AZKEN 10 SARRERAK

2017/01/30

ACONCAGUA 2016-2017: 1. SARRERA MODUAN.

Zergatik Aconcagua? Zergatik "Harrizko Zentinela"? Izan zen 2016 urtean zehar entzun behar izan nuen galderarik errepikatuena. SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) zenaren zazpimilakoak eta Asian (Pakistan, Txina, Nepal, Tibet, India...) zortzimilakoak ez diren mendi altuak baztertuta, dituen ohiko bideetatik teknikoki mendi zaila izan gabe, Aconcagua gorputza altuera handi batean frogatzeko lekurik aproposena zela iruditzen zitzaigun. Honetaz aparte bertako hizkuntza hitz egitea ere abantaila handia da, eta amaitzeko, zergatik ez, Amerikako mendirik altuena izateak ere erakartzen gintuen.

Hurrengo egun, aste edota hilabeteetan espedizio honetan bizitakoaren berri pixkanaka emango dut, presarik gabe, bertan bizitakoak barrenak ederki astindu eta sortutako zurrunbiloak pausatzeko denbora beharko baitut. Bitartean, Aconcaguako igoeraren lehen pausu honetan datu teknikoak, historia, burokrazia eta antolaketarekin zerikusia duena kontatu nahi dizuet, niretzat kontatzeko gauzarik errazena baita, sentimendu handirik gabeko kontaketa hotz bat delako. Espero dut zuetako bakarren batek mendi izugarri eta ikusgarri honetara lehen aldiz joateko asmorik badu erabilgarri izatea.

SARRERA

6.962 metroekin Aconcagua amerikar kontinenteko mendirik altuena da. Datu honek pisu eta garrantzia nahikoa izango ez balu bezala argentinarrek esaten dut Aconcagua hego hemisferioko edota Asiatik kanpoko mendirik altuena dela. Bakarren batek ere Himalaia osatzen duten mendi-lerroetatik kanpo dagoen mendirik altuena dela esaten du, jejeje.

Aconcagua izenaren jatorrian teoria ezberdinak daude baina onartuena quechua hizkuntzaren ackon (harri) cahuak (begiratzen duena, zentinela bezala ere itzulia) hitzetatik datorrela esaten duena da, hemendik Aconcaguari Harrizko Zentinela ere deitzea.

Geografikoki Argentinaren ipar-mendebaldean kokatzen da, Mendoza probintziaren barruan. Iparraldetik Vacas eta mendebalde eta hegoaldetik Horcones sakanekin mugatzen da, gailurrera iristeko ohiko bi bideek zeharkatzen dituzten sakanekin, hain zuzen ere. Iparralde eta ekialdean malda "gozoak" dauden bitartean, hegoaldean izotzez estalitako izugarrizko horma bertikal ikusgarria dago.

Bi gailurrez osatua dago: iparraldeko gailurra edo gailur nagusia (6.962 metro) eta hegoaldeko gailurra (6.930 metro). Inguruan hain altuak diren mendirik ez dago, Aconcaguari izugarrizko mendi puskaren itsura emanez. Eta itsura bakarrik ez, izugarrizko mendi puska da. Guk lehen aldiz hegazkinetik ikusi genuenean aho zabalik gelditu ginen duen tamainarekin, ondoko mendiak oso txikiak dirudite bere ondoan. Eta hau gutxi ez bada ere, dagoen latitudeagatik, gailurrean 7.500-7.600 metro inguruko mendi bateko oxigeno kopuru eta sentsazioa izaten dela esaten da: zegatik? Eman ziguten azalpena hau izan zen: Lurraren forma ez da esferikoa eliptikoa baizik eta ekuatorean poloetan baino zabalagoa da. Lurra estaltzen duen atmosfera aldiz esferikoa denez, altuera berean ekuatoretik gertu dagoen mendi batean oxigeno gutxiago izango dugu ekuatoretik urrun dagoen mendi batean baino. Bertako gidari batek baino gehiagok hemen altuerak Himalaia edo Karakorum-en baino gehiago "jotzen" duela esan zigun.

1983 urtean Aconcagua Parke Probintziala sortu zen eta 1990 urtetik aurrera mendi ekintzak eta trekking-ak erregulatzen hasi ziren Parkera sartzeko muga-zergak ezarriz, besteak beste flora eta fauna zaintzeko helburuarekin.

Igoerei dagokionez, goian aurreratu bezala, Aconcaguara igotzen diren ohiko bideak Vacas edo Horcones sakanetatik zehar doaz, oinarrizko kanpamentuak Plaza Argentina (4.290 metro) eta Plaza de Mulas-en (4.370 metro) kokatuz hurrenez hurren. Bide hauek teknikoki ez dira zailak baina honegatik ez dira gutxietsi behar, Aconcaguan, goian azaldu bezala, altuerak gogor jotzen baitu. Honegatik, mendi hau igotzeak aklimatazio on bat egitera behartuko gaitu. Hego aurpegiko horman aldiz teknikoki zailenak diren eskalada-bideak daude eta horma honetan munduko alpinistarik handienek beraien indarrak neurtu edota bideak irekin dituzte, Messner edota Martin Zabaleta esate baterako.

Lehen igoera 1896-1897 urteen artean Briton Edward Fitz Gerald britaniarrak buru zuen espedizioak lortu zuen. Mathias Zurbriggen suitzarrak urtarrilaren 14ean gailurrera igotzera lortu zuen Fitz Gerald 6.800 metroetan gelditzen zen bitartean. Han izan eta gero esan beharra daukat mendizale honek lortutako izugarria izan zela ahalik eta gehiago garai hartan izango zuten material eta arropa kontutan hartzen bada.

1934 urtean Aconcagua Poloniarren glaziarretik eskalatu zen lehen aldiz. Martxoaren 8an Stefan Daszynski, Wiktor Ostrowski, Stefan Osiecki eta Konstanti Narkiewicz-Jodko poloniarren eskutik. Hauen omenez jarri zitzaion glaziar honi duen izena.

Hego gailurra lehen aldiz 1947 urtean T. Cop eta L. Herold alemaniarrek igo zuten.

Lehen negu igoera 1953 urteko irailaren 15ean Emiliano Huerta, H. Vasalla eta F. Godoy argentinarrek Plaza de Mulas-etik doan ohiko bidetik lortu zuten.

Hego hormatik 1954 urtean igo zen lehen aldiz. Eskalatzaileak Lucien Berardini, Adrien Dagory, Edmund Denis, Pierre Lesseur, Paragot eta Guy Poulet frantziarrak izan ziren, egun frantziar edo Paragot izena duen bidetik.

1981 urtean I.Girardini frantziarrak hego horma bakarrik eskalatu zuen lehen mendizalea izan zen. Urte berean T. Nesegawa japoniarrak hego horma neguan eskalatu zuen lehen aldiz.

Aconcaguara igo eta jaisten ezarri diren markei dagokionez, urteetan Jorge Egocheaga espainiarrak ezarritakoa egon da. Egocheagak Horcones-etik abiatuta Plaza de Mulas-etik doan ohiko bidea jarraitu eta Horcones-era 14 prdu eta 5 minutuetan itzulil zen. Orduz geroztik mendizale asko saiatu dira marka hau jaisten baina denetatik oihartzun handiena lortutakoa 2014 urtean Kilian Jornet kataluniarrak lortutakoa izan zen, marka 12 ordu eta 49 minutuetan ezarriz. 2015ean Karl Egloff ekuatoriarrak denbora hau ia ordubetan geldituko zuen, egun irauten duen marka 11 ordu eta 52 minutuetan ezarriz.

Aconcagua ilunabarrean Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentutik ikusita.


BEHARREZKO AGIRI, BAIMEN, ASEGURU ETA TXERTAKETAK

Agiriei dagokionez pasaportearekin nahikoa da. Pasaportearen kadukatze data denborarekin begiratzea gomendatzen dizuet, ez nik bezela, gero azken orduan korrika eta presaka pasaportea berritzen ez aritzeko, jejeje. Nortasun agiria eramatea ez da beharrezkoa.

Baimenei dagokionez, Aconcagua Parke Probintzialean sartu ahal izateko baimen bat lortu eta ondaindu beharra dugu. Baimen hau Mendozako turismo bulegoetan eskuratzen da eta prezioa egin behar den ibilbidea eta denboraldiaren arabera aldatzen da. Gure kasuan, 2016an Punta de Vacas sakanatik sartu eta Horcones sakanatik ateratzeko 14.883,75 argentinar peso ordaindu genituen, 900 euro inguru. Bai, bai, ia 900 euro, ez dut gaizki idatzi!!!! Jejejeje.

Aconcaguara igotzeko denboraldia azaroaren 15 eta martxoaren 15aren artean izaten da, tarte honetan hiru denboraldi ezberdinduz: denboraldi altua (abenduak 15 eta urtarrialren 31ren artean), denboraldi ertaina (abenduaren 1 eta 14 eta otsailaren 1 eta 20 artean) eta denboraldi baxua (azaroak 15 eta 30 eta otsailak 21 eta martxoaren 15aren artean).

Baimena lortzeko "odisea" txiki bat jarraitu behar da: Hasteko galdetegi bat bete behar da, bertan norberaren datu pertsonalak, aukeratutako ibilbidea, datak, taldekideak eta osasun nahiz mendi esperientziarekin erlazioa duten galderei erantzunez. Galdetegi hau Mendozako turismo bulegoan eskuragarri dago baina gure kasuan Inka Expediciones agentziaren bulegoetan (Argentinan genuen agentzia) bete genuen.

Lehenengo galdetegi hau beteta frogagiri bat jasotzen da eta honekin Mendozako Garibaldi kaleko 25garren zenbakian dagoen "Pago Fácil" gune batean Parke probintzialera sartzeko baimena ordainduko dugu (lehen esan bezala ia 15.000 argentinar peso). Ordainketa hau eskura egin behar da, honegatik argentinar peso guztiak gainean eraman beharko ditugu. Ordainketaren ondoren ordainagiri bat jasoko dugu.

Baimena ordaindu behar den "Pago Fácil" lokala.


Ordainketa egiten.


Galdetegiaren frogragiri eta baimenaren ordainagiriarekin Mendozako turismo bulegora joan (edo itzuli, lehenengo galdetegia bertan bete badugu) eta bertan entregatuko ditugu. Bigarren galdetegi bat bete ondoren azkenean baimena lortuko dugu. Baimen hau gainean eraman beharko dugu parkera sartu ("Check in") eta bertatik ateratzerakoan "Check out") zigilatuko digute eta.

Odisearen amaieran, Mendozako turismo bulegoen sarreran.


Tramite hauek guztietarako pasaportea eskuan izan beharko dugu, eskatuko digute eta.

Aseguruei dagokionez, Euskal Mendizale Federazioarekin federatzen bagara "Mundua" aukera hartu beharko dugu. Aukera honek 7.000 metro arteko mendien estaldura du. 2016 urtean aukera honekin federatzeak 157,521 euro balio zuen. Euskal Mendizale Federazioaren aseguruaren estaldura mendian izandako istripuetara soilik oinarritzen denez, Aragon Aventura agentziaren (kontratatu genuen agentzia) bidez beste aseguru bat egin genuen menditik kanpo izan genezaken istripuetan estaldura izateko. Bigarren aseguru honengatik 95 euro ordaindu genituen.

Txertaketei dagokionez, Argentinara joateko ez da txertaketa berezirik behar baina Tetanos nahiz A Hepatitisean txertatuak egotea gomendagarria izan daitekeen arren.

ACONCAGUARA JOAN NAHI DUT: ETA ORAIN ZER?

Nik egingo nuen lehen galdera honako hau izango zen: nola joan nahi dut? Asko laburtuz hiru aukera dira erabilienak:

- Agentzia batekin harremanetan jarri eta, gidari baten laguntzarekin, espedizio osoa pakete batean kontratatu. Aukera hau erosoena da eta abantaila asko ditu: intendentziarekin (janaria, gasa, botikina, bestelako erosketak, etab.) ez gara arduratuko, burokrazioarekin zerikusia duen guztia errazten da, bidai osoan motxilan eramango den pisua baxuagoa da, erabaki eta ardura gidari baten esku uzten da (hori bai, gero berak hartutako erabakiak errespetatuko ditugu, bera baita profesionala), eta, azken finean, buruhauste gutxiko espedizioa egingo dugu.

- Gure kontu bidai osoa antolatzea, inongo agentziarik kontratatu gabe. Aukera hau independienteena da, espedizio kutsurik handiena duena, baina beharbada baita garestiena ere, dena gure kontura egin beharko dugu eta. Normalean agentziek denborarekin hegaldiak erreserbatuta izaten dituzte eta, gure kasuan behintzat, agentziak eskeintzen zizkigun eta guk interneten aurkitu genituen hegaldien artean edo ez zegoen alderik edo agentzikoa merkeagoa zen. Mendozan edota Penitentes-en hotelak hartu beharko ditugu eta hotel gehienek ere agentzien bidez eskeintzak egiten dituzte. Mandoen zerbitzua ere gure kontu joango da eta oinarrizko kanpamentuetan ere oinarrizko eginkarietarako agentzia batekin harremanetan jarri beharko dugu zerbitzua ordainduz, komunak agentzienak baitira.

- Agentzia "erdizka" kontratatzea. Hau da, lehenengo bi aukeren nahasketa bat egitea, gidari baten laguntzarik gabe, espedizioa "modu alpinoan" moduan antolatzea, oinarrizko kanpamentuetan ezik, guk behar ditugun gauza guztiak gainean eramanez "porter" eta beste laguntzarik gabe.

Guk aukera hau hartu eta oinarrian zera sartzen zen: hegaldiak, agentziako norbait Mendozako aireportuan gure zain egotea gauzak hotelera eramateko (itzuleran gauza bera trasteak aireportura eramateko), Mendoza eta Penitentes-eko hoteletan bi gau (joateko eta itzultzeko bana), mandoen zerbitzua oinarrizko kanpamenturarte trasteak eraman (30 kg pertsona bakoitzeko) jaitsi edota oinarrizko kanpamentuen artean materiala eramateko, eta oinarrizko kanpamentu eta Confluencia kanpamentuetako erraztasun guztiak (mantenu osoa, lo literatan, edozein momentuan zuku, likido edota janaria hartzeko aukera, mendira igotzerakoan eguneko janaria hartzeko aukera, etab.) eta, larrialdi batean behar izanez gero, oxigenoa eta kamara hiperbariko bat erabiltzeko aukera.

Honetaz aparte, lehen esan moduan, agentziarekin aseguru bat ere egin genuen Argentinan egingo genituen barne-bidaietan izan zitezkeen istripuetan estaldura izateko, Euskal Mendizale Federazioaren aseguruaren estaldura mendian izandako istripuetara oinarritzen baita.

ZEIN AGENTZIA KONTRATATUKO DUT?

Aconcaguan lana egiten duten agentziarik nagusienak Inka Expediciones, Fernando Grajales, eta Aconcagua Visión dira. Denek izugarrizko montajeak dituzte oinarrizko kanpamentuetan (kanpin-dendak, jangelak eta logelak karpa moduan, sukaldeak, komunak...) eta zerbitzu guztiak ematen dituzte, dutxa beroa eta WI-FI zerbitzua barne. Atentzioa deitu zigun Aconcagua Vision-ek dituen Mountain Hardwear etxeko karpa berri-berriak (berogailu, konketa eta guzti).

