AZKEN 10 SARRERAK

2013/07/04

EGINO, TXITXIBIRITXI BIDEA, 250 m. 5c (5b behartua), 2013/06/30



Azken 11 hilabeteotan eskalatutako gauza bakarra duela aste pare bat eginiko Txindokiko mendebaldeko ertza izan zen. Bertako azken luzean, sokarekin izandako arazo batzuk medio, nire animoaren kalterako eskuin eskuarekin express bati helduta nahi baino denbora gehiago erdi zintzilik egon nintzen. Sorbaldan berriro ere min sentsazioa izan nuen, eta honekin batera, berriro ere lekutik aterako zenaren beldurra itzuli zen.

Beldur hauek nolabait uxatzeko, eskaladara "itzultzeko" hainbat luzeetako bide apropos bat aukeratu nahian nenbilela, Xabier Larretxearen "Eskalatzen" blog gomendagarrian sartu nintzen. Blog hau ezagutzen ez duzuenentzat esan oso blog interesgarria dela, eskaladako bide asko deskribatuta dauzka eta bere krokisak dagoeneko erreferentzia bihurtu dira inguruko eskalatzaileon artean.

"Eskalatzen" blogean murgilduta ibili eta dagoeneko eskalatuak ditugun bideak alde batera utzi ondoren, Txitxibiritxi bidea topatu nuen. Duen zailtasun eta luzera eta nire sorbalda fundamentuz frogatzeko leku aproposa izango zelakoan, Izagirre anaiekin (Josu eta Asier) Eginora hurbildu nintzen.

Ez naiz sekula nekatuko Antxon Gorrotxategi eskalatzaileak Eginoko txoko hontan egiten ari den ekipazio lan izugarria txalotzen. Bide hauek geroz eta gehiago ezagutzen ari dira eta klasikoak izatera deituak daude.

DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, eta baga, friend eta fisurero batzuk luze batzuetan txapen arteko tartea handia denez, arkaitz zubietan jarri eta bilgune batzuk indartzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria da bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidearen ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi.
Orientazioa: Hego-mendebaldea, komeni da ura eramatea beroa egiten badu bidea luzea egiten da eta. Gainera behin Egino herritik ateratzerakoan ura aurkitzeko lekurik ez dago.

BIDEAREN KROKISA

Eginon dauden mota hontako bideekin gertatzen den bezela, Xabier Larretxearen "Eskalatzen" bloga erreferentziatzat hartu behar da informazio zehatz eta zabala lortu ahal izateko. Txitxibiritxi bidearen informazio zehatza hemen topatuko duzue.

Bidearen krokisa ("Eskalatzen" blogetik aterakoa).


Krokis zehatzago bat. Bi krokisak Xabier Larretxeak egin ditu eta bere "Eskalatzen" blogean ikusi daitezke. Bigarren krokisa, Xabierrek gazteleraz eginikoaren euskeraketa bat besterik ez da.


Krokisaren bigarren zatia.


OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


DESKRIBAPENA

Goizean-goiz jeiki ondoren, Asier 7:45tan jaso eta Eginora abiatu ginen. Etxegarateko mendatea igotzen ari ginela haizetako-garbigailua martxan eraman genuen denbora osoan zegoen txirimiria zela eta. "Eginon ez da ba ebiik aittuko?" Galdetu nien. "Xabi bakizu, batzutan hemen ebie aido ta han egualdi ona itteo" erantzun zidan Josuk lasaitasun handiz.

Baita Josuk asmatu ere!!! Goizeko 8:15ak aldera Eginora iritsi ginenean ateri eta bazter guztiak lehorrak zeudela ikusi genuen. Nola aldatu daitekeen klimatologia kilometro gutxietan. Hau ikusteak eman zigun zoriontasunaren ondoren traste guztiak prestatu eta hormara zuzendu ginen.

Bidearen oinarrira iristeko: Hainbat luzeetako bide hauek dauden hormara iristeko bidea hemen daukat deskribatuta.

Egino herritik irteten.


Ataka edo langa metalikoa atzean utzi ondoren, ur deposituaren ondoan.


Zementuzko pista amaitzerakoan pista bat jarraituko dugu metro batzuetan bidegurutze batera iritsi arte. Bidegurutze honetan ezkerrera hartzen badugu Xabier bidea, Usoa eta Aztore-ra joango gara (gero hemendik jaitsiko gara). Guk eskuineko bidexka hartuko dugu hormarekin topo egin arte. Bertan, eskuinera (ibiltzeko norantzan) doan bidexka bat hartuko dugu errekatxo batera iritsiz. Errekatxo honetara iritsitakoan erraz eta motzena errekatxoa gurutzatu aurretik ezkerrera jo eta zuzen igotzea da, 5 minutuetan Susi bidearen hasiera topatuz.

Dena den, errekatxoa gurutzatzen bada leku berera iristerik badago. Guk bigarren aukera hau jarraitu genuen.

Josu errekatxoa gurutzatzen.


Errekatxoa gurutzatu ondoren oso agerikoa ez den bidegurutze bat topatuko dugu. Bertan ezkerrera (argazkian gorriz adierazita) doan bidexka jarraituko dugu. Urdinez adierazitako bidea jarraitzen badugu Berta, Elmer eta Udaberri bideetara joango gara.


Ezkerrera doan bidexka hartu ondoren.


Jarraitu beharreko bidexka hau oso argia da eta galtzeko arriskurik ez dauka. Horma aldera metro batzuk egin ondoren ezkerrera (mendebalderuntz) hartzen du.


Kotxetik atera eta 25 minutu ingurura Susi bidearen hasierara iritsiko gara.


Txitxibiritxi bidera iristeko, lehenik Susi bidearen lehen metroak II graduko hormatxo batetik gora eskalatuko ditugu, argazkian ikusten den bezala.


Hormatxo hau eskalatu ondoren, argazkian ikusten den sokadun zuhaitz honetara iritsiko gara.


Eta zuhaitza pasa ondoren ezkerrera diagonalean 10-15 metro inguru ibili beharko dugu, argazkian ikusten bezala.


Modu honetan, kotxetik irten eta ordu erdi eskasera, bidearen hasiera adierazten duen plakatxora iritsiko gara.


Lehen luzea, 55 metro, 4c. "Zuek ikusiko dezue zein hasteden baña ni gaur de segundo nijo eun guztin" esan nien. Anai batek besteari begiratu ondoren Asier prestatu zen luze hau egiteko.

Lehen luze hau hiru zatitan banatu daiteke: Lehen 25 metroak gutxi gora behera nahiko etzanak dira, aseguruak ez daude oso gertu, baina aseguruen artean arkaitz zubi ederrak daude, denak zinta edota soka batekin babestuta. Lehen metro hauetan harri askeak topatu genituen, beraz, kontuz ibili beharreko lekua da. Bigarrengo zatian horma tentetu egiten da eta plaka batetik gora eskalatzen da 10 metro inguruan. Zati honek oraindik hotz harrapatu eta uste baino izerdi gehiago bota genituen. Hirugarren zatian ertz-lerro erraz bat jarraitzen da metro batzuetan, eta gero, margo gorriz adierazitako puntuak jarraituz, oinez lehen bilgunera iritsiko gara. Lehen bilgune honetan uztai bat duen parabolta topatuko dugu. Hala ere friend batzuekin bilgunea indartzeko aukera dagoenez, guk bi Alien jarri genituen.

Asier luzearen lehen metroetan.


Luzearen lehen zatiaren amaieran Josuren begiradapean. Ikusten denez zati honetan belar asko dago, baina arriskutsuena dauden harri askeak dira.


Asier bigarren zatiaren hasieran. Zati hau nondik doan ikusi daiteke.


Bigarren zati hau azpitik ikusita


Josu zati honen irteeran.


Ertz lerroaren ondoren bilguneraino mota honetako puntu gorriak topatuko ditugu.


Asier lehen bilgunean. Nahiz eta bilgunea aldapa batean dagoela iruditu, oso leku erosoa da. Argazkian bigarren luzea nondik doan ere adierazi dut.


Lehen bilgunea


Bigarren luzea, 40 metro, 4c. "Joer 4c-arekin!!!" Esan nion Asierri bilgunera iritsi eta berehala "uste baino tentxogo aittu naiz bigarren zati hortan". "Ez pentsa neire zertxobait kostau zait" erantzun zidan nire lasaitasunerako. Lehen luzearen bigarren zatitik luzearen amaieraraino harkaitza izugarri hobetzen da eta harri askeak oso leku gutxitan topatuko ditugu.

Bigarren luzea ere hiru zatitan banatu daiteke: lehen zatian etzan xamarra den plaka bat igotzen da, paraboltak eta arkaitz-zubiak tartekatuz. Bigarren zatian ezkerrera diagonalean doan pitzadura bat igotzen da ezproi bertikal batera iritsi arte. Ongi babestua dagoen ezproi hau eskalatu ondoren, bilgunera eramango gaituen ertz-lerro erraz batera iritsiko gara. Hirugarren zatia, ertz-lerroa, erraza da, baina ez dauka inongo asegururik. Bilgunea uztaidun parabolt batez osatuta dago. Bilgunea indartzeko ondoan daukan zuhaitz batetik soka bat jarrita dago.

Josu luzearen lehen zatia amaitu ondoren.


Ezkerrera diagonalean doan pitzaduraren azpian. Luzea nondik doan adierazi dut.


Ezproi bertikalean


Luzearen zailtasunak amaitu ondoren


Bideo hontan Asier ezproi bertikaletik irteten ikusiko duzue.


Josu bigarren bilgunean


Hirugarren luzea, 35 metro, 5b. Hirugarren luzera iristeko 40 metro inguruko ibilalditxoa egin beharko dugu ezkerrera zeharkaldi bat eginez. Lehen esan bezela, oinez egiten diren zatiak puntu gorriz adierazita daude eta galtzeko arriskurik ez dago. Zeharkaldi honen zatitxo batean kontuz ibili beharreko pausu bat dago, baina hemen sokadun bi arkaitz-zubi topatuko ditugu pausua babestu ahal izateko. Bigarren "bis" bilgunea harkaitz-zubi handi batean pasatako soka batekin muntatuta dago. Harkaitz-zubi handi honen ondoan dagoen beste arkaitz-zubi txiki batetik kordino bat pasatuz bilgunea indartu egin genuen.

Bigarren bilgunetik bigarren "bis" bilgunera egingo dugun zeharkaldia. Puntu gorriak eta hirugarren luzea nondik doan ikusi daitezke.


Asier lehen harkaitz-zubira iristen.


Bigarren harkaitz-zubia eta bilgunera eramango gaituen puntu gorrietako bat.


Asier bigarren harkaiz-zubian.


Bigarren "bis" bilgunea parean ikusten den zuhaitzaren atzean dago.


Josu bigarren bilgunean. Argazkia "bis" bilgunetik egina dago.


Bigarren "bis" bilgunea.


Hirugarren luzea bi zatitan banatu daiteke: Lehen zatian ongi eskalatzen den ur tantez osatutako plaka fin bat eskalatuko dugu. Hasieran ur tanten eskuinetik hartzen da, gero ur tantetatik metro batzuk eskalatu eta ezkerretik ateratzeko. Bigarren zatian, ur tanten ondoren, ezproi bertikal batetik gora doan pitzadura-diedro bat eskalatuko dugu ertz-lerrora ateraz. Hirugarren luzean bezala, behin ertz-lerrora ateratzerakoan zailtasunak amaitzen dira bilgunera erraz iritsiz. Bilgunea uztaidun parabolt batez osatua dago. Bilgunea indartzeko arkaitz zubi batetik pasatako soka bat dago.

Asier ur tantetara sartzeko prest.


Ur tanten zatia amaitu ondoren. Honelako zatietan behatz puntak oraindik bigunak nituela somatu nuen.


Ezproia gainditzeko jarraitzen den pitzadura-diedroan sartuta.


Bideo hontan Josu espoloietik irteten ikusiko aukera izango duzue.


Hirugarren bilgunea.


Laugarren luzea, 25-30 metro inguru, II. Luze hau egiteko ertz-lerroa jarraitzea besterik ez da. Ertz-lerroa erraza da baina ez dauka inongo asegururik. Dena den, bagatxo batzuekin ongi babestu daiteke. Bilgunea bi zuhaixken inguruan jarritako soka batez osatua dago.

Laugarren luzearen itsura hirugarren bilgunetik.


Laugarren bilgunea.


Asier laugarren bilgunera iristen.


Bosgarren luzea, 25 metro, 4b. Hirugarren luzean gertatu bezala, luze honen bilgunera iristeko bilgunetik atera eta ezkerrera puntu gorriz adierazitako bidexka bat jarraitu behar da 40 metro inguruan. Laugarren "bis"bilgunean ez dago inongo parabolt-ik. Guk bilgunea luzearen azpian dagoen laja batetik pasatako baga batekin muntatu genuen.

Laugarren bilgunetik laugarren "bis"bilguneraino egin behar den zeharkaldia. Bosgarren luzea nondik-nora doan eta zeharkaldian topatuko ditugun puntu gorrietako batzuk ikusi daitezke.


Bosgarren luzea motza baina ederra da. Hasieran besoetatik pixkat tira egin beharko dugu baino helduleko ederrak daude. Sarrera gainditu ondoren metro batzuetan zuzen igo eta pixkanaka diagonalean eskuinera joko dugu harkaitz-zubi batean dagoen soka bateraino. Soka honetan txapatu ondoren ezkerrera joko dugu azken metro bertikal batzuen ondoren bilgunera iritsiz. Bilgunea harkaitz baten inguruan jarritako bi sokek elkartzen dituen mailloi batekin muntatuta dago.

Asier luzeraren hasieran.


Eskuinera hartu behar den puntuan.


Josu azken metro bertikaleetan.


Bosgarren bilgunea.


Seigarren luzea, 15 metro, 4b. Seigarren luzera iristeko berriro ere 60 metro inguruan ibilalditxo bat egin beharko dugu puntu gorriak jarraituz. Eta noiz bukatzen da ibilalditxoa? parabolt batzuk babesleku gisa dituen plaka batera iristerakoan.

Bosgarren bilgunetik aurrera jarraitu beharreko zatia.


Seigarren luzea. Bertako aseguruen kokalekuak ikusi daitezke.


Seigarren luzea bi pitzaduren artean doan plaka batetik doa. Hasiera batean ezkerreko pitzaduratik igotzea da errazena, lehenengo txaparen ondoren plakara pasatuz. Behin plakan gaudela zuzen jotzen da eskuineko pitzadura eskuentzako helduleko gisa erabiliz. Plaka fina da baina helduleko onak ditu. Behin plaka eskalatu ondoren bilgunea zuhaitz batean topatuko dugu, baina guk zazpigarren luzea hasten den lekuraino luzea "luzatzea" erabaki genuen, beste 40 metro inguruan puntu gorriek adierazitako bideari jarraituz. Ibilalditxo honetan erraz eskalatzen diren bi hormatxo topatuko ditugu. Seigarren bilgunea zazpigarren luzearen hasieran dagoen arkaitz-zubi batean pasatako baga eta ondoko  pitzadura batean sartutako friend batzuekin muntatu genuen.

Asier luzearen hasieran.


Plaka gainditzear.


Josu plakaren amaieran, hemen helduleko paregabeak daude.


Seigarren bilgunea izan beharko litzatekeena atzean utzi ondoren aurretik dugun lehen hormatxo erraza.


Bigarren hormatxo erraza eta jarraitu beharreko puntu gorria.


Zazpigarren luzea azpitik ikusita. Luze honetan dagoen zuhaitz berezia ikusi daiteke. Argazkian lehenengo asegurua eta zuhaitzaren ondoan dagoen arkaitz-zubia non dauden adierazi ditut.


Seigarren bilgunea.


Zazpigarren luzea, 30 metro, 5c. Hau da bideari zailtasuna ematen dion luzea eta zailtasun osoa pausu bakarrean dauka. Luzearen lehen parabolta urruti xamar dago, guk badaezpada honen aurretik dagoen harkaitz-zubi batetik zinta bat pasatu genuen. Lehen parabolta txapatu ondoren zuhaitzeraino joan beharra dugu honen atzean dagoen harkaitz-zubian babesteko (bertan soka bat jarrita dago). Arkaitz-zubia txapatu ondoren bidea eskuinera diagonalean doan pitzadura-diedro zabal eta nabarmen batetik doa gure ezkerrean hormaren gainetik behera doan belar pitzadura bat utzita. Jarraitu beharreko pitzadura-diedroa tentetzen doa eta momentu batean gure ezkerrera dugun plakara pasa beharko dugu lehen utzi dugun belar pitzaduran sartzeko. Puntu honetan topatuko dugu luzearen zailtasuna. Pausua babesteko dagoen parabolta txapatu ondoren (oinak asko igo behar dira paraboltera "eroso" iristeko) pausua ezkerrera horizontalean egin behar da, gorputza luzatu eta ezker eskuarekin pitzaduran dagoen helduleko bat aurkitzeko. Behin helduleko hau heldu ondoren pausua atera egiten da. Dena den, gauzak argi ikusten ez badira, pausua A0-n errazago egin daiteke (nik egin nuen bezala, jejeje).

Behin belar pitzaduran sartuta luzeak zuzen jarraitzen du hormaren gaineraino. Hormaren atzean lepo bat topatuko dugu. Guk bilgunea bertan dagoen bloke handi bat aprobetsatuz muntatu genuen, bere inguruan zinta bat pasatuz.

Josu luzearen hasieran. Luzea nondik nora doan, pausu gogorra eta aseguruen kokalekua adierazi ditut.


Zuhaitzaren ondoko harkaitz-zubia txapatu ondoren.


Bideo hontan Josu pausu gogorrean ikusteko aukera izango duzue.


Pausu gogorra eskalatu ondoren belar pitzaduran sartuta.


Belar pitzaduratik ateratzen.


Bideo honetan Asier pausu gogorra ateratzen ikusteko aukera izango duzue. Goitik grabatuta dagoenez, pausuaren beste ideia bat egiteko aukera ematen du.


Izagirre anaiak zazpigarren bilgunean.


"Joer hoik die izerdik bota dittutenak" esan nion Josuri bilgunera iritsi nintzenean, "paren nun guztiri helduiot". "Ze naizu ba hamaika hilabete geldik eondageo?" erantzun zidan, "gutxiñez honaño allauzea".

Zortzigarren luzea, 20 metro, 3c. Bilgunetik irten eta berehala pitzadura bat duen plaka bat topatuko dugu. Bertan aseguru bat jarrita dago eta aparteko zailtasunik ez dauka, baina plaka "arraroa" iruditu zitzaidan. Plaka eskalatu ondoren, ertz-lerro erraz bat jarraituz, harkaitz-zubi handi batean dagoen bilgunera iritsiko gara. Bertan, soka bat topatuko dugu.

Asier zortzigarren bilgunean.


Behin bidea amaituta, katu-oinak kendu, zapatillak jantzi eta ongi hidratatzeko aprobetsatu genuen. "Bide earra ezta?" Komentatu nien. "Ba bai, baña zuei paso gorra quinto más iruittu zaizue?" Galdetu zigun Josuk "nei etzait hain gorra iruittu". "Buenooo" erantzun zion Asierrek "neire etzait hain gorra iruittu". "Quinto más-ik eztula? Paso horrek gutxiñez 7b-koa da, jejejeje" erantzun nien irrifartsu "Ez al dezue ikusi ze larri aittu naizen? Jejeje".

Bost-hamar minutuetako atsedenaren ondoren, material eta traste guztiak jaso eta Eginoko hormen gainean dagoen ertz-lerrora abiatu ginen. Ertz-lerrora iristeko puntu gorririk ezta hitorik ere ez dugu aurkituko baina gutxi gora behera zuzen jarraitzera besterik ez da.

Bilgunetik gora jarraitutako bidea


Atzera begirada, bilgunetik jarraitutako bidea ikusi daiteke.


Ertz-lerrora eramango gaituen azken metroetan.


Ertz lerroan dagoeneko


Behin ertz-lerroan, Aztorearen ohiko bidetik behera jaitsi ginen. Jaitsiera honen deskribapena erreportai honetan topatuko duzue.

40-45 minuturen ondoren, Eginora itzuli ginen.

Talde argazkia. Nahiz eta errepor osoan ez azaldu, ni ere bertan izan nintzen je,je,je.



11 hilabete eskalatu gabe, 11 hilabete Achar de Alano mendiaren Blasi-Picazo bidean izandako istriputik, 11 hilabete katu oinak jantzi eta harkaitzaren zimurrak behatz puntetan sentitu gabe.

Eta 11 hilabete eskalatu gabe izana somatu dut. Somatu dut ez ditudala heldulekuak lehen bezela aurkitzen, somatu dut hankekin baino gehiago besoekin eskalatzen dudala (batez ere ezkerrekoarekin), somatu dut lehen arin ibiltzen nintzen lekuetan baldar xamar nabilela, somatu dut mentalki ongi ez noala, somatu dut eskuen behatz puntetako azala gogorra ez dagoela, eta azken finean... somatu dut berriro ere erori eta sorbaldan min hartzeko izugarrizko beldurra dudala. Ea pixkanaka bide errazak eskalatuz berriro ere erdi galdutako konfidantza hori berreskuratzen dudan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina