AZKEN 10 SARRERAK

2019/12/30

BERIAIN (1.493 m), AKERREGIKO PAXAREN OHIKO (EKIALDEKO) IRTEERATIK, II+. 2019/12/28

Perfekzionista hutsa naiz. Eta egoskorkeriarekin batera, hauek dira ditudan akatsik handienetakoak. Akerregiko paxaren mendebaldeko irteeraren kronikan paxa honetako irteeren trilogia amaitutzat ematen nuela idatzi arren, ohiko irteeraren kronikarik idatzi gabe nuen, nahiz eta Irteera zuzena eskalatu nuenean, ohiko irteerari erreferentzia egin. Irteera honek kronika propioa izan beharra zuen, beste irteeren parekoa. Eta nire burua nolakoa den jakinda, banekien kronika idatzi arte ez nuela amore emango: "lehen aukera detenen bertara jun ta ohiko irteera igokoet".

Lehen aukera hau pasa den abenduaren 28an iritsi zen. Onartu beharra daukat irteera hau egun hartako bigarren aukera izan zela, asmoa Akerregiko Hamabietako bargaren irteera zuzena eskalatzea baitzen. Zer gertatu zen "B" plana "A" plana bihurtzeko? Kronikan irakurriko duzue...

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanun hasten da. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz Iturtxiki iturrira iritsiko gara. Iturritik gora, Beriaingo ohiko bidea utzi eta Lezizagoako bidea jarraituko dugu egurrezko langa bat atzean utzi ondoren pagadian sartu eta Gaandurdi bidea hartzeko. Bide hau jarraituta, Lurgorri harritza nabarmena ezkerrean utzi ondoren, Gaandurdiko pokala deituriko harritzara iritsiko gara.

Harritza zuzen igoko dugu, zatirik erosoenak bilatuz. Hala ere, komeni da harritzaren eskuinetik (belarra eta pagoak dauden lekutik) igotzen jarraitzea, erosoagoa baita. Akerregiko paxara iristea zailtasun handirik ez dauka eta, azken metroetan eskuak, igotzeko baino oreka mantentzeko erabiliko ditugu.

Akerregiko paxa alderik alde zeharkatuko dugu. Paxaren amaieran II+ zailtasuneko hormatxo bat eskalatuko dugu, paxa txikiago batera iritsiz (hormatxo honetan metalezko haga batetik zintzilikatutako zinta bat dago). Pasa txiki honetan hiru aukera ditugu: zuzen eskalatzen jarraitu (III- zailtasuneko hormatxoa), eskuinera (ekialdera) jo edo mendebaldera hartu. Kasu honetan bigarren aukera hartu nuen.

Ekialdeko irteera hiruetatik errazena da eta zailtasunik ez dauka. Paxa alderik alde oinez jarraitzea besterik ez da. Hala ere, bustia badago kontuz ibili beharko dugu, azken metroetan ageriko zeharkaldi bat egiten da eta. Paxa estu hau jarraituz zailtasunik gabe Beriaingo lautadara irtengo gara. Behin lautadan, Beriainera Lizarragako mendatetik datorren ohiko bidetik gailurrera iristea besterik ez dugu.

Jaitsiera, oraingoan Eguterako bidetik egingo dugu. Bide honen inguruko informazio zehatza kronika honetan irakurri dezakezue.

Iogeran jarraitutako bidea.


Jaitsierako bidea.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 11 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: II zailtasuneko hormatxo bat. Irteerako paxa erraza izan arren, bustia badago kontuz ibili beharko dugu, azken metroetan ageriko pasabide bat dauka eta.
- Ura: Unanun eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Eguterako bidetik ordubete pasatxoan (arin ibilita) Unanura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Paxaren inguruan eta gainetik ardi eta putre asko ibili eta noizik eta behin harriak botatzen dituztenez, kaskoa eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Anaiak kranpoi eta pioletak ikusi zituenean arraro begiratu ninduen.

- Etzea hola puntara ateako, ez? Jendek burutio jota zarela pentsaukou.
- No jodas, irteeratik atera bezain pronto dena motxilan gordekoet.

Bi egunetako izotzaren ondoren, Akerregiko Hamabietako bargako irteera zuzena gogortuta egongo zela uste nuen, piolet eta kranpoiekin eskalatzeko modukoa. Hau gutxi ez bada, kotxearen termometroak Unanura iritsi aurretik -4Cº adierazten zuela ikusteak izugarri poztu ninduen: "gaur da egune!!!".

Unanura iritsi aurreko berri ona.


Motxilan neraman ia arropa guztia jantzita Unanu utzi nuen herritik gora doan pistan kontu handiarekin metroak irabaziz, hotzaren eraginez irristakorra zegoen eta.

Eguraldiak ordea, ezusteko bat gordeta zuen: inbertsio termikoa. Iturtxiki iturriaren inguruko zelaiak ez zeuden izotzagatik zurituak eta, hemendik gora, nahiz eta motel igo, pixkanaka arropa eranzten joan nintzen.

Iturtxiki iturriaren gainetik egindako argazki honetan izotza haranan bakarrik zegoela ikusi daiteke.


Gaandurdiko pokala harritzaren oinera iritsi nintzenerako polarraren azpitik manga motzetako kamiseta besterik ez nuen.

Gaandurdiko pokala azpitik ikusita.


Harritzan gora metroak irabazten nituen heinean giroa epelduz zihoan eta Akerregiko Hamabietako bargako irteera zuzena beste baterako utzi beharko nuenaren susmoa handituz joan zen. Eskuinean (igoerako noranzkoan) mantenduz, harritzaren amaierara uste baino erraz eta azkarrago iritsi nintzen.

Gaandurdiko pokalaren gainetik egindako argazkia.


Azkeneko metro batzuk erdi oinez igo ondoren Akerregiko paxara iritsi nintzen.

Gaandurdiko pokala eta Akerregiko paxa bat egiten duten lekutik atzera egindako argazkia.


"Zer egin? Gora jarraitu edo beste egun baterako utzi?" ziren buruan nituen galdera eta zalantzak. Akerregiko Hamabietako bargara hurbildu eta lurra biguna zegoela ikusi nuenean zalantza guztiak uxatu ziren.

Irteera zuzen honi egiten diodan bigarren saiakera da eta bietan mendiak ez dizkit sentsazio onak bidali. Hirugarren saiakera elurrarekin egin beharko dudala argi gelditu zitzaidan, orduan lurra izoztua egongo denaren itxaropena baitut. Ea hurrengoan mendiak bidalitako sentsazioak onak diren...

Akerregiko Hamabietako bargako bidea. Goian, monolito nabarmenaren itzalpean, irteera zuzena ikusi daiteke.


Irteera zuzena baztertuta, Akerregiko paxan zehar ibiltzen hasi nintzen, honen ohiko irteeraren bila.

Paxaren lehen metroetan, lekua zirraragarria da.


Pioletak motxilaren barruan batak bestearekin jotzearen ondorioz sortutako "klin-klin-klin" hotsa zen entzuten nuen hots bakarra. Paxan zehar poliki nindoan, parean nuen eguzkiaz gozatuz. Bat-batean, muino baten ertzean, oraindik haranera jaitsi gabeko hiru ardi azaldu ziren. Harritu ninduen oraindik ardiak hain goien ibiltzea, negua berandu datorrenaren seinale. Beraien artean kontu handiarekin pasa eta bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen.

Ardiak amildegiaren gainean.


Ardiak atzean utzi ondoren, Beriaingo hego-horma dominatzen duen harkaitz handi batetik putre talde bat hegan ihes atera zen. Norengatik ihes? Nork daki, baina zuzentzen zizkidaten begiradek nigatik izan zela salatzen zuten. Animaliek gizakiari hartu dioten beldurra ikaragarria da. Askotan, beste mendizale batzuek lurrera botatako plastiko eta bilgarriak biltzen ditudanean batez ere, bizitzeko egokitu zaigun mundua merezi dugun pentsatzen dut.

Akerregi paxa bere osotasunean.


Nire pentsamenduetan murgilduta, konturatu nintzenerako paxaren irteerara iritsi nintzen. Haga batetik zintzilik dagoen zintak babesten duen hormatxoaren azpian gelditu, arnasa sakon hartu eta, bitan pentsatu gabe, hormatxoa eskalatu nuen.

Hormatxoaren irteeratik dauden hiru aukerak: irteera zuzena, mendebaldekoa eta ohikoa edo ekialdekoa.


Hormatxoaren gainetik egindako argazki honetan bertan dagoen haga ikusi daiteke. Haga honetatik zinta zahar bat zintzilik dago.


Hormatxoa eskalatuta, oraingoan eskuinera (ekialdera) zuzendu nintzen.

Atzera begirada, argazkian irteera zuzena (gorriz) eta mendebaldekoa (urdinez) ikusi daitezke.


Aurretik dagoen bidea. Paxa, atzean ikusten den muinara arte jarraitu behar da.


Ertz moduko batetik aurrera paxak sakonune bat osatzen du. Lehen metroetan, mendiak okertutako metalezko zutoin batzuen artetik pasatuz, ibilbide osoko pasabiderik agerikoena dago. Pasabideak zailtasunik ez dauka, baina bertan irrist ez egitea komeni da (kontuz bustita badago), erorketa hainbat metroetakoa izan daiteke eta. Sakonunea zeharkatuz mugarri bat dagoen muinora iritsi nintzen.

Sakonuneko zeharkaldia (argazkiaren azpian zutoinetako bat ikusi daiteke) eta honen ondorengo mugarritik gora jarraitzen den bidea.


Mugarrira iristen...


Mugarritik atzera egindako argazki honetan sakonunearen zeharkaldia ikusi daiteke. Puntuen amaieratik atzera ikusten den paxa, Akerregiko paxaren mendebaldeko irteerak jarraitzen duena da.


Mugarrian kaskoa motxilan gorde eta oinez, inongo zailtasunik gabe, Beriaingo lautadara atera nintzen.

Mugarria eta lautada arteko tarte erraza.


Lautadan Uharte Arakiletik zetorren ipar-haizeak gogor jotzen hasi zuen. Metroak irabazten nituen heinean polarra goraino lotu eta, ez hozteko, pausua zertxobait arindu nuen. Egun osoan ikusi nituen lehenenengo pertsonak mendiko bizikletan zihoazen bi txirrindulari izan ziren. Akerregiko paxatik igotzeak duen xarmetako bat, ibilbidearen edertasunaz gain, bakardadea da. Baselizara iritsi bezain pronto, gailurreraino igo eta, gelditu gabe, beherako bidea hartu nuen, Unanutik zetorren mendizale ilara luzetik ihesi.

Beriaingo gailur eta postontzia.


Jaitsiera lasai hartu nuen, eskalatzen ariko banintz moduan, oina bakoitza lurrean jarri aurretik helduleku on bat topatuz. Eguraldi onagatik, Unanutik igotzen zen mendizale kopurua handia zen, zer gutxi honelako mendi batean. Honegatik Eguterako bidetik jaistea erabaki nuen, jaitsieran galdutako bakardadea berriro ere topatuko nuenaren itxaropenez.

Itzalpean izotza oraindik ere. Dorraoko tximiniak jo eta su.


Zoriontsu nindoan, helburu zehatz bat bete duen pertsona batek sentitutako sentsazioa zoriontasun bezala definitu badaiteke. Orain bai, Akerregiko paxaren trilogia itxia nuela esan nezaken, eta horrek zoriontsu senti arazten ninduen. Buelta hartu eta Beriaini azken begirada bota nion.

Zenbat proiektu, zenbat amets, 2020an beteko dira? Nork daki...


Azken hilabeteetan Beriainen bizitako abenturak ederrak izan dira. 2020ean gehiago etorriko dira? Proiektuen faltagatik gutxienez ez da izango, jejeje.

Urteberri on guztioi!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA

- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina