AZKEN 10 SARRERAK

2024/04/22

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "WITH FRIENDS" BIDEA, 110 m, 6a. 2024/04/07


Bidearen hasieran jarrita muntatuta dagoen harkaitz-zubia.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

2023ko abenduaren 21an Christian Pauk Ihabarko Urdebez hegoaldeko hormaren argazki bat partekatu zuen sare sozialetan non bertan irekitako eskalada-bideen lerroak marraztuak agertzen ziren. Argazki honetan guretzat berriak ziren bi eskalada-bide zeuden: “Potikoti” eta “with friends”. Argazki honekin batera, Christianek “with friends” bidea “Untzillaitz Sur” blogeko kideek irekia zela zioen. Hau irakurri nuenean ez nuen bitan pentsatu Gaizka Kortazarri (blog honen administratzailea) whatsapp mezu bat bidaltzeko. Nire harridurarako, ezer ez zekiela erantzun zidan baita bide horri buruz galdetzen zion bigarrena nintzela ere.

Ordu batzuk beranduago telefono-zenbaki ezezagun batetik hainbat mezu jasotzen hasi nintzen. Horietako batean, blogean partekatu nuen Urdebez hegoaldeko krokis orokorretako batean “with friends” bidearen krokisa marraztua zegoen.

Mezu hauek jaso nituenean haserretu nintzen: batetik norbaitek nire telefono zenbakia ezezagun bati eman ziolako eta bestetik ezezagun horrek nik egindako krokis batean lerro berri bat marraztu eta krokisaren jatorriari erreferentziarik egiten ez ziolako; izan ere, krokis horretan nire sinadura ere ezabatuta zegoen. Aurreritziak itsututa, mezu hauei guztiei haserretik erantzun nien. Baina hainbat mezuen ondoren tentsio-egoera hau baretzea lortu genuen bion artean. Onartu beharra daukat ez nuela bide onetik hasi Shantirekin izan nuen lehen “elkarrizketa”. Orduz geroztik hainbat mezu bidali diogu elkarri baita irekitako eskalada-bide berrien informazioa partekatu ere. Eginoko “Goikua” sektoreko “Bloke” bidea prestatzen ari ginenean elkar ezagutzeko aukera izan genuen gainera.

Duela aste pare bateko mezu-trukaketan Shantik kontatu zidanez, “with friends” berak eta bere laguna Jon-Borrek 2023ko abenduaren 19an ireki zuten. Bidea behetik ireki zuten, inongo erreferentziarik gabe, eskaladaren argotean “a vista” esaten dena. Egun berean, jaitsieran, bidean zehar sakabanatuta dauden lila koloreko kordelak jarri zituzten, harkaitz-zubi eta zuhaitzen enborretan aseguru finko bezala geratuko direnak.

2023ko abenduak 19, bidea ireki zuten eguneko argazki bat.

Bidearen izenaren jatorriari dagokionez, "with friends" bi hitzen arteko hitz-jokoa dela esan zidan Shantik: batetik bere eta Jon-Borren arteko lagun-harremana adierazteko modua eta bestetik eskalada klasikoan erabiltzen diren friend (“friend” ingelesez “lagun” esan nahi du) gailuak, bidea gailu hauek erabiliz ireki baitzuten.

Shanti eta Jon- Bor "with friends" ireki ondoren.

Asierri “with friends” eskalatzea proposatu nionean ez zidan ezetzik esan, are gehiago berak eskalatu gabeko “Itxoin pittin bat Lur” (150 m, 6a) bidearekin konbinatu genezakela esan nionean. “With friends” bideari saialdi antzu bat egina genion aste batzuk lehenago, euririk botako ez zuela iragarritako egun batean. Egun hartan horma osoa bustia aurkitu genuen goitik behera, euriak blai uzten gintuen bitartean; honegatik sokak ez genituen motxilatik atera ere egin. Oraingoan dena alde izango genuela ziur geunden baina, horrela izango al zen? Asierren kotxean sartu arte ez genuen jakingo.

Egun berean eskalatuko genituen bi bideen nondik norakoak. Osora, 260 metro eta 6a zailtasuneko eskalada ederra.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Shantik (Bilbo) eta Jon-Borrek (Basauri), 2023ko abenduaren 19an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: IV (35 m), 2ºL: V (20 m), 3ºL: 6a (30 m) eta 4ºL: IV+ (25 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Bidea "Kormoran moñudo" bidetik 8 metro inguru eskuinera hastean da. Bidearen hasieran harkaitz-zubi batetik pasatako kordel lila bat topatuko dugu.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express-zinta, Totem sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak eta bere alboan dituen beste bideak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Joder, Eginon 80 kilometro orduko haizek emanda dare – esan nion Asierri jaso ninduenean.
- Ta Ihabarren?
- 50-55 kilometro ordukok – erantzun nion.
- Ea zeoze egiteik deun.

Asierrek bolanteari tinko eusten zion bitartean haizeak errepide ertzeko zuhaitz, zuhaixka eta belarrak dantzan jarriak zituen, heavy metaleko kontzertu batean burua aurrera eta atzera astintzen dutenen modura astinduz. Hala ere itxaropentsu geunden, are gehiago haizea noizik eta behin zertxobait baretzen zela ikusten genuen bakoitzean.

25 gradutik gorako tenperatura iragarrita zegoen arren, haize-ufadek eragindako sentsazio termikoagatik haize-kontrako txaketak jarrita egin genuen hurbilketa, baita eskalada osoa ere. Zerua zikin zegoen, kolore eta formarik gabe, haizeak Saharako basamortutik ekarritako hauts-ganduaz estalia.

- Flipantea iruitzen zait Saharatik honeaño harea iristea.
- Bai – erantzun zidan -. Akordatzen zea duela urte batzuk Piriniotan elurre marroia geratu zenen?
- Joe baietz, Formigaleko pistek basamortue ematen zuten.

Aurreko bisitatik bidea non hasten den bagenekienez, ez genuen arazorik izan bertara iristeko. "With friends", “Kormoran moñudo” bidearen eskuinera hasten da, dozena-erdi metro ingurura. Bidearen hasieran, lila koloreko kordel batekin muntatutako harkaitz-zubi bat topatuko dugu. Une hartan haizeak gogor jotzen ez zuela ikusteak etxetik genekarren itxaropena goian mantentzen lagundu zigun: “txarrenen haizea bizitzen bada bidea rappelau edo kormoran moñudora pasako gea”, izan zen adostu genuena eskalatzen hasi aurretik.

Asierrek, betiko moduan, ez zidan inongo oztoporik jarri bidea nik hasteko eskatu nionean. Bereziki motibatuta nengoen, konfiantzaz betea; honegatik aurretik eman nahi nion 6a zailtasuneko luzeari.

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV. Bidearen hasiera adierazten duen harkaitz-zubitik express-zinta pasatu eta, honen gainetik doan kanaltxo estu eta higatuan oinak kokatuz, ez nuen zailtasun handirik izan harkaitz-plaka tente eta motz hau eskalatzeko (III). Plaka honen gainetik dagoeneko ikusi nuen lila koloreko bigarren kordela, arte txiki baten enborrean jarrita dagoena. Bertara iristeko, amaieran inklinatzen den harkaitz-plaka etzan eta erraz bat igo behar izan nuen, tarteka erdi-oinez eta tarteka erdi-eskalatzen (III-).

Zuhaitz txikian jarritako kordelaren parean.

Zuhaitz txiki honetan jarritako kodel honek luzearen lehen zailtasun serioa babesten du: 3 metro inguru izango dituen hormatxo bertikal bat. Ikerrekin “Kormoran moñudo” eskalatu nuenean zuhaitz txiki honen ezkerrean dagoen arrail bertikal batetik eskalatu nuen horma hau. Oraingoan zertxobait eskuinera pasa eta arrail itxurako batetik eskalatu nuen, bere irteeran Totem bat trabatuz, egonkorrak ez ziren harkaitz batzuk zeudela iruditu zitzaidalako (IV).

Hormatxoa eskalatu ondoren.

Hormatxo honen ondoren bigarren hormatxo bat topatu nuen, baita hormatxo hau babesten duen lila koloreko kordela ere, oraingo hau harkaitz-zubi batean jarrita. Bertara hurbildu eta, arrail baten eta arte txiki baten laguntzarekin, hemen ere ez nuen zailtasun handirik aurkitu (IV).

Bigarren hormatxoa, lila koloreko kordela ikusi daiteke.

Bidearen lehen metro hauetan haizeak gogor jotzen ez zuela iruditu zitzaidan, nahiz eta gora begiratzen nuen bakoitzean zeruertza tapizatzen zuten zuhaitz eta zuhaixkak dantzan zebiltzala iruditzen zitzaidan.

Bigarren hormatxoaren gainera igo nintzenean, 5-6 metro ingurura “Kormoran moñudo” bidearen lehen bilgunea ikusi nuen, zuhaitz baten enborrean jarritako soka batekin muntatuta dagoena. Shantik bidali zidan krokisari jarraituz, bertara hurbildu gabe honen eskuinean dagoen hormara zuzendu nintzen, baita honen oinean lehen bilgunea osatzen duen lila koloreko kordela aurkitu ere. Badaezpada kordel hau bi Totem-ekin indartu nuen.

Lehenengo bilgunea.

- Luze politte, gustatu zait.
- Bai, ondo dau – erantzun zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.

Bigarren bilgunea bigarren hormatxoaren gainetik ikusita. Argazkiaren ezkerrean, karratu gorri baten barruan, "Kormoran Moñudo" bidearen lehenengo bilgunea ikusi daiteke.

- Bigarren luzea, 20 metro, V. Asier di-da batean igo zen bilgunearen gaineko erlaitz txikira eta bertatik ez zuen inongo zailtasunik izan lila koloreko kordel batekin muntatutako harkaitz-zubira aseguratzeko (III-).

Harkaitz-zubitik aseguratu ondoren.

- Hemendik harkaitzak kendu dittuztela emateu.
- Oain arte behintzat bidea ondo garbittuta dago – erantzun nion.

Eskuin aldera mugituz, harkaitz-zubira arte iristen den harlauza batera iritsi eta bertatik igoz harkaitz-zubiaren parean jartzea lortu zuen (III+). Hurrengo 2-3 metroak dira luze honi zailtasuna ematen diotena. Uraren pasaerak higatzen hasi duen kanaltxo estu batean oinaren puntak sartuz eta hauetan oreka mantenduz, gorputza pixkanaka altxatu zuen, eskuekin harkaitz-plaka tente honen goiko ertzean dauden helduleku onak eustera iritsi zen arte (V).

V zailtasuneko pasagunearen hasieran.

- Hurrengo reunioa nun dau montauta?
- Ez dakit, ze ba?
- Hortxe bertan zuhaitz baten kordino lila bat montauta daulako.
- Ba seguro hoi izangoela – erantzun nion.

Harkaitz-plakaren gainetik lehenengo bilgunera egindako argazkia.

Harkaitz-plaka tente honen gainetik, eskuin aldera zuzenduz, Asier bigarren bilgunera oinez iritsi zen.

Bigarren bilgunea lehenengotik ikusita.

Bigarren bilgunean.

- Hirugarren luzea, 30 metro, 6a. Eskaladan dudan mailaren mugan eskalatu beharko nuela jakinda ere, eta kuriosoa dirudien arren, lasaitasun osoz eskalatzen hasi nintzen. Luzearen lehen metroak horretarako aproposak dira, zailtasunak hasten diren harkaitz-plakara arte harmaila edo koska erraz batzuk “besterik” ez direlako igotzen (III-/III). Jomugan harkaitz-plakaren erdian lila koloreko kordel batekin muntatutako harkaitz-zubia nuen, baina bertara iritsi aurretik harkaitz-plaka honen oinean dagoen harkaitz-zubi handi batean luzearen lehen asegurua jartzea erabaki nuen, zinta-uztai luze batekin.

Lehenengo asegurua jartzen.

Ez nuen zailtasun handirik izan kordel lila bat duen harkaitz-zubira iristeko eskalatu behar izan nuen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzeko (IV). Harkaitz-zubira iritsi, bertatik aseguratu eta hurrengo metroak nondik eta nola eskalatu begiratzen hasi nintzen.

Lila koloreko kordela duen harkaitz-zubiaren parean.

- Hurrengo puenterroka tetxun gañen dau – esan nion Asierri walkie-talkie-tik.

Harkaitz-zubiaren gainean, 3 metro ingurura, harlauza batek harkaitz-plaka zeharkatzen du diagonalean. Orain ebatzi beharra nuena zen harlauza horretara iristeko jarraitu beharko nuen bidea eta egin beharko nituen mugimenduak.

- Christian Pauk ta bere lagunek tetxue ezkerretio eskalau zuten – esan zidan Asierrek.

Harkaitz-zubitik 3 metro inguru ezkerrerago, garbitu duten itxura duen helduleku eder bat ikusi nuen, zuri kolorekoa. Helduleku txiki batzuetan oinak jarriz, ezker aldera zeharkaldia egin nuen helduleku honen azpian kokatuz: “honea igotzen banaiz goiko lajara errex iritsiko naiz bertan friend bat sartzeko” pentsatu nuen. Baina nola igo? Batera eta bestera begiratu arren ez nuen helduleku on honetara igotzeko modurik ikusi. Etsita, harkaitz-zubira itzuli nintzen harlauzara iristeko beste modu baten bila.

Harkaitz-zubitik aseguratuta batera eta bestera begira egon nintzen ordu-laurdena ziklo berbera baten segida izan zen: eskuak magnesio-hautsetan hautseztatu, inguruan nituen helduleku txikiak ukitu, gorputza pixkat altxatu, berriro ere harkaitz-zubira jaitsi eta eskuak magnesio-hautsetan berriro ere hautseztatu ziklo berri bati hasiera emateko. Tartean, helduleku pare bat puskatu eta beste behin hurbildu nintzen zuri koloreko helduleku handiaren azpira, baina berriro ere itzuli behar izan nuen harkaitz-zubiaren babesera. Harlauzara nondik iritsi beharko nuen banekien baina beldurra eragiten zidan. Hau gutxi ez bada haize-ufadak indarra hartzen hasi zirela iruditu zitzaidan, nire buruan bueltaka zebiltzan pentsamendu negatiboei hauspoa emanez.

Bitan izan nintzen Asierri bilgunera jaitsi ziezadan eskatzeko zorian; bitan amore emateko zorian. Eskuak enegarrenez hautseztatu nituenean, harkaitz-zubitik gorago dagoen arrail estu batetan Ball Nut txikia trabatu eta eskalatzen hasi nintzen harlauzara zuzenduz. Ball Nut-a oinen altueran geratu zenean konturatu nintzen ez zegoela atzera bueltarik, erortzen ez banintz behintzat. Eskuin oina dar-dar batean nuela, harkaitz-plakan dauden helduleku txikiei heldu eta metro berri bat nekez eskalatzea lortu nuen, harlauza eskuin eskuaren behatzekin ukizea lortu nuen arte. Gorputza zentimetro batzuk gehiago altxatzea lortu nuenean, harlauza eskuin esku osoarekin heldu eta, ezker oina zabalduz, hasieran ikusi nuen zuri koloreko helduleku ederrean jartzeko gai izan nintzen (6a). Seguru nengoela sentitu arren, oraindik inora aseguratuta ez nengoenez, korrika batean Totem urdina harlauzan trabatu eta bertatik aseguratu nintzen. Arnasketa lasaitzea lortu nuenean, babariar teknika erabiliz eskalatzen ariko banintz bezala, harlauzan gora beste metro bat igo eta bere eskuinean dagoen arrail txiki eta zuzen batean Totem beltza tinko trabatzea lortu nuen (V+). Zailtasunekin amaitzeko sabaia eskalatzea falta zitzaidan oraindik. Honetarako zuzen eskalatzen jarraitu eta sabaiaren pasagunea babesten duen lila koloreko kordela duen harkaitz-zubiaren ezkerrean jarri nintzen (V+). Harkaitz-zubitik aseguratu, eskuin aldera metro eskaseko zeharkaldi horizontala egin eta bere azpian kokatu nintzen (V). Sabaiak helduleku oso onak zituela ikusi nuenean luzea eskalatuta nuela sinestu nuen lehen aldiz. Helduleku hauetatik tira eginez sabaia eskalatu nuen (V+).

- Tomaaaaaa!!!!! Ostia ze onaaaaaaaa!!!!!

Tomaaaaaaa!!!!!

Pozarren nengoen, zoratzen. Asierri argazki pare bat egiteko denbora eman ondoren hormaren azken metro errazak eskalatu nituen bilgunera iristeko, harkaitz-zubi batean jarritako lila koloreko kordel bat eta zuhaitz txiki baten enbor estutik pasatako zinta-uztai batez osatua dagoena (III). Adrenalinaren eta pasatako tentsioaren eraginez ahoa erabat lehorra nuen, bihotza dantzan eta emozioak bor-borka. Ia ordu erdi kosta zitzaidan hirugarren luze osoa eskalatzea. Oso zaila da hitzetan jartzea muga mentalera eraman zaituen zailtasun bat gainditzeak sortzen duen sentsazioa; eta ez eskaladan bakarrik. Eta zer esanik ez adrenalinak dopaminari lekua eman zionean; orduan zoriontasun sentsazioa erabatekoa izan zen.

Hirugarren bilgunean.

Asierrek luze honen eskalada lasaitasun osoz hartu zuen, metro bakoitzari zukurik handiena atera nahiko balio bezala. Tarteka gelditu eta pasagune ezberdinei argazkiak egiten zihoan, gozatzen ari zuen une hori irudietan ehizatuz.

Nik jarritako lehen asegurutik gorako argazki honetan hirugarren luzean jarritako aseguruak hobe ikusi daitezke.

- La ostia, dauneko hemen zare eta!!!
- Soka goitik edukita errexagoa da – erantzun zidan –, ta gañea kantotan magnesio hautse zeonez ez neuken pentsatu behar nundik heldu beharra neuken.
- Ya ya, baña halere luzea eskalau beharra dau – erantzun nion -. Ta magnesiona... kontutan izanda nola ibili naizen magnesioa pareta guztin egongo zen!!! Jejejejeje

Hirugarren bilgunean.

Hamabi minutu eskas behar izan zituen Asierrek luzea eskalatzeko. Eta hori lasai-lasai eta argazkiak eginez eskalatu zuela, jejeje.

Asier hirugarren luzearen amaieran.

- Laugarren luzea, 25 metro, IV+. Asier bilgunearen zinta-uztaia lotuta dagoen zuhaixkaren eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen, 10 metro inguru gorago ikusten genuen lila koloreko kordela duen harkaitz-zubira zuzenduz (III).

Lehenengo metroetan.

Metroak lasai eskalatuz zihoan, aizto baten moduan zorrotzak diren harkaitz-plaka ezberdinak bata bestearen atzetik konbinatuz, geroz eta indar handiagoa hartuz zihoazen haize-ufaden artean (III+/IV-).

Lehenengo harkaitz-zubiaren parean.

Harkaitz-zubiaren gainetik horma tentetzen bada ere helduleku oso onak ditu. “V” itxura duen zuhaitz batera zuzenduz harkaitz-plakak dituen heldulekuetaz baliatu zen bigarren harkaitz-zubi batera iristeko, hau ere lila koloreko kordel batez muntatuta dagoena (IV+).

Bigarren harkaitz-zubiaren parean.

Bigarren harkaitz-zubi hau atzean utzi eta beste 3-4 metro inguru eskalatu zituenean bideak dituen zailtasun guztiekin amaitu zuen (IV+).

Zailtasunak amaitzen diren lekutik hirugarren bilgunera egindako argazkia.

Oinez egin behar izan zituen azken metro apur batzuk azken bilgunera iristeko, zuhaitz baten enborrean jarritako soka eta mailoi batez osatuta dagoena eta “Kormoran moñudo” bidearekin partekatzen duena.

Bigarren harkaitz-zubia azpitik ikusita.

- Nere gaurko egune alaitu da dauneko – esan nion –, gauen Athletic-ek irabazten badu ere.
- “Itxoin pittin bat Lur” eskalatuko deu? – Proposatu zidan.
- Arazoik gabe – erantzun nion.

Emozionalki eta mentalki zorionez gainezka jarraitzen nuenez, berdin zitzaidan beste bide bat eskalatzea, beste bi bide eskalatzea edo ilargiraino eskalatzen jarraitzea.

Laugarren bilgunea, "Kormoran moñudo" bidearen azken bilgunearekin partekatua dagoena.

Katu-oinak zapatilengatik aldatuz “Itxoin pittin bat Lur” bidearen oinera iritsi ginen. Gogoa nuen bide hau berriro ere eskalatzeko, Ikerrekin eskalatu nuenean lehen luzearen lehen metroak, horma bustita egoteagatik, diedro nabarmenetik kanpo eskalatu behar izan nituelako. Asierrek bidea eskalatu gabe zuenez, oso motibatuta zegoen. Eta bide honen eskalada arazorik gabe joan zen, azken luzean haizeak bortitz astindu gintuen arren. Ordubete pasatxoan bidearen amaieran geunden, materiala motxiletan jasotzen, haize-ufadekin borrokan ari ginen bitartean.

"Itxoin pittin bat Lur" bidearen lehen luzearen hasieran.

"Itxoi pittin bat Lur" bidearen diedro hau zoragarria da.


“with friends” bideari dagokionez, asko gustatu zitzaigula soilik esatea gutxi izango litzateke. Ongi bilatu duten lerroa da eta hirugarren luzea, kostata eskalatu nuen arren, itzela da. Harkaitzaren kalitateari dagokionez aitzakiarik ez dago eta eskalatzen diren pasagune guztietan oso kalitate onekoa da. Gainera, bide hau “Itxoin pittin bat Lur” bidea edo “Litos” bidearen goiko zatiarekin konbinatzen badugu, eskaladari 150 metro eder gehituko dizkiogu, eskalada-egun zoragarri bat bizitzeko aukera emanez.

Zorionak eta eskerrik asko Shanti eta Jon Bor bide zoragarri hau irekitzeagatik!!!

Eskaladaren amaieran zoriontsu.








Arratsaldean Athletic-ek kopa irabazi. Honen poztasuna mugatua da, zure mugan eskalatu eta largoa ateratzeak sortzen duen poztasunak orbaina uzten du ariman eta zaila da ahaztea.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Montañas de Camille bloga. 2024/01/27. "With Friends" (110 m, MD-/6a) en Ihabar. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2024/01/with-friends-110m-md-6a-en-ihabar.html