AZKEN 10 SARRERAK

2022/02/06

AKETEGI ERPINA ETA AKETEGI AKETEGI ERPINEKO EZKER KANALETIK, PD+/AD-. 2022/01/08


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Aurtengo negua, elurrari dagokionez behintzat, itxaropentsu hasi bazen ere, Aizkorriko kanaletan oraingoz neguko denboraldia ez da oparoa izaten ari. Ohiko kanalak eskalatu dira baita hain ohikoak ez diren batzuk ere, baina orokorrean elurraren baldintzak ez dira itzelak izan. Hau gutxi ez bada, Pirinioetako mendiekin alderatzen badugu, Aizkorriko elurra ondasun galkorra da, honegatik kanalak zuritzen direnean ongi aprobetxatu behar da elurrak eskaintzen dituen aukera mugatuak.

Urte berriaren lehen egunetako bestondoaren ondoren Aizkorri bigarrenez zuritu zen, abendutik eusten zuen elur apurrari geruza berri bat gehituz. Oraingoan bazirudien elurra denbora baterako etorriko zela, urtarrilaren 9tik aurrera izugarrizko euriteak iragarri zituzten arte. Eta a zer nolako euri-jasa bota zuena!!! Euriteek eragindako uholdeak komunikabideetako hizpide nagusia izango zen hurrengo astean zehar.

Logikoa den moduan euriteek ekarriko zuten ondorioen berri ez nuen, baina asteburua aprobetxatu nahi banuen larunbatean izango nuen aukera bakarra. Elurraren egoera nolakoa izango zen ez nekienez, goiza pasatzeko Aizkorriko kanal “erraz” eta bakarti bat aukeratu nuen, elur txarrarekin (edo elurrik gabe) ere eskalatzeko gai izango nintzena: Aketegi Erpineko Ezker Kanala (PD/PD+).

Kanal hau behin baino gehiagotan eskalatuta nuen baina bere osotasunean eskalatzea falta zitzaidan, beste eskalada guztietan Aketegi Erpinak osatzen duen horma luze aldera desbideratu izan nintzelako. Oraingoan kanala bere osotasunean eskalatzeko asmoarekin etxetik atera nintzen, nahiz eta azkenean, kronikan irakurriko duzuen moduan, aldaketa txiki bat egingo nion, jejeje.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako geralekuan hasi eta hurbilketa Zegama-Aizkorri maratoiaren kilometro bertikalak jarraitzen duen bidea aprobetxatuz egin nuen.

Kanalatik ateratzeko 30 metro eskas falta zitzaizkidanean, eskuinera bota eta pare bat irtengune bertikal eskalatu nituen Aketegi Erpinak osatzen duen hormaren ertzera zuzenean iristeko. Ertzaren ahotik jarraituz Aketegi Erpinera lehenik eta Aketegira ondoren igo nintzen.

Jaitsiera Nardasakon kanaletik egin nuen, Aketegiren ipar-hormatik zeharkaldia egin ondoren. Kanala bere osotasunean jaitsi beharrean Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalaren bidea aprobetxatu nuen, basoan elurraren egoera oso biguna zelako.

Ibilbidearen nondik norakoak, gorriz igoera eta puntu zuriz jaitsiera.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 10 kilometro.
- Punturik baxuena: Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalaren hasiera, 475 metro.
- Punturik altuena: Aketegi, 1.551 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.150 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: PD+, M2, II-III, denbora osoan errazenetik joaten bagara. Kronika honetan kanalean bertan eskalatu nituen irtenguneak (denak saihestu daitezke) kontutan hartzen baditugu zailtasuna AD-/III inguruan kokatu daiteke.
- Ura: Zegaman edo Itzubiagako iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketarik zuzenena Zegama-Aizkorri maratoiaren kilometro bertikala da. Hurbilketaren track-a hemen ikusi daiteke.
- Jaitsiera: Jaitsierarik erraz eta azkarrena Nardasakon kanaletik da. Jaitsieraren track-a hemen ikusi daiteke.
- Eramandako materiala: Ohiko irteerarako piolet klasiko bat, kaskoa eta kranpoiak. Kronika honetan azaldutako irteerarako bi piolet eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 5 ordu atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Eguna oskarbi izango zela iragarrita zegoen arren, Zegamako geralekutik goizeko zortziak laurden gutxitan atera nintzenean hodeitza itxi batek Aizkorri estaltzen zuen, euritarako txamarra janztera behartuz.

Zegamako geralekua.

Motxila bizkarreratu eta GPSak sateliteak ehizatzearekin batera martxan jarri nintzen, ikusmira kopeta-argiak argitzen zituen metroetara mugatuz. Iluntasunean errepide bazter batetik ibiltzeak konfiantzarik ematen ez didanez, Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala hasten den lekura arteko tartea azkar egin nuen, noizik eta behin linternarekin aurrera eta atzera argituz, ibilgailuren bat etorriko balitz linternaren argia ikusi zezan.

Negu giroan egin behar dudan ibilbidea luzea denean ez zait izerdi handirik botatzea gustatzen, geldiuneetan hozteko arriskua ekiditeko. Honegatik kilometro bertikalaren aldapa lasai hartu nuen, esfortzu handirik egin gabe. Poliki igotzeak basoak gauean duen biziaz kontziente egiten zaitu: animalien joan etorrien hotsak entzuten dira, baita gaueko hegaztien oihuak ere. Hau gutxi ez bada, linternaren argiarekin noizik eta behin iluntasunean animalien begiak argitu daitezke, handiak eta txikiak. Baso batean gauez sentitzen den zaurgarritasuna izugarria da, are gehiago bakarrik bazaude.

Geralekutik ordu betera gutxi gora behera, eguna argitzen hasita zegoenean Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidearekin topo egin nuen, Itzubiagako bordatik hurbilketa egiten dugunean jarraitzen dugun bide bera, Nardagaizto kanalaren sarreratik 15-20 metro iparrera.

Oharra: Hemendik aurrerako hurbilketaren azalpena hemen zehatz azalduta dudanez, irakurlea ez aspertzeko honen inguruko azalpen zehatzik ez dut emango.

Kilometro bertikalak maratoiaren bidearekin topo egiten duen lekua.

Kilometro bertikalaren aldapa luzearen ondoren, Itzubiagatik datorren bidearen erosotasunak eta motxilan pisu handirik ez eramateak ehiza-postuak dauden isurialde aldaketara arte metroak erraz eta arin irabaztera ahalbidetu zidan.

Ehiza-postuen lerroak jarraitzen duen aldapa gogorra igo eta aldaparen amaieran dagoen orratzaren eskuineko horma hurritzen enborrei helduz eskalatu ondoren (II+/III-), zerutik elur-malutak erortzen hastearekin batera, kanalera eramaten duen irtengunearen oinera iritsi nintzen: “Oaindio elurretan igo beharkoet” pentsatu nuen txamarraren txanoa estutzen nuen bitartean. Irtengunearen eskalada lasai hartu nuen, bustia eta elur arrastoekin zegoelako. Helduleku oneko irtengunea eta eskalada errazekoa (II+/III-) bada ere, bertatik erortzea ez da aukera bat. Beharbada zailena irtengunean dagoen zuhaitzaren adarretan motxila ez kateatzea da, pioleta motxilaren kanpoan badaramagu batez ere. Irtengunea eskalatuta, zuhaitzaren gainetik eskuinera pasatu eta malda belartsutik jarraitu nuen, erosoago igotzeko tarteren batean pioleta belarretan sartuz: “zailena inda...” esan nion nire buruari elurra zapaltzen hasi nintzenean.

Kanala tapizatzen zuen elur geruza fin eta biguna ez zen nahikoa lehen metroetan dauden harriak estaltzeko. Egoera ikusita kranpoiak janztea berehala baztertu nuen, ezeroso igotzeaz aparte puntak alperrik kamustuko nituelako. Harrien artean irrist ez egiteko kontu handiarekin ibiliz, kanalaren hasieran dagoen 2-3 metro inguruko irtengune motzera iritsi nintzen, tentea bada ere elur-egoera onean dagoenean zuzen eskalatzeko zailtasun handirik ez duena. Oraingoan aldiz, elur bigunak behartuta irtengunea eskuinetik eskalatu behar izan nuen, eskuin aldeko harkaitzetik zailtasun handirik gabe eskalatzeko aukera duelako (II+). Bigarren zailtasun hau gaindituta, pago gazteen artean irekitako pasillo estutik igotzen jarraitu nuen, kanalaren hirugarren irtengunearen oinera iritsi nintzen arte, 4-5 metro inguru eta 50 gradu inguru izango dituena.

Pago gazteen artean irekitako pasilloa...

Hirugarren irtengunea azpitik ikusita.

Lehen irtengunean ez zegoen ia elurrik eta bigarrenean elurra oso biguna zegoen. Hirugarren irtengunean denetatik topatu nuen; irtengunearen ezkerrean elur biguna eta irtengunearen erdian elur gogorragoa, kranpoirik gabe eta piolet bakarraren laguntzarekin ere igotzeko aukera ona eman zidana. Hirugarren irtengunea eskalatuta, elurrak erdi-estalitako harrien gainetik jarraitu nuen, kanala zabaltzen hasten den lekura zuzenduz.

Hirugarren irtengunea eskalatu ondoren.

Hirugarren irtengunetik gora kanala zabaltzen hasten den lekura arteko tartea. Laugarren irtengunea harkaitzak amaitzen diren lekuan dago.

Oraingoz oso ondo nindoan, kranpoien beharrik gabe. Elurra dagoeneko ez zuen ari eta zerua estaltzen zuten hodeien artean zeruaren urdin kolorea sumatzen nuen, elurrari distira argitsu bat emanez. Harri artean hainbat metro ibili eta laugarren irtengunea txilarra dagoen lekutik igo ondoren (50 gradu inguru), Aitxorrotx punta ikusgarriaren ipar-ekialdeko aurpegia parean azaldu zen, itsasontzi erraldoi baten brankaren moduan.

Aitxorrotx puntaren ipar-ekialdeko aurpegi ikusgarria, honen eskuinean Aketegi Erpinak osatzen duen horma luzearen hegoaldeko zatia.

Kanal hau eskalatutako beste aldietan hemendik gora pixkanaka eskuin aldera desbideratzen ginen Aketegi Erpineko hormaren hegoaldera zuzenduz. Oraingoan zuzen jarraitzea erabaki nuen. Aitxorrotxera hurbiltzen nintzen heinean, honen eskuinean hiru irtengune bereizi nituen. Hiru irtenguneetatik ezkerrekoa eta erdikoa errazak ziruditen bitartean, eskuinekoa tenteagoa zela iruditu zitzaidan. Bitan pentsatu gabe bertara zuzendu nintzen zein itxura zuen begiratzera: "elurre txarra badau eskubitio pasakoet" pentsatu nuen, irtengune hauek guztiak eskuinetik saihestu daitezkela jakinda.

Argazki honetan Aitxorrotxen eskuinean dauden hiru irtengune motzak ikusi daitezke, baita nik eskalatuko nuena ere (puntu zuriz marraztua).

Behera begirada...

Irtengunea 2-3 metro inguruko hormatxo bertikal bat "besterik ez zela" iruditu zitzaidan, belarrez estalia, piolet bakarrekin eskalatzeko zailtasunik izango ez nuena. Elur bigunez estalia bazegoen ere, elur bigunaren azpian elur zahar eta gogorra zegoela ikusi nuenean irtengunea eskalatzera animatu nintzen: "txarrenen eroitzen banaiz elur bigunen eroiko naiz".

Elur gogorrak osatzen zuen kono txikiaren gainera zailtasunik gabe iritsi nintzen, irtenguneari metro eskas bat irabaziz. Hurrengo metroak izan ziren teknikoki zailenak. Bertikala bada ere, elur baldintza onetan, bi piolet eta kranpoiekin ez dut uste irtenguneak zailtasun handirik suposatuko duenik, baina elur bigunak puntu pikante bat eman zion. Oinak non jarri ongi begiratuz, irtengunean dagoen harkaitz bati eskuin eskuarekin helduz eta ezker eskuarekin pioleta ahal izan nuen lekurik altuenean sartuz, irtenguneari zentimetroak pixkanaka irabazi nizkion, bertatik ateratzea lortu nuen arte (III-): “Earraaaaaa!!!!”.

Irtengunea goitik ikusita.

Kanalean topatu nuen lehen zailtasun “serioa” atzean utzita eta nahiz eta estutasunik ez pasatu, erabaki nuen beste irtengune bat topatuko banu kranpoiak jarriko nituela: “istripuk holakotan izateie, konfiatugi zaudenen…”.

Goian esan bezala Aitxorrotx puntaren eskuinean dauden irtengunetxo hauek eskalatzea ez da beharrezkoa eta eskuinetik saihestu daitezke. Irtengunetxo hauek osatzen duten horma eskalatuta, kanalak 40-45 gradu inguruan jarraitzen du Artxabal eta Aketegi Erpinak osatzen duten mendi-lepo zabal batean amaituz.

Irtengunetik gora jarraitutako bidea.

Irtenguneari argazkiak egiten nizkion bitartean belatxinga talde baten hotsek begirada Aketegi Erpineko hormara zuzendu arazi ninduten. Belatxingek horma alderik alde zeharkatzen zuten bitartean, bertan eskalatutako bideak gogora etorri zitzaizkidan: “gaur ez”, esan nion nire buruari tentaldiari eutsiz, “gaur zuzen ateratzea etorri naiz…”.

Belatxinga taldea Aketegi Erpineko horma zeharkatzen.

Metroak irabazten nituen heinean hodeiak desegiten zihoazen zerua pixkanaka urdin kolorez tindatuz. Aitxorrotx puntaren parera iritsi nintzenerako lehen aldiz eguzkia bere osotasunean ikusi nuen, hodei artean lekua irabazten ari ziren izpiek eragindako epeltasun goxoa sentituz.

Aitxorrotx...

Eguzki-izpi eta hodeien arteko borroka ikustea magikoa iruditu zitzaidan. Elurretan eseri eta Goierriko bailarari begiratuz zorionekoa sentitu nintzen; zorionekoa bizi naizen lekuan bizitzeagatik, zorionekoa mendiaz gozatu ahal izateko osasuna mantentzeagatik, zorionekoa bizirik sentitzeagatik, maitatzeagatik, maitatua izateagatik…

Zorionekoa ni...

Belatxinga taldearen kantuek nire pentsamenduetatik esnatu eta begirada berriro ere Aketegi Erpineko hormara zuzendu nuen. Orduan hormak osatzen duen ertzera zuzenean iritsi nintekeela bururatu zitzaidan: “total, kanala bukatzeko hemendio gora aldapa bat igotzea besteik ez da” engainatu nintzen, “ta hola sikiera aristara zuzenen ateako naiz…”. Oraingoan ezin izan nion tentaldiari ezetzik esan, eta eskuin aldera desbideratuz, hormara zuzendu nintzen hormak osatzen duen ertzera zuzen irteteko asmotan.

Hormaren ertzera iristeko jarraitu nuen bidea. Kanalaren ohiko irteera argazkia eginda dagoen lekutik gora jarraitzea besterik ez da.

Hormaren lehen harkaitzetara iristear nengoela irtengune motz eta inklinatu bat igo eta eskuinean nituen harkaitzetatik ahalik eta gertuen mantentzea erabaki nuen, 4-5 metroetako irtengune estu eta bertikal batekin topo egin nuen arte. Eskalatu nuen azken irtengunea buruan, oraingoan kranpoiak janztea erabaki nuen.

Elurraren egoerak eskaladarekin lagundu ez arren, pioletaren punta harkaitz artean trabatzeko aukera izan nuen, gutxienez helduleku sendo bat eskainiz. Oinak altxatzen nituen bakoitzean pioletarekin gainetik nituen harkaitzei elurra kentzen saiatzen nintzen helduleku berrien bila. Irtengunearen zatirik bertikalenera iritsi nintzenean, gainean nuen harkaitz-blokean pioletaren punta trabatu eta bertatik tira egin nion. Baina oraingoan gorputza altxatzen hastearekin batera kotxeko gurpil baten tamaina izango zuen harkaitz-blokea askatu eta ezker eskuaren gainera erori zitzaidan: “Joderrrrrr!!!”.

Behatz batean mina sentitzen nuen arren, eskuaren azpiko elurrak kolpea arindu zuen. Eskua harkaitz-blokearen azpian harrapatuta nuen eta ateratzen saiatu nintzenean konturatu nintzen kosta egingo zitzaidala harkaitz-blokea esku bakarrez mugitzea, are gehiago irtengune estuaren erdian oreka ahal nuen moduan mantendu nahian nenbilelako. Momentu batean duela urte batzuk famatua egin zen “127 ordu” pelikula burura etorri zitzaidan, non protagonistak esku bat harkaitz handi baten azpian hainbat orduetan harrapatuta izan ondoren labana batekin eskua moztu zuen. Egoera “tonto” honek irribarrea eragin zidan: “Oain bakarrik falta det hemen harrapauta geratzea, jejeje”. Pioleta harkaitz-blokearen azpian sartu eta palanka egitea bururatu zitzaidan: “Tomaaaa!!” oihukatu nuen harkaitza mugitzen zela ikusi nuenean. Oinak ahal izan nuen gehien irekitzen nituen bitartean pioletarekin palanka egin eta harkaitz-blokea eskutik askatzea lortu nuen, hormaren pusketa hori hanken artetik pasatu eta kanalera amilduz.

Ezker eskua aske nuela irtengunearen azken metroak poliki-poliki eskalatu nituen, kontu handiz, 55 gradu inguruko elur bigunez estalitako elur-pala batera iritsiz (III).

Irtengunea goitik ikusita. Irtengunearen azpian botatako harkaitz-blokea ikusi daiteke.

Eskularrua kendu nuenean ez nuen ezer larririk topatu. Ezker eskuko laugarren behatza minberatuta eta handituta nuen arren, behatza min handirik gabe mugitu ahal izateak animatu ninduen. Eskularrua berriro ere ipiniz elur-pala igotzen hasi nintzen.

Hankak elur bigunak estalitako zulo pare batean sartu ondoren, elur-pala zuhurtzia handiz eskalatu nuen bigarren irtengune batekin topo egin nuen arte, hau ere 4-5 metro ingurukoa baina aurrekoa baino zertxobait etzanagoa.

Elur-palan...

Azkeneko irtengunearen teknika bera aplikatuz, oinak altxatzen nituen bakoitzean pioletarekin gaineko harkaitzei elurra kentzen nien heldulekuen bila. Oraingoan ez nuen ezustekorik izan eta irtengunea arazorik gabe eskalatu nuen (III-), Aketegi Erpinaren hormaren ertzetik gertu ateraz.

Bigarren irtengunea goitik ikusita.

Nire atzean Aitxuri eta Aizkorriko Gurutzea agertzen hasi ziren baita, hauen atzean erdi ezkutatuta, Aratz ere. Zerua berriro ere lainotzen hasita zegoen hirugarren irtengune bat (oraingoan 3-4 metro inguruko irtengune etzan eta erraz bat) eskalatu eta hormak osatzen duen ertzera iritsi nintzenean.

Aitxuri, Aizkorriko Gurutzea eta Aratz hodeien artean...

Berriro ere hodei artean ezkutatzen ari zen eguzkiaren argiak haizeak erraztatutako ertzari itxura beldurgarria ematen zion, harkaitzen artean elur gogorra eta izotza tartekatuz. Ertzetik gertu elur gutxi zegoela ikusita kranpoiak motxilan gorde nituen. Kranpoirik gabe, tarteka ertzaren ahotik eta tarteka ertzaren ezkerretik metroak arin eta zailtasunik gabe irabazi nituen. Bertikalatasuna atzean utzita, ez nuen denbora luzea behar izan ehunka aldiz ibilitako ertzaren ahotik Aketegi Erpineko eta Aketegiko gailurretara iristeko.

10:55. Aketegi Erpineko gailurra.

Haizeak Urbiako isurialdetik jotzen zuen, eguraldiaren aldaketa ate-joka zegoela oihukatuz. Aketegiko buzoiari argazki bat egin ondoren, haizeagatik babestuz Zegamako isurialdera pasa eta Itziri deitu nion dena ongi zihoala esateko.

12:00. Aketegi...

Nardasakonera Aketegiko Zegamako isurialdetik jaitsi nintzen. Kranpoirik gabe ibiltzeko elurraren egoera txarra ez bazen ere, kanalera iritsi aurreko zeharkaldi motz batean elurra oso gogorra topatu nuen, segurtasunarekin pasatu ahal izateko pioletarekin koxka batzuk egin behar izatera behartuz.

Aketegi Erpina Aketegitik ikusita, zeharkaldiarekin hasi aurretik.

Nardasakonera iritsi nintzenean ere kranpoiak jartzeko beharrik ez nuen ikusi eta Irauleko orratzeko kanala eskalatu zuen talde batek utzitako arrasto nabarmenetik metroak erraz eta zailtasunik gabe galdu nituen basoaren ertzera iritsi nintzen arte. Hemen, nahiz eta arrastoa kanaletik behera jarraitu, elurra geroz eta bigunagoa zegoela ikusita kilometro bertikaleko bidetik jaistea erabaki nuen, metroak azkarrago galduz.

Irauleko ipar-horma ikusgarria Nardasakonetik ikusita.

- ¿Qué tal está la nieve? – galdetu zidan pagadian topatu nuen mendizaleetako batek.
- Para subir por el canal bien, ni muy dura ni muy blanda – erantzun nion -. Incluso hoy se ha subido por la aguja, pero me han dicho que ahí la nieve sí que está mal.
- ¿Qué vienes, sin crampones? – galdetu zidan botei begira - ¿Qué valiente, no?
- Bueno de valiente nada, en el canal hay buena huella y he pensado que no hacían falta, pero eso es muy personal… - justifikatu nintzen.

Beti pentsatu izan dut norberak erabakitzen duela nora arteko arriskua hartu nahi duen eta erabaki hau orokorrean norberaren eskarmentu edo ezagutzaren araberakoa izaten dela. Galdera luzatu zidan mendizaleak beharbada “ausartegi” edo zuhurtziagabekeriaz jokatzen ari nintzela pentsatuko zuen, eskubidea osoa dauka noski, eta gainera ez naiz harritzen azkenaldian mendian ikusten diren portaera zihurtziagabeak ikusita. Ez dakit galdera honen intentzioa zein izan zen, baina hartu nuen erabakia justifikatzeko beharra sentitzea amorru eman zidan eta honek une batez nire buruarekin haserretzera eraman ninduen.

Aizkorriko kontrasteak; harkaitza eta elurra bateti eta basoa, ibar belartsuak bestetik. Argazkiaren azpian Zegama ikusi daiteke, goiko aldean aldiz, Larrunarri.

Haserre honek ez zuen denbora luzean iraun, izan ere Itzubiagatik behera arin-arin hasi nintzenerako haserrea ahaztua nuen. Oinak indartsu nabaritzen nituen eta tarte txikiren batean korrika txikian ere aritu nintzen jaitsiera uste baino azkarrago eginez. Geralekura ordubata laurden gutxitan iritsi nintzen, kotxetik atera nintzenetik 5 ordu beranduago, asteburua aprobetxatu izanagatik aurpegian irribarre bat marraztuta nuela.

Kotxean etxerako bidea nindoala, oraingoan ere kanala bere osotasunean igo ez nuela pentsatzen joan nintzen. Kanalaren amaieratik 30 metro eskasera geratu nintzen, 30 metro eta 40-45 gradu inguruko elur-aldapa bat besterik ez. Dena den, jaitsiera Sakonaunditik egin nahi ez bada behintzat, nire uste apalean merezi du nik jarraitu nuen ibilbidea jarraitzea Aketegi Erpinaren hormaren ertzera ahalik eta zuzenen iristeko.

Baina hau norberak baloratu beharreko gauza da...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Zegamako udalerriko mapa. Burdinola Elkartea, 2016. Ikusgai: https://www.legazpi.eus/files/LIBURUTEGIA/BURDINOLA/4-Mapak/Zegamako_mapa_2016.pdf
- smithyrenbloga bloga. 2014/04/05 Aketegi Erpina (1545 m.) Ezkerreko kanaletik, "2X1" irteera, 2014/03/16. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2014/04/aketegi-1545-m-ezkerreko-kanala-2x1.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina