AZKEN 10 SARRERAK

2013/03/28

AZKIOLAUNDI (1373 M) ETA URDAJAMENTU (1372 m), AZKIOLAUNDIKO KANAL NAGUSITIK 2013/03/24

Martxoaren 3an Gaztelu aldean ibili ginenean Aizkorrik zuen elurteak gure atentzioa erabat erakarri zuen, betiko moduan.

Baina oraingoan ohiko kanaletatik gure begiradak kanal "berri" batera joan ziren. "Ikusi al dezue eskubiko leku hortan daun kanal luze hoi?" Galdetu nien. "Nundik atea da kanal hoi?" Galdetu zuen Ikerrek, "sekula ikusibe neon". "Neire etzait ezagune itten, edo behintzat ez naiz sekula konturau" erantzun nion. "Bazirudik Aizkorritxo mendiren azpikalden zeokela, ta itxuraz Kanalaundi baño luzegoa dek" esan zuen Lekuk. "Ta hoi nundik igokoek?" Galdetu nion. "Etzekiat, baño ziurrenik Brinkola aldetio" erantzun zidan.

Egun hortatik Aizkorri ikusten nuen bakoitzean kanal hori identifikatzen saiatzen nintzen: Zumarragara bileraren batera joaten nintzenean, Usurbera igotzen nintzen bakoitzean, kotxez etxera itzultzerakoan...

Martxoaren 3an ateratako argazkia, bertan Aizkorriko mendi eta kanal nagusienak identifikatu ditut. Eskuinean gure atentzioa eraman zuen kanal ezezaguna.


Kanala gertuago. Nahiz eta bi mendiak argazkian identifikatu, orduan ez genekien zein mendi ziren.


GURE BIDEA

Martxoaren 24rako Leku eta biok Aizkorri aldera kanalaren bat egiteko gelditu ginen. Oraingoan Iker ez zen gurekin etorri belaunean dituen arazoak direla eta, eta egia esan egun osoan gogoan izan genuen.

Hasiera batean Aketegiko ezkerreko kanalean sartzeko asmoarekin atera ginen eta intentzio horrekin Ikerren etxetik atera ginen goizeko sei t'erdietan kotxearen giltzen bila joan ondoren. Baina Zegamako apeaderotik gora doan pistatik gindoazela, bihurgune baten ondoren, bapatean bi aste lehenago Gaztelutik lehen aldiz ikusi genuen kanala gure begien aurrean azaldu zen. "Ikusialdek ze itxura zeukik?" Galdetu zidan Lekuk "Ostras, ba bai, ederra emateik" erantzun nion. Bata besteari begiradatxo bat bota ondoren, irrifartxo bat bota eta batere hitzik esan gabe kanal ezezagun honetan sartuko ginela erabaki genuen. "Gutxiñez hurbilduko gaittuk ea zemuzkoa deken ikusteko, ta elurre biguñe bazeok buelta hartu ta kotxera itzuliko gaittuk" erabaki genuen.

Pistak duen ezkerrerako bihurgune nabari batean kotxea utzi eta hemendik aurrera GR-34 ibilbidea jarraitzea erabaki genuen hemendik jarraituz kanalaren hasierara ailegatuko ginelako esperantzarekin.

Argazki honetan eginiko kanala ikusi daiteke eta guk jarraitutako bidea, dituen puntu esanguratsuenekin.



DESKRIBAPENA

07:35, kotxea utzitako bihurgunea, 735 metro. Trasteak prestatu eta motxilak bizkarreratu ondoren, martxan jarri ginen. "Ea zorterik zeukeaun ta kanala errez topatzen diagun" esan zidan Lekuk.

Leku ateratzeko prest.


Kotxea utzitako lekutik GR ibilibidea maldarik gabeko pista zabal batetik doa, noizik eta behin errekatxo bat gurutzatuz, baina ia maldarik igo gabe.

Ibilbidearen lehen metroetan.


Kotxetik atera eta hamar minutu eskasera bapatean pista moztuta zegoela ikusi genuen. "Baña ze demontre?" Galdetu zidan Lekuk "hau izango al dek kanalaren sarrera?". "Sarrera hau badek, ziur kanala elurjausi batek ein dikela"

Leku pista itxita zegoen lekura ailegatzen.


07:30, kanalaren hasiera, 840 metro inguru. Pistatik aurrera jarraitzerik ez zegoenez, pista oztopatzen zuten zuhaitzak paraleloki jarraituz goruntz abiatu ginen.

Elurjausiak botatako zuhaitz hesian gora.


Goruntz 50 metro eskas egin ondoren, izan genuen lehen aukeran kanalean sartu ginen eta kanalean sartzearekin batera elurjausiak egindako sarraskiarekin erabat txundituta gelditu ginen. "Baña zer dek hau?" Esan zuen Lekuk "Aizkorrin sekula ikusi diaten aludik handiena dek, hau dek, txikizioa" erantzun nion.

Kanalean sartu ginen momentua. Ni goruntz begira parean nuena oraindik barneratzen.



Bideo honetan ederki ikusiko duzue zertaz ari naizen. Ikusiko duzuen bezela, kanal hau Aizkorritxo mendira eramango gintuela uste genuen.



Oraindik parean genuena ezin sinistu geundela goruntz jo genuen.


Hasieran lur eta elurjausiak jaitsitako arkaitzetatik gora hasi ginen, baina lehen elur arrastoak ikusi genituenean hemendik gora erosoago igoko genuela pentsatuz, bertara joan ginen.


Bideoan ikusiko duzuen bezela, elurra biguna topatu genuen, baina gutxienez horkatiletatik gora ez ginen sartzen, beran zegoen elur geruza nahiko gogorra zegoen eta.


Leku elurretan egin genuen lehen metroetan.


Lehen metro batzuen ondoren, elurra gogorragoa zegoen leku batera ailegatu ginen. Argazkian ikusten denez, elurjausiak diametro guztietako zuhaitzak ebaki zituen.


Aurreko argazkian komentatutakoaren adibide gisa hona hemen beste bideo bat.


Leku puntu berean.


Hasieran komentatu bezela, ahalik eta denbora gehienean elurretik igotzea erabaki genuen...


Hala ere lehen erresaltera ailegatu aurretik elurretik atera ginen azken metro hauetan elurra bigunagoa baitzegoen.


Leku lehen erresaltera ailegatzen.


08:05, lehenengo erresaltea, 1000 metro inguru. "Ebie hasteek" esan nion. "Hala dek baña ttantto batzuk besteik eztittuk" erantzun zidan. Bazpare atseden hartzeko geldiunetxo bat egin genuen, zertxobait edan eta euritako txamarrak jantzi genituen.

Erresalteak 4-5 metro inguru izango ditu eta misterio handirik ez dauka. Hankak jartzen diren arkaitzak nahiko leunak daudenez, fede pixkat izan behar da estilo ez oso teknikoan. Pioletekin igotzeak asko erraztu zuen igoera. Elurraren egoera ikusita, kranpoirik ez jartzea erabaki genuen.

Bideo honetan ni erresaltea igotzen ikusiko nauzue.



Hurrengo bideo hontan Leku erresalte bera igotzen ikusiko duzue.


Erresaltea igo ondoren atzera begirada.


Erresaltearen ondoren dagoeneko elurra etengabe topatu genuen.

Erresaltea atzean utzi ondoren.


Erresaltetik 60-80 metro egin ondoren bigarren erresalte bat topatu genuen. "Nola ikustek?" Galdetu zuen Lekuk "Etzekiat ba, baña arkaitza nahiko leune zeok" erantzun nion "ezkerretik bazirudik errexago izango dekela".

Leku eta bigarren erresaltea bere parean. Erresalte hau ekiditeko gutxi gora behera jarraitu genuen bidea margotu dut.


Erresaltearen ezkerretik sartu ginenean bapatean bidea asko tentetzen zela ikusi genuen gure gainean arkaitz plaka bat azaltzen zelarik. Honela bat, trepadatxo bat egin eta bigarren erresaltearen gainetik trabesia bat egin genuen goruntz jarraitzeko leku errezago baten bila, bideoan ikusten den bezela.



Trabesia egin ondoren.


Bideo hontan Leku trabesian ikusiko duzue, baita hemendik aurrera jarraitu genuen bidea ere. Hemendik gora, harkaitz bloke handi bat bere ezkerretik igo genuen.


Harkaitz blokea inguratzen.


Arkaitz blokea ezkerretik igo ondoren kanalaren zati zabalera atera ginen. Argazkian hemendik gora igarobide hesturaino jarraitu genuen bidea markatu dut.


Atzera begirada, ni zati zabalean sartzen.


Leku igarobide hestura ailegatzen.


Atzera begirada, urrutian Txindoki, Aralar eta Beriain ikusi daitezke.


08:50, igarobide hestua, 1175 metro inguru. Igarobide hontan maldak gora egin zuen 50 gradu inguruan jarri zelarik.

Bideo haun igarobide hestuan grabatua dago.



Beste bideo hontan Leku puntu berean ikusiko duzue.



Pasabide hontatik gora maldak gora jotzen du, denbora osoan 50-55 gradu inguruan mantentzen delarik.


Ni igarobide hestua behean utzi ondoren.


Atzera begirada, igarobide hestua oso behean jada. Parajea zoragarria benetan.


Aukera ezberdinak neurtu ondoren, azkenik errezenetik jotzea erabaki genuen, pixkanak eskuinerantz zegoen arista batera ateraz.



Bideo hontan arstara ateratzen ikusiko nauzue.

Aristatik Oñati eta Udalaitzera ateratako argazkia.


Bideo hontan Leku aristara ateratzen ikusiko duzue.



Aristatik gora ibilbide erraz bat besterik ez da egin behar Azkiolaundi mendiraino.


Leku hontatik Burnikurutz, Aketegi, eta Arbelaitzen ikusmira erabat ikusgarria da.


09:20, Azkiolaundi,1373 metro. "Ze mendi dek, Aizkorritxo?" Galdetu zidan Lekuk "Ez, Azkiolaundi" erantzun nion. "Enekian mendi hau bazenik ere" esan zidan, "ezta nik ere" erantzun nion".

Azkiolaundi mendiaren buzoia.


Azkiolaundi, 1373 metro.


Gailurraren azpian, arkaitz handi baten babesean, atseden hartzea erabaki genuen, indarrak berreskuratu eta eskaladako materiala (kaskoa, arnesa, pioletak) motxilan gordez.

Atseden hartu genuen lekutik Burnikurutz aldera ateratako argazkia. Urdajamentu mendiraino eginiko bidea marraztu dut nahiz eta oraindik mendi hau igoko genuela pentsatu ez.


Ordu laurdenez atseden hartzen egon ondoren, 09:35tan berriro ere martxan jarri ginen.

Azkiolaundi mendiaren jaitsieraren lehen metroetan. Haizearen eraginez egiten zuen hotza zela eta arropa gehiago eta txapela jartzea erabaki genuen.


Atzera begirada, handik gatoz.


Bidean behera ari ginela eskuinerantz begiratu eta mendi koxkor batean buzoi antzeko bat ikusi genuen: "Hoi ez al dek buzoi bat?" Galdetu nion Lekuri "Bai, hala zirudik" erantzun zidan "ze igoko al gaittuk" proposatu zidan irrifartxo batekin.

Bitan pentsatu gabe, jaitsierako bide normala utzi eta, argazkian ikusten den bezela, eskuineruntz hartu genuen mendik koxkor horretara igotzeko.


Mendi koxkorrera eramango gintuen azken maldan.


09:50, Urdajamentu, 1372 metro. "Ze mendi dek hau?" Galdetu zidan Lekuk. "Joder, Urdajamentu" erantzun nion, "Urdajazer?" Galdetu zidan, "Urdajamentu" esan nion "ez niaken sekula esango holako mendin izenik hemen eongo zianik" erantzun nion.

Urdajamentu mendiaren buzoia. Atzean Azkiolaundi mendia ikusi daiteke.


Urdajamentu, 1372 metro.


Gailurrean ia gelditu gabe beherunzko bidea hartu genuen.

Bideo hontan, ikusiko duzuenez, oraindik Urdajamentu izenarekin txundituta gaude.


Berriro ere jaitsierako bide normalean, atzean Burnikurutz ikusi daiteke. Gorriz gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Burnikurutzera ailegatu baino lehen dagoen lepotik behera Zegamako maratoiaren ibilbidea doa, eta guk ibilbide hau jarraitu genuen (argazkian puntu horia ikusi daiteke) hemendik behera jaisteko, Burnikurutzeko ipar aurpegian izan ginenena egin genuen bezela.


Bideak hego ekialdeko norantza hartzen du metro askoetan pixkanak metroak galtzen direlarik.


Leku Zegamako maratoiaren puntu bat adierazten.


Burnikurutz mendiaren ipar aurpegia, hemen izan ginen Josu eta biok duela pare bat urte (erreporra irakurtzeko hemen klik egin).


Maratoiaren bidea pinudi batera ailegatu arte jarraitu genuen (pinudi hau Nardasakonera joaten garenean kotxea uzten dugun pinudi bera da). Pinudira sartu gabe bihurgune bat hartu eta ipar mendebalderuntz doan bidexka jarraitu genuen. Bidexka hontan tarteka hitoren bat edota marra horiren bat topatzen da.

Maratoiaren bidea utziko dugun puntura ailegatzen, atzean pinudia ikusi daiteke.


Maratoiaren bidea utzi ondoren hamar minutu inguruan bidexka jarraitu eta kotxera eramango gaituen pistara iritsi ginen.


10:30, kotxea utzitako bihurgunea, 735 metro. "Ze ordu dek?" Galdetu nion Lekuri "Ezetz asmau" erantzun zidan, "hamabik aldea?" Galdetu nion, "ez, hamar t'erdik" erantzun zidan. "Hamar t'erdik? Joe, buelta nahiko azkar eindiau" erantzun nion zer ordu zen ia sinistu gabe.

Leku kotxera iristen.


Trasteak jaso, indarrak pixkat berreskuratu eta etxerako bidea hartu genuen.

Gaur egindako kanala, esperientzia polita eta ziurrenik klasiko bat bihurtzera deitua dena.


Gaurko kanalari azken agurra. Gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa marraztu ditut gutxi gora behera.


Amaitzeko, Aratz menditik Burnikurutz mendira egindako azken argazkia. Izugarria benetan, Gipuzkoan dugun altxor preziatu hau.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina