AZKEN 10 SARRERAK

2021/10/03

GRAN FACHA (3.005 m): "FREE SOLO 1980" BIDETIK, 400 m, III+. 2021/08/27


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

XIX-XX mendeko esploratzaile eta abenturazaleen motibazioetako bat mapetako tarte zuri eta hutsak marrazten jarraitzea izan zen, esploratzaile hauen espedizioak diruz laguntzen zituzten herrialdeetako helburuen artean helburu zientifiko, ekonomiko eta erlijiosoak bazeuden ere. Aurreko esploratzaileek zapaldu gabeko eremuetan sartuz, zer aurkituko zutenaren jakin-minez, kuriositateak kutsatuta, pixkanaka mapak zabaltzen joan ziren, mundua eremu hutsik gabe geratu zen arte. Modu honetan, ezezaguna zena ezagun bihurtu zuten. Eta ezezaguna dena ezagun bihurtu nahi izatearen gogo eta izpiritua izan daiteke eboluzioak genetan utzi digun herentzia handienetako bat.

Aizkorriko kanalen inguruko hitzaldiak eman izan ditudanean izpiritu eta gogo honi erreferentzia egiten diot, modu apalago batean hau delako mendizaletasuna ulertzeko dugun modua. Behin eta berriz jarraitzen ditugun ohiko bideetatik kanpo abentura politak ditugu gure zain, bai Himalaian baina baita Larrunarri edo Igeldon ere. Honekin ez dut esan nahi jarraitzen ditugun ohiko bideak alde batera utzi behar direnik edo ohiko bideetan abenturarik bizi izan ez daitezkeenik ere, ezta gutxiagorik ere, baina ohiko bide hauetatik batzuetan irten eta bide ezezagunetan murgiltzeak (nahiz eta bide ezezagun hauek beste batzuen ohiko bideak izan) gure izate primitiboraino eramaten gaitu, eta pasa den mendeko esploratzaileen moduan, kuriositateak kutsatuta, ezagunak ditugun mendiak modu berri eta ezezagun batean biziko ditugu.

Izpiritu eta gogo honetaz kutsatuta aurre egin genion Asier eta biok kronika honetan azaldutako Gran Fachako igoerari.

Gran Facha izena "fascia" hitzetik omen dator, leku estu eta altu bati izendatzeko erabili ohi dena. Lehen igoera norena izan zen ez dakigu, ehiztariek sarrioak ehizatzeko begiratoki bezala erabiltzen zutelako. Lehen igoera dokumentatua aldiz, 1870 urtean Henri Durand eta Pierre Latour-ek sinatu zuten, baina ez zuten honen berri eman 1909 urtera arte. Tartean, 1874 urtean, lehen igoera egin zutela pentsatuz, Henry Russell eta Clémente Latour-ek gailurrera iritsi ziren. Hurrengo urteetan mendi honek ospea irabazi eta garai hartako pirineistarik ezagunenak hurbildu ziren, horien artean Bouillé, Passet eta Bernat Sallés 1896 urtean, Vignemaleko Gaube korridorearen eskalada eta Midi D'Ossauko ipar hormaren zeharkaldia lehen aldiz beteko zuten urte berean. 1941 urtean Maïte Chevalier-ek izandako istripu batean bere piolet apurtuak bizitza salbatu zion. Eskerrak emateko 25 kilotako Lourdesko Amabirjin bat gailurrera igotzea ahalbideratu zuen. Honen ondoren, urte askotan abuztuaren 5ero gailurrean peregrinazio bat ospatu izan zen meza eta guzti, mugaren bi aldeetako gotzainen presentziarekin. Egun, gailurrean eraikitako zementuzko estalpe txikian Amabirjin txiki bat gordetzen da.

Gran Facha ikusgarria Camporoplano aintziratik ikusita.

Gran Fachara igotzeko eskalada-bide ezezagun bat aukeratu genuen. Honen inguruan ia ez dago informaziorik: 2009 urteko urtarrileko Desnivel aldizkarian igoera honen eskuinean dagoen “Euskaldun sorginen oroitza-penetan” eskalada-bideari erreferentzia egiterakoan, “1980 urtean bide honen ezkerrean II/III zailtasuna duen beste bide bat ireki zela” aipatzen da soilik. Luis Alfonsok 2021 urtean argitaratutako “Valle de Tena” liburuan aldiz, eskalada hau 1980 urtean Gustavo Mañezek sokarik gabe lehen aldiz eskalatu zuela irakurtzeaz gain, eskaladak Gran Facharen ipar mendebaldean dagoen beta zuri erraz eta polita behetik gora jarraitzen duela eta III zailtasunaren baitan dagoela ere irakurri daiteke. Ez dago ez krokisik ezta beste informaziorik ere. Kronika hau partekatzear nengoela, Gustavo Mañez-en Facebook-en profila aurkitu eta bertan dauden argazkien artean bide honen inguruko bi argazki topatu nituen. Argazki hauetan, Luis Alfonsok "Veta blanca" bezala izendatutako bideari "Free solo 1980" izena eman ziola ikusi daiteke.

Gustavo Mañezek facebook-en partekatutako krokisa. "Euskaldun Sorginen oroitza-penetan" bideari erreferentzia egiten badio ere, ezkerrean "Free Solo 1980" bidearen krokis bat ikusi daiteke.

Gustavo Mañenezek partekatutako bigarren argazkia, non bidearen nondik norakoak ikusi daitezke.

Informazio "eskas" hau eskuetan zalantza handiak genituen, eskalatzeko eramango genuen materialari dagokionez batez ere. Duela 40 urte eskalatutako bidea izanda, III zailtasuna zein puntura arte “erreala” izango zen ez genekien. Buelta batzuk eman ondoren, V/V+ zailtasuneko bide bat eskalatzeko eramango genuen material bera eramatea adostu genuen: “hobe deu materiala sobran eukitzea faltan baño” izan zen konbentzitu ninduen esaldia.

Niretzat igoera hau oso berezia izango zen, inkognitaz betetako eskalada bat izateaz gain Gran Facha Tena bailaran igotzeko falta zitzaidan azken hirumilakoa zelako.

Oraindik ez nekiena zen jaitsiera ezohiko bide batetik ere egingo genuela, mapetan marraztuta agertzen ez den bide horietako batetik…

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 400 metro.
- Luze kopurua: Guk ensanble moduan eskalatu genuen.
- Nork irekia: Gustavo Máñezek 1980 urtean.
- Zailtasuna: III+. Pasagune errazenak eskalatuz gero ez dugu uste III zaitasunetik igoko denik. Bideak bertan dagoen beta zuri nabarmena behetik gora jarraitzen du,
- Ura: Respomuso aterpeko iturrian hartu daiteke.
- Orientazioa: Ipar-mendebaldea.
- Hurbilketa: La Sarratik Gran Fachara doan ohiko bidea hartuko dugu. La Fachaco aintziretara iritsitakoan, bidea utzi eta hartxingadi maldatsu bat igotzen hasiko gara betaren oinera iritsiz. Lasai ibilita guk 5 ordu behar izan genituen.
- Jaitsiera: Kronika honetan mendiaren mendebaldeko aurpegitik jaitsi ginen Camporoplano goiko aintziretara iritsiz. Aintzira hauetatik, ipar aldera doan kanal estu bat jaitsi genuen berriro ere igoerako bidearekin bat egiteko. Guk jarraitutako bideti, presarik gabe lau ordu eta berrogei minutu pasa genituen.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 6 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Material hau guztia eraman arren, 3-4 friend ertainekin igoera arazorik gabe egingo dugu. Pasabiderik errazenak bilatuz igotzen badugu, sokarik gabe egin daitekeen eskalada izan daiteke, beti ere III zailtasunaren inguruan zailasunik gabe eskalatzen badugu. Hori bai, teknikoki erraza izan arren, betalen goiko aldeko harkaitza oso hauskorra da.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ibilbide osoa hamabi orduetan bete genuen. Bidea eskalatzeko ordu eta laurden inguru,

Ibilbidearen nondik norako orokorra. Zuriz igoerako bidea, gorriz eskalada eta urdinez jaitsierako bidea.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Goizeko bostak hogei gutxitan La Sarrako aparkalekua abandonatzen lehenak izan ginen. Atzean geratu ziren “Vía del Ibon” bidearen eskalada, afariko solomo ogitartekoak, zakuaren barruan pasatako gau epela eta gosari azkar eta azukrez betea. Hamabi ordu inguruko ibilbidea kalkulatuta genuenez igoera lasai hartu genuen, indarrak amaiera arte gordetzeko asmotan.

Ateratzeko prest. Ah ez!!!! Furgoaren sabaia jaistea ahaztu zaigula, jejeje.

Egunaren lehen argiek goizeko zazpietan harrapatu gintuzten, Respomuso aintziraren mendebal ertzetik gertu. Igoerak eta motxila astunek eragindako berotasunagatik arropa pixka bat kentzen genuen bitartean, zeruan mendiak marrazten hasi ziren betortz erraldoien modura, zeruertzari zerra baten itxura emanez.

Egunaren lehen argiak...

- Ur botila bete beharkoet – esan zidan Asierrek irribarre maltzur batekin Respomuso aterpeko iturrira iritsi ginenean.
- Ah pájaro!!! Ni hemen asto modun kargauta ta zu pixue ahorratzen, jejejeje!!! – erantzun nion txantxetan.

Respomuso aterpeko iturria. Honera arte urik gabe lasai asko igo daiteke.

Aterpearen kanpoaldea mendiko arropa marka ezagun baten publizitatez beteta zegoen, izan ere asteburuan “Valle de Tena Trail” lasterketa ospatuko zen. Respomuso aintziratik zetorren haize freskoaren eraginez, publizitateko banderak batera eta bestera mugitzen ziren postura egoki baten bila ariko balira bezala. Goizeko zazpiak eta laurden izanda, aterpearen barruan mendizaleen joan etorria hasita zegoen. Mendizale goiztiarrenak aldiz, aterpearen kanpoan zeuden egunsentiaren zain.

- Hemendio aurrea netzako territorio komantxe da – esan nion berriro ere martxan jarri ginenean -, ez naiz sekula hemendio gora ibili eta...

GR-11 ibilbidea jarraituz, Respomusoko aterpearen argi, mugimendu eta hotsak pixkanaka atzean geratu ziren. Begiak zabal-zabalik neramatzan, inguratzen ninduen paisaia berri eta ezezagun hau asimilatu nahian.

Eta a zer nolako paisaia ederra!!! Zerua islatzen zuten aintzira garbien artean, harkaitzak eta pinuak tartekatzen ziren Alpeetako bailaren moduan. Aintziren gainetik, belarrak pinuei lekua hartzen zion mendiak berde kolorez jantziz, eta zerura hurbiltzen garen heinean harkaitzek bazterrak hartzen zituzten, piramideak diruditen mendiei itsura menderaezina emanez. Denbora gelditu dela dirudien paisaia horietako bat zela iruditu zitzaidan, denbora gelditu daiteken paisaia horietako bat.

Paisaia alpinoak...

"Las Ranas" aintziraren parean...

Azken aintzira (“Las Ranas” deiturikoa) atzean geratu zenean Camporoplano aintziraren euste-horma ezerezetik agertu zen, gizakiaren eskuek ingurune honetan utzitako zementuzko orbain beldurgarria. Euste-horman GR-11 ibilbidea utzi eta aintzirara zuzendu ginen, honen eskuineko ertzetik (igoeraren noranzkoan) doan bide zapaldu eta nabarmena jarraituz.

Camporoplano aintziraren euste-horman. Bidea, argazkian ikusten den moduan, aintziraren eskuinetik jarraitzen du. Atzean, argazkiaren erdian gutxi gora behera, Gran Facha ikusi daiteke.

- Arraiek dare!!!

Aintziraren ur gardenetan, noraezean egongo balira bezala, arrain txiki batzuk batera eta bestera bueltaka zebiltzan, ur geldoari mugimendu itxura emanez. Aintzira Camporoplano izeneko bailara zabalean kokatzen da eta bertan mugan dagoen San Martin lepora (iparrean) edo Wallon aterpea eta Gran Fachara joateko erabakia hartu behar da. San Martin lepora doan bidea utzi, eta aintzirara iristen den errekastoa gurutzatu ondoren, Wallon aterpera eta La Facha lepora zuzentzen den bidea hartu genuen, harkaitz handi batean irakurri ahal izan genuen moduan.

Errekastoa zeharkatu ondoren.

Harkaitzak argi adierazten du jarraitu beharreko bidea.

Modu honetan Camporoplano sakanean sartu ginen. Eguzkia gailurrak argituz zihoan arren, bailarak oraindik itzalpean eta hotz mantentzen ziren. Izan ere, atentzioa deitu zigun aintziraren inguruko zelaiak izotz geruza fin eta hauskor batez estaliak egotea.

Camporoplano sakanan sartzen...

Camporoplano sakana Gran Facha eta Pico de la Peira mendien arteko sakana da, La Facha aintziretatik isurtzen den errekastoak goitik behera zeharkatu eta mendeetan sakondu duena. Metroak irabazten diren heinean bidea pixkanaka estutuz doa eta errekastoaren eskuinetik (igoerako noranzkoan) jarraitzen du, errekastoak egiten duen moduan, salto edo koxka ezberdinak igoz.

Altuera irabazten genuen heinean Gran Facharen piramidea geroz eta nabarmenagoa zen, inguratzen duen guztia txiki bihurtuz.

- Hara, dauneko beta txurie ia osoik ikustea!!! – Bota nion Asierri mendia seinalatuz.

Gran Facharen ipar-mendebaldeko horma parez pare genuen. Hormaren gris kolore ilunarekin kontrastatuz, glaziar baten mingain estu bat izango balitz bezala, beta zuri batek horma behetik gora zeharkatzen zuen. Bioi Vignemaleko ipar hormako ofita berdeko beta burura etorri zitzaigun, baita bertan bizitako abentura latza ere.

Hurbiltzen garen heinean Gran Fachak inguruko guztia txiki bihurtzen du. Argazki honetan beta zuria nabarmen ikusi daiteke.

Metroak irabazten genituen ahala, Gran Fachatik amiltzen den hartxingadiak bidea estali zuen igoera ezeroso bihurtuz.

Hartxingadiaren hasieran, Respomusoko aintzira urrun geratzen da. Atzerago, zeruertzean, Midi D'Ossau ikusi daiteke.

Bastoiak lurrean ongi sartuz, metroak motelago irabazten jarraitu genuen, gure aurrean La Facha aintzirak agertu ziren arte:

- Nundio jarraittuko deu? – galdetu nion Asierri.
- Igual hobe hemendio gora pixkanaka hasten bagea harrikarea zeharkatuz.

Aintziretara iritsi baino lehen, La Facha lepora doan bidea utzi, eta hartxingadia eskuinetik (igoerako noranzkoan) mugatzen duen hormatik gertu mantenduz, maldan gora hasi ginen.

La Facha lepora doan bidea utzi genuen lekutik egindako argazki honetan gutxi gora behera jarraitu genuen bidea marraztu dut.

Hartxingadiaren egoerak onerako harritu gintuen, harriak dirudiena baino sendoago itsatsita daudelako. Honek metroak uste genuena baino azkar eta erosoago irabaztea posible egin zuen, denbora gutxian aintzirak gure azpian geratuz.

Atzera begirada. Azpian La Facha lepora doan bidea ikusi daiteke, baita bertatik doazen mendizale batzuk ere.

Hartxingadiaren erdian... Dirudiena baino erraz eta erosoago zeharkatzen da.

Metroak irabazten genituen heinean hartxingadia pixkanaka zeharkatzen joan ginen, beta zuriaren parera iritsi ginen arte. Azkeneko zeharkaldi horizontal baten ondoren, goizeko hamarrak hogeita bost gutxitan beta zuriaren punturik baxuenera iritsi ginen.

Beta zuriaren oinera iristeko egin genuen zeharkaldi horizontalean.

- Joer, hoik die bistak hemendio darenak – esan nion Asierri Balatius-Frondiellak mendigunea seinalatuz.

Materiala prestatu eta barratxo energetiko bat murtxikatzen genuen bitartean bira aztertzen hasi ginen. Betaren ezker aldean pasagune estu eta bertikal bat identifikatu genuen, zaila izan zitekeenaren susmoa hartu geniona. Inguruko hormetatik eroritako harkaitz eta harriz estalita bazegoen ere, betari kolore zuria ematen dion harkaitza trinkoa zirudien. Bere osotasunean baloratu ondoren, igoerarik garbiena betaren ezker ertzetik gertu mantenduz eskalatzea izango zela ondorioztatu genuen.

"Joer, hoik die bistak hemendio darenak...".

- Ensanblen eskalauko deu, ez? – proposatu zidan Asierrek -, Azpitio ikusita eztu zaile ematen.
- Bai, hobe deu – erantzun nion -, txarrenen horman bat topauezkeo largon bat ingo deu.

Asierrek arnesaren uztaietan zintzilikario guztiak zintzilikatzen zituen bitartean 30 metroetako soka finak zabaldu nituen. Itzalpean goizak fresko jarraitzen zuen eta eguzkia beta amaitzen den ertzera iritsi aurretik ez genuela ikusiko bagenekienez, polarrak kendu gabe eskalatzea erabaki genuen.

Beta zuriaren lehen metroak etzanak dira eta aparteko zailtasunik ez dute (II+). Asierrek bi aldeetako hormetatik eroritako harkaitzak ekidinez igotzen zuen bitartean, soken 30 metroak amaitu arte zain geratu nintzen ni ere igotzen hasteko.

Beta zuriaren lehen zati etzanaren amaieran, hartxingadira iristen.

Hasierako harkaitz-plaka etzanaren gainetik harri askez osatutako hartxingadi estu bat dago. Hartxingadia ahal izan genuen duinen zeharkatu ondoren berriro ere betara zuzendu eta honen erditik eskalatzen hasi ginen ezker aldera desbideratuz (III-). Harkaitza hotza zegoen, arimarik izango ez balu bezala. Hala ere hotzak behatzetan mina egiteko modukoa ez zen eta eroso gindoazen eskalatzen. Hotz handiarekin eskalatzen denean eta honen eraginez behatzak soraio geratzen direnean sentsazio desatsegin eta mingarria da, heldulekuak ez direlako sentitzen. Helduta dituzun hori zein puntura arte helduta duzun ez jakiteak ziurgabetasun handia sortzen du, eskalada psikologikoki gogorra bihurtuz. 

Betaren ezker aldera pasa ondoren, ezproiaren oinean.

- Hara, plastikozko botila bat – bota zidan -, hemendio bakarren bat pasako zan…
- Igual haizek goitio ekarritakoa izan leike – erantzun nion - ze hemendio eztet uste jende asko pasako zenik.

Nahiz eta beta eta honen ezkerreko horma ilunaren arteko tartetik eskalatzeko aukera errazagoa izan, Asierrek betak ezker aldean osatzen duen ezproi itsurako bat eskalatzen jarraitzea erabaki zuen (III), igoerari zailtasun apur bat emateko asmotan. Harri askeak badaude ere, lehen metro hauetako eskalada ez zitzaidan txarra iruditu, eta azpitik ondorioztatu genuen moduan, betako harkaitz zuria sendoa zen.

Ezproia eskalatzen.

Ezproiaren gainetik behera egindako argazkia. Harri aske asko dauden arren, eskalada nahiko garbia egiten da.

Eskalatzaile bakarra izango bagina bezala batera eskalatzen gindoazen, abiadura berean, bion arteko zilbor-hestea tenkatuta eramaten saiatuz. Egunak fresko jarraitzen bazuen ere gorputzak epel mantentzen genituen, etengabe mugitzen ari ginenaren seinale.

Ezproi itsurakoa eskalatu genuenean (III) pixkanaka ezker alderako joerarekin eskalatzen jarraitu genuen betak osatzen duen bihurgunea jarraituz. Metro inklinatu batzuk eskalatu ondoren (III-), eskalatzen hasi aurretik ikusi genuen pasagune estu eta bertikalaren oinera iritsi ginen, tximinia baten itxura duena.

Pasagune estura iritsi aurreko horma inklinatuan (III-).

- Hemen mendiko zapatilla bat dau!!! – oihukatu zidan Asierrek harridura ahotsarekin.
- Mendiko zapatilla bat? Hankaik gabe? Jejeje.
-Bai, bai, ta gañea berrie da, New Balance markakoa.

Asier pasagune estua eskalatzen hasi zen, tarteka beta zuritik mantenduz, tarteka ezker oina ezkerreko horma ilunean jarriz. Pasagunea ez da azpitik dirudien bezain bertikala eta erraztasun osoz eskalatu zuen. Hala ere, badaezpada bertan  bertan friend bat trabatu zuen (III).

Tximinia itsurako pasagune estuan (III).

Asierrek pasagunea eskalatzen zuen bitartean zapatila zegoen lekura iritsi nintzen. Zur eta lur geratu nintzen. Nork galtzen du zapatila bat hau bezalako leku malkarrean? Eta ohiko bidetik eroritako zapatila bat balitz ere, zapatila galdu zuenak menditik nola demontre jaitsi zen? Erantzunik gabeko galdera hauek buruan nenbilela, zapatila eskuetan hartu, eta bakarren bat bila etorriko balitz, badaezpada begi-bistako leku batean utzi nuen, pasagune estua eskalatzen hasiz.

Pasagunea eskalatuta eta metro batzuetan betaren ezkerrean mantenduz eskalatzen jarraitu bagenuen ere (III-), Asier pixkanaka eskuin alderako joera hartu zuen, zailtasunaren bila (III).

Pasagune estua eskalatu ondoren egindako argazkia. Asier dagoen lekutik aurrera eskuin aldera pasa zen eskuinean duen ezproi itsurakora igotzeko.

Modu honetan 4-5 metro inguruko hormatxo bertikal baten oinera iritsi zen, ezkerretik arazorik gabe saihestu daitekeena.

Horma bertikalaren oinean, eskalatzen jarraitzeko aukera ezberdinak aztertzen.

Bitan pentsatu gabe hormatxoan friend bat trabatu eta erraztasun osoz eskalatu zuen (III+).

Horma bertikalaren azken metroetan (III+).

Orain arteko eskalada ederra iruditzen ari zitzaidan, gozatzeko modukoa, eta zailtasunaren aldetik, oso eramangarria. Harri askeak nonahi bazeuden ere, ez zitzaidan iruditu enbarazu handirik egiten zutenik, izan ere Asierrek orain arte harri gutxi bota zituen, eta sokak ere, marruskaduraren eraginez ia ez zuen harririk bota.

Hormatxoa eskalatu nuenean Asier harkaitz-moko baten inguruan muntatu zuen bilgune inprobisatu batean zegoela ikusi nuen:

- Expressak bukatzen ai zaizkit… – esan zidan.
- Pentsatzen nun ba goraño atzetio eskalatu behar nula, jejeje – erantzun nion irribarretsu.

Bilgune inprobisatuan...

Friend eta artaka trabagailu asko eraman arren, dozena express-zinta bakarrik hartu genituen, ez genuelako uste gehiago erabiliko genituenik. Horietatik orain arte bost "bakarrik" erabiliak genituen: bi bi friend-ekin eta beste hirurak harkaitz mokoetatik pasatako zinta-uztaietatik. Asierrek zuen azken express-zinta eta soberan zuen materiala hartu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

Bilgunetik 15-20 metro inguru eskalatuak nituela (III) harria dagoeneko zuria ez zela konturatu nintzen. Gora begiratu eta hormak zeruraino ilun jarraitzen zuela ikusi nuenean beta zuria galdu genuenaren susmoa hartu nion:

Beta zuria galdu genuela konturatu aurretik, nahiz eta hemendik harria zuria ez dela nabarmen ikusi. Nire eskuinean dagoen ertzera hurbilduko nintzen betaren bila.

- Beta ez altzen goraño iristen? – Galdetu nion Asierri.
- Urrutitio hala ematezun bai – erantzun zidan.

Beta non “galdu” genuen jakin gabe eskuinean zegoen ertzera hurbildu nintzen bestaldean zer zegoen ikustera.

- Ostia, betak hemen jarraitzeu!!! – Oihukatu nion Asierri.

Efektu optiko baten eraginez badirudi betak zuzen-zuzen jarraitzen duela goraino, baina ez da horrela. Lehenengo bi herenak hormak osatzen duen ezproi/ertz baten ezkerretik doaz, azken herena aldiz, ezproi honen eskuinetik.

Eskalatutako metroak kontu handiz jaitsiz bilgunera itzuli nintzen, tartean ezerezetik eroritako bastoi eta txapela zahar bat “berreskuratuz”:

- Joer, inguru hontan bueltaka hasten bagea ekipazio osoa topauko deu, jejejeje!!!!

"Beta zurie eskalatzea etorri gea eta beta zurie eskalauko deu!!" zen gure lema. Bilgunetik metro batzuk jaitsi eta beta zuriaren goiko ertzera iristear nengoela ezker aldera (jaitsierako noranzkoan) zeharkaldi horizontal bat egiten hasi nintzen (II+), nire azpian orratz berezi eta puntazorrotz bat utziz.

Zeharkaldi horizontalaren amaieratik atzera begirada. Argazkian erreferentzi bezala hartu behar den orratz berezia ikusi daiteke.

Asierrek zeharkaldiaren hasieran egindako argazki honetan orratz berezia nabarmenago ikusi daiteke.

Zeharkaldiaren amaieran beta zuriaren goiko zatiaren oinera iritsi nintzen, horma zeharkatzen duen beste beta zuri batekin (beta estu bat) bat egiten duen lekura hain zuzen ere.

Zeharkaldiaren amaieran egindako argazki honetan beta estua nondik datorren ikusi daiteke.

- Oain bai!!! – esan nion Asierri nire ondora iritsi zenean -, oain gutxiñez betatio aterako gea.

Betaren lehen zatiko harkaitza nahiko sendoa iruditu bazitzaigun ere, bigarren zatiko harkaitza erabat apurtua dago, eta tarte batean baino gehiagoan metroak irabaztea kosta egin zitzaigun.

Beta zuriaren bigarren zatiaren lehen metroetan. Zati hau hauskorragoa da eta kosta egiten da harkaitz trinkoa topatzea.

Ikusten genituen harkaitz-plaka sendo eta erosoenak bata bestearen atzetik eskalatuz, metroak hala nola irabaziz jarraitu genuen.

Ahal nuen moduan harkaitz-plaka trinkoenak bata bestearen atzetik lotzen.

Betak amaieran horma bertikal bat osatzen du. Bertara iristeko hartxingadi ezeroso, hauskor eta inklinatu bat zeharkatu behar izan genuen, metro pare bat irabazteko metro bat galtzera behartzen duen horietakoa.

Asier hartxingadian sartzear...

Ipar-mendebaldeko ertzaren gainera eramango gintuen azken zailtasunaren oinean geunden. Harkaitz trinkoa izango balu zailtasun ezberdineko irteera interesgarriak eskeintzen duen horma da, boina harkaitzaren kalitate eskasa ikusita, hormaren punturik seguru eta errazenaren bila hasi nintzen:

- Sikiera ea fundamentuzko friend bat sartzeko lekun bat topatzeeten – esan nion atzetik zetorren Asierri.

Batera eta bestera begiratu ondoren hormaren ezker aldean dagoen arrail bertikal batera zuzendu nintzen.

Horma eskalatzeko bide egokienaren bila. Gorriz jarraituko genuen lerroa marraztu dut. Argazkian hartxingadiaren azken metro ezerosoak ere ikusi daitezke.

Ahal izan nuen lekurik altuenean friend bat trabatu eta ongi eusten zuela ikusi nuenean arraila eskalatzen hasi nintzen: "eroitzen banaiz gutxiñez ez naiz kristoetxeraño eroiko" pentsatu nuen friend-ari berriro ere tira eginez.

Arraila berez teknikoki ez da zaila (III+) baina metro pare bat eskalatuak nituenean ukitzen nituen harkaitz guztiak mugitzen zirela ikusi nuen. Arnasa sakon hartu eta ahal izan nuen lasaien mantenduz, arrailaren eskuinean dagoen tximini etzan eta apurtu bat eskalatzen jarraitu nuen ezproi batera iritsi nintzen arte (III). Honelakoetan ezinbestekoa izaten da lasaitasuna eta burua hotza mantentzen saiatzea, harkaitz ezegonkorren artean sendoak dauden bakarrak aurkitu ahal izateko:

"... tximinia etzan eta apurtu bat eskalatzen jarraitu nuen ezproi batera iritsi nintzen arte".

- Buffff!!!!!
- Zaile? – Oihukatu zidan Asierrek azpitik.
- Zaile ez baña dena kolokan dau...

Ezproian dagoen harkaitzetako batetik zinta-uztai bat pasatu eta ezproiaren bestaldera 3-4 metro inguruko zeharkaldi horizontala eginez pasatu nintzen bigarren arrail baten oinera iritsiz, lehenengoa baino motzagoa, baina harkaitza hauskorragoa zuena. Arrail honek izango dituen metro parean eskalada osoko unerik estuena pasa nuen, edozein momentuan helduta nituen harkaitzak askatuko zirenaren beldurrez (III+). Burua hutsik utzi eta arreta osoa eskaladan jarri nuen, edozein momentuan erori nintekeela behin eta berriz pentsatzeak ezertan laguntzen ez zidala jakiteaz aparte, kalte egingo zidala banekielako. Idaztea erraza den honek ariketa eta gastu mental handia dakar, pentsakera negatibo hauek urduritasuna handitu eta blokeatzeraino eraman gaitzakelako.

Lehen metro tente eta hauskor hauek eskalatu nituenean (III+), harkaitza zertxobait hobetu eta friend bat trabatu ahal izateko arrail bat ikusi nuen. Friend-a sendo zegoela ikustearekin batera erortzearen mamuak berehala uxatu ziren, haizeak eraman izan balitu bezala. Kuriosoa da egoera mentala nola aldatu daiteken denbora apur batean. Friend-ak eman zidan konfidantzaz indarberrituta, hormaren azken metroak eskalatzen jarraitu nuen (III+).

Eguzkia lehen aldiz burua hormatik atera nuenean ikusi nuen. Atsegina izan zen izpien epeltasuna aurpegian sentitzea. Hormaren itzalpetik ipar-mendebaldeko ertzaren argitasunera atera nintzenean bilgunea muntatu ahal izateko leku baten bila hasi nintzen.

- Reuniónnnnn!!!! – Oihukatu nion Asierri bilgunea sendoa zirudien harkaitz-moko baten inguruan zinta-uztai bat pasatuz muntatu nuenean.

Bigarren arraila eskalatu ondoren bilgunera egindako argazkia.

- Zemuz dijo? - Galdetu nion Asierri bigarren arraila eskalatu zuenean.
- Pena azkeneko zati hau - erantzun zidan -, ze oain arte harrie etzait hain txarra iruittu.
- Bai nerire gauza bera iruittu zait - erantzun nion -, Buelta hartu deun lekutik zuzen jarraittu izan bagenu harrie hobea ematezun...

Eskaladaren azken metroetan...

Ipar-mendebaldeko ertzean eserita, eguzkiak gorputzak berotzen zizkigun bitartean barratxo energetiko bat jan eta ura edateko aprobetxatu genuen:

- Eskalada politte, ez? – galdetu nion Asierri -, Errexenetio junda sokaikpe eskaltzeko modukoa dela iruittu zait.
- Bai, pena azkeneko zati hau… - erantzun zidan -. Igual negun harrik izotzeta pegauta darenen errexago izangoa…
- Etorri beharko deu, jejeje…

Kaskoa ezik beste material guztia motxiletan gorde genuenean berriro ere martxan jarri ginen, ipar-mendebaldeko amildegia atzean geratuz.

Trasteak jaso ondoren berriro ere martxan. Argazkian nire eskuinean ikusten den horma da eskalatu genuena.

Ertzaren ahotik gertu mantenduz jarraitu genuen, ertzak inklinazioa galdu zuenean Gran Fachako ohiko bidea den ipar ertzarekin topo egin genuen arte. Ohiko bideetako bat izateko, kontu handiz ibili beharreko ertza iruditu zitzaidan: gailurrera iritsi ahal izateko, harri ezegonkorrez beteriko eremu batean, hainbat eskalada motz eta eskuak erabiltzea eskatu ziguten jaitsiera “delikatuak” egin behar izan genituen. Atentzioa deitu zidan gailurretik zein “urrun” amaitu genuen eskalada, nahiz eta beta zuriaren amaiera eta gailurra arteko tartea hamar minutu eskasean bete.

Gailurrera arte jarraitu beharreko ertza zati "luzea".

Goizeko hamabiak hogeita bost gutxi ziren gailurrera iritsi ginenean, aparkalekutik irten ginenetik zazpi orduetara.

Asier gailurrean. Amabirjinaren aterpe izateko eraikitako zementuzko estalpea ikusi daiteke.

- Ostia ze ona, puntan bakarrik gare!!!! – bota nion Asierri.
- Dan ordue kontun izanda pentsatzenun jende gehio eongo zela.
- Baita nik ere!!!

Gran Fachako gailurra begiratoki aparta dela irakurrita genuen, baina bertara iritsi arte ez ginen honetaz jabetu. Ez nau harritzen ehiztariak honaino igo izana sarrioak non zebiltzan ikustera!!!

Motxilak lurrean utziz, inguratzen gintuen edertasunaz gozatzen hasi ginen. Hego-ekialdean, zeruertzarekin borrokan, Vignemaleko mendigunea azaltzen zen, eta honen eskuinean, erdi-ezkutatuta, Ordesa eta Gavarnie arteko mendiak: Monte Perdido, Marboré, Taillon... Eskuinera begiratuz, hego-mendebaldean, teilatu erraldoi baten moduan Picos del Infierno mendiek ikuspegia bere osotasunean bereganatzen zuten. Tontorraren ipar-mendebaldean Balaitus-Frondiellak mendigunea harro agertzen zen, ditugun hainbat ametsen iturri, ditugun hainbat ametsen helburu. Hauen ezkerrean, Camporoplano eta Respomusoko aintziren gainetik, Midi nahasezina, beti bezain berezi, beti bezain eder.

Vignemale mendigunea...

Picos del Infierno...

Gailurra eta Balaitus-Frondiellak mendigunea...

Balaitus gertuago... Bere eskuinean Costerillou ertza eta Costerillou Dorre nabarmena.

... eta Midi D'Ossau, beti bezain eder. Bere azpian Respomuso eta Camporoplano aintzirak ikusi daitezke.

Argazki-kameraren botoia behin eta berriz zapaltzen, behatzaren abiadura kamerak argazkiak egitearen abiadura baino askoz azkarragoa zen: “klik-klik-klik-klik-klik-klik…”. Azkenean egokiena bideo bat grabatzea izango zela erabaki nuen, argazki-kamerari atseden pixka bat emanez.

Gran Fachako gailurrean grabatutako bideoa.


Gailurraz intimitatean gozatzeko aukera izan genuen, honelako mendi batean lortzea zaila izaten den luxu bat. Jaisten hasi aurretik, La Facha lepotik igotako euskaldun bikote batekin hitz batzuk partekatu genituen.

- Eztezu hirumilatako ikurriña txikie ekarri? - Galdetu zidan Asierrek gailurreko argazkia egiten ari ginela.
- Ostia egie!!! - erantzun nion -, ez naiz akordaure egin...
- Ohittura onak galtzen ai die, jejeje...
- Ya lo kreo... - erantzun nion.

Pirinioetako hirumilakoak igotzen hasi ginenean bertako gailurretan lehen aldiz argazkia egiteko ikurriña txiki bat erosi genuen. Ikurriña originala, Grand Paradiso mendia igo ondoren Vittorio Emmanuelle aterpean ahaztuta utzi genuen. Ordezko ikurriña aldiz, oraingoan etxeko kajoi batean geratu zen.

Gran Facha, 3.005 metro, ikurriñarik gabe. Argazkia egin ondoren Amabirjina bere estalpera itzuli genuen.


Gailurra atzean geratzen zen bitartean bikote euskaldunak ikusmiraz bakardadean gozatzeko aukera izan zuen. Ertzaren gainetik, igoeran jarraitutako bide beretik jaisten hasi ginen, igoeran egindako jaitsierak eskalatuz eta igoerak eskuen laguntzarekin jaitsiz. Tarteka mugarri galduren bati jarraituz, GPS aparatuari kasurik egin gabe, batzuetan ertzaren ahotik eta besteetan ertzaren ezkerretik (jaitsieraren noranzkoan), bidea galdu gabe jarraitu genuen...

... bidea galdu genuen arte.

Bat batean ipar-mendebaldeko ertza gure eskuinean gu baino altuago zegoela konturatu ginen. Ez dakit nola gertatu zen, baina nahigabe iparreko ertza utzi eta mendebaldeko aurpegitik jaisten hasiak ginen:

- Ze ingo deu, gora igo ta ertzetio jaitsi? - galdetu zidan Asierrek.
- Hemendio behera bide bat markatzeo - erantzun nion GPS-ari begira nengoela -, esango nuke Camporoplano Altoko iboneta dijon bidea izangoala.

Ertzara berriro igotzeak asko motibatzen ez gintuenez, GPSak adierazten zigun bidetik jaistea erabaki genuen.

Lehenengo metroetan harrien artean tarteka nabaritzen zen bidexka batek bertatik mendizaleak igota zeudela sinestarazi zigun, baina altuera galtzearekin batera GPS-ak adierazten zigun bidea azpian genuen hartxingadian disolbatuz joan zen, azukre kozkor bat kafe beroan disolbatzen den moduan.

- Igual GPSko bidea neguko bideren bat izangoa - esan zidan Asierrek harkaitz-blokeen artean oreka mantenduz.
- Balitteke - erantzun nion -. Harritzen nauena da hito bate ez egotea...

Pantailako bideak Gran Facharen mendebaldean dagoen aintzira bakarti batera eramaten gintuela ikusi genuenean, aparatuari kasurik egin gabe aintzirara iristeko jaitsiera erosoenaren bila hasi ginen.

Gran Facharen mendebaldean dagoen aintzirara iristeko gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Atzera begirada...

Aintzira bere eskuin ertzetik (jaitsierako noranzkoan) inguratu genuenean honen mendebaldeko hustubidetik jaisten jarraitu genuen, azpian ikusten hasi ginen Camporoplano goiko aintziretara zuzenduz. Marte planetan geundela zirudien, kolore gorriko harkaitzezko itsaso baten erdian igerian egongo bagina bezala. Momentu batean duela urte pare bat Pico Serratotik Panticosako bainuetxera jaisteko jarraitutako jaitsiera ezeroso eta gogorra gogora etorri zitzaidan.

Aintziraren hustubidera hurbiltzen.

Aintzira atzean utzi ondoren.

- Hito bat!!!! - oihukatu zuen halako batean Asierrek.
- No jodas!!! - Erantzun nion -, igual gu bezela GPSko bideari jarraittu dion bakarren batek jarritakoa izangoa, jejeje.

Asierrek topatutako mugarria. Argazkian ikusten den azpiko zelaian Camporoplano goiko aintzirak daude.

Mugarri honen atzetik beste batzuk azalduz joan ziren gure animoen mesederako. Camporoplano goiko aintziretara hurbiltzen ginen heinean harkaitzak pixkanaka belarrari lekua uzten hasi zen bien arteko presentzia orekatu zen arte.

Harkaitzen presentzia nagusia zen mugara iristen...

Jaitsiera ezerosoa izaten ari bazen ere, bideak nahigabe Pirinioetako bazter basati eta eder batera eramaten ari gintuela onartu beharra daukat. Ordenik gabe dauden Camporoplano goiko aintziren inguruan Punta Zarre, Gaurier, Llena Cantal eta Camporoplano gailurrek osatzen duten zirkua ikusgarria da, bakartia, isiltasunera eramaten duen leku horietako bat.

"... isiltasunera eramaten duen leku horietako bat."

Ahal izan genuen biderik erosoena aukeratuz, ekialdean dauden aintzirak hegotik iparrera zeharkatu genituen, hauen iparrean dagoen hustubidera iritsi ginen arte.

Camporoplano goiko aintziretako zeharkaldian. Atzean, Balaitus-Frondiellak mendigunea.

- GPSek bidea hemendio behera dela esateo? - Galdetu zidan Asierrek mesfidati hustubideak osatzen duen hormara hurbildu zenean.
- Bai - erantzun nion.

Camporoplano goiko aintziren iparreko hustubidearen ertzera hurbiltzen. Azpian, Camporoplano sakana ikusi daiteke.

Camporoplano aintziretatik izen bereko sakanera jaisteko bidea lehen metroetan malkarra da, kontu handiz jaitsi behar den horietako bat. Zailtasunaren aldetik II+ inguruko hormatxo txiki pare bat dituen arren, harria kolokan dago. Lehen metro tente hauek jaitsi ondoren, hormak inklinazioa galtzen du, bastoien laguntzarekin jaisteko aukera emanez. Ideia bat egiteko, hustubidearen bigarren zati inklinatu hau Balaituseko Gran Diagonaleko jaitsieran Michaud aterpetik Ibon Chelau-ra doan zatiarekin alderatu daiteke.

Isiltasunean, elkarri hitzik esan gabe, harkaitz ezegonkorren gainetik ibiltzeaz nazkatzen hasita geunden. Honegatik, a zer nolako lasaitasuna hartu genuen igoerako bide zapalduarekin topo egin genuenean!!!! Igoeran tarteka ezeroso iruditu zitzaigun bide estua orain errepide goxo, zabal eta erosoa iruditu zitzaigun!!!

Bide ezagun eta "erosoan" dagoeneko, metroak arin eta konfiantzaz jaisten hasi ginen oina zeren gainean jartzen genuen kezkatu gabe.

Camporoplanoko sakanera iritsi gineneko argazkia, Zapaldutako bide bat azkenean!!!

Igoeran jarraitu genuen bidearen arteko jaitsierak fisikoki baino psikologikoki gehiago nekatu zigun. Harkait ezegonkorren gainetik mugitzeak, oreka egokia izateaz aparte kontzentrazio handia mantentzea eskatzen du, edozein estropezuren aurrean aberia galanta egin daitekelako. Negu giroan arazo hau desagertu egiten da, honegatik, badira mendi batzuk negu giroan igotzen "errazagoak" direnak udan baino.

Nekea burutik oinetara pasatzen zen bitartean, arratsaldeko ordu biak eta erdi pasatxoan Respomusoko aterpera iritsi ginen, Asierrek Kan Tengri mendian ezagutu zuen lagun madrildar batekin garagardo fresko bat hartzeko asmoz.

Respomusora iristen...

Baina Asierren laguna ikusi ez genuenez, beherako bidearekin jarraitzea erabaki genuen, aterpea eta Gran Facha atzean geratuz.

Respomuso aterpea eta Gran Fachari egindako azken argazkia.

La Sarra arteko jaitsiera poliki hartu genuen, oinetako atzazalak zaintzeko asmotan. Arratsaldeko bostak hogei gutxi jo zutenean, Aguas Limpias erreka zeharkatzearekin batera ibilbideari amaiera eman genion. Atera ginenetik hamabi ordu pasa baziren ere ez ginen akituta sentitzen eta Aguas Limpias errekaren ur hotzean oinak sartzea masaje lasai baten modukoa izan zen. Bueno, oin eta gorputzaren lasaitze honetan jan genituen saltxitxoi eta urdaiazpiko ogitartekoek ere asko lagundu zigutela esan beharra dago, pena sagardo botila fresko bat parean ez izatea jejejeje.

Hamabi orduren ondoren, La Sarran berriro ere.

Oinak, gorputz, arima eta urdailak lasaitu eta arropa lehor eta garbia jarri ondoren etxerako bidea hartu genuen. Igoera orokorrean ederra iruditu zitzaigun. Bi zati nabarmendu nahiko nituzke: lehen zatian harkaitza orokorrean nahiko ona da (nahiz eta harri solteak izan) eta eskalada segurua egin daiteke, zatirik errazenak bilatuz eskalatzen badugu III zailtasunetik igo gabe. Beta zuriaren bigarren zatian aldiz kontu handiz eskalatu beharko dugu, harkaitza oso hauskorra delako.

Ezin dut igoera hau ipar ertzako ohiko bidearekin alderatu ez dudalako ezagutzen, baina uda garaian ia gailurreraino itzalpean eskalatzeko aukera izatea luxu handia izan daiteke, egun eguzkitsu eta beroa iragarrita badago batez ere. Asierrek esan zidan bezala, igoera hau negu giroan interesgarria izan daitekeela esango nuke, nahiz eta duen orientazioagatik oso hotza izango den.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Alfonso L. Valle de Tena, 244. Edición: La noche del loro, 2021.
- Martínez Embid A. La Gran Facha (3.005 m). Una pirámide perfecta en el país de los Horn. Desnivel revista de montaña, 2009; 271: 30-34.
- Hernandez A. La Gran Facha (3.005 m). Normales comprometidas,invernales lejanas. Desnivel revista de montaña, 2009; 271: 36-41.


2 iruzkin:

  1. Earra Xabi, erabat irteera originala , abentura kutsukoa,lagunarte eziñoben!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Milesker!!! Honelako irteera ezezagunak bete ahal izateko konpainia on bat ondoan izatea ezinbestekoa da...

      Ezabatu