AZKEN 10 SARRERAK

2018/07/02

EGINO: "EKAITZEAN ELAIA" BIDEA, 65 m, V 2018-06-23

Aspaldian begi artean genuen La Leze inguruneko Berakaitz arraila eta “La fuente” eskalada sektorearen arteko hormatzar nabaria (ez dakit horma honek izen propiorik duen hala ez). Eginon kirol eskalada kutsuko hainbeste bide ireki eta ekipatuak izanda, ez genuen ulertzen horma garbi honetan hainbat luzeetako biderik irekita ez egotea.

Maiatzaren hasieran Asier eta biok Olano mendira doan bidea jarraitu eta, “La Ola de Egino” bideak jarraitzen duen ezproiaren azpitik doan bidexka hartu eta zuhaixka eta sastrakekin borrokatu ondoren, hormaren gainera iritsi ginen. Goitik ikusita horma osatzen duten harkaitz-plakak oso trinkoak ziruditen. “Ikerketa” lan honetan horma alderik alde zeharkatu genuen “Goxo goxo” bideraino.

“Ba itxuraz hain arroka ona izanda harritzekoa da hemen bideik ez eotea” esan zidan Asierrek beherako bidea hartu genuenean, “edo harrie ez da hain ona edo graduko bidek die”. “Hoi argitzeko egunen baten azpitio inbestigau beharko deu” erantzun nion.

Ayestaepelde” bidea eskalatu genuenean, jaitsieran horma azpitik begiratzen hasi eta ezkerrean, basoaren mugan, parabolt ilara bat ikusi genuen: “ostia, hemen bide bat irekita dau!!!!”.

Hirugarren bisita batean ekipatutako luze hori eskalatu eta goiko hormatzarrean eskalatzen jarraitzeko aukerarik zegoen hala ez ikustera hurbildu ginen. Egun hori ahaztea kostako zait, luzearen oinera iritsitakoan katu-oinak etxean ahaztuta utzi nituela ohartu nintzelako. Asierrek lehen luzea eskalatu eta goiko horma gertutik begiratzen ari zela parabolten bat edo beste zuten bi bide ikusi zituen: “banengoen ba hemen bideik irikita ez egotea zaile zela” esan zidan lurrera itzuli zenean.

Espilletako orratzak eskalatu genituenean Josema Berrocosok bidalitako mezu baten harira, hirugarren bisitaren ondoren mezu bat bidali nion: “Berakaitz pitzaduraren ezkerreko bideak ez dira ba zuenak izango?” Erantzuna berehala jaso nuen: “bai, ezkerrekoa Ekaitzean Elaia izena dauke (40 metro, hiru parabolt) ta eskubikoa La Última Meiga (35 metro, lau parabolt). Eskubirago hirugarren bide bat dago baña ez da gurea. Hiru bidek kinto ingurukoak dira eta semiekipatuak daude. Oso guapok!!!”.

“Oso guapok!!” irakurri nuenean Asierri mezuaren berri eman eta bide hauei bisitatxoa noiz egin zain gelditu ginen.

Ekainaren 23an Asier etxera goiz itzuli beharra zuela aprobetxatuz, kotxea hartu eta denbora gutxian laugarrenez La Lezera zuzendu ginen hiru bide hauek eskalatzeko asmoz. Azkenean “Ekaitzean Elaia” eta “La Última Meiga” bideak bakarrik eskalatzeko denbora izan genuen, hauen eskuineko bidea beste baterako utziz.

Kronika honetan “Ekaitzaren Elaia” bidearen inguruko azalpenak bakarrik emango ditut, “La Última Meiga” bidearen ingurukoak datorren kronikarako utziz. Bi bideen azalpenak kronika berean idatziz gero kronika astunegia izango dela pentsatzen dut.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 65 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Josema eta Iban Berrocoso eta Iker Perez,, 2017ko otsaila-martxoan.
- Zailtasuna: V. Luzez luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: V (40 m). Lehenengo luzea paraboltez oso ondo ekipatua dagoen bitartean, bigarren luze osoan hiru parabolt besterik ez daude, beraz, auto-babeserako materiala beharko dugu.
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadurara iritsitakoan ezkerrera hartu eta “La fuente” sektorera zuzenduko gara gure eskuinean pitzadura/kanal antzeko bat utziz. Pitzaduraren amaieran, basoan sartu aurretik, eskuinera gora doan malda igoko dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Eskuinean La Leze ikusi daiteke.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Asier eguneko lehen argiekin jaso eta La Lezera goizeko zazpiak eta erdi pasatxoan iritsi ginen. Iritsi ginenean, ondoko furgonetetako isiltasuna Artzanegi errekak apurtzen zuen bakarrik. Metalezko gurpildun etxeetako biztanleen loaldia errespetatuz, materiala kotxetik atera eta, ahal izan genuen hots gutxiena eginez, martxan jarri ginen.

Nahiz eta bero handia iragarrita egon, goiza freskoa esnatu zen, mendian ibiltzeko primerakoa. Berakaitz arrailera doan bidea hartu eta bertara iristear geundela ezkerrera jo genuen arraila gure bizkarrean utziz. Eguzkiaren lehen izpiek horma altuenetako harkaitzak ukitzearekin batera, arrailetik datorren kanal itsurako zuloa eskuinean utzi eta “La fuente” sektorera zuzendu ginen.

Berakaitz arraila atzean utzi ondoren. Eskuinean kanal itsurako zuloa ikusi daiteke.


Lehen haritzetara iristear geundela eskuinera jo genuen menditik behera datorren hartxintxarrez estalitako maldatxo gogorra igo eta bidearen oinera iritsiz. Kotxea utzitako lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako genituen, lasai ibilita.

Bidearen oinera daraman malda igotzen.


“Bueno, gaur gutxiñez katuk ekarrittut, jejeje” esan nion Asierri irribarretsu motxila lurrean utzi nuenean. Motxilatik express-zintak bakarrik hartu eta katu-oinak jantzi nituen: “gaur luze hau nik eskalaukoet, bale?” eskatu nion. “Segi lasai, ea zuri ze iruitzen zaizun” erantzun zidan.

Motxila bizkarreratu, sokak arnesera lotu eta eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 25 metro, V. Luzea tentetzen doan plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da horma bertikalarekin topo egin arte. Harkaitz-plaka urak menditik eramandako lokatz fin batez estalia zegoen arren, harkaitzaren itsasgarritasuna oso ona iruditu zitzaidan.

Lehen luzearen nondik norakoak.


Horma bertikalaren azpian kokatu eta sendoak ez diruditen harkaitz batzuetatik tira eginez lehen V zailtasuneko metro bertikalak eskalatu (esku eta oinentzat helduleku oso onak daude) eta bilgunetik oso nabaria den harlauza bertikalera iritsi nintzen.

Harlauzaren laguntzarekin metroak eskalatzen jarraitu eta bere gainera igo nintzen. Denbora osoan primerako heldulekuak topatu nituen eta luzea oso ondo ekipatua dago.

Harlauzaren gainean atseden motz bat hartu eta hemendik gorako harkaitz-plaka bertikala eskalatuz jarraitu nuen (helduleku gutxiago baina oso onak) pasabide motz bat eskuinera egin eta, zuhaixka baten ondoko erlaitz txikira iritsiz.

Lehen luzea Asierren ikuspegitik.


Erlaitzetik gora, zailtasun guztiak amaituta, harkaitz-plaka txiki bat eskalatu eta bilgunera iritsi nintzen. Bilgunea, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.

Lehen luzea lehen bilgunetik ikusita. Zuhaixkaren ondoan bilgunera iritsi aurreko erlaitza ikusi daiteke.


Lehen bilgunea.


Harlauzaren gainean, harkaitz-plaka bertikala eskalatzen hasi aurretik.


“Ze iruittu zaizu?” galdetu zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. “Kinto ingurun, ez?” erantzun nion. “Bai, neire hala iruitu zitzaiten” erantzun zidan. Luze honetan Berro anaiek egindako garbiketa lanaren inguruan hizketan aritu ginen, lan neketsu bezain txukuna, dudarik gabe.

Sokak bildu beharrean Asierrek oinez jarraitu zuen lehen “bis” bilgunera zuzenduz. Honetarako, bilgunearen eskuinetik oinez atera eta oso nabaria den hildako zuhaitz handi batera zuzendu zen.

Lehen bilgunetik gora oinez jarraitu beharreko bidea, eskuinean hildako zuhaitz nabaria ikusi daiteke.


Zuhaitzera iritsi gabe ezkerrera hartu eta, oinez, zuzen jo zuen bigarren luzea hasten den harkaitz-plakara iritsiz.

Oinez egiten den tartearen amaieran. Asier lehen "bis" bilgunean dago.


Harkaitz-plakaren oinean, uztaidun parabolt bat eta mailoi batek lotutako harkaitz-zubi pare batez osatutako lehen “bis” bilgunea dago. Bi luzeen artean oinez egin beharreko distantzia 25-30 metro ingurukoa izango da.

Lehen "bis" bilgunea.


Lehen "bis" bilgunetik gora doazen Berro anaien bi bideak: gorriz "Ekaitzean Elaia" eta urdinez "La Última Meiga".


Bilgunera iritsi eta motxilatik friend, artaka-trabagailu eta zinta-uztai guztiak atera nituen arnesetik zintzilikatuz: “honi emango diot nik” esan nion Asierri. Talkie-ak piztearekin batera eskalatzen jarraitu nuen.

- Bigarren luzea, 40 metro, V. Bilgunetik zuzen metro pare bat eskalatu eta ezkerrera diagonalean jo nuen harkaitz-bloke izugarri baten laguntzaz metroak irabaziz. Aurretik 40 metroko luzea eta hiru parabolt nituela jakinda, ahal zen neurrian ez nuen lehen metro hauetan 10 express-zintetako bat erabili nahi. Gainera, lehen metro hauek III zailtasunaren baitan egonda ez nuen asegururik jartzeko beharrik sentitu.

Lehen metro “erraz” hauen ondoren harkaitz-plaka bertikal baten oinera iritsi nintzen. Bertan artaka-trabagailu bat trabatu eta harkaitz-plakaren eskuinetik eskalatzen jarraitu nuen (IV+) luzearen lehen paraboltera iritsiz. Paraboltaren eskuinetik (harkaitz-plakaren ertzetik) zuzen eskalatuz jarraitu nuen (IV+) gaineko sabaitxo batera hurbilduz. Tartean, konfiantza handirik eman ez zidan artaka-trabagailu txiki bat erdi trabatzeko aukera izan nuen.

Bigarren luzearen lehen metroen nondik norakoak.


Sabaitxora iritsi gabe ezkerrera jo beharra dago bilgunetik oso nabaria den arrail bertikalera iristeko. Oinak bi helduleku txikitan ipini eta ezkerrera horizontalean mugitzen hasi nintzen arrail bertikalaren azpian kokatuz. Eskalada oraingoz ondo eta lasai zihoan eta ezker eskuarentzat dagoen helduleku ederrean helduta lasai nengoen. Baina behera begiratu, paraboltaren segurtasuna hain urrun ikusi eta, arrailera iristeko pasabidea aseguratu ezin nuela ikusi nuenean, hankak dar-dar batean hasi zitzaizkidan.

Metro bat atzera egin eta lasaitzen saiatu nintzen. Berriro ere arrailaren azpian kokatu eta oraingoan gorputza eta besoa luzatuz arrailean friend bat erdi-trabatzeko gai izan nintzen. Bertatik soka eta express-zinta pasa nuenean lasaitu baino urduriago jarri nintzen, hankak berriro ere dar-dar batean hasiz. Arrailera iristeak emango zidan segurtasunetik metro eta erdi eskasera nengoen arren, behetik nuena pisu eta indar handiagoa zuen eta erdi trabatutako azken bi aseguruek ez ninduten inongo konfiantzarik ematen. Gogoak baiezkoa esaten zidan bitartean, buruarekin ezezkoa egiten hasi eta, nahiz eta Asierrek behin eta berriz animatu, azkenean metro batzuk atzera egin eta arte txiki baten enborretik zinta-uztai eta express-zinta bat pasatuz, Asierrek bilguneraino eraitsi ninduen. Kuriosoa bada ere, jaitsieraren indar osoa arrailean erdi trabatutako friend-ak jasan zuen atera gabe.

“Ostia, buruk ezetz esateonen” esan nion Asierri, “eztakit ze kristo baña blokeau naiz”. “Gauza hoik batzutan pasatzeie” erantzun zidan Asierrek, “ea oain nik ateatzeik deten”. “Ziur baietz” erantzun nion, “ni baño fuertego ta buruz hobeto zabiltz”.

Asierri soberan nuen materiala pasatu eta, sokak gainetik zituela, arrailaren azpira arte eskalatu zuen.

Asier bigarren luzearen lehen metroetan ni eraitsi ondoren.


Bitan pentsatu gabe arrailaren azpian kokatu, ezker besoarekin indar pixka bat egin eta arrailari eutsi zion nik erdi trabatutako friend-aren gainetik bigarren friend bat trabatuz.

Arrail bertikalaren pasabidean, Asierren eskuinean sabaitxoa ikusi daiteke.


Arraila bavariar teknika erabiliz eskalatu zuen (V) hirugarren friend bat trabatu eta garbiketa galanta egindako erlaitz batera iritsiz. “Ostia, ze onaa!!!” bota nion talkietik. “Uste nuna baño errexago iruittu zait” erantzun zidan.

Arrail bertikala eskalatu ondorengo erlaitzean.


Erlaitzean zertxobait ezkerrera jo eta gainetik dagoen harkaitz-plaka bertikala zuzen eskalatzen jarraitu zuen (V) artaka-trabagailuak trabatzeko aukera ederra duen arrail estua ezkerrean eta arte eder batzuk eskuinean utziz. Harkaitz plaka honetan luzeko beste bi paraboltak daude.

Harkaitz-plaka bertikalaren lehen metroetan.


Uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea harkaitz-plakaren punturik gorenean dago. Bertara iristeko harkaitz-plakaren ezkerrera pasatu eta, metro batzuetan eskalatu ondoren, eskuinera zeharkaldi motz eta erraza egin zuen.

Bigarren bilgunean.


Luzea urduritasun puntu batekin eskalatzen hasi nintzen. Lehenengo metroak erraz irabazi eta, lehen saiakeran blokeatuta gelditu nintzen pasabidera iritsi nintzenean, bitan pentsatu gabe eskalatzen jarraitu eta pasabidea erraz eskalatu nuen: “Ayyyy, lehen honela eskalau izan banuuuuu” pentsatu nuen.

“Zemuzkoa iruittu zaizu?” galdetu zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean. “De segundo junda errex” erantzun nion, “a ze amorrazioa lehenengon buruk ezetz esatea”. “Hurrengo baten etortzen bagea, bakizu, berriz saiau” amaitu zuen Asierrek.

Bigarren bilgunea goitik begiratuta.


Bilgunean argazki batzuk egin eta rappel batean lehen “bis” bilgunera itzuli ginen. Oinez lehen bilgunera iritsi eta bigarren rappel batekin lurrean ginen.

Lehen rappela egiten.


Bigarren rappelean.


Bidea oso oso ona iruditu zitzaigun eta bigarren luzea Eginon eskalatu dugun erdi ekipatutako luzerik onena inongo zalantzarik gabe. Hori bai, bidea ez dugu uste eskaladan “katxarreatzen” hasiberriak direnei zuzenduta dagoenik, Asierrek esan zidan moduan “hemen katxarrokin zeoze ibilita eskalau behar da”.

Berro anaiek horman egindako garbiketa eta prestaketa lana txalogarria izan da. Zorionak eta milesker bihotz-bihotzez!!!!

Hormari azken begirada, gorriz "Ekaitzean Elaia" eta urdinez "La Última Meiga" bideak.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina