AZKEN 10 SARRERAK

2013/03/26

PUTREAIZKO PUNTA (1382 m.), PARDARRI (1396 m.) ETA GANBO (1412 m.) LIZARRUSTITIK 2013/03/09

Aurten lehen aldiz Lizarrustitik Putxerri mendira igo ondoren txundituta etorri ginen bidearen edertasunaz, Lizarrustitik Igaratzaraino doan bidean erdia eginez. Baina oraindik Igaratzara ailegatu beharra genuen.

Igaratza Aralarren bisita egin beharreko puntua da. Lizardi baten babespean dauden hainbat aterpe (bi aterpe urte osoan irekita daude) eta baseliza batek osatzen dute. 1947 urtetik, urtero Aralarko San Miguel santutegian dagoen San Miguelen irudia bertaraino ekartzen dute, Nafarrotik atera, eta festa handi bat ospatuz, meza eta guzti.

GURE BIDEA

Ikerren urtemuga ospatzeko Igaratzarainoko bidea betetzea pentsatu genuen, modu honetan aurrekoan erdiraino egin genuen bidea osatuz. Baina ibilbidea "motza" geldituko zelakoan Pardarri eta Ganbo mendiak igotzea ere pentsatu genuen gero Lareoko urtegira jaitsi eta bertatik berriro Lizarrustira itzultzeko.

Azkenean ibilbidea 20 kilometro pasatxokoa atera zitzaigun, 1100 metro desnibel positiboarekin eta guztira sei orduetako iraupenarekin.

Argazki honetan jarraitutako bidea ikusi daiteke. 



DESKRIBAPENA

Bidearen nondik norakoak Hirupagoeta punturaino Putxerri mendira igotzeko erreporrean azalduta dudanez (erreporra irakurtzeko hemen klik egin), deskribapena puntu honetatik aurrera egingo dut.

Goizeko 8:15ak, Lizarrusti (621 netro), irteteko prest. 


Beorresi Arratean. 


Beorresi Arratearen ondoren pixkanaka elurra geroz eta gehiago zapaltzen hasi ginen. 


Lekuren adierazpenak txintxo-txintxo entzuten. Izugarria da mendiak identifikatzeko duen erreztasuna.


Iker GPS-ari begira eta atzean Ganbo, Uarrain, Malkorri, Gañeta... 


Putterri Laiotzara ailegatzear geundela elurra biguna topatu genuen ia belaunetaraino sartzen hasi ginelarik. 


Elurraren biguntasuna ikusita, Putterri Laiotzaren hasieran orain arte jarri gabeko polainak jartzea erabaki nuen, Iker eta Lekuk aurrerantz jarraitu zutelarik. Momentu horretan Iker konturatu zen bere polainak etxean gelditu zirela. "Batek eztaki ze asmau arrastoik ez irikitzeko" esan nion txantxetan.

Putterri Laiotzan polainak jarri ondoren. Ikusten denez, arrastotik joan ezkero nahiko ongi joaten zen.


10:15, Hirupagoeta, 1256 metro. Putterri Laiotzaren malda igo ondoren di-da batean puntu honetara ailegatu ginen. Putterrira igo nahi bada puntu honetan GR markak utziko ditugu.

Hemendik aurrera, Igaratzara ailegatzeko GR-121 eta GR-12 bideek jarraitzen dituzten GR markak jarraitu genituen. 


Hirupagoetatik bost minutu eskasera pagadia amaitu egiten da. Hemendik aurrera denbora batean larrak zeharkatuz ibiliko gara. Leku honi Larretxiki izena ematen zaio eta sima eta kobaz beteriko lekua da.

Pagadia amaitzen den puntutik aurrera gutxi gora behera jarraitu genuen bidea marraztu dut. 


Beriain gure eskuinean. 


Larretxikin gutxi gora behera jarraitutako bidea. Lekuk esan zigunez, ingurune hau guztia kobaz josia dago. 


Larretxikiren bukaeran pagadi txiki batera ailegatu ginen... 


... eta bertan, Ikerrek hanka sartu behar ez den leku horietako batean sartu zuen ia atera ezinik gelditu zelarik. 


Paraje bakarti hau izugarri polita iruditu zitzaigun. 


Iker eta Leku atzean igoko ditugun bi mendiak dituztela, besteak beste. 


Larretxikin sartu eta 15-20 minutu ingurura berriro ere pagadi batean sartuko gara. Pagadi honetan, orain arte bezela, GR markak jarraituko ditugu (oraingoan zuhaitzen enborretan daude) eta ia altuerarik galdu gabe, erdi trabesian, pixkanaka Igaratzara hurbildu ginen. 


Ikusten denez, erdi trabesian ibili ginen altuera gutxi galduta. 


Pagadiaren amaieran, dagoeneko Igaratza bistan dugula. Erdian ikusten den mendia Pardarri da.. 


Guardetxetik datorren bidearekin bat egiten den lekuan. 


10:55, Igaratza, 1288 metro. Aralarko mapa guztietan puntu hau Errenaga bezela ageri da, baina guk beti Igaratza deitu izan diogu. Bertako baselizara hurbildu eta Santa Ana gure patroiari agurra egin genion.

"Zemuz zoazte?" galdetu nien. "Primeran" Ikerrek. "Hemen zeoze hartukoiau ez?" Lekuk.

Igaratzan. 


Lekuren gomedioak jarraituz Igaratzatik atera baino lehen dauden aterpe batzuen babespean motxilak utzi eta hamaiketakoa egiteko prestatu ginen. 


11:20, Igaratza, 1288 metro. Hamaiketakoa egiten ari ginela, haizea aldatu eta indarrez jotzen hasi zen, jotzearekin batera giroa ere dexente hozten hasi zelarik.

"Hau da hotza!!!" Ikerrek "ekarri dudan arropa guztie jarri det, bakarrik goretexa falta zat". "Ni re ez pentsa" erantzun nion "eskuko behatz puntak min puntukin dittut".

Motxiletan genuen ia arropa guztia jantzi eta bideari ekin genion. 


Iker eta Leku Igaratzatik irteten. Zuzen jarraitu ezkero (iparralderuntz) Amezketaruntz joango gara. Larraitz eta Pardarriruntz joateko ezkerreruntz (ipar mendebalderuntz) hartu behar da diagonal bat eginez. 


Anaia eta biok lehen elur maldei aurre egiten. 


Argazkian ikusten denez, gauden garaiako oraindik elur geruza handiak topatu genituen. 


Iker leku berean, elur geruza bi metroetatik gorakoa dela ikusi daiteke. 


Pardarriruntz hurbiltzeko, elurra zegoela aprobetsatuz, denbora osoan elurtegiak gurutzatuz ibili ginen. 


Haizeak ederki astindu gintuen ibilbidearen zati honetan. 



Argazki honetan gutxi gora behera jarraitutako ibilbidea marraztu dut. 


Bideo honetan jarraitutako bide honen zati handi bat ikusi daiteke. Bideoan ere Pardarritik zetozen hiru korrikalari ere ikusiko dituzue. Azken finean guk jarraitutako bidea beraiek jaisteko erabili zuten bide bera izan zen. Haizearen indarra ere nabaritu daiteke.



"Pitzauta eon behar dek holako egualdikin hemendio korrikan aitzeko" esan zuen Lekuk. "Ba arrazoie dezu" erantzun nion "gañea botik gabe, oinak izoztuta izango dizkik". "Ta elurretan itten den maratoi bateako prestatzen ai badie?" esan zuen Ikerrek "holako egualdi baño hobeagorik ez due topauko".

Lehen maldatxoaren ondoren, bideoan ikusi daiteken bezelan, trabesia bat egin genuen, orain arte bezela, ahalik eta elur gehien zapaldu asmoz, leku hau harrikara bat izaten baita.



Leku trabesiaren amaieran. 



"Ze ostia, atzeko hoi ez al da Donostin daun Kristo hori?" galdetu zuen Ikerrek. "Klaro baietz" erantzun zion Lekuk "ta ondokoa Igeldo". "Ta hemendio ikustea?" galdetu zuen Ikerrek txundituta. "Txindokitik ere ikustea" erantzun nion. "Ba enaiz sekula konturau" esan zidan "ta ez naiz Txindokira gutxi igotakoa" amaitu zuen irrifar bat botaz.

Ikerren "aurkikuntza". 


Elur trabesiaren ondoren, pixkanaka kresterioruntz hurbiltzen joan ginen, argazkian azaltzen den bezela... 


... Azkenik Pardarriren aurretik dagoen Putreaizko Puntara eramango gintuen kresteriora ailegatu ginelarik. 


12:05, Putreaizko Punta, 1382 metro. Bertan gelditu gabe, aurreruntz jarraitu genuen.

Iker eta Leku Putreaizko Puntan, eskuinean Pardarri ikusi daiteke eta bien artean Ganbo


12:10, Pardarri, 1396 metro. Putreaizko Puntatik Pardarriko gailurrera ez genituen bost minutu baino gehiago igaro, ailegatzen lehena Leku izan zelarik.

Leku Pardarri mendiaren gailurrean.. 


Pardarri, 1396 metro. 


Hemen ere ia atsedenik hartu gabe, aurreruntz jarraitu genuen.

Argazki honetan Pardarritik Ganbora jarraitutako ibilbidea marraztu dut. Aurrean ikusten den arkaitz gaina bere ezkerretik zeharkatzen da.


Arkaitz gaina zeharkatzen, aurrean Ganbo


Arkaitz gaina zeharkatu ondoren. Hemendik gailurrera jarraitutako bidea marraztu dut. 


Igoera honetan ere, ahal genuen guztietan elurra eta arkaitza tartetakuz joan ginen ahalik eta bide zuzenena eginez. 


Ondorengo bideo luze hontan Ganborainoko igoera osoa ikusiko duzue.



12:35, Ganbo, 1412 metro. Aurreko bideoan ikusiko zenuten bezela, ttirri-ttarra gaurko punturik altuenera ailegatu ginen.

Ganbo, 1412 metro. 


Ganbo Txiki eta Txindoki Ganboko gailurretik. 


Ganboko gailurrean bost-hamar minutu egon ondoren beherunzko bideari ekin genion. Lareo aldera joateko bi aukeren artean zalantzan egon ginen: Uarrain eta Malkorri mendiak igo eta Malkorri eta Gañetaren arteko lepoan Enirioruntz jaitsi, edo bi mendi hauek igo gabe hauen eskuinetik trabesia eginez Eniriora eramango gintuen lepo honetara azkarrago ailegatu. Azkenean, zer ordu zen ikusi ondoren, bigarren aukera hartzea erabaki genuen.


Argazki honetan Malkorri eta Gañeta mendien artean dagoen leporaino jarraitutako ibilbidea marraztu dut. 


12:50, Irazustako lepoa, 1264 metro. Ganbotik di-da batean honaino jaitsi ginen orduaren presiopean.

Irazustako lepora ailegatzen. 


Irazustako lepoa zeharkatu eta Alotzako bidea jarraitu ordez (ipar mendebalderuntz), Uarrain eta Malkorri mendien ipar mendebaldeko magalean trabesia egin genuen, lepotik hego mendebalderuntz doan bidea jarraituz.

Leku eta Iker trabesiaren lehen metroetan, eskuinean erdi izkutuan Txindoki ikusi daiteke. 


Atzera begirada, Uarrain ipar mendebaldeko aurpegian eginiko trabesia ikusi daiteke. Atzean Ganbo eta Ganbo Txiki mendiak ageri dira. 



Malkorri eta Gañeta mendien arteko lepora ailegatzen eta jarraitutako bidea. 


13:10, Malkorri eta Gañeta mendien arteko lepoa, 1302 metro. Hemen gelditu gabe aurreruntz jarraitu genuen.

Bideo honetan lepoa zeharkatzen ikusiko gaituzue, baita Gañeta mendia ere. Ikusiko duzuenez, dagoeneko kotxera ailegatzeko gogotsu geunden.


Iker lepoa zeharkatzen eta hemendik behera jarraitu genuen bidea. Eskuinean Aizkorri ikusi daiteke.


Lepotik behera ez dakit hamaiketakoaren efektua edo etxera ailegatzeko gogoa dela eta baina bi gazteak erdi korrikan hasi ziren. Gorriz jarraitutako bidea markatu dut. 


Borda batzuen hondakinetatik pasa ginen. 


Eta goian azaldu bezela, bi gazteek zelai izpi bat ikusten zuten bakoitzean korrikan hasten ziren. 


Modu honetan (erdi korrika erdi saltoka), uste baino lehenago Enirioko larreetara ailegatu ginen. Argazkian, bertan dagoen aerodromoa ikusi daiteke baita ere Errekabeltz ere, gure hurrengo helburua. 


Aurreko argazkian Errekabeltz bezela izendatutako pausua Baiarrate bezela ere ezaguna da, eta esan bezela, puntu hau erreferentzi bezela hartuta zuzen joan ginen, tartean arropa kentzeko tarte bat hartu genuelarik.

Baiarratera ailegatzen. 


Baiarrateko pasabidearen sarreran dagoen putzua. 


Baiarrate pasabidean, guk eskuineko bidea hartu genuen. 


Baiarratetik irteten. 


Baiarrateren irteeran Lareoko urtegira eramango gaituen pistara ailegatuko gara, bertaraino ailegatzeko eskuineruntz hartu genuelarik (argazkian markatu dudan bezela). 


Eta pistan lau minutu eskas ibili ondoren Lareoko urtegira ailegatu ginen.

13:50, Lareoko urtegia, 780 metro.

Bertara ailegatu aurretik bidegurutze bat topatuko dugu. 


Bidegurutze hontan indikazio poste bat topatuko dugu, bertan ezkerreruntz hartuko dugularik, GR-35 eta GR-283 (Gaztaren ibilbidea) jarraituz. 


Lareoko urtegian dagoen egurrezko zubi berezia gurutzatzen. 


Lareoko urak eusten dituen orman. 


Orma honen amaieran, argazkian ikusten den bezela, ezkerreruntz hartuko dugu GR-35 ibilbidearen arrastoak jarraituz. 


Lareoko urtegia atzean utzi ondoren.  


Lareotik Lizarrustira doan bidea oso polita eta bitxia da eta garai batean Lareo azpian zegoen kanterara ailegatzeko jarraitzen zen bidetik doa ia denbora osoan. 


Bide hau duela urte batzuk eraberritu eta oso txukun jarri zuten eta udan egiteko aparteko ibilbidea da. Gainera, bi lekuetan orma batzuk ekipatu dituzte eskaladan aritzeko baina ez dakit bertan dagoen bideen artean bakarren batek zazpigarren gradutik behera jaitsiko den.


14:30, Lizarrusti, 621 metro. Sei orduetako ibilbidearen ondoren (aurtengo ibilbiderik luzeena) oinazpiak eta iztarrak guri-guri genituela azkenik Lizarrustira ailegatu ginen, zoriontsu baina neka-neka eginda.

Iker Lizarrustira ailegatzen.



IBILBIDEAREN PROFILA

Marrazki honetan eginiko ibilibidearen daturik esanguratsuenak ikusgai dituzue.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina