AZKEN 10 SARRERAK

2018/02/27

AITXURI, SAKONAUNDIREN IRTEERA ZUZENETIK, LEIZEAREN BARIANTEA AD, M3, III+. 2018/02/24

Amets baten proiektua betetzeak sortutako zoriontasuna hitzetan jartzea zaila izaten da, edo gutxienez zaila egiten zait. Eta ametsa betetzeaz aparte, honek sortutako itxaropena soberaz gainditu bada, zer esanik ez. Kronika hau idazterakoan ez dakit betetako azken ametsak sortutako zoriontasuna azaltzeko gai izango naizen, izan ere, Aitxuritik behera gindoazela Ikerrek behin eta berriz “Ze ona, eh? Gaurkoa Aizkorrin sekula indeun gauzik ederrena izan da” esanez joan zen.

Aspaldi Sakonaundi kanalaren irteera zuzena begiak jota nuen, Sakonaundi azpitik hartu eta, zuzen-zuzen igoz, Aitxuriren hego-mendebaldeko lepoan ateratzeko. Irteera zuzen honi argazki pila eginak genizkion eta denbora luzea pasata nengoen argazki hauek ordenagailuaren zoomaren laguntzaz goitik behera aztertzen. Amets hau betetzeko zailtasun bakarra kanalaren amaieratik gora eskalatu beharreko horman zegoela zirudien arren, aparteko zailtasunik gabe eskalatzeko aukera handiak zituelakoan nengoen.

Otsailaren azkeneko astebururako, ez dakit zenbat asteren ondoren, eguzkia, zerua oskarbi eta zero azpiko tenperaturak iragarrita zeudela ikusita, Ikerri deitu eta ez genuen bitan pentsatu ere egin: Sakonaundiren irteera zuzena eskalatzen saiatuko ginen.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan hasi genuen, Buenabista baserriaren ondoan hain zuzen ere. Iralarrainardea kanalera doan ohiko bidea jarraitu eta, kanal honen oinetik eskuinera zeharkaldi horizontala egin ondoren Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Behin Sakonaundin, kanala zuzen-zuzen jarraitu besterik ez genuen egin, kanalaren amaierara iritsi arte. Amaieran dagoen hormara iritsi baino 10-15 lehenago, errazen ikusi genuen 3-4 metroetako hormatxoa eskalatu (III-III+) genuen gure ezkerrean "Couloir" irteeraren sarrera utzita.

Lehen hormatxoa eskalatuta, hemendik gora pare bat irtengune eskalatu ondoren (III) gandorrerako bidea ixten duen horma bertikalera iritsi ginen. Hemen bi aukera daude: bat ezkerretik 45-50 gradu inguruko malda motz batetik atera edo, hormaren azpiko erlaitza eskuinera jarraitu amaitu arte.

Erlaitzaren amaieran 8-10 metroetako horma bertikala eskalatzeko aukera dago. Hormak, arrail askokoa, auto-babeserako aukera handiak ematen ditu. Zailtasunari dagokionez, IV+ inguruan izan daitekeela pentsatu genuen. Baina horma honek bere oinean altxor itzela gordetzen du: horma alderik alde zeharkatzen duen lezetxo edo zuloa. Zuloa estua da eta zeharkatzeko motxila kendu behar izan genuen. Erdi arrastaka 3 metro inguru ibili ondoren eguzkiaren izpiek aurpegian geuen irribarre eta zoriontasuna ederki argitu ziguten.

Jaitsiera Sakonaunditik egin genuen.

Ibilbidearen krokisa, Karratuaren barruan irteera zuzena.


Irteera zuzena, gertuago... Goian, urdinez, irteera "errazarako" bidea, gorriz aldiz, oinez lezera iristeko jarraituko dugun erlaitza.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aitxuriko lepoa, 1.500 metro inguru.
- Metatutako desnibel positiboa: 880 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1. Oraingoan ez ginen Aitxuriko gailurrera iritsi.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: AD, M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak, bi piolet eta eskaladarako materiala: 30 metroetako soka bat, auto-babeserako friend eta iltzeak, dozena erdi bat express zinta eta bilguneak muntatu ahal izateko zinta luze batzuk. Azkenean eskaladarako materialik ez genuen motxilatik atera.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eta erdi.

Ibilbidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Larunbata hotza esnatu arren, eguraldi iragarpenen profesionalek iragarritako hotzik ez zuen egiten. Iker jaso eta Zegamako bidean gindoazela, errepide bazter eta zelaietan izotzak islatutako distirarik ez zen: “kotxen kristalek ere ez dute brilloik” esan zidan Ikerrek Zegama zeharkatu genuenean. Buenabista baserriaren ondoko porlanezko pistaren bazterrean kotxea utzi, bota zurrunak jantzi eta motxila astunak sorbaldetatik zintzilikatu genituenean, bion erlojuek zeruko sateliteak aurkitzeko denbora eman eta “piiiiit” egin zutenean martxan jarri ginen.

Igoera lasai hartu genuen, hauspoa indartu eta izerdirik bota gabe. Metroak irabazi ahala tenperatura hotzago zegoela iruditu zitzaigun, Altzukaran baserritik gorako basotik atera ginenean pistaren ertzeetako garo eta sasiak izotzez estaliak zeudela ikusi genituen arte: “joer, hemen goien behean baño hotz haundiagoa indola emateo”, esan zidan anaiak. “Bai, baña halere eztu ematen hotzik itteonik” erantzun nion.

Iralarrain gurutzea dagoen zelaigunera iristen.


Iralarrain gurutzeko zelaigunera ordubete pasatxoan iritsi ginen. Zelaigune osoa elur geruza fin batez estalia zegoen, ostiralean botatako langarraren ondorioa. Motxilak gurutzearen ondoko harkaitzean utzi eta lehen atsedenalditxoa egin genuen. Ordurako hiru mendizale ari ziren Iralarrainardean gora: “joer, hoik goiz ibili die” esan nion Ikerri, “ya te digo…” izan zen bere erantzuna.

Iralarrain gurutzean atseden hartzen.


Trago bat ur azkar-azkar hartu eta, Iralarrain gurutzea eta Sakonaundiren arteko hartxingadi eta pagadia zeharkatu ondoren, Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Iralarrain gurutzetik Sakonaundira gutxi gora behera egindako bidea.



Joan den astean egindako ibilbidearekin alderatuz, kanalean izandako elur-jausiak utzitako izotz bolak bota berriko elur geruza batez estaliak zeuden. Hau gutxi ez bazen, astean zehar ibilitako mendizaleen eraginez nolabaiteko arrasto bat egina zegoen igoera erraztuz. Bitan pentsatu gabe, kanaleko elur eta izotza zapaldu bezain pronto, piolet, kaskoa eta kranpoiak atera, jantzi, eta makuluak motxilan gorde genituen. Bigarren atsedentxo hau arropa apur bat kentzeko ere aprobetxatu genuen, baita eguzkitarako betaurrekoak jartzeko ere.

Kanalean gora hasteko prest.


Dena prest, Sakonaundin gora hasi ginen, goizeko ixiltasunaren gainetik kranpoien "krak-krak" hotsa bakarrik entzunez. Nahiz eta 3-4 zentimetroetako elur hauts geruza batek inguruak zurituta izan, azpiko elurra oso gogorra zegoen igoera erosoa bihurtuz.

Sakonaundin gora.


Bat-batean Iker gelditu eta "ostia, hoi da harrie datorrena" bota zidan. Gelditu, gora begiratu eta kanalean batera eta bestera saltoka zetorren harria ikusi nuen: "gañea gugana dator!!" oihukatu nion anaiari. Biok geldi, gugana zetorren harriari ez genion begi bistarik kentzen. Harria bost metro ingurura genuenean azken botea eman eta bertan gelditu zen: "haundie, eh?" esan zidan anaiak koko baten tamainako harria seinalatuz, "joe baietz, holako batek eman ezkeo faena earra itteizu" erantzun nion. Hizketan ari ginela gora begiratu eta beste bi harri gugana zetozela ikusi genuen: "Ze kristo?" bota nuen. Harri bat kanalaren alde batean eta bestea bestean gelditu ondoren mendiak atseden hartu zuen. Denbora batean ixil-ixilik eta geldirik gelditu eta, harri gehiagorik amiltzen ez zirela ikusita, gora jarraitu genuen.

Iker amildutako harrien bila mendia miatzen, atzean Sakonaundiren amaieran dagoen horma ikusi daiteke.


Horma gertuago... Gorriz jarraitutako bidea eta orlegiz "Couloir" irteeraren sarreraren kokalekua margotu ditut.Urdinez irteera "errazaren" lehen metroak ere ikusi daitezke.


Begi bat lurrean eta bestea goiko horman, harrien erorketen beldurrez kanalaren erditik baino ertz batetik igotzen jarraitu genuen, kanala zabaltzen den lekura arte.

Kanala zabaltzen hasten den lekura iristen.


Hemendik gora, haizeak pilatutako elur hauts eta elur gogorreko zatiak tartekatuz jarraitu genuen, zati bigunetan zuzen eta gogorretan zetak eginez.

Kanala zabaltzen den lekuan zetak eginez, azpian Zegama eta urrun, hodeien gainetik, Txindoki ikusi daiteke.


Hormara hurbiltzen ginen heinean kanala berriro ere estutzen eta malda irabaziz joan zen, malda 45-50 graduetara iritsiz.

Malda tentetzen den puntuetako batean.


Gorago, maldak emandako atseden gutxienetako batean.


Iritsi beharreko hormaren lekua oso nabaria izan arren, kanal honetan beti erdian haize eta eguraldi bortitzak uzkurtutako zuhaitz bakartia erreferentzi bezala hartzen dugu. Oraingoan ere, zeta batzuen ondoren, zuhaitz bakartira zuzendu, agurtu, eta gure eskuinean utzi genuen.

Zuhaitz bakartiaren ondoan, gainean "Couloir" irteeraren sarrera ikusi daiteke.


Ekialdera egindako argazkia, kontraste ederrak.


Zuhaitz bakartia behean utzi eta malda, gure bikien kalterako, berriro ere gogortuz joan zen.


"Ea horma zemuzkoaen" esan nion Ikerri. "Bakit nundio igo behar gean" erantzun zidan irrifartsu behatzarekin hormaren eskuinean marra bat irudikatuz.

Gorriz Ikerrek behatzarekin irudikautako sarrera, honen ezkerrean "Couloir" irteerara doan bidea.


"Couloir" irteera doan kanalaren adarra ezkerrean utzi eta 55 gradu inguruko malda tentea igo ondoren hormaren oinera iritsi ginen.

Hormaren oinera iritsi aurreko malda gogorrean.


"Zemuzkoa ikustezu?" galdetu zidan Ikerrek iritsi zenean. "Ba itsura ona dauke" erantzun nion, "pentsatzet sokaik gabe igotzeko aukera deula".Hormaren oinean elurrak sortutako erlaitza oso estua zenez, nigana iritsi zenean ia gelditu gabe eskalatzen hasi zen.

Hasiera batean 3 metro inguruko hormatxo bertikala eskalatzen da. Hormatxoa bertikala den arren (III-III+) pioletak lurrean sendo sartu daitezke eskalada erraztuz. Ikerrek lehen metro hauek kontu handiz hartu zituen pioletak baino kranpoiak non jarri ongi begiratuz: “zemuzkoa?” galdetu nion hormaren azpitik. “Oaingoz ondo baña kontuz ibili” erantzun zidan. Ikerrek hormatxoa eskalatu ondoren nire zain gelditu zen gainera elurrik ez botatzeko. Hormatxoa ez zitzaidan oso zaila iruditu baina, Ikerrek esango zidan moduan, Aizkorriko terreno mistoan eskalatzeko ohiturarik ez badago ezerosoa izan daiteke.

Iker hormatxoa eskalatzen, ezkerrean "Couloir" irteera estetikoa ikusi daiteke..


Hormatxoa eskalatuta, elur hautsez estalitako 5-6 metro inguru eta 55-60 gradu inguruko belar eta harkaitzez osatutako malda eskalatu genuen. Iker aurretik, ni atzetik, harkaitzen artean lur gogorra bilatuz metroak irabazi genituen gainetik dagoen betortz itsurako monolitoa eskuin aldera inguratuz. Inguraketa honetan, betortzaren eskuinera irteteko, III zailtasuneko koska bat eskalatu behar izan genuen.

Hormatxoa atzean utzi ondoren, betortz itsurako monolitoaren inguraketa hasi aurretik.


Betortz itsurako monolitoaren eskuineko (igoeraren norabidean) kanaltxoa eskalatzen jarraitu genuen (55 gradu inguru) 3 metro inguruko irtengune batekin topo egin arte. Gelditu gabe, Ikerrek gora jo eta irtengunea tentea izan arren (55-60 gradu inguru), nahiko erraz eskalatu zuen: “ikusikozu ze lokatz gorra dauken” esan zidan goitik. Esan eta izan, piolet eta kranpoiak izotzean sartzen arituko banintz bezala, izoztutako lokatzean sendo eutsiz, azpitik zaila zirudien irtengunea uste baino errazago eskalatu nuen.

Betortz itsurako monolitoaren eskuineko kanaltxoaren irtengunean. Gainean, lezea dagoen horma bertikala ikusi daiteke.


Irtengune hau eskalatuta berriro ere eskuinera zeharkaldi motz bat egin eta, 60 graduetako hormatxo motz bat eskalatu ondoren, bidea ixten duen horma bertikalaren azpiko erlaitzera iritsi ginen.

Erlaitzera iristen.


“Hemendio ezkerrea emateo malda bat besteik ez daula igo behar gora ateatzeko” esan zidan Ikerrek hormaren ezkerreko 45-50 gradu inguruko elur pala seinalatuz. Pala hau duela urte pare bat gandorretik ikusita nuenez, banekien igotzeko ez genuela zailtasunik izango. Honegatik “nik eskubira joko nuke ea handio aukera interesgarriagoa topatzeun” esan nion, motxilan eskalatzeko materiala genuela gehituz.

Iker erlaitzean. Puntu urdinez irteera errazak jarraitzen duen bidea ikusi daiteke.


Ikerrek hormaren azpiko erlaitza jarraitzen hasi eta begi-bistatik galdu nuen.

Erlaitzean gora.


Bat- batean “Igual la vamos a liar gordísima” entzun nuen. Iker pasagune zail batean trabatuta zegoenaren beldurrez azkar hurbildu eta hormaren azpian lasai-lasai ikusi nuen. Gainetik genuen 10 metro inguruko horma bertikala aztertzen hasi eta, harkaitzaren kalitatea eta hormak dituen arrailak kontutan izanda eskalatzeko modukoa zela iruditu zitzaidan. Zailtasunaren aldetik IV+ inguruan izan zitekeela iruditu zitzaidan. "Buenoooo, azpitio eztu hainbesteako ematen, sikiera tranpak inda eskalauko deu" esan nion artifizialen eskalatzerik izango genuela iradokiz.

Baina Iker ez zegoen hormari begira. Alde batera egin eta bere atzean zulo bat agerian gelditu zen: “bestaldetik irteera dauke” esan zidan, “ta gañea igual barrutio sartzegea”. “No jodas!!” erantzun nion. Zulora hurbildu eta Ikerrek esandakoa baieztatu nuen: lezetxoak 3 metro inguruko luzera zuen eta bestaldetik argia dezente sartzen zen. “Ze iruitze zaizu?” esan nion Ikerri. “Probau beharren gare” erantzun zidan.

Leizearen sarreran, irteera ikusi daiteke.


Bitan pentsatu gabe zuloan sartu eta erdi-arrastaka hasi zen: “joer motxilakin ez naiz sartzen” esan zidan. Zulotik atera eta motxila kendu ondoren berriro sartu zen. Denbora gutxira “Ostia, ustet ateatzeik izangoetela” esan zidan eta beranduago “Oleeee!!! kanpon nauuu!!!” oihukatu zidan.

Ikerrek motxilak zulotik ateratzeko soka prestatzen zuen bitartean motxila kendu eta lezean sartu nintzen. Motxilak nire aurretik hala-nola eramanez metroak pixkanaka irabazten joan nintzen. Kuriosoa bada ere, zuloko tenperatura epelagoa zela iruditu zitzaidan.

Lezetxoak barrutik forma xelebrea dauka eta nolabait gorputza biratu beharra dago bestaldeko zulotik ateratzeko. Motxilak aurrean izateagatik ateratzerik ezin nuenez, Ikerrek soka bota arte itxaron nuen. Ikerren motxila eta gero nirea, Ikerrek sokaren laguntzaz atera eta lezetik ateratzeko prestatu nintzen. Gorputza ahal izan nuen moduan biratu eta, sugandilaren moduan, pixkanaka zulotik ateratzen joan nintzen.

 "Ostia ze onaaaa!!!!" esan nion anaiari zulotik atera nintzenean. "Joe baietz, Aizkorrin sekula indeun gauzik earrena dudaik gabe!!!" erantzun zidan, egindakoa sinestuko ez balu bezala. Atera eta berehala lezearen irteerari argazki batzuk egin nizkion.

Irteeraren argazkia.


Kuriosoa eta mistikoa bada ere, burura etorri zitzaidan ideia mendiak bi mendizale erditu zituenekoa izan zen, Aizkorriren aldetik bataioa jaso izan bagenu bezala. Bazen garaia Aizkorrik gu erditzekoa, jejeje!!!

Bion zoriontasuna izugarria zen. Elkar besarkatu eta denbora osoan bata besteari "Ze pasada, eh?", "flipantea", "Ostia ze onaaaa", "ikusikozu hau MATekoei esaten diegunean" bezalakoak botatzen aritu ginen.

"Kuarto maseko pareta eskalatzeare earra izango zen" esan zidan Ikerrek honelako batean. "Zertarako mendia eskalatu zeharkatu baleike? Jejejeje" erantzun nion irribarretsu.

Ikerrek egindako bideoa ikusi eta irudiak lausoak grabatu zituela ikusita amorru puntu bat piztu zitzaion: "joer, bideoa borrosoa ikustea" esan zidan. "Horrek soluzio errexa dauke, zulotio beize ateratzea" erantzun nion. Bitan pentsatu gabe, Iker lezearen horma inguratu eta gandorrera ateratzeko ikusi genuen elur pala "erraza" destrepatu ondoren (krokisean urdin kolorez marraztua dagoena) berriro ere lezearen sarrerara hurbildu zen. Argazki kamara atera eta Iker grabatzen nuen bitartean lezetik atera eta bertatik lehen aldiz ateratzen zeneko itsura egin zuen, aktore bezala etorkizun oparoa duela erakutsiz. "Oain bai!!!" esan nion bideoaren zati bat erakutsiz.

Lezearen kanpoan zoriontsu, atzean Aitxuri.


Emozioak jota, iparretik zetorren haize hotzak sentiarazitako hotzikara gainean genuen zoriontasunak sortua zela pentsatu genuen. Hotzikara zoriontasunagatik baino tenperatura baxuagatik zela konturatu ginenean motxilak hartu eta Aizkorriko gurutzetik Urbiara doan bidera babes bila jaitsi ginen. Erlojua begiratu eta eguerdirako kotxean izango ginela ikusita, Aitxurira igo gabe Sakonaundiren ohiko bidetik jaistea erabaki genuen.

Urbiara doan bidea jarraitu genuen Aitxuri eta Aketegiren arteko lepora arte. Bertan kanalean behera metro batzuetan jaitsi eta, elurrak osatutako erlaitzaren babespean, eguneko hirugarren atsedena hartu genuen. Anaion zoriontasuna agerikoa zen: ahaztuak ziren iztar eta bikietako minak, nekeak eta hormatik eroritako harriak. Bion aurpegiak ikustea besterik ez zegoen zerbait ikusgarria bizi izan genuela asmatzeko.

Kantinplorak hustu, barratxo bat partekatu eta, feromonen eraginpean, beherako bidea hartu genuen.

Sakonaundin behera, parean Iralarrainardearen azken metroak (itzalpean) ikusi daitezke, baita bi mendizale ere.


Sakonaunditik behera zuzenean jaitsi beharrean, zeharkaldi bat egin eta igoerako bidearekin bat egitea adostu genuen, eskalatutako irteerari argazkiak egiteko. Ordurako mendizale talde bat, Iralarrainardeatik igo ondoren, Aizkorriko gurutzetik behera zetorren. Hiru mendizale zeharkaldia egin eta "Couloir" irteeran sartzen ziren bitartean, beste bi Sakonaunditik behera jarraitu zuten: "ez due ba gure arrastok jarraituko, ez?" bota zidan anaiak. "Eztet uste" erantzun nion "hor sartu badie irteera ezagutzen dutelako izangoa". Guk utzitako arrastoa utzi eta "Couloir"-en sartzen zirela ikusi genuenean arnasa lasai hartu genuen, izan ere denak piolet bakarrekin zihoazen.

Sakonaundi utzi eta Iralarrain gurutzera iritsi arte ez genituen kranpoiak kendu: "ostia, ze onaaaa!!!" botatzen genion bata besteari ia uneoro. "Etxea ailatzeko gogoa dauket bideok ikusteko" esan zidan anaiak. Gurutzearen ondoko harkaitzean kranpoi, pioletak eta kaskoa motxilara itzuli eta makuluak atera ondoren, urik ez genuenez, berehala jarri ginen beherako bidean, tartean gure atzetik iritsi zen gasteiztar bikote batekin hizketan aritu bagina ere. Beraiek Iralarrainardeatik igo eta Sakonaunditik jaitsita zeuden, Aizkorriko kanaletara egiten zuten lehen bisitarako aukera polita.

Iralarrain gurutzetik behera abiatzeko prest.


Jaitsiera lasai hartu genuen, eguzkiaren argi eta berotasunaz gozatu eta lezearen nondik norakoak behin eta berriz kontatuz. Noizik eta behin buelta hartu eta Aitxurira nostalgia puntu batekin begiratzen genuen lezearen sarrera identifikatu nahian, sarrera ikusteak bertan bizitakoa berriro ere sentiaraziko gintuela pentsatuko bagenu bezala.

Buenabistara iritsi aurretik kanalei azken argazki saioa egin ondoren kotxera iritsi ginen.

Buenabista baserriaren ingurutik egindako azken argazkia, gorriz igoera eta urdinez jaitsiera.


Kotxean ezin izan genuen gainean generaman zoriontasun guztia sartu eta zati bat Buenabistan utzi behar izan genuen. Nahiz eta tarte batean ixilik joan, bion aurpegia ikusita burua non genuen argi zegoen. Bakarren batek ikusiz gero, aurpegiengatik porro bat erreta genuela pentsatuko zukeen, jejeje.

Etxera itzuli nintzenean kasualitateak batzuetan mendi irteeretan jokatzen duen paperaz pentsatzen aritu nintzen. Ikerri esan bezala, leze honen aurkikuntzak Arbelaitzeko ipar hormaren zeharkaldia burura ekarri zidan. Egun hartan ere aurretik zer izango genuen zehatz jakin gabe irteera borobila egin genuen. Espero dut etorkizunean honelako aurkikuntza ederrekin berriro ere topo egitea.

Amaitzeko, irteeraren bideoa partekatzen dizuet, espero dut gustuko izatea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina