea, 15 metro, IV. Ertzaren ertzetik jarraitu beharrean, honen eskuinera jo zuen aseguru on bat ongi jarriko zuelakoan. Oinak pixkanaka altsatuz metroak poliki irabazten joan eta, uste baino errazago, gainetik genuen 6-8 metroetako hormatxo bertikala asegururik jarri gabe eskalatu zuen.

Hormatxoaren gainean. Sokak nahiz eta ertzetik joan Asierrek ertzaren eskuinetik (itzala dagoen lekutik) eskalatu zuen.


"Joer, ze ona Asier, ta gañea seguruik jarri gabe" esan nion. "Beste erremedioik eztet izan lekuik etzeolako" erantzun zidan. "Hortio gora ze itsura dauke?" galdetu nion. "Errexa emateo, ea noa iristen naizen" erantzun zidan begi bistatik desagertuz.

Hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia, ni bosgarren bilgunean.


Asierrek eskalatutako metro batzuen ondoren "paren bi paraboltetako comodiosmandako reunioa ikustet" esan zidan talkie-tik. "De puta madre!!!" erantzun nion, "hola txarrenen nundio rapelau izango deu". Denbora gutxira hainbeste desiatzen nuen "reunion" entzun nuen.

Seigarren bilgunea.


Bosgarren bilgunean


Soka gainetik eramateak ematen duen konfidantzarekin hormatxoa ertzetik eskalatu nuen. Harkaitza trinkoa eta heldulekuak onak dira. IV-IV+ artean izango zela iruditu zitzaidan baina ez nuen asegururik jartzeko tokirik ikusi. Izan ere, Asierrek luzearen 15 metroetan seguru bakarra jarri zuen.

Bilgunera iritsi nintzenean, hemendik Aztorearen gailurrera doan zatia oso zaila ez zela iruditu zitzaigun: "nik ustet goitio errex ateako geala" esan zidan Asierrek. Gainean nuen material apurra eman eta, bilgunean eroso jarri nintzenean, Asier azkeneko luzea eskalatzen hasi zen.

Zazpigarren luzea, 30 metro, IV. Luzea tentea den plaka bat eskalatuz hasten da. Plakaren azpian fisurero bat trabatu eta plakaren gainetik zinta bat pasa ondoren plaka uste baino errazago eskalatu zuen.

Aztorearen hego horman dagoen Irudimen bidearen kimiko bat gertu zegoela ikusita, metro batzuetan ezkerrera jo eta kimikoan express zinta bat pasatu zuen: "hola bakit seguru hau a kañon daula" esan zidan.

Irudimen bidearen kimikoaren parean.


"Hortio gora zemuz ikustezu?" galdetu nion. "Hemendio errexa emateo baña eztakit ba" erantzun zidan.

Kimikotik gora plaka eta bloke ezberdin batzuk eskalatu zituen begi bistatik galtzear izan nuen arte.

Begi bistatik galdu aurretik, ni seigarren bilgunean.


"Smithy, tontorra bertan dauket" esan zidan talkietik. "Ostia, ze onaaaaa!!!!" erantzun nion. Momentu baten ondoren "reunion" entzun nuen.

Plaka bertikalaren amaieran.


Luze hau bai iruditu zitzaidan IV zailtasun maila zuela eta hauxe izan zen bilgunera iritsi nintzenean Asierri esan nion lehen gauza.

Luzearen azken metroetan.


"Nik ere eztet uste aurreko luzea kuarto eta hau kuarto mas denik" erantzun zidan Asierrek, "nere ustez aurrekoa kinto mas ta hau kuarto die". "Ni ere ados nau" erantzun nion.

"Bueno oain hemendio alde ittea besteik ezteu falta" esan nion.

Honetarako, lehenik bilgunetik 3-4 metroetako errapel motz bat egin behar izan genuen. Soketako bat jaso eta, jaso gabeko sokarekin errapela egiteko nahiko soka genuenean, Asierrek errapela egin eta errapelaren ondoren dagoen parabolt batera iritsi zen bertatik aseguratuz.

Errapela prestatzen.


Paraboltetik aseguratzen.


Parabolta dagoen lekutik bilgunera egindako argazkia.


Asier paraboltetik aseguratu zenean nire txanda iritsi zen.

Errapelaren amaieran.


Paraboltetik aurrera helduleku oneko ertza batetik jarraitu genuen parean dagoen horman jarritako bigarren parabolt batera arte. Zeharkaldi hau oso ikusgarria bada ere ez da zaila eta heldulekuak ederrak dira.

Zeharkaldiaren lehen paraboltetik bigarrenera egindako argazkia.


Aurreko argazkia alderantziz egina, hau da, bigarren paraboltetik lehenengora.


Bigarren paraboltera iritsi nintzenean, Asier besarkatu eta gainetik ehun kiloetako motxila kendu izan banu bezalako sentsazioa sentitu nuen: "a ze tentsio pasa deun!!!" esan nion. "Ya te digo, oain bakit zeatio eztaun bide honen kronikaik" erantzun zidan Asierrek. "Halere oaindio ezteu esango Aztorea eskalau deunik" esan zidan. "Nik bazpare beheko haritzeta iritsi aurretio ixilik eongo naiz" erantzun nion.

Material guztia jaso, gainean genuen ura ia zurrutada batean edan, zapatilak jantzi eta, paraboltatik behera zuzen doan erdi zapaldutako bidexka batetik Aztorearen iparrean dagoen belar-kanal zabalera jaitsi ginen. Bertan, beherako bidearekin jarraitu eta, kontuz ibili beharreko destrepetxo erraz pare baten ondoren, Larrenegiko haitzetatik jaisten garen bidearekin bat egin genuen minutu gutxietan Usoaren oinera iritsiz.

Aztorearen iparraldeko belar-kanala jaisten.


Hariztian sartu bezain pronto, gelditu, Asierri begiratu eta, bostekoa eman ondoren, "oain bai, oain Aztorea bai esakalau deula" esan nion.

Hariztian behera hizketan ari ginela intxaur handi baten tamainako sagu kume bat ia zapaldu genuen. Ez dakit nork zuen harridura aurpegirik handiena, ezkurra lasai asko jaten ari zen sagua hala gu. Bere parean etzan, argazki batzuk egin eta, elkar agurtu ondoren, ezkurra lasai bukatzen utzi genuen.

Jaitsieran egindako laguna.


Pasatako tentsioak "ahaztuta" kotxea utzitako lekura arratsaldeko laurak pasata itzuli ginen, uste eta nahi baino askoz beranduago. Materiala kotxean sartu eta, herriko iturrian zintzurra lotsagabe freskatu ondoren, Egino atzean utzi genuen. Noiz arte? Auskalo, baina ez dut uste denbora luzean izango denik. "Biharko ze?" galdetu zidan Asierrek etxean utzi nuenean. "Nahizuna baña paraboltak izan ditzala lasai ibiltzeko, jejejeje", erantzun nion.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina