AZKEN 10 SARRERAK

2019/07/04

PEÑARTEA, ELEFANTE HANDIA: "OHIKO BIDEA", 80 m, 6a/A0. 2019/06/23

Astelehena. Goizeko seiak eta erdi. Lan-aste berri baten atarian, oraindik lokartua, ohetik jaiki eta komunera baldar sartu bezain pronto, dutxaren iturria ireki eta ur epelaren lurruna bazterrak hartzen hasi da. Suspertuko nauenaren itxaropenarekin ur-txorroaren azpian sartu eta, begiak ixtearekin batera, beso, esku eta hanketan erresumina sentitzen hasi naiz. “Zaurietan mina sentitzen bada bizirik daudenaren seinale” izan zen erizaintza ikasketetan ikasitako gauzetako bat. Begiak ireki eta bizirik izatearen sentimendua oihukatzen duten gorputz-adarretako urratuei begira gelditu naiz, horma ezberdinetako metro ezberdinen lekuko biziak. Behatzetako azala biguntzen hasi denean, logurak barrenetik ateratako irribarre sakon bati lekukoa eman dio.

Bai, pasatako asteburua zoragarria izan zen. Larunbatean Riglos-ko Orratz Gorriako “Ohiko bidea” eta “Edil” bideak eta igandean Peñarteako “Elefante Handiaren” “Ohiko bidea” eskalatu genituen, azken hau kronika honetako protagonista.

Peñarteako aparkalekua, erdian "Sugandila", "Muskerra", "Elefante Handia", "Elefante txikia"...


Iazko uztailean, Goierriko euritik ihesi, batetik bestera horma lehor baten eskean ibili ondoren Peñartean amaitu genuen, ilun eta heze hasi zen egunari amaiera polita emanez. “Sugandila” eta “Muskerra” eskalatzeko aprobetxatu eta, “Elefante handia”, denborarik gabe, beste baterako utzi genuen. Ia urtebete itxaron behar izan dugu proiektu txiki honi amaiera emateko…

Gertuago...


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: 6a/A0. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (45 m), 2ºL: 6a/A0 (25 m) eta 3ºL: II (10 m). Zailtasun maila zorrotza da, lehen luzekoa batez ere, bertako IV+ beste eskolaren batean V ere izatera iritsi daitekeelako. Parabolten arteko tartea ere (A0 moduan eskalatu daiteken zati motzean ezik) ez da motza.
- Orientazioa: Ipar-ekialdea, goizetan eguzkia eta arratsaldetan itzala izango dugu.
- Ura: Tiebas herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik gora doan harrizko pista hartu eta “Plaka” sektorera doan bidea hartuko dugu. Sektore honetara iristean ezkerrera doan bidea jarraituko dugu, “Zilindro”, "Kobra" eta "Elefante txikiaren" azpitik pasa ondoren "Elefante handira" iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 15-20 minutu inguru pasako ditugu. Hurbilketaren azalpen zabala hemen irakurri dezakezue.
- Jaitsiera: Bigarren bilgunetik rappel batez “El éxito comienca en la voluntad” bidearen bilgunera iritsiko gara, bigarren rappel bat eginez lurrera itzuliz. Bigarren rappela muntatzen den bilgunea erosoa ez den arren sokak arazorik gabe jasotzeko lekurik aproposena izan daiteke, bilgunetik metro gutxi batzuk beherago sokak kateatu daitezken zuhaixka nabarmen bat dagoelako. Jaisteko beste modu bat Orraun mendira doan ohiko bidetik jaistea da. Honetarako gailurretik zuzen jarraitu eta hegoaldera joko dugu bidexka honekin bat eginez.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 14 express-zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak (gorriz, eskuinean).


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Euskadi Irratiko meza Santuan “Gure Aita” errezatzen ari ziren bitartean Asier jaso nuen: “..baina atera gaitzazu gaitzetik, Amen”. Bekatuak barkatuta, irratia itzali eta Asier kotxean sartzearekin batera herria atzean utzi genuen. Igandea epel esnatu zen, iragarritako bero-boladaren bezpera. “Gutxiñez itzaletan eskalauko deu” esan nion Asierri konfiantza osoz, “horma iparren dau ta”.

Hiru kotxe bakartiek okupatutako aparkalekuan trasteak jasotzen ari ginela, “liburue hartuko deu?” galdetu nion Asierri, soken azpian agertu zen “Escaladas de Navarra” liburua ikusi nuenean. “Nahizuna”, erantzun zidan, “motxilan lekue bauket”. Une batez eskuetan nuen liburuarekin zer egin ez nekiela, “bueno, hemen utzikoet, total bi largo besteik eztie” esatearekin batera kotxearen maletategian utzi nuen. Erabaki okerra, geroago ikusiko genuen bezala.

Ezpel artean maldan gora doan bidexkak eguna beroa zetorrela gogorazi eta, izerdi patsetan hasi aurretik, abiadura jaitsi genuen. Eguzkiak horma argitzen hasi zenean zerbait ongi kalkulatua ez nuela ikusi nuen. “Pareta hau ez al da ba nortea?” galdetu nion Asierri. “Zuk hala esan dezu” erantzun zidan. Google maps aplikazioa ireki eta, nire harridurarako, hormak ipar-ekialdeko orientazioa duela ikusi nuen. “Vaya por Dios” erantzun nion, “goizetio eguzkie izan behar deu”. “Txarenetio gutxiñez etxetik eguzkitako krema emanda nator, jejeje” bukatu nuen egoerari umore pixka bat eman nahian. Kotxean utzitako liburuan ere argi azaltzen da horma honetan hobe dela arratsaldetan eskalatzea baina...

Bidearen oinera iritsi ginenean “Elefante handiaren” tronpan irekitako bide ezberdinei begira gelditu ginen “Ohiko bidearen” lehen luzearen bila. Parez-pare elefantearen aurpegidun monolitoa genuen. Harkaitz-plaka zabal batek osatzen duen tronpa zabalaren alboetan, belarrien moduan, batera eta bestera bi sabai zabaltzen dira. Bertako eskalada bideek elefantearen “tronpa” jarraitzen dute, “Ohiko bideak” aldiz, tronpa osoa igo ondren ezker belarriaren ertzeatik jarraitzen du elefantearen burura arte.

OHARRA: irakurtzen jarraitu aurretik jakin beharra dago luzeak guk eskalatu genituen bezala eskalatzea ez dela gomendagarria, krokisean azaltzen diren moduan baizik. Nahastuta, lehenengo bilgunea krokisen azaltzen den kolore urdineko lehen bilgunean muntatu genuen. Hau horrela eginez gero, bidearen pasabiderik gogorrena begi bistatik galduko dugu, besteak beste.

- Lehengo luzea, 25 metro, IV+. Luzeak hormaren ezkerren dagoen parabolt ilara jarraitzen du. Luzearen lehen metroak harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz betetzen dira. Hormari irabazi nizkion lehen metroetatik bi gauzek atentzioa deitu zidaten: batetik harkaitza leun xamarra egotea eta bestetik parabolten arteko tarte “eskuzabala”.

Lehen metroetan...


Zailtasun handirik gabeko lehen tarte honen ondoren (IV) luzeak hautsi itsurako diedro/arrail bertikal bat eskalatuz jarraitzen du (IV+). Nire harridurarako parabolten arteko tarte “eskuzabala” mantentzen zela ikusi nuen. Arrailean ezker oina sartuz metroak pixkanaka irabazten nituen, zuhurtziaz, heldulekuei eutsi aurretik ongi ziurtatuz, diedroan zehar pasabide fin bat baino gehiago baitago.

Tarteka herdoildutako iltze zaharren bat ikusten den diedro honen amaierara iristear nengoela, buruaren gaineko sabaian kate eta eraisteko mosketoidun bilgune bat ikusi nuen. Bertara iristeko diedrotik eskuinera atera eta eskuineko harkaitz-plakan zehar zeharkalditxo motza egin behar da sabaiaren oineko arrail estuaren bila. Arrailera iritsi nintzenean bilgunera zuzendu eta bertatik zintzilikatu nintzen.

Lehen bilgunea muntatu genuen bilgunea.


“Lehenengo reunioa hau da?” galdetu nion Asierri. “Esango nuke eskubira trabesi bat egin behar dela” erantzun zidan. Eskuinera begiratu eta 6 metro eskasera bigarren bilgune bat ikusi nuen. “Bai, esatezun reunioa hortxe dau baña esango nuke hau baño inkomodoago dela” bota nion, “total 5-6 metrogatik hemen montaukoet!!” bukatu nuen sokak jasotzen hastearekin batera.

Asier prestaketa lanetan.


Lehen bilgunean, gero konturatuko ginen bilgune hau oker muntatu genuela.


Asier iritsi zenerako bilgunearen egokitasunaren zalantza handiak genituen. “Eztakit ba reunioa hemen ondo jarri deun” esan zidan, “interneten beittuet baña eztet krokisik topau”. “Nire dudatan nau” erantzun nion soberako express-zintak ematearekin batera. Bigarrenez kotxean utzitako liburua gogora etorri zitzaidan: “liburue hartu izan banu…” pentsatu nuen.

Bilgunera iristen, diedrotik eskuinera (argazkian ezkerrera) egin behar den zehalkalditxoaren aurretik.


- Bigarren luzea, 45 metro, 6a/A0. Luzearen lehen metroak zailak baino ikusgarriak dira. Sabaiaren oineko arrail estu eta inklinatuaren laguntzaz, amildegiaren gainetik Asierrek metroak pixkanaka irabazi zituen 6 metroetara dagoen bilgunera iritsiz (III+).

Bigarren bilgunearen parean. Oraindik ez nekien baina hau izango zen luze honetan Asierri egingo nion azken argazkia.


Bigarren bilgunetik gorako arrail inklinatua tentetzen doa hormatxo bertikal bihurtu arte (IV+). Bertako helduleku onak ezker esku eta oinarekin aprobetxatzen zituen bitartean, eskuin alderako joerarekin eskalatuz jarraitu zuen hormaren eskuinean dagoen“ezproi” itsurakora zuzenduz. Bertara iritsi zenean berriro ere ezkerrera jo eta lur eta belarrez estalitako arrail zikin bat eskalatu zuen zuhaixka nabarmen baten ezkerrera iritsiz.

“Hemen bi argollakin reunio bat dau” oihukatu zidan. “Oaindio materialik bazu?” galdetu nion. “Bai” erantzun zidan. “Bigarren luzekin goraño iristeala irakurrita dauket” erantzun nion. “Oso ondo” erantzun zidan. Hizketan ari ginela haizea bizitu eta Asier tarteka bakarrik entzuten nuen. Une hartatik aurrera ez nuen gehiago entzun eta ikusiko muntatuko zuen bilgunean berriro topatu arte.

Soka segurtagailutik poliki-poliki pasatuz zihoan, Asierrek metroak zentimetroka irabazten ariko balitz bezala. Bat-batean soka gelditu eta noizik eta behin soka poliki jasotzen zuela sentitu nuen. “Reuniora iritsiko zen?” pentsatu nuen. Horretan ari nintzela haizeak atseden motz bat eman eta Asierren hasperenak iritsi zitzaizkidan.

6a pasabidean zegoen, inongo zalantzarik gabe. Minutuetako unearen ondoren soka arinago jasotzen hasi zen. Eskuin oinean bildutako soka gutxituz zihoan bilgunera iritsi gabe: “Etzen oaindio reunioa iritsiko?” pentsatu nuen. Asier gailurrera iritsi eta ensanble moduan eskalatzen hasiko ez ote nintzen kezkatzen hasita nengoenean haizeak “Reunionnnnn!!!!” oihua ekarri zidan.

Bigarren bilgunetik zintzilik. Argazkia hirugarren luzearen lehen metroak eskalatu ondoren egina dago.


Belar eta lurrez estalitako arraila eskalatu eta uztaidun bi paraboltez muntatutako bilgunera iritsi nintzenean, “etzen ba hau lehenengo reunioa izango?” pentsatu nuen. Gerora ikusiko genuen hala zela.

Bilgune honetatik gora harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu behar da, gaineko sabaiak (elefantearen belarriak) osatzen duen diedroaren laguntzarekin zailtasun handirik gabe eskalatu nuena (IV). Honen ondoren bidearen pasabiderik gogorrenaren oinean nengoen, sabaiaren eskuineko horma bertikala, hain zuzen ere. Gora begiratu eta hormaren amaieran bi express-zinta bata bestetik gertu ikusi nituen: “pasoa han eongo da” pentsatu nuen.

Asierri pasabidera iritsita nengoela oihu egin ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Hormak, 6-8 metro ingurukoa, bertikala izanda ere lehen metroetan helduleku onak ditu, urak eta eskalatzaileen joan etorriek leunduak, baina onak. Metroak estutasun handirik gabe irabazteak konfiantza handia eman zidan, gertu dauden bi paraboltetatik lehenengora iritsi nintzenean pasabidea erraz eskalatuko nuela pentsatzeraino. Orduan, oinentzako heldulekuak bistatik galdu eta besoetatik tiraka hasi nintzen, ikusten ez nuen helduleku baten bila. Besaurretan azido laktikoa pilatzen zihoan abiadura berean konfiantza ihes egiten hasi zen. Eskura nuen express-zintari zeharka begiratuz, “Eztizut heldu behar!!!” bota nion arnasestuka.

Une baten ondoren gihar eta garunaren arteko borroka denbora luzean mantentzeko kapaz izango ez nintzela banekien. Irtenbide bat aurkitu beharra nuen baina ez nuen irtenbiderik ikusten. Besoetako mina handitu eta buruak beharbada A0 moduan eskalatzeko indarrik izango ez nuela esan zidanean, amore eman eta express-zintari eutsi nion: “Kaka zarraaaaa!!!!” kexatu nintzen.

Nire buruarekin amorratuta, besoekin egindako indarrari utzi gabe, goragoko express-zinta pareari ere eutsiz 6a pasabidea A0 moduan igo nuen.

Lehen rappeleko argazki honetan 6a pasabideko horma bertikala ikusi daiteke.


Pasabidearen irteera fina iruditu zitzaidan, bertan pasatako estutasunak kontutan izanda. Hemendik gora, ezkerrerako joeran, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu (IV) eta gainetik nuen diedro/arrail inklinatura zuzendu nintzen. Zailtasunaren aldetik diedroa ez da zaila (IV+) baina honek ere goiko zatian pasabide fin bat du, bertatik ateratzeko diedroa utzi eta eskuineko harkaitz-plakara pasatu behar baita.

Azkeneko harkaitz-plaka hau eskalatuz konturatu nintzen Asier express-zintarik gabe gelditu zela. Pare bat parabolt express-zintarik gabe zeuden eta laugarren batetik (goiko pasabide fina babesten duena) segurtasun mosketoi bat jarria zuen. “Expressik gabe gelditu naiz” esan zidan bilgunera iritsi nintzenean. “A ze meritue azkeneko plaka hoi ia seguruik jarri gabe eskalatzea” erantzun nion, “dena den, liburun hamahiru behar diela esan eta hamalau ekarrittugu” erantzun nion. Orduan lehen bilgunea leku okerrean muntatu genuela ohartu ginen. “Interneten ikusitako argazkitan 6a pasoko argazkik azpitio aterata azaltzeie” esan zidan Asierrek. “Arrazoizu” erantzun nion, “lehenengo reunioa kristoetxen montau deu”. “Bueno, gutxiñez 6a-ko pasoa enkadenau det” esan zidan honek hanka sartzea arindu izan balio bezala. "Onaaaaa!!!".

- Hirugarren luzea, 10 metro, II. “Hanka sartzea” egina zegoen, orain bidea bukatzea bakarrik falta zitzaigun. Bilgunetik atera eta gainetik dagoen 10 metro inguruko harkaitz-plaka eskalatuz (II), inongo zailtasunik gabe, lurrean kokatutako katedun bilgunera iritsi nintzen.

Hirugarren, eta azken, bilgunea.


Bidearen amaieran, argazkian atera nahi zuen protagonistarekin, jejeje.


Bidea amaitzen.


Bidea amaituta, sokak askatu eta elefantearen buruaren gainera igo ginen. Gailurrean ez genuen denbora luzerik egin, atzetik hiruko sokada bat zetorrelako. Argazki pare bat azkar-azkar egin eta bigarren bilgunera jaitsi ginen bertatik lehen rappel-a muntatzeko.

Elefantearen buruaren gainean.


Bi rappel egin genituen: lehenengoarekin “El éxito comienca en la voluntad” bidearen bilgunera iritsi ginen. Ez da bilgune erosoa baina honen azpian dagoen zuhaixkaren inguruan sokak ez trabatzeko bilgune egokiena izan zitekeela pentsatu genuen, ahalik eta gehiago sokak batera eta bestera mugitzen zituen haizea kontutan izanda.

Lehenengo rappela egiten.


Rappel berean.


Bigarren rappel motz batekin lurrera itzuli ginen. Traste guztiak jaso eta beso eta behatzeko urratuei begira geldituz: “eztakit behin nori irakurri nion eskutatik odolik bota ez badezu eskalatu ez dezunaren señale dela, jejeje” bota nion Asierri. Urratuei begirada kendu gabe, elefantea atzean utzita, beherako bidea hartu genuen.

Kotxera itzuli ginenean maletategia ireki eta "Escaladas de Navarra" liburuari begira gelditu nintzen: "hurrengoako ikasikoet!!!" pentsatu nuen gainean sokak jartzen nizkion bitartean...

Elefanteari egindako azken argazkia.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velázquez C. Escaladas de Navarra, guía completa, 146-147. Bilbo. Sua edizioak, 2009.
- Bergidak bloga. Elefante bidea (90 m; VIa) Peñartea. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2018/05/21/elefante-bidea-90m-via-penartea/
- Montañas de Camille bloga. Normal al Elefante de Peñartea (90 m, .a/A0). Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2018/05/normal-al-elefante-de-penartea-90m-6aa0.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina