AZKEN 10 SARRERAK
malu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
malu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/10/18

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "MaLu" BIDEA, 85 m, 6a edo 80 m, 6a+


Bidearen hasten den lekuan jarri dugun plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

1996ko martxoaren 26ko gauean, 45 urteko nire ama Lurdesen bihotza betiko gelditu zen, urte eta erdiko gaixotasunaren ondoren. Nire eskuari heltzen zion bitartean itzaldu zen, nahiz eta aspaldi joan zen gure artetik. Gogorra izan zen gaixotasunaren eboluzioa bizitzea, nola ondo egotetik gurpildun aulki batean bukatzera pasatu zen, burua galduta, irribarrerik gabe eta begirada infinitoan, bere ahotik zizakadura bat ateratzen zen bitartean, bere garaian hitz izan zirenak. Azken arnasaren aurretik eskerrak eman nizkion erakutsi zidan guztiagatik eta barkamena eskatu nion sufriarazi nuen guztiagatik. Bere bizitza osoan, hau esan nion lehen aldia izan zen.

Esperientzia gogor hartatik bi gauza ikasi nituen: heriotzaren saihestezintasuna eta eskerrak emateko eta barkamena eskatzeko ez dela itxaron behar.

Amak gauza asko eman zizkidan, horien artean bizitza, dudan altxorrik preziatuena, baina ez nuen kontatzen hil eta urte gutxira utziko zidanarekin:

- Insomnio Familiar Fatal – esan zigun hotz neurologoak bere bulegoan -. Esa es la enfermedad que tuvo vuestra madre.

Izeba Raquel (amaren ahizpa bakarra) gure amaren sintoma berberekin hasi zenean alarma guztiak piztu zitzaizkigun, eta horregatik ama artatu zuen neurologoarengana jo genuen. Anaiak eta biok harrituta hartu genuen medikuak esan ziguna, aita ez baitzen inoiz gai izan amaren gaixotasuna zein izan zen esateko; emakumeei bakarrik eragiten zien gaixotasuna zela besterik ez zigun esaten. Orduan ulertu nuen amona Joaquina (amaren ama) gaixotasun berak eraman zuela. Medikuak emandako erantzunaren ondoren, hurrengo galdera beldurrez egin genion:

- ¿Qué probabilidad tenemos de desarrollar la enfermedad?
- Un cincuenta por cien - erantzun zuen gaixotasunaren izena zirriborrotuta zegoen paper pusketari begira -, ya que el cromosoma que la activa es autosómico dominante.

Medikuaren erantzunak izutu egin gintuen. Minutu batean, eritasun horren inguruan aitak kontatu zigun guztia suntsitu zen.

- ¿Tiene tratamiento? – Galdetu zion anaiak.
- Hoy en día no – erantzun zigun.

Solasaldia gero eta okerrago zihoan. Ahoa lehortu zitzaigun eta izerdi hotza sentitzen hasi ginen gorputzean. Ez dakit nondik atera nuen azkeneko galdera egiteko adorea.

- ¿Y una vez que se activa la enfermedad qué esperanza de vida hay?
- La media es entre nueve meses y un año, pero algunas personas viven algo más de un año, como pasó con vuestra madre.

Orduan familia-insomnio hilgarria gaixotasun prioniko bat zela kontatzen jarraitu zuen eta ez dakit zenbat azalpen gehiago, baina nire arreta kontsulta hartatik oso urrun zegoen jada.

Lur jota atera ginen kontsultatik. Terremoto batek bizitza bortizki astindu zigun. Nire bizitzari zentzua ematen zioten gauza asko mila puskatan hautsi ziren, eta nire izaerari eusten zioten zimenduak leku guztietatik pitzatzen hasi ziren. Sentitu nuen bizitza eman zidan pertsona berak orain kendu nahi zidala. Txanpon bat airera bota beharko genuela zirudien: aurpegia aterako balitz, iraungitze data jakin gabe biziko ginateke, eta, gurutzea aterako balitz, gaixotasun krudel batek iraungitze data jarriko zigun. Nire kasuan, txanpona airera botatzea erabaki nuen, baina inoiz ez dut jakin nahi izan txanponaren zein alde atera zen.

Egun hartan bizitza betiko aldatu zitzaidan. Etxera iritsi nintzenean, ama galdu nuenetik isuri gabe nituen malko guztiak isuri nituen Itziri besarkatuta.

Orduz geroztik zimendu berriak eraiki behar izan ditut, baita bizitzari zentzu berria aurkitu ere. Goizero, etxetik irten aurretik hiru galdera egiten dizkiot neure buruari: "Nor naiz?", "Zer egiten dut hemen?", "Nora noa?", eta irribarre batekin neure buruari zin egiten diot nire bizitzako egunik onena egingo (eta ez izango) dudala. Gorabehera handiak izan ditut eta izaten jarraitzen ditut, eta horietan guztietan Itzi nirekin egon da. Argi daukat Itziren maitasunik gabe hau guztia ezinezkoa izango litzatekeela, eta horregatik eskerrak ematen dizkiot egunero. Zein ederra den pertsona bat maitatzea, baina are gehiago maite dituzun pertsonak zure maitasuna sentitzen dutela esaten dizutenean. Alde horretatik, zorionekoa naiz, urteetako barne-prozesu hau guztia ez baita banakako prozesu bat izan.

Urteek ematen duten lasaitasunarekin, eta paradoxikoa dirudien arren, gaur egun uste dut nire amak eman zidan gauzarik onena, bizitzaz gain, bizitza betetasunean bizitzeko giltza izan zela, nahiz eta gaixotasun hilgarri baten mehatxuaren bidez izan. Eta horrek esker oneko eta zorioneko sentiarazten nau, nahiz eta batzuetan oraindik beldurra eta tristura sentitzen dudan.

Nahiz eta badakidan ez dela proportzionala amarengandik jaso dudanarekiko, aspaldi eman nahi nion eskalada bide bat, baina ez bakarrik nire amari, baizik eta ama guztiei, gure bizitzak gure amek eman dizkigutelako. Ba al da hori baino ederragorik? Antxonek esan zidan bezala, “ama guztiek merezi dute eskalada-bide bat”.

Bidearen izenari dagokionez, “MaLu” zen izeba Raquelek amari deitzeko erabiltzen zuen modu maitekorra, izebarentzat beti izan baitzen Mari Lurdes. Izen aproposa iruditu zitzaidan, eta Antxoni eta Asierri proposatu nienean asko gustatu zitzaien.

Amaren irribarrea kutsakorra zen.

Baina, non irekiko genuen “MaLu”?

Antxon Gorrotxategik 2023an “Malena” aldaera ireki zionean “La vida es un tango” bideari, “La vida es un tango”-ren lehenengo luzea eskalatzeari utzi zitzaion pixkanaka, landaretza estaltzen hasi zen arte. Horrek pena handia eman zidan, lehen luze hori ederra baita. Orduan, “hego ezproia” eta “La vida es un tango” bideen artean dagoen horma bertikalera zuzendu nuen begirada. Pentsatu nuen horma horretan lehen luzearekin bat egingo zuen bide bat irekitzerik bazegoen, lehen luzea berreskuratu ahal izango genuela:

- “La vida es un tango” ireki nuenean horma hori begiratzen aritu nintzen, baina oso zaila zela iruditu zitzaidan – esan zidan Antxonek horma horren inguruan galdetu nionean -. Horregatik eraman nuen bigarren luzea horma horren ezkerretik.

Apirileko arratsalde eguzkitsu batean horma hura goitik behera prismatiko batzuekin miatu nuenean, lerro posible bat ikusi nuen. Asierri nire asmoen berri eman nion eta berehala erantzun zidan abentura berri honetan parte hartuko zuela. Maiatzaren 1ean “La vida es un tango”-ren azken bilgunetik zintzilikatu eta Asierrek nuen susmoa berretsi zidan:

- Bide berri bat ireki liteke – esan zidan -, baina gogorra aterako dela emateo.

Egun hartan bertan Antxoni idatzi nion aurkikuntza honen berri emateko eta ahal zuen guztian lagunduko zigula erantzun zidan, beti erantzuten didan bezala.

Maiatzaren 9an hasi ginen bidea prestatzen, eta irailaren 6an amaitutzat eman genuen, hormatik zintzilik ordu asko eman ondoren. Bizi izan ditugun bero egunek baldintzatutako egunak izan dira, egunsentiarekin batera hormatik zintzilikatu eta eguzki kiskalgarritik ihesi hormatik laster jaisteko egunak, gorputz izerditsuak lurrez beteta, baina hori bai, beti irribarrea aurpegian. Gehien kosta zitzaiguna lehen luzeko zeharkaldi horizontala irekitzea izan zen, “MaLu” “La vida es un tango”-ren lehen bilgunetik hastea nahi genuelako. Plazer bat izan da berriro ere Antxonekin eta Asierrekin hormatik zintzilik orduak eta bizipenak partekatzea. Horrelako lagunekin munduaren amaiera arte joan daiteke, biba zuek!!!

Irailaren 12an Asierrek eta biok “MaLu”-ren “lehen eskalada mundiala” egin genuen, baina Antxonekin eskalatzea falta zitzaigun, bidea behin betiko bataiatzeko. Egun hori urriaren 11 izango zen. Biharamunean, Asierrek eta biok irteera zuzena askean eskalatzea lortu genuen. Emozioz betetako bi egun izan ziren, bide berri bat ireki dugun bakoitzean gertatu izan zaigun bezala, baina oraingoan niretzat desberdina izan zen, eskalada osoan amaren presentzia sentitu nuelako, inoiz baino biziago sentiaraziz. Hori guztia, gainera, Eginoko nire haitz maiteetan geratuko da idatzita, bizitza oro ama bati esker delako.


Maite zaitut, ama.


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 80 edo 85 metro, aukeratzen dugun azken luzearen arabera.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Asier Izagirre eta Xabi "Smithy" Mujikak 2026ko maiatza eta iraila bitartean.
- Zailtasuna: 6a/6a+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (30 m), 2ºL: 6a (30 m), 3ºL (diedroaren irteera): 6a (25 m) eta 3ºL (irteera zuzena): 6a+ (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Goizeko lehen orduetan itzalpean dago.
- Ura: Lezeko aisialdi-gunean hartu daiteke.
- Hurbilketa: Bidea hau eskalatzeko "La Vida es un tango" bidearen lehenengo luzea eskalatu beharko dugu. "La vida es un tango" bidera iristeko hurbilketa hemen dago azalduta.
- Jaitsiera: Doña Eusebian dauden beste bideetatik jaisteko bide bera jarraituko dugu Olano mendira doan bideraino, eta handik, Lezeraino jaitsiko gara.
- Eramandako materiala: Luzera ezberdineko 12 express-zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko eta friend sorta bat. Arteka-trabagailu sorta bat eramatea gomendagarria izan daiteke. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Zuriz, "La vida es un tango" eta, orlegiz, “Malena”.

Krokis zehatza. Argazkia handituz gero bidean dauden aseguruak ikus daitezke.

Lezetik bidea hasten den lekura iristeko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

Bidearen amaieratik Lezera iristeko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Ezer baino lehen argitu nahi dut “MaLu” ez dela kirol eskalada estiloan hornitu dugun bidea. Aseguru batzuen arteko distantzia luzea da, baina tarte horietan guztietan trabatu daitezke friend edo arteka-trabagailuak. Horregatik, gomendagarria izan daiteke gainean friend eta arteka-trabagailu sorta bat eramatea. Horretaz gain, estilo honetako eskalada-bide ireki berrietan gertatzen den moduan, garbiketa sakona egin dugun arren, oraindik ere harri askeak eta helduleku hauskorrak aurkituko ditugu, baina horrek hobera egingo du bidea errepikatu ahala. Zailtasun maila luze bakoitza hainbat aldiz eskalatu ondoren proposatu dugu, mugimendu bakoitza nola egin eta heldulekuen kokapena gutxi gorabehera ezagutu ondoren. Bidearen errepikapen bakoitzarekin ikusiko da proposatzen dugun zailtasun maila berresten den.

Bihotzez espero dugu bide hau gustuko izatea.

Bidea deskribatzeko, urriaren 11n eta 12an bizi izan genuena erabiliko dut oinarri gisa, baita bi egun horietan egindako argazkiak ere. “La vida es un tango” bidearen lehen luzearen azalpenik ez dut egingo, kronika honetan azalduta dagoelako.

Bihotzez espero dugu bide hau gustuko izatea.

Urriaren 11n, eskalatzen hasi aurretik bi plakatxo jarri genituen: lehenengoa “La vida es un tango” hasten den lekuan, “La vida es un tango” eta “MaLu” izenekin, eta, bigarrena, “La vida es un tango”-ren lehen bilgunean, “MaLu” izenarekin bakarrik.

- Horrela bi bideak non banatzen diren argi geratuko da – esan nien.
- Seinale bat gezi batekin jarri dezakegu “La vida es un tango” ezkerretik jarraitzen duela azaltzeko, jejejeje – erantzun zidan Antxonek umoretsu.

Erabaki genuen Asierrek aurretik eskalatuko zuela denbora osoan, eta Antxonek atzetik; horrela, biei argazkiak egiteko aprobetxatuko nuen, bidean dauden pasaguneak angelu ezberdinetatik islatzeko. Dena prest izan genuenean, Asier eskalatzen hasi zen, nik jarritako plakatxoari musu ematen nion une berean.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V+. Lehenengo 6-7 metroetan bide osoko harkaitzik txarrena dago, baina eskalada errazena duten metroak ere badaude (III). Badaezpada ere, metro hauetan parabolt bat jartzea erabaki genuen. Plaka tente batera iristean, harkaitzaren kalitatea erabat aldatzen da.

Bidearen lehen metroetan.

Plaka tente honetara igotzeko, parabolt batekin aseguratuta utzi dugun V zailtasun inguruko pasagune motz bat eskalatu beharko dugu. Pasagune horrek hotz harrapatu gaitu beti hasierako metro errazak eskalatu ditugun bakoitzean, baina helduleku onak ditu.

Plaka tentean.

Pasagune hori eskalatu ondoren, plaka zertxobait etzaten da, eta eskuinean arrail eder bat dagoela ikusiko dugu, friend-ekin ongi aseguratu daitekeena, hurrengo parabolta urrun baitago (IV).

Plaka tentearen amaieran. Argazkian arraila ikus daiteke.

Horma bertikal bihurtzen denean, handik igotzen hasiko gara, bertan dagoen azken paraboltera iritsi arte (V). Orduan, ezkerreko oina ireki eta erlaitz eroso batera igoko gara (IV+), zeharkaldi horizontala hasten den lekura.

Zeharkaldiaren hasieran.

- Nola nabaritzen den hemen harkaitz solte asko kendu dituzuela – esan zidan Antxonek erlaitzaren ertzera iritsi zenean.
- Bost metro hauek buruhauste handiak eman zizkiguten – erantzun nion.

Zeharkaldia ez da zaila (IV), baina oinak non jarri begiratu behar da. Bertan, hiru parabolt jarri ditugu harkaitz sendoan sartuta, batez ere sokaren atzetik eskalatzen dutenei begira, eroriz gero pendulu handi bat egiteko arriskua baitzegoen. Tarte honetan express-zinta luzeak jartzea komeni da, sokaren marruskadura ahalik eta gehien saihesteko.

Zeharkaldiaren amaierara iristen.

Zeharkaldiaren amaieran hasten dira luze honen zailtasun handienak.

Antxon zeharkaldiaren amaieran.

Lehen metroetan, ezkerreko joerarekin eskalatzen hasi beharko dugu, harkaitz-zubi bat duen zulo luze batera iritsi arte (V). Zulo horren gainetik, ur-tantak dituen plaka batera igoko gara, luzearen zatirik zailena.

Ur tantadun plakaren hasieran.

- Gogoan dut hiru parabolt jartzekotan egon nintzela hemen, baina azkenean bi uztea erabaki nuen – esan zidan Antxonek plaka eskalatzen hasi aurretik.
- Nire ustez bi oso ondo daude, gainera behar den lekuan jarrita – erantzun zion Asierrek bilgunetik -. Azpitik urruti daudela dirudi baina bietara ondo iristen da.

Ur-tantadun plakak eskalatzea gustatzen zaienek gozatu egingo dute metro hauetan, eta besteok estutu egin beharko dugu (V+). Hala ere, Asierrek dioen bezala, bi paraboltak behar duten lekuan jarrita daude. Bigarren paraboltaren parean gaudenean, zeharkaldi labur bat egin beharko dugu eskuinera, lehenengo bilgunera iritsi ahal izateko (V+). Hiruoi iruditu zitzaigun zeharkaldi motz hau izan daitekeela pasagunerik zailena.

Bilgunera iristeko egin behar den zeharkaldi motzean.

Buelta asko eman genizkion lehen bilgunea non jarri erabakitzeko, eta azkenean erabaki genuen orain dagoen erlaitz estuan jartzea zela lekurik onena. Ez da leku erosoa, eta komeni da kordada osatzen dutenek ondo konpontzea elkarren artean, oso juntu egongo baitira bilgune honetan, jejeje.

- Bigarren luzea, 30 metro, 6a. Luze hau lehen aldiz eskalatu genuenean gogorragoa iruditu zitzaigun, baina garbitzen joan ahala, heldulekurik ez zegoen tokietan heldulekuak agertu ziren, luzea “erraztuz”.

Lehen parabolta gertu ez dagoen arren, bertara iritsi aurretik friend handiak trabatu daitezkeen arrail eder bat dago (V).

Luzearen lehen metroetan.

Lehen eta bigarren parabolten artean hormak bertikal jarraitzen du, baina heldulekuak onak izaten jarraitzen dute (V). Bigarren paraboltetik gora dago luzearen pasagunerik zailena.

Asier bigarren paraboltetik aseguratu, oinak zertxobait igo eta, gorputza pixkanaka altxatuz, paraboltaren gainetik dagoen erlaitz inklinatura igo zen (6a). Pasagune hau segurtasunez eskalatzen da, denbora osoan parabolta gertu dagoelako, baina eskalatzailea oso bajua bada eta pasagunea eskalatzeko gai ez bada A0 moduan ere arazoak izan ditzake pasagunea eskalatzeko.

6a pasagunean.

- Ostras, azkenean pasagune hau gogorra geratu da – esan zidan Antxonek erlaitzera igo zenean.
- Izan liteke – erantzun nion -. Baina ez zait iruditzen 6a baino gehiago duenik, ezta?
- Niri ere ez zait iruditzen – erantzun zidan.

6a pasagunea eskalatzen hasi aurretik.

Erlaitz inklinatutik gora dagoen parabolta urrun dago, baina tarte horretan ere friend txikiak eta arteka-trabagailuak trabatu daitezke. Metro hauek oso politak dira, eta, parabolta azpian utzi ondoren belarri formako plaka handi batera iritsiko gara (V+).

Erlaitzetik gorako zatian.

- Uste dut asmatu genuela tarte horretan parabolt bat jartzearekin – esango zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Nik ere hala uste dut.

Hasiera batean, tarte horretan ez zegoen parabolt bakar bat ere, baina pentsatu genuen bat jartzea ondo egongo zela, tartea seguruagoa uzteko.

Belarri formako plaka ezkerretik inguratzen hasiko gara, baina berehala zeharkaldi bat egin beharko dugu eskuinera (IV+), erlaitz inklinatu batera igotzeko (IV+).

Belarri formako plakan, zeharkaldia egin aurretik.

- Ze polita den tarte hau – esan zidan Antxonek erlaitzera igo zenean -. Helduleku onak eta zailtasun eramangarria.

Erlaitzera igo aurretik.

Erlaitza azpitik ikusita.

Hurrengo erronka erlaitz honen amaieran dagoen harkaitz-zubiaren gainetik dagoen sabaiaren azpira iristea izango da. Bertara iristeko, bada pasagune motz bat, pentsaraziko diguna eta gorputza ezkerrerantz mugitzera behartuko gaituena (V).

Erlaitzetik irteten.

Pasagune motzaren amaieran.

Sabaian, friend handiak trabatzeko aukera dago, eta gomendagarria ere izan daiteke, luzearen azken asegururainoko (parabolt bat) tartea ez baita motza, baina heldulekuak onak dira (IV).

Bilgunera iristeko, azken pasagunetxo bat eskalatu beharko dugu. Baliteke bajuak direnak zertxobait estutu behar izatea, baina jarrita dagoen paraboltak ondo aseguratzen du pasagune hori (V-).

Bilgunera iristeko eskalatu behar den pasagunea eskalatu aurretik.

- Bidea asko gustatzen ari zait – esan zigun Antxonek bilgunera iritsi zenean.
- Bai – erantzun zion Asierrek –. Bide osoan ezin zara erlaxatu.

Bigarren bilgunea erlaitz zabal eta eroso batean dago, eta asko eskertzen da erosotasun hori luze hau eskalatu ondoren.


Orain bi aukera izango ditugu bidea amaitzeko: diedroaren irteera edo irteera zuzena.


- Diedroaren irteera, 25 metro, 6a. Horma lehen aldiz ikusi nuenean argi ikusi nuen bidearen amaiera hormaren goiko aldean dagoen diedro nabarmen bat eskalatuz izango zela; izan ere, diedro hau izan zen bidea irekitzen hasi ginenean hornitu genuen lehen zatia.

Bilgunetik eskuinerantz irten behar da erlaitz batera igotzeko (IV+), eta han luzearen pasagunerik zailena aurkituko dugu, luzea eskalatzen hasi eta berehala.

Luzearen pasagunerik zailenean.

Pasagune honetan, gorputza asko luzatu behar da, eta, horrelako pasagunetan gertatzen den bezala, pertsona altuek abantaila dute; baina, altua izan edo ez, denek estutu beharko dute, askean eskalatu nahi bada (6a). Parabolt batekin aseguratuta utzi dugu pasagunea eta uste dugu A0 moduan eskalatuz V- inguruan egon daitekeela.

6a pasagunea eskalatzen.

- “Azeratu” arren, kosta egiten da erlaitzetik ateratzea – esan zigun Antxonek pasagune hau eskalatu zuenean.

Pasagune zailena eskalatu ondoren, eskuinerantz eskalatzen jarraitu beharko dugu, luzearen amaieran dagoen diedroaren oinean jarri arte (IV). Zeharkaldi hau oso polita da eta helduleku handiak ditu. Hasieran tentatuta egon ginen diedrora zuzenago sartzeko, zeharkaldia egin gabe, baina horrela egin izan bagenu diedroa ez zen bere osotasunean eskalatuko. Eta diedroa bere osotasunean eskalatzeak merezi duela uste dugu.

Zeharkaldiaren amaieran, diedroaren azpian dagoen arrailan friend bat trabatu ondoren.

Diedroan sartzeko, arrail bat eskalatu beharko dugu, non friend ertainak ondo trabatzen diren (IV+). Eta diedroa zoragarria da, bertikala, teknikoa, eta uste dugu ondo aseguratuta utzi dugula (V+). Pena da motza izatea, edo behintzat guri motz geratu zaigu eskalatu dugun bakoitzean, jejeje.

Diedroa eskalatzen.

Diedroaren irteeran.

Diedroaren amaieratik ezkerrerantz jarraitu beharko dugu azken bilgunera iristeko (IV+), “La vida es un tango” bidearekin partekatzen dena.

Diedroaren irteerara hurbiltzen. Argazkian duen bertikaltasuna ikus daiteke.

Antxon zoriontsu, bidearen zailtasun guztiak amaitu ondoren.

- Irteera zuzena, 20 metro, 6a+. Kasualitatez aurkitu genuen irteera hau, bertatik rappelatzen baikenuen bidea prestatzera joaten ginen bakoitzean. Rappel horietako batean irteera zuzen bat irekitzeko aukera handiak zeudela pentsatu genuen, hori bai, iruditu zitzaigun irteera horretan egongo zela bidearen pasagunerik gogorrena. Sokatik zintzilik pare bat saiakera egin genituenean, luzea nondik joango zen zehaztu eta goiz bakar batean hornitu genuen. Baina luzea sokatik zintzilik eskalatu arren, askean eskalatzea falta zitzaigun, gure printzipioetako bat baita askean eskalatzeko gai garen bideak baino ez ditugula irekitzen. Eta Asierrek eta biok urriaren 12an lortu genuen hori egitea.

Oraingoan, bilgunetik zuzen irtengo gara, harkaitz-zubi handi bat duen zulo handi batera igotzeko (IV+).

Hurrengo mugimenduek hormaren ezkerretara eramango gaituzte, luzean jarri dugun lehen paraboltera arte. Metro hauek ez dira zailak hormak oso helduleku onak dituelako (IV).

Irteera zuzenaren lehen metroetan.

Parabolt horretatik ezkerrerantz zeharkaldi motz bat egin beharko dugu zuhaixka baten azpian kokatzeko (V), eta, ondoren, zuhaixkaren enborrari eutsita, zuhaixka jaiotzen den zulora igoko gara (V). Zulo horren gainetik, horma bertikal bihurtzen da, eta zailtasuna pixkanaka igotzen hasten da.

Zuhaixka jaiotzen den zuloaren parean.

Lehen metroak zailtasun handirik gabe eskalatzen dira, zulo txiki batera igo arte (V). Hemendik gora, berriz, mugimenduak gehiago pentsatu beharko ditugu. Gure gainetik bi parabolt ikusiko ditugu elkarrengandik hurbil.

- Oso gertu daudela emateo, baina luzea eskalatzen dezunen ondo jarrita daudela ikusten da – esango zidan Asierrek luzea eskalatu ondoren.

Goiko paraboltaren azpian dagoen zulora iristeko, estutu beharko dugu (V+). Zulo horri heltzen diogunean, bidearen pasagunerik zailena eskalatu beharko dugu, eskuinetara ikusten den paraboltera (luzearen azkenekoa) iristeko.

- Kontuz orain – abisatu nion Asierri eskalatzen hasi aurretik.

Pasagune hori eskalatzen da, horman dauden helduleku txiki batzuetan fede guztia jarriz, helduleku alderantzikatu bati heltzen diogun arte (6a+). Puntu horretan ez da igotzen jarraitu behar, gainean dagoen harkaitz guztia garbitu gabe dagoelako eta harria hauskorra delako. Nire kasuan, ohar garrantzitsu hau ahaztu egin zitzaidan eta metro batzuetako hegaldia egin nuen helduleku bat hautsi zitzaidanean. Asierrek luzea eskalatu zuenean esan zidan bezala, hegaldiak paraboltak ondo jarrita daudela egiaztatzeko balio izan zuen, jejeje.

Hegaldi hauek saihesteko, helduleku alderantzikatutik eskuinerantz zeharkaldi horizontal bat egin beharko dugu azken paraboltera iristeko (V+).

Azken paraboltaren eta bilgunearen artean zailtasunak amaitzen dira eta harkaitza ere sendoa da (IV).


Azken bilgunean elkartu ginenean, une hunkigarria izan zen. Asier eta Antxonen harridurarako, motxilatik Tingsha kanpai tibetar bat atera nuen eta bidearen bataio ofiziala egin genuen. Kanpaiaren soinuaren oihartzuna lau haizetara zabaltzen zen bitartean begiak itxi eta amari eskerrak eman nizkion berriro ere.

Eta orduan eguzki izpi batek aurpegia argitu zidan.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- smithyrenbloga bloga. 2022/01/31. Egino, Doña Eusebia horma: "La vida es un tango" bidea, 140 m, V+. 2021-12-30. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2022/01/egino-dona-eusebia-horma-la-vida-es-un.html
- smithyrenbloga bloga. 2023/07/11. Egino, Doña Eusebia horma: "La vida es un tango" bidea, "Malena" bariantetik, 175 m, V+. 2023/07/01. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/07/egino-dona-eusebia-horma-la-vida-es-un.html