AZKEN 10 SARRERAK

2013/01/13

UARRAIN (1343 m.), MALKORRI (1329 m.) ETA GAÑETA (1323 m.) LARRAIZTIK 2013/01/03

Eguberrietako bazkariak jaitsi eta urteko lehen astea jai genuela aprobetsatuz, Iker, Leku eta hiruok aste honetarako mendi irteeratxo batzuk prestatu genituen. Putterri mendiko esperientziaren ondoren, Ikerrek Aralarren igo gabeko beste mendiren bat igo nahi zuela komentatu zigun. Ikerrek Aralarren igo gabeko mendien zerrenda egiten ari ginela, errepor honetan azalduko dudan irteera zirkularra egitea bururatu zitzaigun, modu honetan Alotzaren hegoaldean gelditzen diren mendi batzuk igoz (Beleku mendia beste baterako utziko genuen eta).

GURE BIDEA

Eginiko irteeratxo honek ez dauka aparteko zailtasunik, baina azkenean irteeratxo majoa ateratzen da. Irteera zirkularra egiteko, Larraitzetik hasi eta Alotzako iturriraino joan ginen eta hemendik Irazustako lepora (Igaratzara doan bidea jarraituz). Irazustako lepoan hegoaldera hartu eta Uarrain mendira di-da batean igo ginen. Hemendik, nolabaiteko kresterio zabal bat jarraituz, Malkorri eta Gañeta mendiak igo genituen, azkeneko hontatik berriro ere Alotzara jaitsi eta hemendik berriro ere Larraitzera itzultzeko.

Irteera zirkular hau oraindik gogorragoa egin daiteke, Alotzatik igo beharrean Txindoki, Arrubi- gañe, Ganbo Txiki eta Ganbo igo ondoren Uarrainera igotzen bagara. Zirkular "potenteago" hau amaitzeko, Gañetatik Belekura pasa eta hemendik Ausa Gaztelura "jaisten" da berriro ere Larraitzera itzultzeko. Bigarren zirkular hau Josu eta biok askotan egin izan dugu sasoiko gaudenean, eta hauspo nahiz hanken beroketa ziurtatuta dago.


Argazki honetan eginiko ibilbidea margotu dut GPS-aren arabera. Argazkian ere bidean topatuko ditugun leku "garrantzitsuak" ere markatu ditut. Orlegiz, Gañetatik Alotzara jaitsieran eginiko bidea.


DESKRIBAPENA

09:35, Larraitz, 404 metro. Hasieran botak jantzi hala ez aritu ginen, baina Txindoki elurrik gabe zegoela kontutan izanda, anaia eta biok mendiko zapatillekin ateratzea erabaki genuen. Geroago konturatuko ginen ez zela erabakirik zuzena izan...

Iker eta Leku Larraitzeko langa pasa ondoren.


Hasieran komentatu bezela, gure lehen helburua Alotzara iristea zen. Alotzako bidea hemen zehaztuta dudanez, argazkiak bakarrik komentatuko ditut.

Larraitzetik atera eta metro gutxietara dagoen pinudi bakartira iristen.


Bidean zehar topatuko ditugun pista guztiak gurutzatu eta gero. Eguzkipean Aizkorri ikusi daiteke


Zirigarateko borden ondoan dagoen pasabidean, atzean, gure mendi kuttuna.


Hasiera batean hurrengo egunerako Piriniotara bisitatxo bat egitea pentsatuta genuen, baina elurretan erori ezkero, eskuin besoaz pioletarekin erorketa gelditzeko behar den indarra ez nuenez, ni joango ez nintzela komentatu nien. Hasieran alternatiba gisa Gorbeia mendira igotzea proposatu nien, baina Aizkorriren lehen ikusmira izan genuenean, Iker eta Lekuren  aurpegiak erabat aldatu ziren. "Kanalen baten sartzeko elurra bazeok eta!!!" Lekuk "Eztakit ba, oso goiarte jun behar dek elurre topatzeko" esan nion, "Ez ez, bihar hauntza goatzek!! Zeozer ingoiau!!!" erantzun zidan.

Umorea eta plana aldatu zien Aizkorriren ikusmira.


Ni Alotzara joateko bidegurutzean dagoen postearen ondoan, atzean Ausa Gaztelu mendia.


Leku eta Iker postea atzean utzi ondoren. Bidea nondik doan margotu dut.


Alotzako bidean, eskuinean urruti Aizkorri ikusi daiteke, gertuago, Ausa Gaztelu.


10:50-tan Alotzara ailegatu ginen. Argazkian Alotzako indikazio postea ikusi daiteke eta bukaeran Ganbo Txiki mendia.


Alotzako sima eta estela atzean utzi ondoren, parean Arrubi Gañe eta Ganbo Txiki mendiak.


Eta, bideoan ikusiko duzuen bezela, Alotzarako iturrira ailegatu baino lehen dagoen elurtegi txikian, bi gauzekin konturatu ginen: alde batetik botak eraman izan bagenitu hobe izango zela eta bestetik bihar Aizkorriko elurra hemen bezain gogorra bazegoen ikaragarri gozatuko genuela.



11:00, Alotzako iturria, 1175 metro inguru. Oraingoan iturria elurrak estali gabe topatu genuen. Bertan argazki pare bat eta zertxobait jan ondoren aurreruntz jarraitu genuen.

Iker Alotzako iturrian. Alotzan eta hemendik aurrera kriston haize hotza topatu genuen eta honegatik haizerako ditugun txamarrak jantzi behar izan genituen.


Eta, ia ordulaurden baten ondoren, Irazustako leporuntz abiatu ginen, Igaratzara doan bidea jarraituz.

Bi anaiak iturria atzean utzi ondoren.


Aurretik duguna. Lehenik Irazustako lepora joan eta hemendik Uarrainera pasa ginen. Dena den, Uarrainera igotzeko ez dago zergatik Irazustako leporaino joan behar.


Iturritik atera eta metro gutxietara eguneko punturik "arriskutsuena" topatu genuen: arkaitza bezain gogorra zegoen elurtegi bat. Hemen berriro ere botak faltan bota genituen. Bideo honetan ederki ikusiko duzue honekin esan nahi dudana.



Gau horretan egin zuen hotzaren ideia egiteko, besteak beste, bideo honetan putzuetan zegoen izotz geruzaren lodiera ikusiko duzue je,je,je. Lekuri bukaeran entzungo diozuen bezela, hurrengo egunean Aizkorrira joango ginenaren zalantzarik ez zegoen.



"Joer elurre goien hola badau ea ez deun Uarrain igotzen" komentatu nien optimismoz betea. "No jodas!! Sikiera arkaitzetatik gora igoko gea" Ikerrek. "Bai, igo tira, baña jatsi?" galdetu nion "Tranki, nik arrastoa irikiko diat", "lasaitu" gintuen Lekuk.

Irazustako lepora ailegatzen. Puntu honetan ere (Uarrainen itzalpean dago eta) komeriren bat edo beste izan genuen, baina tarteka belarra zapaltzeko aukera zegoenez uste baino hobe joan ginen. Argazkian Ganbo Txiki eta Ganbo ere ikusi daitezke.


11:30, Irazustako lepoa, 1264 metro. Parez-pare kristoneko haizea genuela lepora ailegatu ginen. Lepora ailegatzeko arrazoirik nagusiena Ganboko bideari argazki bat ateratzea zen, Ganbo Txiki eta Ganboko erreporra egin nuenean behe lainoa dela eta ezin izan bainuen argazkirik atera (erreporra irakurtzeko hemen klik egin).

Ganbo eta bertara doan bidea Irazustako lepotik.


Argazki honen ondoren, harrien artean hegoalderuntz jo genuen Uarraingo gailurraren bila.


Benoooo... harrien artean bi anaiok igo ginen. Bideo honetan ikusten den bezela (entzun oso gutxi, haizea dela eta) Lekuk beste bide "interesgarriagoa" aukeratu zuen, beharbada Aizkorrirako prestaketa gisa je,je,je.


Lehen maldatxo honen ondoren, Uarraineko gailurrera ailegatzeko, argazkian ikusten den bigarren maldatxoa igotzen da. Oraingoan denok margotutako bidea jarraitu genuen elurra ahalik eta gutxien zapalduz.


11:40, Uarrain, 1343 metro. Irazustako lepotik hamar minutu eskasean ailegatu ginen.

 Bi anaiok gailurrean Lekuren zai.


Argazki "ofiziala": Uarrain, 1343 metro. Ikerren eskuinean ikusten den mendia Ganbo da.


Gailurrean ia denborik egon gabe Malkorriruntz abiatu ginen. Malkorrira ailegatzeko hego-mendebalderuntz doan kresterio zabal antzeko bat jarraitu behar da.

Uarrain mendiko gailurra atzean utzi ondoren grabatutako bideoa: argi ikusiko duzue Lekuk atentziorik handiena non daukan, je,je,je.



Uarraindik jaitsi ondoren atzera begirada.


Uarrain eta Malkorri artean bi gain arkaiztsu pasako ditugu. Beheko argazkian lehenengo gainerarte jarraitutako bidea markatu dut.


Argazki hau lehen gainetik aterata dago eta bigarren gainera doan bidea markatu dut.


Bigarren gainetik eginiko argazki honetan dagoeneko Malkorriren gailurra ikusiko dugu. Ikerrek eta nik jarraitutako bidea margotu dut, baina, aurrerago ikusiko duzuen bezela, Lekuk beste bide bat jarraitu zuen.


Bigarren gainetik jaisten.


Bideo honetan bigarren gainetik Malkorriko gailurrera dagoen tartea ikusi daiteke. Ikusiko duzuenez, Lekuk bere bide propioa jarraitu zuen. Iker eta biok txantxetan Malkorriren gailurreruntz korrika hasi ginenean, Leku gure atzetik gaiztakerian hasi zen. Honen ondorioz "castigo de Dios" bat izan zuen je,je,je.



11:55, Malkorri, 1329 metro. Aurreko bideoan ikusi den bezela, umore onean, gaurko bigarren mendira ailegatu ginen. 

Malkorri, 1329 metro.


Malkorritik Gañetara joateko mendebalderuntz hartu beharra daukagu. Gañetara ailegatu baino lehen gainean arkaitzak dituen gain bat igo beharko dugu.


Aurreko argazkian komentatutako gaina jaisten, Gañetaren gailurra gertu dugu. Justu gailurraren aurretik beste gain bat igoko dugu.


Bideo honetan Gañetaraino eginiko azken metroak ikusi daitezke. Hiruok zoriontsu gaur eginiko ibilbidearekin.



12:05, Gañeta, 1323 metro. Gaurko azken menditxoa, ibilbideari amaiera emateko.

Gañeta, 1323 metro.


Gañetatik atzera begirada. Uarraindik honaino jarraitutako bidea gutxi gora behera margotu dut.


Gañetatik eginiko panoramika inguruko mendi esanguratsuenak identifikatuz.


Gailurretik gertu, haizearen babesean, atseden hartu, eta jan eta edan ondoren, Alotzako bidea hartu genuen.

Gañetatik behera gutxi gora behera jarraitutako bidea margotu dut.


Pixkanaka Alotzara hurbiltzen, argazkian Alotzan dagoen Saltarria eta bertako indikazio postea non dauden markatu ditut.


Alotzan dagoeneko. Gorriz jaitsierako eta urdinez igoerako bideak margotu ditut. Argazkian Alotzaren zati honetan dauden puntu esanguratsuak ere markatu ditut: Saltarria, indikazio postea, sima eta estela.


Indikazio postera (argazkian urrutian) ailegatzen.


Indikazio postera ailegatzear geundela Saltarriaren inguruan hitzegiten aritu ginen. Euskal mitologiaren arabera, jentil batek Murumendi menditik Saltarri hau honaino bota zuen. Garai batean, Aralarko artzainek Saltarria alderik alde nork salto egin apostu egiten zuten. Korrika egin gabe, harriaren mutur batean jarri behar izaten zute bi oinak juntu zituztela beste aldera salto eginez (kontutan izan behar da Saltarriak hiru metroetatik gorako luzera duela) Istoriotxo hau esan eta gero "saltatzeko etzeok potroik"-ka hasi ginen eta Ikerrek "karrerillakin" posible zela esan ondoren, Lekuk "hoi grabatu beharra zeok" esan zuen.

Eta garai bateko artzainen moduan, erdi apostu honen ondoren ondorengo bideoa atera zen. Mendira beti umorez joaten gara je,je,je.


Definitzeko zaila den momentu "xelebre" honen ondoren igoerarako jarraitu genuen bide berberatik beherunzko bideari ekin genion.

Txindoki haundia. Bidean lokatz handia egongo zen bertatik jaisten ziren mendizaleak erabat lokaztuta jaisten ziren eta.


Tamalez Txindokiren itzalpean dagoen Ausa Gaztelu. Igotzeko mendi ederra da eta Txindokiren bista ederrak ditu. Argazkian ikusten den espoloitik gora 7a+ eko eskalada bide bat doa.


13:45, Larraitz, 404 metro. Irrifar, istorio eta umore onean, lasai-lasai berriro ere kotxera itzuli ginen.

Larraitzera ailegatzen.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina