AZKEN 10 SARRERAK

2021/10/13

AKETEGIKO KOBA ETA DAMAREN ZULOA: MARIREN AZTARNEN ATZETIK. Trilogia baten hirugarren zatia. 2021/09/05


Aketegiko Damaren zuloko iparreko sarreran.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Euskal Herriko herri askotako kondairen arabera Lurra eguzkiaren eta ilargiaren ama da, eta hauek, zerua egunero zeharkatu ondoren, bere altzora itzultzen dira. Lurrak landare-erreinuaren oinarria den bizi-indarra du, zeinak giza gorputza sendotzen baitu elikagaien bidez eta, batzuetan, praktika magikoak eta eskariak erabiliz. Lurra ere hildakoen arimen eta irelu eta beste pertsonai mitologikoen ohiko bizilekua da eta Euskal Herriko mito askotan lurpeko munduan bizi diren jainko edo ireltxo hauen guztien buru edo erreginatzat Mari jotzen da.

Mari da euskal pertsonai mitologikoen artean modu batera edo bestera beste herrialde batzuen mitologian errepikatzen ez den irelu bakarra. Mariren beste berezitasunetako bat emakumezko itxura izatea da, izan ere beste herrialdeetako mitologiaren pertsonairik nagusienak gizonezkoaren itxura izaten baitute. Lurpean du Marik bere ohiko bizilekua, leize-zuloetan hain zuzen ere. Honegatik ohikoa da Euskal Herriko koba eta leize-zulo asko Mariren presentziarekin erlazioa izatea.

Goierriko mendietako kobei dagokionez, Joxe Miel Barandiaranek bi kobei egiten die erreferentzia nagusia, Aketegi eta Murumendikoari hain zuzen ere. Ataungo Agamunda kobari ere erreferentzia egiten badio ere, Aketegi eta Murumendiko koben inguruan jaso zituen istorioak ugariagoak izan ziren. Hauetaz aparte, eta geografikoki Goierri ez bada ere, aipagarria da Larrunarrin dagoen kobari egiten dion erreferentzia. Amezketako sinesmenen arabera, Marik denboraldi bat Larrunarriko leizean ematen du, beste bat Aketegiko leizean eta beste bat Murumendiko leizean.

Barandiaranen idatziak eta goien aipatutako Amezketako sinesmena oinarritzat hartuta, hiru mendi hauetako leizeak bisitatzea izan zen Asier eta biok 2020ko azaroan martxan jarri genuen proiektu txikia. Azaroaren 28an Murumendiko "Damazulo" eta "Leizezulo" leizeak bisitatu genituen. Abenduaren 18an Larrunarriko "Marizulo" izan zen bisitatu genuena. Trilogia amaitu ahal izateko Aketegiko koba bisitatzea zen falta zitzaigun bakarra. Baina Larrunarriko "Marizulo"-rekin gertatu zitzaigun bezala, Aketegiko kobaren kokalekua non zegoen ez genekien.

Aketegiko kobaren kokalekua topatzeko Imanol Goikoetxeak 1988 urtean argitaratu zuen Aizkorriko mapara jo nuen lehenik, baina bertan ez nuen ezer topatu. Orduan Zegamako udalerriak 2017 urtean argitaratutako udalerriko maparekin gogoratu nintzen. Mapa ireki eta berehala bi koba identifikatu nituen: bat izenik gabekoa, Aketegi Erpinaren ekialdean kokatzen dena, eta beste bat Aketegiren iparreko horma bertikalean kokatu eta Damaren zuloa izena duena. Begiek distira berezi bat islatu zuten: Mariren koba Damaren zuloa behar zuen izan, izan ere Zegaman Mariri "Aketegiko Dama" deitzen baitzaio.

Zegamako udalerriko maparen argazkia, bertan bi kobak ikusi daitezke.

Kobaren kokalekua topatuta, honen inguruko informazioaren bila hasi nintzen. Etxeko mendiko liburu zaharretan ez nuen informazio zehatzik topatu, Aketegiko ipar aurpegian dagoela esaten zuten zehaztasunik gabeko aipamenak besterik ez. Bilaketa antzu honen ondoren internetera jo nuen, Pyrenaica aldizkariaren hemerotekara hain zuzen ere, Euskal Herriko leku berezien inguruko informazio iturri ederra izaten delako. Eta Pyrenaica aldizkarien artean Juan Mari Ansa Munduateren "La Dama de Aketegi: cuando realidad y leyenda se aúnan en su morada" artikulua topatu nuen. Ansak 1994 urtean idatzitako artikulu zabal eta eder honetan Aketegiko kobaren inguruko informazio zehatza azaltzen du, argazki batzuk, topografia eta kokalekua azaltzen duen krokis bat eta guzti. Baina artikulugileak koba Aketegi Erpinako gailurraren azpian kokatzen du, Zegamako udalerriko mapan izenik gabeko koba azaltzen den leku berean hain zuzen ere.

Pyrenaica aldizkarian Juan Mari Ansak idatzitako artikuluan azaltzen den krokisa. Bertan ikusten da Ansak erreferentzia egiten dion koba Zegamako udalerriko mapan izenik gabe azaltzen dena dela.

Ansaren artikuluan hartutako datuekin interneten bilaketa berri bat egin eta Aloña Mendi Espeologia Taldearen (AMET) blogean "Aketegiko Damiaren koba" izenburupean argitaratutako kronika zehatz, zorrotz eta argigarria topatu nuen. Bertan, Ansaren artikuluan azaltzen den kobaz gain, Aketegiren iparrean dagoen koba deskribatzen dute, beraiek 1995 urtean topatu zutena eta Zegamako udalerriko mapan Damaren zuloa bezala identifikatuta azaltzen dena. AMET-ekoek orduan ez zuten Zegamako maparen berririk noski, eta bi kobetan leizeko artzaren (Ursus spelaeus) hezurrak topatu zirela aintzat hartuz, bietatik Damaren zuloa zein ote zenaren zalantza izan zuten. Misterioa Zegamako artzain batzuekin hitz egin ondoren argitu zuten, zeintzuk Damaren zuloa Aketegi azpian dagoena dela esan zieten, eta ez Aketegi Erpinaren azpian dagoena. Artzainek zehaztu zuten Damaren zuloa Zegamatik bertatik ikusten dena dela. AMET-ekoek Zegamako udalerriko mapan izenik gabe azaltzen den kobari Aketegiko koba izena jarri zioten, aurretik zeuden idatziak aintzat hartuz.

Aloña Mendi Espeologi Taldearen blogean idatzitako kronikan partekatutako argazkia, non bi koben kokalekua ikusi daiteke. Beraiek "Damiaren koba" izena erabili arren, nik Zegamako udalerriko mapan erabilitako "Damaren zuloa" erabili dut.

Bi artikulu hauen informazio iturri honetaz aparte, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailako web orrian, arkeologia ondarearen sailean Gipuzkoako Lurralde Historikoko haitzuloetako aztarnategiak daude. Bertan, 31 fitxa zenbakiarekin, Aketegiko haitzulo bezala AMET-ekoek Aketegiko koba bezala izendatu zuten kobaren datuak topatu nituen, baita satelite-mapa batean bere kokalekua eta koordenadak ere.

Ansaren eta AMET-ekoen artikuluak uztartuz, Aketegiko kobaren lehen erreferentzia 1884 urtean Ramón de Yarzak egin zuen bere "Descripción física y geológica de la provincia de Guipuzcoa" liburuan. Bertan, Yarzak koba honetan leizeko artzen hezurrak daudela esaten du. Hamar urte beranduago, 1894 urtean, Alfonso Zabalak "Euskalerria" aldizkarian koba honen berri berriro ematen du, baita bertatik baserritar batek gidatutako pertsonek hezur handiak eta beste objetu batzuk eraman zituztela ere. Aketegiko koban sartu zen azken espeleologoa Reyes Corcostegui izan zen 1943 urtean, eta bertan topatu zituen leizeko artzen hezurrak Aranzadi Zientzia Elkartera eraman zituen. AMET-ekoek 1987 urtean Aketegiko koba bisitatu eta bertan artzen hezur gutxi batzuk topatu zituzten. Urte batzuk beranduago, 1995an Damaren zuloa topatu zutenean, hemen ere hezur gutxi batzuk topatu zituzten. AMET-ekoek blogeko kronikan diotenez, Ansaren kronika Pyrenaica aldizkarian argitaratu zenean koba honetara egindako bisitak ugaritu eta bertako hezurrak betirako galdu ziren. Damaren zuloan izan zitezken hezurrei buruz aldiz, galderak airean geratzen dira. Nork eraman zituen? Noiz? Nora? Zein helburuarekin? Nork daki, baina batzuetan erantzuna uste duguna baino gertuago izaten da...

Informazio hau guztiarekin eta AMET-ekoen kronikan bi koben kokalekua adierazten duen argazkia eskutan, 2021aren hasieran Aketegiko bi kobak bisitatzeko plana egin genuen. Kobarekiko genuen interesa ez zen arkeologiko, geografiko eta biologikoa, mitologikoa baizik. Baina koba bisitatzeko dena prest genuenean Covid birusaren eraginez konfinamenduak iristeaz gain, Asierrek hilabete luzeetan mendia zapaldu gabe utziko zuen lesioa sufritu behar izan zuen.


Ia zortzi hilabete pasa beharko ziren trilogiari amaiera emateko...


OHAR GARRANTZITSUA

Mariren leizeetara sartzeko hiru arau bete behar dira:

- Mariri zuka hitz egin behar zaio.
- Leizetik sartu den modu berean atera behar da, hau da, Mariri aurpegia emanez sartu bagara, irteteko garaian ezin diogu bizkarrik eman.
- Mariren leizean gauden bitartean ezin gara eseri nahiz eta berak eseritzeko gonbitea luzatu.

Norberaren ardurapean eta sinesmenaren baitan dago arau hauek betetzea. Barandiaranek pertsonai mitologikoei erreferentzia eginez zioen moduan: "direnik ez sinestu, ez direnik ez esan".

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako tren geralekuan hasi genuen. Errepidean behera hasi eta ezkerrera (jaitsierako noranzkoan) doan bihurgune nabarmen batera iritsi ginenean errepidea utzi eta mendian gora hasi ginen Zegama-Aizkorri maratoiaren kilometro bertikalaren puntu gorriak jarraituz.

Puntu gorriak Nardasakon kanalera arte jarraitu genituen. Basotik atera eta kanalean gora hasi ginenean, ezkerrean dagoen zelai maldatsu bat igo genuen, Aarilepoeta mendi-lepora iristen dena. Mendi-lepora iritsi ginenean Aketegiren iparreko horma bertikala oinetik alderik alde zeharkatu genuen Nardagaizto kanalaren irteerara iritsi ginen arte. Kanal honen gainetik zeharkaldi horizontal bat eginez Aketegi Erpinaren ipar-horma bertikala oinetik zeharkatu genuen Aketegiko kobara iritsi ginen arte.

Aketegiko kobatik zeharkaldi horizontala egin genuen Aketegi Erpinaren horma oinetik zeharkatu eta Aketegitik iparrera doan ezproi belartsura iritsi arte. Ezproiaren bestaldera pasa eta Aarilepoetaren gaineko hormaren ertzera hurbildu ginen Damaren zulora jaisteko bide egokienaren bila. Damaren zulora ipar-ekialdeko sarreratik sartu ginen, irten aldiz, iparreko sarreratik.

Jaitsiera Nardasakon kanaletik egin genuen, Itzubiagako iturrira iritsiz. Itzubiagako iturritik behera, tren geralekura doan bidexkatik jaitsi ginen, hau da, Iraule-Arbelaitz sektorera hurbiltzeko jarraitzen dena, kronika honetan azalduta dagoena hain zuzen ere.

Ibilbidearen nondik norakoak. Beltzez igoeran jarraitutako bidea, gorriz aldiz, jaitsieran jarraitutakoa. Argazkian bi koben kokalekuta ikusi daiteke.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 10,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Kilometro bertikalaren hasiera, 480 metro.
- Punturik altuena: Aketegiren iparrean dagoen ezproi belartsua, 1.500 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.100 metro inguru.
- Igotako mendiak: Guk igo ez bagenuen ere, ibilbidea borobildu nahi izanez gero Aketegira igotzeko aukera dago.
- Zailtasuna: Aketegiko kobara zailtasunik gabe iritsi daiteke. Damaren zuloa kobara iristeko aldiz, bi sarrerek kontu handia eskatzen dute, erorketa bat izanez gero Aketegiko iparrean dagoen hormatik amilduko garelako. Ipar-ekialdeko sarrerara iristeko harkaitz-moko baten inguruan ageriko pasagune bat egin behar da. Iparreko sarrera iristeko aldiz, 35-40º inguruko zelai maldatsu bat jaitsi beharko dugunez, kontuz belarra bustia badago.
- Eramandako materiala: Guk kaskoa eta linternak bakarrik erabili bagenituen ere, badaezpada 30 metroetako soka bat eta eskalatzen dugunean erabiltzen dugun aseguratzeko materiala eraman genuen: elur-hesola bat (lurrean sartu eta bertatik soka aseguratzeko), express zinta eta mosketoi batzuk, mailu bat (hesola sartzeko) eta neurri ezberdinetako zinta-uztai batzuk.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Bost ordu eta laurden, koben barruan pasatako denbora eta atsedenak barne.

OHARRA

Damaren zuloan sartzerakoan badirudi bertan sekula inor pasa gabe izan dela. Mariren presentzia dela eta leku hauek mendeetan errespetatuak eta zainduak izan dira eta zenbait pertsonentzat gurtzarako lekuak ere izan dira, tenpluak bailiran. Gure esku dago leku hauek eta bertan bizi diren izakiak zaindu eta errespetatzen jarraitzea.

DESKRIBAPENA

Irailaren 5a oskarbi argitu zen, bero. Zerua itsasoaren koloreaz tintatuta zegoen, hodeirik gabe. Zegaman Marik ekaitzak Aketegiko koban sortu eta bertatik zabaltzen dituela esaten denez, bazirudien oraingoan Damaren zuloan damarik ez zela izango. Baina nork daki, kobara iritsi arteko bidea luzea genuen, eta jakina da ekaitzak denbora gutxian sortu eta lehertzeko ahalmena izaten dutela.

- Gaur bero pasako deu - esan zidan Asierrek Zegamako tren geralekuraino iristen den errepidean behera hasi ginenean.
- Hala emateu bai - erantzun nion -, hobe deu oaingo igoera lasai hartzea, potentea data.

Errepidetik ezkerrera (beheraro norankoan) doan bihurgune nabarmen batera arte jaitsi ginen, Zegama-Aizkorriren kilometro bertikala hasten den lekura arte hain zuzen ere. Errepidea atzean utzita, bihurgunetik gora mendian gora hasi ginen, kilometro bertikalaren ibilbidea adierazten duten puntu gorriak jarraituz. Trenbidearen azpitik pasatu ondoren, Aizkorriko ipar-horma tapizatzen duen pagadian sartu ginen.

Trenbidearen azpiko tuneltxoa zeharkatzen...

Gustatuko litzaidake kontatzea kilometro bertikaleko igoera pagadiaren freskuraz gozatuz egin genuela, baina ez zen horrela izan. Hori bai, burutik behera grabitate indarraren eraginez erortzen ziren izerdi tanta potoloak ez ziren aitzaki izan pagadiaren hezetasunaren eraginez garo eta goroldioek hartuta zuten esmeralda kolore biziaz eta basoko usain bereziaz gozatzeko. Igoera gogorra da, horren zalantzarik ez dago, baina bideak zeharkatzen duen pagadia ikustekoa da, tarteka mendiko aldizkari edo liburuetako argazkietan agertzen diren baso magiko horietako baten antzerakoa.

"... baina bideak zeharkatzen duen pagadia ikustekoa da".

Basotik irten eta Nardasakon kanalarekin bat egitea, leku itxi, bero eta heze batetik kalera ateratzea bezalakoa izan zen. Beroa egiten bazuen ere eta izerditzen jarraitzen bagenuen ere biriketara sartzen zen airea hain astuna ez zela iruditu zitzaigun, nolabaiteko arintasunaren sentsazioa emanez.

Kanala igotzen hasi eta berehala ezkerrean dagoen malda belartsu batera zuzendu ginen, Aarilepoeta mendi-lepora igotzen dena.

Aarilepoetara daraman malda belartsua.

Malda honetatik neguan behin baino gehiagotan jaitsi izan gara, azkeneko aldian elurretan eserita, txirrista erraldoi bat izango balitz bezala. Elurrik gabe aldiz, igotzeko ezerosoa den aldapa da, metroak irabazteko makilak atzean ongi sartzea eta besoekin indar handia egitea eskatzen duten horietakoa. Honegatik, igoera patxadaz hartu genuen, ematen genuen pausu bakoitza sendoa zela bermatuz.

Malda belartsua igotzen, azpian Nardasakon.

Bat-batean ezerezetik garrasi itxurako hots bat atera zen:

- Zer da hoi? – bota nion Asierri batera eta bestera begiratuz.
- Hara, hor goien!!! – erantzun zidan gainean zeuden harkaitzen artera seinalatuz.

Oihua harkaitz baten gainetik guri begira zegoen aker batetik zetorren. Ez dakit ahuntz-taldeari deitzen ariko zen ala ez, baina inguruan ez zen beste aker edo ahuntzik ikusten.

- Ez da ba Mari izango, ezta? – bota nion Asierri irribarre urduri batekin.

Asierrek ere irribarre egin zuen. Edozein esparruan gertatzen diren gauzen azalpena zientziaren eskuetan utzi behar dela pentsatzen duten horietakoa naiz, baina esparruak sinesmenen mundua ukitzen duenean, Barandiaranek esaten zuen esaldia gogora etortzen zait beti: “direnik ez sinistu, ez direnik ez esan”: “akerra gutxiñez ez da beltza”, pentsatu nuen...

Ezerezetik agertu eta desagertu zen aker misteriotsua.

Akerrari begiradarik kendu gabe metroak irabazten jarraitu genuen. Baina bere parera iristear geundela, agertu zen bezala bat-batean desagertu eta ez genuen gehiago ikusi. Kasualitatea? Ez dakit, baina zur eta lur geratu ginen: “direnik ez esan, ez direnik ez sinistu”.

Aker misteriotsuaren agerraldia atzean geratu zenean Damaren zuloaren iparreko sarrera parez-pare ikusi genuen, Aketegiren iparreko horma bertikalean zabal-zabalik irekitako leiho handi baten moduan. Zuloan ez zegoen ez kerik ezta hodei txikirik ere, Mari bertan egongo ez zenaren seinale. Marik Aketegin asteazkenero arropa garbitu eta ostiralero ogia egosten omen du. Koba honen sarreran azaltzen den hodeitxo batek adierazten du lan hauek egiten ari dela.

Maldaren amaierara iristen. Argazkian ikusten den horman Damaren zuloa ikusi daiteke.

Aarilepoetako mendi-lepoan, hormaren oinetik gertu, artalde bat lasai zebilen batera eta bestera. Ez dakigu ardien artean aharirik ba ote zegoen, baina ardien gainean ez zen emakumerik eserita eta inguruan ez zebilen belerik, Mari Aketegin ez zegoenaren beste seinale bat. Zegamako istorio batzuetan Mari soineko apainez bezala aurkezten bada ere, herri bereko beste istorio batzuetan ahari baten gainean eserita aurkezten da. Beste modu batzuetan ere agertu izan da: Aketegiko koban adibidez, bele baten itxurarekin askok ikusi omen dute.

Damaren zuloko ipar sarrera gertuago. Puntu zuriz bertara iristeko jarraitu behar den bidea margotuta dago.

Hormaren oinetik jarraituz Aarilepoeta mendi-lepoa zeharkatu genuen Aketegi eta Aketegi Erpinak osatzen duten zirku ikusgarrian sartuz, Nardagaizto kanalaren amaieran abaniko baten moduan irekitzen dena. Zenbat alditan ibili garen (eta ibiliko garenaren itxaropena daukat) neguan abaniko erraldoi honetan batera eta bestera eskalada berrien bila!!!

"...Aketegi eta Aketegi Erpinak osatzen duten zirku ikusgarrian sartuz".

Ahal izan genuen altuera gutxiena galduz, zirkua zeharkatzen hasi ginen, Aketegi Erpineko ipar horma ikusgarria jomuga genuela, Aketegiko koba hormaren ezkerraldean kokatuta dagoelako, “leze irteera” hasten den lekutik gertu. Zeharkaldiak zailtasun tekniko aipagarririk ez dauka baina punturen batean arreta eskatzen du, Nardagaizto bisitatu nahi ez badugu behintzat.

Aketegiko kobaraino gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.

Zein ezberdinak diren horma hauek zuriz jantzita daudenean!! Elurrik gabe horma hauek bertikalagoak dirudite eta oraingoan ere hala iruditu zitzaidan. Belarrez estalitako hormatxo inklinatu bat igo eta Aketegiren iparreko ezproi belartsutik iristen den bidexka batera iritsi ginen, ziurrenik ardiek ireki eta mendeetan zehar zirku honetan batera eta bestera mugitzeko jarraitu dutena. Bazter hauek elurrez estaltzen direnean zein ezberdinak diren pentsatuz nindoan, bat-batean Asier gelditu zen arte.

