Bidearen oineko plakatxoa. Izena ezabatuta dauka.
Josu betiko laguna dut. Adin ezberdintasunaren gainetik auzo bereko haurrek elkarrekin jolasten zuten garai horretatik festetan, koadrilan eta, batez ere, mendian elkarrekin ibiliak gara. Elkar ondo ezagutzen dugu eta elkarri diogun maitasun eta errespetua osoa da. Hilabeteetan elkar ikusi gabe egonda ere, bost minuturen ondoren denborarik pasa izan ez balitz senti arazten zaituzten pertsonak badira, Josu pertsona horietako bat da.
"Zenbat denbora elkarrekin eskalau gabe?" galdetu nion jaso nuenean. "Buffff, eztakit ba, urtebete igual bai" erantzun zidan. Etzegarateko mendatera iritsi baino lehen elkarrekin eskalatu gabe egun bakarra pasa izan balitz bezala sentitzen nintzen.
Iazko harkaitz-eskaladako helburu nagusia Vignemaleren ipar horma klasikoa eskalatzea izan bazen ere, bigarren mailako helburu bat ere banuen: udazkenean Eginoko “Lore festa” eskalatzea. Itxuraz helburu apalagoa dirudien arren niretzat balio handikoa zen, 6a zailtasun behartuko bidea eskalatzeaz aparte, lehenengo bi luzeak 6a behartua dituenez, derrigorrez bietako bat aurretik eskalatu beharko nuelako. Honetaz aparte, blogari askok “Xabier” bidearekin batera Eginoko biderik onena dela irakurtzeak erakartzen ninduen. Dena den, arrazoi ezberdinengatik udazkena pasa eta ezin izan nion bideari saialdi bat ere egin.
Aurtengo neguak daraman martxagatik oraingoz ezin naiz kexatu. Aizkorrin eskalatzen sekula baino gutxiago aritu arren, Pirinioetara egiten ari garen irteerak emankorrak izaten ari dira. Harkaitz-eskaladari dagokionez aldiz, urrun gelditzen da azaroak 4a, Asierrekin Eginoko “Basotxo” bidea eskalatu genuen eguna. Ordutik, nahiz eta harkaitzean ez eskalatu, astean behin rokodromora joateko asmoa zintzo demonio betetzen ari naiz, elurra mendietatik alde egiten duenerako nolabaiteko oinarri fisikoa izan dezadan. Eta oinarri fisikoa diot rokodromoan oinarri mentala ez baitut lantzen. Ez da gauza bera lurretik metro erdira edo 25 metroetara, mugimenduak egitea, batez ere azken asegurua urrun baduzu.
Josuri “Lore festa” eskalatzeko proposatu eta baiezkoa erantzun zidanean poz bikoitza sentitu nuen: batetik, nahiz eta lau hilabete eskalatu gabe izan, rokodromoan landutakoa praktikan jartzeko aukera izango nuen. Bestetik, eta hau zen poz handiena senti arazi ninduena, MAT-eko aitonak (Lekuk deitzen digun bezala) berriro ere elkarrekin eskalatzeko aukera izango genuen.
Eskaladaren bezperan Xabier Larretxearen preziorik gabeko informazio iturri den “eskalatzen” blogatik krokisa inprimatu eta polarraren poltsikoan gorde nuen bidearen nondik norakoak eskura izateko.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 225 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Gontzal Avila eta Antxon Gorrotxategi 2014an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (35 m), 2ºL: 6a (35 m), 3ºL: V (35 m), 4ºL: 5c (35 m), 5ºL: 5b (35 m), 6ºL: V (30 m) eta 7ºL: II-II+ (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Egino herrian dagoen iturrian ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu. Bidea “Susi” eta “Txomin” bideen artean dago. Bidearen hasieran “Lore Festa” izena duen plakatxo iluna dago baina oraingoan izena ezabatuta topatu genuen.
- Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik behera doan ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginon izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 13 express-zinta (bigarren luzean denak erabiliko ditugu) eta zinta-uztaia batzuk bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez muntatuta daude seigarren eta zazpigarrena ezik: azkeneko bi hauekuztaidun parabolt bakarra eta harkaitz baten ingurutik pasatako soka batekin muntatuta daude.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz eskalada, zuriz, oinezko eta jaitsierako bidea. "Lore festa" lokalizatu ahal izateko ondoan dituen bideak marraztuta daude: orlegiz "Txitxibiritxi", urdinez "Susi" eta arrosaz "Txomin".
Krokisa zehatzago.
Krokisa oraindik ere zehatzago bigarren luzetik aurrera.
DESKRIBAPENA
"Zenbat denbora elkarrekin eskalau gabe?" galdetu nion jaso nuenean. "Buffff, eztakit ba, urtebete igual bai" erantzun zidan. Etzegarateko mendikatera iritsi baino lehen elkarrekin eskalatu gabe egun bakarra pasa izan balitz bezala sentitzen nintzen.
Egino hutsik zegoen. Kaleei bizia katu bakarti batek ematen zien, goiz genbiltzanaren seinale. Elizaren ondoan kotxea utzi eta herria pixkanaka atzean geratu zen, presarik gabe.
Egunaren lehen ordu hauetan hotza zen nagusi, berokiak goraino lotzeraino. Hotzaren gainetik, hormara hurbilduz gindoazela nolabaiteko urduritasun batek heltzen ninduela sentitu nuen. Hilabeteak eskalatu gabe, 6a luzeak eskalatzeko gai izango ote nintzen pentsatzen nindoan. Ayyyy grabitateak zer nolako indarra duen, jejeje.
Poney eta astoak lastoa jaten, negua lehorra izaten ari denaren seinale.
“Lore festa” “Susi” bidetik 15 metro inguru eskuinera dago. “Izena borrautauke” esan zidan Josuk bidearen oinean itsatsitako arbelezko plakatxoa seinalatuz. . Plakatxoa eta lehen luzea berez hasten den hormaren artean eskuen laguntzaz erraz igotzen den 8-10 metro inguruko tartea dago, harkaitz-zubi batetik pasatako soka batez babestua. Hau ikusita, metro hauek igo eta hormaren azpiraino jarraitzea erabaki genuen, bertan traste guztiak prestatu eta lehen luzea hormaren azpi-azpitik aseguratzeko asmoarekin.
Bidearen hasierako plakatxoaren (borobil gorrian) ondoan.
“Eztakit ba lekuik onena aukerau deun” esan zidan Josuk lurrez estalitako maldan oreka mantendu nahian. “Bai hobe izango genun azpin trastek atera ta geo honaño igo izan bagiñe, jejeje” erantzun nion arnesa jantzi ahal izateko hanka bakarrean zutik mantentzeko borrokan. Aukeran, erosoago da plakatxoa dagoen lekuan traste guztiak prestatu ondoren hormaren oineraino igotzea. Gutxienez prestaketa lanak leku eroso batean egiteko aukera izango dugu.
“Zein hasikoa?” galdetu nion Josuri prest geundenean. “Lenengo luzea fisikoa da ta bigarrena teknikoa, gotera batetio gora” erantzun zidan. “Ordun ni hasiko naiz” erantzun nion, “ez fisikogatik, goterak etzaizkitelako bate gustatzen, jejeje”.
Katu oinak ahalik eta garbien mantendu nahian jantzi eta, walkie-talkieak piztu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 35 metro, 6a. Lasai nengoela buruan sartu nahi banuen ere kamisetaren azpitik bihotz-taupaden indarra sentitzen nuen: “Smithy lasai, luzea ateakozuta…” esaten nion behin eta berriz nire buruari. Luzearen lehen metroak kanal-arrakala itsurako bat eskalatuz egiten dira (5b). Helduleku onak dituen arren horma tentea da eta, goiko zuhaixkara zuzenduz metroak irabazten diren heinean, burua eskaladan kokatzen lagunduko digu.
“Benga Xabi, ona Xabi..” animatzen ninduen denbora osoan Josuk. Zuhaixkaren azpira iritsi nintzenean zalantzan izan nintzen zuhaixkara zuzenean joan hala ez. “Ezkerretio gehio eskalau beharren zare ta gero ia horizontalen eskubira pasa” esan zidan Josuk azpitik. Josuren aholkuari jarraituz, zuhaixkaren ezkerrean dagoen diedro itsurako harkaitz-plaka bertikala metro pare batean eskalatu (5c) eta zuhaixkaren enborrari eskuin eskuarekin eutsi nion. Oinak eskuin aldera mugitu eta enborra bi eskuekin eutsi nuen honen eskuineko paraboltetik express-zinta eta sokak pasatuz.
“Asuntoa oain hastea!!!” esan zidan Josuk. Hurrengo metroak eskuinera beste bi paraboltez babestutako 3-4 metroetako zeharkaldi bat eginez bete behar dira. Hemen dago luzearen pasabiderik gogorrena (6a). Zuhaitzaren enborraren laguntzarekin gorputza altxatu nuen bigarren paraboltera iritsiz. "Bat gutxiago” pentsatu nuen. Oinak eskuinerago mugitu eta enborra askatuz ezkerrera metro pasatxoa egin nuen hirugarren paraboltera iritsiz. Express-zinta arnesetik atera arteko denboran besaurreak gogortzen hasten zirela sentitu nuen, rokodromoan estutzerakoan gertatzen den moduan: “eutsi Smithy!!!” animatu nintzen. Azido laktikoaren kontrako lehian express-zinta ahalik eta azkarren pasatu eta sokak hartu behar nituenean buruko ahots batek sokak pasa aurretik eroriko nintzela esan zidan. Rokodromoan pasatako estutasunak ahaztu eta “Josu eutsiazu expressai heldu behar diot eta” bota nion express-zintari lotsagabe helduz.
Lehenengo luzearen nondik-norakoak.
Sokak pasatu eta bertatik zintzilik atseden pixkat hartu nuen. “Petatzen hasita neon” bota nion aitzaki moduan. Minutu eskaseko atsedenaren ondoren erori aurreko lekura itzuli eta pasabidea uste baino erosoago eskalatu nuen: “ahule, pixkat gehio aguantau izan bazenuuuu!!!” zigortu nuen amorruz nire burua.
Zeharkaldiaren amaieran kanaltxo itsurako pasabide bertikala eskalatzen jarraitu (5c) behar da. Helduleku onak dituen arren, 6a pasabidean pasatako estualdiaren eraginez besaurreak nahi baino azkarrago kexatzen hasi ziren. Pasabidea eskalatuta, harri txiki eta lurrez estalitako kanal batera atera eta, 5-6 metro oinez ibili ondoren, eskuineko horman muntatutako bilgunera iritsi nintzen.
1 Bilgunea.
“Eunen baten zuhaitz hoi eroitze bada largoa oso gogorra geldittukoa” esan zidan Josuk bilgunera iritsi zenean. “Pasoa heldu gabe ateatzen saiau naiz baña ezin izan det”. Lehen luzea hala-nola eskalatu arren ez nengoen kontentu. “Burue pixkat gehio behartu izan banu pasoa enkadenauko nun” erantzun nion “burue gehio inbeharrauket”. “Bakizu, hoi gehio eskalatzen lortzea” erantzun zidan, “halare gutxiñez eskalauzu”.
Lehenengo bilgunera iristen.
Bigarren luzearen oinera iristeko iristeko 15 metro inguru kanaltxotik oinez ibili beharra dago. Sokak ez nahasteko bilgunetik atera eta katu oinak ahalik eta garbien mantendu nahian lehenengo “bis” bilgunera iritsi nintzen, ur-tantadun plaka bertikal baten azpian dagoena, hain zuzen ere.
Lehenengo "bis" bilgunera iristeko jarritu beharreko bidea.
Lehenengo "bis" bilgunetik lehenengo bilgunera egindako argazkia.
- Bigarren luzea, 35 metro, 6a.“Ea zemuz eskalatzeten” esan zidan Josuk eskalatzen hasi baino lehen.
Luzearen lehenengo bi paraboltak bilgunearen gaineko ur-tantadun harkaitz-plaka bertikalean daude. Josu hasieran harkaitz-plakaren ezkerretik eskalatzen saiatu bazen ere, azkenean eskuinera pasa eta, honen eskuin ertza eta bertako zuhaixken enborren laguntzarekin, harkaitz-plaka bertikala eskalatu zuen (5c), hilda dirudien zuhaixka batera iritsiz (zinta zahar bat dauka bere enborretik pasatuta).
Bigarren luzearen lehen metroetan, azkenean ur-tantadun harkaitz-plakaren eskuinera pasako zen.
“Zailtasune hemendio gora hastea” esan zidan zuhaixkaren erosotasunetik atera aurretik. Metro pasatxo ezkerrera bota eta bilgunetik nabaria den ur-tantadun harkaitz-plaka bertikala eskalatzen hasi zen (6a). Josuren mugimenduak motelak ziren, gorputza mugitu aurretik esku eta oinen heldulekuak sendoak zirela ziurtatuz. Harkaitz-plakako hirugarren paraboltera iritsi zenean atseden hartzen zuela ikusi nuen. “Hor ondo zare?” galdetu nion. “Bai, oain bai” erantzun zidan. Korrika batean argazki makina atera eta argazki batzuk egin nizkion. “Oain arte oso guapoa, hankekin igo behar den hoitakoa” esan zidan. “Bai, luze guztik eskalau ondoren guapok izateie,jejeje” bota nion irribarretsu.
6a pasabidea eskalatuta.
Harkaitz-plakako hirugarren paraboltetik gora bigarren ur-tantadun plaka bat eskalatzen da. Bertikaltasuna eta zailtasuna zertxobait jaisten bada ere (5c) hormak ez du ezer oparitzen. Halere Josuren eskalada arinagoa zen eta konturatzerako ur-tantadun harkaitz-plakaren eskuineko zuhaixkaren ondoko bilgunea begi-bistan zuen.
"Zemuz Josu?", "oaingoz ondo!!".
Bilgunera iristeko errazena zuhaixkara zuzen jo baino, zuhaixka eskuinean utzita, zuzen eskalatzen jarraitzea da. Bilgunearen altuera berean eta 3 metro inguru ezkerrerago zegoenean, Josuk harkaitz-plakak dituen helduleku ederrak aprobetxatuz eskuinera zeharkaldi horizontala egin zuen (V) bilgunera iritsiz..
Ur-tantadun harkaitz-plakak gorrotatu arren, atzetik eskalatzen joateagatik txarrenean “tranpa” eginez eskalatuko nuela jakiteak lasaitzen ninduen. Josuk prest zegoela esan zidanean bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen.
Lehenengo bi paraboltak jarritako ur-tantadun harkaitz-plaka eskalatzeak uste baino gehiago kosta zitzaidan, hildako itsura duen zuhaixkara nahi baino nekatuago iritsiz. “Earki hasi gea ba…” “animatu” nintzen.
Zuhaixkatik ezkerrera pasa eta, 6a zailtasuneko pasabidearen 5-6 metroak eskalatzen hasi bezain pronto, estutzen hasi eta horma bertikaltasunetik haratago zertxobait makurtzen zela ere iruditu zitzaidan.
Hormari itsatsia, oinekin ahaztu eta, eskalatzaile hasiberriaren moduan, besoetatik tiraka hasi nintzen irabazten nuen zentimetro bakoitzeko geroz eta gehiago nekatuz. Pasabidearen lehen bi express-zintei heldu ondoren, nire buruarekin amorratu eta express-zinta gehiagori helduko ez niola zin egin nuen.
Eta horrela izan zen. Oinak dar-dar batean, bilgunera iritsi aurreko zeharkaldira express-zintarik heldu gabe iritsi nintzen. Josuren argibideak jarraituz zeharkaldia egin eta bi eskalatzaile egoteko oso erosoa ez den bilgunera iritsi nintzen. “Ze iruittuzazu?” galdetu zidan Josuk. “Luze oso ona” erantzun nion, “baña eztakit de primero eskalatzeko kapaz izango nintzen”. “Hemendio gorako luze guztik disfrutatzekoie” esan zidan Josuk soberan zituen express-zintak pasatzearekin batera.
- Hirugarren luzea, 35 metro, V.Bilgunetik eskuinera 2-3 metroetako zeharkaldia egin eta harkaitz-zubi batetik pasatako zinta batera iritsi nintzen (V). Pasabide hau, zaila baino ikusgarria da, hormaren bertikaltasunaren gainetik egiten baita. “Parabolt batea iritsi baño lehen eztet reenvioa kenduko” esan zidan Josuk bilgunetik pasatzen den lehen express-zintari erreferentzia eginez. Luzearen lehen express-zinta bilgunetik pasatzea izaten da gomendagarriena, aurretik doana lehen aseguru sendora iritsi baino lehen erortzen bada sokek sortutako tiratze indarra aseguratzailearen gerrian baino bilgunean jotzeko.
Harkaitz-zubitik gora 3 metro inguru zuzen eskalatu (5b) ondoren lehen paraboltera iritsi nintzen. Hemendik gora, nahiz eta harkaitz-plaka tentea izan, helduleku onak ditu, goian ikusten diren zuhaixketara zuzenduz (V). Lehenengo bi luzeetan pasatako estutasunak ahaztuta konfiantzaz nindoan, buruarekin bakean, lehen aldiz eskaladaz erabat gozatuz.
Zuhaixkak dauden lekutik gertu bigarren bilgunea egindako argazkia.
Zuhaixken artetik pasa nintzenean bat-batean gelditu nintzen. “Ze Xabi?” galdetu zidan Josuk bilgunetik. “Eztet paraboltik ikusten” erantzun nion, “akordatzen zea nundio jarraitzeun?” galdetu nion, “zuzen goraka edo ezkerreta?”. “Zuzen esango nuke” erantzun zidan Josuk. Batera eta bestera begiratu arren ez nuen paraboltik ikusten. Josuren memoriari kasu eginez zuzen eskalatzen hastearekin batera nengoen lekutik 3-4 metro ingurura erdi-herdoildutako parabolt bat ikusi nuen. Eskalatutako tartea jaitsi eta zeharkaldi erdi-horizontal bat eginez paraboltera iritsi nintzen. Azken parabolta urrun gelditzen bada ere zeharkaldia ez da oso zaila (IV+) eta aukeran friend edo artaka-trabagailuekin ongi babestu daiteke.
Zeharkaldiaren ondorengo paraboltetik gora helduleku oneko harkaitz-plaka zuzen eskalatzen jarraitu (IV+), bigarren parabolt bat atzean utzi eta, punta bat eskuinean utziz, hormatik atera nintzen.
Hormaren gainetik egindako argazki honetan egin beharreko zeharkaldia ikusi daiteke.
Hirugarren bilgunea hormaren gainetik 10 metro ingurura gutxi gora behera dagoen monolitoaren oinean dago, arbelezko plakatxo baten ondoan (plakatxo honek izena erdi-ezabatua dauka). Bilgunera iristeko tartea oinez egiten da.
Hirugarren bilgunea. Plakatxo honetan ere izena erdi ezabatua dago.
“Ezkerretio parabolt linea bat dijo baña hoi ez da bidea” esan nion Josuri bilgunetik 4-5 metro ezkerrago doan parabolt ilara seinalatuz. “Bai, hala da, gurek hemendio zuzen jarraitzeo” erantzun zidan.
Josu horma eskalatu ondoren, bere ezkerrean hormaren eskuinean gelditzen den punta ikusi daiteke.
- Laugarren luzea, 35 metro, 5c. Laugarren luzean monolitoa bere osotasunean eskalatzen da.
Laugarren luzearen nondik norakoak. Eskuineko bidea (puntu zuriz) jarraitu behar ez den bidea da.
Josu bilgunetik gora atera (IV) eta harkaitz-plaka inklinatu batera igo zen. 4-5 metroetan harkaitz-plaka eskalatu (V) eta, eskuinean zuhaixka bat utziz, arrakala eta heldulekuz jositako harkaitz-plaka eskalatzen jarraitu zuen (V). “Zemuz dijo Josu?” galdetu nion. “Oaingoz ondo, errexa” erantzun zidan. Harkaitz-plaka honen ondoren heldulekuak pixkanaka gutxituz doan harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraitu zuen (5b).
Arrakala eta heldulekuz betetako harkaitz-plaka eskalatu ondoren.
Harkaitz plakaren goiko zatira iritsi zenean orain arteko abiadura eta mugimendu koodinatuak bat-batean gelditu zituen.
Luzearen pasabide gogogorrean.
Batera eta bestera mugitzen hasi zen topatzen ez zituen heldulekuen bila. “Ze, Josu?” galdetu nion. “Eskubitio errexago ikustet baña plakan erditio saiau nahi det” erantzun zidan. Saiakera ezberdinen ondoren harkaitz-plakaren eskuin aldera pasa eta, ertzaren laguntzarekin 3 metro inguru eskalatu ondoren, berriro ere harkaitz-plakara pasatu zen (5c) begi-bistatik galduz.
Pasabidearen enigma aurkitu nahian...
Ez nuen bitan pentsatu ere egin. Luzeari zailtasuna ematen dion pasabidera iritsi nintzenean eskuinera pasatu eta eskuinetik errazago eskalatu nuen.
Laugarren luzea azpitik ikusita.
Harkaitz-plaka eskalatuta, zailtasuna jaistearekin batera bilgunera iritsi nintzen. “Hurrengo largok eskalatzeko atzeko paretara jun beharko deu” esan nion bilgunearen gainetik burua altxatu nuenean.
Laugarren bilgune erosoan.
Laugarren “bis” bilgunera iristeko 70-80 metro oinez egin behar dira. Hasieran sokak jaso eta zapatilak janzteko zalantzan izan arren, azkenean beste luze bat eskalatuko bagenu bezala katu-oinekin jarraitzea erabaki genuen.
Laugarren bilgunearen goiko puntaren bestaldera pasa eta nahiko zuzen jarraitu nuen pareko hormara zuzenduz. Hormara iritsi bezain laster arbelezko hirugarren plakatxo ilun bat topatu genuen, hau ere izena ezabatua duena. Hemen uztaidun paraboltez osatutako bilgunerik ez dago, aseguratzeko lekua oso zabala baita. Josu iritsi zenean sokak ondo bildu eta eskalatzen jarraitu nuen.
Bosgarren luzearen lehen metroak. Argazkian izenik gabeko arbelezko plakatxoa eta harkaitz-zubia ikusi daitezke.
Laugarrenbilgunetik laugarren "bis" bilgunera jarraitu beharreko bidea.
Bosgarren eta seigarren luzeen nondik norakoak. Zazpigarren luzearen lehen metroak ere adierazita daude.
- Bosgarren luzea, 35 metro, 5b. Arbelezko plakatxotik gorako harkaitz-plaka zuzen eskalatzen hasi nintzen soka zahar bat pasatuta duen harkaitz-zubi batera iritsiz (IV+). Hemendik gora, zertxobait eskuinera joz eskalatzen jarraitu nuen harkaitz-bloke handi batekin topo egin arte (V). Zailtasuna zertxobait igotzen bada ere heldulekuak oso onak dira.
Harkaitz-blokearen eskuinetik igo eta honen gaineko erlaitz erosora iritsi nintzen. “Oaingoz luze ederra, errexa” bota nion Josuri argazki batzuk egiten nituen bitartean.
Erlaitzetik behera egindako argazki honetan laugarren "bis" bilgunera arteko bidea garbi ikusi daiteke.
Erlaitzetik gora egindako argazkia. Bosgarren luzeak horma osoa eskalatzen du.
Erlaitzetik gora helduleku oneko harkaitz-plaka tente bat zuzen eskalatuz jarraitu nuen heldulekuak amaitzen ziren arte (V). Azken paraboltetik express-zinta pasatu eta bilgunera arteko azken 5 metro inguruan gehiagorik ez zegoela ikusita, zailtasunak amaituta zeudela pentsatu nuen. Baina azken paraboltetik gorako lehen bi metroetan dago luzearen 5b pasabidea. Igota nengoen harlauz estu eta txikian oinak aldatu eta, ezker oina hormaren zimur batean kokatuz, gorputza hormara hurbildu eta gorputza altxatzen hasi nintzen. “Kontu bazpare, eh Josu?” ohartu nuen.Gorputzaren pisua ezker oinean nuela eskuinekoa pixkanaka altxatu eta bigarren zimur batean jarri ondoren pasabidea eskalatu nuen.
Pasabidea atzean utzita, harkaitz-plakan helduleku hobeak azaldu eta arazorik gabe bilgunera iritsi nintzen.
Bosgarren bilgunea.
Bosgarren bilgunetik behera egindako argazkia. Argazkian laugarren bilgunearen kokalekua ere ikusi daiteke.
“Honek ere pasitoa zeuken, eh?” bota zidan Josuk bilgunera iritsi zenean. “Bai, ez nun espero” erantzun nion, “batez ere bilera arteko alejea ikusitenen”.
Bosgarren luzeko pasabide "gogorrean".
- Seigarren luzea, 30 metro, V. “Luze hau kinto izangoa baña pareko tximinik gehio emateo” esan nion Josuri seigarren luzearen hasierako tximini bertikala ikusi nuenean. “Kinto izanda helduleku onak izangoittu” erantzun zidan.
Seigarren luzearen nondik norakoak...
Josu bilgunearen ezkerretik gora metro gutxi batzuetan erdi-oinez ibili eta pareko horma bertikala bitan erdibitzen duen tximinia bertikalaren oinean kokatu zen. Tximiniak helduleku onak ditu baina gorputza ongi kokatu behar da eroso eskalatu ahal izateko. Eskalatzen hasi eta lehenengo paraboltetik aseguratu ondoren eskuinera pasa zen tximiniaren zatirik bertikalenaren azpian kokatuz. Motxilak kaskoan enbarazu egiten zion eta ez zuen tximinia nahi bezalako erosotasunarekin eskalatu (V).
Tximinia eskalatzen.
Zatirik bertikalena eskalatuta, harlauz bati helduz ezkerreko joerarekin zertxobait jarraitu zuen. Harlauz beraren laguntzaz 2-3 metro zuzen eskalatu (V) eta, zailtasun handienak amaituta, zuhaixka baten azpian kokatutako bilguneraino doan harkaitz-plaka inklinatua arin eskalatu zuen (IV+).
Tximinia bertikala azpitik ikusita.
“Joer ze luze earra, kristona gustau zait” esan nion Josuri bilgune erosora iritsi nintzenean. “Bai? Nei etzait ba hainbeste gustatu”, erantzun zidan. Ez dakit motxilagatik eroso ez zelako sentitu edo, baina luze hau ikaragarri gustatu zitzaidan, pena tximinia luzeagoa ez izatea.
Seigarren bilgunean.
“Bueno oain segundo-terceroko metro batzuk eskalatzea bakarrik falta zaigu” esan nion. Hasieran traste guztiak jaso eta azken metroak zapatilekin eskalatzea pentsatu genuen arren, harkaitz-plakatxoaren erdian parabolt bat eta erorketa mingarria izan zitekeela ikusi nuenean, “bazpare sokakin itten badeu hobe” proposatu nion. “Total, sokea ateaka daukeu” erantzun zidan.
- Zazpigarren luzea, 20 metro, II-II+. Bilgunetik ezkerrera 2-3 metroetako zeharkaldi horizontala egin eta parabolt bakarrez babestutako harkaitz-plaka etzana oso erraz eskalatu nuen, bidearen azken bilgunera iritsiz.
Zeharkaldi horizontala egin ondoren seigarren bilgunera egindako argazkia.
Zazpigarren bilgunetik behera egindako argazki honetan zazpigarren luzearen nondik norakoaka eta parabolt nahiz seigarren bilgunearen kokalekuak ikusi daitezke.
Bilgunea seigarren bilgunearen gaineko zuhaixkaren gaineko puntan kokatzen da. Josu berehala iritsi zen bilgunetik gorako leku zabaleraino eskalatuz.
Zazpigarren, eta azken, bilgunea. Puntu zuriz hemendik gora jarraitu behar den bidearen lehen metroak.
“Bueno, beste bat” bota zidan. “Bai, baña ez naiz oso gustoa geldittu” erantzun nion, “ea beste baten errepikatu ta lehenengo bi luzek linpio eskalatzen dittuten”. Barratxo bana jan, ura edan eta trasteak lasaitasunez bildu genituen, etxera itzultzeko presarik gabe.
Jaitsieran, askotan egin izan dugun moduan, lehenik eta behin mugarriak jarraituz Eginoko hormen gainera iritsi ginen, tartean II zailtasuneko eskaladatxo erraz batzuk eginez. Bidean Josuri Antxon Gorrotxategik Eginon irekitako bide guztietatik “Nicasio ertza” eta “Garoa” bideak bakarrik eskalatzea falta zaidala esan nion, aukera izan nuen lehenengoan beraien kokalekua adieraziz. “Ba eztittut sekula entzun” erantzun zidan, “berrik die?”. “Ez, duela urte batzuk iriki zittun” erantzun nion.
Basoko lilipa edo nartzisoa loretan. Definitiboki aurtengo negua eroa doa.
“Ostia, gaur Ikerren urtemuga da!!!” esan nion Josuri "Aztore" eta "Usora" doan bidean geundela, “bideotxo bat grabatzen badiogu?”. Muino baten gainean gelditu eta “Happy birhday to youuuuuu..” kantatuz, grabatutako bideotxoa whatsapp bidez bidali genion. Kantari bezala dirurik sekula irabaziko ez dugula argi eta garbi gelditu zen, jejeje.
MAT-eko aitonak elkarrekin berriro ere!!!!!!
Jaitsiera, igoera bezala, lasai hartu genuen, kontu kontari, bizitzak eguneratzen. Konturatzerako Eginoko kaleetan geunden berriro ere. Hormari azken argazki batzuk egin, kotxean sartu eta etxerako bidea hartu genuen. Betiko moduan Josurekin eskalatzea plazer handia izan zen. Ea noiz itzultzen garen!!!!
Bideari dagokionez ederra iruditu zitzaidan, lehen luzea buruan nuena baino “errazagoa” (Josuri 5c/A0 bezala ere sailkatu daitekeela proposatu nion) eta bigarrena lasaitasunez hartu beharrekoa nahiz eta, tentsioak jota, oso luzea egin zitzaidan. Hirugarren luzetik aurrera bidea gozamen hutsa da, Antxonek Eginon irekitako beste bideen antzekoa. Ez dut kronika bukatu nahi Antxon Gorrotxategik Eginon egin duen lana goraipatu gabe. Bide bat ekipatzeko dirurik sekula eman ez dugunok esker onekoak izan beharra dugu lan hau egiteko denbora hartu eta dirua jartzen dutenekin. Bejondeizuela!!!!
AZKEN 10 SARRERAK
2019/03/13
EGINO, LARRIÑEGIKO HAITZAK: "LORE FESTA" BIDEA, 225 m, 6a. 2019/03/09
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
21:46
Etiketak:
araba,
egino,
eguino,
eskalada,
festa,
lore,
lore festa,
smithy,
smithyrenbloga,
susi
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina