AZKEN 10 SARRERAK
goikua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
goikua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2024/03/25
EGINO, "GOIKUA" SEKTOREA: "IZEN EZEZAGUNEKOA", 60 m, V+. 2024/03/16
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Ez da erraza eskalada-bide bat eskalatzeak sortzen dituen sentimenduen koktela hitzetan jartzea, eskalada honek erosotasun eremutik atera zaituenean batez ere. Zure urduritasun eta zalantzen gainetik beldurrari aurre egin diozu, beldurra txikitzea lortu duzu eta, amaigabea dirudien une ezeroso baten ondoren, bilgunera iristea lortu duzu, arnasestuka, bihotza ahotik irtetear dagoela. Onartu beharra daukat eskaladan beldurra gainditu eta jarritako helmugara iristea adinako sentsazio betegarri gutxi daudela; baina baita bizitzan ere. Egoera honek zure burua hobe ezagutzen laguntzen dizu, zure izatea garatzen, baita zure erosotasun eremua zabaltzen ere. Honegatik ez da harritzekoa beldur honen bila doazenak egotea. Baina beldur izatea ez zaio inori gustatzen.
Goiko paragrafoak ederki laburtzen du Eginoko "Goikua" sektoreko "izen ezezaguneko" bidearen lehen luzearen azken hogei metroetan bizi izan nuena. Bide hau izan zen "Goikua" sektoreko lehena, baita zailena ere, Iñaki Lerma eta Miguel Angel Morenok ireki zutena. Ireki zuteneko urtearen berririk ez dugu, ezta bidearen izenaren berririk ere, hortik "izen ezezagunekoa". 2024ko otsailaren 8an "Egino bizirik" plataformako kide diren Josema Berrocosok eta Naur Jungituk berrekipatu zuten, espit zaharrak paraboltekin ordezkatuz eta bidearen izpiritu originala errespetatuz. Aldaketa bakarra lehen bilgunearen kokalekuan egin zuten, baina honek ez du bidearen izpirituan edo zailtasunean eraginik izan.
Bide hau eskalatzearekin batera "Goikua" sektoreko bide guztiak eskalatzearen zirkulua ixtea lortu dugu. Sektore polita geratu dela esango nuke: bide guztiak estilo beretsukoak dira: 60 metro inguruko luzera, bi luzekoak eta uztaidun paraboltak dituzten bilgunekin, bertatik rappelatu ahal izateko. Eskalada motari dagokionez, harkaitz-plakak eta ur-tantadun plakak tartekatzen dira, azkeneko hauek nagusituz. IV+ eta V+ arteko zailtasuna duten bideez osatuta dago eta guztietan auto-babeserako materiala erabili beharko dugu. 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztai batzuekin nahikoa izango dugu bide guztiak eskalatu ahal izateko.
Goian azaldutako guztiak kontutan hartzen baditugu, “Goikua” goiz edo arratsalde pasa baterako osagai guztiak dituen sektorea izan daitekela esango genuke, 300 metrotik gorako eskalada gozagarriak eskaintzen baitu.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Miguel Angel Morenok eta Iñaki Lermak. 2024ko otsailaren 8an Josema Berrocosok eta Naur Jungituk berrekipatu zuten
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (35 m) eta 2ºL: IV+ (25 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadura (kateak jarrita daude eskubanda moduan) eta artez osatutako basoa atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroko bi sokekin bidea rappel bakarrean rappelatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamar minutu, lasai ibilita eta bidea bi luzetan eskalatuz.
BIDEAREN KROKISA
"Goikua" sektorean irekitako eskalada-bideak. "Izen ezezagunekoa" hirugarren zenbakiduna da.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Neguak zarata handirik egin gabe alde egingo zuela uste genuenean, mendiak zuritu eta hiru astetan zehar euria ekarri zigun ia egunero, kalean arnasten hasiak geunden udaberri usaina aldenduz. Honegatik, hodeitza desegin eta zeruan eguzkia nagusituko zen lehen asteburua iristear zegoela iragarri zutenean, Ikerrek, Asierrek eta hiruok ez genuen bitan pentsatu ere egin Eginoko "Goikua" sektorera hurbiltzeko. Euriteen ondorioz "Bloke" eta "Langus" bideen egoera nolakoa zen ikusi nahi genuen bereziki. Harkaitz-eskaladan konfiantza berreskuratzen joateko lagunduko ziguten bi eskalada hauez gain, nire kasuan, "izen ezezaguneko" bidea ere eskalatzeak erakartzen ninduen.
Hormaren oinera iritsi ginenean Ikerrek tripetatik ongi ez zegoela esan zigun. Martxoa ospakizunez betetako hilabetea izaten da etxean, baita bazkari familiarrez betetakoa ere. Eta astebete lehenago jatetxe batean bazkaldutakoak eragin zigun beherakoaren oroimenak fresko zirauen oraindik gure gogo eta hesteetan.
Ikerrek eguzkia hartzeko postura erosoa hartzen zuen bitartean Asierrek eta biok behar genuen material guztia prestatu genuen.
- Zuk argazkik egin, bale?
- Bale - erantzun zigun begiak eguzkitako betaurrekoekin estali eta etzaten zen bitartean.
Ez genuen denbora luzea behar izan "Bloke" eta "Langus" eskalatzeko. Euriteek bi bideak oso garbi utzi zituztela iruditu zitzaigun, nahiz eta helduleku batzuetan belarra ernetzen hasi den.
- Baina belarrek eskalatzeko ez dute molestatzen - esan zidan Asierrek azkeneko rappel-a amaitu zuenean.
- Hala da.
Erlojuari begiratu eta oraindik bide bat gehiago eskalatzeko denbora genuela ikusi nuenean, Asierri "izen ezezaguneko" bidea eskalatzea proposatu nion. Berak dagoeneko eskalatuta zuen, luze bakarrean, "Bloke" lehen aldiz eskalatu genuen egun berean.
- Baina oaingon lehenengo luzeari nik emango diot, bale?
- Ondo - erantzun zidan.
Iker bitartean inguruan zebiltzan sugandilen moduan zegoen, harkaitzetatik eta eguzkitik iheska zetorren berotasun goxoaren eraginpean.
- Zuk argazkik egin, bale? - Esan nion bigarrenez, aurretik argazkirik egin ez zuela jakinda.
- Bale - erantzun zigun bigarrenez, begiak eguzkitako betaurrekoekin berriro ere estali eta etzanda jarraitzen zuen bitartean.
- Lehenengo luzea, 35 m, V+. Asierrek hormaren azpiko arteen artean leku eroso bat aurkitzen zuen bitartean metro pare bat gorago dagoen zulo batera igo nintzen. Zulo honetatik gora bidea ireki zutenek nondik jarraitu zuten ez dugu argi, harkaitz-plaka tentearen ezker ertzean dagoen kanaltxo belartsutik edo eskuin ertzean dagoen kanaltxo belartsutik. Josema Berrocosoren ustez igoera logikoena ezkerretik izango litzateken arren, badaezpada bi kanaltxoak garbitu zituzten. Hartzen dugun aukera edozein izanda ere, bietan harkaitz-zubiak aurkituko ditugu urrun dagoen lehen paraboltera iritsi aurretik auto-babestu ahal izateko. Lehen aldirako eskuineko kanaltxoaren aukera hartu nuen.
Metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin (III) eta eskuineko kanaltxotik gertu mantenduz ez nuen zailtasun handirik izan urrun dagoen lehen parabolt honetara iristeko (IV). Ezkerreko aukera zertxobait zailagoa da (IV+) baina esan bezala ongi babestu daiteke.
Lehenengo paraboltaren parean.
Harkaitz-plakaren eskuin aldean dagoen ur-tantadun plaka txikiaren gainetik eskalatzen jarraituz ez nuen zailtasun handirik izan bigarren paraboltera ere iristeko (IV). Zati hau "Eskerrik asko Patxamama" bidea eskalatu nuenetik ezagutzen nuen, horregatik lasai nindoan, eskaladaz gozatzen.
Bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea luzea da; beno, oso luzea, 8-10 metro ingurukoa.
- Goien ikusten den zulo haundirarte errex igoko zea - esan zidan Asierrek bilgunetik, pentsatzen ari nintzena asmatuz.
Bigarren parabolta atzean utzi eta, hormaren erdian dagoen horma-hobi nabarmenera igo aurretik, bertan dagoen behatz bateko lodierako harkaitz-zubi txiki batetik zinta-uztai bat pasa nuen pasagunea babesteko.
- Bazpare eroitzen banaiz lurreaño ez iristeko, jejeje.
Horma-hobira igo, bertatik luzatzen den arrailtxo batetik igotzen jarraitu eta, gorputza luzatuz, hirugarren paraboltetik aseguratu nintzen (IV).
Horma-hobian. Nire eskuin oinaren ondoan muntatu nuen harkaitz-zubia ikusi daiteke.
Asier hirugarren paraboltaren parean. Argazkia otsailekoa da.
- Netzako zailena oain dator - esan zidan Asierrek -, goterara pasatzeko egin behar den trabesin.
- Ea ba!!!!
Paraboltak ematen duen segurtasuna ezkerrean utzirik, hormak dituen zimur txikietan oinak jarri eta, hauetan konfiantza osoa jarriz, pixkanaka eskuin aldera mugitu nintzen ur-tantadun plaka nabarmenera igo nintzen arte (V).
Asier zeharkaldi horizontala egin ondoren. Argazkia otsailekoa da.
Hemendik gora, erritual bat izango balitz bezala, hormari zentimetro batzuk irabazten nizkion bakoitzean eskuak magnesio-poltsan hautseztatzen nituen, konfiantza osoa jarriz hauts magiko horiek eskuak lehorrak mantentzeko duten efektuan. Ez nindoan eroso, baina ezta ikaratuta ere. Azpitik ikusita parabolten arteko tartea nahikoa dela dirudien arren urrun ikusten nituen, urrunegi. Egoera horietan, nire arreta osoa arnasketa lasai mantentzen jartzen saiatzen naiz, arnasketa kontrolatzea lortzen badut burua lasaitu egingo zaidala dakidalako. Arnasa sakon egin, zentimetro batzuk irabazi, eskuak hautseztatu; arnasa sakon egin, zentimetro batzuk irabazi, eskuak hautseztatu. Modu honetan, bosgarren paraboltera iritsi arte ez nuen arnasa lasai hartu (V+). Ur-tantadun plaketako eskalada ez da nire gogokoena, eta plaka tentea bada zer esanik ez, baina eskaladan hobetu nahi bada erosotasun eremutik atera behar da ezinbestean.
Bosgarren paraboltetik gora aldiz, horma zertxobait etzaten dela iruditu zitzaidan metroak errazago irabazteko aukera emanez (V).
Asier zazpigarren paraboltaren parean, luzeko azkenekoa.
Azkeneko paraboltera iritsitakoan, ur-tantadun plaka utzi eta bere eskuinetik eskalatzen jarraitu nuen helduleku honeko plaka batetik (V).
Zein zoriontsu jarri nintzen bilgunetik zintzilikatu nintzenean:
- Reunionnnnnnn!!!!
Reunionnnnnnnn!!!!!
- Lasai ikusi zaitut!!! – Oihukatu izan Ikerrek Asier eskalatzen hasi zenean.
- Buenooooo – erantzun nion -. Asko estutu det baña uste nuna baño gutxigo.
Asier horma-hobiaren parean.
Ikerrekin hitz egiten nuen bitartean Asierrek metroak lasaitasun osoz eskalatzen zihoan, ez dakit soka gainetik zuelako, ez dakit luzea eskalatzen zuen bigarren aldia zelako edo erraz zihoalako. Ni aldiz, endorfinek eragindako efektuaren eraginpean nengoen, zoriontsu, tuntun aurpegiarekin, hitz-jarioa itxi gabe.
Ur-tantadun plakara igotzen.
- Ondo eskalau dezu, ez? – Bota zidan bilgunera iritsi zenean.
- Uste nuna baño hobe egie esan, baña ondo estutu det, jejeje.
- Oaingoa askoz errexagoa da – erantzun zidan zintzilik nuen materiala hartzen zidan bitartean.
Lehen bilgunera iristen.
- Bigarren luzea, 25 metro, IV+. Lehenengo parabolta bilgunearen eskuinean dago, urrun xamar hau ere. Baina Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan eskuin aldera zeharkaldi erdi-horizontal bat egin eta bertaraino igotzeko (IV+).
Lehenengo paraboltaren parean.
Paraboltak babesten duen harkaitz-plaka inklinatua eskalatu ondoren (IV+), zuhaixka bat ezkerrean utzi zuen, horma etzaten den tarte batera iritsiz. Puntu honetan zegoen lehen bilgune ofiziala, zinta zahar batez osatua, Josemak eta Naurrek bidea berrekipatu baino lehen. Berrekipazioa amaitu zutenean bilgunea jaistea erabaki zuten, zinta zaharra jarrita zegoen harkaitz-plaka hutsa eta ahula zegoela iruditu zitzaielako. Erabaki zuzena inongo zalantzarik gabe.
Asier gutxi gora behera lehen bilgunea zegoen lekuan.
Metro batzuetan ezker aldera mugitu ondoren (II+/III-) horma berriro ere tentetzen da, baita harkaitz-plaka trinko batean bihurtu ere. Gainetik zuen bigarren (eta azken) parabolta erreferentzi bezala hartuz, Asier helduleku onak dituen harkaitz-plaka hau eskalatzen hasi (III+) eta, ezkerrean duen ur-tanta sakoneko ur-tantadun plakatxora pasatuz, ez zuen zailtasun handirik izan parabolt honetara iristeko (IV+).
Bigarren paraboltaren parean.
Argazki honetan bigarren paraboltera arteko tartea ikusi daiteke.
- Nola dijo? – Oihukatu nion.
- Ondo – erantzun zidan -. Disfrutatzen.
Bigarren paraboltaren kokalekua gertuago.
Parabolta atzean utzita zuzen jarraitu zuen eskalatzen, harkaitz-bloke erraldoi baten oinean muntatuta dagoen harkaitz-zubi batera iritsi zen arte (IV). Dagoeneko bistan zuen bigarren bilgunea, “Eskerrik asko Patxamama” bidearekin partekatzen dena. Bertara iristeko, arnasketari eutsi eta harkaitz-bloke erraldoitik ahalik eta tira gutxiena eginez ezkerretik inguratu zuen, harkaitz-plaka inklinatu bat ezker aldera zeharkatzeko (IV+).
Bilgunea iritsi aurretik muntatuta utzi duten harkaitz-zubia.
- Reunio originala hor goien daula esango nuke – esan zidan bilgunera iritsi nintzenean.
Bigarren bilgunetik 3-4 metro gorago, harkaitz-zubi batean denborak zahartu eta gogortutako kolorerik gabeko zinta batek bide honen azken bilgunea izan zena adierazten zuen. Bertaraino igo eta zinta zaharrari argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.
Garai batean bigarren bilgune ofiziala izan zena.
- Ostras, ze bide ona.
- Bai, ederra da – erantzun zidan.
- Ea Ikerrek goiko zati hontako argazkik egin dizkigun.
Baina “Eskerrik asko Patxamama” bidetik rappelatzen nuen bitartean Ikerrek etzanda jarraitzen zuela ikusi nuen. Tripak ongi ez daudenean ezin da gehiago eskatu, honaino igotzearekin nahikoa egin zuen.
Egun batzuk beranduago, kronika hau prestatzen hasi nintzenean mezu bat jaso nuen. Bidaltzaileak "Luca" eskalatu zuela kontatzen zidan mezuan, bide honen atzean dagoen istorioak erakarrita. Pozez betea, bidea asko gustatu zitzaiola amaitzen zuen, eskerrak ematearekin batera. Hunkituta, bihotzez eskerrak eman nizkion.
Mezuak eguna alaitu zidan, baita zer pentsatua eman ere. Askotan gutxien espero ditudan gauza txikiak dira zoriontsuen egiten nautenak: bikotearen muxu bat, begirada bat, irribarre bat, lagun arteko solasaldi bat, begien aurrean egunsenti edo ilunabar bat, gailur bat, eskalada bat, ezezagun baten mezu positibo bat, telefono dei bat, aterpe bat, hozgailuan janaria, iturrian ura, armairuan arropa garbia. Gauza hauetako asko ohikoak bihurtu ditudan gauzak dira, automatikoak, egunerokotasuneko beste gauza askoren artean ezkutatuz. Beharbada nire zoriontasunean duten garrantziaz ahaztu naiz; une batez, laburra bada ere, galtzen ditudan arte. Orduan konturatzen naiz duten garrantziaz, orduan begiak irekitzen zaizkit eta ikusten dut zein zorionekoa naizen. "Askok beren bizitza zure bizitzako egunik txarrena bezala izatea nahiko lukete" irakurri nuen behin. Ezin ninteke gehiago ados egon.
2024/02/09
EGINO, "GOIKUA" SEKTOREA: "BLOKE" BIDEA, 60 m, V.
"Bloke" bidearen oinean dagoen plakatxoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
- Bai?
- Bloke hil egin da – bota zidan gordin anaiak, negar-zotinka.
- No jodas!!! – erantzun nion -. Zu zemuz?
- Jodido – erantzun zidan.
Dei lazgarri hau ezkontza baten koktelaren erdian iritsi zitzaidan eta Itziri begiratu nionean berehala asmatu zuen zein zen nire begirada tristearen arrazoia.
- Bloke? – Galdetu zidan.
- Bai.
Blokeren osasun egoerak azkeneko egunetan behera egin zuen eta dei hau edozein unetan irits zitekeela bagenekien. Baina amaiera triste eta gogor hauek, esperagarriak diren arren, sekula ez datoz une egoki batean, zer esanik ez gaixotasunak eramaten duen pertsona oso gaztea denean. Eta honetaz anaiak eta biok zerbait bagenekien, urte batzuk lehenago egoera beretsua bizi izan genuelako amarekin. Honegatik, Blokeren heriotzak zauri zaharrak ireki zizkigun bioi.
Oso dibertigarria zen arropa zabaltzeko soka bere arropaz beteta zegoenean ikustea; bazirudien bele talde bat atseden hartzen ari zela, goitik behera beltzez janzten baitzen. Janzkera honek eta ia beso bat osorik okupatzen zion heriotzaren tatuaje batek itxura iluna ematen zion, baina nahikoa zitzaion irribarre egitea ezagutzen ez zutenek bihotz oneko pertsona bat zela konturatzeko. Informatika ikasketak ez zituen arren izugarria zen ordenagailu eta bideokontsolen inguruan zuen ezagutza eta trebezia. Hori bai, bideojokoetan jokatzerakoan bere goxotasun eta irribarrea kaxa batean sartu eta, super-jokalariaren paperean sartuz, izpiritu lehiakor eta haserrekor batean eraldatzen zen. Eta honegatik ez dira makalak izan nire anaiarekin izan zituen lehia eta eztabaidak, jejejeje. Azkenean, bizitzak jokatzeko eman zizkion ehunka jokuren ondoren Blokeren bideokontsola betirako itzali zen, bere “beti konektatua” leloa iraganeko amets bat bezala geratuz. Baina maite dutenek ez dute ahaztu eta ahal duten guztietan bere errautsak gordetzen dituen Aralarko pagoaren gerizpera hurbiltzen dira bera oroitu eta omentzeko.
Aizkorriko kanaletan badago “Bloke” izeneko irteera bat, harkaitz-bloke erraldoi batekin izan genuen ezusteko bat eta Bloke izenaren arteko hitz-joko baten ondorioz asmatutakoa. Baina Ikerrek Blokeri eskalada-bide bat eskaini nahi zion harkaitzan, beretzat bakarrik, berari lotzen zion adiskidetasun sakonaren oroimenez. Eta eskalada-bide hau Eginoko “Goikua” sektorean gauzatzeko zortea izan dugu.
“Langus” ireki genuenean honen ezkerrean beste lerro interesgarri bat ireki zitekeela iruditu zitzaigun. Eta lerro hau frogatu genuenean gure susmoa baieztatu zen:
- Hau Bloke izan leike, ez? – proposatu nion Asierri.
- Gañea Langusekin oso ondo eramaten zen – erantzun zidan -. Hola bata besteren ondon egongo die.
Anaiari honen berri eman nionean gurekin batera bide hau ireki eta prestatu nahi zuela esan zidan berehala. Eta hiruon artean lau egun “bakarrik” behar izan ditugu bidea txukun eta prest uzteko.
“Bloke” bidea ondoan dituen beste bideen estilo berekoa da; harkaitz-plakak eta ur-tantadun plakak tartekatzen dira, bigarrengo hauek nagusi direlarik. Auto-babeserako materialaren erabilera eskatuko digun eskalada-bidea da, ahal izan dugun parabolt kopururik txikiena utzi dugulako (bost bide osoan, horietatik hiru bigarren luzeko ur-tantadun plaka bertikalean). Paraboltekin batera harkaitz-zubi batzuk muntatuta utzi ditugu bidearen errepikapenak errazteko. Bi bilguneak uztaidun paraboltekin osatuta daude, bietatik rappelatu ahal izateko.
Lehen eskalada “ofiziala” otsailaren 4an burutu genuen eta orduan sare sozialetan zera idatzi nuen: “Ba al da joandako lagunen omenez eskalada-bide berriak irekitzea baino gauza hobeagorik? Gu ere noizbait joango gara, baina bide hauek errepikatzen diren bakoitzean gure lagunek bizirik iraungo dute”. Eskalada-bide hauek guztiak zuengatik doaz, Xabi Ayestaran eta Miren Epelde, Langus, Bloke eta Luca; ai! gure bihotzeko Luca.
Eginoko "Goikua" sektorean irekita dauden bideak.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 60 metro metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Asier Izagirre, Iker Mujika eta Xabi "Smithy" Mujikak, 2024ko otsailaren 3an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (30 m) eta 2ºL: V (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadura (kateak jarrita daude eskubanda moduan) eta artez osatutako basoa atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroko bi sokekin bidea rappel bakarrean rappelatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamar minutu, lasai ibilita eta bidea bi luzetan eskalatuz.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen krokis orokorra. Argazkian horman dauden aseguruen kokapena adierazita dago.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Motxilak ilusioz eta gogoz beteak zeudela iritsi ginen Lezeko aisialdi gunera. “Bloke” lehen aldiz eskalatzeaz gain, gure asmoa “Goikua” sektorea osatzen duten bide guztietan hauen izena duen plakatxo bat jartzea zen.
Igoeran, Josema, Ainhoa eta Naurrekin topo egin genuen, “Egino Bizirik” plataforma bizi eta nekaezinaren kideetako batzuk, goizetik handik zebiltzatenak. Bi eguneko lan astunaren ondoren, “Goikua”-ko izen ezezaguneko bidea garbitu eta berrekipatzetik zetozen, nekatuta, baina lan eder bat egin izanak uzten duen irribarrea ezpainetan zutela. Beraiei erreleboa hartuz, hitz, irribarre eta elkarri bostekoa emanez agurtu ginen. Zein garrantzitsua den eta zenbat betetzen duen gauzak elkarlanean egiteak. Elkarlana dugun ondare eta balio handienetako bat da eta elkarlanaren ondorioz “berreskuratu” da, besteak beste, “Goikua” sektorea.
Presarik gabe baina gelditu gabe, azkenaldian hainbeste aldiz igo dugun aldapa berriro ere igo eta azkenaldian hainbeste aldiz ferekatu dugun hormaren oinera iritsi ginen.
Hurbilketan.
Bideen izenak duten plakatxoak jartzeko kokalekuen bila nenbilen bitartean Asier lehenengo luzea eskalatzen hasi zen.
Oharra: aurretik ireki ditugun eskalada-bideeekin egin izan dudan moduan, burutu ditugun eskalada guztien bizipenak kontaketa bakarrean jasotzeko ahalmenik ez dudanez, luzeen deskribapen hotz eta zehatz bat egingo dut. Oraingoan aldiz, lehen eskaladaren bizipenaren bat atxikituko diot kontaketari.
- Lehenengo luzea, 30 metro, IV+. Asier eskalatzen hasi zen unean ni atzetik joango nintzela esan nien, Ikerri luzearen pasagune ezberdinetan argazkiak egiteko.
Luzea auto-babeserako aukerarik ez duen harkaitz-plaka etzan eta trinko batekin hasten da (III+).
Iker harkaitz-plaka etzana eskalatzen hasteko prest.
Plaka hau paraboltik gabe uztea pentsatu genuen arren azkenean bat jartzea erabaki genuen, goian dagoen horma-hobi batera iritsi aurretik zertxobait tentetzen delako (IV-) eta horma-hobian muntatuta utzi dugun harkaitz-zubira iritsi aurretik eroriz gero bidearen oinera arte erortzeko arriskua zegoelako.
Lehenengo luzean dagoen parabolt bakarra atzean utzi ondoren.
Horma-hobian.
Horma-hobiaren gainetik kolore zurixka duen ur-tantadun plaka inklinatu bat eskalatzen jarraituko dugu, harkaitz-zubi batekin babestuta utzi duguna (IV-). Plaka honetan dagoen harkaitz-zubiaren gainetik, plakaren erdian mantentzen bagara zertxobait estutu beharko dugu (IV+) altu geratzen den helduleku on batera iritsi arte. Dena den, pasagune hau plakaren eskuin aldera botaz saihestu daiteke (IV).
Iker plaka erditik eskalatzen (IV+). Pasagune hau eskuinetik saihestu daiteke.
Plaka hau eskalatuta, harkaitz-zubi berri bat duen erlaitz txiki batera igoko gara, harkaitz-plaka tente baten azpian dagoena.
Erlaitz txikitik gora eskalatzen.
Hasiera batean gure asmoa izan zen luzea harkaitz-plaka tente honen erditik jarraitzea, bertan parabolt bat jarriz, baina pasagune hau oso gogorra geratzen zela konturatu ginen. Orduan plakaren eskuin eta ezker aldeak garbitu genituen bietako edozeinetik eskalatzeko aukera emateko. Eskalada politena ezkerretik da, harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugun lekutik, plakaren ertza eskuekin heldu eta babariar teknika erabiliz (IV+).
Harkaitz-plaka tentea eskalatzen.
Eskuinetik eskalatuz gero zailtasuna IV inguruan dago eta bertan harkaitz-zubi pare bat topatuko ditugu (muntatu gabe daude). Azkeneko aukera harkaitz-plakaren ezkerretik eskalatzea da, plakak osatzen duen kanaltxotik, baina bertatik eskalatuz gero zailtasuna erabat jaisten da (III).
Asier plaka tentea eskalatzen.
Plaka tentearen oinean. Argazki honetan plaka igotzeko aukera ezberdinak ikusi daitezke.
Plaka tente hau eskalatuta, bilgunera arte luzatzen den ur-tantadun plaka inklinatu bat eskalatuko dugu. Hemen ere, zenbat eta erdirago mantendu ahalik eta zailagoa da (IV+); eskuinean mantenduz gero aldiz, pasagunea errazagoa da (IV).
- Ze iruitu zaizu? – Galdetu nion anaiari.
- Oso ona – erantzun zidan -, gozatzeko modukoa.
Iker gozatuz zihoala nabaria zen. Bidea igotzen zuen lehen aldia zen, lehendik goitik zintzilikatu baitzen “Langus” eskalatu ondoren. Asierri lehen luze hau lehen aldiz igo genuenean baino errazagoa geratu dela iruditu zitzaion. Horma ongi garbitzen denean heldulekuak eta harkaitz-zubiak agertu egiten dira lehen ez zeuden lekuetan, harkaitz askeak eta lurra dagoen lekuetan batez ere. Hau batzuetan ongi dator, pasagune zailetan batez ere, baina beste batzuetan garbitasunaren ondorioz zailtasuna asko jaitsi daiteke. Guk nahiago izaten dugu segurtasuna lehenestea zailtasunaren “kaltean” bada ere eta horrela egin izan dugu orain arte ireki ditugun bide guztietan. Hala ere, honek ez du esan nahi, hasieran behintzat, oraindik ere harri askeren bat topatu ezin denik, luzearen ibilbidetik irteten bada batez ere. Mendi-kutsuko eskalada-bideekin gertatzen den moduan, errepikatzen diren heinean erabat garbitzen joango dira.
- Bigarren luzea, 30 metro, V. Ikerrek lotuta zeraman sokaren muturra arnesera lotu, Asierri soberan zuen material guztia hartu eta eskalatzen jarraitu nuen.
Bilgunearen ezkerrean soka bikoitzaz muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi bat dago. Hasiera batean harkaitz-zubi hau bilgune moduan uztea pentsatu genuen baina azkenean, ondoko bideak nola dauden ikusita, uztaidun bi parabolt jartzea egokiena zela erabaki genuen, harkaitz-zubia seguru bezala utziz.
Luzea, ezker aldera zeharkaldi motz bat egin ondoren, belarri itxura duen harlauza nabarmen batean amaitzen den ur-tantadun plaka tente bat eskalatuz hasten da. Plaka honek helduleku onak ditu eta gainera metro batzuk gorago harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugu pasagunea babesteko (IV+).
Harlauzara iristen. Argazkian muntatuta utzi dugun harkaitz-zubia ikusi daiteke.
Belarri itxurako harlauza eskuinetik eskalatuko dugu (IV+) eta ur-tantadun plaka argi eta bertikalaren oinean kokatuko gara, bidearen pasagunerik zailena duena.
Harlauzaren gainean.
Ur-tantadun plaka bertikala hiru paraboltekin babestuta utzi dugu eta bertan dagoen harkaitza trinkoa eta zoragarria da. Heldulekuak leunak diruditen arren oso ongi eusten dute, oinak batez ere (V).
Ur-tantadun plakaren hasieran.
Plaka honen ezkerrera ur-tantadun beste plaka bat dago, kolore ilunekoa, baina errazagoa zenez, luzea bertatik jarraitzea baztertu genuen. Hau gutxi ez bada, luzea ezkerretik sartu izan bagenu “izen ezezaguneko” bidetik oso gertu pasako litzateke, bi bideak nahasteko aukera handituz.
Ur-tantadun plakaren amaierara iristen.
Ur-tantadun plaka bertikalaren gainetik bilgunera egindako argazkia.
Plaka bertikal hau eskalatuta horma zetxobait inklinatzen da eta, harkaitz hauskorra duela dirudien arren, harkaitz onekoa da. Muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi batetik pasa ondoren enborra zeharo bihurrituta duen zuhaixka txiki batera zuzenduko gara (IV).
Enbor bihurritua duen zuhaixka txikira (nire ezkerrean) iristen.
Zuhaixka gure ezkerrean utzi eta zuzen jarraituko dugu izter baten lodiera duen harkaitz-zubi handi batera zuzenduz (IV), baina ez dugu bertara igo behar.
Argazki honen ezkerrean harkaitz-zubi handia ikusi daiteke. Bideak gutxi gora behera sokek markatzen duten lekutik jarraitzen du.
Harkaitz-zubi handia ezkerrean utziz parean dugun harkaitz-plaka tentea eskalatuko dugu horma-hobi txiki batera iritsiz (IV+). Pasagune honetan muntatutako harkaitz-zubi berri bat utzi dugu, bidean dagoen azkenekoa.
Bigarren bilgunean. Argazkian Asier horma-hobiaren azpian dagoela ikusi daiteke.
Horma-hobitik irteteko parabolt batez babestu dugun pasagune bat dago (V-), oinetan fedea izatea eskatuko diguna. Pasagune hau atzean utzita, zuzene eskalatzen jarraituko dugu arrail horizontal bat pasatu eta honen gainean dagoen horma-hobi handira igotzeko (IV+). Horma-hobi honen eskuinean bigarren bilgunea topatuko dugu.
- Ze iruitu zaizu Bloke? – Galdetu nion anaiari bostekoa emanez.
- Oso ona – erantzun zidan -, baina gradue ematen dion plaka hori asko errepikatzen bada pikantea geratuko da.
Asier iritsi zenean elkarri besarkatu eta talde-argazkia egin genuen.
Talde-argazkia.
Ez genuen denbora luzean bilgunean egon, Asierrek “izen ezezaguneko” bideari saialditxo bat egin nahi ziolako.
Asier bidea rappelatzen.
Zaila da hitzetan jartzen zuk ireki eta prestatu duzun bide bat lehen aldiz eskalatzeak sentiarazten dizuna. Hormatik zintzilik pasatako orduen ondorioz mugimendu asko ikasi dituzun arren, lehen eskalada beti da berezia eta egindako lan osoak merezi izan duela ikusteko balio izaten du, landatutako haziak denbora eta pazientziarekin fruitua ematen duela ikusten denean bezala. Eta bidea pertsona berezi bati eskainia bada saihetsezina da hunkitzea. Honela sentitu zen Iker “Bloke” bidearen plakatxoa hormara itsatsi zuenean. Baite bideo bat grabarazi zidan ere Ibani (Blokeren anaia) bidaltzeko. Bere begietatik hunkidura eta harrotasunez nahastutako begirada bat islatzen zen, bihotzeko lagunarekin zuen zorra kendu izan balu bezala.
Iker zoriontsu plakatxoa jartzen.
Asierri bere aldetik “izen ezezaguneko” bidea luze bakarrean eskalatzeko denbora eman zion, “Goikua” sektoreko bideen bilduma amaituz. Nik nire aldetik biei lagundu nien, Ikerri plakatxoa jartzen eta Asierri aseguratzen. Tentatua egon arren eta Asierrek eskaini zidan arren, ordua ikusita, pena handiz Asierrekin "izen ezezaguneko” bidea eskalatzeko denborarik izango ez nuela erabaki nuen.
Eguneko azken eguzki izpiek “Goikua” sektorea zeharka argitzen zuten jaisten hasi ginenean, horma urre kolorez jantziz. Oso zoriontsu gindoazen, hunkituak, beteak, beste proiektu berri bati amaiera emateak sortarazten duen sentimenduaz kutxatuak. Eta proiektu berri honen berri eman genien Arantxa eta Maliri, Beasaingo “Arrastaka” elkarteko kideei, Berakaitzeko arrakalan beraiekin hizketan aritzeko zortea izan genuenean. Elkarlana berriro ere: egiten duguna besteekin partekatzea baino gauza hoberik ba al dago, haiek ere gozatzeko aukera izan dezaten? Tristura handiz ikusten ari naiz nola ari den berekoikeria mendira iristen eta nola ari den sartzen mendizaleen garunean, leku eta txoko “sekretuak” ez masifikatzeko aitzakian. Geroz eta argiago daukat eskuzabaltasuna dela mundu egoista eta lehiakor honetan egin daitekeen ekintzarik iraultzaileenetako bat.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyren bloga. 2024/02/05. Egino, "Goikua" sektorea: "Langus" bidea, 60 m, IV+. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/02/egino-goikua-sektorea-langus-bidea-60-m.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
18:34
Etiketak:
bloke,
egino,
eskalada,
goikua,
langus,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga
2024/02/05
EGINO, "GOIKUA" SEKTOREA: "LANGUS" BIDEA, 60 m, IV+.
"Langus" bidearen oinean utzi dugun harkaitz-zubia eta plakatxoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Haurrek galtzetako belaunetan partxeak eramaten zituzten belaunaldikoa gara, kaleko jolasek eragindako zuloak ezkutatzen saiatzen zirenak, gure amek, zirkulu bat osatuz, puntua-egiten zuten bitartean. Estatus maila “Sancheski” (patinete bat) batek ezartzen zuen eta txokolatezko palmerak larunbatetan bakarrik jaten genituen, berrogei pezetatan (25 zentimo inguru) erosiz. Arropa, gu baino zaharragoak zirenetatik jasotzen genuen eta, zulo edo partxe gehiegi ez bazuen behintzat, gu baino gazteagoak zirenak arte iristen zen. Eskolan, onerako edo txarrerako, urte askotan zehar gelakide berberekin gela berean ikastera eta elkarbizitzera “kondenatuak” geunden. Honek, onerako edo txarrerako, gelako guztien zerrenda memoriaz ikastera eramaten zuen. Oraindik ere begiak itxiko banitu, onerako edo txarrerako, nire gelakideen ia zerrenda osoa esateko gai izango nintzela uste dut.
Iñaki “Langus” gelakide horietako bat zen, bizitza osotik elkar ezagutzen dugula esan daiteken horietakoa. Umoretsua, atsegina eta maitakorra, aspaldi elkar ikusi gabe egonda ere beti tarte bat hartzen zuen zurekin hitz egiteko. Gogoan dut sabelarekin egiten zuen olatu itxurako mugimendu bat, denok zur eta lur uzten gintuena. Gogoan dut Gabonetako opor batzuetan Kanariar Uharteetara joan eta beltzaran etorri zenekoa, ile horia eta kalkulagailua zuen Casio erloju moderno batekin; luxu bat laurogeigarren hamarkadarako. Gogoan dut ere saskibaloirako zuen erraztasuna, baita bere irribarrea ere, armadurarik sendoena apurtzeko gai zena. Honegatik, kamioi batek eragindako moto istripu batean zendu zela jakin nuenean kolpe gogorra izan zen, orbain sakon batean itxi eta malkotan bakarrik kanporatzen den horietakoa; kolpe gogorra bere familian, kolpe gogorra bere kuadrilan, kolpe gogorra ezagutu genuenen artean eta kolpe gogorra herri osoan.
Asierri Langusen oroimenez eskalada-bide bat ireki genezakela proposatu nionean baiezkoa erantzun zidan berehala; izan ere bere adiskidea ere bazen, lagun talde batek urtero-urtero zintzo demonio antolatzen duen “San Rockero” festa-egunean bizipenak partekatzetik ezagutzen zuena.
Eginoko "Goikua" sektorea “deskubritu” genuenean, ikusi genuen garbiketa on bat eginez gero orain arte irekitako eskalada-bideei beste pare bat gehitu geniezaiekeela. Antxon Gorrotxategik ere gauza bera esan zidan: “Toda esa placa de roca, si estuviese más a mano y limpiando, daría para unas cuantas vías de grado medio”. Gontzal Avilak eta Antxonek berak irekitako “plan B” bidea eskalatu genuen egunean, honen ezkerrean dauden ur-tantadun plaka ezberdin batzuk lotuz gero eskalada-bide interesgarri bat sortu zitekeela iruditu zitzaigun.
- Bide hoi “Langus” izan daiteke – proposatu nion Asierri.
- Probatu beharko deu – erantzun zidan.
Astebete beranduago, “plan B” bidea berriro eskalatu eta, hormaren gainean dagoen zuhaitz batetik soka bat bota ondoren, ur-tantadun plakak lehen aldiz eskalatu genituen.
- Pixkat garbituz gero politte geratuko da.
- Ordun, tenemos plan? – Bota nion Asierri.
- Tenemos plan, jejeje – erantzun zidan irribarretsu.
Eginoko "Goikua" sektorean irekita dauden eskalada-bideak.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Asier Izagirrek eta Xabi "Smithy" Mujikak 2024ko urtarrilaren 27an.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (30 m) eta 2ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz arrakala (kateak jarrita daude eskubanda moduan) eta artadi bat atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroko bi sokekin bidea rappel bakarrean rappelatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamar minutu, lasai ibilita eta bidea bi luzeetan eskalatuz.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian utzitako aseguruen kokalekua ikusi daiteke.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Hiru egun eta ordu asko behar izan ditugu “Langus” bidea garbitu eta txukun uzteko. Lehenengo eskalada “ofiziala”, urtarrilaren 27an egin genuen. Honen aurretik, urtarrilaren 21an, Josema Berrocosorekin ordu batzuk partekatzeko zortea izan genuen. Guk "Eskerrik asko Patxamama" bidearen lehen luzean parabolt pare bat gehiago jartzen lagundu genion eta berak "Langus" bidea garbitu ahal izateko haize-makina bat ekarri eta utzi zigun, bizkarretik zintzilik zeraman hogei kilotik gorako motxilaren barruan. A zer nolako detailea Josemarena eta a zer nolako asmakizuna haize-makina!!! Ez dakit erratza gehiago erabiliko dugun, jejeje.
Urtarrilak 27, "Langus" bidearen lehen eskalada ofizialean.
“Langus” bideak denetarik duen arren, ur-tantadun plaketako eskalada da nabarmentzen dena. Teknikoki zaila ez den eskalada-bidea da (IV+ gehienez) baina auto-babeserako materialaren erabilera eskatuko digu; izan ere, ez da kirol-eskalada estiloan ekipatu dugun eskalada-bide bat eta utzi ditugun aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza. Bi bilguneak uztaidun paraboltekin muntatuta utzi ditugu, bertatik rappelatu ahal izateko. Kontuz bigarren bilgunea aurkitzeko garaian, espit zahar pare bat (bietako bat uztaiduna) jarrita dauden horma tente baten gainean dago eta. Hasiera batean zalantzan izan ginen espit zaharretako bat aprobetxatu eta bilgunea bertan jarrita uzteko baina Josemak eman zigun aholkuari jarraituz: “hiru metro gehiago eskalatu badaitezke, hiru metro gehiago eskalatzen dira”, jejeje.
Aurretik ireki ditugun bideeekin egin dudan moduan, burutu ditugun eskalada guztien bizipenak kontaketa bakarrean jasotzeko ahalmenik ez dudanez, luzeen deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo. Hori bai, deskribapena laguntzen duten argazkiak eskalada ezberdinetakoak izan daitezke.
- Lehenengo luzea, 30 metro, IV+. Muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi batera oinez zuzendu eta bertatik harkaitz-plaka etzan batera igoko gara (II+).
Harkaitz-plakara igota, nire azpian muntatuta utzi dugun harkaitz-zubia ikusi daiteke.
Harkaitz-plaka metro gutxi batzuetan eskalatu (III-) eta ezker aldera joko dugu bigarren harkaitz-plaka bat eskalatuz (III), ur-tantadun plaka etzan baten oinean amaitzen dena.
Iker ur-tantadun plaka etzanaren oinean. Ni lehenengo bilgunean nago.
Ur-tantadun plaka honen eskalada ez da zaila (III/III+) baina badaezpada parabolt bat utzi dugu bertan, ustezko erorketa bat babesteko. Plaka honen gainean, zuhaixka baten enborretik soka bat ere utzi dugu lotuta.
Zuhaitzaren enborrari lotuta utzi dugun sokara iristen.
Lehen ur-tantadun plaka eskalatuta, ongi babesten den arrail itxurako batera igo eta bertatik jarraituko dugu bigarren ur-tantadun plaka batera igoz (III).
Arrail itxurakoa eskalatu ondoren, bigarren ur-tantadun plakaren hasieran.
Bigarren ur-tantadun plaka lehenengoa baino tenteagoa da eta bi paraboltekin babestuta utzi dugu. Metroak irabazten ditugun heinean (IV) ur-tantak leunduz doaz.
Bigarren ur-tantadun plakaren amaieran.
Asier goiko bigarren ur-tantadun plakaren amaierara iristen. Argazkian ikusten denez goien dauden ur-tantak leunagoak dira.
Plakatik irteteko, bigarren paraboltaren parean zertxobait ezkerrera pasa beharko dugu oinetan fede osoa jarriz (IV+). Plakak gainean osatzen duen erlaitzaren eskuinean lehenengo bilgunea topatuko dugu.
Argazki honetan lehenengo luzea bere osotasunean ikusi daiteke.
- Bigarren luzea, 30 metro, IV+. Bilgunetik ezker aldera zeharkaldi bat eginez eskalatzen hasiko gara arrail nabarmen batera zuzenduz (IV). Zeharkaldiaren hasieran harkaitz-zubi txiki bat muntatuta utzi dugu, baita arrailaren oinean dagoen harkaitz-zubi bat ere. Arraila eskalatu (IV-), eta harkaitz-moko batean utzitako soka batetik aseguratu ondoren zertxobait ezkerrera botako gara bidearen hirugarren ur-tantadun plakara igotzeko, aurreko biak baino tenteagoa dena.
Hirugarren ur-tantadun plaka eskalatzen hasteko prest.
Ur-tantadun plaka hau ere parabolt bakarrez babestu dugu eta zailtasun handirik ez dauka, bere eskuinetik eskalatzen badugu batez ere (IV).
Hirugarren ur-tantadun plaka eskalatzen.
Plakaren amaieran metro pare batean eskuin aldera joko dugu eta ongi babesten den arrail tente bat eskalatu ondoren (IV) bidearen laugarren ur-tantadun plakara igoko gara. Ur-tantadun plaka honen amaieran (IV+) friend txikiekin ongi babesten den arrail horizontal bat topatuko dugu.
Laugarren ur-tantadun plakaren amaieran.
Arrail horizontal honen gainetik dagoen harkaitz-plakatxo tentea eskalatu (IV+) eta soka batez muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi nabarmen batera iritsiko gara, harkaitz aske eta apurtuak dituen tarte batean dagoena. Dena den, tarte honetako harkaitz apurtuak arazorik gabe saihestu daitezke zuhaixka baten ondoan muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi berri batera iritsi arte (III+). Harkaitz-zubi honetatik gora metro gutxi batzuk igoz bi espit zaharrak jarrita dauden harkaitz-plaka tentera iritsiko gara, oinean erlaitz eroso bat duena. Duen zimurdura bat aprobetxatuz, harkaitz-plaka tente hau eskalatu (IV+) eta bigarren bilgunera iritsiko gara.
Argazki honetan bigarren bilgunearen azpiko harkaitz-plakan jarritako bi espit zaharrak ikusi daitezke, baita, hauen ezkerrera, harkaitz-plaka eskalatzeko heltzen zaion zimurdura ere. Bietako batetik express-zinta bat pasatuta dago.
Bigarren bilgunea lehenengotik ikusita.
Jaitsiera 60 metroko rappel bakarrean edo 30 metroko bi rappeletan egiteko aukera izango dugu.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyren bloga. 2024/01/10. Egino, "Goikua" sektorea: "Eskerrik asko Patxamama" bidea, 60 m, V, 2023/12/30. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/01/egino-goikua-sektorea-eskerrik-asko.html
- Smithyren bloga. 2024/01/30. Egino, "Goikua" sektorea: "plan B" bidea, 60 m, IV+, 2023/12/31. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/01/egino-goikua-sektorea-plan-b-bidea-60-m.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:51
Etiketak:
egino,
eguino,
eskalada,
goikua,
langus,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)