AZKEN 10 SARRERAK
2025/01/09
EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "HEGO-EZPROIA", 110 m, 6a+. 2024-06-15
Hego-ezproiaren hasiera adierazten duen plakatxoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Doña Eusebiako hego-ezproiarekin bizi izan dudan istorioa duela urte asko hasi zen, iraganean ahaztuta dudan egun batean, nahigabe Vicente Perales eskalatzailearen “Eguino, paseos en vertical” liburu mitikoaren orri batzuk aurkitu nituenean interneten. Orri horien artean bi bidek deitu zuten nire arreta: Aztorea haitzeko hego-ekialdeko gandorrak eta Doña Eusebia hormako hego-ezproiak. Biak ala biak, eskalada artifizialik behar ez duten IV eta IV+ arteko zailtasuneko eskalada-bide bezala aurkezten dira; izan ere, hego-ezproiaren eskalada modu honetan deskribatzen du liruburak: "vía sencilla que alcanza, por una rampa, una corta chimenea y continúa por el espolón de la izquierda hasta la repisa superior". Parekoak izan ziren bi bide hauek sortarazi ninduten erakarpen eta kezka: Eginon hain bide “errazak” daude eta inork ez du hauen berri eman? 2017an Asierrek eta biok Aztorea haitzeko hego-ekialdeko gandorra eskalatu genuenean kezka hau argitu genuen: ia ekipaziorik gabeko bidea, belar eta harri askek hartua eta, zailtasunari dagokionez, 6a zailtasunaren ingurukoa. Oraindik gogoan daukat bide hau eskalatu genuenean pasa genuen beldurra, jejeje.
"Eguino, paseos en vertical" liburutik jasotako orri honetan hego ezproiari (93. zenbakia) ematen dioten zailtasuna ikusi daiteke.
Aztorea haitzan bizitakoa gogoan, Doña Eusebia hormako hego-ezproia “ahaztu” egin genuen; 2022ko otsailaren 5a arte. Egun batzuk lehenago Rafa Elorzakin jarri nintzen harremanetan ezproiaren inguruko informaziorik bazuen galdetzeko. Eskalatu gabe zuten arren, berak eta Sergio Martinek begia botata ziotela erantzun zidan. Honela, otsailaren 5ean Asierrek eta biok bilgune sendo bat muntatu genuen harkaitz-zubi bat eta arte batzuen enborrak soka batekin elkar-lotuz, eta bertatik, nik aseguratzen nion bitartean, Asierrek 80 metroko soka batekin ezproia jaitsi eta eskalatu zuen, bide batez kolokan topatu zituen harkaitz handienak kentzeko aprobetxatuz. Gure aurrikuspena eta Rafak kontatu zidana bete-betean bete ziren: tarteka harkaitz txarra, bi iltze zahar bide osoan (Asierrek horietako bat eskuarekin atera zuen zailtasunik gabe) eta, zailtasunaren aldetik, V+ gogor bat gutxienez iruditu zitzaigun. Rafari gure ikerketa eta aurkikuntzaren berri eman nion, Sergiok eta berak ezproia eskalatzen bazuten kontuan hartu zezaten.
2022ko otsailaren 5ean Asierrek hego ezproian eskuarekin atera zuen iltze zaharra.
Gure aldetik, hego-ezproia ahaztuta geratu zen berriro ere, 2022ko irailaren 16an Sergioren mezu bat jaso nuen arte, non guk egindako ikerketaren inguruko informazioa eskatzen zidan. Mezu horrek mezu-kate bat ekarri zuen atzetik eta azkenean Sergio eta biok urriaren 1rako geratu ginen hego-ezproia eskalatzeko. Lehen eskalada honetan, garbiketa sakonago bat egin eta parabolt gutxi batzuk jartzeaz gain, bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez muntatuta geratu ziren. Baina ezproia segurtasunez eskalatu ahal izateko garbiketa-lan handia zegoen egiteko oraindik.
2022an bidearen hasiera zein den adierazteko utzi genuen soka.
Lehenengo bilgunea muntatzen.
Bigarren luzearen 6a+ pasaguneko paraboltetako bat jartzen.
Hurrengo hilabetetan Sergiok eta biok, bakoitzak bere aldetik, ezproia garbitzen jarraitu genuen. Tartean, Antxon Gorrotxategi ere animatu zen Sergiorekin bidea garbitzera, baita Asier nirekin ere. 2024ko maiatzaren 5ean Sergiok eta Antxonek bidea azkenekoz eskalatu eta, asegururen bat gehiago jartzearekin batera, hego-ezproia berreskuratzearen proiektua amaitutzat jo zuten. Urtebete pasatxoan, Asier lehen aldiz bidea garbitzen hasi zenetik, "hego ezproia" eskalatzeko prest zegoen.
2022ko irailak 16. Sergio eta biok zoriontsu ezproiaren lehen eskalada eta lehen garbiketa sakon eta gogorra amaitu ondoren.
Hego-ezproiaren bide originalarekin antzekotasunik ez duen eskalada-bidea geratu da, beharbada bigarren luzearen azken metroak eta hirugarrenaren azken bi herenak izan daitezke bi bideek partekatzen dituzten metro bakarrak. Lehen eta laugarren luzeak berriak dira eta ziur gaude bidea eskalatu zuten lehenengo eskalatzaileek ez zutela bertatik eskalatu, "Eguino, paseos en vertical" liburuan agertzen den krokisa erreferentzia bezala hartzen badugu. Baina antzekotasun handirik ez izan arren, egoki eta aproposena eskalada-bidearen izena “hego ezproia” bezala uztea zela adostu genuen, ezproia lehen aldiz eskalatu zutenak omendu eta bideari eman zioten izena errespetatzeko. Honegatik, istorio honen azken kapitulua 2024ko ekainaren 22an idatzi genuen Antxonek eta biok, bidea hasten den lekuan “hego ezproia” izena duen plakatxo bat jarriz.
2024ko ekainak 22. Antxon Gorrotxategi ezproiaren azken kapitulua idatzi ondoren.
2024ko ekainaren 15a arte itxaron behar izan genuen Asierrek eta biok ezproia elkarrekin eskalatzeko eta bidearen krokis zehatz eta berritu bat marrazteko. Eta ia zazpi hilabete gehiago pasa behar izan dira kronika honek argia ikusi dezan, Sergiori lehenago argitaratuko ez nuela hitz eman niolako, berari eta berak Doña Eusebia horman egin duen lan izugarriari diodan errespetuagatik. Eskerrik asko Sergio bihotzez, “Euxebi” berpizteko egin duzun eta egiten ari zaren lan itzelagatik!!!
Espero dut ezproi honetan bizi izan genuen abentura gustuko eta, batez ere, baliagarri izatea.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Bidea nortzuk ireki zuten ez dut aurkitu. Sergio Martinek, Asier Izagirrek, Antxon Gorrotxategik eta Xabi “Smithy” Mujikak garbitu eta berrekipatu zuten 2022ko otsailak 5 eta 2023ko maiatzak 5 artean.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: 6a+ (30 m), 3ºL: 6a (30 m) eta 4ºL: V (25 m). Bide osoan 8 parabolt eta 2 iltze jarrita daude, beraz, auto-babeserako materiala eramatea ezinbestekoa da.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan eguzkiak gogoz jotzen du bertan, nahiz eta lehen orduan itzalpean dagoen.
- Ura: Hurbilketaren arabera, Eginoko edo Lezeko iturrian.
- Hurbilketa: Eginotik edo Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena Lezetik egitea da. Hemendik 40-45 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daiteke.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera ezberdinetako 15 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, friend eta artaka-trabagailu sorta. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta erdi.
BIDEAREN KROKISA
Doña Eusebia horman dauden bide ezagun batzuk eta hego ezproiaren (gorriz) kokapena.
Hego-ezproiaren krokis orokorra. Argazkia handituz gero, bidean jarrita dauden aseguru finkoak ikusi daitezke.
Hego-ezproiaren krokis zehatza. Argazki honetan ere bidean jarrita dauden aseguru finkoen kokapena adierazita dago.
DESKRIBAPENA
Azkenaldian lo sakonik egiten uzten ez didaten kezka emozionalei ezproia eskalatzearen urduritasuna gehitu zitzaien. Hiru aldiz eskalatuta nuen jada, guztietan sokatik zintzilik; bat Sergiorekin eta beste bi bakarka. Gaurkoa ezberdina izango litzateke, eta hori gogamenaren lekurik sakonenean ezkutatuta bizi diren mamuek bazekiten. Lokartuta oraindik, sukaldera erdi-balantzaka sartu nintzen kafe batek suspertuko ninduen itxaropenez; eta eman zidan susperraldia sekulakoa izan zen!!! Asier goizeko bederatzietan jaso nuenerako denbora eman zidan ontzi-garbigailua hustu, Tolosako azokan erosketak egin, egindako erosketak jaso eta patxadaz gosaltzeko, jejeje.
Lezeko aisialdi gunea okupatzen zuten kotxeen artean ez zen arimarik mugitzen, denboran abandonatutako mamu-herri baten itxura emanez. Aparkalekutik irtetear geundela autokarabana baten atearen atzetik Eduren burua agertu zen. Kasualitatea, astebete lehenago ezagutu nituen bera eta bere bikotea. Aurretik hartu-eman “digitala” izana genuen, baina beti da atseginagoa pertsonak "analogiko" moduan ezagutzea eta harremanak pantaila hotz batetik ateratzea. Elkarri gure planen berri eman ondoren bakoitzak bere bidetik jarraitu zuen, beraiek “Jb” bidera eta guk hego-ezproira. Arratsaldean “digitalki” kontatuko zidan “Jb” asko gustatu zitzaiela.
Hurbilketa lasaitasun osoz hartu nahi izan genuen arren, izerditan blai iritsi ginen bidea hasten den lekura, “La vida es un tango” bidearen hasieratik 5-6 metro eskuinera, zuhaixka baten enborrean jarritako soka batez adierazita dagoena (“hego ezproia” idatzita duen plakatxoa astebete beranduango jarriko genuen). Bidearen hasierara daraman aldapa harritsuan bazirudien giroan nabari zen hezetasun handia arnasten genuen aldi berean gorputzetik izerdi-tanten moduan irteten zela, arropa blaituz. Aurtengo udaberriaren hezetasun sakonak landaretza biderkatu du, udazken eta neguan nabarmenak diren bidexkak eta hormak berde kolorez estaliz. Antxon Gorrotxategik astebete lehenago ohartarazi zidan ezproiaren lehenengo luzean eta bigarrenaren lehen metroetan belar asko aurkituko genuela.
Ezproiaren ikusmira ikusgarria.
- Bigarren luzeari nik ematen badiot, ondo?
- Bale – erantzun zidan Asierrek.
Banekien bigarren luzeak fisikoki eta mentalki asko eskatuko zidala. Hau gutxi ez bada, luzea eskalatzeko gai izango ote nintzen ez nuen argi, oraingoan sokaren babesa arnesaren azpitik zintzilik izango nuelako. Orduan, zergatik eskatu luze hau aurretik eskalatzea? Erantzuna sinplea da: bezperatik buruan bueltaka neuzkan kezkei eta beldurrei aurre egin nahi nielako. Badakit ez dela arrazoizko eta ohiko erantzun bat eta errazena kezkei eta beldurrei bizkarra ematea izango litzatekeela; baina eskaladan, bizitzan bezala, eboluzionatzen eta garatzen jarraitu nahi badugu erosotasun eremutik irten beharra dugula pentsatzen dut. Eta erosotasun eremutik irten behar hori ez dut uste ausardia edo zuhurtziagabekeria kontu bat denik, irten nahi izate kontu soil bat baizik. Inor ez da aldatuko benetan aldatu nahi ez badu. Eta azken esaldi hau bizitzak eman didan irakaspen handienetakoa izan da, askotan energia asko alferrik gastatzen baitugu besteak aldatu edo konbentzitu nahian. Norberak aukeratzen du bere bidea, munduan nola izan eta nola egon nahi duen, eta norberak, bere bizitzari zentzua ematen dion horretatik, askatasun osoa du bere bidean eta bere mundu pribatuan nor sartuko den aukeratzeko. Eta hau ahaztu ezin dugula uste dut, batzuetan ohartu gabe gure bidean eta gure mundu pribatuan ez dauden, egotea nahi ez dugun edo egon nahi ez duten pertsonei sarbidea ematen baitiegu, gure osasun mental eta izpiritualaren kalterako.
- Lehenengo luzea, 25 metro, V. Asierrek ez zuen zailtasunik izan hiruzpalau metrora dagoen lehen asegurura iristeko, harkaitz-zubi sendo batean jarrita dagoen soka bat (III).
Lehenengo aseguruaren parean.
Harkaitz-zubi honen gainetik pittin bat igo zenean ezker aldera zeharkaldi bat eginez mugitzen jarraitu zen, luze osoan dagoen parabolt bakarrera zuzenduz (IV+). Sergiorekin eskalatu nuenean zuzen jarraitu genuen eskalatzen, goien dagoen sabaiara zuzenduz, gure asmoa sabaia zuzenean eskalatzea baitzen. Tartean iltze bat sartu genuen arren, azkenean egokiena luzea ezker aldera mugitu eta sabaia ezkerretik saihestea zela adostu genuen.
Parabolt bakarraren gainetik, luzeak duen pasagune zailenean.
Paraboltetik gorako 4-5 metroetan dago luzearen pasagunerik zailena, helduleku txikiak dituen pasagune tente bat (V).
- Oain nundik dijo? – Galdetu zidan friend txiki bat trabatu ondoren.
- Pixkat gehio igo beharren zare eta gero eskubi aldera pasatu tetxuaren ezkerren dagoen plakara igotzeko. Plakan puenterroka on bat topauko dezu.
Eskuin aldera eskalatzen hasi behar den lekuan.
2022an kolokan aurkitu genuen harkaitz-bloke handi baten hutsuneak utzi duen orbain zuriaren ondotik pasa ondoren, Asier eskuin aldera mugitzen hasi zen, horman dagoen sabaia ezkerretik saihestuz eta sabaia osatzen duen harkaitz-plaka trinkoan nabarmentzen den harkaitz-zubi batera zuzenduz (IV+). Sergiorekin eskalatu nuenean harkaitz-zubi honetan soka bat utzi genuen, bidea nondik doan adierazteko asmoarekin, baina azkenean kentzea erabaki genuen harkaitz-zubia oso nabaria delako.
Harkaitz-zubi honetatik gora harkaitz-plaka zertxobait ezker joerarekin eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz-plakak dituen helduleku ederrak aprobetxatuz, belar eta margaritek hartzen joan diren tarte batera arte (IV). Landareak bilduta zuten hezetasunetik ihesi nahian, azken hormatxo bat igo eta, arte batzuen artetik pasatuz, harkaitz-plaka inklinatu baten oinean dagoen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen (IV-).
- Antxonek arrazoi zuen - esan nion burua margariten artetik atera nuenean -, lehen luze honetan belar dexente dau.
- Nik ahal izan dudana kentzen jun naiz.
- Baita nik ere – erantzun nion -. Hurrengon belarrak mozteko goraizeak ekarri beharko ditugu, jejeje.
Margarita artean eskalatzen.
Lehenengo bilgunean.
- Bigarren luzea, 30 metro, 6a+. Erosotasun eremutik irten nahi ez banu orain nuen azken aukera, eta aitortu beharra daukat aurretik nuen hormari begiratu nionean burutik pasa zitzaidan lehenengo gauza Asierri berak eskalatzen jarraitzeko eskatzea izan zela. Burutik pasatzen zitzaizkidan pentsamenduek konbentzitu baino lehen, Asierri gainean zuen materiala lapurtu eta berehala hasi nintzen eskalatzen.
Bilgunetik gora doan harkaitz-plakatxoa eskalatzen hasi eta, honen ezkerrean dagoen arte txikietako baten enborrera aseguratu ondoren, eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egin nuen blai eginda zegoen erlaitz belartsu batera iristeko (III).
- Ondo hasi gea – pentsatu nuen ozenki, busti zitzaizkidan katu-oinei begira.
Katu-oinak galtzetan igurtzi eginez zertxobait lehortu nituenean, erlaitzetik ezproira igo nintzen (III).
Ezproiaren ertzetik jarraituz eskalatzen diren lehen metroak ez dira zailak (IV) baina hala ere zuhurtzia handiaz eskalatu nituen, kezkati, katu-oinen zolek bustiak jarraitzen zutelako. Edozein unean oin batek irrist egin zezakenaren kezka nolabait arintzeko friend edo artaka-trababailu bat trabatzen saiatu nintzen pare bat aldiz, baina ezin izan nuen trabatzerik lortu. Nire barruko kezka hau handitzen hasten zela sentitzen hasi nintzenean, moztutako arte baten enbor sendoan zinta-uztai bat jartzea lortu nuen: "ondooooo!!!".
Hurrengo metroak zertxobait ezkerrera mugituz dagoen arrail nabari batetik eskalatu nituen (IV+), helduleku onak dituena. Horman orientatu ahal izateko, denbora osoan erreferentzi bezala hartuz nindoan gero eskalatuko nuen kanal itxurakoa.
Arrailan friend bat trabatzen.
Arrailaren amaierara iritsi nintzenean, nondik jarraitu ez nekiela geratu nintzen. Bazirudien laupabost metro gorago, nire bertikalean, hormaren garbiketak utzi zuen arrasto zurixka bateraino zuzen iritsi beharko nuela, baina gogoan nuen bidea lehen aldiz eskalatu genuenean eskuin aldera jo genuela beste arrail baten bila: "Beharbada luzeak orain zuzen jarraitzen du?" Galdetu nion nire buruari. Azkenean eskuin aldera mugitzea erabaki nuen, zeharkaldi horizontal bat eginez (IV+). Eta a zer nolako ezustekoa hartu nuen eskuinean dagoen arrailera iritsi nintzenean:
Eskuin aldera zeharkaldia egiten.
- Hemen iltze bat dau!!!!
Ez nintzen iltze honetaz gogoratzen eta bide onetik nindoala ikusteak izugarrizko poztasuna eman zidan. Arrailaren lehen metroak kontu handiz eskalatu ondoren (harri solte batzuk kendu behar izan nituen) iltzearen parera iritsi nintzen (V-). Iltzetik gora metro batzuk igo eta harkaitz-bloke baten itxura duen formazio bat saihesteko ezker aldera berriro ere mugituz, luzearen pasagune zailenera eramango ninduen kanalaren oinera iritsi nintzen (V).
Kanalaren oinean. Argazkian, sokari jarraituz luzean nondik nora mugitu behar den argi ikusi daiteke.
Beldur handiena ematen zidan pasagunearen atarian nengoen. Eskalada eta garbiketa-lan ezberdinetan bertan bizitakoa etorri zitzaidan gogora, pelikula zahar bat ikusten ariko banintz bezala. Kanal honetan garbiketa-lan handia egin behar izan genuen, harkaitz askez estalita zegoelako. 6a+ pasagunea harkait-plaka trinkoan egiten zela gogoratzen nuen, baita ongi aseguratua egon arren estutu behar zela ere. Pasagune honen eta bilgunearen arteko tartea ezproiaren ertz beretik egin genuen Sergiok eta biok, eta bertako harkaitza ez zen ona. Azkeneko tarte honetan auto-babeserako aukera handirik ere ez zegoen gainera. Laburbilduz, aurretik metro zirraragarriak nituen eskalatzeko, jejeje.
Kanala oso kontzentratuta eskalatzen hasi nintzen, arnasketa kontrolatuz. Garbiketa lanaren fruituak nabarmenak ziren eta ia ez nuen harririk kendu behar izan metroak irabazteko (V). Konturatu nintzenerako 6a+ pasagunea babesten duen paraboltetik 2-3 metrora nengoen eta ordura arte aseguru bat jartzeko beharrik sentitu izan ez banu ere, konturatu nintzen azkeneko asegurutik oso urrun nengoela. Berehala hasi nintzen kanalaren barruan dagoen arrail estuan friend bat trabatzeko leku baten bila, baina friend txikiena ere ezin izan nuen trabatu. Orduan, artaka-trabagailuen sorta atera nuen bakarren bat trabatuko nuen itxaropenarekin, baina arraila paraleloa denez ezin izan nuen bakar bat ere trabatu. Arnasketa azkartzen eta eskuak izerditzen hasten zirela nabaritu nuenean, friend-ik txikiena nire ezkerrean zegoen arrail estu batean trabatzea lortu nuen. Une hartan nire helbururik nagusiena lehen paraboltera iristea zen, gero gerokoak.
- Oain kontuz, eh?
- Bai, lasai - erantzun zidan Asierrek.
Friend-a trabatu nuen lekutik gorputza altxatzen hasi nintzenean sokak sortzen zuen marruskadura oso handia zela ikusi nuen. Behar izanez gero Asierrek soka azkar ematerik izango ez zidanaren beldurrez friend-a zegoen lekura itzuli, arrailatik kendu, eta gorago ikusi nuen arrail berri batean trabatzeko asmoz gorputza altxatu nuen berriro ere. Orduan friend-ak eskutik ihes egin zidan eta sokan behera jauzi zen express-zintari lotuta: "Joderrrrr!!!"
Bihotz-taupadak eta arnasketa azkartzen hastearekin batera, alarma-argiak pizten hasi zitzaizkidan bata bestearen atzetik eta, honelakoetan gertatzen den moduan, burura etorri zitzaidan lehenengo pentsamendua oso positiboa izan zen: "ze ostia hartu behar dudan hemendik erortzen banaiz!!". Eskuin eskuan express-zinta bat nuela besoa luzatu nuen paraboltera iritsiko nintzela pentsatuz, baina oraindik urrun nengoen. Express-zinta hortzekin eusten nuen bitartean, oinak lekuz aldatzea lortu nuen helduleku berri batzuk aurkituz. Gorputza birkolokatu eta besoa berriro ere luzatu ondoren, paraboltetik banatzen ninduten 30 zentimetroak irabazi eta bertatik express-zinta pasatzea lortu nuen.
- Eutsiiiii!!! - oihukatu nion Asierri, soka express-zintatik pasa nuenean.
Bigarren paraboltera iristea gehiago kosta zitzaidan. Zein frustragarria den segurtasuna emango dizun asegurutik 10 zentimetro eskasera zaudela ikusi eta bertaraino iristeko zer egin ez jakitea. Azkenean, ezker eskuarekin heltzen ari nintzen helduleku txikitik irteten zen adar txiki bati heltzea "besterik" ez nuen behar izan gorputza orekatu eta bigarren paraboltera iristeko.
- Eutsiiiii!!!
Bigarren paraboltetik zintzilik.
Hirugarren paraboltera iristeko, bigarrenetik eskuin aldera horizontalean mugitu eta ezproiaren ertzeraino iritsi nintzen:
- Hemen izkutun iltze zaharretako bat dau - esan nion Asierri -. Ez naiz gogoratzen lehendik ikusita nuenik.
Ertzetik metro pare bat eskalatuz hirugarren, eta azken, paraboltaren parera iritsi nintzen. Ez nengoen oso nekatuta, baina parabolt honetan ere atseden hartzea erabaki nuen:
- Eutsiiiii!!!
6a+ pasagunea "eskalatuta" nuen baina oraindik ez nengoen lasai, bilgunera iritsi ahal izateko azken tartetxo bat eskalatu beharra nuelako. Eta gogoratzen nuen moduan, luzearen azken metro hauek, laupabost metro besterik ez badira ere, arriskutsuak izan daitezke teknikoki oso zailak ez badira ere (V-). Belarrez estalita aurkitu nuen koska batera igo eta, gandorraren ertzean mantenduz, bigarren bilgunea muntatuta dagoen erlaitzera iritsi nintzen.
- Reunionnnnn!!!
"Reunionnnn!!!"
Pasatako estualdiaren ondorioz ahoa listurik gabe nuen, lehor-lehorra, adrenalinak uzten duen zapore garratzarekin. Asier aseguratzen hasi nintzenean aldiz bete-betea sentitzen hasi nintzen, nire buruaz harro, dopaminaren eta endorfinen eraginez ziurrenik, jejeje. Kuriosoa da gorputzak berak sortzen dituen substantzia kimikoek zein efektu ezberdin eragin dezaketen minutu gutxien buruan.
- Enkadenatu dezu? - Galdetu nion Asierri burua gandorraren ertzetik atera zuenean.
- Bai, baña dena emanda - erantzun zidan.
- Ostia, ze onaaa!!!!
- Ez det uste de primero aterako nuenik - erantzun zidan umilki.
Asier 6a+ pasagunea eskalatu ondoren, ezproiaren ertzetik jarraituz bilgunera arte falta den tartea eskalatzen hasteko prest.
- Luzea oain nundik dijo? - Galdetu zidan gora begira, materiala hartzen zidan bitartean.
- Ba hiru aukera ezberdin daude... - hasi nintzaion kontatzen.
- Hirugarren luzea, 30 metro, 6a. Sergiorekin eskalatu nuenean bilgunetik ezkerrera irten eta, oina hormaren ezkerrean dagoen koska txiki batean jarri ondoren, zuzen eskalatzen jarraitu genuen, parabolta eskuinean utzita, goiko sabaiaren ezker aldera iristeko. Bigarren aukera bidea lehen aldiz eskalatu zutenek jarraitu zutena izango da ziurrenik, hau da, bilgunetik zuzen atera eta, ezproiaren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz, sabaia zuzen eskalatzea. Aukera hau izan zen Asierrek ezproia lehenago eskalatu zuen bi aldietan jarraitu zuena eta, hiru aukeretatik errazena izan badaiteke ere (V+), harria oso fidagarria ez zela esan zidan. Bukatzeko, hirugarren aukera bilgunetik zuzen irten eta, sabaian eta honen gainean dauden helduleku eskasak aprobetxatuz, ezker aldera zeharkaldi bat egitea izango litzateke, sabaiaren ezker aldera pasatzeko. Aldekoak eta kontrakoak balioztatu ondoren Asierrek hirugarren aukera aukeratu zuen.
Lehen paraboltera aseguratu ondoren, ez zuen zailtasun berezirik izan sabaiaraino iritsi eta bertan friend bat trabatzeko (V).
- Zuzen jarraitzeko nola ikustezu?
- Ez dauket rekuerdoa oso zaila zenik baña harrie ez zen hain ona, ta de primero junda… - erantzun zidan.
Bigarren aukera baztertuta, ezker aldera kontu handiz mugitzen hasi zen, sabaiaren ezker ertzera pixkanaka gerturatuz. Zeharkaldi honek oinetan fede handia edukitzea eskatzen du, honegatik, metro bat pasatxoko iblbidea egina zuenean, friend-a trabatu zuen lekura itzuli zen soka bertatik askatzera.
- Sokak gehiegi tiratzen dit bestela.
Zeharkaldi osoa amaitu eta sabaiaren ezker aldean dagoen arrail nabarian artaka-trabagailu handi bat sendo trabatu zuen arte ez zuen arnasa lasai hartu (6a).
- Mutxoooo!!!
6a pasabidearen ondoren, sabaiak ezkerrean osatzen duen diedroan.
Luzearen zatirik zailena eskalatuta, sabaiak ezkerrean osatzen duen diedro bertikala eskalatu eta, zertxobait eskuinera pasatuz, sabaiaren gainetik dagoen hormara pasa zen (V).
Eskuin aldera pasatzen. Argazkian Asierrek sabaian trabatuta utzi zuen friend-a ikusi daiteke.
Hemendik gora hormak inklinazioa zertxobait galtzen du metro gutxi batzuetan, garbiketek utzi duten arrasto zuri eta nabarmen batera arte (V-). Arrasto zuri honetan hormak bertikaltasuna irabazten du berriro ere baina helduleku asko ditu, txikiak badira ere. Asierrek pasagune hau babesten duen lehen paraboltetik aseguratu eta metroak lasaitasunez eskalatzen jarraitu zuen, pasagunean dagoen bigarren paraboltera berehala iritsiz (V).
Pasagunearen bigarren paraboltaren parean.
- Hemen daun iltze zaharra zuek jarritakoa da?
- Ez – erantzun nion -, pentsatu genun bidea ireki zutenek utzi zutela.
Bidea garbitu genuenean, bigarren paraboltera iritsi aurretik ezkerrean dagoen iltze zaharra bertan uztea pentsatu genuen, bidea ireki zutenen testigu eta oroigarri bezala.
Argazki honetan bigarren parabolta ikusi daiteke baita, argazkiaren ezkerrean (sinaduraren gainean), iltze zaharra ere.
Bigarren paraboltetik gora horma bertikal mantentzen da oraindik, baita heldulekuak txikiak ere. Goian dagoen sabaitxo txiki bat eskuinetik saihestu eta, zertxobait gehiago eskuinera eskalatuz, ezproiaren amaierara daraman arrail horizontal batera iritsi zen, propio garbitu genuena bertan erdi-mailako friend bat sendo trabatu eta azken pasagunea babesteko (V). Azken bultzada batekin gorputza altxatu eta ezproiaren amaieran dagoen erlaitzera igo zen, hirugarren bilgunera iritsiz (V-).
Bidea eskalatuta nuen aurreko aldietan bilgunearen ezkerretik irten nintzen arren, oraingoan Asierrek jarraitutako bide bera frogatzea pentsatu nuen. Berak utzitako friend-a kendu, arnesetik zintzilikatu eta zeharkaldia segurtasunez hasi nuen; sabaiaren barnean dagoen harri handietako bati heldu eta kolokan zegoela ikusi nuen arte. Harria askatu nuen bezain pronto gorputza atzeraka erortzen hasi zen, oreka galtzen hasiz. Luzearen lehen parabolta zapaldu izanari esker oreka ez galtzea lortu nuen, baina ezusteko galanta hartu nuen. Uneko tentsioaren ondorioz ez nintzen gogoratu harkaitz hau kentzeaz, beraz luze hau errepikatzeko garaian kontu handiz ibili beharko duzue harri honekin.
Ustekabeko honen ondoren, ez nuen zailasunik izan bilgunera iristeko.
- Bidea eskalatu nuen azkenekotik askoz garbigo daula iruditzen zait.
- Neire hala iruittu zait – erantzun zidan Asierrek – oso ondo geratu da, nahiz ta harri sueltoren bat daun.
- Ya lo kreo... - erantzun nion, sabaian kolokan dagoen harriarekin izandako bizipena kontatzen hasiz.
- Laugarren luzea, 25 metro, V. Azkeneko luzea itsaso haserrearekin borrokan aritu den marinela kaiaren babesera sartzerakoan sentitzen duenaren modura eskalatzen hasi nintzen, zoriontsu eta lasai, ekaitza pasata zegoela jakinik. Bilgunetik ezker joerarekin eskalatzen hasi eta, sabai txiki bat eskalatu ondoren, honen gaineko harkaitz-plaka sendoan dagoen zulo handi batera igo nintzen (IV).
Zulo handian zoriontsu.
Zulo honetatik zertxobait gorago dagoen bigarren zulo batera igo (lehenengoa baino txikiagoa dena) eta, gorputza eskuin aldera luzatuz, harkaitz-plaka ezkerretik eskuinera zeharkatu nuen, kanal belartsu batera iritsiz, bertan dauden harkaitz-zubietako batean aseguratzeko (IV). Ezker joerarekin eskalatzen jarraituz, bigarren kanal batera sartu nintzen (IV). Kanal honen itxurak ez du konfiantza handirik ematen harriak solteak daudela dirudielako, eta horrela zeuden luze hau eskalatu genuen lehen aldian, baina bertan egindako garbiketa handia izan da eta kolokan zeuden harri guztiak kenduta daude.
Kanal harritsuan.
Kanal harritsua amaiera arte igo nuenean (IV+), friend bat trabatu eta ezkerreko harkaitz-plakara pasatzen hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka, luzean jarrita dagoen parabolt bakarrera iritsi nintzen arte (IV+). Bertatik aseguratu eta zeharkaldi horizontalarekin jarraitu nuen ezker aldera, harkaitz-plakaren ezker ertza eskuekin heltzera iritsi nintzen arte (V).
Zeharkaldiaren amaieran.
Zeharkaldiaren amaieratik bilgunera dagoen tartea ez da zaila baina bai kontuz ibili beharrekoa, harkaitz-plakaren ezkerrean harri txiki asko (batzuk askeak) eta belarra dagoelako. Honen jakitun nintzenez, harkaitz-plakatik gertu mantendu nintzen ezproiaren azkeneko bilgunera iritsi arte (IV+).
Azken bilgunea.
Azken bilgunean.
Ekaitzaren ostean barealdia datorrela esaten da. Horrela sentitzen nintzen Asier aseguratzen nuen bitartean, bakean, pasatako estualdiak iraganeko oroitzapen galdu bat izango balira bezala.
- Bidea eskalatu genun lehen aldin kanala goraino igo eta zuzen atera ginen – esan nion Asierri kanal harritsuaren amaierara iritsi zenean -. Oaingoa baño irteera errazagoa da.
Asier kanal harriatsuaren amaieran, zeharkaldia hasi aurretik.
- Bide oso ona geratu da – esan zidan Asierrek luzea amaitzear zegoela.
- Bai, ta gañea oso garbie.
Asier hego-ezproiaren eskalada amaitzen.
Materiala gordetzen genuen bitartean hunkidura sentimendu batek harrapatu ninduen oharkabean eta honekin batera eskertua sentitu nintzen. Pribilegiatu batzuk gara, etxeko iturrietatik ur edangarria nahieran hartzeko aukera dugulako; jan eta janzteko zailtasunik ere ez dugu, hau besterik ez bada ere. Eta zerrendatuko ez ditudan beste pribilegio pila ditugu, munduan bizi den gehiengoek ez dituztenak. Eta uste dut, horregatik bakarrik bada ere, eskertuak sentitu beharko ginatekeela, nahiz eta "oinarrizko pribilegio" hauek ahantzarazi eta behar ez ditugun beste batzuk eskatzera bultzatzen gaituen gizarte baten parte garen. Eta bai, gizarte honen parte gara, hirugarren pertsonan aipatzea gustatzen bazaigu ere, gurekin zerikusirik izango ez balu bezala. Duela urte asko esaldi bat irakurri nuen, ez naiz gogoratzen norena, hau dioena: pertsona askori gustatuko litzaioke beren bizitza zure bizitzako egunik txarrenaren parekoa izatea. Arrazoi osoa duela uste dut eta egunerokoan izaten ditudan "arazoak" perspektibaz ikustea laguntzen dit.
Lezerako itzuleran hego-ezproiaren inguruan aritu ginen hizketan. Eskalada amaitzerakoan komentatu genuen bezala, eskalada-bide ederra geratu dela uste dugu, pasagune zailenetan istripu larririk ez izateko aseguru kopuru minimoarekin. Aseguru finko apur batzuk dituen arren, eskalada hau ez da gutxietsi behar, eskalada auto-babestuan eskarmentua izatea eskatuko digun bidea baita. Errepikatzen duzuenok gozatzea espero dugu!!!!
Errepikatzen duzuenok gozatzea espero dugu!!!!
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Perales V. Eguino paseos en vertical, 119-121. Gasteiz. Vicente Perales, 1984.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina