AZKEN 10 SARRERAK

2013/01/03

PUTXERRI EDO PUTTERRI (1296 metro) LIZARRUSTIKO MENDATETIK, 2012/12/29

Abenduaren 28an Etxauritik etorri ondoren, Ikerren mezu bat jaso nuen: "bihar Leku anaiekin Putterrira?", "Putterrira? Ordubietarako herrin egon beharra dauket koadrilako urteko bazkarie dauket eta. Goiz juten bagea..." erantzun nion. "Dena den, zenbaten igotzea?" galdetu nion, "Lekuk esateo bost ordutan buelta osoa emango deula" Ikerrek, "Lizarrustitik?" nik, "Bai, Lizarrustitik" Ikerrek, "goizeko zortzitan zure bila pasako gea".

Putxerri edo Putterri, Nafarroan dagoen Aralarko mendietako bat da eta bere 1296 metroekin Sakana dominatzen du. Mendi bakartia denez, inguruko mendi eta mendi kateen atalaia ederra da. Txindoki edota Anboton gertatzen den bezela, Putxerrin euskal mitologia bizirik dago eta gailurrera ailegatu baino lehen zeharkatu behar den leze txikian Mari bera bizi zela esaten da. Honelakoetan, On Joxemiel Barandiaranek esandakoa kontutan hartu behar da: "direnik ez sinistu, ez direnik ez esan".

GURE BIDEA

Putxerrira igotzeko, goierritarrontzat gertuena Lizarrustiko mendatetik igotzea da. Lizarrusti jaitsi eta Txortxorre errekaren gainean dagoen bihurgune itxi baten ondoren, Nafarroan dagoen Quifosatik ere igo daiteke, baina Lekuk Lizarrusti gaineko bidea politagoa dela esan zigunez, lehen aukera hartu genuen.

Bideak denbora osoan GR-12 (isurialdeen banalerroa -"divisoria de aguas"-) eta GR-121 (Gipuzkoako bira) bideak jarraitzen ditu eta ia denbora osoan Gipuzkoa - Nafarroa mugen artean murgilduko gara. Hirupagoeta deitzen den gainean GR-ak utzi eta hegoalderuntz joanda Putterriruntz joko dugu. Bide osoa GR markez oso ondo dago markatua eta orokorrean bidea gozo-gozo egiten da.

Gutxi gora behera jarraitutako bidea, Lizarrustiko mendatean dagoen Aralarko mapa erreferentzi bezela hartuta.


DESKRIBAPENA

08:30, Lizarrustiko mendatea, 621 metro. Traste guztiak prestatu ondoren martxan jarri ginen.

Irteteko prest, oraingo honetan Igor (Lekuren anaia) ere apuntatu zen.


Errepidetik metro batzuk egin ondoren, ezkerreruntz ateratzen den zementuzko pista bat hartu genuen. Bertan indikazio poste bat topatuko dugu.


Indikazio postea gertuago. Gorriz guk jarraitutako bidea markatu dut, GR-12 eta GR-121 bideak. Allekoko baso bira den SL-Gi 2004 ibilbidea ere metro askotan jarraituko dugu.


Zementuzko pista hartu eta metro gutxietara egurrezko langa hau topatuko dugu. Hemen, argazkian ikusten den bezela, langa pasa eta berehala eskuinera hartu genuen SL bidea jarraituz.


Langa pasa ondoren hesi baten ondotik joango gara.


Hesia atzean utzi ondoren. Argazkiaren eskuinean Lizarrustiren Nafarroako jaitsiera eta Isabel benta izan zenaren hondakinak ikusi daitezke. Benta hau duela dexente erre egin zen. Bertan, gure berramona eta honen anai-arrebak jaio ziren duela urte asko.


Ikusten denez, denbora osoan GR eta SL markak jarraituko ditugu..


Hamar minutu eskas inongo maldarik igo gabe ibili ondoren, lehen maldatxo bat topatuko dugu.


Maldaren amaieran. Igor aurretik jarri eta erritmo bizia jarri zuen, txirrindularitzan bezela, taldea sakabanatu zelarik je,je,je. Argazkian berriro ere SL eta GR markak ikusi daitezke.


Lehen malda honen ondoren, goroldioaz estalirik dagoen pagadi batean sartuko gara. 


Kotxetik atera eta ordu laurden pasatxora, SL bideak ezkerreruntz jotzen du. Puntu honetan (Lekuk argazkian adierazten duen bezela), SL markak utzi eta GR markak bakarrik jarraituko ditugu.


Pagadi hau ederra da eta pagoen artean haginak (tejo) ere topatu daitezke. Esan beharra da haginak direla Gipuzkoako armarrian azaltzen diren zuhaitzak. Haginaren zati guztietan (fruitu lehorren haragi gorrian ezik) "taxina" deitzen den toxikoa aurkitu daiteke. Taxinak nerbio sistema gelditzen du, pertsona hiltzen delarik. Esaten denez, Euskal Herriko historian, preso hartu baino lehen haginaren hosto eta haziekin eginiko infusioaz buruaz beste egiten zuten kasuak badira. Baina haginak "taxol" deituriko beste sustantzi bat ere badauka, egun minbiziaren kontra erabiltzen dena.

Esan bezela, hemendik aurrera GR markak bakarrik jarraituko ditugu.


"Hemendio gertu pago baten azpin zeoken sima txiki batera aillatuko gaittuk", esan zigunn Lekuk. Eta esan eta izan, metro gutxietara argazkian agertzen den sima honekin topo egin genuen. Pagoko zuloa ederki ikusten da. Lekuren atzean simaren irteerako zuloa dago (inor ez erortzeko adarrekin estalita dagoena). Lekuk esan zigunez, sima oso txikia da eta bi zuloak bakarrik lotzen ditu.


Simatxoan tarte batean egon eta Lekuren espeologi istoriotxoak entzun ondoren, bideari ekin genion..


Lizarrustitik atera eta ordu erdi pasatxora, ibilbide osoan topatuko dugun malda handienarekin topo egingo dugu.  Malda hau Beorresi Arratea bezela ezagutzen da.

Leku maldaren hasieran.


Ez da malda oso luzea ezta oso gogorra ere. Halere pazientziz hartu beharrekoa da. Hemen ere, aurreko maldatxoan bezela, Igor berriro ere erritmoa jartzen joan zen, baina oraingoan "larriago" ailegatu zen maldaren bukaerara.


Malda hesi baten ondoan doa ia denbora osoan eta bost-sei minuturen ondoren eskuineruntz (argazkian azaltzen den bezela) hartu genuen hesia jarraituz.


Malda amaiturik hesiaren ondotik joaten. Lekuk esan zigunez, malda amaieraraino jarraitu izan bagenu Alleku mendira (1019 metro) ailegatuko ginen. Guk mendi hau bere ekialdetik pasako dugu Iraioko zelaiaruntz.


Atzera begirada, Aratz eta Aizkorri ia elurrik gabe gelditu zaizkigu.


Hesia beste bost-sei minutuetan jarraitu ondoren lepo antzeko batera ailegatu eta berriro ere pagadi batean sartuko gara. Argazkian Leku Putterri non dagoen adierazten ari da.


Eta bigarren pagadi honetatik aurrera orain arte jarraitutako bidexka pista antzeko bat bihurtzen da..


Pista hau metro askotan jarraituko dugu, berriro ere bidea gozo gozoa bihurtuz noizik eta behin aldapatxo lasaien bat igoko dugularik.


Kotxetik atera eta ordubete pasatxora, azken minutuetan jarraitu dugun pista utzi egingo dugu berriro ere ondo zapaldutako bidexka bat jarraituko dugularik. Argazkian Igorrek eta Ikerrek adierazten duten bezela, bidegurutzean hito bat topatuko dugu. Dena den, urdinez GR bidea hortik ez doala adierazten duten markak markatu ditut.


Hemendik aurrera doan bidea berriro ere lasai-lasai doa nahiz eta noizik eta behin maldatxoren bat igotzen delarik.


Pagadiaren erdian, pagorik gabeko zabalune batera ailgatuko gara. Leku hau Putterri-Laiotza izenaz ezaguna da. Hemendik gora (bidea nondik doan markatu dut) Hirupagoetara igoko gara. Argazkiaren eskuinean Putterri ere ikusi daiteke.


Baina, leku honi zergatik deitzen zaio Putterri-Laiotza? Ea argazkiagatik asmatzen duzuen je,je,je.


10:10, Hirupagoeta, 1246 metro. Putterri-Laiotzaren ondorengo maldaren ondoren malda amaitzen den gain honetara ailegatuko gara. Gain hau erreferentzi bezela hartzea ondo dator GR markak hemen utziko ditugu eta. Neguan galtzeko arrisku handirik ez dago, pago artean Putxerri ikusten baita, baina udaberri - uda aldean galtzeko despistatzeko tokia izan daiteke.

Igor, Iker eta Leku Hirupagoetan. Leku hemendik aurrera jarraitu beharreko norantza zein den adierazten ari da.


Hirupagoetan, hegoaldeko norantzan doan markatu gabeko bide batetik behera, Hirupagoeta eta Putxerriren artean dagoen lepo batera jaitsiko gara.Mapa batzuetan lepo honi Kalelantegi izena ematen diote.


Hirupagoegatik bost minutu ingurura Kalelantegi lepora ailegatuko gara. Bertan bi udalerrien arteko mugarri zahar bat topatuko dugu, argazkian ikusten den bezela.


Igor eta Iker mugarrian.


Mugarritik gora, Putxerrira eramango gaituen azken malda hasten da. Malda hau bi zatitan banatu daiteke: lehen zatia arkaitzen artean dagoen leze txikiraino doa, argazkian pasoa bezela deitu dudana.


Lezearen sarreran. Euskal mitologiaren arabera leze honetan Mari bizi zen.


Ikerrek "bazpare" lezea bere gainetik pasa zuen.


Beste hiruok barrutik iragan genuen. Lezea ez da oso luzea (4-5 metro izango ditu). Argazkian Igor lezetik irteten ikusi daiteke.


Maldaren bigarren zatia lezetik gora doana da. Zati hau ez da oso gogorra, baina edozein maldatxokin gertatzen den bezela, hobe pazientziz hartzen badugu, batez ere gero kotxeraino itzuli behar da eta.

Maldaren amaierarekin batera pagadia ere amaitzen da gailurrera eramango gaituen kresterio batera ailegatuko garelarik.


10:30, Putxerri, 1296 metro. Kotxetik atera eta bi orduetara mendi honen gailurrera ailegatu ginen. Gailurrean, Murumendin gertatzen den bezela, kohete bat topatuko dugu.

Putxerri, 1296 metro..


Leku gailurra adierazten duen kohetearen ondoan.


Mendi bakartia denez, bertan Aralar, Sakana eta Aizkorriko bistaz gozatu ederra hartu daiteke, Ikerri ateratako panoramika honetan ikusten denez.


Aizkorri eta Lareoko urtegia.


Gailurrean argazki azkar batzuen ondoren, bertan zegoen haize hotzeti ihes egin eta berriro ere lezera ailegatu ginen bertan merezitako hamaiketakoa hartu genuelarik: txokolatea, saltxitxoi ogitartekoa eta urdaiazpiko tortilla ogitartekoa.

Hamaiketako eta solasaldian ia ordu erdiz egon ondoren, beherunzko bidea hartu genuen.

Beherunzko bidean, argazkian Aratz, Aizkorri eta Lareoko urtegia ikusi daitezke.


Berriro ere goroldioaz estalitako pagadian. Argazkiak bertan dagoen orlegi kolore bizia ez du modu onean azaltzen.


12:50, Lizarrusti, 621 metro. Kontu kontari, tarteko ustez galduta zegoen eta genituen barrita eta galletak di-da batean irentsi zituen ehiza txakur argal batekin izan genuen abentura medio (portzierto, eskuminek jabeari, beste zerbait ez esateagatik), Lizarrustira ailegatu ginen.

Lizarrustira ailegatzen, atzean Aizkorri.



PUTXERRIRA EGINIKO BESTE IRTEERA BATZUK

- 2013ko abenduaren 27an Rosalia, Fermin eta Juanmarekin.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina