AZKEN 10 SARRERAK

2016/09/25

NAFARROA XTREM 2016: BURUA, GORPUTZA ETA ARIMAK EZEZKOA ESATEN DUENEAN 2016/09/17

Ezer baino lehen aitortu beharra daukat zalantzak izan ditudala kronika hau non jarri, mendi irteeren sailean edo mendi-osasun artikuluen sailean, kontatuko dudana bien arteko nahasketa izan daitekeelako. Ohituta nago ongi bukatzen diren istorio eta ibilbideak kontatzen, nahiz eta batzuetan sufritutako uneak ere izan. Hasiera batean ez nuen honen inguruko ezer kontatzeko asmorik baina Itzik honetara animatu ninduen: “blogen zeoze idatzikozu, ezta? Gauzak ondo ateatzen dienen bakarrik idaztea tranpa ittea da”. Arrazoi handia berea.

Istorio hau urtearen hasieran hasten da, Hiru Haundiak mendi ibilbiderako dortsala egokitu zitzaidanean. Ibilbide honen prestaketari begira urtean zehar mendi lasterketa ezberdinetara izena eman nuen, horien artean Nafarroa Xtrem, lehen aldiz antolatuko zen mendi lasterketa.

Hiru Haundiak-i begira lasterketa hau primeran zetorren: denboraz mendi ibilbidea baino hilabete lehenago, 68 km, metatutako 4.000 metro positibo, eta gainera Kintoaren (gazteleraz “Quinto Real”) paraje ikusgarriak zeharkatuz. Saioa eta Adi mendiak igota izan arren, Kintoako mendi esanguratsuenak ibilbide bakarrean igotzeak izugarri erakartzen ninduen.

2016ko Nafarroa Xtrem-en ibilbidea, luzea eta gogorra.


Prestaketa fisikoari dagokionez uda ongi joan zen eta egindako test batzuen ondoren indartsu sentitzen nintzen lasterketa zorrotz eta gogor honi begira. Hala ere ez nuen helburu jakinik, amaitzea besterik ez, eta gainera egurra eman baino orduak metatu nahi nituen. Hau guztiagatik 12-13 ordu bueltan amaitzea aurreikusi nuen.

Lasterketari begira egin nuen denbora eta elikadura aurrikuspen "lasaia".


Lasterketa baino astebete lehenago tenperaturak 15-20 gradu inguru jaitsi (ordurarte 30-35 gradu artean ibili ginen) eta hotzarekin batera mendietan beharrezkoa zen euria botatzen hasi zuen. Aldaketa honek nire osasunean ere eragina izan eta eztarriko min eta katarroarekin hasi nintzen, gauetan izerdi batean eta goizetan hotz sentsazioarekin jaikiz.

Aste osoan zehar Euskalmet eta Aemet eguraldi web orrialdeetan mila aldiz sartu nintzen eta bietan astebururako hotza eta euria iragarrita zegoela behin eta berriz adierazten zuten: “beno, Aralar ta Aizkorrin hotza ta ebikin ibilita nau, eztet uste hainbesteako izangoenik” pentsatu nuen. Honetaz aparte, astean zehar antolatzaileen mezu elektronikoa jaso nuen: “iragarritako eguraldia dela eta euritarako txamarra eta eskularruak eramatea derrigorrezkoa izango da”. Euripean lasterketa bat egiteak ez ninduen batere motibatzen, baina hala ere, euritan egin izan ditudan ibilbideetako esperientzia buruan, Ostiralean lanetik irten, bazkaldu eta material guztia prestatu ondoren Zubirirako bidea hartu genuen.

Etxetik ordu eta erdiko ibilbidea izanda Itzi eta biok Eugiko “Quinto Real” ostatuan lo egiteko tokia hartu genuen, modu honetan larunbatean irteera puntuan atseden hartuta egoteko. Zubiriko “Gau txori” jatetxean dortsala jaso eta anoa postuetan laguntzaileak arropa lehorra ematerik bazuen galdetu nien: “bai noski, anoa postuetan bai, hortik kanpora ez”. Honek lasaitu ninduen hasiera batean aldatzeko arropa guztia motxilan eramatea pentsatuta nuen eta: “hola ariñago jungo naiz” pentsatu nuen.

Eugiko bidean basoaren egoerarekin txundituta gelditu ginen: pagadiak jasandako beroagatik erreta zeuden eta Eugiko urtegia ere oso baxu zegoen. “Quinto Real” ostatuko nagusia den Fernando Goñi pelotari ohiak ere aurtengo uda oso lehor eta bero joan zela baieztatu zigun eta honekin batera biharko lasterketarako material ona emateko aholkua eman zidan: “mendi horiek oso lainotsuak dira eta galtzeko arriskua handia dago, gainera lokatz handia egongo da”. Trasteak logelan utzi eta Eugi herria bisitatu genuen: “a ze lasaitasun eta pakea!!!!” esan nion Itziri. “Bai, baña negun hemen ezta giroik izango” erantzun zidan arrazoi handiz. Lehenengo euri tantekin batera ostatura itzuli ginen.

Lasterketarako motibazioa ez zegoen gorenean eta gainera logelaren leihotik euria gogoz etengabe ari zela ikusten nuen: “Bihar hola badau enaiz aterako” esan nion Itziri “ta ateatzen banaiz Aritzu (46 km) arte jungo naiz, han erropa aldau ta segun eta nola naun bertan utzi edo jarraitukoet”. “Nahizun bezela Smi” erantzun zidan “bakizu eztula pena merezi alperrik sufritzea”.

Kamiseta eta dortsala prest ohera joan aurretik.


Katarroarentzat hartzen ari nintzen botika etxean ahaztuta, muki artean lotara joan nintzen, baina hala ere, uste baino hobe lo egin ondoren, goizeko seiak eta erdietan jaiki nintzen. Nire zorionerako muki batzuk eta eztarriko min arin batetik besterik ez nuen eta leihotik begiratu nuenean ez zuen euririk ari. Ez dakit sentitu nuena lasaitasun sentsazioa izan zen, lasterketan parte hartuko ez nuela barneratzen hasita nengoen eta. Hala ere: “ya ke hemen naun gutxiñez atea beharko naiz” esan nion Itziri.

Lasterketarako jantzi, gosaldu eta Zubirira iritsi bezain pronto (kotxeak 10 gradu markatzen zituen) euria gogoz hasi zen berriro ere: “atzoko informazio solasaldian gaur goiko mendietan eguraldia benetan txarra izango dugula esan zuten, beharbada Saioa igo ez izatearen aukeraz ere hitz egin zuten” entzun nion korrikalari bati. Itziri muxu bat eman eta "Urkiagako postun ikusiko gea" esan ondoren irteera gunera hurbildu nintzen.

Irteera gunean sartu aurretik.


Irteera gunera sartzeko kontrolean Uxue Fraile korrikalari handia antolatzaile gisa zegoen, korrikalariok generaman materiala egokia zela ikuskatuz: “Antolakuntza engainatu nahi baduzue zuek ikusi, baina haizetarako bakarrik den txamarra eramaten baduzue Urkiagatik gora asko sufritu behar duzue” esaten ari zen behin eta berriz. Parte hartutako beste lasterketekin alderatuz dortsala eta euritarako txamarrari bakarrik erreparatu zioten, motxilan eraman beharreko beste material guztiari kasurik egin gabe. Erreportaitxo hau argitaratu eta egun gutxietara Aitor Salinas korrikalari Etxarriarrak esan zidan Aritzuneko anoa postuan mugikorra, buruko linterna eta pilak bazituzten begiratzen aritu zirela. Milesker Aitor!!!! Gai honekin jarraituz, irailaren 26ean antolakuntzak sailkapena eguneratu zuten beharrezko materiala eraman ez zuten korrikalariak deskalfikatu ondoren. Pentsatzen dut antolatzaileentzat ez dela erabaki erraza izango baina guztiaren gainetik korrikalarien segurtasuna dago, eta hau bermatzeko eskatzen da ezinbesteko material bat.

Goizeko zortzietan, aurresku eta suziri baten ondoren korrikan hasi ginen.

Lasterketaren hasiera.



Lehen metroak Zubiri eta Eugi arteko errepidea jarraituz egin eta mendian sartzen zen pista batetik jarraitu genuen. Ordurako euririk ez zuen egiten eta euritarako txamarraren eraginez berehala izerditzen hasi nintzen. Pista bazterrean gelditu, txamarra motxilan sartu eta bihotz taupadak kontrolatuz korrikan jarraitu nuen ordura arteko abiaduraren eraginez nahi baino altuagoak nituen eta. Txamarra gabe freskoago eta bihotz taupadak kontrolpean lasterketaz gozatzen hasi nintzen nahiz eta katarroaren eraginez arnasa hartzeko zailtasun arin bat izan: “ze ona, hola badijo igual dena bukaukoet” pentsatu nuen. Hala ere nire poza putzura erori eta euria gogoz hasi zen.

Batekin eta bestearekin hizketan aritu ondoren Adiko igoeran bi urretxuar eta Gasteizko batek laukotea osatu genuen. Lauok 12 orduko bueltan amaitzeko ideia generamatzan eta abiadura erosoan joan ginen mendi lasterketa, datorren hileko Hiru Haundiak (lauetatik hiruok dugu ateratzeko asmoa), bidean ikusitako onddo eta asteburu berean ziren Urretxuko festen inguruan hitz egiten: “bakarren batek duela urte batzuk Urretxuko festetan mendi lasterketa bat korritzen arituko nintzela esan izan balit ez nuen sinetsiko” esan zuen urretxuarretako batek. Gauzak nolakoak diren, baina ordiziarra nintzela esan nienean beste urretxuarrak aita ordiziarra zuela eta kuadrillakidea den Ibonen lankidea zela esan zidan (Ibonek Imanol izena zuela esango zidan eta beste urretxuarraren izena Juan zela ikusi nuen dortsalaren zenbakia jarraituz). Basoaren babespean Lizartxipiko anoa postura (11,4 km) oso fresko iritsi ginen. Bertan txalapartan ari ziren boluntaro ausartak animatu eta aurrera jarraitu genuen.

Nahiz eta euria bota, gorputza eta oinak bero eta lehorrak sentitu eta hidratazioa eta elikadura ere ederki neraman, ordura arteko motibazio eta gozamenaren mesederako: “Ze onaaaa” pentsatu nuen.

Baina lasterketak bazuen Xtrem hitzari ohore egiteko asmoa eta, Adiko igoeran, pagadiaren babesa atzean utzi bezain pronto, lasterketak emango zidan lehenengo belarrondokoa jaso nuen. Ez dakit nondik baina bat-batean izugarriko ekaitza eta haizetea altxatu zen. Euritarako txamarraren kremailerak itxi eta txapelari eutsi egin behar izan nuen haizeak ez eramateko. Haizearen eraginez euria txamarrak uzten zituen zirrikitu guztietatik sartu eta aurpegi eta belarrietan min egiten zuen. Hala ere gorputza oraindik beroa nuen eta Adiren gailurrera pixkanaka hurbiltzen joan ginen.

Gailurrean zegoen kontrolgunera iritsi aurretik 32 kilometroetako lasterketaren lehenengoak (asteburuan bi lasterketa antolatuta zeuden, 32 eta 67 kilometroetakoa) ziztu bizian pasa gintuen: “Hoi bai arin ta frexko!!!” Esan nien euritarako txamarra gerrian lotuta, tiratako kamiseta eta galtza motzekin zihoala ikusita.

Kotrolgunea pasa (2 ordu eta hogei minutu) eta maldan behera euri eta haizearekin borrokan jarraitu ginen. Jaitsieran eskuak hozten hasi zitzaizkidan eta gehiagora joan aurretik eskularruak jantzi nituen: “oain bai epel” esan nien taldekideei eskuak bere onera itzuli zirenean. Egoera erabat desatsegina bihurtu aurretik berriro ere basoan sartu eta honen babespean ekaitzak Urkiaga arte (18,5 km) atseden eman zigun.

Urkiagara iristen, animoak oraindik nahiko ongi zeuden.



“Zemuz Smi?” Galdetu zidan Itzik Urkiagara iritsi nintzenean: “Goien kriston ebi ta haizea dabil baña oaingoz nahiko ondo” erantzun nion. Anoa postuan zerbait jan eta edan ondoren, Itzi Aritzu arte agurtu eta martxan jarri ginen: “Ostia cómo pegaba ahí arriba” esan zidan Juanek “ya te digo, como para que te hagas una avería y tengas que esperar a que te bajen”, erantzun nion.

Urkiagatik gora beste urretxuar batzuk elkartu zitzaizkigun taldea handituz eta basoan joan ginen bitartean nahiko eroso joan ginen. Baina Artesiagako mendatearen (27 km kilometroan zegoen hurrengo anoa postua) aurretik igo beharreko gainara iritsi ginenean ekaitzak berriro ere errukirik gabe bazterrak (eta gu ere) astintzen hasi eta lasterketak bigarren belarrondokoa eman zidan.

Euria kazkabarra zirudien eta, haizetearen eraginez, aurpegi, begi eta belarri barruan min egiten zuen, bakarren bat harea aurpegira botatzen arituko balitz bezala. Belarrietan molestiarik ez izateko euritarako txamarraren txapela jantzita neraman txapelaren gainetik jarri eta ahal izan nuen guztia estutu nuen. Ibilbidea izugarrizko lokaztian bihurtu zen eta korrikalari bakoitzak ahal genuen biderik erosoena jarraitzen joan ginen markatutako bidea batzuetan eskuinean eta besteetan ezkerrean utzita. Denbora aurrea zihoan heinean gorputza hozten joan zitzaidan, dagoeneko euritarako txamarraren iragazgaiztasun muga pasa eta barrutik bustita hasita nengoen eta. Gorputza berotzeko asmoz korrikan jarraitu nuen, baita barratxo bat jan ere, baina ez batak ezta besteak ere ez zidan efekturik egin. Horretaz aparte belaunak gogortzen hasi eta oinetako behatzak oso hotzak sentitzen hasi nintzen, ibilkera baldartuz. Makuluekin ere nahiko lana nuen,eskularruak blai eginda nituenez eskuak hoztuta nituen eta. Momentu batean ere zorabiotxo sentsazio bat izan eta azukre faltagatik izango zelakoan bigarren barratxo bat jan nuen. Lehenengo hamabost kilometroetan izandako sentsazio on eta gozamena zeharo desagertu eta gogotik sufritzen hasi nintzen.

Momentu gogor honetan Josuk hotza izaten duenean izaten duen krisia burura etorri zitzaidan: “eztit ba yuyua (Josuk deitzen dion bezala) emango?” Pentsatu nuen. Honelakoetan Josuri tentsioa izugarri jaitsi, lurrean eseri eta minutu batzuetan dar-dar batean eta erdi lo egoten da gorputza pixkanaka berotzen joaten zaion arte.

Josurekin pentsatzen ari nintzela maldan behera hasi eta gogo edo nahi berri bat etorri zitzaidan: Basora iritsi beharra daukat!!! Nengoen leku eta egoeratik alde egin eta basoaren babesera itzuli nahi nuen, bertan gorputza berriro ere berotuko zenaren esperantzan.

Baina metroak jaisten genituen heinean ez zen basorik agertzen eta haizea eta euriak ere ez zigun atsedenik eman. Ibilbidea ere penagarri eta oso irristakor zegoen, leku askoetan ia ibili ezina ere, eta korrikalariren bat edo beste lurrera erortzen ikusi nituen.

Nire osasun eta segurtasuna arriskuan sentitu nituen eta sentsazio honek beldurtu ninduen.

Artesiagako mendatea ikustearekin batera “Aupa Xabiiii!!!” Bat entzun nuen. Ahotsa ezaguna egin zitzaidan baina ez nuen uste nigatik ari zenik oihuka ari zen Maria Pilar eta Itzi ikusi nituen arte: “Zemuz zoaz?” Itzik. “Kristonak pasatzen, eztakit ba erretirauko ote naizen” erantzun nion. “Ba ondo ez bazoaz utzi, ez du merezi alperrik sufritzea” esan zidan. Erabakia hartu baino lehen anoa postura joan eta Saioa nola zegoen galdetu nien: “Buffff!!! Hemen bezala edo okerrago dago” erantzun zidaten.

Artesiagan, lasterketa bertan behera utzi nuen lekuan, aurpegiak dena esaaten du.



Anoa postuan esandakoa eta gero ez nuen bitan pentsatu ere egin. Erretiratzeko zer egin behar nuen galdetu eta Zubiriko helmugan esan beharra nuela erantzun zidaten: “nahi baduzu kotxez eramango zaitugu” esan zidaten, “milesker baña nork eraman bauket” erantzun nien.

Juan eta Imanolena hurbildu eta “utzi inbehar det” esan nien. “Bai?” Erantzun zidan Imanolek. “Gaurkoz nahiko sufrituet ta eznau prest osasune ta segurtasune jokon jartzeko” erantzun nien. “Ba igual ez da txarra, gañea aurretio dauna ikusita…” erantzun zidan Juanek. “Nahizuen bezela, nahibazue Zubirira itzultzeko kotxea baukezue” esan nien. Segundo batzuetako zalantzaren ondoren aurrera jarraitzea erabaki zuten. Zorterik handiena opa eta lasterketa bertan behera utzi nuen.

A zer nolako goxotasuna sentitu nuen blai egindako txamarra erantzi, txaketa lehor bat jantzi eta kotxean sartu nintzenean!!! Kotxeak 8,5 graduko tenperatura markatu arren haize eta euriaren eraginez ziur nago sentsazio termikoa askoz baxuagoa zela.

Zubirira itzuli, antolatzaileei lasterketa utzi nuela esan eta laguntzaileetako batek zapatilei lokatza kentzeko tutu malgu batekin ura bota zidan: “joer, behatzak hain hotzak ditut ura epela sentitzetela” esan nion.

Zubirin zapatilak garbitzen, argazkia antolatzaile batek egina da.


Dutxetan bi lasterketatako korrikalariak elkartu ginen: 32koa bukatzen ari zirenak eta 67tik erretiratutakoak. Bata nahiz bestekoa zein zen jakitea erraza zen: batzuk gorri-gorri izerditan sartzen ziren bitartean besteak zurbil eta dar-dar batean sartzen ziren. Bati dortsala kentzen ere lagundu egin behar izan nion kateorratzak askatzeko gai ez zelako. Momentu batean erretiratutakoak lasterketa amaitutakoak baino gehiago izatea ere iritsi ginen. Antolaketaren aurkako kexak nabariak ziren: ez zutelako ibilbidea aldatu, eguraldia jakinda anoa postuetan ez zutelako likido berorik eman, lekuren batean ibilbidea ez zegoelako ongi markatua... Egoera hau niretzat berria zen eta biziki hunkitu ninduen, batez ere lasterkariak dutxetara iristen ziren egoera tamalgarriagatik. Antolakuntzaren aurkako kexak ulergarriak izan arren (honelako egoera batean zaila izaten da autokritika egitea eta), hotzean, ez dut uste erretiratu ginenon erabakian errua edota ardura dutenik.

Dutxa beroaren ondoren Zubirin bazkaldu eta arratsaldeko zazpi eta erdi pasatxoan etxerako bidea hartu genuen, Unai Santamaria, Nafarroa Xtrem lasterketaren lehen irabazlea, iristearekin batera. Gero etxean emakumezkoen arteko irabazlea Leire Martinez izan zela irakurri nuen. Zorionak bioi!!!

Eta zer gertatu zen Imanol eta Juanekin? Ba biak lasterketa amaitu zuten, aurreikusita zuten moduan 12 orduetako bueltan, zorionak bioi bihotzez, plazer handia izan zen kilometro batzuetan zuen bidelagun izatea.

Izena eman genuen 325 korrikalarietatik 290 inguru irten ginen eta hauetatik 190ek amaitu zuten. 100 korrikalari inguruk lasterketa bertan behera utzi genuen.

Etxean hausnarketarako unea iritsi zen: zer gertatu zitzaidan? Non izan zen “akatsa” ? Zer hobeturik ba al dago? Ateratako ondorioak hauek izan ziren:

Egoera fisikoa: indar aldetik lasterketa ongi zihoan eta indartsu sentitu nintzen denbora osoan. Dena den aurreko egunetako katarroak batetik ez zidan arnasa nahi bezain ondo hartzen utzi eta bestetik gorputzaren berotasunean ere eragina izan zuen, denbora osoan gripea izaten den bezalako “izerdi arraroa” botatzen aritu nintzen eta, nahiz eta lasai joan.

Egoera mentala: mentalki ez nintzen motibatuta atera eta nahiz eta momentu batzuetan lasterketaz gozatu, orokorrean ez nuen disfrutatu. Entrenamendu batzuetan hau gertatu eta buelta eman izan diot, baina ibilbide motzagoak izan dira beti. Oraingoan gutxietan sentitu dudan sentsazioa sentitu nuen, nire osasun eta segurtasuna arriskuan zeudela, eta beldurtu egin nintzen.

Elikadura eta hidratazioa: Elikadura eta hidratazioa ondo eraman nituen eta inongo momentuan ez nuen gose eta egarririk pasatu.

Materiala: Jantzitako arropa egokia zela uste dut, neguan hotz handia egiten duenean ez baitut hotz arazorik izaten, eta makuluak eramatearekin bete-betean asmatu nuen, leku askoetan beharrezkoak ziren eta. Bustita amaitu nuen bezala kontutan izanda zalantzak ditut bigarren geruza fin bat eraman izan banu beroago mantenduko nintzen hala ez. Eramandako euritarako txamarra bota zuen ekaitzerako ez zen nahikoa izan. Lehendik eurite handi batean arazorik gabe frogatuta nuen, baina haize bortitzik sufritu gabe. Haizete eta euri jasaren arteko konbinaketak txamarraren babesa bertan behera bota zuten. Eskularruekin antzeko zerbait gertatu zen, baina hemen argi daukat eramandako eskularruak inondik inora ez zirela egokiak izan, euritarako eskularruak ez direlako. Fundamentuzko mintz iragazgaitzeko eskularru batzuk eraman izan banitu eskuak lehor eta beroak denbora luzeagoan mantenduko nituen.

Lasterketaren antolakuntza eta antolaketa: Antolaketa ona iruditu zitzaidan, orain arte parte hartu dudan lasterketen parekoa, ibilbidea ongi zegoen adierazita eta anoa postuetan edari eta janari nahikoa zegoen. Boluntarioen jarrera ere txalotzekoa izan zen. Iradokizun gisa, eta egun batzuk lehenagotik eguraldia txarra izango zela jakinda, anoa postuetan likido beroren bat edateko aukera izatea eskertzekoa izango zen, guztietan ez bada ere tartekoetan. Saioa mendira ez igotzeko zuten B plana ere jartzea ez zen aukera txarra izango, mendiaren egoera oso txarra baitzen. Dena den, duela urte pare bat ehunmilak lasterketan boluntario izan nintzenean Aralarren antzeko egoera bat bizi izan genuen eta lasterketa ez zen aldatu, beraz, pentsatzen dut B plana martxan ez jartzeko erabakia ongi hausnartu zela. Amaitzeko, datorren urteari begira zer hobetuetan korrikalarien herenak lasterketa bertan behera utzi izanak zer pentsatu eta hausnartua izango duela uste dut eta honekin ez dut esan nahi lasterketa uztearen erantzunkizuna antolakuntzan dagoenik, ezta gutxiagorik ere.


Orain gakoa ateratako zer hobetu hauek praktikan jartzean datza, ea hala egiten dudan, jejejeje.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina