AZKEN 10 SARRERAK

2016/07/08

TRIKUTRAIL 2016, BASO-MAGIAREN ERDIAN MURGILDUTAKO LASTERKETA, 2016/06/26

Urtearen hasieratik Trikutrail lasterketan parte hartzeko aukera buruan nenbilen. Marimurumendiri begira entrenamendu ona izan zitekeen, baina egia esan lasterketak dituen kilometro eta metatutako desnibel positiboaren gainetik erreferentziarik ez nuen eta Lizarrustitik gora doan malda bakarrik ezagutzen nuen. Hala ere azkenean, eta batez ere Ikerren lankidea den Aitorrek egindako propagandatik kutsatuta (jejeje), anaia eta bion izenak eman nituen.

EH mendi erronkaren ondorengo bi asteetan gorputza nekatuta sentitu nuen, erabat errekuperatu gabe bezala. Nahiz eta hankak indartsu sentitu, hauspoa ez zihoan ondo eta lehenengo korrika saioak neke sentsazioarekin amaitu nituen. Hau ikusita, aurretik nituen entrenamenduen intentsitatea jaitsi eta lehentasuna gorputza errekuperatzeari eman nion, Trikutrail lasterketara ahalik eta deskantsatuen iristeko, hau da, kirolarien hizkuntzan, ematen "omen" den super-konpentsazio efektuaren esperantzan, nahiz eta ezer berezirik ez nabaritu jejejeje.

Lasterketa aurreko astea lasai hartu arren, azken egunetan urduri jarri nintzen: Noiz jan eta edan jakiteko prestatzen dudan taulatxoa egiteko lasterketaren web orrian sartu eta bertako profilean eta deskribapenean anoa postuak eta malda gogorrak zein kilometroetan zeuden ez nuen topatu: “lasai” esan zidan Ikerrek, “Natxok esateo bi malda gogor bakarrik darela, Lizarrustikoa ta helmuga baño lehen”.

Taulatxorik gabe “galduta” Erlaitz-Aiako Harriak lasterketan jan eta edan nuena erreferentzia bezala hartu eta, alde batetik, gainean eramango nuen janaria eskasa, eta bestaldetik, iragarritako eguna beroa ez zela izango ikusita, lasterketa motxilarik gabe egitea erabaki nuen. Nahiz eta zehazki zein kilometroetan zeuden jakin ez, gutxi gora behera 4 kilometrotik 4 kilometrora anoa postu bat izango nuela ikusita hidratazio faltarik ez nuen izango, eta bide batez, anoa postuetan hidratatzeko bakarrik geldituko nintzen geldialdiak motzagoak eginez. Denborari dagokionez, bi ordu eta erdi eta hiru orduren artean amaitzeko moduan izango nintzela pentsatu nuen.

Larunbatean goizean goiz jaiki, 10 km lasai-lasai korrika egin eta eguna Eginon familian eskalatzen pasa eta glukogeno biltegien "betetzea" parean topatutako urdaiazpiko, txorixo eta saltxitxoiak janez egin nuen, dietistek gomendatzen duten moduan, jejeje.

Larunbatean Eginon jasandako langarrak eta EH mendi erronkako lokatzekin pasatako estuasunak gogoan, takodun zapatilak hartu, goizeko zazpi eta erdietan Iker jaso eta Etxarriko bidea hartu genuen.

Haur ginela Etxarri Aranaz herri eta inguruetara askotan joaten ginen. Lizarragako mendatera egun pasa joaten ginenean, orduan herrian dagoen supermerkatu bakarrean gelditu eta txistorra edota gazta erosten genuen. Hala ere aitortu beharra daukat Etxarrira joaten ginen gehienetan nafarrei onddoak “lapurtzeko” izaten zela, jejeje. Etxarrin izan ginen azkenekoan Lekuren “Monozikloz herrira” proiektuaren barruan Ordiziako Herriko tabernatik Iruñako Herriko tabernara euskal presoen hurbilketaren alde egindako monoziklo-ibilaldian izan zen. Buffffff!!! A ze nolako kazkabarrak sufritu zituen Lekuk egun hartan!!!!

Etxarriko kanpinera uste baino goizago iritsi ginen. Dortsala jaso eta, komunera hainbat joan etorri egiten nituen bitartean (urduritasuna hesteetatik uxatuko balitz bezala, jejejeje) kanpineko plaza lasterkariekin betetzen joan zen. Eguraldiaren aldetik kexarik ez, lainotu xamar eta tenperatura fresko antzean, korrika egiteko primerakoa.

“Hombreee, oain bai, zu zea Sakanako Ikerren lankidea ezta?” Galdetu nion Aitorri Ikerrek elkar aurkeztu gintuenean. Aitorrek lasterketaren nondik norakoak azaldu zizkidan: “Hasieran kilometro batzuk korrika egitekoak, gero Lizarrustirako igoera ez da gogorra baina bai konstantea, hemendik aurrera malda gogor bat eta gero, jaitsiera tekniko baten ondoren, 16garren kilometroan gutxi gora behera, lasterketaren aldaparik gogorrena. Amaitzeko beste jaitsiera tekniko bat eta azken kilometroak indartsu izan ezkero korrika azkarrean egin eta denbora irabaztekoak”. “Ordun, bazpare Lizarrusti arte indarrak ederki gorde beharkoittut” erantzun nion.

Natxoren zain geundela Iñigo “Tzantzi” lasterkari ordiziarra azaldu eta berak ere Lizarrusti eta azkeneko malden gogortasunaz ohartu zidan: "iaz kanpin arteko azken kilometrok kriston luzek inzitzaizkiten" esan zidan. Bere bigarren Trikutrail lasterketa zen eta, ni bezala, Marimurumendiri begira entrenamendu moduan hartuko zuen, hasiera lasaia egin eta, Lizarrustitik aurrera indartsu izan ezkero, martxa arinduz.

Lasterketa hasi baino hogei minutu lehenago Natxo eta Erikarekin solasalditxoa izateko aukera izan genuen. Natxo aurten oso indartsu dabil eta iazko denbora jaisteko helburua zuen: “gañea iaz lau kilometro ingurun galduta ibili zen” esan zigun Erikak. “Joer ba galduta ibiltzeko kriston denbora intzuen” erantzun nion iaz 2 ordu eta hamasei minutuetan amaitu zuela esan zigunean.

Irteera puntura joan aurretik Ikerri barratxo bat eman eta Lizarrustin barratxoaren trukean beso-erdiak emango nizkiola esan nion. Lasterketa hasi baino bost minutu eskas lehenago irteera puntura zuzendu ginen: Iñigo eta biok atzekaldera eta Natxo “profesionalen” gunera, jejejeje.

Atzera kontu motz baten ondoren, goizeko bederatzietan lasterketa martxan jarri zen. Iker eta Erikari “gero arteee!!!” bat oihukatu eta kanpina ziztu bizian utzi genuen.

Etxarriko kanpinetik ateratzen. Non nago? Jejeje. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago.


Aitorrek esan moduan, lehen kilometroak haur ginela onddoak jasotzen genituen hariztian egin genituen. Luzera honetako lasterketetan ohikoa omen den moduan kilometro hauek azkar joan ziren eta, nahiz eta pixkanaka atzean gelditzen joan, burua hotz eta bihotz taupadak muga batean eramatea behartu nituen, hauspoa indartu gabe.

Lehen kilometroetan korrikan. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago.


Haritzak pagoari paso eman zionean dagoeneko desiratzen nengoen lehen maldak iritsi, eta lehen aldiz oinez hasi ginen. Lasterketa oraingoz ondo zihoan, sentsazio onekin, baso-magiaren erdian murgilduta.

Maldak gora jotzen zuen heinean lasterkari batzuk aurreratzen joan nintzen. Lehen anoa postura Iñigorekin batera iritsi eta hemendik Lizarrustira maldan gora nik eta maldan behera berak aurrea hartuz joan ginen.

Lizarrustiko bidean. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago.


Lizarrustira iritsi baino kilometro batzuk lehenago EH mendi erronkatik ezagun egin zitzaidan lasterkari baten atzetik egin nituen: oraingoan, orduan Irumugarrietako igoeran gertatu zen moduan, Maiteren atzetik tarte luzean joan eta Lizarrustitik gertu geundela aurreratu egin nuen. Kuriosoa da lasterketetan parte hartzen joaten zaren heinean zenbat aurpegi ezagun ikusten diren.

Lizarrustira iristen. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago.


Lizarrustira ordu eta laurdenean iritsi nintzen: “Zemuz?” Galdetu zidaten Iker eta Erikak: “Oaingoz oso ondo” erantzun nien. “Natxo ze? Tiro modun pasako zan” esan nion Erikari. “Ba bai, nahiko aurren zijon” erantzun zidan. Anoa postuan bi baso ur azkar-azkar edan, Ikerri beso-erdiak eman eta berak emandako barratxoa ahoan nuela agurtu nituen.

Lizarrustiko anoa postuan, atzean Maite ikusi daiteke..


Sentsazio onak aprobetxatuz hemendik gora abiadura puntu bat gehiago igo nuen.

Lizarrustitik gorako lehen metroetan zoriontsu.


Igoera, maldagatik baino zuen lokatzagatik gogorragoa egin zitzaidan eta zenbait lekuetan metroak lurreko belar edota pagoen enborrei helduta irabazi behar izan nituen. Tartean jota zihoan lasterkariren bat edo beste ere aurreratu nuen, hau ere ohikoa bihurtzen ari den moduan: “hamar kilometron faltan hola badare, buffff!!!”

Taupadak koxka berritik igo gabe mantenduz maldaren amaierara iritsi eta maldan behera, pagoen artean, korrikan hasi nintzen. Bat-batean nire atzean kolpe bat entzun eta botilatxo batek aurreratu ninduen. Atzera begiratu eta lasterkari bat luze lurrean erorita ikusi nuen. Ondoan geunden bi korrikalari hurbildu eta "¿Todo bien?" Galdetu genion. "Gracias, tranquilos he caído en blando y no ha pasado nada" erantzun zigun. Jaikitzen lagundu eta dena ongi zegoela ikusita aurrera jarraitu genuen.

Erorketatik aurrera zati batean maldatxoak igo eta jaisten pasa ondoren, lokatzagatik “ezeroso” zegoen malda aldapatsu bat jaitsi eta mendiaren zulo batean dagoen Iraigorri anoa postura iritsi nintzen. Bertan, hidratatzeko denbora hartu eta erlojuak 16garren kilometroa eta hemendik gora malda nahiko potentea hasten zela ikusita “hemen hastea lasterketako malda potentea?” Galdetu nien anoa postuko boluntarioei. “Bai” erantzun zidaten, “kilometro inguruko malda izangozu”.

Ia bere osotasunean azukrea duen barratxo bat motxilatik atera eta maldan gora arnasestuka jaten hasi nintzen. Zenbat kostatzen den martxan ari zarela barratxo bat jatea!!!! Barratxoa hala-nola jan eta hemendik aurrera nuen guztia ematea pentsatu nuen: “5 kilometro faltan enaiz hilda iritsiko, jeje”.

Pultsometroa begiratu gabe, hortzak estututa, azken malda hau lasterkariak bata bestearen atzetik aurreratuz igo nuen. Maldaren amaierara iritsi nintzenean azkeneko ur basoak edan eta maldan behera bizi-bizi hasi nintzen Aitorrek esandako azken kilometroetarako indarrak gordez.

Maldan beherako tartea amaitzear. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago. 


Malda amaitu zenean hankei frenoa erabat kendu eta pausoak luzatuz beste lasterkari batzuk aurreratu nituen, inguruetan egun pasa zeuden mendizale eta haurrek animoek emandako indarraz bultzatuta. Ibilbidearen azken kilometroa uste edo nahi baino lehenago iritsi zen: “benga Smithy, egurreeeee!!!!” animatu eta konturatzerako Kanpinera bi ordu eta hogeita zortzi minutuetan iritsi nintzen Iker eta Erikaren animoen artean.

Helmuga zeharkatzen oso zoriontsu. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago.


“Zemuz?” Galdetu zidan Ikerrek. “Oso ondo, indarrez, nijon bezela pena helmuga urrutixeago ez egotea, jejejeje”, erantzun nion. “Natxo zemuz?”, “Bi ordu eta lau ustet” erantzun zidan Ikerrek, “buffff!!! Makinon!!!”. “Ta Iñigo?”, “Oaindio ezta sartu” Ikerrek, “Ba Lizarrustiko postun nire aurretio zijon ta eztet uste pasau detenik” erantzun nion. Hizketan ari ginela Aitor azaldu zen: “zemuzkoa iruittu zaizu? Hau izaten da gure entrenatzeko lekua”, “Oso politte, hau udazkenen ikusgarrie izangoa” erantzun nion. “Zu zemuz?” Galdetu nion, “ongi” erantzun zidan. Aitorrekin hizketan ari ginela Iñigo azaldu zen: “Zemuz junda?” Galdetu nion, “Oso ondo, iaz baño hogei minutu gutxigo” erantzun zidan oso zoriontsu. Iñigoren esanetan, dirudienez Lizarrustiko anoa postutik lehenago irten nintzen, baina honetaz ez nintzen konturatu ere egin.

Mazedonia gozo, frexko eta goxoa jan, bizia ematen duen dutxa hartu eta helmugara itzuli nintzen, Iker, Erika eta Natxo zeuden tokira: “Zemuz Natxo?” Galdetu nion “Ondo” erantzun zidan umil, “joe ondo!!! Makinon!!!”. Hamar minutu inguruko solasalditxoaren ondoren Erika eta Natxo agurtu eta etxerako bidea hartu genuen, egindako denboragatik baino amaitutako sentsazio onengatik zoriontsu. Gauza handia da lasterketa baten ondoren etxera leher eginda egon gabe iristea.

Merezitako dutxaren ondoren anaia eta biok Natxo eta Erikarekin hizketan. Baina non? Jejeje. Argazkia festak.com  web orritik hartua dago.


Lehen Trikutrail lasterketa izan da baina ez dut uste azkenekoa izango denik. Ibilbidea ederra iruditu zitzaidan, ia denbora osoan itzalpean eta basoak duen hezetasun usainagatik bilduta. Anoa postuen kokalekua oso ona eta boluntarioen lana ere azpimarratzekoa. Iradokizun moduan, lasterketa iraila-urrian izango balitz, basoak urre eta gorri kolorearekin janzten direnean, ikusgarriagoa izango litzateke.

Amaitzeko, ibilbidea deskargatu nahi baduzue...




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina