AZKEN 10 SARRERAK

2016/10/11

GORBEIA SUZIEN 2016: NOIZ DA HURRENGOA? 2016/10/01

Ihaz Gorbeia Suzien lasterketan izena emateko aukera eta zortea izan nuen: "erotuta zare, hor kriston ostin jutedie", "kriston gogorra da", "ez bazea a tope entrenatzen etzea denboratan sartuko"... bezalakoak entzun behar izan nituen. Horrenbeste animo eta komentario "positiboek" lasterketa horretan lekuz kanpo egongo nintzela pentsatzea ere eraman ninduten. Azkenean uda horretan zurda batean izan nuen lesio bati "eskerrak" ezin izan nuen parterik hartu eta nolabait ere lasaitu nintzela onartu beharra daukat: "zer egiten zuen txito batek oilarren arteko borroka batean?"

Komentario "positiboei" kasurik egin gabe aurten bigarrenez izena emateko zortea izan nuen, eta eskerrak, bi ordu eskasean dortsal guztiak amaitu ziren eta!!!!! Oraingoan anaiaren izena ere eman nuen nahiz eta zalantzaz betea izan. Aspalditik arrastaka daraman bizkar eta eskuin hankako lesioak atsekabetuta duen arren, lasterketa egunerako 31 kilometro korrikan egiteko moduan izango zela sinestarazi nion.

2016ko Gorbeia Suzien lasterketaren profila.


Ihazko komentarioak "positiboen" itzuli zirenean (beti dago gogorazten dituen lagun "jatorren" bat), 2015eko lasterketan korrikalariek betetako denborak begiratzen hasi nintzen, atzetik aurrera noski, lasterkari "afizionatuok" ez baitugu aurretik atzera doazen denborak erreferentzi bezala hartzeko luxurik, jejeje. Azken klasifikatua lasterketa ia zazpi orduetan amaitu zuela irakurri eta, Ikerrekin udan zehar egindako ibilaldien luzera, desnibel eta denborak kontutan izanda, lasterketa gure esku zegoela argi ikusi nuen: "nik ustet asko estutube sei ordutan errez ingo deula, ta deskuidauezkeo bost ordu t'erdi ta seien arten ibiliko gea" esan nion anaiari. Gainera antolatzaileek lasterketa amaitzeko epea sei ordu eta erdietan ipini zutela irakurri nuenean erabat lasaitu nintzen: "ta gañea denbora barrun eongo gea". Hau dela eta, lasterketan ibiliko ginen denboren erreferentziarako egin nuen taulatxoan, "badaezpada" bost ordu eta erdietan amaitzeko denborak kalkulatu nituen, jejeje.

Lasterketarako egindako taulatxoa.


Lasterketa baino astebete lehenago "Ordizia Trail" bezala izendatu genuen ibilaldia bete genuen. Ikerren kasuan, Beasainen etxerako bidea hartu arren, sei ordu eta erdietan 42 km eta metatutako 2.400 metro positibo egin, eta garrantzitsuena, nahiz eta ibilbidearen hasieran molestiak izan, sentsazio onekin amaitu zuen: "pentsa datorren asten ia desnibel beakin hamar kilometro gutxigo ingoittuzula" esan nion animatzeko. Hala ere bera ez zegoen oso positibo, gainera ihaz G2H lasterketan parte hartu genuenetik lasterketarik korritu gabe zegoen, eta honek ere asko urduritzen zuen.

Lasterketa aurreko egunetan antolakuntzaren hainbat ohar eta mezu jaso genituen, horien artean iragarritako eguraldia zela eta derrigorrez euritarako txamarra eraman beharko genuela eta, azken hau kuriosoa iruditu zitzaidan, haurtzaindegi zerbitzua ere bazegoela: "joer, haurtzaindegi zerbitzue badau ziur lasterketa kriston ondo antolauta daula" pentsatu nuen.

Lasterketa eguna ilun esnatu eta etxetik goiz eta euripean atera ginen: "buffff, hau da egualdie, han hola badau hobe kotxen gelditzen bagea" esan zidan Ikerrek. Ordizian zegoen eguraldia ikusita Nafarroa Xtrem-en pasatakoak burura itzuli eta hotzikara batek alderik alde zeharkatu ninduen: "gaurko ebi fiñe emanda dau, eztet uste hemen bezela ingounik" izan zen nire erantzuna, ez dakit Ikerri edo nire buruari egindakoa.

Gure ezuste eta zorionerako Zeanurira iritsi ginenean ez zuen euririk ari eta kotxetik animoso atera ondoren herriko frontoira dortsala jasotzera zuzendu ginen.

Frontoian sartu eta Finalgon, Reflex eta bestelako ukenduen lurrun eta usainek sudur-zuloak berehala ireki zizkiguten. Panorama, betikoa: korrikalari batzuk luzaketak egiten, beste batzuk, pelotarien eskuen moduan, esparadrapo eta benda itsaskorren pusketaz oinak estaltzen eta, "ausartenak", frontoiaren kanpoan kalean gora eta behera korrikan. Guk gurera, dutxetarako motxila utzi aurretik barratxo bat jan eta hidratatzen aritu ginen inguruko "ikuskizun xelebreaz" gozatuz, tren bati begiratzen dioten behien moduan, jejeje. Nahiz eta hasieran zalantzak izan, makuluak hartzea erabaki genuen bakarren bati zenbait lekuetan lokatz handia zegoela entzun genion eta.

Lasterketa hasi baino ordulaurden lehenago kontrol gunea pasatu eta irteerara hurbildu ginen: "oain arte ikasi deten gauzetako bat irteeran atzen jarrizkeo kriston tapoiak itten diela da" esan nion anaiari. Denek gauza bera pentsatuko balute bezala, irtetzeko ordua iristen zen heinean lasterkariak ahalik eta aurrerago pilatuz joan ziren eta bakarren baten "bultzadatxoren" bat ere jasan behar izan genuen: "joer jendea, lotsaipe bultzatzedue aurrea juteko" esan zidan anaiak.

Aurten lasterketa Espainiako txapelketarako balio zuela nabaria zen, inguruko lasterkari on eta ezagunak hurbildu ziren eta: Jokin Lizeaga (gure maisua, jejeje), Andrea Gil, Luis Alberto Hernando, Aritz Egea, Aitziber Ibarbia, Maria Zorroza, Hassan Ait Chaou,  Javi Dominguez, etab. Lasterkari profesional hauen guztien "errosarioa" (jejeje) aurkeztu eta, goizeko bederatzietan, elizaren kanpai-hotsarekin batera, martxan jarri ginen.

Irteeran: non gaude? Jejeje. Argazkia festak.com web orritik hartua dago.


"Kontuz lehen kilometrok ostia bizin jungo die ta" esan nion anaiari. Esan eta izan, lehen bi kilometroak, herri ingurutik hasieran eta pista batetik gora ondoren, azkar joan ziren. Ikerri zeharka begiratu eta minez zihoala iruditu zitzaidan: "zemuz?", "ba iztarretio gaizki" erantzun zidan. Korrikan egiteari utzi eta oinez hasi nintzen, normalean poliki hasten garenean Ikerrek ongi amaitzen duela jakinda: "presik eztaukeu, guk in nahi deun denboran bukatzeko hola junda nahiko deula esango nuke" esan nion. Oinez hasi bezain pronto lasterkariak alde batetik eta bestetik aurreratu gintuzten: "joer, hau da ostie dijoztena" esan zidan Ikerrek. "Lasai, ziur bakarren bat bukau baño len pasako deula" lasaitu nuen.

Porlanezko errepidea utzi eta mendian hastearekin batera lehen aldiz korrika txikian gozatzeko aukera izan eta Ikerren aurpegia hobetzen zela ikusteak lasaitu ninduen. Ordura arte makuluak erabiltzeko aukerarik ez genuen izan baina hirugarren kilometroa atzean utzi genuenean ederki etorri zitzaizkigun, bat batean pinudi baten ondoan lokaztutako malda bat azaldu zen eta: "Ehhhh, ¡Qué pasaaa!" Entzun nuen nire ondoan. Ahotsa zetorren lekura begiratu eta Nafarroa Xtrem lasterketan batera ibili nintzen Juan eta Imanol ikusi nituen: "Ay la ostiaaa, ¿vosotros también aquí?" Esan nion Juani. Imanol gure parean jarri eta 22 km-etako lasterketan parte hartzen ari zirela esan zidan. Minutu batzuetan Nafarroa Xtrem-en pasatakoak eta lasterketa amaitzeagatik zoriondu ondoren, Hiru Haundiak ibilbidera arte agurtu eta gu baino martxa arinagoarekin jarraitu zuten.

Imanolekin izan ginen tartean. Argazkia festak.com web orritik hartua dago.


"Territorio Mutant!!!" Oihukatu zidan Ikerrek lokatzetarako erabiltzen ditugun takodun zapatilei erreferentzia eginez. Makuluen laguntzarekin "4X4" martxa jarrita (jejeje) esfortzu handirik egin gabe makulurik gabe nekez eta irrist eginez igotzen ziren korrikalariak pasatzen hasi ginen: "ustet bastoiena gaurko erabakik onena izan dela" esan zidan Ikerrek makuluak erakutsiz, "dudaik pe". Korrikalariak aurreratzen genituenean zeharka dortsalaren koloreari begiratzen genion, dortsala urdin kolorekoa (lasterketa motzekoa) bazen txarra, dortsala laranja kolorekoa (lasterketa luzekoa) zenean aldiz, elkarri irrifar maltzur bat botatzen genion, jejeje.

Malda motz eta gogor hau igo ondoren bidea arantzadun bi hesien artean zihoan lokazti bigun eta estu batean bihurtu zen, korrikalariak pilatuz. Eskaladan erabilitako "tximinia estiloa" praktikan jarriz (zerbaitetarako balioko du ba eskalatzera joateak, jejeje) oinak ireki eta bidexkaren alde bakoitzean jarrita metroak poliki-poliki irabazten joan ginen.  Zati hau atseden hartzeko ederki etorri zitzaigun, kotxe ilara baten moduan metroak oso poliki irabazi genituen eta.

Baina gure baitan beste itzal bat handitzen hasi zen: "a ver si llegamos al corte de Gorbea" esan zuen gure atzetik zetorren korrikalari batek. Gorbeiara nahiz eta bi ordu eta erdietan iritsiko ginela aurrikusita izan, lokaztitik atera eta lehen anoa postura iritsi ginenean ia hogeita bost minutuetako atzerapenarekin gindoazela ikusi nuen: "ufff, beste pilaketan bat badau larri ibiliko gea" esan nion anaiari. "Lasai, kontrolerako epea hiru ordu t'erdietara luzatu dute eta" esan zigun anoa postuan zegoen korrikalari batek.

Gorbeiara denboren barruan erraz iritsiko ginela ikusita lasterketa lasai hartu genuen, maldan gora makuluen laguntzarekin arin eta zelaian eta maldan behera korrika txikian eginez, inongo momentuan hauspoa berotu gabe. Anoa postuetan hidratatu eta jateko denbora lasaitasunez hartuz joan ginen boluntarioekin hitz eginez.

Lasterketaren beste puntu batean umoretsu. Izugarri gozatu genuen. Argazkia Ezaballa Goes-ek egina da.


Ibilbidean ez dakit zenbat tontor eta buzoi pasatu genituen baina bideaz ederki gozatzen ari ginen: kontuz ibili beharreko ertzak, jaitsiera teknikoak, igoera gogorrak... Zinera lehen aldiz joandako bi haurren moduan inguruari begirik kendu gabe gindoazen, guretzat berriak ziren paraje hauen edertasunaz txundituta. Hasieran azkarregi hasi eta pilak amaitzen hasitako korrikalari batzuk ere pasatu eta bakarren baten harridurazko begirada ere "jasan" genuen, "lasai-lasai", estutu gabe hizketan gindoazen eta.

Kontu kontari ari ginela, eta ia konturatu gabe, malda luze bat igo eta lanbro artean Gorbeiako gurutzea azaldu zen: "zenbat denbora damakiu?" Galdetu zidan anaiak "2 ordu ta berrogeita zortzi minutu" erantzun nion. "Ondo, ez?", "De puta madre". Gorbeiara igotzen nintzen bigarren aldia zen (Ikerren lehenengoa). Lehenengoa duela hogeita hamar urte inguru izan zen, orduan osabarekin Pagomakurretik. Oraindik gogoratzen dut gailurrera iritsitakoan hango mendizale batekin izandako "liskartxoa": Aralar eta Aizkorriko mendietara ohituta, gurutzera iritsi nintzenean osabari begiratu eta "Hau da punta?" galdetu nion. "Bai" erantzun zidan, "joer, ba hau da kaka" bota nion inon harkaitz eta puntarik ikusten ez nuelako. Gurutzean zegoen mendizale bat hurbildu eta errespetu falta honegatik atentzioa deitu zidan: "Giputxa ez? Mendi guztiak ez direz Txindoki moduen" esan zidan. Barkamena eskatzea besterik ez zitzaidan gelditu, baina hala ere osabarengana hurbildu eta "ba nahi dezuena baña mendi hau etzait bate gustatzen" bota nion, jejeje.

Gorbeian zegoen anoa postuan azkar-azkar zerbait edan eta jaisten hasi ginenean Ikerrek eskuin bikian molestia bat sentitzen hasi zen: "Igoko balitzaizu bezela?" Galdetu nion. "Eztakit lenengo kilometrotan kaña eman diotelako edo igo behar delako" erantzun zidan. 14garren kilometroan sentsazio hau izatea harritu gintuen deshidratazioarekin zerikusirik ez zuela argi genuen eta. Hala ere, badaezpada gatz pastilla pare bat hartu eta abiadura motelduz aurrera jarraitu genuen.

Gorbeiatik beherako jaitsiera ederra iruditu zitzaigun eta makuluen laguntzarekin pagoen artean segurtasun handiz jaitsi ginen, eslalon bateko eskiatzaile batzuen moduan. Aldamin aurreko anoa postuan gelditu, hidratatu, zerbait jan eta eguneko bigarren mendi nagusira igotzen hasi ginen: "orain arte in dittuten karreretan oain izangozen egurre ematen hasiko nintzen momentue" esan nion anaiari. "Negatio lasai jarraitu, eh? Ni hola ondo nijo" erantzun zidan. "Hoixe behar genun, biok batea atea ta bakoitza bere aldetio iristea".

Aldamineko igoera lasai hartu genuen, hauspoa eta indarrak kontrolatuz, Txindokiko Tximista bidea lasai igotzen dugunean bezala. Dena den, guretzat "lasai" zena beste batzuentzat dagoeneko azkar joatea zen eta igoera honetan ere korrikalari batzuk aurreratu genituen. Gailurrera iritsi aurretik trepadatxo bat egin eta bertako denbora kontroletik pasa ondoren korrikan hasi ginen: "Bengaaa, 12 kilometro behera eta iritsi zarie" esan zigun gailurrean zegoen boluntarioak. Denbora? 3 ordu eta berrogeita bi minutu, aurrikusita nuena baino hemezortzi minutu gutxiago: "Joer, tonto-tonto denbora dexente errekuperau deu" esan nion anaiari.

Aldaminetik behera orain arte bezala jarraitu genuen, maldan behera makuluen laguntzarekin kontu eta segurtasun handiz eta maldan gora makina indartu gabe. Anaia korrikan egiteko lekuetan mantxoago zihoala ikusi eta bere atzetik jarri nintzen, berak jarritako abiadurarekin jarraitzeko. Mendiko legea, bikotean motelen doana da abiadura jartzen duena, jejeje.

Helmuga baino kilometro pare bat lehenago San Juan ermitara doan aldapatxoa igo behar zela bagenekien eta maldaren hasierara iritsi ginenean aurretik jarri eta orain arteko abiadura mantenduz pare bat korrikalari aurreratu genituen. Hirugarren korrikalari bat aurreratu behar genuenean atzera begiratu eta Iker pixkanaka gelditzen ari zela ikusi nuen: "hoixe behar deu, azken kilometrotan anaie lertzea" pentsatu nuen. Abiadura moteldu eta abiadura erosoagoa hartu genuen San Juan ermitara iritsiz.

"Benga Mitz hiru kilometro ta akabo gaurkoa!!!" Esan nion anaiari. Maldan behera gogotsu hasi eta konturatzerako "azken kilometroa" jartzen zuen karteltxora iritsi ginen: "joer, bertan gare ta" esan zidan anaiak. Nik badaezpada lasai egoteko esan nion beste lasterketa batzuetako azken kilometroa kilometroa baino luzeago izaten da eta, jejeje. Hala ere oraingoan ez nuen asmatu eta konturatzerako helmugako arkua ikusi eta erlojua bost ordu eta hogeita lau minutuetan gelditu genuen, aurrikusita nuen denborarik onena baino sei minutu lehenago.

"Ostia, ze ona, ez?" Galdetu nion. "De puta madre!!!" erantzun zidan. "Hanka zemuz?", "Minberatuta, baña hasieratik hola dauket".

Sari banaketa ikusteko puntual iritsi eta helmugako anoa postuan indarrak errekuperatzeko denbora lasaitasun handiz hartu genuen. Fisikoki oso-osoa nengoen eta aurten parte hartu dudan lasterketa guztietatik fisikoki sentsazio onenak utzi dizkidana hau izan zela esan nion anaiari: "klaro, gaur lastrekin etorri zea ta, jejeje". Bera ere oso zoriontsu zegoen eta fisikoki, nahiz eta nekatuta amaitu, uste zuena baina askoz hobe amaitu zuela esan zidan: "datorren urten etortzen bagea bost ordutatik jatxi beharko deu" esan zidan irrifartsu, "kontutan izanda geldik izan gean denbora eztet uste askoz gehio estutu beharko deunik".

Eta zer gertatu zen oilarren arteko borrokan? Emakumezkoen artean Andrea Gil izan zen irabazlea eta bere atzetik Maria Zorroza eta Aitziber Ibarbia euskaldunak iritsi ziren. Gizonezkoen artean aldiz, Luis Alberto Hernandok irabazi zuen eta bere atzetik Hassan Ait Chaou eta Aritz Egea urretxuarra iritsi ziren. Gure maisu Jokinen kasuan, Gorbeian erretiratu zela entzun genuen, ez dakit zehazki zergatik, baina espero dut osasun arazoengatik ez izatea.

Sari banaketaren ondoren dutxetarako bidea hartu genuen: "Jainkoaren izenean, baina zer da hau?" Pentsatu nuen korrikalariak biluzik kalean eta dutxak aurrefabrikatutako etxola batzuetan zeudela ikusi nuenean. "Además tenéis el agua fresquita" esan zigun dutxetatik ateratzen zen korrikalari batek. Ahal izan genuen bezala, "apnean"noski (jejeje), "duintasun" guztia galdu (jejeje), dutxatu eta traste guztiak jaso ondoren etxerako bidea hartu genuen.


Etxerako bidean Luis Alberto Hernando irabazlea elkarrizketatzen ari zirela ikusi eta ezin izan nion "¡¡¡Enhorabuena máquina!!!" Bat oihukatzeari eutsi, jejeje.

Adi Luis Alberto Hernandoren elkarrizketan hiru minutu eta hogeita hamaikagarren minutuan entzuten den oihua, jejeje.



Bidean biok oraindik harrituta geunden denbora osoan (lehen bi kilometroak ezik, noski) izan genituen sentsazio onengatik: "Joer, Alarren bueltatxoa ematen deunen bezela nau" esan zidan Ikerrek. Anaia zoriontsu ikusteak izugarri poztu ninduen eta beretzat ere animikoki bultzada ederra izan zela ziur nago: eutsi horri!!!!!!

Kronikatxo honekin amaitzeko, azken hitzak antolakuntzari eskeini nahiko nizkioke: ibilbidea kriston ederra iruditu zitzaigun (egunen batean gure kaxa errepikatzeaz ere hizketan aritu ginen, jejeje), igoera ederrak, jaitsiera eta pasabide teknikoak, harkaitza, zelaia, lokatza, pagadia, denetatik. Bidearen markaketa ere izugarria, nahiz eta Gorbeiako igoera hasi aurretik galtzear izan zen korrikalari bati atentzioa deitu (oso ondo adierazitako bidegurutze batean aurrera jarraitu zuen, badaezpada maldarik ez zegoen bidetik, jejeje). Anoa postuen inguruan zer esan, likidoa eta solidoa barra-barra, boluntarioen jarrera izugarria eta beti laguntzeko prest. Eta gainera, amaitzeko bazkaria eta opari politak, ezin gehiago eskatu. Ikerrek esan zidan moduan, "notatzea hemen dirue daula", jejejeje.

Dena ongi badoa espero dugu datorren urtean ere irteeran izatea, ea, Ikerrek esan zidan moduan, bostu orduetatik jaisteko kapaz garen, jejeje. Noiz da hurrengoa?

Amaitzeko, bidea deskargatu nahi baduzue hemen duzue nire erlojuak grabatutakoa.


Powered by Wikiloc



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina