AZKEN 10 SARRERAK

2020/07/08

EGINO, "EL QUESO" MONOLITOA : HEGO EZPROIA, "ENEKO ALONSO" BARIANTETIK, 120 m, 6a+. 2020/06/28

"El Queso" monolito ikusgarria. Harrigarria bada ere, oraindik mendebal aurpegian ez dago biderik irekita.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

"Anaiek esaten du Eginon Eneko Alonso eskalatzea juten bagea etorriko dela" zioen Asierren whatsapp mezuak. Telefonoaren "emoticono"-en artean erpurua gora duen eskua aukeratu eta pantaila sakatu nuen.

"El Queso", Eginon dagoen monolito nabarmen eta ikusgarria da, "Hasiberriak" eta "Matices" bideen artean dagoena. Izena nondik datorkion ez dakit, gazta baten itxura baino olatu erraldoi baten itxura hartzen diodalako.

"El Queso" monolitoa (argazkiaren erdian) eta honen inguruan dauden eskalada bideak: 1- "Placas del pájaro loco" (195 m, V), 2- "Hasiberriak" (190 m, 4b), 3- "Eneko Alonso" (120 m, 6a+), 4- "Matices" (175 m, 6a), 5- "Usoa" ("Dame Veneno" - 60 m, 5b -) eta "Aztorea" ("Hego mendebaldeko gandorra" - 100 m, V+ -) eta 6- "Aztorea" ("Hegoekialdeko gandorra MAT sarreratik" - 210 m, V+).


2011 urtean Berro anaiek "Eneko Alonso" ireki eta ustezko bide berri honen berri eman zutenean, lehen luzea ezik, beste guztiak 1982ko martxoaren 27an Jose Luis Jimenez eta Vicente Peralesen eskutik eskalatuak izan zirela jakin zuten, "Hego Ezproia" eskalatu zutenean, hain zuzen ere.

Josema Berrocosok honela kontatu zidan: "En 2011 nos motivamos con la idea de abrir una nueva vía en Egino. Nuestra intención fue la de abrir en El Queso y pensábamos que lo habíamos hecho hasta que Garbiñe Uriarte, que se ha currado la última guía de escalada de Araba, nos mandó un croquis de los de la guía de Vicente Perales. Entonces fue cuando descubrimos que lo que habíamos hecho era un largo nuevo de entrada a una vía del propio Perales.

La variante se llama Eneko Alonso, es 6a+ y endereza la vía anterior que va buscando las zonas menos verticales. El resto de la vía la reequipamos sin querer... La vía es bonita y está con pocos seguros, además tiene todas las reuniones a cañón. Unos 120 metros entretenidos en los que ir usando fisus y friends
".

Garbiñe Uriartek Josema Berrocosori erreferentzia egin zion krokisaren azalpena, Vicente Peralesen "Egino. Paseos en Vertical" liburutik hartua.


Goiko azalpenarekin batera doan krokis-a, Vicente Peralesen "Egino. Paseos en Vertical" liburutik hartua.


Hau guztia kontutan izanda, eskalada hau izendatzeko modurik jatorrena "El Queso monolitoa: Hego ezproia, Eneko Alonso bariantetik" izan zitekeela pentsatu dut. Garbiñe Uriarte berak, "Guía de escaladas en Álava" liburuan "El Queso" bezala soilik izendatzen du. Liburu honi buruzko datu kurioso gisa, 61. orrialdeko krokisean, bideari Vicente Peralesek ezarritako zailtasun maila bera ematen dio, nahiz eta laburpenean 6a+ zailtasuna duela zehaztu. Liburu bereko 149. orrialdean aldiz, egun duen zailtasuna eman dio. Liburu hau zuen eskuetan eroriko balitz, 149. orrialdeko zailtasun mailari kasu egin, jejeje.

Kronika eta eskalada izendatzeko kontua alde batera utzita, azken urteotan begiz-jota genuen Eginoko bide horietako bat bazen ere, erdi-ekipatutako 6a+ bide batean eskalatzeak beldur pixkat ematen zigun, nahiz eta bidea Berro anaiek berrekipatua zela jakiteak lasaitasun puntu bat eman, beraiek irekitako bideak segurtasunez ekipatuak egoten direlako. Asierrek Josu etorriko zela esateak gehiago lasaitu ninduen, bera egun dugun eskalada-mailatik gora dagoelako.

OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Hego ezproia, Jose Luis Jimenez eta Vicente Peralesek, 1982ko martxoaren 27an, "El Quesoko hego Ezproi" bezala izendatuz. 2011ko irailan, Josema eta Iban Berrocoso anaiek lehen luzeari bariante bat ireki eta bide osoa garbitu eta berrekipatu zuten "Eneko Alonso" izena emanez.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: 6a+ (30 m), 2ºL: 6a+ (30 m), 3ºL: IV+ (35 m) eta 4ºL: IV (25 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordiako edo La Lezeko iturrian hartu daiteke, kotxea uzten den lekuaren arabera.
- Hurbilketa: Eginotik hurbiltzen bagara: herritik irtengo gara “Matices” bidera zuzenduz. “Matices” bidea hasten den monolitoa ezkerrean utzi ondoren metro batzuetan jarraitu eta hartxingadian gora oso nabaria ez den bidexka bat jarraituko dugu “El Queso” monolitora zuzenduz. Monolitoaren oinean, bidea hasten den lekuan metalezko plaka handi bat jarrita dago. Eginotik, ordu erdi pasatxo lasai joanda. La Lezetik hurbiltzen bagara: monolitoetara doan bidea hartuko dugu, bai eta monolito guztiak zeharkatu ere. Zazpigarren monolitoa atzean utzi ondoren, gure eskuinean "Hasiberriak" bidearen lehen luzeann eskalatzen den monolitoa utzi eta "El queso" monolitora iritsiko gara. La Lezetik, 40-45 minutu inguru pasako dugu.
- Jaitsiera: Urtean zehar, bidearen amaieratik eskuinera bota bota eta “Matices” bidearen jaitsiera bera jarraituko dugu. Beste aukera bat da mendiaren gainera igo eta “Usoa” eta “Aztorea” arteko bidea jarraituz. Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean Usoa eta Aztorea monolitoen arteko bidetik jaistea debekatuta dagoenez, erosoena La Lezen hasi eta amaitzea da.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Bidearen krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

- Eginon eo La Lezen? kotxea nun utziko deu? - Galdetu zigun Josuk.
- Joer, bai eztakit ba.
- Nunbaitten beittutauket bidea alde batea rapelatzea badaula - erantzun zuen Asierrek - igual bazpare hobe Eginon?
- Bueno ba... - amaitu zuen Josuk.

Ordu batzuk beranduago konturatuko ginen bezala, "Usoa" eta "Aztorea" monolitoetatik jaisteko bidetik ibiltzeko debekua dagoen bitartean hobe dela kotxea La Lezen uztea, rappel egiteko edo monolitoaren mendebaldetik segurtasunez jaisteko aukerarik ez genuelako ikusi.

Eginotik ateratzen.


Haitzak gauean zehar zorua busti zuen lanbroaren hondar batek estaltzen zituen.

- Ea harkaitze behintzet sekoa daun - bota zuen Asierrek denok pentsatzen ari ginena hitzetan jarriz.

“Matices” bidea eskuinean utzi eta zuhaitzen artean "El Queso" ikusi genuenean, monolitoetara zuzentzen den bide utzi eta hartxingada batean gora erdi ezkutatuta dagoen bidexka bat igotzen hasi ginen, monolitora hurbilduz.

Hartxingadan gora, parean "El Queso".


Pixkanaka lehen bi luzeen nondik norakoak identifikatzen hasi ginen:

- Bide hasieran plaka bat dau - esan zigun Asierrek - "Hasiberriak" eskalau genunen bertara hurbildu ta ordun gutxiñez han zegoen ...

Lehenengo bi luzeetako nondik norakoak.


Asierrek esan bezala, bidea hasten den ezproiaren oinean Joseba Alzelay Mendiaren oroimenan jarritako plaka distiratsua topatu genuen.

Bidearen hasieran jarritako plaka oroigarria.


Bidea zehazki nondik hasten zen ez genekien: ezproitik bertatik edo bere ezkerrean dagoen diedrotik? Batera eta bestera begiratu eta diedroa biderik logikoena zirudien arren, oso zikina zegoela iruditu zitzaigun:

- Han goien parabolt bat dau!! - bota zuen Asierrek bat batean.

Gora begiratu eta, 8 metro ingurura, ezproian parabolt bat ikusi genuen.

- Ostia, kristoetxen dau... - esan nien.
- Bai, ta horrea iristeko bideik lojikona espoloitik eskalatzea izangoa - erantzun zidan Asierrek.

Asierrek lehen luzea, Josuk bigarrena ta nik hirugarrena eskalatuko genuela adostu ondoren, anai zaharrak gaztea aseguratzen zuen bitartean, angelu ezberdinetatik argazkiak egiteari eman nion.

- Lehen luzea, 30 metro, 6a+. Asier plakatik gora doan ezproia zuzen eskalatzen hasi zen, 8 metro ingurura dagoen paraboltera zuzenduz (III+). Lehen metro hauetan belar asko zegoenez, eskalada zuhurtzia handiz hartu zuen, ahal izan zuen guztia lokatz eta belarrez horma garbituz.

Luzearen lehen metroetan, bide osoko metrorik "zikinenak".


Lehenengo parabolta "txapatu" ondoren, ezproiaren ezker aldera pasatu zen helduleku onenen bila. Orain arte baino zertxobait gehiago estutuz, luzearen bigarren paraboltera iritsi zen (V+)

Bigarren parabolta "txapatu" ondoren, 6a+ pasabidearen azpian.


Asierren orain arteko eskalada jarraitua bat batean gelditu zen. Batera eta bestera begira, nondik jarraitu erabakitzen zuen bitartean, interneten sartu eta "Aske naiz isilpean irria begietan" blogeko kronikaren azalpenak irakurri nizkion:

- Honen arabera goien daun zuhaitzaren eskubitio pasa beharren zare. - oihukatu nion.

Hau entzunda, ezproiaren ezkerrean dagoen diedro belartsua eskalatzea baztertu zuen. 

Ezproiaren ezker ertzera pasatu, zuzen eskalatzen hasi eta berehala zertxobait eskuinera bota zen, arrail bertikal batean eskuin eskurako dagoen helduleku on baten bila. Mugimendu hau da lehen luzeari zailtasuna ematen diona (6a+), baina geroago deskubrituko nuen moduan, A0 moduan V+ inguruan egongo da.

Eskuin eskurako heldulekua heldu ondoren.


Eskuin eskuko helduleku hau heldu ondoren, ezproira berriro ere igo eta helduleku ederretatik tira eginez zuzen eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz-zubi zahar batera iritsi arte (V+).

- Oso onaaaaa!!!!! - animatu genuen.

Harkaitz-zubiko asegurua indartzeko, honen ondoko arrail bertikalean Totem bat trabatu zuen.

Eskuin besoaren gainean duen arrail bertikalean trabatzeko Totem egokiaren bila.


Totem-aren zintatik express-zinta pasatu eta ezproiaren eskuinera zeharkalditxoa egin zuen. Bigarren harkaitz-zubi batean express-zinta berri bat pasatu ondoren ezproia zuzen eskalatu (IV+) zuen, honen gainean dagoen zuhaitzaren eskuinera igoz.

Ezproiaren eskalada amaitzen (IV+).


Zuhaitzaren atzean eta zertxobait eskuinean diedro irekiaren itxura duen hormatxoa dago, harkaitz ona ez duen itxura duena. Bertan dagoen arrail estu batean beste Totem bat trabatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen, gorago dagoen zuhaixka baten laguntzarekin diedrotxoa eskalatuz (IV+).

Diedro irekiaren itxurako hormatxoa.


Diedroa eskalatuta, harkaitz txarreko itxura duen harkaitz-plaka ezker joerarekin eskalatuz bilgune erosora iritsi zen (IV).

Diedro itxurako hormatxoaren amaieratik bilgunera dagoen zatia.


Bilgunea, uztaidun parabolt eta harkaitz-zubi bat aprobetxatuz muntatu zuen, bakoitzetik zinta-uztai luze bana pasatuz.

- Reunión!!!!!

Lehen bilgunea. Erosoago egoteko komeni da bi zinta-uztai luzeekin muntatzea.


Lehen luzea teknikoa baino fisikoagoa dela iruditu zitzaidan. 6a+ pasabidea kateatu ez banuen ere, A0 moduan eskalatuz V+ zailtasunaren inguruan egon daitekeela iruditu zitzaidan. Zalantzarik gabe meritu handiko luzea Asierrek aurretik eskalatuz ireki zuena. Atzetik zetorren Josuk 6a+ pasabidean erortzear izan zela esan zigun.

- Ostia Pitxi, largazo eskalau dezuna... - animatu zuen anaia.

Asierrek soberan zuen material guztia Josuri eman eta, eskuak magnesio poltsan sartu eta gehiegizko hautsa astindu ondoren, Josuk eskalatzen jarraitu zuen.

- 2º luzea, 35 metro, 6a+. Bigarren luzearen lehen metroek diedro/tximini inklinatu bat jarraitzen dute zuhaixka batera iritsi arte. Bilgunearen ondoan dagoen zuhaixkaren laguntzarekin, Josuk bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen 5 metro ingurura dagoen iltze batera zuzenduz (V).

Iltzearen parean.


Iltzetik gora eskuak baino oinak non jarri begiratuz eskalatzen jarraitu zuen, tarteka besoekin oposizioa eginez, bigarren iltze batera iritsi zen arte (V+).

- Zemuz dijo? - galdetu nion.
- Oaingoz errexa da.

Anaiaren mugimenduak zaintzen...


Bigarren iltzetik tximinia/diedroaren amaieran dagoen zuhaixkara zuzendu zen. Azken metro hauetan tximinia zertxobait etzaten da eskalada erraztuz (V).

- Oain esango nuke ezkerreta zuzen pasa behar dela. - esan nion bilgunetik.

Josu zuhaixkatik ezker hormara burua luzatu eta berriro ere atzera egin zuen:

- Bai, hortxe parabolt bat ikustet!! - oihukatu zigun.

Paraboltera iritsi arteko zatia babestu asmoz, zuhaixkaren enborretik zinta-uztai bat pasatu eta bertatik express-zinta bat zintzilikatu zuen. Sokak express-zintatik pasa ondoren, zuhaixkaren ezkerrean ezker eskuarentzat dagoen helduleku handiari heldu eta zeharkaldiarekin hasi zen.

Zeharkaldiaren hasieran.


Paraboltera berehala iritsi zen.

Paraboltaren parean.


Hurrengo asegurua iltze bat zela bagenekien baina parabolta jarrita dagoen lekutik ez da ikusten. Hau ikusita, Josu paraboltetik gora ezker diagonaleko noranzkoan zeharkaldi bat egiten hasi zen, eskuetako helduleku txikietan baino oinetako helduleku txikietan fede gehiago jarriz, erdi-ezkutatua dagoen iltzera iritsi zen arte (6a+). Pasagune hau fina da, oso psikologikoa, burua oso hotz izatea eskatzen duena. Hala ere harkaitzaren itsasgarritasuna handia da, eta eskerrak, oinekin eskalatu behar den horietakoa baita.

- Iltzetio gora zer? - galdetu zigun.
- Ba berez zuzen jarraitu behar omen da baina neskalatzailekok ezkerrera jarraitu zuten nunbaiten Alien bat sartuz - erantzun zion Asierrek.

Josuk iltzetik gorako zatia aztertu bazuen ere ez zuen irteera egoki bat topatu. Gora zuzen jarraitzea baztertuta, iltzetik ezkerrera eskalatzen jarraitu zuen (6a), Alien bat trinko sartzen den pitzadura txiki, nabarmen eta horizontal batekin topo egin zuen arte, bilgunea muntatzen den zuhaitzaren bertikaletik zertxobait ezkerrera. Alien-a sendo trabatuta zegoela ikusi zuenean Josuk arnasa lasai hartu zuen.

Hemendik gora, heldulekuetan pixkanaka aberastuz doan harkaitz-plaka bertikala zuzen eskalatzen jarraitu zuen, bilgunea muntatzen den zuhaitzera iritsiz (V+).

Bigarren bilgunea.


- Luze sikologikoa - oihukatu zigun - baña nere ustez "de segundo" errex eskalatuko dezuena.

"Errex" hitz egiteko modu bat da, ia luze osoan oinak dar-dar batean izan nituelako, jejeje.

Bigarren iltzera iristen. Zati motz honetan izan zen teknikoki estutasun handiena pasa nuena.


Zuhaixkatik aurrerako 6a+ zeharkaldia ikusgarria eta izugarria iruditu zitzaidan. Oinetan fede osoa jarriz, arnasestuka, zeharkaldia pixkanaka gaindituz joan nintzen. Zeharkaldiaren amildegi sentsazioa izugarria iruditu zitzaidan eta Josuk Alien-a trabatu zuen lekura arte ez nuen arnasa lasai hartu. Josuri eusteko eskatu eta bertatik Asierri argazki batzuk egin nizkion.

Asier zeharkaldiaren hasieran, ezker eskua zuhaixkaren ezkerreko helduleku ederrean dauka. Parabolt eta iltzetik pasatako express-zintak ikusi daitezke.


Parabolt eta iltzearen arteko zatian.


Asierren kontzentrazioa ez apurtzearren, azken metro bertikalak eskalatu eta bilgunera iritsi nintzen.

Bilgunera arteko harkaitz-plaka bertikalean.


- Luze oso sikologikoa iruittu zait - esan zigun Asierrek bilgunera iritsi zenean - "de primero", eztakit bat ateatzeko gai izango nintzen, batez ere iltzea gañen zaren arte eztelako ikusten...
- Neire oso sikologikoa iruittu zait - erantzun nion - youtuben ikusi nun Naranjoko Oesteko trabesikin gogoratu naiz.
- Joer, baita nire - erantzun zidan Asierrek irribarretsu.
- Ba eztakit ze esan - esan zigun Josuk - luze hau deportibako eskola baten paraboltez josita eongo balitz igual 6a ingurun ibiliko zen.
- Balitteke - erantzun zion Asierrek - baña oain dauken alejekin gradue ondo jarrita daukela esango nuke.
- Bueno gaztek!!! Nere txanda da!!! - bota nien bat batean.

Josu eta Asierri arnesetan zuten materiala hartu eta arnesaren uztai ezberdinetan ordenatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

- 3º luzea, 40 metro, IV+. Bilgunearen atzetik dagoen zuhaitzaren enborraren inguruan zinta-uztai bat pasatu eta bertatik express-zinta zintzilikatu ondoren, zuhaitza eskuinean utziz, bertikalak ez diren harkaitz-plaka tente batzuk eskalatzen hasi nintzen (IV+).

Luzearen hasierako harkaitz-plaka tenteetan.


- Hemen bai gustoa, tentsiorik gabe, lasai lasai eskalatzen - bota nien Totem bat trabatzen nuen bitartean.

Harkaitz-plaka tenteak eskalatu ondoren, zertxobait ezkerrera bota eta goian ikusten den tximiniara zuzendu nintzen. Luze honetako eskalada gozamena da eta friend nahiz artaka-trabagailuak nonahi trabatu daitezke.

Tximinian sartu gabe, bere ezkerreko hormaren ertzetik eskalatzen jarraitu nuen zuhaixka bat eskuinean utziz (IV). Tximiniaren hasieran luze osoan dagoen aseguru bakarra topatu nuen: arrail batean sartutako iltze zahar bat.

Tximiniaren ezkerreko hormaren ertzean.


Tximiniaren amaieratik bilguneko uztaidun parabolta ikusi nuen:

- Reunioa zortzi -hamar metro ingurua dauket - oihukatu nien.

Zailtasunak amaitu eta ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituz, uztaidun parabolta eta harkaitz-zubiaz muntatutako bilgunera iritsi nintzen (III).

Hirugarren bilgunea.


- Luze haure politte, eh? - esan zidan Josuk bilgunera iritsi zenean.
- Hau zuentzako errexa da, jejeje.
- Errexa izateagatik eztu esanahi itsusie izan behar denik - erantzun zidan.

Josu eta biok hirugarren bilgunean. Argazkia tximiniaren amaieratik egina dago.


Asier tximiniatik ateratzen.


- 4º luzea, 20 metro, IV. Gainean neraman materiala hartu ondoren, Asier bidearen azken luzea eskalatzen hasi zen. Bilgunetik zuzen eskalatzen hasi zen gaineko harkaitz-plakaren eskuineko ahuldade eta heldulekuak jarraituz (IV).

Soka zahar bat duen harkaitz-zubiaren parean. Hau da luze honetako "aseguru" bakarra.


Soka zahar bat jarritako harkaitz-zubi batetik zinta-uztai bat pasatu ondoren, luzeko lehen asegurua jarri zuen.

Hemendik gora harkaitz-plaka zertxobait etzaten bada ere, zailtasunari dagokionez III+/IV inguruan mantentzen da. Seguru pare bat gehiago jarri ondoren hormak bertikaltasuna galtzen duen puntura iritsi zen.

Hormaren amaieran.


- Ez dakit reunioa hemen montau edo atzeago jun - esan zigun - hemendio aurrea erdi-oinez jarraitzea besteik ez delako.

Bertatik aseguratzea seguruago izango zela pentsatuta, ondoan zuen harkaitz-bloke batetik zinta bat pasatuz bilgunea muntatu zuen.

Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita.


Bi soka, harkaitza eta berde pixkat, osagai nahikoak otordu goxoa prestatzeko.


Azken luze honi "emozio" pixkat ematearren, harkaitz-plakaren eskuinetik eskalatu beharrean honen ezkerretik eskalatu genuen, itsasgarritasunezko pasabideak eginez. Zailtasun mailari dagokionez IV inguruan izan zitekeela ere iruditu zitzaigun, harkaitz-plaka leuna izan arren tarteka helduleku ederrak dituelako.

Itsasgarritasunezko pasabideetan saiatzen, atzean Egino.


Laugarren bilgunean.


Elkartu ginenean, sokak segurtagailutik askatu eta aurretik genuen gandor zatia alderik alde zeharkatu genuen, hirurak erosotasunez egoteko leku bat topatu genuen arte. Gandor zatia ez da zaila, II inguru edo, baina kontuz ibili beharreko lekua da.

Eskalada amaierako hizketaldiak gustuko izan ditut beti. Materiala motxiletan gordetzen genuen bitartean, futbol partidu bateko jokaldirik onenak bailiran, bidearen pasagunerik "onenak" behin eta berriz errepasatu genituen. Inongo erreferentziarik izan gabe, "El Queso"-ko mendebal aurpegira rappel bat egitea edota bertatik nolabait jaistea berehala baztertu genuen. Materiala motxilan sartu genuenean, La Lezerainoko bidea animoz hartu genuen.

Asier "El Queso"ko tontorrean azpian Egino duela.


Bidean topatu genuen beroaz aparte, La Lezen zegoen jende pilak harritu gintuen. Eskalada bide gehienetatik soka bat zintzilik zegoen, bideak eskalatzen ari ziren eskalatzaile ezberdinen oihuak txirikordatu eta La Lezetik hegan atera ziren belatxingen kexen gainetik nabarmenduz.

Eginoko monolitoen bidea hartu genuenean aldiz berriro ere bakarrik egotearen sentsazioa itzuli zen.

- Normalen hemendio aurrea ezta iñor ibiltzen - esan zigun Josuk.

Eta horrela izan zen. Bosgarren monolitora arte ez genuen inor eskalatzen ikusi.

Itzuleran "Mendia eta eskalada" blog eder eta gomendagarriaren administratzailea den Iñaki Zuza mendi-gidariarekin topo egin genuen. "Iñaki Alonso" bidea biharamunean eskalatzeko asmoa zuela esan zigunean bidearen berri eman genion. Espero dut eman genizkion azalpen guztiak balio izanak.

Eginora bazkaltzeko orduaren atarian iritsi ginen, beroagatik izerdipean baina, aldi berean, burututako eskaladarengatik oso zoriontsu, Eginon betetzeke genuen beste amets bat betetzeak duen emozioak jota. Hurrengoa zein izango da? Nork daki, jejeje...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Uriarte G. Guía de Escala en Álava. 61 eta 149. Gasteiz. Garbiñe Uriarte, 2012.
- Hokus pokus bloga. Egino, El Queso, Vía "Eneko Alonso" (120 m, 6a+). 29/09/2012 Eskuragarri: http://www.xabigaton.com/2012/09/egino-el-queso-via-eneko-alonso-6a-120m.html
-  Aske naiz isilpean irria begietan bloga. Eneko Alonso bidea - El Queso 6a+ 130 m (Egino). 30/03/2012 Eskuragarri: http://ametsek.blogspot.com/2012/03/eneko-alonso-bidea-el-queso-6a-130m.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina