Orduz geroztik ibilbide hau errepikatzekotan nenbilen, ibilbidean igo genituen mendi "nagusi" edota ezagunenak bakarrik igoz. Ordenadorearen atzean jarri eta zein mendi igo eta zein ez pentsatzen hasi nintzen. Azkenean, ongi hala gaizki, ibilbide originala murriztu eta kronika honetan azaldutako mendiak bakarrik igotzea erabaki nuen. Nahiz eta motzagoa izan, ibilbide borobila gelditzen dela uste dut, ez oso luzea baina bai gogorra, ea gustuko duzuen.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 25 km.
- Altuera minimoa: Larraitz, 404 metro.
- Altuera maximoa: Ganbo, 1412 metro.
- Desnibel positiboa osora: 2100 metro.
- Ura: ibilbidean puntu ezberdinetan iturriak topatuko ditugu: Larraitzen, Oria iturria (Txindokiko igoeran), Salingain eta Arrubi Gañe mendien artean aska baten ondoan dagoena (nik elurrez estalita topatu nuen), Ausa Gaztelu mendiaren azpian, eta Ausa Gaztelutik behera, Larraitzetik irteten den pistara iritsi aurretik langa baten ondoan dagoena. Udan hauetako iturri batzuk lehortzen direnez, ibilbidea Igaratza edo Errenagaraino luzatu daiteke bertan dagoen iturrian ura hartzeko.
- Zailtasuna: Elur gogorra behin baino gehiagotan ekidin nahian trepadatxo bat edo beste egin behar izan nuen, baina elurrik gabe teknikoki zailtasunik ez duen ibilbidea da. Dena den, ia ibilbide osoan gora eta behera arituko gara gure hanken "mesederako" jejeje.
- Igotako mendiak: 18.
- Egindako denbora: 5 ordu eta 30 minutu. Argitu beharra daukat tarte batean baino gehiagotan korrikan aritu nintzela.
Bideo honetan ibilbidearen nondik norakoak ikusteko aukera izango duzue.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
07:50, Larraitz 404 metro. Larraitzera iritsi nintzenean kotxeak 1,5º markatzen zuen. Eguerdirako eguzkia eta tenperaturen igoera iragarrita zegoenez, ahalik eta arropa gutxiarekin martxan jartzea erabaki nuen Txindokiko igoeran hotz guztiak gainetik kenduko nituela jakinda. Gerritik gora kamiseta motz bat, txirrinduan ibiltzeko mahuka edo mangitoak, eskularru finak, Buff bat eta haizearentzat txamarra bat eta gerritik behera malla eta galtzerdi motzak "besterik" ez nituen jantzita. Hala ere, motxilan badaezpada kamiseta termiko bat eraman nuen baina ez nuen ibilbide osoan jantzi. Termiko honetaz aparte, bi litro ur, eguzkitako krema eta betaurrekoak, manta termikoa, telefono mugikorra eta jateko barrita eta gel batzuk ere eraman nituen.
Irteteko prest, apirilean hemen oraindik hotza egiten duela argi dago.
Nire lehen helburua Txindoki izatea erabaki nuen Amezti eta Erlabeltzeko punta mendiak alde batera utzita. Honetarako, Txindokira doan ohiko bidea hartu eta ia urik gabe topatu nuen Oria iturria atzean utzi ondoren, Tximista bidea hartu nuen. Ez dakit zer gertatu den baina azken urteotan Oria iturria urarekin topo egitea geroz eta zailagoa da.
Denbora osoan ibilbidea gogorra izan zitekeela buruan nenbilenez, Tximista bidearen igoeran behintzat, bihotz taupadak kontrolpean eramatea erabaki nuen, 155 taupadetatik pasa gabe. Ez dakit hotzagatik edo, baina uste baino erraz eta frexkoago sentitu ondoren, ordu eta hamar minutu eskasean gailurrera iritsi nintzen.
Txindokiko gailurra, argazki hau apirilaren 3koa da.
09:00, Txindoki, 1341 metro. Urteak ziren ez nintzela hain denbora gutxian hain sentsazio onekin gailur honetara iristen, eta honek nire motibazio eta gogoak bikoiztu zituen. Gailurrera iritsi, argazki pare bat egin eta beherako bidea hartu nuen. Bilingaratz, Zumalerdi eta Auntzizegi mendiak igo gabe utzi eta zuzenean Txindokira doan Muitzeko bidean behera hasi nintzen Aitzegi eta Larraone mendietara igotzeko asmoarekin.
Txindokiko puntan.
Ihaz Aitzegi mendira egindako igoeran pasatako zailtasunak oraindik buruan nituen eta orduan Ikerrek iradoki zuen igoera alternatiboa gogoratuz, oraingoan anaiaren aholkuei kasu egin (jejeje) eta igoera Larraone azpian dagoen harkaitz-hertzaren eskuinetik (igoerako norantzan) egin nuen. Igoera honek bestearekin alderik ez dauka, belar motza eta igoera gozoa, nahiz eta maldatsua izan. Igoeraren amaieran alanbre-hesi bat topatu nuen baina hertzak egiten duen lepoan pasabide bat dago.
Ihazko ibilbidean Txindokitik ateratako argazki honetan gorriz orduan jarraitu genuen bidea eta urdinez oraingoan jarraitutakoa margotu ditut. Ibilbide hau egiteko asmotan bazaudete urdinez margotutako bidea jarraitzea gomendatzen dizuet inongo zalantzarik gabe.
Pasabidearen ondoren, zeharkaldi horizontal bat eginez, Aitzegi eta Larraone mendien arteko lepora iristen da. Nik ordea, Aitzegira igotzea baztertuta, Larraonera zuzen igo asmoz, goraka zuzen hasi nintzen belar eta harkaitzei tiraka, hankak, bihotza eta hauspoa alperrik berotuz. Gainera, ustez Larraoneko gailurrera iritsi nintzenean, gailurra, hertza jarraituz 40 metro ezkerrago zegoela ikusi nuen. Hurrengoan argi daukat Aitzegi eta Larraone mendien arteko leporaino joango naizela zuzen-zuzen alperrikako esfortzurik egin gabe.
Hertza jarraitu eta Larraoneko gailurrera iritsi nintzen.
09:35, Larraone, 1198 metro. Gailurreko buzoiari argazkia egin eta, atzera itzuliz, hertza berriro ere jarraitu nuen baina oraingoan amaierarte, 10 minutu eskasean Etitzegi mendira iritsiz.
Larraoneko buzoia.
09:45, Etitzegi, 1196 metro. Hemen ere ez nintzen denbora luzean izan. Motxilatik telefono mugikorra atera, buzoiari argazki bat egin eta aurreruntz jarraitu nuen.
Etitzegiko buzoia.
Eitzegiren jaitsieran, eguzkiaren eraginez beroa sentitzen hasi nintzen. Harkaitz baten ondoan gelditu, haizerako txamarra, buff-a, eskularruak eta mahukak kendu, motxilan jaso eta, eguzkitako krema eman eta betaurrekoak jarri ondoren, aurreruntz jarritu nuen, tarteka oinez eta tarteka korrika txikian. Konturatzerako Uzkuiti mendira iritsi nintzen.
10:07, Uzkuiti, 1332 metro. Hemen ere argazki bat egin eta aurreruntz jarraitzea erabaki nuen, bertan zegoen haize frexkotik ihesi. Etxean ibilbidea antolatu nuenetik zalantzan izan nintzen Salingain mendira igo hala ez, baina Uzkuititik hain gertu eta indarrez ongi nindoala ikusita, bertaraino joatea erabaki nuen.
Uzkuitiko buzoia.
Uzkuitiren jaitsieran ibilbidean topatu nuen lehen elurtegia zeharkatu behar izan nuen. Kontu handiz (elurra oraindik gogorra zegoen eta) zeharkatu eta Salingainen gailurreraino eramango ninduen belar malda gozoa igo nuen.
10:14, Salingain, 1322 metro. Buzoiari argazkia egin eta nire oinak Arrubigañera zuzendu nituen. Hasieran ahalik eta zuzenen joatea pentsatu nuen baina bi mendi hauen arteko bailaratxoan zegoen elurrak atzera egin eta Aoki mendira zuzendu beharrean izan nintzen.
Salingaineko buzoia.
Aokiko gailurrera iritsi gabe, Arrubigañera zuzen hartu nuen. Zati honetan nire eskuinetik 40 metro ingurura, aska batean dagoen iturria utzi nuen, oraingoan elurrez erabat estalia.
Azken metroetan topatu nuen elurtegia eskuinetik ekidinez, Arrubigañe mendiaren gailurrera iritsi nintzen.
10:30, Arrubigañe, 1320 metro. Buzoiari argazkia egin eta Ganbo Txikirako bidea hartu nuen.
Arrubigañeko buzoia, atzean Ganbo Txiki mendia eta honen azpian zegoen elurtegia ikusi daitezke.
Ganbo Txikirako igoeran ere elurtegi bat topatu nuen, baina ez zidan igoera oztopatu, eta ezkerretik inguratuz gailurrera erraz iritsi nintzen.
10:39, Ganbo Txiki, 1377 metro. Hemen ere buzoiari argazkia egin eta Ganborako bidea hartu nuen.
Ganbo Txikiko buzoia, atzean Txindoki ikusi daiteke.
Duela gutxi Ikerrekin hemendik pasata nengoenez, banekien Ganbo Txiki eta Ganboren artean aldapa handiko elurtegi bat zeharkatu beharko nuela, baina banekien ere zeharkaldi honetan ongi zapaldutako arrasto bat zegoela. Konfidantza handiaz zeharkaldiaren hasierara iritsi eta kriston belarrondokoa jaso nuen: elurtegia bertan zegoen, baina arrastoaren arrastorik ez. Elurtegira hurbildu eta elurra oso gogorra zegoela ikusita, zapatilekin bakarrik 45 gradu inguruko aldapadun zeharkaldi horizontala egitea erabat baztertu nuen.
Ganbora nondik pasa begiratzen ari nintzela, nengoen lekutik gertu harkaitz hertzatxo bat Ganboren azpiraino jaisten zela ikusi nuen. Bertara hurbildu eta beheraino elurrik ez zegoela ikusi ondoren, bitan pentsatu gabe, harkaitz ezegonkorretan pisua kontu handiz jarrita, beheraino jaitsi eta hemendik aurrera belarretan gozo-gozo eta poliki-poliki, Ganboren gailurrera iritsi nintzen.
10:50, Ganbo, 1412 metro. Ganboko puntara iristearekin batera haize hotz batek "egunon" esan zidan.
Ganboko buzoia, atzean Txindoki ikusi daiteke.
Haizerako txamarra motxilatik atera, motxilaren gainetin jantzi eta aurrera jarraitu nuen. Ganbo eta Pardarri mendien azpian dauden Menditxiki, Muñotxikieta, Ortzanburu eta Olamuño mendiak igotzea baztertuta, Pardarrirako bide zuzena hartu nuen.
Ganboko buzoiaren beste argazki bat, argazki hau apirilaren 3koa da.
Ganbo eta Pardarriren arteko bideak udan ez dauka inongo zailtasunik eta tarteka erdi izkutuan dagoen bidexka bat jarraitzea besterik ez da. Oraingoan aldiz, bidexka elurtegi handi, gogor eta aldapatsu batek mozten zuen eta, honelakoetan garrantzitsuena arriskurik ez hartzea denez, elurtegia nondik zeharkatu begiratzen hasi nintzen alde batetik eta bestetik.
Elurtegia nondik zeharkatu ikusten ez nuenez, Ganbotik behera jaitsi nintzen zuzen-zuzen (Irazustako lepora joango banintz bezala) eta elurtegia hestutu eta malda galtzen zuen leku batean zeharkatu egin nuen, galdutako metroak errekuperatu eta Pardarriraino doan bidexkarekin berriro ere topo eginez.
Behin bidexkan, inongo zailtasun eta ezustekorik gabe Pardarrira iritsi nintzen.
11:10, Pardarri, 1396 metro. Bertara iritsi, buzoiari argazkia egin eta aurreruntz jarraitu nuen, di-da batean Putreaizko puntara iritsiz.
Pardarriko buzoia.
11:12, Putreaizko punta, 1382 metro. Ganbo eta Pardarriren artean gertatu bezala, hemendik Igaratzara doan ohiko bidea elurtegi batekin oztopatuta topatu nuen.
Putreaizko punta.
Hasieran elurtegiaren ezkerretik jarraitu nuen, baina hainbat metro jaitsi ondoren, inora ez neraman leku batera iritsi eta bidetik erabat desbideratzen ari nintzela ikusi nuen. Harkaitzean egindako trepadatxo batzuen ondoren, harkaitz batzuen gainetik elurtegia zeharkatu eta Igaratzatik datorren igoerako bidearekin bat egin nuen berriro ere.
Putreaizko puntatik behera nindoala Igaratzaino (Errenaga) jarraitzea pentsatu nuen (aukera ona ur gutxi badugu), baina motxilan oraindik litro bat ur nuela ikusita, aukera hau baztertu eta Larraitzetik Igaratzara doan ohiko bideraino jaitsi nintzen. Maldako punta eta Ondartxuri mendiak igotzea baztertuta, Irazustako lepora zuzendu nintzen.
Elurtegi erraz eta ongi zapaldutako batzuk zeharkatu ondoren, Irazustako lepora iritsi, eta hemendik gora doan aldapa gogorra jarraituz, Uarraineko gailurrera igo nintzen.
12:00, Uarrain, 1343 metro. Ikerrekin etorri nintzenean baino askoz frexkoago iritsi nintzen gailurrera, baina onartu beharra daukat oinetan hamar kilometro eskas eta ia 900 metro desnibel gutxiago ere banituela, jejeje. Buzoiari argazkia egin eta Malkorrirako bidea hartu nuen ahalik eta bide zuzenena jarraituz. Honetarako, Uarrain eta Malkorri mendien arteko hertzaren eskuinetik hartu nuen nire ezkerrean Ekialdeko Malkorri bigarren mailako mendia igo gabe utziz.
Uarraingo buzoia.
12:06, Malkorri, 1329 metro. Buzoiari argazkia egin eta Gañetara jarraitu nuen.
Malkorriko buzoia.
Bidean ezinbestean igotzen den Hegoaldeko Urrusti mendia igo (ez nion argazkirik egin) eta azkar-azkar gailurrera iritsi nintzen, ingurune honetako belar gozoaz gozatuz.
12:12, Gañeta, 1324 metro. Buzoiari argazkia egin eta hurrengo mendira zuzendu nintzen, Belekura hain zuzen ere.
Gañetako buzoia.
Belekura iristeko, eta bidetik asko desbideratu behar ez zenez, lehenik Bustia mendia igo (ez nuen argazkirik egin) eta hemendik behera korrika batean bertaraino iritsi nintzen.
12:21, Beleku, 1253 metro. Alde ederrean iritsi nintzen pasa den neguan hemen jasandako hotzarekin alderatuz. Buzoiari argazkia egin eta Kilixketako gailurra miran jarri ondoren, korrika txikian bertararaino "jaitsi" nintzen.
Belekuko buzoia.
12:25, Kilixketa, 1141 metro. Gailurrean dagoen plakari argazkia egin eta gaurko azken medirako bidea hartu nuen: Ausa Gaztelu. Gailurra utzi aurretik ezin izan nuen irrifar bat ekidin neguan hona igo ginenean haizeak Leku lurrera bota zuenekoa gogoratzerakoan.
Kilixketako plaka.
Jaitsieran, hanketan somatzen hasten nintzen nekearen ondorioz puntu pare batean estropuz egin ondoren (horietako batean horkatila okertu nuen baina ez nuen minik hartu), gaurko azken maldaren azpira iritsi nintzen.
Ausa Gazteluko igoera lasai hartzea erabaki nuen, hurrengo egunetarako buruan nituen mendi ibilbideetarako indarrak gordetzeko. Igoeran Karlos lagunari aspaldi jarritako plakari bisitatxoa egin eta "gero arte" baten ondoren gailurrera iritsi nintzen.
12:55, Ausa Gaztelu, 904 metro. Txindokiren ikusmira paregabea duen atalaia honen buzoiari argazkia egin eta Larraitzera zuzendu nintzen, ibilbidearen azken jaitsiera osatzeko.
Ausa Gazteluko buzoia, hemendik dagoen Txindokiren ikusmira ikusgarria da.
Jaitsiera indar guztiak eman gabe egitea erabaki nuen eta indar puntu hori gordeta izateak ematen duen konfidantzarekin, Larraitzera arin-arin eta eroso iritsi nintzen.
13:20, Larraitz, 404 metro. Kotxera iritsi, oraindik soberan nuen ur apurra edan, eta Larraitzeko langaren ondoan Trail estazioa dela eta jarri duten informazio panelari argazkia egin ondoren, kotxean sartu eta bazkaltzeko etxera iritsi nintzen.
Trail estazioa dela eta jarri den informazio panela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina