AZKEN 10 SARRERAK

2019/12/19

LUZE BERRIA ZIORDIAKO ARBARA EKIALDEKO "IRATI" BIDEAN. 2019/12/08


"Irati" bidearen oineko plakatxoa, urteen poderioz zahartzen hasia.


Abenduaren 8an, eguerditik aurrera euria botako zuela jakinda, eskalada azkar bat egiteko asmotan Asier eta biok Ziordiara hurbildu ginen. Honetarako "Irati" aukeratu genuen, Arbara ekialdeko biderik errazena. Bagenekien Antxon Gorrotxategi berak irekitako bideetan garbiketa eta txukuntze lanak egiten ari zela, baina luze berri bat topatzea ez genuen espero. Hau gutxi ez bada, luze berri honetatik gora beste luze bat irekiko ote denaren arrastoak ikusteak poztu gintuen. Irekiko al da? Nork daki...

"Irati" bideak, garbiketa lanetatik aparte aldaketarik ez du izan eta 2015ean irekitako luzeak modu berean eskalatu daitezke. Irekitako luze berria hirugarren bilgunetik gora hasten da.

BIDEAREN KROKIS "BERRIA"

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, luze berria eta bosgarren bilgunera arte egin genuen zeharkaldia.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

OHARRA: "Irati" bidearen ingurukoak kronika honetan azalduta daudenez, luze berrikoak ezik, bide osoaren nondik norako teknikorik ez ditut azalduko.

Nork esango zigun eguerdian euria botako zuela Ziordiako harrobitik irten ginenean. Zerua infinitura arte oskarbi zegoen, haizea baretsu eta tenperatura freskoa, eskalada goiza pasatzeko primerakoa.

Arbara ekialdeko horma egunsentiaren lehen argien eraginpean.


Aurretik eta atzetik inor ez genuela ikusita hurbilketa lasai hartu genuen, udazkenaren koloreekin gozatuz.

Udazken koloreak.


Materiala pazientziaz arnesetik zintzilikatu, inguruko hormei argazki batzuk egin eta, eguneko lehen eguzki izpiek goiko haitzak gorritzearekin batera eskalatzen hasi ginen.

Bidearen lehen metroetan.


- Notatzea bidea garbittu duela - esan zidan Asierrek lehen metroen ondoren - fisurak garbittuta dare ta soka berrin bateo beste daulare esango nuke.

Lehen bilgunean.


Bigarren luzean ere garbiketa lana nabaria zen, baita hirugarren luze itzelean ere, gure uste apalean bidearen luzerik ederrena.

Bigarren luzean.


Hirugarren bilgunean, atzean Ziordiako ezproi ikusgarria. "Irati" bidearen laugarren luzeak Asierren atzean ikusten den belarrezko erlaitz horizontala jarraitzen du harkaitz-plaka inklinatu batera arte.


- Hor goien kordino bat ta parabolt batzuk ikusteie.
- Etzun ba Gorrotxategik barianten bat irikiko? - Erantzun nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Eztakit bat bañan hemendio gora dijola emateo.

Autobabeserako material nahiko eta soberan genuela ikusita eta ziurrenik ongi aseguratua izango zela pentsatuz, luzea eskalatzea erabaki genuen.

- Laugarren luze "berria", 40 metro, IV+. Eguberri egunean Olentzerok zer ekarri duen ohetik jaikitzen den haurraren kuriositate eta ilusio berberarekin eskalatzen hasi nintzen.

Lehen metroak harkaitz-plaka etzan bat eskuineko joerarekin eskalatu nituen, tartean harkaitz-zubi batetik pasatako kordel batean aseguratuz (III+).

Harkaitz-zubitik pasatako kordelaren parean.


Horma hemendik gora tentetu egiten da. Gainean dagoen harlauz nabarmenera zuzendu beharrean eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu nuen, harkaitz-plaka tentean dagoen lehen paraboltera zuzenduz (IV). Tartean, harkaitz-zubi batean zinta-uztai bat pasatuz luzeko bigarren asegurua jarri nuen.

Paraboltera hurbiltzen ari nintzela beste bi ikusi nituen, bata bestetik oso gertu.

- Easngo nuke hemen paso zailen bat datorrela, paraboltak gertugi dare... - Bota nion Asierri badaezpada kontuz ibiltzeko esanez.

Lehen parabolta atzean utzita sabaitxo batera iritsi nintzen. Bertan jarritako beste bi paraboltak jarraituz, sabaia eskuin-ezker zeharkatu (IV) eta honen ezkerretik eskalatzen jarraitu nuen (IV) arrail bertikal batekin topo egin nuen arte. Parabolten arteko pasabideak oin eta eskuentzat helduleku ederrak ditu.

- Joer, ba paraboltak hain gertu eoteko etzait paso zaile iruittu - Bota nion arrailaren azpitik - igual bidea ez galtzeko jarriko zittun.

Arrailaren goiko zatian beste parabolt bat ikusi nuen. Goprutza luzatu eta bertatik express-zinta eta soka pasa ondoren, arrailaren oinera itzuli eta nondik eskalatu begiratzen hasi nintzen.

Arrail bertikala nondik eskalatu begiratzen.


Arrail honetan egindako garbiketa lana ere sekulakoa izan da. Eskuak baino oinak non jarriko nituen ongi aztertu ondoren gorputza altxatu eta arraila azpitik dirudiena baino errazago eskalatu nuen (IV+).

Arrail bertikala azpitik ikusita, paraboltaren kokalekua ikusi daiteke.


"Luzek hortio jarraitzen badu la ostia izangoa" pentsatu nuen arraila eskalatu ondoren parean ikusi nuen bigarren arrail bat ikusterakoan. Bertara hurbildu eta hau ere garbituta zegoela ikusterakoan izugarrizko poza hartu nuen.

Bigarren arraila ez da lehena bezain bertikala eta, heldulekuen aldetik behintzat, oso oparoa da. Ahal izan nuen punturik altuenean friend bat trabatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

Heldulekuak nonahi topatuz eta metroak erraz irabaziz arrailaren amaierara nahi baino lehenago iritsi nintzen. Arrail honen eskalada itzela iruditu zitzaidan, pena luzeagoa ez izatea.

Arraila eskalatuta hormak inklinazioa galdu eta uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera arazorik gabe iritsi nintzen.

Laugarren luze berriaren bilgunea.


Laugarren luze berriaren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita.


Bilgunea muntatu nuenean haizea aldatu eta zerua hodeiez estaltzen hasita zegoela konturatu nintzen. Beriain aldera begiratuz giroa iluntzen zihoala nabaria zen: "eztakit ba bidea busti gabe bukau behar deun...", pentsatu nuen.

Soka jasotzen ari nintzela gora begiratu eta rappel lerroko bigarren rappel puntura iristeko jarritako soka finkoa 10-15 metro eskasera ikusi nuen. Luzeak jarraipenik ez zuela iruditu zitzaidan.

Olazti eta Beriain pixkanaka iluntzen.


- Haure ona, ez?
- Asko gustau zait - erantzun zidan Asierrek bilgunera iritsitakoan - aurreko luzen antzekoa, kuarto mas edo...
- Neire kuarto mas ingurukoa iruittu zait, gehienez kinto, baña eztet uste.

Asier arrail bertikalaren oinean.


- Hortxe rappelak dare - esan nion soka finkoa seinalatuz - baña goitio eztiot luze honi kontinuidadeik ikusten.
- Logikona goitio bukatzea izan beharko zen - erantzun zidan Asierrek - deskuidauzkeo oaindio eztue largoik iriki.

Zer egin ez genekien; rappel lerrora ez genuen zuzendu nahi eta, eguraldia ziztu bizian aldatzen ari zenez, goitik zer topatuko genuen jakin gabe ezkerreko horma eskalatzen hasteak kezkatzen gintuen.

Ezkerrera begiratu eta belarrez estalitako erlaitz estu bat "Irati" bidearen seigarren luzeko harkaitz-plakara zuzentzen zela ikusi genuen.

- Beste bat da hortio jarraitu ta Iratiko azken largotatio ateatzea - proposatu zidan Asierrek.
- Bai, probau dezakeu - erantzun nion.

Asierri soberan nuen materiala ematearekin batera bilgunetik atera zen.

Zeharkaldiaren lehenengo metroak bete ondoren badaezpada friend bat trabatu eta aurrera jarraitu zuen.

- Hemen moztutako adar ta belarrak dare - esan zidan - bidea seguro hemendio dijola.

Zeharkaldiak zailtasun handirik ez duenez metroak erraztasun osoz irabazi zituen.

- Hemen bosgarren reunioa dau!!! -  Oihukatu zidan 20 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren.

Zeharkaldiaren amaieran "Irati" bidearen bosgarren bilgunean. Argazkiaren goiko zatian, borobil gorri baten barruan, gero ikusiko genuen harkaitz-zubi batetik pasatako sokaren kokalekua adierazita dago.


Zeharkaldiaren erdialdean nengoela, Asierrek ikusitako adar eta belar moztuen parean hain zuzen ere, badaezpada gora begiratzen hasi nintzen adarrak goitik moztuak izango ote ziren jakin nahian.

- Goien soka bat puenterroka batetio pasata dau!!! - Bota zidan orduan Asierrek bilgunetik.

Zeharkaldia amaitu eta berak esandako lekura begiratu nuen. Zuhaixka batzuen adarren artean harkaitz-zubi handi batetik pasatako soka urdin bat zegoen.

- Gutxiñez badakigu goitio beste luze bat itteko asmoa daula - esan nion.
- Bai, ze logikaik etzeuken largo zuzen bat iriki gero trabesi bat itteko - erantzun zidan - logikona zuzen jarraitzea zen.

Harkaitz-zubitik pasatako sokaren kokalekua "Irati" bidearen bosgarren bilgunetik ikusita.


Luze berri hau eskalatu ala ez pentsatu ondoren, denborarik ez galtzeko "Irati" ohiko bidetik bukatzea erabaki genuen. Asierrek azken bi luzeak bakarrean eskalatzen zituen bitartean, begi bat heldulekuetan eta bestea eskuineko ezproian eraman zituen, ustezko bosgarren luze berrian parabolt edo bestelakorik ikusi nahian. Irabazten zuen metro bakoitzeko eguraldia pattaltzen eta tenperatura unetik unera geroz eta gehiago jaisten ari zen. Eskalatzen hasi nintzenerako eskuetako behatzak izoztuak eta zerutik tantaren bat erortzen hasita zegoen.

- Hara, hortxe kordino gorri bat!!! - Bota zidan bat batean bilgunetik.

Bilgunera iritsi baino lehen eskuinera bota eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel gorri bat ikusi nuen. Nahiz eta ongi begiratu ez nuen horma osoan besterik ikusi.

- Emateo hemendio beste largo bat ireki nahien dabiltzala - esan zidan.
- Eta ze ingodue Irati bitan banatu? Ze plaka hontako luzek earrak die.
- Eztakit - erantzun zidan - deskuidau ezkeo azpitio bigarren bide independientea irikitzeue.

Erantzunik gabeko galdera eta hausnarketa hauekin guztiekin trasteak jaso eta euri tantek kaskoetan sortutako "plik-plik-plik-plik" hotsen erritmoarekin kotxerako bidea bizi-bizi hartu genuen.

"Irati" "Y" baten moduan bitan banatuko da? Bigarren bide independiente bat irekiko da? Ez dakigu zer gertatuko den, baina ez dugu uste denbora asko pasako denik erantzunik izan gabe.

Arbara ekialdeko hormari azken begirada euripean...



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina