AZKEN 10 SARRERAK

2023/02/23

ERLABELTZEKO PUNTA ETA LARRUNARRI: "ARRASTRAKULOS" KANALAREN EZKER ADARRETIK, 200 m, PD+/M3/III. 2023/01/29


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Urte batzuk pasa behar izan dira norbaitek elurra sortzen duen makina konpondu, martxan jarri eta Gipuzkoako mendiak gogoz zuritu dituen arte.

Geroz eta ezohikoago bihurtzen ari diren egoera hauetan, elurra urtu baino lehen, mendiak trineo, eski, erraketa, piolet eta kranpoiez armaturiko mendizale hordez betetzen dira. Honen isla izaten dira sare sozial eta komunikabideetako berriak betetzen dituzten mendi zuri, familia zoriontsu, eskiatzaile gazte eta mendizaleen argazki, bideo eta erreportaiak, mundua astintzen duten benetazko arazoak ahaztu arazten gaituztenak. Eta gu, sistema kapitalista honen aurka borrokatzen duten iraultzaile sutsuen modura, beste mundu bat posible dela aldarrikatuz etxean geratzen garela esatea gustatuko litzaidake, baina aitortu beharra daukat mendi elurtueetatik iristen zaizkigun lamien doinuei ezin izaten diogula ezetzik esan.

Neguko igoera eta eskaladak Larrunarrin hasteko ohitura dugu, elurra Aizkorrin baino azkarrago eraldatzen eta urtzen delako. Zuri koloreko urre preziatu eta galgarri honi ahalik eta zukurik handiena ateratzeko, Asier eta biok Larrunarriko hego-mendebaldeko hormara zuzentzea adostu genuen, begia botata diogun neguko eskalada bati saialdi bat egiteko asmoz. Niretzat, berriro ere Asierren konpainiaz gozatzeko aukera izango zen; Asierrentzat, aldiz, azken hilabeteetan eskaladatik kanpo utzi duen sorbalda mindua probatzekoa.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 200 metro, Erlabeltzeko puntara arte.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzerik egin.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu baina igoera hau asko eta aspalditik errepikatzen den igoera da.
- Zailtasuna: PD+/M3/III. Erlabeltzeko punta eta Larrunarriren arteko gandorrean kontu handiz ibili beharko dugu, elurra biguna badago batez ere. Elur asko dagoenean Larrunarriko gailurrera honen ipar-hormara pasatuz iristea da gomendagarri eta seguruena.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, bideak arrasto ona badu gutxiago nekatuko gara.
- Jaitsiera: Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik. Negu giroan biderik eroso eta azkarrena "Tximista" izaten da.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu Larrunarriko gailurrera arte, atsedenaldiak zenbatuz.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Kotxetik kotxera bost ordu inguru lasai ibilita.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokisa. Puntu zuriz, "Arrastrakulos" kanala, puntu orlegiz aldiz, bere eskuin adarra.

DESKRIBAPENA

Iluntasunean iritsi ginen arren, eguna argitzearekin batera kotxetik irten ginen, kopetako argirik gabe. Termometroak 3 gradu “besterik ez” zituen adierazten; elurra gogortzeko nahikoa? Berehala jakingo genuen. Mendizale goiztiarrenak dagoeneko igotzen hasiak zeuden eta, noizik eta behin, oraindik piztuta zeramatzaten kopetako argien distira elorrien artetik iristen zitzaigun. Berehala izango ginen distira horien atzetik.

Larrunarriko gailurra eta Larraitzeko aparkalekua arrasto nabarmen, zapaldu eta gogor batek lotzen zituen; bide-ertzean pilatutako elurra aldiz, bigun eta lehor jarraitzen zuen, erori berria bezala. Hau ikusta, igoera lasai hartzea erabaki genuen, aurretik pasatako mendizaleen oinatzetik atera gabe. Gure itxaropena hormetan itsatsitako elurretan zegoen, gogorra egongo zela uste genuen eta.

- Rayotik igoko gea? – Proposatu nion Asierri, - Hola altura errexago irabaziko deu.
- Bidetik kanpoko elurre nola daun ikusita igual hobe – erantzun zidan – ta gañea gutxigo nekauko gea.

Oria iturrira iristen.

“Tximista” bidea elurrezko txirrista erraldoi bat zirudien, inurri batzuen moduan, sigi-sagan, hainbat mendizalek igotzen saiatzen ari ginena. Ipar-haize gogorraren eragina nabarmena zen, aldapa mendiari lapurtutako elurrez estalita zegoelako..

"Tximista" igotzen.

Oinatzetik atera gabe metroak eroso irabazten genituen heinean, maldaren erdian dagoen elorri berezi bat hartu genuen erreferentzia bezala eta, bere parera iritsi ginenean, bidea utziz bertara zuzendu ginen.

"Tximista"-n dagoen elorri bereziaren ondoan.

Goitik zetorren ipar-haize gogorrak itsatsitako elur eta izotzaren eraginez elorria koral handi baten itxura zuen, arrainontzietan jartzen diren koral zuri horietako baten itxura. Bere atzean, Ausa Gazteluk paisaiari ukitu polar bat ematen zion.

Elorri berezia koral zuri bat bihurtua.

Arrastoa utzi genuenean, hortik aurrera zer topatuko genuen argi geratu zitzaigun: haizeak pilatutako eta trinkotu gabeko elur pila; arrastoa irekitzeko behin baino gehiagotan belaunetatik gora sartzea behartuko gintuena. Ordura arte isuri gabeko izerdiak “Arrastrakulos” kanaletik banatzen gintuzten 500 metro eskaseetan isuri genituen.

Arrastoa utzi ondoren bidean pasa genuen bigarren elorri baten ondoan. Argazkian bi mendizale ikusi daitezke "Tximista"-n gora.

Eta eskerrak metro batzuetan zehar azpitik zetozen Arkaitz eta Ibonek irekitako arrastoa aprobetxatzeko zortea izan genuela!!! Arkaitzek esan zigunez, Joseba Iztueta ere inguruan zebilen, lagun batekin bideren bat eskalatzeko asmoz. Hiru taldetxo ibiliko ginen Larrunarriko ekialdeko horman jolasten, bakoitza eremu ezberdin batean, bakoitza proiektu ezberdin batekin. Gurea “Arrailakulos” bezala izendatu nuen arrail nabarmena eskalatzea zen, eskalatu nueneko ibilbide bera jarraituz.

- Nola ikustezu? – Galdetu zidan Asierrek Arkaitz eta Ibon laino artean galdu zirenean.
- Goien elurre hola badau ez dakit igotzerik izango deun – erantzun nion, elur sakonari metroak irensten saiatzen nintzen bitartean.

Arrastrakulos” kanala lanbro itxi eta heze batek estaltzen zuen, ikusgai zegoen horma apurrari itxura beldurgarri bat emanez. “Mailenka” eta “Petrel” bideek partekatzen duten bilgunea eta bilgunea kokatutako erlaitz zabala haizeak hormatik amildutako elurrak osatutako kono handi batek estaltzen zuen. Hau ikusita, berehala baztertu genuen nik eskalatu nuen lehen luzea eskalatzea. “Arrailakulos” arrailaren oinera iritsi nahi bagenuen  “Arrastrakulos” kanalaren ezker adarra ia bere osotasunean igo beharko genuen. Eta horretarako elur bigunarekin borroka polita izango genuen aurretik.

Izterretatik gora elurretan sartuz metroak poliki irabazten hasi ginen, batzuetan pausu bat aurrera egiteko bi pausu atzera eginez. Elurraren egoera kaskarra ikusita piolet eta kranpoiak ez jartzea erabaki genuen; ezker adarraren lehen irtengunearekin topo egin genuen arte.

- Seguru nau hemengo resalte guztik belarra dutela – esan nion Asierri elurra zapalduz erlaitz txiki bat eraikitzen nuen bitartean -. Hemendik gora piolet eta kranpoiekin ez det uste arazo haundirik izango deunik.

Leku faltagatik, Asierrek beherago beste erlaitz bat eraikitzen hasi zen. Ez ginen motel ibili kaskoa eta pioletak motxiletatik atera eta kranpoiak jartzeko, baina bai nahikoa ipar haizeak hormatik erraztatutako elur finez estalita geratzeko, arroparen zirrikitu guztietatik sartzeraino.

- Izoztuta nau – esan zidan Asierrek elurra gainetik astinduz –. Ez dakit igoeran izerditu naizelako, baina izoztuta nago.
- Jarraitzeko modun?
- Ez dakit, orain pixkat mareatuta nau.
- No jodas, jaistea nahi dezu? Nere aldetik arazorik gabe, eh?
- Ea buelta ematen diodan – erantzun zidan jaioberri baten modura uzkurtuz, sortzen ari zen bero apurra ahalik eta gehien gordetzeko ahaleginean.

Asierrek hotzak eragindako momentu txarra pasatzen zuen bitartean, motxilan neramatzan eskularru potoloenak atera eta utzi nizkion eskuak berotu ahal izateko. Ni hozten hasi nintzenerako Asierrek jarraitzeko moduan zegoela esan zidan.

Lehen irtengunea eskalatzea ez zen erosoa izan, ezta arriskutsua ere. Elurra irina zirudien eta pioletek ez zuten inon heltzen, ezta elur geruza handiaren azpian agertzen zen belar apurrean ere. Irtengunearen eskuin aldean dagoen harkaitzari ahal izan genuen moduan helduz eta, tarteka elurretan gerriraino sartuz, azkenean lortu genuen irtengunetik ateratzea (60º inguru).

Asier lehen irtengunea eskalatzen.

Asierri argazki bat egin eta, gehiago hozten jarraitu aurretik, igotzen segi nuen “Arrastrakulos“ kanaletik banatzen gintuen ezproiaren ondotik mantenduz. Metroak zailtasunez irabazi genituen, bigarren irtengunearen azpira iritsi ginen arte:

- Arrailako elurre hola badau ez det uste metro asko igoko ditugunik – esan nion Asierri “Arrailakulos” seinalatuz – ta gainera egiten dun hotzakin, aseguratzen deun bitarten izoztuta geratu behar gea.
- Ni oraindik ez naiz berotu – erantzun zidan besoak astinduz.
- Ba ordun hobe degu igotzen jarraitzea!!!

Bigarren irtengunearen oinean.

Bigarren irtengunea, 3-4 metro eta 65º inguru izango dituena, lehenengoa baino errazago eskalatu genuen, beharbada ia bere osotasunean osatzen duen harkaitz plaka batek piolet eta kranpoien puntak zimurdura batzuetan jartzeko aukera eman zigulako, edo beharbada gorputzak epeltzen hasi zitzaizkigulako.

Bigarren irtengunean.

Hemendik gora, elurra pixkanaka gogortuz joan zen, haizeak trinkotu gabeko elurra eraman eta azpiko elur gogorra agerian utzi zuelako. Kanala goitik ixten duen hormara iritsi ginenerako izoztutako elur geruzaz osatutako tarteren bat eskalatzeko aukera ere izan genuen.

Bigarren irtengunea eskalatu ondoren.

- Orain ea leku on bat topatzen deun Arrastrakulosera pasatzeko – esan nion Asierri hormatik zuzen jarraitzea arriskutsu zegoela baieztatu genuenean.

Lainoaren ondorioz ongi ikusi ez genuen saialdi antzu baten ondoren, harkaitz-plaka batetik "zintzilik" zegoen inklinazio handiko erlaitz estu bat kontu handiz zeharkatuz “Arrastrakulos“ kanalera iristera lortu genuen. Zeharkaldi honek ere bere xarma izan zuen, Asierri kranpoi bat askatu zitzaionean batez ere, jejeje. Mikel Saez de Urabain eskalatzaileak bere blogean behin baino gehiagotan idatzi duen bezala, “Arrastrakulos“ kanalera iristeko egin behar den zeharkaldiak kontu handia eskatzen du, eroriz gero min handia hartu daiteke eta. 

Zeharkaldiaren hasieran, kranpoia botatik irten aurretik.

Zeharkaldiaren amaieran, kranpoia bere lekura itzuli ondoren.

Metroak irabazten genituen heinean eta, inklinazio handiko lekuetan elurra gogorragoa zegoela ikusita, “Arrastrakulos“ kanala irteera zuzenetik amaitzea erabaki genuen; eta asmatu genuen, irtengunea tapizatzen duten belar eta landare multzoa izoztuta topatu genituelako.

Arrastrakuloskanalaren irteera zuzenean.

Irteera zuzenetik ateratzen.

Asier irteera zuzenaren oinera iristen.

- Hemendik gora nundik dijo?
- Errazenen ikusten dezun lekutik – erantzun nion pasatzen utziz -, dena harkaitz-plakez osatuta dago.

Harkaitz-plaketara zuzentzen.

Gorputza epeltzen hasi ondoren, bazirudien Asier indarberrituta zihoala. Ni aldiz, telefonoarekin argazkiak egitearen ondorioz, eskuetako behatz-mamiak hotz-hotzak eta gogor-gogorrak neramatzan. Asierren martxa jarraitzen hasi nintzenean ez zen denbora luzea pasatu behar izan behatz-puntetan mina sentitu eta berriro ere berotzeko.

Harkaitz-plaken arteko tarte batean.

Erlabeltzeko Puntara arteko bidean lanbroak eragindako ikusmira eskasa, elur bigunez estalitako zuloak "ezkutuak" eta haizeak behin eta berriz aurpegira botatzen zigun elurra izan ziren protagonistak.

Argazki honetan elurraren egoera nolakoa topatu genuen sumatu daiteke.

Puntan dagoen gurutzea ere, haizearen mende, itsas hondoan urperaturiko gurutze zahar bat zirudien, urteetan zehar alga eta lurrez estalitako gurutze beldurgarri bat.

Erlabeltzeko puntan.

Argazki bat azkar-azkar egin eta ahal izan genuen denborarik luzeena Larrunarritik banatzen gintuen gandorraren ertzetik jarraitu genuen, tarteka, haizearen indarragatik, hegoaldera pasatzera behartuz.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorran.

Larrunarriko gailurera iritsi baino lehen dagoen mendi-lepo estu eta nabarmenean ipar hormara pasa ginen, negu giroan bertatik igotzen jarraitzea aukerarik seguruena izaten delako. Azken irtengune tente bat igo ondoren gailurrera iritsi ginen.

Larrunarriko ipar-horman, gailurrera iritsi aurretik dagoen irtengunea eskalatzen.

- Gaur hotza pasa det – aitortu zidan Asierrek zerbait jaten genuen bitartean -. Momentu baten mareatzen hasi naiz.
- Gaur giro eskozesa izan degu bai – erantzun nion -, gutxienez jaitsieran arrastoa izango deu ta berotzen jungo gea.

Gailurrean geundela Asierren ezaguna den Jose Garcia-kin topo egin genuen, baita Larraitz arte bere konpainiaz gozatzeko zortea izan ere. A zer nolako bizitza-lezioa eman zigun eta a zer nolako adore eta umorea duen bizitzari aurre egiteko. Eta gu hotzagatik kexatzen!!! Milesker Jose irakatsitako guztiarengatik!!!

Larraitzera epel-epel iritsi ginen, pasatako hotzak ahaztuta. Eguraldi eta elur baldintzegatik irteera gogorra izan zen, mendia maitatzera edo gorrotatzera eramaten zaituen horietakoa. Kotxera iritsi ginenerako proiektu eta amets berriez hizketan geunden jada, beraz, gure kasuan, irteerak mendia gehiago maitatzera eraman gintuela esango nuke. Ez al duzu uste, Asier? Jejejeje

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga. 2023/01/02. Larrunarri, "Txema - Petrel" sektorea: "Arrailakulos" arraila, 70 m, IV. 2022/11/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/01/larrunarri-txema-petrel-sektorea.html
- Smithyren bloga. 2017/12/08. Erlabeltzeko Punta eta Txindoki neguan: "Arrastrakulos" kanaletik, 200 m, M3, 2017/12/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/12/erlabeltzeko-punta-eta-txindoki-neguan.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina