AZKEN 10 SARRERAK

2019/07/23

ATXERITO (2.374 m): "GRAN DIEDRO SUR" BIDEA, 400 m, V+. 2019/07/20

Munduak daraman abiadura bizia da, gizakiak asimilatu dezakeena baina biziagoa beharbada. Honen adierazgarri mundu fisiko edo “analogikoaren” isla den mundu birtual edo digitala da. Mundu birtualak ez du atsedenik hartzen eta uneoro mezu eta berriekin gupidarik gabe bonbardatzen gaitu. Gauzak gertatu heinean esan, argitaratu eta partekatzen dira, askotan partekatutakoaren jatorriaren fidagarritasuna egiaztatu gabe. Berehalakotasunak gobernatutako mundu hau tamalez mendira ere iritsi da, urteetan askorentzat mundu bizi honen ihesbide izan den lekura. Momentu oro mendiaren eta mendizaletasunaren inguruko azken berriak eskura ditugu eta hauen mendean batera eta bestera gabiltza egoera onenean dagoen mendian, elurrik gogorrena duen korridorean edota irekitako azken eskalada-bidean “masifikazioak” sortuz. Eta masifikazioek pertsonen alderik ilunena ateratzeko ahalmena izaten dute: kosta ahala kosta lehena izatearen grina, besteengatiko mespretxua eta, azken finean, berekoikeria. Zein urrun gelditzen hasi dira mendizaletasuna gidatzen zuten balio erromantiko horiek…

Kronika honetako bidearen historia goiko hausnarketaren adibide izan daiteke. “Gran Diedro Sur” bidea 2009 urtean Sendero Limite taldeko Julio Benedé eta Luis Royok maisuki ireki zuten, hormaren ahuldadeak behetik goraino aprobetxatuz. 2010an bide honen inguruko bideo bat partekatu bazuten ere, 2019ko ekainaren amaiera arte ez zuten bidearen krokisik argitaratu. Uztailaren 9an, krokisa argitaratu eta hamabost egunera, Neskalatzaileak Elkartekoek bidea eskalatu eta beraien web orrian honen inguruko informazio zehatza partekatu zuten. Bi kronika nahikoak izan dira bide hau askoren zerrendan lehen postura pasatzeko eta denbora gutxian sokada asko izan gara bidea errepikatu dugunak, izan ere, Neskalatzaileek bidea eskalatu zuten egun berean lau sokadek gutxienez bide berean zeuden. Eskalada honetan Neskalatzaileek piolet bat galdu eta eskaladaren kronikan bakarren batek topatuz gero beraiekin harremanetan jartzeko oharra jarri zuten, mendiko balioei erregutuz. Pioleta berreskuratuko dute? Nork daki…

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 400 metro.
- Luze kopurua: 14, horietako bat 100 metro inguruko oinezko zeharkaldi luzea da.
- Nork irekia: Luis Royo eta Julio Benedek, 2009ko irailean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: IV+ (40 m), 3ºL: IV+ (40 m), 4ºL: I (30 m), 5ºL: V+ (25 m), 6ºL: III+ (40 m), 7ºL: III+ (40 m), 8ºL: V (20 m), 9ºL: IV+ (40 m), 10ºL: IV+ (25 m), 11ºL: oinez (100 m), 12ºL: IV+ (25 m), 13ºL: II (25 m), 14ºL: IV+ (45 m). Guk hirugarren eta laugarren luzeak batean eskalatu genituen tarte bat ensanble moduan eskalatuz. Bide osoa paraboltez ekipatua dago. Parabolten arteko tartea ongi jarrita dago, leku errazetan urrun eta leku zailetan gertuago. Hauetatik aparte, iltze eta zinta edo kordelak topatuko ditugu, bakarren bat zaharra, baina orokorrean zinta hauetatik aseguratu gabe eskalatu daiteke. Laugarren bilgunetik behera ihesbide bat dago, kanal harritsu batetik hormaren oinera arte jaitsi ahal izateko. Udaren hasieran bidearen oinean eta lehen leizearen sarrerako kanalean elurtegi handiak sortzen direnez, bidea eskalatu aurretik komeni da elurrik ez dagoela ongi ziurtatzea. Oinez betetzen den pasabide luzean ere belarra bustia izanez gero oso irristakorra egon daiteke. Kontuz goitik beste sokadaren bat badago, harriak botatzeko arriskua oso handia baita.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Hainbat lekuetan iturriak ditugu: Etxo herrian, Selva de Oza camping-aren ondoan...
- Hurbilketa: Kotxea La Mina aparkalekuan utziko dugu. Hemendik, Atxeritora doan ohiko bidea jarraituko dugu arrasto hori eta berdeak jarraituz Atxerito etxolara arte. Hemendik Colláu del Huerto de l’Acherito lepora doan malda belartsua igotzen hasiko gara Atxeritoko hego-hormaren hartxingadia eskuinean utziz. Belarretik ahal dugun gehiena igoz (hartxingaditik zuzen igotzea oso nekeza baita) zeharkaldi horizontala egingo dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxetik bidearen oinera bi ordu pasatxo beharko ditugu.
- Jaitsiera: Atxeritoko gailurretik Foyas del Ingenierora doan bidea hartuko dugu Colláu del Huerto de l’Acherito lepoan utziz. Lepo honetatik behera jaitsita Atxerito etxolara itzuli eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Atxeritoren gaiurretik kotxera gutxi gora behera bi ordu eta erdi eskas beharko dugu lasai joanda.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 12 express-zinta (10 nahikoak izan daitezke) eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Lau friend eraman arren ez genituen erabili. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Udaren hasieran bidearen oinean eta lehen leizean elurtegiak badira piolet eta kranpoiak eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen lehen hamar luzeetako nondik norakoak.


Azken luzeetako nondik norakoak.


Lehen zatiaren krokis zehatza.


Bigarren zatiaren krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Kotxeak sargoriak berpiztutako intsektu eta zapoen artean metroak nekez irabazten zituen. Intsektuak aurreko kristalean zanpatzearen "plaff" eta noizik eta behin gurpilekin zaporen bat zapaldutako “plafff” hotsek irratiaren musikaren gainetik nabarmentzen ziren. Kotxea aparkatu eta jaitsi ginenean ikuskizuna txundigarria zen: zapoak leku guztietatik saltoka zebiltzan, belar arteko intsektuak ehizatu nahian: “joer, Biblian azaltzean Egiptoko izurriteetako bat emateo” bota nion Asierri zapo bat oinarekin alde batera bultzatuz.

Zapo eta intsekturik gabeko gau epel baten ondoren, azkar-azkar gosaldu eta goizeko zazpiak laurden gutxitan Ozako oihanatik gertuko La Mina aparkalekutik atera ginen, Etxoko bailaratik Atxeritora doan ohiko bidea jarraituz.

Martxan hasi aurreko ikusmira.


Bide hau leku beretik pasatzen diren GR 11 eta GR 63.3.3 bideen artean hasten da. Atxerito sakanetik datorrn errekaren gaineko zubitxoa zeharkatu eta GR 11 bidea jarraitzen hasi ginen metalezko langa batera iritsi arte. Langatik gora, argibide poste baten ondotik pasa ondoren, GR 11 bidea gure ezkerrean utzi eta eskuinera doan bidea hartu genuen arrasto berde eta horiak jarraituz.

La Mina aparkalekutik gora jarraitu behar den bidea (zuriz), bi GR ibilbideen artean doan bidea da.


Argibide postetik gorako maldan. Jarraitu beharreko arrastoak hori eta berdeak dira.


Lehen pausuak freskuran eman arren, lehenengo aldapa gogorra atzean utzi eta Atxerito parez-pare azaltzearekin batera haize-kontrako txaketak berehala kendu genituen: “egun beroa pasako deula emateo” bota nion Asierri ur pixkat edanez, “bai, lehen ordun manga motzetan hasten bagea…”.

Lehen malda gogorra igo ondoren, parean Atxerito.


Zeruan apurka txikituz zihoan ilargi betea besterik ez zegoen. Metroak pixkanaka irabazten genituen heinean eguzkiaren lehen izpiek mendi-gainak urrez bustitzen zituzten egunsentiaren misterioari ateak zabalduz.

Lehen eguzki izpiak Castillo de Acher mendian.


Egunsentiaren misterioa ilargiaren begiradapean.


Lehen malda gogor honen ondoren Atxerito erreka eskuinean utzita "Las Tascas" bailaran barna sartu ginen tarteka pago eta pinuen artean pasatuz. Bidea eder, nabari eta gozoa da eta lirioek urdinez tindatutako zelai belartsuak zeharkatzen ditu. Ibilbidean bi errekasto zeharkatu genituen, lehenengoa hildako pago erraldoi baten enborraren ondoan dagoena, itzal izugarria emango zuenaren oroigarri.

Hildako pagoaren ondotik pasatzen.


Bigarren errekastoa zeharkatu ondoren bidea bitan banatzen da: nahiz eta “X” batez adierazita egon bietatik eskuinekoa hartu beharra dago, eskuinetik El Mallé mendiak mugatutako Atxerito sakanean sartuz.

Bigarren errekastoa zeharkatu ondoren. El Mallé mendia eskuinean itzalpean dagoena da.


Errekastoaren ondorengo bidegurutzea, guk eskuineko bidea jarraitu beharra dugu. Argazkia jaitsieran egina dago.


Atxerito sakana zeharkatzen hastearekin batera, izen eskuinean bidelagun izandako erreka pixkanaka azpian geldituz joan zen orain arteko zurrumurrua urruneko xuxurla batean itoz. Elektrifikatutako hesi bat zeharkatu ondoren behiek hartutako eremu batera sartu ginen.

Atxerito sakanean zehar.


Atxerito etxolara arteko tartea behien minatutako eremuan gorotzak ekidinez bete genituen, parez-pareko Atxeritoren hegoaldeko hormari baino lurreko tranpei arreta gehiago jarriz. “Joer, pareta izugarrie da” esan nion Asierri azken mina ekidin eta gero. “Bai, azpitio ikusita oso bertikala emateo”.

Atxerito etxola eta hegoaldeko horma ikusgarria (itzalpean). Eguzkitan ekialdeko gandorra ikusi daiteke, Ravier anaiek 1953 urtean lehen aldiz eskalatu zutena.


Etxolara iritsi gabe, bidea metro batzuetan ireki ziguten bi sarrioen atzetik ipar-mendebaldeko zelaietan gora hasi ginen, Colláu del Huerto de l’Acherito doan bidea jarraituz. Neskalatzaileek ohartarazi bezala, hormaren azpiko hartxingadia zuzen eskalatu beharrean, belarretik ahal izan genuen altuerarik handiena irabazi genuen, parez pare genuen betortz itsurako puntaren azpitik pasatu eta bidearen oinera zeharka hurbilduz.

Zelaian gora. Argazkian gutxi gora behera bidearen hasiera arteko bidea margotu dut.


Betortz itsurako puntaren oinera iristen.


Hormari begiratuz argi gelditzen da Atxerito izenaren euskarazko “haitz” jatorria. Horma latza da, izugarrizko bi monolitoez babestua. Ezkerrekoa, hori kolorekoa, arrail bertikal batek behetik gora erdibitzen du. Bertan, Christian Ravier eta Christian Desbats-ek “ni dieu ni maitre” bidea ireki zuten (200 m, 6c). Arrail honen ezkerrean, monolitoaren erdian, Ekaitz Maiz eta Asier Lukek 2017ko udazkenean “Iraultza Gorria” bidea ireki zuten.

Atxeritoren hegoaldeko horma ikaragarria.


Kotxetik atera ginenetik bi ordu pasatxora Billabonako eskalatzaile batekin batera bidearen hasiera adierazten duen “Gran Diedro Sur” zintadun paraboltaren azpira iritsi ginen. Bertan, eguzkiaren berotasunean desagertu nahi ez duen elurtegiaren azken arrastoak gelditzen ziren.

Bidearen hasierako zinta.


Billabonako eskalatzailearen asmoa sokarik gabe eskalatzea zen, soka tarte zailetan bakarrik ateraz. Gu baino azkarrago joango zela argi zegoenez, konturatu ginenerako lurraren horizontaltasuna atzean utzia zuen.

Prestaketa lanak gainetik sokadarik izango ez genuenaren lasaitasunaz hartu genituen. Eguzkitako krema erruz eman eta Asier prestatu zenean eskalatzen hasi zen.

- Lehengo luzea, 30 metro, IV. Luzea izendun zinta duen paraboltetik gorako tximini inklinatua eskalatzen hasten da (IV). Tximiniak zailtasunik handirik ez dauka harkaitza oso itsaskorra delako, dena den, goi mendian egonda, heldulekuekin kontu ibili behar da batzuetan harriak askatzen baitira. Aukeran, lehen metro hauek tximiniaren ezkerreko harkaitz-plaka inklinatua eskalatuz egin daitezke zailtasuna zertxobait jaitsiz (III). Asierrek tximinia di-da batean eskalatzearekin batera bistatik galdu nuen.

Bidearen hasierako tximinia azpitik ikusita.


Tximinia eskalatuta horma asko etzaten da eta, ezkerrerako joerarekin jarraituz (II), pareko hormaren arrail diagonal nabarmenaren ezkerrean kokatutako bilgunera iritsi zen. “Reuniónnnnn!!!”.

Tximinia eskalatu ondoren.


Lehen bilgunean.


Lehen luzea motorra berotzen hasteko elegantea da. Zailtasun handirik izan gabe bide osoan topatuko dugun harkaitz kalitatearen ideia bat emango digu, horma tenteetan ona, horma etzanetan aldiz, arretaz eskalatzekoa.

- Bigarren luzea, 40 metro, IV+. Asierri soberan zuen materiala hartu ondoren bilgunetik ezkerrera diagonalean 6-7 metroetako zeharkaldia egin nuen (III+).

Zeharkaldiaren amaieran.


Zeharkaldiaren ondoren horma tentetu eta luzeak zuzen jarraitzen du diedro itsurako harkaitz-plaka tentea eskalatuz (IV+). Harkaitz-plaka hau eskalatu ondoren ezker joerarekin zertxobait eskalatu eta bigarren diedrotxo tente bat eskalatu nuen (IV+).

Zeharkaldiaren ondorengo horma tentea.


Bigarren diedrotxoa atzean utzita horma etzan eta tximini nabarmen baten ezkerreko horman kokatutako bilgune erosora iritsi nintzen.

Asier eskalatzen hasita zegoenean bilgunetik 4-5 metro gorago bi paraboltez osatutako bigarren bilgune bat ikusi nuen, beharbada harrien erorketetatik babestuago izan daitekeena. Asier iritsi zenean aukeran bilgunea hemen muntatuz gero seguruago izango daitekela pentsatu genuen.

Bigarren bilgunean, argazkian gorago dagoen beste bilgunearen kokalekua adierazi dut.


- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+. Denbora luzerik galdu gabe Asierrek bilgunearen eskuinean dagoen tximinia eskalatzen hasi zen. Lehen metroak errazak badira ere (III-III+) metroak irabazten diren heinean tximinia tentetzen da (IV+). Halere helduleku onak ditu.

Tximiniaren lehen metroetan. Lehen express-zinta goiko bilgunetik pasa genuen.


Tximinia irekitzen hasten den lekuan ezkerrerako joera hartzen du harkaitz bloke handi batek erdibitutako diedro bertikal batekin topo egin arte. Diedro hau eskalatuta (IV+) ezproi itsurako batean dagoen bilgunera iritsi zen.

Tximiniaren goikaldean egindako argazkia. Goian ezkerrerako joera hartzen du.


Tximiniak ezkerrera jotzen duen zatian Asier bistatik galdu nuen. Metroak pixkanaka irabaztearekin batera inguruan nuen soka murriztuz zihoala ikusi nuen. 50 metroetako soka izanda, dozena erdi bat metro falta zirenean Asierri oihu egin nion: “Asierrrr!!!! 5 metro inguru bakarrik faltaieeee!!!” . Soka amaitu eta ensanblean ateratzear nengoela “Reunionnnn!!!” entzun nuen. Bilgunea desmuntatu eta soka berriro ere tente jarri zenean eskalatzen jarraitu nuen.

Ezproi itsurakora igo eta bilgunera iritsi nintzenean bertatik express-zinta bat pasatuta zegoela ikusi nuen: “ehhhh!!! Bilgunea pasa indezuuuu!” esan nion 30 metro ingurura nuen Asierri. “Joer, ba eztet ikusi” erantzun zidan. “Honea atera eta bilgune honta erdi-oinez iristea zeola ikusietenen reunion oihukatuizut”. Konturatu gabe 25 metro inguru ensanblean eskalatu genituen bidearen hirugarren eta laugarren luzeak batean eginez.

Pasatutako bilgunea, krokisean hirugarrena dena.


Berezko hirugarren bilgunetik laugarren bilgunera iristeko 30 metro inguru erdi-oinez jarraitzea besterik ez da, parean dugun tximiniaren ezkerreko bilgunera zuzenduz.

Laugarren bilgunean (gure hirugarrena). Hurrengo luzeak eskuinean ikusten den tximinia nabarmena jarraitzen du.


“Ah pajaroooo!!” esan nion bosgarren bilgune “ofizialera” iritsi nintzenean, “nei luzeik zaiena utzi diazu, jejeje”. Orain arte gainean generamatzan krokisa begiratu gabe gindoazen. Hemendik aurrera, gutxienez luzeen luzera jakiteko begiradatxo bat ematea erabaki genuen.

- Bosgarren luzea, 25 metro, V+. “Bueno krokisen arabera 25 metro ditu” esan nion Asierri, “beraz ez da reunioa urruti eongo”. Traste guztiak arnesetik zintzilik nituela egiaztatuta bilgunearen eskuineko tximinia eskalatzen hasi nintzen (III) parean dugun diedro nabarmenarekin topo egin arte.

Tximiniaren lehen metroetan.


Diedrora iristen.


Diedroa osorik eskalatu behar ez dela irakurri arren metroak konfiantza osoz irabazten hasi nintzen eskuineko horman dagoen paraboltetik express-zinta bat pasatu nuen arte.

V+ pasabidea azpitik ikusita. Sokaren eskuinean ikusten den arraila jarraitzea da aukerarik errazena.


Diedroan gorago igo eta, gorputza luzatuz, paraboltaren gainetik dagoen iltzean bigarren express-zinta bat pasatu nuen. Iltzetik 35-50 zentimetro gorago bigarren parabolt bat dago. Oinak diedroan oraindik eta gorago igo, gorputza postura arraro batera behartu eta iltzetik pasatako express-zinta bigarren paraboltetik zintzilikatzea lortu nuen. “Bueno, oain kontu eh?” bota nion Asierri.

Irakurritakoari kasurik egin gabe diedroan gehiegi igota nengoen. Bi parabolt eta iltzea babesten duten arrail makurtura ez nintzen iristen eta gainera postura behartu batean nengoen. Bitan pentsatu gabe eta besoak alperrik nekatu aurretik egin beharrekoa egin nuen: “Asier eutsiazu, txintxilikatu behar naizta”. Nengoen lekutik erortzen utzi eta arrailaren bertikalean zintzilik gelditu nintzen. “Bueno ba!!” botan nion Asierri. Saiakera antzu baten ondoren bigarrenean horma makurtua eskalatu (V+) eta, honen gaineko erlaitz txikian kokatuz, pasabidea gainetik babesten duen soka zaharretik express-zinta pasatu nuen. Definitiboki diedroa eskalatzen hasi eta berehala eskuinera pasa behar da makurtutako horma eta arraila eskalatzeko.

V+ pasabidea eskalatu ondoren.


Pasabidea eskalatuta izan arren ez nintzen erabat lasaitu soka zaharraren gainetik dagoen paraboltetik aseguratu nintzen arte. Bertara iristeko erlaitzetik gora doan arraila eskalatu behar izan nuen (IV/IV+). Paraboltaren segurtasunaz kutxatuta, hemendik gorako kanalizo erraz batzuk eskalatuz (III+) bilgunera iritsi nintzen.

“Ze iruittu zaizu?” galdetu nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Etzait zaile iruittu” erantzun zidan, “gorputza ondo kolokatuzkeo helduleku onak dare”, erantzun zidan lasaitasun handiz materiala hartzen zidan bitartean. Arrazoia zuen, gakoa azpitik ongi kokatzean eta diedroan barruraino ez sartzean dago.

Bosgarren bilgunean, kanalizoen hasiera.


- Seigarren luzea, 40 metro, III+. “Kanalizo famatuak!!!” pentsatu nuen. Asier, bilgunetik zuzen eskalatzen jarraitu zuen kanalizoz jositako horma inklinatua eskalatuz (III+). Kanalizoetan eskalatzeak bere xarma ere badu, oinak bertan sartu behar dira eta. Asierrek metroak erraztasun handiz irabazten zihoan bilgunera falta zitzaiona kontutan hartu gabe.

Seigarren luzean.


Bat batean ezkerrean zerbaitek atentzioa deitu zion. Bidetik 4 metro inguru desbideratu eta “Hara, hemen dau Neskalatzailek galdutako pioleta!!!!” bota zidan pioleta eskuetan hartuta. “Ostia ze onaaa!!!” bota nion, “ziur esaten diegunen kriston kontentu jarrikoiela”.

Asier pioleta eskuetan duela.


Pioleta motxilan gorde eta azkeneko metro batzuen ondoren (III+) bilgunera iritsi zen.

Seigarren bilgunean.


Seigarren bilgunea.


Bosgarren bilgunea seigarrenetik ikusita.


“Hasierako luzetan beida jun naiz ea topatzen genun baña dauneko ahaztuta non” esan zidan bilgunera iritsi nintzenean. “Kasualidadeare hemendio pasa dienekin iñork ez ikustea” erantzun nion. “Ya lo creo…” bota zidan.

- Zazpigarren luzea, 40 metro, III+. Tontakeria dirudien arren oso kontentu geunden ezagun batzuek galdutako pioleta berreskuratzeagatik. Pioleta nola eta noiz itzuli geroagoko kontua izango zen, orain bidea bukatu beharra genuen.

Zazpigarren luzeak seigarren luzearen joera berekoa da, kanalizoz jositako horma inklinatua eskalatu eta parean dugun hormaren ezker tximinia nabarmenera zuzenduz (III+). Luze hau biziki gozatu nuen eskuekin baino oinekin gehiago eskalatuz.

Zazpigarren luzearen erditik behera egindako argazkia.


Lore ederrak luzearen erdian.


Bilgunera iritsi aurretik helduleku oneko harkaitz-plaka tente (III+) bat eskalatu beharra dago.

Harkaitz-plaka tentean.


Bilgunera iristear. Nire gainetik zortzigarren luzean eskalatzen den tximinia nabarmena ikusi daiteke.


Harkaitz-plaka hau eskalatuz tximiniatik gertu dagoen bilgune erosora iritsi nintzen.

Seigarren bilgunea zazpigarrenetik ikusita.


- Zortzigarren luzea, 20 metro, V. “Luzea tximinin erditio jungoa?” galdetu nion Asierri gainetik genuen tximinia bertikala seinalatuz. “Oain ikusiko deu” erantzun zidan.

Bilgunetik gora metro erraz batzuk eskalatu (III) ondoren tximiniara hurbildu zen: “bai, iltzek eta zintak tximini barrun dare” erantzun zidan.

Tximiniaren sarreran.


Tximinia bertikala den arren helduleku onak ditu (IV+). Asierrek metroak konfiantzaz irabazten zituen Riglosko “Edil” bidean erabili zuen teknika bera erabiliz. Komeni da tximinia honetan barruraino ez sartzea.

Tximiniaren amaierara iristen.


Tximinia amaieran zertxobait makurtzen da (V). Eskuentzat baino oinentzat leku egokiak topatu eta gorputza altxatzearekin batera tximinia erraztasun handiz eskalatu zuen. Bilgunea tximiniaren irteeran parez-pare dagoen horma bertikalean dago.

Tximinia azpitik ikusita.


Tximiniatik ateratzen.


“Luze ederra!!” bota nion bilgunera iritsi nintzenean, “nahiz eta hasieran, betiko modun, tximinin gehiegi sartu, jejeje”.

Zortzigarren bilgunean.


- Bederatzigarren luzea, 40 metro, IV+. Ur trago luze bat hartzeko atseden laburraren ondoren, bilgunearen eskuineko helduleku oneko horma bertikala eskalatzen (IV+) jarraitu nuen. Lehen asegurua laranja koloreko zintadun iltzea da, bidea nondik doan jakiteko “baliza” ederra.

Horma bertikala eskalatzen.


Hormaren gainetik behera egindako argazkia.


Hasierako horma eskalatuta ezkerrera jo eta pareko harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraituko nuen (III) parez-pare nuen horma bertikaleko bilgunera iritsiz.

Hormaren gainetik bederatzigarren bilgunera egindako argazkia. Hamargarren luzean eskalatzen den tximinia nire ezkerrean ezkutuan gelditzen da.


“Gaur nei tximinik tokatzen zaizkit, jejeje” esan zidan Asierrek irribarretsu hamargarren luzeko tximini nabarmena ikusi zuenean. “Ya lo creo, jejeje”.

- Hamargarren luzea, 25 metro, IV+. Asier bilgunearen ezkerretik gora zuzen doan tximinia bertikala eskalatzen hasi zen (IV+). Tximinia hau zortzigarren luzekoa baina zabalagoa eta motzagoa da eta nahita nahiez barrurago sartu behar izan zuen. Halere hau ez zen Asierrentzat eragozpenik izan tximinia erraztasun osoz eskalatu baitzuen.

Hamargarren luzeko tximinian.


Tximiniaren amaieran zinta zahar bat dago. Zinta honetatik express-zinta pasa bezain pronto eskuinera horizontalean 4-5 metroetako erlaitza jarraitu zuen (II) nire gainean kokatuz. “Ea oain ez dizuten harrik botatzen” esan zidan.

Argazki honetan tximiniaren amaierako zinta zaharra eta jarraitu behar den erlaitz horizontala ikusi daitezke.


Erlaitzaren amaieran.


Erlaitz horizontal honen amaierara iritsi zenean ezkerrera jo eta belarrez estalitako kanaltxoa eskalatu ondoren (III), harkaitz handi batean kokatutako bilgunera iritsi zen.

Erlaitzaren amaieratik bilgunera iristeko eskalatu behar den kanaltxo belartsua.


Luze hau ere ederra iruditu zitzaidan. Aho zabalik nengoen Sendero Limitekoek hormaren traba ezberdinak nola gainditu zituzten ikustean. Benetako maisu lana horma honetan egindakoa!!!

Hamargarren bilgunean, atzean oinez jarraitu beharreko erlaitz zabala.


- Hamaikagarren luzea, 100 metro, oinez. Ez dakit luze hau luze bezala kontsideratu daiteken oinez bete beharreko tarte luzea baita. Bilgunearen atzetik hasten den erlaitz zabal, inklinatu eta belartsua amaiera arte jarraitzea besterik ez dago.

Lehen metroetan parabolt batzuk ikustea harritu arren, belarretan hainbat alditan katu-oinekin irrist egin ondoren parabolt hauen funtzioa zein zen ulertu nuen. Belarra lehor irristakorra badago ez dut imajinatu nahi zer izango den belarra bustia dagoenean.

Bilgunetik 30 metro ingurura dagoen bigarren bilgune bat atzean utzi ondoren, belarra desagertzearekin batera paraboltak ere desagertzen dira, metroak erraz eta erosoago jarraituz.

Bigarren bilgunetik hamargarren bilgunea egindako argazkia.


Bigarren bilgunea.


Erlaitzaren amaieran ezkerrera jo nuen (ezker hormatik gertu mantenduz) parez pare nuen harriz jositako kanala amaiera arte igoz. Neskalatzaileei gertatu zitzaien moduan, begirada kanalizoz jositako kanalaren eskuineko hormara joan zitzaidan: “hemen ere luzeren bat edo beste irekitzea eongo da ba…”.

Amaiera arte igo behar den kanal harritsua, eskuinean kanalizoz jositako horma ikusi daiteke.


Leizetik behera egindako argazkia.


Bilgunea kanalaren amaierako leizetxoaren barruan dago, “Gran Diedro Sur” idatzita duen zintadun paraboltean, hain zuzen ere.

Leizetxoaren barruko bilgunea.


- Hamabigarren luzea, 25 metro, IV+. “Bueno iritsi gea luze fotogenikora..” esan nion Asierri luze honetatik ikusitako argazkiak gogoan. Bilgunetik metro pare bat igo eta, eskuak ongi sartzen diren arrail horizontala eta oinentzako helduleku ederrak aprobetxatuz, Asierrek eskuinera zeharkaldia egin zuen (III+) leizetik ateraz. Hemendik gorako horma inklinatua metro gutxi batzuetan eskalatu zuen (IV) parabolt sendo batera iritsiz. Tartean zulagailuz egindako “harkaitz-zubi” batetik pasatako kordel bat ere badago.

Hasierako zeharkaldi horizontalean.


“Kieto parau, argazkie egin behar dizut eta!!!!” bota nion Asierri eskalatzen jarraitu aurretik. Argazki kamera atera eta “ratatatata” argazki batzuk azkar-azkar egin nizkion, “bakarren bat ona ateako da, jejeje”.

Klasikoa bihurtuko den hamabigarren luzeko argazkia.


Harkaitz-plaka inklinatua atzean utzita, ongi babestutako kanalizo bertikal batzuk eskalatu (IV+) eta, horma berriro inklinatzearekin batera, azken metro erraz batzuk eskalatu zituen (III+) harkaitz-bloke izugarri baten eskuinean kokatutako bilgunera iritsiz.

Kanalizo bertikalak eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Hamabigarren bilgunera iristen.


“Haure luze politte, eh?” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. “Kuriosoa bai” erantzun zidan, “dauneko bi falta zaizkigu bidea bukatzeko”.

Hamabigarren bilgunean. Aurretik gelditzen dena ikusi daiteke.


- Hamahirugarren luzea, 25 metro, II. Hurrengo luzea motza eta erraza zela ikusita, denborarik galdu gabe gainean nuen materialarekin jarraitzea erabaki nuen. Luzeak ezkerreko joerarekin jarraitzen du parean dugun bigarren leizetxora zuzenduz. Luze osoan parabolt bakarra topatu nuen arren erraza da (II). Leizetxora iritsi eta honen barrenean zinta bat ikusi arren, krokisean azaltzen diren bi paraboltak ez nituen inondik inora ikusten, gorago ikusten nuen parabolt bakarti bat izan ezik.

Bigarren leizetxoaren barrenean dagoen zinta.


“Zenbat metro in ditut?” galdetu nion Asierri, “hogeibat eo” erantzun zidan. Luzea 25 metro zituela jakinda bilgunea begi bistan nuen lehen parabolt honetan izango ez ote zegoen pentsatu nuen. “Parabolt horta jungo naiz ea reunioa han daun” esatearekin batera tximinia itsurako bat eskalatu (IV) eta paraboltetik zintzilikatu nintzen. “Ba hemen eztau reunioik” bota nion.

Leizetxoaren gaineko lehenengo paraboltetik zintzilik.


Bidea eskalatzeko asmotan bazabiltzate egokiena leizearen barreneko zintan bilgunea muntatzea da. Gero, goitik doana aseguratzeko hobe izan daiteke bilgunetik askatu eta lehen paraboltaren azpian kokatzea, bestela sokak gehiegi tiratuko dutelakoan nago.

Asierren soka bildu eta nire azpian kokatu zenean sokaren laguntzaz soberan zuen materiala pasa zidan. Materiala jasota soberan nuen soka jaso eta azkeneko luzea aseguratzeko prest jarri zen.

- Hamalaugarren luzea, 45 metro, IV+. Leizetik bertatik aseguratzen badugu, lehen paraboltera tximini antzeko bat eskalatuz iritsi (IV) beharko dugu (ni zintzilik nengoen parabolta, alegia).

Leizetik gorako lehen paraboltean.


Zintzilik nengoen paraboltetik express-zinta eta soka pasatu ondoren zertxobait eskuinera jo nuen, itzalpean dagoen harria zikin samarra baitago. Hala ere, harkaitzaren kalitatea ona ez dirudien arren ongi eusten du.

Leizetik ateratzen.


Bigarren parabolta atzean utzita, ezkerreko hormatik gertu eskalatuz jarraitu nuen tartean bigarren hormatxo bertikal bat eskalatuz (IV+).

Bigarren hormatxo bertikalera iritsi aurretik behera egindako argazkia.


Hormaren amaierara iristen ari nintzen heinean luzea eskuin aldera pixkanaka desbideratzen zela ikusi nuen. Azkeneko harkaitz-plaka inklinatu batzuk eskalatuz (IV), harkaitz batean kokatutako bilgune erosora iritsi nintzen.

Hamalaugarren, eta azken, bilgunean.


“Reunionnn!!!” oihukatzearekin batera nire buruan gainetik hiruzpalau buru azaldu ziren. “Oupssss” pentsatu nuen Atxeritoren gailurretik hain gertu geundela ez bainekien. Buruek arraro baino kuriositatez begiratzen ninduten “tipo hau nondik azaldu da horrela jantzita?” pentsatuko balute bezala.

Asier azken luzean.


Bidearen amaieraz gozatzen.


Asier iritsi zenean gailurrera iritsi aurretik eskaladako traste guztiak motxilan jasotzea erabaki genuen mendizaleen artean kamuflatzeko: “hola ezteu kanteik emango, jejeje”.

Bilgunetik gailurrera 20-25 metro ibiltzea besterik ez dago.

Gailurreko argazkia. Aurpegiek adierazten ez badute ere, oso zoriontsu ginen. Selfie-ak egitea ez da nire birtuterik handiena.


Urteak ziren gailur hau zapaltzen ez nuela, azkenekoa Ikerrekin batera Linzatik egindako igoeran. Gailurreko bistan zoragarriak dira: Ansabereko orratzak, Petretxema, hiru Erregen Mahaia, Anie, Midi D’Ossau, Alanoak…

Iparrera egindako argazkia.


Ansabereko orratzetako bat gertuago. Bufff!!! A zer nolako itsura.


Hegoaldera egindako argazki panoramikoa.


Aurkezpenik behar ez duen mendia.


Gailurrean eserita barratxo bat eta fruitu lehor batzuk jateko aprobetxatu genuen, erlojuak adierazten zuenari kasurik egin gabe. Mendizale gehiago hurbiltzen zirela ikusi genuenean motxilak utzitako lekura itzuli eta beherako bidea hartu genuen.

Jaitsiera Colláu del Huerto de l’Acherito lepotik behera egin genuen. Honetarako Atxeritoko hego aurpegia goitik behera zetak eginez jaisten duen bidea jaitsi genuen lepo batera iritsiz.

Atxeritotik beherako jaitsiera. Argazkian ez da Colláu del Huerto de l'Acherito lepoa ikusten.


Argazkia azpitik ikusita.


Lepotik aurrera gainetik genuen muinora igo eta honen atzeko bigarren lepo batean mugarri handi batekin topo egin genuen: Colláu del Huerto de l’Acherito lepoan geunden.

Muinoaren gailurrean eta hemendik aurrera Colláu del Huerto de l'Acherito lepora arte jarraitutako bidea baita hemendik beherakoa ere.


Colláu del Huerto de Acherito lepoan.


Lepotik Atxerito sakana dagoen isurialdera berriro jaitsi beharra dago. Lehen metro erraz batzuen ondoren, hartxingadi tente bat jaisten da horman zintzilikatutako bailaratxo batera iritsiz. Bidea mugarriz adierazita dago eta galtzeko arriskurik ez dauka.

Lepotik beherako lehen metroetan.


Bailaratxotik gora egindako argazkia.


Bailaratxo honetatik behera bidea pixkanaka nabarmenduz doa, harriak belarrari paso eman eta azken metro goxo batzuen ondoren Atxeritoko etxolara itzuliz.

Bailaratxotik beherako bidea.


Tartean bidetik desbideratu eta hegoaldeko hormari argazkiak egin genizkion hormaren leku ezberdinetan atzetik sartutako hiru sokada ezberdin kokatuz. Definitiboki bide hau asko errepikatu behar den klasiko bat izatera deitua dago!!!

Atxeritoren hego hormari azken begirada.


Atxeritoko aterpetik behera igoerako bidetik arin-arin jaitsi ginen, mendiari bizkarra emanez. Osora, Atxeritoko gailurretik La Mina aparkalekura bi ordu eta erdi inguru pasa genuen, argazkiak egiteko pasatako denbora ere zenbatuz.

Castillo de Acher, Ozako oihanaren errege.


La Munia aparkalekura iristen.


Aparkalekuan eskalada eder eta handi bat eginaren asetze aurpegiak nabariak ziren. Ondoko errekan ahal izan genuen moduan garbitu ondoren arropa garbia jantzi eta bazkaltzeko bidea hartu genuen, bederatzi orduren ondoen nabarmentzen hasitako sabeletako orroak isiltzeko asmotan.

Eta pioletarekin zer gertatu zen? Neskalatzaileen bidez pioletaren jabearekin harremanetan jarri eta, eskalada baten aitzakian, pioleta irailean jabearen eskueitara itzuliko da. Gora mendiaren balioak!!!! Jejejeje.

Erreskatatutak pioleta...


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Vallés de Ansó y Echo mapa. Editorial Alpina, 2018.
- Angulo M. Pirineoak, 1.000 igoera I, Hendaiatik Somportera, 219. Donostia. Elkar argitaletxea, 1999.
- Sendero Límite bloga. Mallo Acherito. Gran Diedro Sur. 2019/06/27. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2019/06/mallo-acherito-gran-diedro-sur.html
- Neskalatzaileak Elkartea bloga. Gran Diedro Sur al Atxerito (2.378 m). 400 m. D. 2019/07/09. Eskuragarri: http://neskalatzaileak.blogspot.com/2019/07/gran-diedro-sur-al-atxerito400m.html
- Ekaitz Maizen web orria. Iraultza Gorria 8b 200m. Nueva vía en el Atxerito (Pirineos). Eskuragarri: http://www.ekaitzmaiz.com/nueva-via-en-el-atxerito-iraultza-gorria-8b-200m/ 
- Christian Ravier-en web orria. Ni Dieu ni Maitre topo. Eskuragarri: http://www.christian-ravier.com/wa_files/pyr%20aspe%20ni%20dieu.jpg


2 iruzkin:

  1. Ederra, Smithy!

    Guretzako modukoa. Apuntatuta!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa Gortu!!!
      Ez zarete damutuko, bene-benetan merezi du eta!!!!

      Amesten jarraitu eta eman eurreeeeee!!!

      Ezabatu