AZKEN 10 SARRERAK

2016/10/22

HIRU HAUNDIAK 2016: INFERNUTIK ZERURA EGINDAKO BIDAIA (2016/10/15)

Badira Euskal Herrian mitifikatuta izan ditudan bi mendi ibilaldi: Tolosako XIV orduak eta Hiru Haundiak.

XIV orduak 1.996ean lehen aldiz egin eta 2.000, 2.004 eta 2.008an errepikatu nuen. Azken bi edizioetan ezin izan nuen parte hartu, 2.012koan Osakidetzako oposakengatik (gutxienez behingoz plaza atera nuen, jejeje) eta aurtengoan Euskal Herria mendi erronka lasterketa baino astebete lehenago izan zelako.

XIV orduak lehen aldiz egin nueneko urtea emozionalki gora beheratsua izan zen: udaberrian bi urteetan gaixorik egon ondoren gure ama hil zen, udan Donejakue bidea egin nuen (nolabaiteko barne-bidaitzat hartu nuen) eta udazkenean Itzi eta bion arteko harremana hasi zen. Ibilaldia prestatzeko aitzakiarekin, amaren eriotzagatik barruan nituen amorru eta isuri gabeko malkoak mendian askatzen saiatzen nintzen, mendiak buruan eta bihotzean nituen erantzun gabeko galderei erantzuna emango balio bezala. Ibilbidea oso berezia izan zen eta amaieran ez zeudenak gogoan malkoren bat baino gehiago isuri nuen. Orduz geroztik amaitutako mendi-erronka guztietan ezin izan diet malkoei eutsi, baina ez triste sentitzen naizelako, esker onez hunkituta sentitzen naizelako baizik.

Hiru Haundiaken inguruan lehen aldiz 1.996 urtean entzun nuen, XIV orduetarako izena eman nuenean. XIV orduek 68 kilometro inguru bazuten (orduan distantzia hau betetzea izugarria zen), Hiru Haundiek 100 kilometro, metatutako 5.126 metro positibo eta gainera Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen zituen. Inguruan ibilaldia egindako banaka batzuk zeuden eta Himalaian egon izan balira begirunez begiratzen genituen: "hauek bai mendizale makinak!!". Herriko mendizale baten inguruan eztabaidatzen hasterakoan ere, bakarren batek "Ehhh!!! Honek Hiru Haundiak inda dittula" esaten bazuen eztabaida amaitu egiten zen, Hiru Haundiak indartsuenek bakarrik egiten zuten eta. Mendizale askoren artean gutiziatuko erronka izan arren oso gutxik lortzen zuten. Kontutan izan behar da orduan ez zegoela orain dagoen mendi-lasterketetarako sukar, afizio eta entrenamenturik eta honelako erronka bat gutxiren esku zegoen.

Historia pixkat eginez, ibilaldi hau "ofizialki" Manuel Iradier Elkarteak 1.987an antolatu zuen. Aurretik ibilaldia betetzeko saiakera ezberdinak izan baziren ere 1.987ko ekainekoa izan zen lehen Hiru Haundiak. Izandako arrakasta dela eta hurrengo hamar urteetan urtero antolatu zuten. 1.996tik aurrera aldiz, bi urtean behin antolatzea erabaki zuten edizioz-edizio ibilaldiaren norabidea aldatuz. Ordura arte ibiladiak mendi ibilaldi neurtuen kontzeptua zuen, hainbat lekuetatik pasatzeko denbora minimo eta maximoak ezarriz. 2.006 urtean aldiz, mendi lasterketen sukarrarekin batera, ibilaldiarekin batera "lasterketa" antolatzen hasi ziren, ordura arteko denbora minimoak kenduz. Hala ere, mendi ibilaldiaren kutsua mantendu nahian, ibilaldia amaitzeko ezarritako denbora maximoa 24 orduetan mantendu zuten. Pixkanaka inguruko korrikalari handienak froga honetan parte hartzen hasi eta 2.012ko edizioan Iker Karrerak ibilaldia 10 ordu eta hogeita hiru minutuetan amaitu zuen, orain arte dirauen errekor izugarria ezarriz. 2.016ko edizioak bi bitxikeri zituen: alde batetik 20garren edizioa zela eta bestaldetik ibilaldia lehen aldiz urrian ospatuko zela. Zergatik? Dirudienez Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek ez zuten ekainean ospatzeko baimenik eman sai zuriak habia egiten duen garaia omen delako.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Landa, 530 metro.
- Punturik altuena: Aizkorri, 1.538 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 5.126 metro.
- Igotako mendiak: Nagusienak Gorbeia, Anboto eta Aizkorri, baina bidean beste hainbat mendi igotzen dira, horien artean Jarindo, Ikuskitza, Usakoatxa, Urdingain, Mugarriluze, Aumategi eta Artia/Gaboñu.
- Anoa postuak: Ubidea (likidoa, 21,9 km), Otxandio (likido eta solidoa, 27,3 km), Urkiola (likidoa, 35,5 km), Zabalandi (likidoa, 42,3 km), Krutzeta mendatea (likidoa, 49,8 km), Landa (likido eta solidoa, 59,3 km), Elgeamendi pista (likidoa, 65,9 km), Leizargarate (likidoa, 69,7 km), Usabakotxena (likidoa, 76,1 km), Artaso (likidoa, 80,9 km), Arbelar (likidoa, 88.6 km) eta Iparriturri bidegurutzea (likidoa, 96,4 km).
- Zailtasuna: Ibilbidearen zailtasun teknikorik handiena Anbotoko igoera eta jaitsieran dago. Gorbeia, Orixol eta Aizkorriko jaitsieratan ere kontuz ibili behar da, batez ere Aizkorrikoan, harkaitzak irristakorrak eta nekearengatik baldarrago joango gara eta. Bestela ibilbideak pista zati luzeak ditu, sasoian izan ezkero korrikan lasai egitekoak.

Ibilbidearen profila eta anoa postuak.


Mendi erronka hau egiteko asmoa 2.014ko uztailak 11tik 12ko gauean eratzen hasi zen. Gau euritsu, hotz eta haizetsu horretan anaia eta biok (MAT-eko beste kideekin batera) Uarrainen geunden Ehunmilak eta G2H lasterketetan boluntario lanetan eta orduan erabaki genuen 2.015eko G2H-an parte hartuko genuela: "ta hoi ondo ittebadeu urrengo urten Hiru Haundiak ingo ditteu" esan genuen. Gau horretatik aurrera mendian korrikan egiten hasi ginela esan dezaket.

2.015 urtea ez zen batere gaizki joan eta, mendi lasterketeei dagokienez, jarritako helburuak bete genituen, pastelari ginga G2H lasterketarekin (Euskal Herria Mendi Erronkaren ondoren korritzen genuen bigarren mendi lasterketarekin) ezarriz. Guk ez dugu gure burua mendi-korrikalaritzat, mendizaletzat baizik, honegatik honelako mendi-lasterketa luzeak amaitzeko kapaz ginela ikusteak moralki kriston bultzada eman zigun, batez ere korrikan (bai mendian baita errepidean ere, jejeje) urtebete eskas generamatzala ikusita: "Hurrengo urteko helburue Hiru Haundiak" izatea erabaki genuen.

2016 urtearen hasierarekin batera Hiru Haundiak-en izena eman eta bioi dortsala egokitzeko behatzak gurutzatu genituen. Zoria itsua dela esaten dute eta oraingoan ez gintuen modu berean tratatu, dortsala niri bakarrik egokitu eta Iker itxaron zerrendan geldituz: "gañea zortzireundapikogarrena naiz, o sea ke ezinezkoa" esan zidan bere berezko umore positiboarekin, jejeje. Onartu beharra daukat ni ere oso baikorra ez nintzela, eta izugarrizko tristura sentitu nuen, azken urteotan egindako mendi erronka guztiak elkarrekin bete ditugu eta.

Dortsalen zozketarekin gustura gelditu ez eta zoriak urtean zehar ere ezberdin tratatu gaitu: ni hilabete batez bihurritu batekin geldirik izan nintzen arren Iker urte osoan bizkar eta eskuin hankako minez atsekabetuta ibili da. Honek urteko entrenamentu eta mendi lasterketetan eragina izan eta entrenamentu asko eta, Gorbeia Suzien lasterketa ezik, beste lasterketa guztietan bakarrik parte hartu nuen.

Urteko entrenamentuen efektua eta sasoi egoera ikusteko egutegian bi ultra-lasterketa gorriz markatu nituen: Euskal Herria Mendi Erronka eta Nafarroa Xtrem. Lehenegoa oso ongi joan zen eta beharbada ekainerako indartsuegi ez ote nengoen ere pentsatu nuen: "ea bueltaz pasatu behar ez naizen". Udako entrenamentuak ongi joan ziren baina Nafarroa Xtrem lasterketan jasotako belarrondokoak lekuz kanpo utzi ninduen; ekainetik lasterketa luze bat egin gabe eta hilabete eskasean 100 kilometro egiteko kapaz izan beharra nuen. Astebete beranduango "Ordizia trail" bezala izendatu nuen ibilaldia (54 km eta metatutako 3.475 metro positibo) sentsazio onekin amaitu arren, egindako ibilbidearen ia bikoitza egiteari errespetu handia nion eta nahiz eta hurrengo astean ere Gorbeia Suzien zoratzen amaitu, Hiru Haundiak lasterketarako kikilduta nengoen.

Orain arteko lasterketetan egin dudan moduan, lehenengo lana, ibilaldiaren arautegia irakurri ondoren ibilaldian eramango nuen materiala eta ibilaldiaren denborak kalkulatzea izan zen.

FROGA HONETARAKO ERAMANDAKO MATERIALA

Beharrezko materiala: Kopetako linterna eta ordezko pilak, euritarako txamarra, biziraupen maindira, litro bat ur eramateko bi botilatxo, sakeleko telefonoa, nortasun agiria eta zapia.

Beharrezko materialatik aparte eramandakoa: 5 litroetako motxila, babak sendatzeko materiala (partxeak, tiritak, latex eskularruak, goraizeak, zauriak josteko puntuak, betadine eta serun fisiologikoa), benda itsasgarria, makuluak, sakeleko telefonoan musika entzuteko kaskoak, eskularruak, paperezko mukizapiak, 3 barratxo, 2 gel eta 8 gatz pilula eta larrialdietarako janaria: azukredun barratxo bat, kafeinadun gel bat eta kafeinadun gominolak.Honetaz aparte dortsala eramateko gerrikoa eta Ikerrek utzitak GPSdun erloju eta bihotz taupadak neurtzeko bularreko zinta.

Eramandako arropa: Manga motzeko kamiseta termikoa, beso-erdi, belaun arteko malla, zango ("pernera") eta galtzerdi herstaileak, beso eta lepo luzedun forro polar fina (25ekoa).

Landako anoa postuan utzitakoa: Kamiseta termikoa, beso-erdiak, belaun arteko mallak, zangoak, kaltzontzillo pare bat, galtzerdi herstaileak, mendiko zapatilak, 3 barratxo, 3 gel, 6 gatza pirula, eguzkitarako betaurrekoak, toalla txiki bat (izerdia lehortzeko), zink oxidodun krema (erredurentzat) eta Fisiocrem krema (iztar eta bikietan emateko).

Gainean eramango nuen materiala eta ibilbidean jango nuena aukeratzea ez zen konplikatua izan baina anoa-postu ezberdinetatik pasa beharreko denborak kalkulatzeak buruhauste handiak eman zizkidan. 2015eko G2H-ko denborak erreferentzia moduan hartuta, ibilaldia gehienez 19 orduetan amaitzeko kapaz izango nintzela kalkulatu nuen. Ondoren, ia ibilbide osoa ezezaguna nuenez, 2014ko ibilalbidan 18 eta 19 orduen artean amaitu zutenen denborak hartu, anoa postuetatik pasatako denboren mediak kalkulatu eta modu honetan lasterketa 18 ordu eta hogeita hamabost eta 18 ordu eta berrogeita bost artean amaitzeko denborak kalkulatu nituen.

Ibilbidean eraman nuen denbora eta janariaren taula.


Denboren buruhaustea gainetik kenduta azkeneko astera urduri eta beldurrez iritsi nintzen. Hala ere, nahiz eta erabat beldurtuta izan, aste honetan ondo lo egin eta lasai joan zen (gauza anormala nire kasuan, jejeje). Ostegunean, bizitzan ditudan gertaera garrantzitsuen aurrean egiten dudan moduan, ama bisitatu eta burua hotz eta indarrak emateko eskatu ondoren berriro ere lasai lo egin nuen, pakean, lasterketan parte hartuko ez banu bezala. Ostiralean ere, lanetik etorri, bazkaldu eta siesta ona egin nuen eta, nire harridurarako, ia etxetik atera behar nintzenean hasi nintzen urduri jartzen. Gaueko bederatzietan Iker lanetik jaso eta Itzi eta hiruok Araiako bidea hartu genuen: "ze, nerbioso?" Galdetu zidan, "oain hasi naiz jartzen, baña oain arte nahiko lasai".

Araian kotxea ahal izan genuen bezala utzi eta anaia eta biok dortsala jasotzera joan ginen: "ostia, hotza, ez?" Galdetu zidan, "ya te digo, kotxek 8 gradu eskas markatzeittu". Dortsala jasotzen ari ginela Imanol ikusi genuen: "Ze, preparauta?" Galdetu zidan "beharko" erantzun nion. "Gero ikusiko gea" batekin agurtu zen. "1.700 arten ikustea zalle izangoa" pentsatu nuen.

Dortsala jasotzearen tramite guztiak egin, Ondategiko bidea hartu eta bidean afaltzeko prestatuta nuen pasta entsalada jateko aprobetsatu nuen.

Dortsala jaso ondoren.


Kalean zegoen hotzagatik ez genuen kotxearen epeltasuna gaueko hamaikak eta erdi arte utzi. Irteerako kontrol gunera hurbildu, Iker eta Itzi agurtu eta irteera gunean sartu nintzen.

Kontrolgunea pasatu aurretik Itzikin egindako azken argazkia.


Ibilaldia hasi aurretik denbora izan arren, irteera marratik ahal izan nuen gertuen jarri nintzen, Gorbeia Suzienen izan genuen tapoia buruan nuela. "A ze luzeak egin zitzaizkidan azken hamar minutuak!!!!"

Irteeran, non dago Smithy? Jejeje. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Manaslutik etorri berria zen Alberto Zerain arabar mendizale handiaren animo hitzen ondoren, hamabiak jotzear zeudela, G2H-an bezala, Vangelis musikariaren “1492: Paradisuaren konkista” filmerako egin zuen abesti nagusia bozgorailuetan jarri eta hamabietan puntu-puntuan martxan jarri ginen: "goazen Smithy, ostiaaaa!!!" Animatu nintzen.

Irteeraren bideoa: noiz pasatzen naiz? Jejeje



Ikerren animoak entzun nituenean bera eta Itziri kasu egin eta Ondategiko kaleetan metro batzuk egin ondoren Murua arte doan pistan korrikan hasi ginen. Banekien Murua arteko hiru kilometroak korrikan egiteko aproposak zirela, honegatik nire helburua tarte honetan ahalik eta postu gutxien galtzea zen, Gorbeiako igoeran izan zitezkeen ustezko ilara eta geldialdiak ekiditeko. Hala ere, nahiz eta arin joan, korrikalariak aurreratu baino ni izan nintzen aurreratua, eta gainera pisa egiteko gelditu nintzenean are eta atzeago gelditu nintzen.

Muruan. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Murua herria atzean utzi eta Gorbeian gora bizi-bizi hasi ginen: "ondokoei jarraitu hala taupadei kasuin?" Zen nire zalantza nagusia, nahi baino azkarrago igotzen ari ginen eta. Azkenean nire taupadei kasu egitea erabaki eta zertxobait lasaitu nintzen korrikalariek aurreratzen ninduten bitartean.

Halako batean ahots ezagun bat entzun nuen nire atzean. Atzera begiratu eta Imanol ikusi nuen: "Zemuz dijo asuntoa?" Galdetu nion. "Ondo, ondo" erantzun zidan. Lauko taldetxo batean zihoan eta 18 orduetatik jaistea ahaleginduko zirela esan zidanean beraien atzetik ahal izango nuen guztia eustea pentsatu nuen: "gutxiñez egunsentiarte enaiz bakarrik jungo" esan nion nire buruari. Honela, lauko taldearen atzean jarri eta beraien abiaduran joan nintzen.

Gorbeiako igoeran bide estuetatik ibiliko ginela espero arren ia denbora osoan pista itsurako bide zabal batetik igo ginen. Gailurrera iritsi aurretik haizea indarrez jotzen hasi zen. Forro polarra goraino lotu, zapia buru-beroki moduan jarri eta gailurrean zeudenen animoen artean lehen Haunditik pasa ginen: "Bat berrogeita hiru" entzun nion taldeko bati. Erlojua begiratu eta "ostia, nahi baino askoz azkarrago nijo" pentsatu nuen.

Jaitsiera nahiko tente eta irristakorra zegoen eta bertan ikusi nituen ibilaldiko lehen ipurdikoak, batez ere makulurik ez zutenen artean. Barratxo bat janez ahal izan nuen moduan Imanolen taldeari eutsi nion jaitsieran oso arin zihoazen eta.

Gorbeiako jaitsieran. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Ubideara doan zementuzko pistara iritsi ginenean berriro ere pisa egiteko gelditu eta aurrera jarraitu zutela ikustean, alde batetik nolabaiteko "lasaitasun" bat hartu nuen ("alde batetio ondo, hola nere erritmon jungo naiz") eta bestetik hemendik aurrera ibilbidea bakarrik egiteak preokupazio txiki bat sortarazi zidan.

Zementuzko pistan tarteka korrika eta tarteka bizi-bizi oinez aritu nintzen eta ez dakit erreka baten ondotik joateagatik edo hotza sentitu nuen: "bueno, Ubidearte ezta asko falta ta han eskularruk beize jarrikoittut" pentsatu nuen.

Ubideara (3 ordu eta sei minutu) eskuak hoztuta iritsi nintzen. Bertan Imanol eta bere taldea topatu nituen. Anoa postuan gel eta gatz pilula bat hartu eta hidratatzeko aprobetsatu nuen. Eskularruak motxilatik ateratzeko aldiz komeritan izan nintzen ez bainuen asmatzen. Azkenean bertako boluntarioari motxilatik eskularruak ateratzeko eskatu eta, jantzi ondoren, Imanolen taldearen atzetik jarraitu nuen buruan ordu bete barru Otxandiora iritsiko nintzela buruan nuela.

Ubideatik Otxandiora arteko bidean hesteetan zerbait ongi ez zihoala nabaritzen hasi nintzen: tripak nahastuta eta libratzeko izugarrizko gogoa nuen. Sentsazio bera izan nuen 2015eko Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan. Orduan, San Miguelen libratu ondoren kriston lasaitasuna hartu eta gorputzari buelta eman nion. Hau buruan nuela eta baso batean nengoela aprobetsatuz, bidetik atera, zuhaitz baten ondoan makurtu eta kriston hotzikara sentitu nuen libratzen nuen guztia likidoa zela ikusi nuenean.

Berriro ere bidean lasaiago nabaritu arren gorputza hotza sentitzen nuen. Ez nituen bi kilometro egingo tripak berriro ere nahasten zirela sentitu nuenean: "Ostia joderrrrrr!!!!" Haserretu nintzen, "no me jodas oain beherakokin hasi behar naizela!!!!".

Sentsazio honekin Otxandiora (3 ordu eta berrogeita hamaika minutu) iritsi nintzen. Bertan, tripak lasaituko zirelakoan, platano pusketa pare bat, jogurt bat (honen bakteriek hesteetan on egingo zidatela ziur nengoen eta) eta gorputza berotzeko salda eta kafe beroa hartu nituen. Hamar minutuetako atsedentxoaren ondoren gorputza beroa nuela martxan jarri nintzen.

Otxandioko anoa postuan platanoa jaten. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Eta Otxandiotik aurrera hasi zen nire infernua. Bi kilometro egin gabe nituela korrika batean sartu behar izan nintzen basoaren erdian bigarrenez libratzera. Berriro ere libratutako guztia likidoa zela ikusita alarma guztiak piztu zitzaizkidan.

Honelako egoera batean erizain eta dietista izatea oso konbinaketa txarra da: hasieran zerbaitek kalte egingo ez ote zidan hasi nintzen pentsatzen. Egunean zehar jandako guztia errepasatu ondoren ez nuen ezer susmagarririk aurkitu. Orduan bigarren hipotesira jo nuen: "eztet ba azukre eta gatz gehiegi hartzeagatik beherako osmotikoa izango?" Bigarren hipotesi hau egia bazen botilatxoetan nuen isotonikoa hartzea egokiena ez zela pentsatu nuen; "ude behar det hesteetako kontzentrazioa jaisteko". Ideia hau buruan nuenez Urkiola arte jan eta edan gabe joatea erabaki nuen: "handio gora ea zerbait jaten deten". Buruko mamu eta pentsakera txarrak handitzen ziren heinean bakarrik gelditu nintzen. Ez nuen inor ez aurretik ezta atzetik ere eta indarrak gutxituz joan ziren batez ere Urkiola aurretik pasa genuen pista lokaztuan. Lokatza zapatilen azpian lapa moduan eransten zen eta goi mendiko botekin nindoala zirudien. Gainera gainean nuen nekearekin baldar nindoan, nahigabe ere lokatz gehien zegoen lekuan hankak sartuz.

Urkiolan zegoen musika entzun nuenean zerbait lasaitu nintzen: "azkenen zibilizazio pixkat!!!". Anoa postura iritsi, oliba batzuk jan eta ura soilik edan, eta botilatxoetako isotonikoa urarekin disolbatu ondoren aurrera jarraitu nuen, gogortzen ari zen haizearen erdian. Zuhaitz baten ondoan maskuria arintzeko gelditu (itsuraz hidratazioa gaizki ez neraman) eta haizeagatik babesteko euritarako txamarra jartzeko aprobetsatu nuen. Behin txamarra jantzita kremailera igotzen saiatzen ari nintzela (behar denean kremailera ez da goraino kolpe bakarrez igotzen, jejeje) bideari begia kendu eta ikusi ez nuen langa bati eskuin belaunarekin kolpe galanta eman nion: "kaka putzeeee, hoixe behar nun!!!" oihukatu nuen metro batzuetan minez herrenka ibiliz.

Urkiolatik gora doan pistan. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Anbotoko igoera izugarria izan zen. Erabat gogortuta, indar faltan, hoztuta eta gorputzaldi txarrarekin egin nuen. Honetaz aparte haize bortitza eta bideko harriak irristakorrak zeuden, bidea are eta gehiago gogortuz. Bidea estua izanda ilaran eta gurutz bidean bezala igo ginen, bi-hiru pausu egin eta gelditu, bi-hiru pausu egin eta gelditu. Igoera amaigabea zirudien eta goraka begiratzen nuen bakoitzean nire aurretik argi ilara bera ikusten nuela iruditzen zitzaidan. Mentalki etsitzen hasita nengoenean "aupa makinak, bertan zaudete etaaa!!!!" Oihukatzen ari zen boluntarioa ikusi eta metro gutxietara aurretik nuen argi ilara desagertu zen: "erakutsidazu dortsala mesedez" esan zidan bertan zegoen beste boluntario batek.

Anbotoko kontrol gunean. Argazkia facebook-etik jaitsi nuen baina ez dakit nork egina den.


Anbotoko kontrol gunean nengoen!!!!! Dortsala erakutsi, markatu eta beherako bidea hartu nuen. Denbora? 6 ordu eta berrogeita zazpi minutu. Nahiz eta larri joan gutxienez aurrikusita nuen denboraren barruan nindoala ikusi nuen, baina aurretik irabazita nuen denbora kontutan hartuta denbora orokorrean galtzen hasita nengoen.

Igoera gogorra izan bazen, jaitsiera are eta gogorrago izan zen: harkaitzen labainkortasuna dela eta korrikalari batzuk ipurdiz destrepatzen jaisten hasi ziren ilara luzeak sortuz. Hau beste korrikalari batzuk urduritu eta ahal izan zuten lekutik aurreratzen hasi ziren besteok egoera berean geundela kontutan izan gabe. Nire aldetik, gorputzean nuen nekearen eraginez, baldar samar nindoan eta aurrean nuen korrikalaria pare bat aldiz ere zapaldu nuen. Hau gutxi izan ez balitz bat batean ia eskuin bikia igotzeko keinua egin zidan: "Ostia puta, ze gehio pasa behar zait?????" Pentsatu nuen zeru ilunera begira. Bi hiru pausu eman eta berriro ere igotzeko keinua egin zidan. Ez nekien zer pentsatu ere, hidratazioa ondo zihola ziur nengoen eta. Egoera honetan nuen gogo bakarra jaitsera puta hau amaitzea zen.

Ez dakit jaitsierak zenbat denbora eraman zidan baina "lurrera itzuli" nintzenean izugarrizko lasaitasuna hartu nuen: "zerbait jan beharren nau, bestela enaiz Krutzeta iritsiko" pentsatu nuen, bertan Itzi, Iker, Jose Manuel eta Maria Pilar zain nituen eta. Bikiak igotzeko keinua deshidratazio baten hasieran izango nintzenaren beldurrez bi gatz pilula hartu, motxilan nuen barratxo bat atera eta koskada txiki-txikiak jaten hasi nintzen. Nire paranoia beherako osmotikoa nuela zenez, koskada bakoitza mila aldiz murtxikatu eta urarekin irensten nuen hesteetako azukre eta gatz kontzentrazioa ez igotzeko.

Orixoleko bidean azkarrago joan nahi baina ez nuen indar ezta gogorik ere. Izugarrizko negargurea nuen, ez dakit haserreak, tristurak, dezepzioak edo porrot sentsazioak sortutakoa, baina negargurea nuen. Urte osoko entrenamentuak komuneko zulotik behera joan izan balira, nire burua, Itzi eta Ikerri huts egin niela sentitzen nuen. Begiak zeruan (amari indarrak eskatuz) eta erlojuan nituen denbora osoan, nire esperantza osoa egunsentian jarrita: "ea gutxiñez eguzkikin gorputza martxan jartzean".

Eta mirari txikia gertatu zen: norbaitek entzun izan balu bezala Orixoleko kontroletik pasatzear nengoela zerua gorri-gorri jarri eta ekialdean eguzkiaren lehen izpiak ateratzen hasi ziren.

Pentsamentu positibo hauen guztien artean, ahulduta eta triste, Orixoletik (8 ordu eta hogei minutu) aurrikusita nuen denborarik okerrena baino hamar minutu beranduago pasa nintzen. Baina gutxienez hesteak baretuak nituen: "hemendio ordu erdi eskasen Krutzetan nau" pentsatu nuen. Hogeita hamabost minutuetako jaitsieraren ondoren "Aleeeee Mitzzz!!!", "Aleee Smiiii!!!!" animoen artean Krutzetara (8 ordu eta berrogeita hamabost minutu) iritsi nintzen, aurrikusitakoa baino hamabost minutu beranduago.

Krutzera iristen: aurpegian gauzak ongi ez zihoazela nabaria zen.



"Zemuz?" Ikerrek, "Gaizki, tripak kristo inda ta ahulduta, Landaño jungo naiz ea ze ostia gertatzen den" bakarrik esateko kapaz izan nintzen. "Alperrik sufritzeare eztu merezi" esan zidan Maria Pilarrek. Itzi ixilik zegoen, ez nion ezer esan behar larri negoela bazekien eta. Fruta konpota bat eman eta di-da batean jan nuen Ikerrek motxilako botilatxoak aldatzen zizkidan bitartean. Gatz pilula bat hartu, urarekin hidratatu, Itziri muxu eman eta malkoei eutsiz aurrera jarraitu nuen.

Krutzetan hidratatzen eta Jose Manuel, Maria Pilar eta Itziren animoak jasotzen.


Ez dakit eguzkiagatik, "supporter" taldea (jejeje) ikusteagatik edota Itzik eman zidan konpogatik (edo muxuagatik, zeinek daki) baina Landako bidean gorputza pixkanaka bere onera itzultzen hasi eta hanketan indarra berriro ere sentitzen hasi nintzen: "ostia, Landan hola banau aurrea jarraittukoet!!!" Animatu nintzen.

Bitartean "supporter" taldea Landan nuen zain... Argazkia festak.com web orritik jaitsitako beste baten moldaketa da.


Infernutik ateratzen hasten nintzela sentitzen nuen eta abiaduran ere eragina izan zuen: Jarindora doan igoera gogorraren ondoren oraindik aurrikusitako denborarik okerrena baino hamabost minutu motelago nindoan arren (9 ordu eta berrogei minutu), Jarindo eta Landa artean indartsu sentitu eta Landara (10 ordu eta hemezortzi minutu) aspaldiko partez aurrikusitako denboren barruan sartu nintzen.

Iker Landan animatzen, argazkian azaltzen den korrikalaria Ainhoa da, gero bere eta bere lagunaren atzetik hainbat kilometro egingo nituena. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.



Landara iristen: animoak beste batzuk ziren.



"Hobeto ez Smi?" Esan zidan Itzik, "joer, ba oain bai, eztakit konpotagatio edo, baña kriston efektue indit" esan nien. Ikerrek botilatxoak aldatu, bigarren konpota bat eman eta aurrekoa egin zidan efektua ikusita Arbelar arte gordetzea erabaki nuen.

Landako anoa postuan goitik behera arropa eta zapatilaz aldatu, eta makarroi platerkada eta patata tortilla pusketa beroa jaten hasi nintzen: "¿Cómo va?" Galdetu zidan ondoan nuen korrikalari batek "Hasta ahora muy jodido de las tripas y con diarrea". "Esa fue la razón por la que me retiré la última edición" erantzun zidan. "Joe, hoik die animok ematea" pentsatu nuen, jejeje. "¿Qué tal están lo macarrones?" Esan zigun mahaiak jasotzen ari zen emakume batek. "Por ahora lo mejor del día" erantzun nion, "y la tortilla está de escándalo". "Eso, eso comed que os va venir bien para recuperar sales y fuerzas" esan zigun. Landan Imanol eta bere taldea berriro ere ikusi nuen eta Imanolek ere libratu beharrean sentitu zela esan zidan.

20 minutuetako atsedenaren ondoren anoa postutik beste pertsona bat izango banintz bezala atera nintzen, gihar eta mentalki indarrez.

Landatik ateratzen, makarroiak zein goxoak zeuden!!!!



"Supporter" taldea Araia arte agurtu (ez nekien iritsiko nintzen hala ez, baina orain gutxienez indarrez sentitzen nintzen) eta bideari ekin nion: "Ahora se van a cagarrr!!!" Esan nion anaiari maldan gora arin-arin hasten nintzela.

"Supporter" taldea utzi ondoren, musikak ederki laburtzen du nola sentitzen nintzen.



Landako anoa postuan korrikalari batek Landaren ondoren malda gogor bat zegoela esan zidan, honegatik lasai hartu nuen. Hemendik aurrera bidea oso gora-beheratsua zela banekien eta Aizkorrira begira indarrak gordetzen joan nintzen korrikarik egin gabe, denbora osoan oinez, maldan behera eta zelaietan arin eta maldan gora poliki.

Albiturritik (11 ordu eta berrogeita hamaika minutu) aurrikusitako denborarik onena baino lau minutuetako aurrerapenarekin nindoan eta Leizargaraten jada bost minutuetakoa zen: "hola ondo nijo!!!" Pentsatu nuen. Leizargarateko anoa postutik atera eta parean zegoen antenadun mendiari begira ari nintzela, ondoan nuen korrikalariak pentsatzen ari nintzena asmatu zuen: "Ese es el Urdingain. Ahora toca una cuesta dura hasta el repetidor, luego un tramo llano largo y después otra cuesta dura hasta los molinos".

Eta baita arrazoia izan ere!!! Urdingainera doan malda gogorra pazientzia handiz hartu nuen, poliki-poliki hankak indartu gabe. Gailurrera iritsi nintzenean haize zakar batek aurpegian eman eta euritarako txamarra jarri behar izan nuen berriro ere, Urkiolan bezala, kremailerarekin borroka eginez. Maldarik igotzen ez zen tarte luzearen ondoren maldan behera egin eta errotetara doan malda gogorra lasaitasun handiz igo nintzen, 71garren kilometroan dagoen lehen errotara iritsiz. Ordurako makuluekin egindako indarraren eraginez bi eskuak handituta eta eskumuturretako zurdak minberatuta nituen, honegatik, mina ez handitzeko, hemendik aurrera makuluak bakarrik igoeratan erabiltzea erabaki nuen.

Hurrengo hamar kilometroetan 78 errota zeharkatu beharra zeuden. Hasiera batean errotak zenbatzen joatea pentsatu nuen, baina nazkatuta bukatuko nuela banekienez, azkenean erlojuak adierazten zizkidan kilometroei begiratzen joatea hobea izango zela erabaki nuen. Lehen errotak bitxiak iruditu zitzaizkidan beraien burrunba bitxiarengatik, baina bost kilometroren ondoren, Usabakotxenako anoa postura iritsi nintzean , errota eta erroten burrunbatik kokoteraino nengoen, jejeje. Gainera zati honetan zegoen haizeteak tarte askotan bidea ederki gogortzen zuen.

Usabakotxenako anoa postuan erlojua begiratu eta 13 ordu eta hogeita hamazazpi minutu markatzen zituela ikusi nuen: "Ondo, uste baño zortzi minutu leno". Ordura arte bikote baten atzetik nindoan denbora osoan, eramaten zuen abiadurari ongi eusten niolako. Gero Itzik esango zidan Ainhoarekin (bikoteko neskarekin, goiko argazki batean azaltzen dena) lasterketaren batean baino gehiagoan kointziditu nuela, baina niri ez zitzaidan ezaguna egin. Milesker zuen atzetik joaten uzteagatik!!! Anoa postuan aspaldiko partez Imanol ikusi nuen, oraingoan lagun bakarrarekin: "zemuz doa?" Galdetu nion, "nekauta baña ondo, errotetatik nazkauta" esan zidan irrifartsu.

Usabakotxenatik atera eta Ainhoa eta bere lagunaren atzetik jarraitu nuen, maldan gora eta maldan behera. Maldan behera egin genuenetako batean atzean utzi eta Imanol eta bere lagunarekin bat egin nuen beraiekin batera azken errotaren inguruan zegoen Artasoko anoa postura iritsiz. Bertan hidratatu eta txokolatezko donut bat hartu ondoren aurrera jarraitu genuen. Erroten zatia eta haizea amaituta zegoen, eta onartu beharra daukat zati hau mentalki oso gogorra egin zitzaidala.

Esku eta eskumuturretako minarekin gutxi ez banu ezker belaunean mina sentitzen hasi nintzen, hasieran jaitsieratan eta gero denbora osoan. Hau eta, batez ere Imanol eta bere laguna maldan gora ni baino indartsuago zihoazela ikusita, atzean gelditzen hasi nintzen: "nei ez etxoin, zuen martxan jarraittu". Belauneko mina ezaguna nuen, batzuetan keinu arraroren bat egindakoan jartzen zait eta, eta etorri bezala joango zenaren esperantza nuen, beste batzuetan gertatu zaidan moduan. Baina oraingoan bidelagun izateko etorria zegoela zirudien, eta nahiz eta gehiagora ez joan, lasterketaren amaiera arte izango nuenaren beldurra jarri zitzaidan.

Indar aldetik ondo nindoan eta abiadura belaunean mina sentitzen hasten nintzen puntura egokitu nuen. Nahiz eta nahi baino "motelago" joan harritu ninduen pixkanaka beste lasterkari batzuk aurreratzen nituela ikusteak, eta egia esan, honek moralki indar handia eman zidan.

Eta bat-batean, pagadi batetik atera ondoren, Urbiako larrak azaldu eta paraje ezagun hau ikustearekin batera zeruko ateak irekitzen hasten zirela sentitu nuen. Nahigabe martxa arindu eta belauneko mina gutxitzen ari zela ikusi nuen eta gorputzean lehen aldiz izerdia sentitzen hasi nintzen. Hala ere, badaezpada nire burua korrikarik ez egitea behartu eta Arbelar arte oinez azkar-azkar jarraitu nuen. Erlojua begiratu eta 16 ordu eta bost minutu adierazten zuela ikusi nuen: "earra, aurikusitakoa baño bost minutu azkarragooo!!!!": "delante vuestra han pasado unos 300" esan zidan anoa postuan zegoen boluntarioak. "¿Sólo 300?", "Sí, unos pocos más, pero no creas que muchos más" erantzun zidan. Arbelarren ur botilatxoak bete, ongi hidratatu eta Landatik gordeta nuen bigarren fruta konpota hartu ondoren Aizkorrin gora hasi nintzen.

Maldan gora hasi eta gutxira, ez dakit konpotagatik edo, hankak berriro ere indartsu sentitu nituen. Hemendik bukaera arteko bidea ezagutzen nuenez, irrifar maltzur bat bota eta "A tomar por sako!!!" baten ondoren abiadura bizitu eta zuzenean zeruan sartzen hasi nintzen: a zer nolako gozatua egurra ematen igo eta minik gabe hankak indartsu zihoazela ikustea!!! Igoeran hainbat korrikalari aurreratu eta Aizkorriko aterpean zeruan sartu nintzen, aurrikusitako denbora onena baino 12 minutu lehenago (16 ordu eta berrogeita bi minutu). Aterpe parean Imanol eta bere lagunarekin bat egin nuen berriro ere. Aizkorrira hurbildu zitzaien hirugarren lagun batekin zihoazen: "Bai gorde dituzula indarrak honeako, zenbaten igo zea?" Galdetu zidan Imanolek, "ba eztakit baña sentsazio onekin igo naiz, esaizut ba honeako indarrak gordeko nittula, jejeje" erantzun nion.

Zeruan nengoen, ibilbide osoan izan nuen moral eta indarrez gorenean eta Araia arte egurra emateko gogotsu. Bat batean Imanol gelditu, lurrean eseri eta "pixkat mareatzen ai naizela ustet" esan zuen. Beste hiruok gelditu eta bi lagunen laguntza zuela ikusi nuenean behera jarraitu nuen.

Hemendik aurrera hankei egurra ematen hasi eta ongi erantzuten zutela ikusteak oraindik indar gehiago eman zidan. 20 km-etako lasterketa baten amaieran bezala sentitzen nintzen eta aurretik ikusten nituen korrikalariak aurreratzeak geroz eta motibazio gehiago ematen zidan azkarrago joateko. Azkosaroi ziztu bizian zeharkatu ondoren pagadian sartu eta di-da batean Iparriturriko bidegurutzera iritsi nintzen, ibilbideko azken anoa postura.

"Bengaaaa, animooo azken hiru kilometroak eta helmugan zaudete eta!!!" Esan zidan bertako boluntarioak. Baso pare bat ur azkar-azkar edan eta berriro ere korrika bizian hasi nintzen.

Aizkorrin behera jaitsieraz gozatuz. Argazkia 42195.es web orritik jaitsita dago.


Azken hiru kilometro hauek izugarri gozatu nituen, infernuan izan ondoren zeruan nengoen eta, nire buruarekin pakean, eta Krutzetan bezala, negargurea jarri zitzaidan, baina oraingoan zorion eta esker oneko negargurea.

Helmugatik kilometro eta erdira lurrean etzanda iztarretan masajeak jasotzen ari zen korrikalari bat ikusi nuen: "a ze putadea" pentsatu nuen Marimurumendin bikiak igo zitzaizkidan momentua gogoratuz.

Araiara iristen. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Araiako kaleetan sartu nintzenean pozarren nengoen: ezagutu ez nuen batek "korri, familie bertan duzu ta" oihukatu eta metro gutxietara "Benga txapeldunaaaa!!!! Eutsi mutileeee!!!!" Entzun nuen. Koadrilako Ander, Oihana, Manolo, Mikel eta Mª Carmen ziren, larunbat arratsalde batean ezer hobea egiterik eta, famili osoarekin ni animatzera etorrita. Momentu honek oilo-ipurdia jarri eta asko hunkitu ninduen eta metro batzuetan Ander eta hauen seme-alaba koadrila lagun izan nituen. Milesker bihotzez denoi!!!!

Araiako sarreran Anderrek grabatutako bideoa.



Metro batzuk aurrerago "Aupa Xabiiiii!!!" bat entzun eta jendetzaren artean Etxarriko Aitor korrikalari handia ikusi nuen. Keinu bat egin eta gelditu gabe jarraitu nuen.

Azken metroak eztarrian korapiloa egin zitzaidan metroak izan ziren, malkoen metroak, entrenatutako ordu guzti horiek benetan balio izan dutenen metroak, Itzik urte osoan nirekin izan duen pazientziaren metroak, anaia nire ondoan amets hau betetzen ez egotearen metroak, hegan egin nituen metroak, infernuan izan ondoren zeruan egotearen metroak eta amari indarrak emateagatik eskertutako metroak: "Aupa Mitzzzzzz!!!!!" Anaiaren animoa besterik ez nuen entzun. Antolakuntza, boluntario eta bertan zeudenen animoak txalotuz, 18 ordu eta sei minutuetan, malkoen artean helmuga zeharkatu nuen.

Helmuga iritsi aurreko azken metroetan. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Ahal izan nuen moduan eskerrak emanez. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Malko artean, hau amaituta dago!!! Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Iker eta Itzi helmugan animatzen aritu ziren lekuan... Argazkia festak.com web orritik jaitsitako beste baten moldaketa da.


... Eta leku hortatik grabatutako bideoa.



Ez dakit endorfinak jota nengoen baina izugarri ongi sentitzen nintzen, maratoi erdia korrika egin izan banu bezala. Diploma jaso eta Itzirekin besarkada eta muxu batean lotu nintzen: "Ze ona Smiii" esan zidan hunkituta. "Puto makinaaa" esan zidan Ikerrek, "ba egie esan oain kriston ondo nau, ez dakit gora etorrita naun baña beste kilometro batzuk itteko indarrak baittutela ustet" erantzun nien.

Malkoak lehortu ondoren pozaz zoratzen.


Helmugaren atzeko anoa postuan sartu eta etxetik prestatutako arroz esne freskoa jaten ari nintzen bitartean kuadrilako lagunak azaldu ziren.

Arroz esnea jaten, argazkia Anderrek egin zuen.


"Ostia Smithy, ondo ezta?" Esan zidan Anderrek. "Joer, ba oain oso ondo nau baña gauen latzak pasatuittut" esan nien. "Itxura behintzet ona ikustezaizu" esan zican Mikelek. Ibilaldian izandako komeriak eta bisita egiteagatik eskerrak eman ondoren joan egin ziren.

Mikel eta haur kuadrilarekin hizketan. Argazki hau ere Anderrek egin zuen. Milesker familiaaaa!!!!!!


Arroz esnea amaituta patata tortillaren ogitartekoari ere lekua egin nion: "zemuz joan da?" Galdetu zidan Aitorrek "Gaua gaizki baña egune oso ondo" erantzun nion "nik ere sufrituet, hasieran azkarregi jun ta ordainduet, baña azkenekon baño denbora hobea indet". "Zenbat?" Galdetu nion. "16 eta berrogeita bi". "Joer, kriston denbora da hoi, zorionak!!" Erantzun nion.

Indarrak berreskuratu ondoren, hoztu aurretik euritarako txamarra jantzi eta eta dutxetara zuzendu nintzen.

Ikerrekin batera dutxetarako bidean.


Dutxetan Arkaitz Irureta ezagutu nuen, "pirukeriak" blogaren sortzailea: plazer handia izan zen zu ezagutzea, ea neguan Aizkorriko kanaletara bueltatxoa egiten dugun!!!!

Dutxetatik ateratzen eta batzuek laugarren haundia deitu zioten maldan gora. Itsura txarrik ez nuen, ez? Jejeje



Dutxetatik atera eta, ibilaldiari amaiera emanez, etxerako bidea hartu genuen, pozaz zoratzen duela hogei urte entzun eta orduz geroztik amesten nuen mendi erronka izugarria egina nuen eta.

Ohikoa dudan moduan kronika eskerrak emanez bukatu nahi dut: eskerrak ibilaldi osoan bidelagun izan zintuztedan guztioi, kuadrilari, Jose Manuel eta Mariapilarri, modu batean edo bestean indarrak eman eta animatu nauzuen guztioi, anaiari (zu gabe erronka hau ezberdina izan zen baina zu gabe ez nuke egingo), Itziri (1.996tik egunez egun gehiago maite zaitutela esatea ez da nahikoa) eta amari erakutsitako guztiagatik.

Antolaketari dagokionez entzunda nuen ez zela oso antolaketa ona eta anoa postuak eskasak zirela, baina hau esan zidanak ez dakit zein ibilaldi egin zuen niri guztiz kontrakoa iruditu zitzaidan eta: anoa postuak ederrak, Landatik aurrera ia bost kilometroero likidodun anoa postu bat eta Araiakoa izugarria. Bidearen markaketa oso ona, kontutan izanda gauez bakarrik ezezagunak ziren bideetatik egindako kilometroak, ez nintzen inongo momentuan galdu. Boluntarioen lana txalotu eta eskertzekoa, milesker Ubidean eskularruak ateratzen lagundu zidan boluntarioari eta a zer nolako meritua Anboton zeuden boluntarioena, laserkariak animatu eta animatu nekatu gabe. Honelako antolaketarekin egindako ibilbideak errepikatzeak ez du pereza handirik ematen.

Beste edizio batzuetarako iradokizun pare bat egin nahiko nituzke: senitarteko edo laguntzaileren bat anoa postuetan sartzerik izatea eta ibilaldia izan zen denbora osoan sare sozialetan norbait ibilbideko nondik norakoak egueratzen joatea.

Ibilbidea amaitzeagatik jasotako diploma.


IBILBIDEAREN DATUAK ETA BIDEOA

Ibilbidea betetzeko kontrol gune ezberdinetatik pasatako denborak.


Eta Ikerren erlojuak egin zuen ibilbidearen bideoa, kuriosoa benetan!!!




Bukatzeko, ibilbide osoa deskargatu nahi baduzue:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina