AZKEN 10 SARRERAK

2014/03/17

AKETEGI ERPINA (1545 m) NARDAGAIZTOTIK, "KOLPEZ KOLPE" IRTEERA, 2014/03/08

Zortea izan edo aurkitu daiteken zerbait da? Aukerak sortu edo gure esku daude? Mota hontako galderak askotan egiten dizkiot nire buruari eta zortea aurkitu eta aukerak gure esku daudela ziur nago. Ez dut sinisten Gure bizitzan gauzak besterik gabe edota guk inolako eraginik izan gabe gertatzen direnik.

Honelako zerbait ere mendian gertatzen da. Istripu bat izatea zorte txarra izatea da? Ia elurrik ez dagoenean kanal batera hurbildu eta elur paregabea topatzea zorte ona izatea da? Ez dut uste. Mendian zortea probabilitate kontua izaten da. Ahalik eta faktore babesgarri gehienak hartuta ere, beti izango dugu istripu bat izateko arriskua. Bigarren adibidea hartuz, faktore askoren menpean dago kanal baten egoera erdipurdi egoteko. Hala ere, nahiz eta txikia izan, beti egongo da probabilitate bat kanala egoera paregabean topatzeko.

Bi adibide hauek ezin hobe datozkit Aizkorrin egin genuen ibilbide honetarako. Alde batetik, nahiz eta fede handirik ez izan Aizkorriko elurra egoera paregabean topatu genuen. Bestetik, egun berean bi istripu izan genituen. Zortearen kontua ote?

IBILBIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "Kolpez kolpe" irteeraren izena guk asmatu dugula, gure erreferentziarako. Irteera honek ziurrenik bere izen propioa izango du, honegatik. argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Ibilbidea Itzubiagako bordan hasi genuen. Hemendik, askotan igotako Nardagaizto ("Nardagaizto" bezela ere ezaguna) igo genuen. Kanalatik irten eta ezkerreruntz diagonalean igo ginen orratz baten eskuinean dagoen erresaltetxo baterarte. Erresaltetxo hau igo, ezkerreruntz 200-250 metro inguruko zeharkaldi bat egin eta "Txarantsa" irteeraren ezkerretik doan 75-80 metro inguruko kanal bat igo ondoren, Aizkorriko ertzara zuzen atera ginen. Hemendik Aketegi Erpinaraino ertza besterik ez genuen jarraitu.

Jaisteko, Aketegira igo eta honen ipar aurpegitik zeharkaldi bat egin ondoren Nardasakonera joan eta hemendik kotxera itzuli ginen.

Argazkian gorriz igotako bidea eta orlegiz jaitsierako bidea margotu ditut.


Argazki honetan igoeran topatu genituen puntu esanguratsuenak adierazi ditut.



DESKRIBAPENA

07:25, Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Nahiz eta ostiralean "mendiak" web orriko Asierin foreroak elurra biguna zegoela esan (beraiek Azkiolaundira doan kanala igo zuten, erreporra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue), elurra egoera onean topatzeko alde izan genezaken probabilitate eskasari heldu, eta kotxetik umoretsu atera ginen.

Nardagaiztoren nondik norakoak hemen deskribatuta ditudanez, ibilibidearen zehaztasunik ez dut emango.

Eguzkiarekin batera gure bideari hasiera eman genion.


Aurten lehen aldiz kotxetik eskularruak jarri gabe atera ginen lehen aldia izan zen. "Señale txarra" pentsatu genuen nahiz eta inorrek ezer ez esan.

Lehen metroetan.


Lehenengo erresaltea normalean ekiditen dugun lekutik 20-30 metro inguru eskuinerago egindako bariante errazago batetik ekidin genuen.

Bariantearen hasieran.


Bariante berri honek zailtasun handirik ez dauka (III inguru), eta eskaladarako konfidantzaz juxtu ibili ezkero, igoeran topatuko ditugun zuhaitz eta zuhaixken enborretan zintak eta expressak jartzeko mila aukera ditugu.

Leku, zatirik bertikalenean.


Iker gorago.


40 metro inguruko eskaladatxoaren ondoren, lehen erresaltearen gaineko erlaitz zabalera atera ginen. Ezkerreruntz egindako 20-30 metroetako zeharkaldi horizontal baten ondoren lehen erresaltearen gainera iritsi ginen.

Lehen erresaltearen gainean. Argazkian bigarren erresaltearen kokalekua eta erresalte hau ekiditeko egin genuen bariantea adierazi ditut.


Atsedentxo bat hartu, kaskoak atera (Iker eta Lekuk pioletak ere atera zituzten) eta aurreruntz jarraitu genuen.

Iker eta Leku trasteak prestatzen. Argazkian bigarren erresaltea ere ikusi daiteke.


Bariantearen azpiko elurra harria bezain gogorra topatu genuen: "Goien hola badau, kristona disfrutauko deu" bota nien.

Bariantea ez da oso gogorra, III maila inguruko horma, baina ezin da hutsik egin.

Bariantearen erdialdean gutxi gora behera.


Behin bariantea eskalatu ondoren bigarren erresaltearen gainera iritsi ginen, hemendik aurrera elur gogorra topatuz. Argazkian hirugarren erresaltea ikusi daiteke.


Falta ziren trasteak ateratzeko aprobetsatu, kranpoiak jantzi, makuluak jaso eta goruntz hasi ginen. Leku pixkat aurreratu zen igoera grabatu nahi zuen eta. Iker eta ni hizketan ari ginela Lekuren oihu batek gure solasalditik esnatu gintuen: "Piedraaa!!! Piedraaa!!!". Ez zigun erreakzionatzeko denbora handirik izan. Nire kasuan Ikerren "Mekanguendio!!" bat entzun eta gauza beltz bat nire gainera zetorrela besterik ez nuen ikusi. Instintiboki harriari bizkarra eman eta eskuin omoplatoan kolpe hotz eta gogor bat sentitu eta lurrera erori nintzen.

Bideo honetan jasotako harrikara ikusteko aukera izango duzue.



Laban bat alderik alde sartuta izango banu bezelako mina sentitu nuen. "Ez nun ba omoplatoa hautsiko?" Pentsatu nuen besoa mugitzen nuen bitartean. Besoa inongo arazorik gabe mugitzen nuela ikusita, aurreruntz jarraitzea pentsatu nuen. "Nahibazu buelta hartuko deu" esan zidan Ikerrek. "Ez, keba" esan nion "oain ibiltzen hasten geanen mina jungo zait". Oraindik ez nekien aste osoan zehar antiinflamatorioak hartzen aritu beharko nintzenik.

Iker eta biok istripua izan ondoren.


Hemendik gora, sorbaldako mina goruntz zihoan heinean igoerarekin jarraitzeko motibazioa eta umorea maldan behera joan zitzaidan, eskuin besoarekin indarra egiten nuen bitartean min handia sentituz.

Hirugarren erresaltea nahiko erraz igo genuen, argazkian Iker bertatik ateratzen ikusi daiteke.


Burumakur hirugarren erresaltetik atera ondoren.


Iker eta Leku hirugarren eta laugarren erresalteen arteko zatian.


Nire aurpegiak dena dio.


Laugarren erresaltearen aurretik dagoen hestuasunean.



Iker laugarren erresaltea parean duela.



Bideo honetan ikusteko aukera izango duzuen bezela, laugarren erresaltea sekula baino errazago topatu genuen.



Iker eta Leku laugarren erresaltea atzean utzi ondoren.


Kanalaren irteerara hurbiltzen.



 09:10, Kanalaren irteera. Irteeran atsedentxo bat hartu, eta goruntz jarraitu genuen. Hemendik gora ezkerreruntz diagonal bat egin genuen orratz baten eskuinean dagoen erresaltetxo baterarte.

Kanalaren irteeratik erresaltetxora eginiko igoera.



Erresaltetxora hurbiltzen...



Bideo honetan Iker erresaltetxoa igotzen eta kanalaren irteera ikusteko aukera izango duzue.


Erresaltetxoa igo ondoren, lepo antzeko batera igo eta merezitako atsedena hartu genuen. Aizkorriko ertzara begiratu eta gaur egin genezaken irteera posible baten bila hasi ginen: "ta Txarantsaren ezkerrean ikusten deken hoi itten badiau?" Bota zigun Lekuk, "Zein, bloke enpotratue zeukiken hoi?" Ikerrek. "Bai", Lekuk. "Ez al dik gutzako zailegi izango?" Erantzun zion. "Bertaraino hurbiltzen ez bagea ezteu jakingo" esan nien, "gutxinez frogauko deu".

Atsedena hartutako lekutik genuen ikusmira: "Batida", "Eskirol", "Txarantsa" eta gaur egingo genuen "Kolpez kolpe" irteerak.


"Batida"eta "Eskirol" irteerak gertuago.


Baita "Kolpez kolpe" irteera ere. Bertan dagoen bloke enpotratua ongi ikusi daiteke.



Kolpez kolpe irteerara iristeko, geunden lepotik 200-250 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat egin genuen.

Iker eta Leku zeharkaldian.



Zeharkaldia amaitzear geundela "Ostiaaa!!!!!" bat entzun genuen. Buelta hartu eta Leku belaunari heutsiz topatu genuen. "Zer?" Galdetu zion Ikerrek. "Hanka zulo baten sartu eta kranpoia belaunean sartuiat" Lekuk, "no jodas" nik, "miñik baek?". "Etzekiat" erantzun zidan "baña belaune bustie zeokela sentizeiat" erantzun zidan. "Hau da egune gaurkoa" bota nien "bigarren kolpea, Kortaturen Kolpez kolpe kanta bezela gabiltz". Hortxe genuen gaurko irteerari izen bat jartzeko arrazoia.

Lehen momentuko minaren ondore, Leku nolabait "errekuperatu" eta goruntz jarraitu zuen.

09:40, irteerara eraman gintuen kanalaren sarrera. Zeharkaldian "Batida"eta "Eskirol" irteeratara doan kanaltxoa zeharkatu eta honen ezkerrean, orratz batek izkutatuta, dagoen beste kanal batera iritsi ginen. Hemendik gora zuzen jo genuen.

Iker kanalaren lehen metroetan.


Azken igoera honetan elurra benetan gogorra topatu genuen, hanketako biki eta iztarren kalterako. Maldaren inklinazioa ere ez dut uste 50 graduetatik jaitsiko zenik.

Iker eta Leku orratza atzean dutela.



80 metro inguruko igoera zuzenaren ondoren, irteeraren azpira iritsi ginen. "Nik emango zioat" esan zigun Lekuk fede osoz. Anaia eta biok grabaketa lanekin ari ginen bitartean, Leku irteera hurbildu eta uste baino errazago igo zuen.

Bideo honetan Lekuren igoera ikusteko aukera izango duzue.


Irteera uste baino errazago egin genuen, eskerrak elurra gogorra zegoela. Elur bigunarekin irteera hau nahiko zaila izango delakoan nago, blokea nahiko tentea da eta.

Iker igotzeko zain eta ni irteerara hurbiltzen.


Behin ertzan, eman beharreko besarkada eta animoen ondoren, kranpoiak kendu eta Aketegi Erpinera abiatu ginen.

Bi anaiak Aizkorriko ertzan.



10:10, Aketegi Erpina, 1545metro. Kriston zoriontsu gailurrera iritsi ginen. Min eta zaurien balorazio azkar baten ondoren, ia denborarik galdu gabe, Aitxuriruntz joan ginen.

Iker eta Leku zoriontsu Aketegi Erpinean.



10:20, Aketegi, 1551 metro. Atseden hartzeko denbora hartu gabe, beheruntz hasi ginen.

Aketegi, 1551 metro.



Jaisteko, hemendik behera egiten dugun moduan, Aketegiren ipar aurpegiaren zehar zeharkaldi bat egin eta Nardasakonera joan ginen, hemendik behera lasai-lasai, 11:25tan kotxera iritsitz.

Kotxera iritsi aurretik bizkarrera ateratako argazkia. Astean zehar kolore guztietako bizkarra izan nuen: urdina, berdea, horia ....




Amaitzeko, irteeraren bideo erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina