AZKEN 10 SARRERAK

2023/02/26

AKETEGI ERPINA: "66PH" IRTEERA, AD/M3/III+. 2015eko OTSAILA


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

2015 urtea ez zen urte ona izan CAF enpresarentzat. Linaresko lantegian Zuzendaritzak Erregulazioko Espediente baten (EEE) eraginez langile batzuk kanporatu zituen eta Zaragozako lantegian 550 langilei eragin zien EEE aurkeztu zuen, enpresa osoko langileeek mobilizazioetara jotzera behartuz behin eta berriz, bai Espainian baita Euskal Herrian ere. Testuinguru honetan, Beasaingo lantegiko Langile Batzordeak eta Zuzendaritzak, EEE batera iritsi aurretik etxean lanik egin gabe geratzeagatik lanordu bakoitzeko %66 ordaintzea adostu zuten, "66% por hora", edo askok deitu zioten moduan, "66PH". Hortik dator Ikerrek eta Lekuk 2015eko otsailan eskalatu zuten irteera honen izena.

Eskalatu eta berehala Ikerrek irteera honen inguruko bideo bat partekatu zuen bere Youtube kanalean (kronikaren amaieran topatuko duzue), baina biei kronika txiki bat zor nien, krokis eta guzti, "66PH" irteera "Aizkorriko kanalen txokoa" atalaren zati izateko. "66PH" zein egunetan zehazki eskalatu zuten ez dakite, baina topatu zituzten baldintzak ezohikoak dira Aizkorrin, elur asko eta gogorra gainera, honen adibide Ikerren bideoaren hasiera. Bideoa Nardagaizto kanalaren laugarren irtengunean hasten da eta gezurra badirudi ere elur gogorrez ia osorik estalita topatu zuten.

Nahiz eta bideoan sokarik erabili ez zutela ikusten den, kontuz ibili beharreko irteera dela esan zidaten, azpitik dirudiena baino bertikalagoa delako. Izan ere, Lekuk berak momentu batean ez aurrera ez atzera geratu zela aitortu izan dit, eta irteera uste zuena baino gogorragoa iruditu zitzaion. Beraz, irteera hau errepikatu nahi baduzue, gomendagarria izan daiteke eskaladako materiala gainean eramatea, are eta gehiago elurraren egoera ezinhobea ez bada.

Irteera ederra da, estetikoa, Aizkorrin elur baldintzak oso onak direnean eskalatu daiteken altxor horietako bat.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 75 metro inguru irteera bakarrik.
- Luze kopurua: Elurraren kantitate eta kalitatearen arabera beharbada luze pare bat eskatuko ditu..
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: AD/M3/III+ irteerarako bakarrik. Irteera honetara iristeko jarraitzen den kanal nagusiaren arabera zailtasuna igo daiteke. Nardagaiztotik igotzen bagara adibidez, zailtasuna AD+/M4/II/IV zailtasunera igotzen da.
- Ura: Zegaman eta Itzubiagako iturrian (Zegamako tren geralekutik igotzen bada) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Aketegi sektoreko kanaletara iristeko bidetik (Zegama - Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik doana) edo Iraule - Arbelaitz sektorera iristeko bidetik. Hemen duzue hurbilketarako bi bide hauek ikusi eta deskargatzeko aukera.
- Jaitsiera: Aukera ezberdinak daude, baina erraz, azkar eta erosoena Nardasakon kanalera hurbiltzea da bertatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egiteko.
- Eramandako materiala: Elur-baldintzak oso onak badira piolet tekniko, kranpoi eta kaskoarekin bakarrik eskalatu daiteken bidea izan daiteken arren, gomendagarria da 30 metroko bi soka, luzera ezberdineko 4-5 express zinta, Totem batzuk, artaka-trabagailu batzuk eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi, zuhaitz eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Aketegi Erpinaren gailurreraino 4-5 ordu artean gutxi gora behera. Denbora hauek guztiak elur-baldintzen arabea aldatu daitezke.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: 7-8 ordu Zegamako tren geralekutik abiatuz gero. Denbora hauek guztiak elur-baldintzen arabea aldatu daitezke.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokis zehatza.

Krokis zehatza beste ikuspuntu batetik ikusita.

Irteera nondik norakoak azpitik ikusita. Erreferentzia bezala "Eskirol" irteera hartu daiteke.


IRTEERAREN BIDEOA

Hau da Ikerrek eta Lekuk "66PH" irteera eskalatu zuteneko dokumentu bakarra, bideoak bakarrik grabatu zituzten eta. Bideoaren muntaia anaiak egina da. Bideoa Nardagaizto kanalaren laugarren irtengunean hasten da.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina