AZKEN 10 SARRERAK

2026/06/02

EGINO, LARREÑIGIKO HAITZAK: "TXIKI" BIDEA, 25 m, V. 2026-05-24.


Bidearen oinean dagoen plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Pirinioetako elurra urtzen hasten denean, Antxon Gorrotxategik mendiko eskiak katu oinengatik aldatzen ditu. Transizio naturala da berarentzat, urte asko baitaramatza horretan. Eta orduan hasten da urteetan egin duen lan isila. Alde batetik, berak irekitako bideetan “mantentze-lanak” egiten ditu, bideak txukunduz eta soka zaharrak aldatuz. Bestetik, buruan dituen ehunka proiektuen egingarritasunari erantzuten saiatzen da, bide berriak irekiz eta ekipatuz. Eta hori urtero, hutsik egin gabe, bozgorailu batekin iragarri gabe. Kronika honetan agertzen den bidea prestatzen lagundu nion egunean, apaltasunez esan zidan uste duela Eginon eta Ziordian lau mila metro baino gehiago dituela ekipatuta.

- Bideak ez dira nireak, guztionak dira.

Ez dakit zenbateraino jabetzen garen bide bakoitzaren atzean dagoen lan ikaragarriaz, eta ez dakit Antxonek (edo beste batek) irekitako bideak eskalatzen ditugunok zenbateraino baloratzen dugun lan izugarri hori eskalada-bideen kontsumo hutsaren gainetik; eta bai, kontsumo hitza nahita aukeratu dut, bakoitzak eman nahi dizkion konnotazioekin. Eta eskalada-bideen kontsumitzaile garen aldetik, askotan bideak eskalatzera mugatzen gara, harkaitz-zubietako zinta edo soka zaharrak aldatu gabe, bideetara iristeko bidexkak txukundu gabe edo neguan askatu diren harriak kendu gabe. Beharbada zenbaitek pentsatuko du lan hau egiten duten pertsonak daudela, eskalatzaile bati baino gehiagori entzun edo irakurri baitiot kordinoen eta harkaitz-zubien egoeraz kexatzen, edo eskalatu duten bideetan landaretza edo harri solte asko dagoela esaten. Antxonen hitzak erabiliz, bideak guztionak badira, uste dut guztioi dagokigula bide horien “mantentze-lanak” egitea, baldin eta bide horietaz denbora luzez gozatzen jarraitu nahi badugu. Eta ez dut hau haserretik esaten, etsipenatik baizik.

Maiatzaren 20an Antxonek bide honen berri eman zidan. Aspaldi zeukan begiz jota “Berta” bidearen parean (hegoaldean) dagoen orratz berezi eta nabarmena. Iaz saiatu zen bertara igotzen, baina bihotzak baietz esaten bazion ere, buruak ezetz esan zion balizko eroriko baten aurrean. Maiatzaren 20an, orratzera igotzea lortu zuen azkenean eta bi zinta-uztai pasatu zituen bere punta zorrotzetik, bertatik zintzilikatzeko. Hiru egunetan prest zeukan bidea, azken errepasoa egin eta bilgune bat muntatzea besterik ez zitzaion falta. Eta horretarako laguntza eskaini nion.

- Eskertzen dizut – erantzun zidan -, eta bide batez lehen eskalada mundiala egingo dugu orratzera, ez dela egunero egiten, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 25 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik 2026ko maiatzaren 20 eta 24 artean.
- Zailtasuna: V.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Egino herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketa “Berta” eta “Elmer” bideetara doan berbera da, orratza “Bertaren” aurrean (hegoaldean) baitago.
- Jaitsiera: Bilgunea kirol-eskaladako luze baten modukoa da, kate eta mosketoi batekin, bertatik soka pasa eta eraitsi ahal izateko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat eta luzera desberdineko 6 express-zinta.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 10-15 minutu eskas.

BIDEAREN KROKISA

Orratzaren kokalekua.

Krokis zehatza. Argazkia handituz gero aseguruen kokalekua ikus daiteke.

DESKRIBAPENA

Maiatzaren 24an bero-bolada baten erdian geunden. Nork esango zidan nire etxeko tximinia piztu nuenean astebete lehenago, Aralar eta Aizkorriko mendiak elurrez zuritzen ari ziren bitartean.

- Eguraldia erotuta dago – esan zidan Antxonek.

Hurbilketan, bi egun lehenago Antxonek ezagutu zuen bikote batekin hitz egin genuen, “Berta” bidea eskalatzera zihoana. Agur esan aurretik, Antxoni baimena eskatu zioten “Berta” eskalatu ondoren orratza eskalatzeko:

- Arazorik gabe, horretarako ireki dut – erantzun zien –, baina egin behar duen beroarekin ez dakit bide hau eskalatzeko gogoa geratuko zaizuen.

Hurbilketan, Antxon orratzari begira.

Egin behar zen lanerako ez ginen asko konplikatu: Antxonek orratza eskalatuko zuen lehenik, eta nik atzetik jarraituko nion bilgunea muntatzeko eta bidea errepasatzeko beharko genuen material guztiarekin. Bilgunea muntatu ondoren, biok jaitsi, eta ni berriro igoko nintzen, oraingoan puntan utzitako zintak berreskuratzeko eta bideari azken errepasoa emateko.

- Nahi baduzu hasi zuk, arazorik gabe – eskaini zidan halere.
- Horixe behar genuen!!! – erantzun nion –. Zuri dagokizu bidea lehen aldiz eskalatzea eta gainera ni gaur morroi lanak egitea etorri naiz, jejeje.

Eskalatzen hasi aurretik Antxonek esan zidan “Txiki” izango zela bideari emango zion izena. Egia esan, “Txikita de la Llanada” deitu nahi zion, orratzaren tamaina eta “Chiquito de la Calzada” umoristaren izenarekin hitz-jokoa eginez:

- Baina hain izen luzea ez zitzaidan plakatxoan sartzen, jejeje.

Bidea hainbat aldiz eskalatu duenak bezala eskalatu zuen, lasaitasun handiz, estutasunik gabe, ziurtasun osoz. Berehala iritsi zen orratzaren puntara.

Antxon orratzaren lehen eskalada mundialean.


- Asko gustatu behar zaizula uste dut – esan zidan puntatik zintzilikatu zenean.

Bete-betean asmatu zuen. Motxilan pisua nuen arren, izugarri gozatu nuen. Hasieran pixka bat estutu behar den pasagune bat du, baina oso ongi aseguratuta dago. Pasagune hori gaindituta, bidea zoragarria da, eta orratzean dauden arrailak bata bestearen atzetik eskalatuta, bilgunera iritsi nintzen, orratzaren ekialdean. Puntaren iparraldean harkaitz-bloke handi bat dago, solte dagoela dirudiena, baina bilgunera iristeko ez da handik pasatzen.

Orratzaren puntan.

Bilgunea kate batez lotutako bi parboltek osatzen dute. Horrez gain, mosketoi bat du, eta bertatik eraitsi daiteke, kirol-eskaladako bide bat balitz bezala.

- Horrela bertatik jaisteko errazagoa izango da – esan zidan Antxonek.

Antxonek bilgunea muntatzen zuen bitartean ingurura begiratu nuen: “Susi”-n bi kordada ikusi nituen, beste bat “Berta”-n eta beste bat “Udaberri”-n.

- Errepikatzen badira, jendeari gustatzen zaiolako izango da – esan zidan -, eta horrek bakarrik asetzen nau.

Bilgunea muntatzen.

Bilgunea muntatu eta bidearen oineraino eraitsi ninduenean, puntan geratzeko eskatu nion, argazki batzuk egiteko. Leku posible guztietatik egin nizkion argazkiak, baina gero konturatuko nintzen argazkirik ikusgarriena “Berta”-ren oinetik egiten dela.

Orratza hegoaldetik ikusita.

Orratza hegoekialdetik ikusita.

Orratza bigarren aldiz eskalatu nuenean, oraingoan pisu gutxiagorekin motxilan, askoz gehiago gozatu nuen. Puntan utzitako zinta-uztaiak errekuperatu nituen, eta Antxonek lurrera itzultzen ninduen bitartean, haize-makinarekin bigarren errepasoa egiteko aprobetxatu nuen heldulekuei lurra kentzeko.

Orratzaren bigarren eskalada mundialean.

- Izugarri gustatu zait.
- Benetan?
- Bai.

Bidearen inaugurazio ofiziala amaitu genuen plakatxoa jartzearen “zeremonia solemnearekin”.

- Uste dut Eginon ireki dudan biderik motzena hau izan dela.
- Esaten den bezala, “lurrin ona flasko txikian”, jejeje.

Antxon zoriontsu plakatxoa jarri ondoren.

Orratzaren iparraldean dagoen gailur estua zeharkatuko lukeen luze bat irekitzeaz aritu ginen, orratza “Berta” eta "Markitos" bideekin lotzeko, baina lan hau beste baterako utziko genuela adostu genuen.

Material guztia jaso ondoren, Eginora itzuli ginen, orratzari agur eginez. Uste dugu bide polit bat geratu dela inguruko beste bide bat eskalatzen hasi aurretik berotzeko, edo aldameneko bideak okupatuta daudenean, horien oinean zain egon beharrik ez izateko. Bidea errepikatuko duzuenoi gustatuko zaizuela espero dugu.

Antxonekin igaro nuen egunak maiatzaren 21ean atentzioa eman zidan zerbaiti buruz gogoeta eginarazi zidan. Egun horretan, “Ordiziako Mendizaleak” elkartearen 80garren urteurrena dela eta, bere 80 urteko historia laburbiltzen duen dokumentala aurkeztu zen Ordiziako Herri Antzokian. Bertan agertzen garen herriko mendizaleok, beteranoak oro har, askatasuna, bakea eta lasaitasuna bezalako sentimenduekin edo bizipenekin lotzen dugu mendizaletasuna, elementu iraultzaile gisa; eta era berean, baztertu edo kritikatu egiten ditugu egungo gizartean nagusi diren zenbakiak, zerrendak, presak, kronoak eta nabaritasun bilaketa. Baina dokumentalean gauza batek atentzioa eman zidan, eta orokorrean mendizale askok, mendizale beteranoak izan ala ez, dugun joera dela esango nuke: gure “curriculumaz” hitz egiten hasten garenean gure bizipenak eta sentimenduak ahazten digutu, eta zenbakietara eta zerrendetara jotzen dugu: “X mendi igo ditut...”, “X mendia hainbat aldiz igo dut...”, “X gradua eskalatzera iritsi naiz...”, “Alpeetan edo Andeetan edo Himalaian egon naiz X aldiz...”, eta abar, mendian dugun esperientzia zenbaki eta zerrenda horien mende balego bezala.

Kontsumo-gizarte honekin kritikoak garen arren, iruditzen zait mendiari dagokionez kontsumo hori aspaldi iritsi zela eta mendien, eskalada-bideen eta zailtasunaren kontsumitzaile bihurtzen ari garela pixkanaka, eta, eskaladan hain zuzen ere, kontsumitzen jarraitzeko bide berri bat noiz irekiko zain egoten garela, gure zenbakien zerrenda luzatzen jarraitzeko. Eta hau ere etsipenatik esaten dut. Zorionez salbuespenak badaude, eta Antxon salbuespen horietako bat dela uste dut: “irekitzen ditudan bideak ez dira nireak, guztionak dira”.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina