Uhartetik gora galdu egin ginen. Zorionez Uhartetik gora doan porlanezko pista topatu eta azken kilometroak hemendik egin ondoren, San Miguelera gauez eta leher eginda iritsi ginen, denda besoetan eramaten ez zutenek orduko eskuzko linterna handien argia elkarbanatuz. Dena den, garai hartan irekita zegoen aterpeko tximinian su egin eta afaria mundiala egin genuen, txorixo eta hirugihar errea eta asturiar fabada. Ummmm!!! Ze goxoak egun horietan jan genituen kontserba-latetako lekaleak eta esne-kondentsatuan oinarritutako gosariak.
25 urte beranduago mendiak.net web orrian azaldutako ibilbide batek igoera hau errepikatzeko gogoa piztu zidan. Eguberrietako oporrak amaitzear, oporretako azken eguna igoera hau errepikatzeko erreserbatu nuen. Oraingoan, mendian korrikan egiteko motxila arina, bi barratxo energetiko, litro bat ur (plastikozko bi botilatxoetan),100 gramu eskas dituen haizerako txamarra, argazki kamara digitala, beso-erdiak ("mangitoak"), eta eskularruak ziren bizkarrean neraman pisu guztia. A zer nolako aldea duela hogeitabost urte igotako motxilarekin, jejejeje.
SARRERA
San Miguel mendia Euskal Herrian ezinbestean igo beharreko mendia da, ez mendi bezala duen interesagatik, honen inguruan arnasten den historia eta kondairagatik baizik. Bertan, preso, herensuge, goaingeru eta ezpata borroken istorioak bizitzeko aukera izango dugu. Santutegian sartu, txokoren batean eseri eta ixiltasuna sentitu eta entzuteak merezi du. Eguneroko zaratengatik urrun, igoeran pasatako nekeak uxatu eta nolabaiteko pake sentsazioa izango dugu.
Lekunberri nahiz Uhartetik bertara kotxez iritsi daiteke, oinez aldiz, ibilbide asko dira bertara eramaten dutenak, ezagunenak beharbada Uharte eta Baraibarko bideak eta Larraitz nahiz Eniriotik Errenaga eta Guardetxetik pasatuz datorrena.
San Migueleko Santutegia, ederra benetan.
San Miguel mendiaren ipar ekialdean antena eta burdinez "kutsatutako" Artxueta mendia dago, aurrekoa baino altuagoa. San Miguelera igotzen diren mendizale askok ez dira Artxuetara igotzen, bertako ikusmira galduz. Sakanaren gainean atalaia ikusgarria da eta bertatik dugun ikusmira ez dago San Miguelen. Mendi honetara ere, nahi izan ezkero, kotxez igo daiteke.
IBILBIDEA
Ibilbidea Uharte Arakilen hasi eta hemendik gora San Miguelera doan ohiko bidea jarraitu nuen, tartean Amorleku trikuharria bisitatuz. Igoera honetan Otsopasajeko trikuharria bisitatzeko aukera ere badago, baina nik ez nuen topatu, igoeran sufritu nuen haizea dela eta igoeraren amaiera itsu-itsuan igo nuen eta.
San Migueleko Santutegian gorputz eta arimari atsendetxo bat eman eta Artxueta mendia bisitatu nuen. Hasiera batean gailurretik mendebaldera doan gandor zabala jarraitzeko asmoa nuen baina haize boladek ideia hau beste baterako uztea behartu ninduten.
Uhartera itzultzeko "Meatzeko bidea" jarraitu nuen. Honetarako Lekunberrira doan errepidea 15garren kilometroraino jarraitu eta bertatik abiatzen den bide bat jarraituz meatzetako bidearekin bat egin nuen. Jaitsieran, GR-20 ibilbidearen D.4 saihesbidea jarraituz, Luperta trikuharria bisitatzeko ere aprobetsatu nuen.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 17,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Uharte Arakil, 460 metro.
- Punturik altuena: Artxueta, 1343 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1030 metro.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: San Miguelen ura hartu daiteke (taberna eta komunak daude), dena den, komeni da ura eramatea.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka zailtasun berezirik, baina jaitsierako bidean kontu handiz ibili behar da ez galtzeko.
- Eramandako materiala: Ez da material teknikorik behar.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 2 ordu eta 50 minutu atsedenaldiak eta "galduta" ibilitako tarteak kontutan hartuz. Tarte batzuetan korrika txikian aritu nintzen, beraz, ibilbidea oinez egiteko asmoa baduzue kontutan izan.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
10:30. Uharte Arakil, 460 metro. Kotxea herriaren irteerako iturriaren ondoan utzi nuen: "¿Qué? ¿No tienes frío?" Galdetu zidan herritar batek kotxetik galtza motzetan ateratzen nintzela ikusitakoan. "No te preocupes, ya me calentaré ahora bastante" erantzun nion irrifar batekin. Ibilbiderako ekarri nuen arropa guztia jantzi eta herritarraren harridurazko begiradapean martxan jarri nintzen.
Uharteko irteerako iturria eta jarraitutako bidea. San Miguel nahiko goian gelditzen da.
Arakil ibaiaren gaineko harrizko zubia zeharkatu eta eskuinera hartu nuen San Miguelera doan errepidea lasterka jarraituz.
Harrizko zubia zeharkatu eta eskuinera hartuko dugu.
Zamartzeko baselizara doan bidea utzi eta San Miguelera doan porlanezko pistan gora hasi nintzen, nire ezkerrean Aiztondo eskalada eskolako hormak utzita. Aldapa arin-arin hasi nuen gorputza berotu asmoz.
Argazkian Zamartzera doan bidegurutzea ikusi daiteke. Bideak gora doan porlanezko pista jarraitzen du.
Aiztondoko eskalada eskola. Blog honetan bertako "Ainhoa" eta "Clásica Sur" eskalada bideen deskribapenak irakurri ditzazkezue.
Metro batzuk igo ondoren, porlanezko pistaren ezkerrean espaloi antzeko hasten dela ikusiko dugu. Puntu honetan, herritik lehen kilometro pasatxora, San Miguelera doan bidearen hasiera dago.
"Espaloia" hasten den lekua eta bidearen hasiera.
Dena den, badaezpada, metro batzuk aurrerago indikazio poste bat topatu nuen. Duela hogeitabost urte posterik ez zegoen, jejeje.
Indikazio postea.
Porlanezko pista utzita, langa bat zeharkatu, eta bidean gora lokatz artean hasi nintzen. Lehen metro hauek izan ziren ibilbide osoan lokatzik handiena topatu nuen lekua eta zenbait zatitan metroak irabaztea kosta egin zitzaidan. Zati honetan, haizeagatik babesean nengoela aprobetsatuz, atsedentxo bat egin eta lepoko zapia eta haizerako txamarra erantzi nituen.
Hasieran zeharkatu nuen langa.
Lokaztutako lehen metroen amaiera.
Hasierako malda ez da oso gogorra eta pausu motzak eginez korrikan hauspoa berotu gabe egiteko aukera izan nuen harizti batean sartuz.
Uhartetik atera eta kilometro eta erdira gutxi gora behera "harriko zuhaitzara" joateko adierazten duen indikazio postea ikusi nuen. Etxera bueltatzeko presa handirik ez nuenez, bidea alde batera utzi eta zuhaitz berezi hau bisitatzera joan nintzen.
"Harriko zuhaitzera" joateko indikazio postea.
Dirudienez, duela urte batzuk (itsuragatik asko izango dira, jejeje) harkaitz batek zuhaitzaren kontra jo eta ia bota zuen. Baina zuhaitzak kolpea ongi jasan eta, harkaitzaren pisua enborrean duela bizirik darrai. Egun, harkaitza enborraren parte dela dirudi zuhaitz honi xarma berezi bat emanez.
Zuhaitzari argazki batzuk egin, atzera bueltatu eta igoerarekin jarraitu nuen.
"Harriko zuhaitza".
"Harriko zuhaitza" beste ikuspuntu batetik.
Hemendik gora bideak sigi-sagan jarraitzen du, maldak ere gora egiten duenaren seinale. Dena den, nahiz eta malda igo, ez zitzaidan iruditu aldapa oso gogorra zenik eta pausu motzak bata bestearen ondoren eginez korrikan jarraitu nuen hauspoa kontrolatuz.
Bidean gora. Altuera irabazten den ehinean ikusmira ikusgarriagoa bihurtzen da.
Basotik atera nintzenean bideak atsedenaldi bat eman eta korrika arinago egiteko aukera izan nuen bide ondoan dagoen burdinezko San Miguelen irudi batera iritsi arte. Irudi honetara iritsi aurretik, egurrezko indikazio poste batean "Amorleku" trikuharrira joateko bidegurutzea dago. Bitan pentsatu gabe orain arteko bidea utzi eta bidegurutzetik aurrera doan bidexka erdi izkutua hartu nuen.
Amorlekura joateko adierazten duen indikazio postea.
Bidexkak ez du altuerarik galtzen (kontuz bidegurutze berean beheraka doan beste bide bat dago eta) eta 100-150 metro egin ondoren aldapatxo bat igo eta Amorleku trikuharrira iritsi nintzen.
11:10, Amorleku trikuharria, 858 metro. Trikuharri honen Artzabal izena ere hartzen du, izen bereko mendian dago eta.
Amorleku trikuarria.
Trikuarria parez-pare.
Trikuharriek beti zirrara berezi bat sentiarazten naute eta ezinbestean duela milaka urte baso hauetan bizi ziren arbasoek mundua nola ikusiko zuten inguruan pentsatzen hasten naiz. Ez dut pentsatu ere egin nahi trikuharri hauek beraien aurretik mendeetan zenbat pertsona (eta zein ezberdin) pasatzen ikusiko zuten.
Argazki batzuk egin ondoren atzera egin eta bidegurutzera itzuliz San Miguelera doan bidea berriro hartu nuen, bide batez bidegurutzetik metro gutxietara dagoen San Miguelen irudiari argazkiak egiteko aprobetsatuz.
San Miguel irudia bidearen ertzean.
Irudia parez-pare.
Hemendik gora bidearen malda jaitsi egiten da eta korrikan egiteko erraztasun handiagoak ematen ditu. Dena den, haizeak bereak egiten hasi eta metroak nekez irabazten hasi nintzen.
Bidean dagoen zuhaitz adierazgarri bat.
San Miguel geroz eta gertuago...
... Eta Sakana aldiz, geroz eta beherago.
Madalen Haitz eta duela gutxi igo nuen hego-mendebaldeko gandorra.
Hasieran esan ez badut ere, bidean zehar ohikoak dira bidexkak eta bidezidorrak topatzea, baina bide "nagusia" zirudiena jarraituz igotzen joan nintzen. Igoeran Otsopasajeko trikuharria ere bisitatu nahi nuen, baina tamalez ez nuen ikusi. Gero etxean konturatuko nintzen non nahastu nintzen. Nahi izan ezkero itzultzeko aitzakiarik badut jejeje.
Bideak malda galtzen duen leku batean bi indikazio poste topatu nituen.
Indikazio posteak.
Nahi adina aukera ematen duten poste hauetan San Miguelera doan GR-20 bidea (Aralarko itzulia) hartu nuen. Oraindik ez nekien baina jaitsieran bide hau denbora luzean jarraituko nuen.
Indikazio postea gertuago eta jarraitu nuen bidea.
Hemendik aurrera GR arrastoen atzetik hasi nintzen, tarte batean baino gehiagoan Uhartetik datorren porlanezko pistatik gertu pasatuz.
Mugarri eta GR markek bidea adierazten dute.
Porlanezko pista berriro ere zapalduko nuela uste nuenean GR markek bertaraino eraman, zeharkatu eta berriro ere mendian gora eraman ninduten.
Porlanezko pista zeharkatzen den lekuan.
Santutegira iritsi aurreko azken metroak haizearen eraginez oso gogorrak egin zitzaizkidan eta leku batean baino gehiagoan makurtu behar izan nuen haizeari aurre egiteko.
Bidearen azken metroetan.
Azken aldapatxo bat igo eta Santutegia parez-pare azaldu zen.
San Migueleko Santutegia.
11:45, San Miguel, 1237 metro. Haizearengatik ihesi bitan pentsatu gabe lehen aterpea izan zen teilatupeko sarrerara zuzendu nintzen. Motxilatik haizetarako txamarra eta lepoko zapia berriro ere atera eta jantzi egin nituen berotasunik ez galtzeko. Hala ere, haizearengatik erabat babestua ez nengoela ikusita, Santutegiari bisitatxo azkar bat egitea pentsatu nuen, epeltzeaz aparte haizearengatik babestuta atsedentxo bat hartzeko ere.
Santutegira sartu eta bakarrik nengoela ikusi nuen. Txoko batean eseri eta "pake santuan" zerbait jan eta edaten nuen bitartean bertako pake eta isiltasunaz disfrutatzeko tarte bat ere hartu nuen, Santutegian dauden toki esanguratsuak bisitatuz.
Teodosio de Goñik eraman zituen kateak.
San Migueleko erretaula famatua. Duela hogeitabost urte ez zuen babesteko kristalik, baina jakina da orduan erretaularen pieza asko lapurtu zituztela. Zorionez pieza gehienak berreskuratu dira eta tamalez argazkia ez da oso ona.
Santutegiaren sarrera, kanpoan "Santisima Trinidad" baseliza.
Santutegira egindako bisitatxoari amaiera eman eta gorputzaren tenperatura berreskuratuta ibilbidearekin jarraitu nuen.
"Santisima Trinidad" baseliza.
Hurrengo helburua? Artxueta mendira igotzea. Santutegia utzi eta iparraldera doan magaletik jaitsi ondoren San Miguel eta Artxueta arteko Putzuzar lepora jaitsi nintzen.
Putzuzar lepotik gora, Artxuetara doan errepidea jarraitu beharrean EH mendi erronka mendi lasterketaren bide bera jarraitu nuen, baina kontrako norabidearekin.
Putzuzar lepotik Artxuetara igo eta jaisteko jarraitu nuen bidea.
Igoera umoretsu eta arin hasi nuen, baina metroak irabazten nituen ehinean haizearen indarra handituz joan zen. Gailurrera erabat okertuta eta eskuetako behatzak hotzegatik erabat minberatuta iritsi nintzen.
12:00, Artxueta, 1343 metro. Denbora luzerik galdu gabe argazki kamara atera, argazki azkar batzuk egin eta antenen ondoko porlanezko erakinaren hormaren kontra jarri nintzen haizearengatik babestu nahian.
Artxuetako buzoia.
San Miguel eta honen atzean Beriain mendiaren ipar aurpegia.
Madalen Haitz Artxuetatik.
Eskuak zertxobait berotu nituenean, lepoko zapia ahoa, sudurra eta belarriak estaliz jarri, haizerako txamarraren txapela ongi estutu eta porlanezko hormaren babesa utzi nuen berrriro ere haizearen mende geldituz.
Haizeak ez zidan fundamentuzko pausurik ematen uzten eta erdi balantzaka jaisten joan nintzen. Jaitsiera harkaitzen artean doanez, istripurik ez izateko poliki eta kontu handiz egin nuen.
San Miguel eta Beriain jaitsieran.
Putzuzar lepora iristen.
Putzuarreko lepora iritsi nintzenean Lekunberriko norabidea hartu eta errepidean behera hasi nintzen.
Uhartera doan porlanezko pista eta Lekunberrira doan errepidea. Oraingoan bigarren aukera hartu nuen.
Errepidea 15garren kilometrora arte jarraitu behar zela banekienez, beste inongo erreferentziarik hartu gabe korrikan hasi nintzen, hoztutako gorputza berotu asmoz.
Errepidearen ondoan dagoen leizea.
15garren kilometrora iritsi nintzenerako gorputza berriro ere bepela nuen. Bertan, errepidea utzi eta pagadira doan mendi pista bat hartu nuen.
15garren kilometroa eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.
Pistan metro batzuk egin eta eskuinera doan erdi-izkutatutako bidexka bat jarraitzen hasi nintzen. Bidexka ez da oso nabaria eta zuhaitzetan dauden SL arrastoak (zuri eta berdeak) ere erdi ezabatuak daude.
Bidexkan ikusi daiteken erdi-ezabatutako SL arrastoetako bat.
Bideak hasieran maldan behera jotzen du, baina metro batzuen ondoren pixkanaka eskuinera hartu (mendebaldera) eta maldan gora hasi nintzen. Noizik eta behin SL markaren bat ikusten nuenez ez nintzen larritu eta "badirudi bide onetik nijola" animatuz jarraitu nuen.
Bidean topatu nuen hildako zuhaitz adierazgarri bat.
Esan bezala, bideak mendebaldera eramaten ninduen eta momentu batean gehiegi desbideratzen ez ote nintzen pentsatzen ere hasi nintzen: "ez al dit ba Guardaetxera eramango?".
Pagadian aldapa bat igo eta bat-batean pista batera iritsi nintzen.
Bidean ikusi nuen azken SL marka eta pistara eraman ninduen aldapatxoa.
Bitan pentsatu gabe ezkerrera (hego ekialdera hasieran eta hegoaldera ondoren) jo eta pista jarraitu nuen zuzen-zuzen.
Lurrezko pistan.
Ez ziren 200 metro pasako zabalune batera iritsi nintzen arte. Bertan Beriain parez-pare azaldu zen eta gutxi gora behera non nengoen kokatzeko ongi etorri zitzaidan.
Zabalunean egindako argazkia.
Nik uste bezala Uhartetik mendebaldera nengoela ikusi nuen. Zabalunean bidexka bat zegoela ikusi eta hego-ekialdeko norantzarekin jarraitzen hasi nintzen: "txarrenen nunbaiten zuzen jatxiko naiz" pentsatu nuen.
Baina nire zorionerako, bidean 30 metro inguru egin nituenean haritz batean GR arrasto bat ikusi nuen.
GR arrastodun haritza.
"Ze onaaaa!!! Txarrenetik San Migueleko igoeran bide askoen indikazio postera ziur azalduko naizela" pentsatu nuen.
GR arrasto honen atzetik gehiago ikusten hasi nintzen, bide hau ongi adierazita dagoenaren seinale.
Beste arrasto bat eta atzean San Miguel.
GR arrastoen atzetik, bat-batean, beste errepor batzuetatik ezagun egin zitzaidan borda edo aterpe itsurako eraikin batekin topo egin nuen: "Ondooo, ederki nijo". Etxea iritsi eta Aralarko mapan begiratu ondoren leku honen izena Olabarreta dela esango nuke.
Borda edo aterpe itsurako eraikina eta jarraitutako bidea.
Eraikina atzean utzi eta berehala, irakurritako erreporretatik ezagun egin zitzaidan bigarren leku batera iritsi nintzen: basoaren ertzean dagoen ur-putzu artifiziala. Erreporretan ikusitako argazkiak putzuaren ezker ertzetik (jaitsierako bidean) eginak zeudenez, bitan pentsatu gabe ezker ertzetik aurrera jarraitu nuen. Baina metro batzuen ondoren konturatu nintzen GR arrastorik inon ez zegoela, beraz, putzura itzuli eta eskuin ertzera pasa nintzen.
Putzuaren ezker ertzetik egindako argazkia eta jarraitu beharreko bidea.
Eskuin ertzera iritsi bezain pronto zuhaitz batean GR arrasto bat topatu nuen: "Biennnnn!!!!". Hemendik gora doan erdi izkututako bidexka bat jarraitzen hasi eta 30-40 metro egin ondoren zabalune batera iritsi eta GR arrasto gehiagorik ez zegoela ikusi nuen: "Ze Kristo? Ez al naiz ba oain hemen galduko?" Pentsatu nuen.
Ur-putzura itzuli eta GR arrastoa duen zuhaitzaren inguruan beste arrastorik ez zegoela ikusita, putzutik behera doan mahuka eta errekatxoa ikusi eta "ba bakarrik hemendik behera jutea falta zait" pentsatu ondoren errekatxoan behera hasi nintzen.
A zer nolako lasaitasuna hartu nuen GR arrasto bat ikusi nuenean, jejeje.
Ur putzutik aurrera jarraitu behar den bidea. Argazkian GR arrastodun zuhaitza ikusi daiteke.
Errekatxoan metro batzuk egin ondoren (ez dakit garai euritsuetan zenbat ur eramango duen) GR arrastoek ezkerrera doan bidexka batera eraman ninduten eta metro batzuetan lasterketa egin ondoren bidexka zabaltzen joan zen.
Atzera begirada bidexka bide zabalagoa bihurtzen den lekuan.
Hemendik behera, bide hau jararituta ez nuen aparteko zailtasunik izan eta, galtzeko arriskurik ere ez duenez, lasterka egin nuen.
Bidea nabaria da.
Ur putzua utzi nuenetik 5-6 minutuetara gutxi gora behera Luperta izeneko indikazio postera iritsi eta ordurarte jarraitutako GR bidea GR-20 bidea (Aralarko itzulia) zela ikusi nuen, baita hemendik Uhartera eramango ninduena GR beraren D.4 saihesbidea zela ere.
Lupertako indikazio postea.
Postea gertuago...
Indikazio postea atzean utzi eta metro gutxietara bigarren indikazio poste bat topatu nuen. Bigarren honek Lupertako trikuharrira joateko bidegurutzea adierazten zuenez, bitan pentsatu gabe GR bidea utzi eta trikuharrira eramaten duen bidea hartu nuen.
Lupertako trikuarrira joateko indikazio postea.
Bideak ez du altuera handirik hartzen baina trikuharria nik uste baino urrutiago zegoela iruditu zitzaidan. Berriro ere erdi-galduta nengoela uste nuenean nire aurrean trikuharriaren datuak dituen plaka azaldu zen, eta honen ondoan, erdi estalia dagoen Lupertako trikuharria.
Lupertako plaka.
12:50, Lupertako trikuharria, 870 metro. Trikuharri hau ez da Amorleku trikuharria bezain polita, baina honek ere bere majia badauka. Bigarren trikuharri hau ikusita konturatu nintzen biek ekialdeko orientazioa dutela, eliza eta baselizen aldare nagusiekin gertatzen den moduan. Ez dakit orientazio hau orokorra izango den, hala bada, mendian orientatzeko modu berri bat ikasi dut.
Lupertako trikuarria.
Trikuharriari argazki batzuk egin, orain soberan nuen arropa kentzeko aprobetsatu eta atzera buelta egin nuen berriro ere GR bidearekin bat eginez.
Metroak jaisten nituen ehinean bidea gehiago zabalduz joan zen galtzada baten itsurakoa hartu arte. Korrikan jaisteko ez da oso bide erosoa, harri aske pila ditu eta, eta aurrera begira baino lurrera begira pasatu nuen denbora luzean.
Berriro ere bidean.
Bat-batean GR arrastoek 90 graduetako bihurgunea egin eta orain arteko bidea utzi behar izan nuen basoan sartzen zen bidexka batean sartuz.
Bidegurutzea.
Hasieran harritu ninduen GR bide batek horren bidexka estua jarraitzea, baina metro batzuetan jarraitu, bidexka zabaldu eta langa batekin topo egin nuenean nire susmoak desagertu egin ziren.
Langa.
Langatik behera bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta inongo eragozpenik gabe errepide batera iritsi nintzen.
Errepidera iristen.
Eta behin errepidean, berau jarraitu besterik ez nuen egin, pixkanaka Uhartera itzuliz.
Errepidean.
Atzera begirada.
Hala ere, abenturatxo honen amaiera emozio handirik gabe joaten ari zenez, nire inkontzienteak emozio ukitua izan behar zuela erabaki zuen, jejejeje. Honela, hesirik ez zuen zelai baten ondoan GR arrasto bat ikusi eta bidea zelaian barrena zihoala pentsatu nuenean, bitan pentsatu gabe, errepidea utzi eta zelaian sartu nintzen. Zelaiaren amaierara iritsi eta irtenbiderik ez zegoela ikusi nuen. Egia esan beharra badaukat ez nuen inon GR arrastorik ere topatu.
Zer egin ez nekiela, GR arrasto baten bila zelaiaren inguruan buelta bat eman eta, inondik inora hemendik ateratzerik ez zegoela ikusi nuenean, errepidera itzuli eta errepidean aurrera jarraitu nuen. Ibilitako buelta hauek argi ikusiko dituzue ibilbidea ikusten duzuenean, jejeje.
Amaieran nahastu ninduen GR arrastoa. Zelaian hesi "birtuala" egin dut hemendik ez sartzeko jejeje.
Dagoeneko nekatzen hasita, GR arrasto berri bat ikusi nuenerako ez nituen metro asko egin.
Errepidea jarraituz, aldapa nabari baten azpian (goian baserri bat dago) eskuinera doan lurrezko pista bat hartu nuen.
Lurrezko pista hartu nuen bidegurutzea.
Lurrezko pistan atzera begirada. Miurak hartutako zuhaitza ikusi daiteke.
Eta lurrezko pista atzean utzi ondoren, ttirri-ttarra abiapuntura iritsi nintzen.
Uhartera doan errepidera iristen.
Azken metroak Uharteko zubira arte.
Kotxera 13:20etan iritsi nintzen. Ibilbidea, kilometroak eta metatutako desnibel positiboa kontutan izanda, uste baino nekatu eta beranduago bukatu nuen, pentsatzen dut haizearekin izandako borroka gogorra eta pasatako hotzak honetan eragin handia izango zuela, hidratazio eta elikadura denbora osoan nahiko kontrolatuak eraman nituen eta. Egun guzitak ez dira berdinak izaten, baina hala ere ibilbide ederra egin nuen sentsazioarekin amaitu nuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina