AZKEN 10 SARRERAK

2024/12/01

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "JODIDOS TREPALARIS" BIDEA, 90 m, V/V+. 2024-11-10


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Udazkena da nire urtarorik gustukuena. Mendiak urre eta kobre koloreko hariekin ehundutako kolore biziz janzten dira, hego-haizeak zuhaitzak leunki biluzten dituen bitartean. Hostoek bideak estaltzen dituzte gizakien arrastoa ezabatu nahian eta orbelaren gainean ibiltzearen sentsazio atseginak hartzen du protagonismoa, pausoek isiltasuna melodi liluragarri batekin apurtuz: “kristi-krasta”, “kristi-krasta”. Nork ez du basoa estaltzen duten kolore anitzeko hosto lehorrekin jolastu? Zerua, leku epelago baten bila hegoaldera ihesi doazen hegaztiez zipriztintzen da, papelik ez duten hegazti askeak, bidai luze hau urtetik urtera mozten ari den arren; ez inmigrazio legeengatik, klima aldaketagatik baizik.

Eta hau guztia udazkeneko eguzkiaren zeharkako izpien argipean gertatzen da, paisaia bezala, urrezko izpiez ehunduta dagoena. Zeharkako izpie hauek egunsenti eta ilunabarrak sutan jartzen dituzte, hego-haizea dabilenean batez ere. Egunsenti eta ilunabarraren arteko kolore festa hau aprobetxatu beharra dago, egunetik egunera murriztuz doalako, negua hurbiltzen ari denaren seinale, eta honekin batera koloreak itzalduz joango dira gustuko ez dugun neguko iluntasun hotza nagusituz.

2024ko urtaro koloretsu honen lehen egunetako batean jaso nuen Shantiren mezua, “Jodidos trepalaris” bidearen berri emanez. Zeharkako aipamen bat besterik ez zen; izan ere bidearen izenaren aipamenik ez zidan egin, Ihabarko Urdebez hegoaldean irekitzen ari ziren bide berri honi garrantzi handirik emango ez balio bezala. Urriaren amaieran bigarren mezu bat bidali zidan Shantik. Mezuah bidea berriro eskalatuta zutela kontatu zidan eta, beste kontu batzuen artean, bidea nondik doan adierazteko harkaitz-zubi batzuetan kordel batzuk lotuta utzi zituztela eta azken luzea zuzen eskalatuz gero V+ zailtasunaren inguruan egongo zela. Mezuarekin batera, beraien eskaladaren argazki batzuk eta nik marraztutako krokis orokor bateko argazkia bidali zidan, non bide berri honen lerroaren zirriborro bat marraztuta zegoen.

Asierrekin “Jodidos trepalaris” eskalatzeko egun bat adostea zen geratzen zen gauza bakarra.

Sarrerarekin amaitzeko, "jodido trepalari" izena "Kojon prieto y los huajolotes" taldearen "Despreciable ser" abestitik hartu bazuten ere, bide honen izenaren jatorria abesti hau ez dela esan zidan Shantik, baizik eta Christian Pauek Ihabarko eskalada-eskolaren inguruan jasotako kritiken ondorioz sare sozialetan partekatu zuen hausnarketa bati laguntzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 90 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Shantik (Bilbo) eta Jon-Borrek (Basauri), 2024ko irailaren 19an.
- Zailtasuna: V/V+. Luzez-luze: 1ºL: IV- (35 m); 2ºL: IV- (40 m) eta 3ºL: V/V+ (15 m). 
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabarko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara doan ohiko bidetik harkaizterira iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Hurbilketaren azalpen zehatz bat hemen irakurri dezakezue.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara doan ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdinetako 8 express-zinta, friend eta artaka-trabagailu sorta bat eta luzera ezberdineko zinta-uztai pare bat bilguneak muntatzeko. Gomendagarria izan daiteke Walkie-talkie pare bat eramatea ere, gure artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko. Bidean dauden aseguru finkoak harkaitz-zubietatik pasatako soka edo kordelak dira. 
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Ordu eta laurden lasai ibilita.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Peña Rueban eskalatzea zen gure lehen aukera baina larunbata arratsaldean eguraldi aurreikuspen gehienak gure alde jarri zirela zirudien:

- Deskuidatuz gero hemen ingurun ere zeoze eskalatzeko modun egongo gea. Nei ez dit atsaldera arte ebirik ematen. Gañea Ihabarren “with Friends” iriki zutenak bide berri bat iriki due “Elektrolitos”-en ezkerren, “jodidos trepalaris” izenekoa, eta hoi azkar eskalau dezakegu – zioen Asierri bidali nion mezuak.
- Ba nei Uharten behintzat txirimiria ematen dit – izan zen bere erantzuna -. Nahi badezu suertea probatu dezakegu Ihabarren.

Badaezpada goiz geratu ginen, eguraldi iragarpenak asmatzen ez bazuen Peña Ruebara berandu ez iristeko. Egunaren lehen izpiek Etzegaratetik jaisten harrapatu gintuzten, gorri biziz tindatutako hodeiek Beriain besarkatzen zuten bitartean. Gure harridurarako, edo zorionerako, zeruan ostarteak ziren nagusi eta errepidea lehorra zegoen. Ihabarrera doan irteerara iritsi ginenerako argi izan genuen ez genuela Peña Ruebaraino jarraituko, gaurkoan ez behintzat.

- Atzo Shantiri mezu bat bidali nion beharbada bide hau eskalauko genula esanez – esan nion hurbilketan.
- Ta informazio gehio eman zizun?
- Eskalau zuten azkenekon hormatik zuzen irten zirela eta biden jarrita daun azken puenterrokako kordela ezkerrera mugitu behar dela – erantzun nion -. Ah, ta bidek 120 metro ditula.
- Ta zenbat luze dien?
- Ez dit esan eta bidali zidan krokisen ere ez dare markauta – erantzun nion -. Baina nik ere ez diot informazio gehio eskatu.

Bidea nondik doan adierazten duen lehenengo kordela ikusi genuenean hormaren punturik baxuenera jaitsi ginen, “Potikoti” bidea hasten den lekutik dozena erdi bat metro eskuinera gutxi gora behera. Ondoan jaio den zuhaitz baten enborraren kontra hainbat harri ikusi genuen bata bestearen gainean; ez dakigu mugarri bat osatu nahian nahita jarri diren edo bidearen garbiketaren ondorioz pilatu diren eroritako harriak diren. Horma lehor-lehorra zegoen nahiz eta ihintzak hezetutako belarragatik zapatilak bustiak genituen. Hego ukituko haize leunak hurbilketan jantzita eramandako berokiak eranztea gonbidatu gintuen, eskaladan hotzik pasako ez genuela xuxurlatuz.

- Gaur hasiko naiz ni – proposatu zidan Asierrek.
- Arazoik gabe – erantzun nion haizetako txamarra fina janzten nuen bitartean.

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV-. Asier zuzen hasi zen goraka, urrun dagoen kordelera iristeko igo behar diren harmaila erraz batzuk eskalatuz (III-).

Bidearen lehen kordelera iristen.

Lehen kordela atzean utzi zuenean, besteak baino tenteago den harmaila bat eskalatuz (III) erlaitz belartsu batera igo zen:

- Hemen beste puenterroka bat dau!! - Esan zidan puntu bat behatzarekin seinalatuz.

Bidearen hasieratik kordel batez aseguratutako beste harkaitz-zubi bat ikusten da, oso urrun dagoena eta hasiera batean luzean jarritako bigarrena zela pentsatu genuena. Bigarren harkaitz-zubi hau topatzea ezustekoa izan zen guretzat.

Hemen beste puenterroka bat dau!!!

- Zemuz dijo?
- Oaingoz errexa.

Bigarren harkaitz-zubitik gora harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu zuen, eskuin noranzkoan, bidearen oinetik ikusten genuen "bigarren" harkaitz-zubira zuzenduz. Itsasgarritasunezko pasagune errazak dituen zeharkalditxo honetan (III), "Elektrolitos" bidearen lehenengo paraboltak hurbil ikusiko ditugu, baina luzea bide honen ezkerrean mantentzen da denbora osoan.

- Hemen tenteago jartzen da - ohartarazi zidan Asierrek luzearen hirugarren kordelaren parera iritsi zenean.

Hirugarren kordela horma motz eta tente baten oinean jarrita dago, luzeari zailtasuna ematen dion horma motz eta tentea. Hormatxoa eskuinetik errazago eskalatzen denez, Asierrek ezkerretik eskalatu zuen (IV-), luzeari bizitasun pixkat jarri nahian.

Hirugarren kordelaren parean, hormatxoa nondik eskalatu duen begiratzen.

Hormatxoa eskalatu ondoren ez zuen zailtasunik izan lehen bilgunera iristeko, erlaitz eroso batean dagoena eta harkaitz-zubi batean jarritako kordel batez osatuta dagoena. Bilgunearen eskuinean, 3 metro eskasera, "Elektrolitos" bidearen lehenengo bilgunearen bi parabolt distiratsuek ahalik eta gehiago egiten zuten distira, eguzkiaren izpien eraginez.

Lehen bilgunean.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia. Bertan, luzean dauden hiru kordelak ikusi daitezke.

Harkaitza epeltzen hasita zegoen eskalatzen hasi nintzenean. Sentsazio atsegina izaten da harkaitz epela eskuetan sentitzea, eskalatzaile profesionalek harkaitz hotza nahiago izaten duten arren, katu-oinak harkaitzera hobe itsasten direlako. Nire kezka ere katu oinen itsasgarritasuna zen, ez harkaitzaren tenperaturagatik, jantzi nituenean lur hezez zikindu nituelako baizik. Honegatik luzearen lehen metroak motor bat martxan jartzen ariko banintz bezala eskalatu nituen, zaldien moduan ostikoak emanez, katu-oinen zolak harkaitzaren kontra jarri eta atzeraka arrastatuz.

Lehen luzea lehen kordelera iritsi aurretik ikusita.

- Bigarren luzea, 40 metro, IV. Zalantzak izan genituen luzeak nondik jarraitzen duen asmatzeko. Hainbat aukera begiratu eta baloratu ondoren, bilgunearen eskuinean dagoen kanaltxo itxurako bat eskalatu nuen, erlaitz batera igoz (III).

- Hemen puenterroka bat dau!!!
- Ondo hasi zea ordun - erantzun zidan Asierrek.
- Ez dudana da beste kordinorik ikusten.

Luzearen lehen kordelaren parean.

Harkaitz-zubitik gora ez nuen harkaitza besterik ikusten. Gris koloreko itsasoaren erdian lila koloreko kordeldun harkaitz-zubi bat zegoen nire eskuinean, baina bereahala konturatu ginen "Elektrolitos" bidearena zela.

- Errexenetik igotzen jarraituko det, ea beste puenterrokaik topatzen deten.

Zuzen eskalatzen hasi nintzen lehen metrotan, ezkerrean zuhaitz ilara bat utzita, horma ixten duen sabaiara zuzenduz. Luzeak sabaia eskalatuz jarraitzen bazuen bertan aseguru finkoren bat aurkituko nuela uste nuen baina bertara hurbiltzen hasi eta asegururik ikusi ez nuenean honen eskuinera zuzendu nintzen, zuhaixka nabarmen batera hurbilduz (IV-).

Zuhaixkaren parean.

Zuhaixkaren parera iritsi nintzenean adar bat zerratuta ikusi nuen: "ondoooo, bide onetik noa", pentsatu nuen. Behera begiratu eta Asierri keinu egin nion erpurua altxatuz. Friend bat trabatu eta, zuhaixkatik gora, horma motz eta bertikal bat eskalatzen hasi nintzen.

Behera begiratu eta Asierri keinu egin nion erpurua altxatuz.

Friend-a trabatu ondoren lehenengo bilguneari egindako argazkia.

Pare bat metro eskalatuak nituenean irribarre batek aurpegia zabaldu zidan:

- Hemen puenterroka bat dau - esan nion Asierri talkie-tik.

Horma bertikala harkaitz-zubi batetik pasatako kordel batek babesten du, luzean jarrita dagoen bigarrena.

Argazki honetan horma bertikala babesten duen harkaitz-zubitik pasatako kordela ikusi daiteke baita ni bigarren bilgunean ere.

Kordeletik aseguratu ndoren ez nuen zailtasun handirik izan horma eskalatzeko (IV), helduleku paregabeak ditu eta. 3-4 metroko horma bertikal honen ondoren horma etzaten da eta kordel berri bat duen harkaitz-zubi batera iritsi nintzen berehala. 5-6 metrora azken luzeak igotzen duen horma tentea nuen baita luzea babesten duten bi kordelak begi-bistan ere, bi harkaitz-zubitan sendo jarrita daudenak.

Asier horma bertikaletik ateratzen. Bere aurrean luzean dagoen hirugarren, eta azken, kordela ikusi daiteke.

Hasieran bigarren bilgunea bertan muntatzea pentsatu nuen baina Asierrek oraindik metro batzuk igotzeko soka nahikoa nuela esan zidanean horma tentearen oinera arte jarraitzea erabaki nuen. Bertan dagoen beste kordel baten laguntzarekin bilgunea muntatu nuen.

Bigarren bilgunea.

Ez nuen denbora luzean itxaron behar izan Asierren kasko laranja hormatik irteten ikusten hasteko. Bidea oraingoz erraza iruditzen ari zitzaigun, eskuinean dituen harkaizti bereko "Elektrolitos", "Mujer poderosa" eta "Intifada" bideekin alderatzen badugu.

Asier bigarren bilgunera gerturatzen.

- Ea azkeneko luzea nolakoa den - esan zidan Asierrek soberan nuen material guztia pasa nionean -, V+ ingurun badabil nunbaiten estutu beharko dugula pentsatzen det.

Bilgunearen gainetik laupabost metrok banatzen dituzten bi kordel ikusten ari ginen. Orain arte bidean utzitako kordelen arteko distantzia oso luzea zela ikusita, azken luzearen pasagunerik zailena bi kordel hauen artean egongo zela ebatzi genuen. Baina, zein bide jarraitu bi kordel hauen arteko tartea betetzeko? Bien artean dagoen harkaitz-plaka tentetik zuzen edo plakaren eskuinean dagoen arrailatik? Errazena arrailatik jarraitzea zela argi ikusi genuen, baita bertatik jarraituz gero "Elektrolitos" bidean sartuko ginela ere. Shantik bidali zidan azken whatsapp mezuan bigarren kordela ezkerrago jarri beharra zegoela kontatzen zidanez, luzeak harkaitz-plakatik zihoala suposatu genuen.Gainera, lerro zuzena ez al da bi puntuen arteko ibilbiderik motzena? Jejeje.

- Hirugarren luzea, 15 metro, V/V+. Erabat bertikala ez den arren, horma azpitik dirudiena baino tenteagoa da. Asier luzea zuzen eskalatzen hasi zen lehenengo harkaitz-zubiraino. Harkaitz-zubitik gora, bertan dagoen zuloaren punturik altuenera iritsi zenean bat-batean geratu zen:

- Ez det uste plaka hau erditik eskalatuko zutenik.
- Ze ba? - Galdetu nion.
- Erditik oso zaile emateu - erantzun zidan -, gañea hurrengo puenterrokara iritsi baño lehen eroriz gero lurreraño iritsiko naiz.
- Zu zoaz aurretik, uste dezun leku errexenetik igo.

Harkaitz-plakaren ezker ertzari ezker eskuarekin helduz, gorputza nahikoa igotzea lortu zuen harkaitz-plakaren goikaldean dagoen arrail horizontal eta txiki batean friend txiki bat trabatzeko (V/V+).

Friend-a aukeratzen.

Friend-a trabatu zuen heldulekua aprobetxatuz, gorputza berriro ere altxatu eta bigarren harkaitz-zubiaren parera iritsi zen, luzearen zailtasun handienekin amaituz (V/V+).

Hormatik irteteko, lehenik harkaitz-zubitik ezkerrera horizontalki metro pasatxo bat mugitu zen.

Harkaitz-zubiaren ezkerrean kokatu ondoren.

Bigarren friend bat (oraingoan handietako bat) arrail batean trabatu ondoren ezkerrerako joerarekin jarraitu zuen eskalatzen, bertan jaio den artearen adarrekin borrokan, hormatik irtetea lortu zuen arte (V-).

Bigarren friend-a trabatzen.

Hormatik irteten.

- Reunioa nun dau?
- Krokisaren arabera badirudi "Elektrolitos" bidearen gañen daula - erantzun nion -, baña "Elektrolitos"-en azken reunioa ere izan leike.

Asierrek goraka jarraitu zuen dozena erdi bat metro igoz baina ez zuen kordel gehiagorik aurkitu. Batera eta bestera begiratu eta kordelik ikusten ez zuenez, hirugarren bilgunea "Elektrolitos" bidearen azken bilgunean muntatzea erabaki zuen.

Bilgune baten bila batera eta bestera begira egon ondoren "Elektrolitos" bidearen azken bilgunera zuzentzen.

Onartu beharra daukat azken luzean gehien kosta zitzaidana bigarren harkaitz-zubia lekuz aldatzea izan zela, jejeje. Shantiren aholkuari jarraituz eta hogei minutu erabiliz, izerdi asko bota ondoren kordela ezkerrago dagoen harkaitz-zubi handi eta sendo batetik pasatzea lortu nuen. Nola bota nuen faltan arrailak garbitzeko erabiltzen dugun gailua!!!

- Bide politte!!!
- Bai, uste nuna baño errexagoa - erantzun zidan Asierrek -, baña azkeneko plaka hortan badaezpada txapa bat jarriko nuke.
- Baita nik ere!! - Erantzun nion -. Plakaren erditik eskalatzen badezu bigarren harkaitz-zubira iritsi arte ezin da segururik jarri ta gañea ezin zea erori, lurreraño zoaz eta.
- Hala ere bidea beraiena da eta horrela uztea erabaki badute beraiek jakingo zuten zergatik.
- Arrazoi dezu - erantzun nion -, errexena beste batzuek egindakoa kritikatzea izaten da.

Egiari zor, azken luze honek badu aldaera errazago bat. Honetarako bigarren bilgunetik ezkerrera eskalatzen jarraitu eta Asier eta biok "Potikoti" bidea eskalatu genueneko azken luzearen aldaeratik oso gertu irtengo gara (V-). Bidea eskalatu zuten lehen aldian bertatik irten zirela esan zidan Shantik, baita kordel bat zuhaixka batean jarrita utzi zutela ere.

Azkeneko bilgunean, "Elektrolitos" bidearekin partekatzen dena.

Denbora soberan genuenez, gauza arraroa egungo bizimoduan, materialaren jasotze-lana lasai hartu genuen, motxilaren barruan gauza bakoitza ongi ordenatuz, hiru dimentsioetako puzzle bat pazientziaz osatu nahiko bagenu bezala. Haizeak goxo eta leun jarraitzen zuen, hegoaldetik zekartzan kontuak belarrira xuxurlatuz.

Bidearen amaierako "talde" argazkia.

Jaitsiera ere patxadaz hartu genuen, basoa pixkanaka estaliz doan orbela zapalduz, "kristi-krasta", "kristi-krasta". Jaitsieran harkaizti honetan ireki diren eskalada-bideen inguruan aritu ginen. Urte gutxien buruan Urdebez hegoaldeko harkaiztia erdi ekipatuko eskalada-bide interesgarriz osatuz joan da, denak erdi-ekipatuak, mota honetako eskalada gustuko dugunontzat leku gozagarri eta lasai batean bihurtuz. Zorionak eta eskerrak besterik ez dizkiogu eman behar harkaizti honen ateak ireki zizkigun Mikel Txintxa eta Christian Pauri. Bide eder gehiago irekitzeko lekua dago oraindik? Nork daki...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina