AZKEN 10 SARRERAK

2020/07/05

LENGOKOAITZ EDO AIZLUZE (1.203 m), OHIKO BIDETIK: 20 m, IV+. 2020/06/27

Lengokoaitz edo Artzanegi mendiaren gailurrean. Leku bakarti eta magikoa pagoen artean....


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Ekainaren 21an, Irauleko orratza eskalatzearen zirrara oraindik pasa gabe, eskaladako trasteak jasotzen ari ginela, Jon, Joseba eta Mirenek Urbiatik gertu dagoen orratz baten berri eman ziguten: Lengokoaitz. Basoan erdi ezkutuan dagoen orratz bertikal bat, eskalatzen bakarrik igo daitekeena, paraboltez ekipatua eta V zailtasun mailaren inguruan. Osagai hauekin nolatan ez zen Asier, Leku eta hiruon jakin-mina piztuko?.

Orratz misteriotsu honi buruzko informazioa sarean bilatzen hasi eta Mendikat web orrian jasotakoa besterik ez zegoela ikusi nuen, arrazoi bat gehiago orratz honi bisita egiteko.

Mendikat-en arabera, 1964 urteko abuztuan Hernaniko Lengokoak Elkarteak bertan postontzi distiratsu bat jarri zuen, hortik omen dator Lengokoaitz izena, Aizluze bezala ezaguna izan bada ere. Azalpen honekin batera eskaladaren nondik norakoak ere irakurri daitezke, argazki mordoarekin apaindua.

Baina sareaz aparte ere bada orratz honi buruzko informaziorik: "Euskal Herria Trad" blogeko administratzailea den Auxkin Galarragak aditzera eman zidanez, "Jesús Mari Rodriguez-en "Ascensiones y escaladas en Guipúzcoa" (1979) eskalada gidan orratz honen inguruko informazioa jasota dago. Bi bide aipatzen dira, kronika honetan azaldutakoa eta rappel egiten den hego hormatik gora doan beste bide bat A1-eko pausu batekin. Gidan jasotakoaren arabera badirudi garai batzuetan asko eskalatu zela orratz honetan". Milesker Auxkin pasatako informazioagatik!!! Zuk diozun moduan, "gida zaharretan altxor zenbait jasotzen dira baina liburu zaharretan ageri denak ez du internetek duen indarra jendea erakartzerakoan. Jaso dugun legatua ez dezagun galdu gutxienez...". Liburu honen inguruko datuak "kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean daude.

Mota honetako mendi eta orratzak aurkitu eta igotzeak izugarri motibatzen nau. Mendi eta harkaitz bakartiak izaten dira, denboraren eraginez ahaztuak gelditu direnak. Metro eskas batzuk eskalatzeko motxila astunekin ibilaldi luzeak egiteko grina izan daiteke mendizale eta eskalatzailea ezberdindu dezaken gauzetako bat, horregatik, besteen artean, nire burua ez dut eskalatzailetzat ikusten. Mendi eta orratz bakarti hauek eskalatzaileen begiradatik kanpo gelditzen ohi dira.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu baina badirudi lehen igoerak 60garren hamarkadan izan omen direla.
- Zailtasuna: IV+. Luzea lau parabolt eta iltze batez ekipatua dago.
- Orientazioa: Iparraldea.
- Ura: Urbiakoturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Sandratitik Urbiara doan GR-121 bidea jarraituta, Perusaroi aterpeta eskuinean utziko dugu. Ollantzuko txaboletara iritsi aurretik, pagadia amaitzen den lekuan, honen ertzetik gertu mantenduz hego-mendebaldeko noranzkoan jarraituko dugu lepo belartsu batera iristeko. Lepoaren bestaldean pagadien artean Lengokoaitz berehala ikusiko dugu.
- Jaitsiera: Gehienez 15 metro izango dituen rappel bat eginez.
- Eramandako materiala: 5 express-zintekin nahikoa izango dugu. Bilgunea muntatzeko zinta luze bat eramatea gomendagarria izan daiteke, bertan jarritako uztaidun iltzea oso fidagarria ez delako.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 10 minutu eskas.

Lengokoaitz mendira iristeko jarraitu beharreko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Lengokoaitz orratzera igotzeko krokis zehatza. Borobilak parabolten kokalekuak eta "X"-a iltzearen kokalekua adierazten dute. Borobil baten barruan dagoen "X"-a bilgunean dagoen uztaidun iltzea da. Borobil urdina postontziaren azpian rappel egiteko jarrita dagoen uztaidun parabolta da.


DESKRIBAPENA

Miren, Jon eta Josebakin izandako solasaldiak gosea piztu eta orratz honi bisita egiteko ez genuen hitzordua asko luzatu behar izan. Aste bete eskasera, larunbatean bertan, goizean goiz Asier jaso nuen, Otzaurtetik gora igo eta Aldaolaren gainean dagoen aparkalekuan kotxea uzteko. GPS-a zeruan noraezean jirabiraka dabiltzan sateliteetara lotu zenean, goizeko zortziak eta hogeian martxan jarri ginen.

Aparkalekua uzten.


Ibilbidea lasai hartu genuen, presarik gabe, pagadiaren freskotasuna eta lurra estalitako hostoen artetik iristen zitzaigun onddo usainari ahalik eta zukurik handiena ateraz.

Sandratitik Urbiara doan GR-121 bideak galtzeko arriskurik ez dauka. Udan bide gozoa da, ia bere osotasunean pagoen itzalpean ibiltzeko aukera ematen duelako, eguzkiaren errukirik gabeko izpi erretzaileetatik babestuz.

Sandaratitik gora doan galtzada uzten den lekuan.


Gure solasaldia Irauleko orratzaren eskaladak egun eskas batzuetan izan zuen oihartzun mediatikoak eraman zuen. Sare sozial eta whatsapp ezberdinetan orratzaren argazkiak batetik bestera zabaltzeaz gain, Euskadi Irratiak eta Euskal Telebistak, azkeneko honek albistegietan, eskalada honi tarte bat eskeini zioten (bideoa ikusteko hemen klik egin dezakezue). Eskalada honek izan duen oihartzunak lehen egunetan zur eta lur utzi ninduen arren, orain kezkatuta ninduela onartu nion Asierri:

- Eztakit ba oain orratza masifikatzen hasiko ez ote den - esan nion - ta istripuk ez ote dien izango...
- Guk gutxiñez han inbeharrekoa in genun. Ta istripuk eotek eztau gure esku...- erantzun zidan sorbaldak jasoz.

Asierrek arrazoi zuen eta nondik nindoan bazekien, iazko urtearen amaieran Beriaingo hego-horman izandako istripuen ondoren buruhauste handiak izan nituelako. Blogetik Beriaingo hego-hormako kronika guztiak ezabatzeko zorian izan nintzen, istripu hauetan nolabaiteko ardura nuela sentitzera iritsi nintzelako. Asierri arrazoia emanez, solasaldia beste gai batzuk hartu zuten.

Pagarreta II monolitoaren ondotik pasatzen.


Ibilbideak zeharkatzen duen pagadiaren amaierara iristear geundela, eskuinean Peruaitz eta Perusaroi aterpea utzi genituen. 200 metro inguru aurrerago, pagatik atera ginenean, parean Ollantzuko bordak azaldu ziren.

Peruaitz eta honen eskuinean, pagoaren ondoan, Perusaroi aterpea.


Pagadiaren amaiera arte jarraitutako bidea. Argazkiaren erdian Zumarraunditik (Petrolerak) Urbiara doan pistaren zati bat ikusi daiteke. Argazkiaren eskuinean, Peruaitz.


Pagadiaren itzaletik eguzkiaren argitasunera irten ginenean, GR ibilbidea utzi, ezkerrera bota eta, bidetik kanpo, pagadiaren ertzetik gertu mantenduz, goizeko ihintzak hezetutako zelaian gora hasi ginen, eskuinean Zabalaitzeko ipar horma ikusgarria zelatari genuela.

Zabalaitz mendiaren ipar horma ikusgarria. Bertan eskalada debekatua dago.


Pagadiaren ertza erreferentzi bezala hartuz, hego-mendebaldeko noranzkoan jarraitu genuen, gure atzean Ollantzuko txabolak geldituz. Noizik eta behin GPSra begiratzen nion, pantaila txikian pixkanaka hurbiltzen ari zen izenik gabeko mendia zein izango zen jakin nahian.

Ollantzuko txabolak, Urbiatik gertu izaten garenaren seinale.


4 X 4 ibilgailuen gurpilek zelaian utzitako orbain nabarmen bat atzean utzi ondoren, malda malgutzen hastearekin batera, pagadiaren erdian Petrinaitz edo Artzanegi mendiko postontzia osatzen duten perretxiko bereziak azaldu ziren.

Petrinaitzeko postontiza begi bistan. 


- 09:55, Petrinaitz edo Artzanegi, 1.217 metro. Telefonoa poltsikotik atera eta ordua begiratu nuen:

- Orduterdi pasatxo ibiltzen hasi geanetio - esan nion Asierri - denbora gehio pasako genula uste nun.

Artzanegiko postontzi berezia.


Arraroa da egun pagadien erdian mendi-gailurrak topatzea. Postontziari argazki pare bat egin ondoren begirada GPSaren pantailara zuzendu nuen:

- Esango nuke Lengokoaitz hemen goien ikustean hau dela – esan nion Asierri pantailak ipar-ekialdean erakusten zuen gailurra seinalatuz - honen arabera bertan dau, 150 metro ingurua edo...

Denbora luzea pasa gabe, Artzanegi menditik ipar-ekialdeko noranzkoa hartu genuen berriro ere pago artean ezkutatuz.

Petrinaitz mendian behera.


Maldan behera metro batzuk egin ondoren, GR ibilbide batera iristearekin batera, pagadiaren argigune zabal batean hagin itsurako harkaitz-puska azaldu zen.

- Hor dau!!! – esan zidan aurretik zihoan Asierrek.

Pagoen arteko argigunean zehar sakabanatutako harkaitz, garo eta elorrien gainetik, Lengokoaitz nabarmentzen zen. Inguratzen duen paisaiarekin antzekotasunik ez duen harkaitz-puska da, eta badirudi izaki erraldoiren batek jarri duela edo zerutik eroria dela. Ausartuko nintzateke esatera bere itxura bereziagatik euskal mitologiaren pertsonairen batekin erlazioa izan duela edo artzainen istorio edo kondairen gune izan dela.

"... pagadiak sortzen duen argigune batean hagin itsurako harkaitz-puska azaldu zen".


Goizeko hamarrak ziren eta kotxetik atera ginenetik ordu bete eta berrogei minutu besterik ez ziren igaro. Garo eta harkaitzen artetik pasatuz, begi bistan nuen tximinia nabarmenera zuzendu nintzen:

- Hara, hemen dare paraboltak!! - Oihukatu nion Asierri motxila lurrean utzi eta paraboltak seinalatuz. - Bidea hortio dijo.

"Bidea hortio dijo..." esan nion paraboltak seinalatuz.


Asierrek ura edaten zuen bitartean, materialaren bila motxila ireki nuen. Materiala ateratzen ari nintzela, arnesaren azpian, atera nahiko ez balute bezala, katu-oinak ikusi nituen. Katu-oinak eskuetan hartu eta hormari begiratu ondoren, "zapatillekin saiau behar naiz..." esan nion Asierri.

- Probau ea zemuz, ta zaille badau katukin saiauko zea... - erantzun zidan arnesa janzten zuen bitartean.

Katu-oinak berriro ere motxilara itzuli eta sokak arnesera lotu ondoren hormara hurbildu nintzen:

- Ea zemuzkoaen... - bota nion eskalatzen hasi aurretik.

Luzea arrail bat duen diedro/tximini bertikal bat eskalatuz hasten da. Lehen parabolta altu dago, 3-4 metro ingurura. Babesgarri baino izan zitekeen efektu psikologikoagatik, lehen paraboltaren azpian dagoen arrail horizontal batean friend bat trabatu eta bertatik soka pasa nuen:

- Eroitzen banaiz eztit ezer ingo, baña gutxiñez hor eotek lasaitasune emateit...
- Lasai, paraboltera iristezeanen kendukoet.

Behatzak arrail bertikalean sartuz, gorputza altxatu eta ezker oina ezker horman altu dagoen zulo nabarmen batean sartu nuen, lehen paraboltetik express-zinta pasatuz. Tximiniako arrailak helduleku onak dituen arren, ipar-horma izateagatik, harria hezetasunaren eraginez zertxobait labainduta dagoela iruditu zitzaidan. Oinentzat leku onak bilatuz, gorputza metro bat gehiago altxatu eta bigarren paraboltetik bigarren express-zinta pasa nuen:

- Oiangoz ondo dijo... - bota nion Asierri.

Tximiniaren zailtasunik handiena bigarren paraboltetik gora dagoela esango nuke. Eskalatzen jarraitu aurretik ahots ezezagun batek atzera begiratzea behartu ninduen:

- ¿Os puedo sacar una foto? He pasado por aquí varias veces y nunca he visto a nadie intentando subir a esa peña...
- Sin problema - erantzun zion Asierrek.

Eskaladan zehar izango genituen ikusle eta argazkilari ezberdinen artean lehena hau izan zen. GR ibilbide batetik gertu eskalatzearen prezioa dudarik gabe.

Arreta mendizale ezezagunetik tximiniara berriro ere eramanez, ezker oina arrailean ahal izan nuen hobekien trabatu eta eskuin oinarentzat helduleku bat topatu ondoren, ezker oin eta besoarekin gorputza altxatu eta, eskuin oinarekin oreka mantentzen nuen bitartean, besoa ia erabat luzatuz, eskuin eskuarekin goiko erlaitz horizontalak eskeintzen duen helduleku ederrera iritsi nintzen. Bertatik indarra eginez, tximinia eskalatzen hasi aurretik uste nuena baino errazago eskalatu nuen (IV).

Tximinia eskalatu ondoren.


Tximiniaren gaineko erlaitzetik egindako argazkia.


Tximiniaren gainean harri-hobi itxurako erlaitz belartsu eta zabala dago. Erlaitza alderik-alde zeharkatu eta eskaladaren bigarren zatira iritsi nintzen: sabai baten azpian, sabel itxura duen harkaitz-plakaren zeharkaldia. 

Zeharkaldia hasteko prest.


Ezkerretik eskuinera egiten den zeharkaldi hau ere bi paraboltez babestua dago. Eskuentzat heldulekuak dituen arren, oinak jartzeko heldulekuak oso txikiak dira. Bigarren paraboltera iritsitakoan eskuin hanka erabat zabaldu behar da oina begi bistatik kanpo gelditzen den helduleku eder baten gainean jartzeko. Hau egiten bada, zeharkaldia gaindituta dago (IV+). Zeharkaldia gaindituta, metro pare bat eskuinerago dagoen iltzera iritsi nintzen bertatik luzearen azken express-zinta pasatuz.

Zeharkaldia azpitik ikusita.


- Ostia, pasoa fiñe da - esan nion Asierri - zapatillekin enintzen fiatzen ta azkenen expressari helduiot.

Iltzetik aurrera zailtasunak amaitzen dira. Iltzearen eskuinetik jarraitu nuen tximini txiki bat eskalatuz (III), haitzaren gandorrera igo eta uztaidun iltze bat sartua duen harkaitz-bloke batera iritsiz.

Bilgunean.


Uztaidun iltzea ez zitzaidan oso fidagarria iruditu eta, badaezpada, nahiago izan nuen bilgunea harkaitz-bloketik zinta bat pasatuz muntatu.

-Reunión!!!

Muntatutako bilgunea. Argazkian, haitzaren ezker aldean, uztaidun iltzea ikusi daiteke. Niri ez zidan konfidantza handirik eman.


Asier behean zegoela aprobetxatuz, tontorrera igo nintzen bertan argazki batzuk egiteko. Bilgunetik tontorrera arteko zatiak zailtasun handirik ez dauka (II) baina komeni da kontuz ibiltzea.

Lengokoaitzeko postontzia. Duen zuloaren itxuragatik, ehiztariren batek emandako balazoa izan zitekeela pentsatu genuen. Buzoiaren azpian orratza rappelatzeko jarrita dagoen uztaidun parabolta ikusi daiteke.


- Beste orratz bat igotaaaa!!! - Bota nion Asierri argazkiak egiten zizkidan bitartean.

Postontzia jarrita dagoen harkaitzaren gainean, Asierri begira, begiak itxi eta besoak zabaldu nituen. Ez zegoen Irauleko orratzeko tontorrean sentitutako zirrararik, baina oso zoriontsu sentitzen nintzen. Nork esango zuen zoriontasuna lurretik hamabost metrora, harkaitz-puska baten gainean ezkutatuta egon zitekeela.

Lengokoaitz orratzeko tontorrean.


Tontorrean bizitako momentu intimoaren ondoren, bilgunera itzuli eta Asierri aseguratu nion.

Asierrek arin eskalatu zuen, zailtasunak, bata bestearen atzetik, erraztasun osoz gainditzen ari zenaren seinale. Zeharkaldian pentsakor ikusi banuen ere, eskuin oina non jarri ikusi zuenean hau ere erraztasunez eskalatu zuen.

Zeharkaldiaren erditik bilgunera egindako argazkia.


Zeharkaldiaren amaieran. Eskuin oina jarri behar den helduleku ederra ikusi daiteke.


- Errex, ez? - Galdetu nion.
- Bueno, trabesiek berea badaukela iruittu zait, eskerrak katukin neon...
- Txarrenen expressari helduta errex pasatzea.

Bilgunea desmuntatu eta Lengokoaitzeko postontzira igo ginen.

Lengokoaitzeko tontorrean. Argazki honetan postontziak duen zuloa hobe ikusten da.


- Nahibazu rappelaukoet ta tontorren argazki batzuk ingoizkizut. - Proposatu nion Asierri.
- Ondo!!!

Postontziaren azpian uztaidun parabolt bat dago bertatik rappel egin ahal izateko. Sokak behera bota eta, 12-15 metroetako rappelaren ondoren lurrera itzuli nintzen.

Rappelatzen...


Soketatik askatu ondoren, Asierrek jaso eta argazkietan ez azaltzeko harkaitz baten atzean utzi zituen.

Asier, tontorrean bakarrik egotearen momentu intimoa bizitzen.


Batera eta bestera mugituz, Asierri ikusmira eta angelu ezberdinetatik argazkiak egiten hasi nintzen.

Lengokoaitz, pagoen artean ezkutatuko orratza...


Argazki-saioaren ondoren, Asierrek sokak berriro ere bota eta orratza rappelatu zuen.

- Earra, eh? - Bota nion trasteak motxilan jasotzen genituen bitartean.
- Bai, holakok igotzea politte da - erantzun zidan.

Motxilak bizkarrean, orratzari azken argazki batzuk egin eta, atzean utziz, hubilketan jarraitutako bidetik itzuli ginen: betiko moduan, mendian zerbait utzita, betiko moduan, mendiari utzitakoa baino gehiago hartuta.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Rodriguez J.M. Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía), 305-307. Deba. Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Mendikat web orria. Lengokoaitz (1.203 m). Javier Urrutia. 22/12/2018. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/2199


3 iruzkin:

  1. Jesus Mari Rodriguezen "Ascensiones y escaladas en Guipuzcoa" (1979) gidan orratz honen inguruko informazioa jasota dago. Bi bide aipatzen dira, zuek eskalatutako bidea eta rapel egiten den hego hormatik gora doan beste bide bat A1-eko pausu batekin. Gidan jasota dagoenaren arabera badirudi beste garai batzuetan asko eskalatu zela orratz honetan. Gida zaharretan altxor zenbait jasotzen dira baina liburu zaharretan ageri denak ez du internetek duen indarra jendea erakartzerakoan. Jaso dugun legatua ez dezagun galdu gutxienez...

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Joer Auxkin ze ona!!!! Milesker!!!!

      Zure mezua jaso bezain pronto kronika eguneratu eta liburua erosi dut (iristen zaidanean kronikan honi ere merezi duen erreferentzia egingo diot).

      Arrazoi duzu, egun mundua "sarera" mugatzeko joera dugu, beste erreferentzi batzuk kontutan izan gabe. Kronika bat idatzi aurretik, egindako aktibitatearen inguruan etxean ditudan gida, liburu eta aldizkarietan begiratzeko ohitura daukat, baina kasu honetan ez nuen ezer topatu.

      Milesker berriro ere!!!!!

      Ezabatu
  2. Gozatuko dezu liburuarekin. Seguru nago etorkizunerako plan askoren iturburu izango dela. Besteok ere gustura irakurtzen ditugu zuen plan eta abentura haundi eta ttikien kronikak, mendiaz gozatzen jarraitzeko. Ondo segi!!

    ErantzunEzabatu