- Koba hau izangoa, ez? – Galdetu zidan.

Bera zegoen lekura iritsi eta horma makurtu baten oinean zulo txiki bat ikusi nuen. Lurra ardiek utzitako basakan usaintsuez estalia zegoen, animaliek leku hau babes gisa erabiltzen dutenaren seinale.

- Eztakit ba – erantzun nion – pentsatze nun sarrera haundigoa izango zela.

Telefonoa atera eta interneten dauden koba honen argazkiak ikusten hasi nintzen.

- Ba hala emateo bai - erantzun nion argazkietako bat erakutsiz.
- Igual urteekin sarrera lurrez betetzen jun da...
- Hala emateo - erantzun nion - ze bestela hemendio artza bat sartzeko gaizki, jejeje.

Kobara sartzeko modu bakarra arrastaka da. Ansak bere artikuluan koba luzea dela esaten badu ere, ardien kaken artean arrastaka ibiltzeak koba ezagutzeko motibazioa kendu zigun: "egunen baten erropa zaharra ekarri ta bistazo bat eman leike...". Argazki batzuk egin ondoren berriro ere martxan jarri ginen, kobara eraman gintuen ardien bidexka jarraituz.

Aketegiko kobaren sarreran.

Bidexka ez da bide nabarmen bat, baina belar eta harkaitzen artean nondik nora doan asmatzea ez zitzaigun zaila iruditu, Aketegik iparrean osatzen duen ezproi belartsu nabarmenera zuzentzen baita, Nardagaizto eta Nardasakon kanalek osatzen duten depresioen artean dagoena.

Aketegik iparrean osatzen duen ezproira arte jarraitutako bidea.

Ez dakit "dezepzioa" izan daiteken sentitzen genuena hobekien definitzen duen hitza, baina Aketegiko koba ez zen izan guk espero genuena. Ansaren artikulua buruan eta bertan artzaren hezurrak topatu zirenez, sarrerako zulo handiagoko koba bat espero genuen. Ziur naiz barrura sartu izan bagina beste sentsazio bat izango genuela, arropari itsatsita eramango genuen ardi-kakaren usainaz aparte. Zertxobait burumakur, pixkanaka Aketegiren iparreko ezproi belartsu zabalera hurbildu ginen.

Atzera begirada, Aketegitik etorriko bagina hau izan beharko zen jarraitu beharko genuen bidea.

Ezproi zabalera iritsi ginenean beherako bidea hartu genuen, Aketegiren ipar-horma bertikalera hurbilduz. Igoeran Damaren zuloaren iparreko sarrera ikusi genuen, baita, AMET-ekoen argazkia eskutan, ipar-ekialdeko sarreraren kokalekua izan zitekeena ere. Gure asmoa ipar-ekialdeko sarreratik sartu eta iparrekotik ateratzea zenez, hormaren ertzetik begiratzen hasi ginen ipar-ekialdeko sarrera "ezkutuaren" bila.

- Hor dau!!!! - Bota zidan Asierrek berehala.

Hormaren ertzera hurbildu eta Asierrek seinalatzen zidan lekura begiratu nuen. Hormak osatzen duen kontrahorma itxurako baten eskuinaldean (ekialdean), begi ilun baten moduan ipar-ekialdeko sarreraren zuloa ikusi genuen.

- Oain asuntoa da horrea nola iritsi - esan nion Asierri.

Kontrahorma erreferentzi bezala hartuz, hasieran hormaren ertzetik ekialdera jarraitu genuen jaitsiera baten bila, baina gure azpian irekitzen zen amildegiak atzera bota gintuen behin eta berriz. Hau ikusita, kontrako noranzkoa hartu genuen, hau da, mendebaldera. Metro batzuk ibili ondoren, harkaitz batzuen artean horma etzan eta belartsu batera iritsi ginen. Bitan pentsatu gabe horma kontu handiz jaisten hasi eta erlaitz belartsu eta horizontal batera iritsi ginen.

Horma belartsua jaisten hasi ginen lekuan.

Erlaitza alderik alde oinez zeharkatuz, ipar-ekialdeko sarrera ezkutatzen duen kontrahorma itxurakora iritsi ginen, harkaitz-moko batean amaitzen dena. Kontrahormaren ertzetik beheraka jarraitu eta harkaitz-mokoa kontu handiz inguratu genuen, kontrahormaren bestaldera pasatuz. Metro hauek ez zitzaizkigun teknikoki zailak iruditu baina oso agerikoa den pasagunea da. Oinen azpian irekitzen den amildegia sekulakoa da eta hobe da pasagune honetan irrist ez egitea.

Argazki honetan erlaitz horizontaletik ipar-ekialdeko sarrerara arte jarraitu behar den bidea ikusi daiteke.

Ageriko pasagunea atzean geratuta, kontrahormaren ekialdeko hormatik gertu mantenduz Damaren zuloko ipar-ekialdeko sarrerara iritsi ginen.

- Pasitoa errexa, baña belarra bustie badau eztakit ba...
- Belarra bustie badau hobe beste bateako uztea - erantzun zidan Asierrek arrazoi osoz.

Damaren zuloko ipar-ekialdeko sarreran. Puntu zuriz, bertara iristeko jarraitu genuen bidea.

Izerdiz bustitako motxilak lurean utzi eta burua kobaren barrura sartu nuen:

- Bueno, honek gutxiñez koba baten itxura daukela emateu...- esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatuz.

Asierrek kobaren sarrera miatzen zuen bitartean, ekialdera luzatzen den erlaitza zeharkatu nuen, kobara iristeko beste bide “errazago” bat badagoen ikusteko. Baina nire ibilbideak ez zuen asko iraun eta hamar metro eskas ibiliak nituenean buelta hartu behar izan nuen, erlaitzak amildegi batera eramaten ninduela ikusita.

- Hemendio bideik eztau – esan nion argazki bat egiten nion bitartean.

Argazki honetan ipar-ekialdeko sarreraren gainean dagoen horma bertikala ikusi daiteke.

Kobaren ipar-ekialdeko sarrera leku malkar eta heze batean kokatuta dago, eguzkiaren izpietatik urrun, Aketegiko ipar-hormak osatzen duen amildegitik zintzilik egongo balitz bezala. Baina leku basati eta ilun batean dagoen arren, bertako ikusmira itzela da. Sarreran eroso egoteko erlaitz bat badago ere ez da erlaitz zabal bat eta komeni da motxilatik ateratzen dugun materiala gertu izatea Aarilepoetako mendi-lepoan bukatzea nahi ez badugu.

Ur pixka bat edaten genuen bitartean kaskoa eta kopetako argia jartzeko aprobetxatu genuen, sasi-espeleologo igandezaleen itxura hartuz. Motxilak sorbaldetatik zintzilikatuz Damaren zulora sartu ginen.

Koban sartzeko prest. Bertako ikusmira itzela da. Argazkiaren eskuinean, zeruertza dominatuz Larrunarri ikusi daiteke.

Zuloa lehenengo metroetan ez da oso altua eta makurtuta jaitsi behar da.

Lehen metroetan.

Lehen metroen ondoren buelta hartu nuenean.

Lehen metro "baxu" hauen ondoren kobak altuera irabazten du. Marik arrera ona egiten omen die berarengana joaten direnei. Norbaitek hiru aldiz jarraian "Aketegiko Dama" deitzen badio, deitu dionaren buru gainean jartzen da bera. Guk badaezpada ez genuen horrelakorik egin: "direnik ez sinistu, ez direnik ez esan".

Asier kobak altuera irabazten duen lekura iristen.

Begiak argitasun faltara ohitzen hasi zirenean kopetako argiak piztu eta zur eta lur geratu ginen:

- Ostia, hau bai dela koba bat...

Gure parean sala handi eta zabal bat agertu zen, jauregi bateko hall baten modukoa.

Salaren erdian gora begira.

Salara iristen...

Salaren eskuinetik argitasuna sartzen zela ikusita bertara zuzendu ginen, Mari sutondoan topatuko genuenaren itxaropenarekin, Zegaman esaten delako askotan ikusten dela Mari bere kobako sukaldean su ondoan eserita, ilea orrazten. Baina argitasuna kobaren iparreko zulotik zetorren, Goierrira irekitako leiho ikusgarri eta erraldoia. Bertara hurbildu eta gure oinean Aarilepoetako mendi-lepoa agertu zen, kotxea utzi genuen lekura arte luzatzen den pagadia, baita, pagoen adarren artean, Zegama eta Goierriko beste herriak ere.

Salaren sarreran...

Damaren zuloko iparreko sarreran.

Iparreko sarrerak eskeintzen duen ikusmiraz une labur batez gozatu ondoren, buelta hartu eta berriro kobaren barrura itzuli ginen. Eguzkiaren azken izpia iristen zen mugatik aurrera iluntasunera pasa ginen, errealitatearen eta mitologiaren arteko munduak banatzen dituen atea zeharkatuz.

Eguzkiaren izpiak iristen diren lekua.

Mariren jatorriari buruz Zerainen diotenez, Eguskitza baserriko (Mutiloa) alaba batek ostadarra ukitu eta Mari bihurtu omen zen. Handik aurrera askotan suzko igitai baten antzera azaltzen zen, ortzia alderik alde zeharkatuz. Gu oraingoz presentzia berezirik ikusi gabe gindoazen, ahozabalik, joku-denda batean sartu diren haurren moduan batera eta bestera begira, liluratuta, edozein momentuan Mari bera edo bere logelako urrezko oheak parez pare topatuko bagenitu bezala.

"... joku-denda batean sartu diren haurren moduan...".

Koba isilik zegoen, lo, baketsu. Isiltasuna zorua estaltzen duten harri eta harkaitz-blokeen gainean emandako pausuek ateratako hotsak apurtzen zuen, lotsagabe, leku sakratu bat bortxatzen ari ginenaren sentsazioa transmitituz. Marik bakarren bat koban gatibu bazuen, edo isilik zegoen edo ez zegoen koban momentu horretan. Marik gatibu hartzen zituen nesken inguruan istorio ezberdinak daude: Zegamako baserri bateko neska batek orduak ematen zituen orrazten, eta honek bere ama haserretu egiten zuen. Behin amak madarikatu egin zuen esanez: "Mila deabruk eramango al haute!!". Alaba bat-batean desagertu zen. Geroago giza hezurdura itxurarekin Aizkorriko kobaren ondoan zegoen artzain bati azaldu zitzaion eta amaren madarikazioaren ondorioz gatibu zegoela azaldu zion. Mutiloan antzeko istorio bat kontatzen da, baina istorio honetan gatibu zegoena artzain neska bat zela esaten da. Behin artzain batek koba batean argi-bolada bat sartzen ikusi zuen. Desagertutako neska zen.

Argazki honetan kobaren zorua estaltzen duten harri eta harkaitz-blokeak ikusi daitezke.

Kobaren amaierako salan, itzal hegalaria agertu aurretik.

Kobaren amaierara iristear geundela kopetako argiaren artean itzal hegalari bat hurbildu zitzaidan:

- Kaguen diezzzz!!! – Oihukatu nuen.
- AAAAAGGGGGGHHHH!!!

Asierren garrasiak sekulako sustoa eman zidan, itzal hegalariak eman zidana baino handiagoa.

- Ze kristo? – bota nion buelta hartuz.
- Zure oihuk kriston sustoa eman dit ta garraxie atea zait – erantzun zidan lotsati.

Bion bihotz-taupadak bere normaltasunera itzultzen ziren bitartean barrezka hasi ginen, adrenalinak batzuetan eragiten duen fundamentu gabeko barre horrekin, sustoa eragin zigun itzal hegalariari kasurik egin gabe.

- Xaguzar bat da – esan zidan Asierrek lasaitu ginenean.

Koba ixten den salan saguzar bat zebilen batera eta bestera hegan. Koba honetan Mari bele baten moduan agertu izan dela bagenekien, baina saguzar itxurarekin agertu izanaren dokumenturik ez dagoenez lasaitu egin ginen: "direnik ez sinistu, ez direnik ez esan".

"Saguzarra non dagoen identifikatu nahian...".

- Ta argik itzaltzen baditteu? – Proposatu zidan Asierrek.
- Earki, baña xaguzarra burun gañea etortzen bazait garrasika ta korrika hasiko dena ni izango naiz, jejeje - erantzun nion argia itzaliz.

Iluntasunari begira, begiak irekita edo itxita ote genituen jakin gabe, une batez koba isiltasunean eta bakardadean sentitzeko aukera izan genuen. Tenperatura goxoa zen, atsegina, baina hala ere gorputzeko ileak tente nituela nabaritzen nuen, bakarrik egongo ez bagina bezala. Sentsazio hau ziurrenik edozein momentuan saguzarra hurbilduko zenaren beldurrak sortutakoa izan bazen ere, leku honetan energia berezi bat sentitzen dela esan beharra daukat. Kopetako argiak segundo gutxietara piztu arren, iluntasunean egon ginen bitartean denbora gelditu izan balitz bezala sentitu ginen.

Gehienetan uste denez, Mariren bizilekuak apaingarri aberatsez, urrez eta harri bitxiz hornituak daude, Aketegiko koban adibidez, oheak urrezkoak omen dira, Zegaman esaten denez. Baina guk ez genuen ez urrezko oherik topatu ezta urrezko txanpon edo bitxirik ere. Bitxirik ez badago ere, argitzen genuen bakoitzean kobaren sabaia milaka argiz pizten zen, neguko gau izartsu baten moduan.

Kobaren amaierako salatik irteten.

Eguzki izpiak iristen diren lekuan, atzean iparreko sarrera.

Mito eta errealitatearen arteko atea berriro ere zeharkatu ondoren eguzki izpiek iparreko sarrera eraman gintuzten pixkanaka, presarik gabe, epel, kopetako argiak itzali genituen arte.

Ipar-ekialdeko sarreraen azpian.

"... kopetako argiak itzali genituen arte".

Damaren zuloaren sarrerako harkaitz batean eserita barratxo energetikoak, ura eta hizketaldirako denbora partekatu genituen.

- Pasada, eh?
- Bai, nork esango zun hemen holako koba bat daunik…

Aztarna arkeologiko eta biologikoen bila hainbat indusketa egin arren, koba oso egoera onean dagoela iruditu zitzaigun, inor pasa izan ez balitz bezala. Guk ere ez genuen bertatik pasa ginenaren aztarnarik utzi eta errespetu osoz ibili ginen denbora osoan, nahiz eta argiekin esnatu genuen saguzarrak berdin pentsatuko ez duen.

Damaren zuloko iparreko sarrera, denbora eten eta gelditu den leku horietako bat.

Atsedenaren ondoren berriro ere martxan jarri ginen. Ipar sarreratik atera eta honen eskuinean dagoen aldapa belartsua igotzen hasi ginen, ipar-ekialdeko sarrerara eraman gintuen erlaitz belartsuarekin topo egin genuen arte.

"Aldapa belartsuaren lehen metroak".

Damaren zuloko iparreko sarreraren atarian.

Aldapa belartsua igotzen ari nintzela Damaren zuloari azken begirada bat botatzeko aprobetxatu nuen.

Damaren zuloko iparreko sarrera, atzean Iraule eta Arbelaitz.

Aldapa honek ez du 40-45 graduko inklinazioa baino gehiago izango baina belarra bustia egonez gero kontu handiz ibili beharreko lekua da, txirrista erraldoi baten itxura duenez, irrist egin, Damaren zuloa azkar-azkar agurtu eta Aarilepoetako mendi-lepora arte hegaldia egiteko esperientzia bizi nahi ez badugu behintzat.

Aldapa belartsuaren amaieran.

Aketegiko ipar-hormaren ertzera itzuli ginenean neguan maiz jarraitzen dugun jaitsiera hartu genuen, Ordiziatik Aketegiraino oinez etorri ginenean jarraitu genuen jaitsiera bera.

Hormaren ertzera ateratzen.

Aarilepoeta mendi-lepotik egindako argazki honetan gutxi gora behera egin genuen bidea ikusi daiteke. Gorriz jaitsierakoa, zuriz igoerakoa.

Oraingoan ordea ez ginen Zegamaraino jaitsi, eta Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidearekin bat egin genuenean, ezkerrera (jaitsierako noranzkoan) hartu genuen itzubiagako iturrira zuzenduz.

Iraule eta Arbelaitz, neguko abenturetako protagonistetako batzuk. Irauleko puntan mendizale bat ikusi daiteke.

Damaren zuloan fresko eta eroso egon izan ginen arren, kanpoan sargoriak gogor jotzen jarraitzen zuen, gupidarik gabe, azaleko poroak ireki eta izerdiari gorputza askatasun osoz zeharkatzeko baimena emanez.

- Bero honekin holako ude edatek prezioik eztauke.
- Ya lo kreo – erantzun nion Asierri kantinplora iturrian betetzen nuen bitartean.

Inguruan zeuden zaldien begirada axolagabepean zintzurrak erruz freskatu genituen.

Itzubiagako iturria.

Jaitsierarako badaezpada kantinplorak berriro ere bete genituenean berriro ere martxan jarri ginen, Zegamako tren geralekura arte iristen den bidea jarraituz.

Metroak galtzen genituen heinean airearen pisua handituz zihoan, sargoriaren sentsazioa ahalik eta astunagoa bihurtuz. Jaitsierako bide hau hasten den langara iritsi ginenean, errepidea bertan ikusteak pisu bat gainetik kentzea bezalakoa izan zen, ibilbidearen amaiera gertu baitzegoen.

Itzubiagako iturrira arte luzatzen den bidea hasten den langara iristen.

Errepidetik azken metro batzuk motel egin ondoren geralekura itzuli ginen.

Ibilbidearen azken metroetan.

Sargoriak eragindako neke eta izerdien gainetik izugarrizko zoriontasuna sentitzen genuen gure barnean. Bederatzi hilabeteren ondoren, haurdunaldi baten moduan, gure amets txikia betetzeko zortea izan genuen. Mariren koba bakoitzak bere berezitasunak ditu eta ez naiz ausartzen esatera hiru kobetatik ederrena zein den. Hiruetan energia berezi bat sentitzen da, magia berezi bat, hitzetan jartzea kostatzen zaidan sentsazio berezi bat sentitzera eramaten zaituena. Hiru kobek denbora gelditzeko ahalmena dutela ere esan daiteke, bertan zauden bitartean minutuak ziztu bizian joaten delako. Hiru kobeetan gizakirik pasa ez dela dirudi eta koba hauek lehen aldiz aztertu zituzten gizakiek ikusiko zutenaren ideia islatzen dute.

Baina koba hauek islatzen duten magia berezi hori mantendu nahi badugu gure esku dago kobak eta eta kobetako izaki bizidunak errespetatu eta zaintzea, gure atzetik etorriko direnei guk sentitu eta bizi izan genuen bizipen hori ondare bezala uzteko. Arduraz jokatzea gure esku bakarrik dago...


Bitartean gauero zeruari begiratzen jarraituko dugu suzko igitai batek ortzia zeharkatzen ote duen ikusteko...


"Direnik ez sinistu, ez direnik ez esan"


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Zegama udalerriko mapa. Dunba argitalpen lanak S.L., 2017.
- Aloña Mendi Espeleologia taldearen bloga. Aketegiko Damiaren koba. Eskuragarri: http://espeleoamet.blogspot.com/2018/10/aketegiko-damiaren-koba.html
- Ansa Munduate, J.M. La Dama de Aketegi: cuando realidad y leyenda se aúnan en su morada. Pyrenaica aldizkaria, 1994; 177: 194-199. Eskuragarri: http://hemeroteka.pyrenaica.com/uploads/aldizkaria/177/pdf/pyrenaica_177_42.pdf
- Eusko Jaurlaritzaren web orria, Kultura eta hizkuntza politika Saila. Arkeologia ondarea. Aketegiko haitzulo. Eskuragarri: https://www.euskadi.eus/app/ondarea/arkeologia-ondarea/aketegiko-haitzulo/aztarnategi-paleontologikoa/zegama/fichaconsulta/54618
- Barandiaran JM. Mitologia vasca, 12º edición. Donostia. Editorial Txertoa, 1996.
- Barandiaran JM. Mitologia del Pueblo Vasco, 22-45. Lasarte. Editorial ostoa, 1997.
- Barandiaran JM. Euskal Herriko mitoak / Mitos del Pueblo Vasco, 73-96. Donostia. Gipuzkoako Kutxa, 1988.


2 iruzkin:

  1. Obeto etzeok esateik:direnik ez sinistu, ez direnik ez esan.
    Beste behin, lan bikaña Xabi

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Milesker!!! Kronika hau idazteak nahi baino denbora gehiago eraman zidak, kntsulta asko egin behar izan dizkiat partekatu aurretik...

      Ondo izan!!!
      Smithy

      Ezabatu