Plaza Argentina oinarrizko kanpamentua. Kolore eta mota bereko kanpin-denda eta karpak hiru agentzia nagusienak dira batez ere.


Gure kasuan Jaka herriko Aragon Aventura agentzia kontratatu genuen. Agentzia bat kontratatzen nuen lehen aldia zen eta Javier nahiz Fernando Garrido anaiek emandako harreta oso profesionala eta gertukoa. Oso agentzia serioa eta ez nuke zalantzarik izango etorkizunean modu honetako beste espedizio bat antolatu nahiko baino beraiekin errepikatzeko. Aragon Aventurak Argentinan Inka Expediciones agentziarekin lana egiten du eta hauen aldetik jaso dugun harreta ere oso profesionala eta goxoa izan da, denbora osoan gugatik arduratuta, irrifarreak aurpegian eta, euskaldunontzat hau oso garrantzitsua da, izugarrizko sukalde eta jatorduak. Aconcaguara itzultzekotan beraiekin errepikatzeko zalantzarik ez nuke izango.

Bale, oso ondo, baina galdera garrantzitsua: zenbateko kostua dauka honek guztiak? Gure kasuan 2.515 euro ordaindu genituen Parke Probintzialera ordaindu behar diren 900 euroak zenbatu gabe. Biak zenbatuta ia 3.500 euroetako gastuan sartzen gara, erosi beharreko janaria, gasa, Mendozako jatorduak, oinarrizko kanpamentuetako gastuak (dutxa beroa eta WI-FIa)eta sortu daitezkeen beste gastu batzuk zenbatu gabe.

Osora, gutxi gora behera 5.000 euroetako aurrekontuari aurre egin beharko diogu, beti ere dugun materialaren arabera, noski, materiala erosi behar badugu aurrekontua handituko da eta. Dudarik ez dago Aconcagua igotzea garesti dela esaten badugu, gastua zortzimilako baten parean dago.

TELEKOMUNIKAZIOAK

Plaza Argentina eta Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentuetan WI-FIa erabiltzeko aukera dago, ordainduta, noski. Honetarako 15 eta 30 minutuetako bonoak ordaintzeko aukera dago 10 eta 18 dolarretan hurrenez hurren. Kontutan izan behar da WI-FI hau ez dela azkarra eta argazkiak nekez igotzen direla. Guk batez ere Whatsapp-ean aritzeko erabiltzen genuen.

Honetaz aparte Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentuan 4G sistema ere badago.

ZEIN MATERIAL ETA ARROPA ERAMANGO DUT?

Janaririk gabe motxilan goiko kanpamentuetara eramandakoa.


MATERIAL TEKNIKOA

Beti bezala, igo behar dugun lekuaren arabera material teknikoa ere aldatuko da. Dena den, material tekniko minimoa kranpoiak dira. Trabesiako pioleta eta Kaskoa gomendagarriak izan daitezke, azkenekoa "kanaletan" jendetza batzen denean harriak erortzeko arriskua izaten baita. Makuluak eramatea derrigorrezkoa da, leku askotan lurra ezegonkorra da eta.

Eraman beharreko materialari bakarrik kasu egiten badiogu konturatuko gara Aconcaguaren igoera teknikoki erraza dela.

Baina mendi hau ez dugu gutxietsi behar: ia 7.000 metro ditu eta, dagoen latitudeagatik, 7.600 metro inguruko mendi bateko oxigeno kopuru eta sentsazioa izango dugu. Himalaian eskarmentua izandako zenbait gidarik esan ziguten moduan "esta montaña pega fuerte, más que en Nepal o Pakistán". Honetaz aparte, hain ohikoa den haize-egun bateko gailur egunean tenperatura -20Cº-tik behera erraz jaitsi daiteke, beraz, garrantzitsua izango da eramaten dugun materiala kalitatezkoa izatea.

ARROPA

Arropari dagokionez, bidaian izango dugun klimatologian  oinarrituta hiru arropa mota ezberdin ("tikismikis" izanda) ezberdinduko nituzke: Mendozan garenerako, hurbilketarako eta goi-kanpamentuetara igotzeko. Kontutan izan Argentinan uda dela eta Mendozan bero handia eta lehorra egin dezake (gu izan ginenean egunen batean termometroa 35º-etik gora igo zen). Gure hotelak igerilekurik badu bainu jantzi bat eramatea ere ez legoke gaizki. Ez naiz etxe komertzialen izenak esateko zalea, inor ez baldintzatzeko, baina kasu honetan salbuespena egingo dut batez ere zer motako materiala eraman genuen erreferentzia bezala izan eta kalitate bereko materiala etxe ezberdinen artean konparatu ahal izateko.

Hurbilketarako arropa.

Hurbilketan izango dugun eguraldia egunean zehar beroa eta gauetan frexkoa da. Aralar, Aizkorri edota Piriniotako mendi baxuetan udan edozein irteeran jantzita eraman dezakegun arropa bera eraman dezakegu. Kontutan izan behar da hurbilketa osoan giro lehor, beroa eta askotan haizetsua izango dugula. Beroa egiten duenean haizea eskertzen da baina lurretik hondar eta hautsa altsatzen duenez komeni da ahoa eta sudurra buff edo zapi batekin estaltzea. Hala ere, zapia lo egiteko ere ez genuen kentzen ahoan nolabaiteko hezetasuna sortzeko, giroa hain lehorra izanda, goizetan ezpain eta mingain lehorrekin esnatzen ginen eta. Egun askotan zapia nahigabe kendu eta ezpain eta mingaina zarakar ("kostra") batez ere estalita esnatu ginen.

Erreferentzi moduan, guk arropa hau eraman genuen:

- Burua: Txapela zabal bat eguzkiagatik babesteko, eguzkitarako betaurrekoak eta buff bat (ahoa eta sudurra estali eta hondar eta hautsagatik babesteko).

- Gorputza: Manga motzeko kamiseta transpiragarri bat eta haizea egiten zuenean haizerako txamarra fina. Gauetan "Primaloft" bat jazten genuen gauak freskoak dira eta. Nire kasuan Primaloft-a Rab etxeko Xenon primaloft-a zen. Motxilan euritarako txamarra bat ere eraman nuen baina ez nuen espedizio osoan jantzi euririk ez zuen egin eta.

- Hankak: Eraman nituen galtzak Decathlon-eko udako galtza luze finak izan ziren, kremailera batekin motzak bihurtzen diren horietakoak. Galtza hauek duten abantaila da oinetakoak edo botak kendu gabe moztu daitezkeela. Guk Casa de Piedra kanpamentutik atera eta Vacas erreka gurutzatzeko bakarrik "moztu" genituen, baina ederki etorri zitzaigun aukera hau izatea.

- Oinak: Oinetan galtzerdi finak eta trekking-eko zapatilak eraman genituen. "Punta de Vacas"-etik igotzen bagara Oinarrizko kanpamentura iristen garen egunean Vacas ibaia zeharkatu beharra dugu, honegatik komeni da egun honetarako sandalia batzuk eramatea. Guk txinatarren dendetan saltzen dituzten "Crocs" itsurako batzuk eraman genituen eta oso ondo. Sandali hauek ere ongi etorriko zaizkigu hubilketako kanpamentu nahiz oinarrizko kanpamentuan eroso egoteko.

Hurbilketan egindako argazkia, ikusten denez udako arropa jantzita generaman. Argazkia Arkaitzek egina da.


Goi kanpamentu eta gailurrerako arropa.

Goi kanpamentuetara igotzen garenean egunean zehar ez da hotzik pasatzen, gauetan eta goizean goiz aldiz hotza egiten du. Goiko kanpamentuetara joaten garenean gailur egunerako arropa ere igoko dugunez, adibide moduan gailurrera jantzita eraman nuen arropa guztia jarriko dizuet, azken finean arropa hau guztia goiko kanpamentuetan motxilaren barruan eraman nuen eta. Egunaren arabera (tenperaturari dagokionez batez ere) arropa honen konbinaketa ezberdinak egin nituen.

- Burua: Nahiz eta motxilan "chullo" motako txapela eta buru-beroki bat eraman ez nituen jantzi, forro polar, primaloft nahiz plumiferoak txapela zuten eta. Honetaz aparte, eguzkitarako betaurrekoak eta buff bat (aurpegia babesteko). Haize boladetarako eskiatzeko betaurrekoak motxilan eraman nituen baina ez nituen jantzi.

- Gorputza: Lehen geruza moduan, azalari itsatsia manga luzeko kamiseta fin elastikoa, Decathlon etxeko "Kipsta" motako bat. Bigarren geruzarako forro polar fina, kremaileraduna eta txapeladuna, nire kasuan Mountain Equipment etxeko "Eclipse hooded zip". Forro polarraren gainetik, hirugarren geruza moduan hurbilketan erabilitako primaloft bera edo haizeagatik babesteko txamarra fina. Gailur egunean lehen eta bigarren geruzen artean Icebreaker etxeko artilezko "Tech Top Long Sleeve Half Zip" kamiseta eraman nuen eta hirugarren geruza moduan Mountain Equipment etxeko "Annapurna Jacket" plumiferoa.

- Eskuak: Lehen geruza moduan Decathlon etxeko artilezko eskularru fin batzuk mugikorraren pantailarekin ibiltzeko aukera ematen zutenak. Gailur egunean hauen gainetik Mountain Equipment etxeko "Redline Mitt" manoplak eraman nituen, hotzaren arabera manoplek duten eskularru bikoitzarekin jolastuz.

- Hankak: Eraman nituen galtzak Trangoworld etxeko "Prote Extreme" galtzak izan ziren. Gailur egunean hauen azpitik lehen geruza bezala Icebreaker etxeko artilezko "Apex Leggings" elastikoak ("mallak") eraman nituen eta hirugarren geruza bezela galtza iragazkaitz batzuk, nire kasuan Marmot etxeko "Precip Full Zip Pant" galtzak. Garrantzitsua da galtza hauek goitik beherako kremailerak izatea botak kendu gabe jantzi eta eranzteko. Egia esan azken galtza hauek gailur egunean ez nituen ordubete baino gehiago jantzita eraman.

- Oinak: Lorpen etxeko expedizioetarako galtzerdiak eta La Sportiva etxeko "G2 SM" botak. Ez dakit La Sportivak egindako azken modeloetako bat delako baina mendizale asko ikusi genuen bota hauekin.

Gailur eguneko argazkia eraman genuen neguko arroparekin jantzita.


LO EGITEKO

Eraman nuen lo zakua Diamir etxeko Karakorum lo zakua izan zen (egun ez da saltzen). Barrutik Sea to Summit etxeko "Coolmax adaptor" izara-zakua erabili nuen. Therm-a-rest etxeko bi esterilla eraman genituen, "Z-Lite" esterilla eta puzten den "NeoAir Xtherm" esterilla, baina bigarrena ez genuen ezertarako erabili. Badaezpada lumazko patuko batzuk eraman nituen, baina ez nituen ezertarako erabili espedizio osoan gauetan hotzik ez genuelako pasatu.

KANPIN-DENDA

Komeni da sendoa den kanpin-denda eramatea Aconcaguan izan daiteeen haizetea oso bortitza izan daiteke eta. Nik gutxienez lau hagaxko ("varilla") dituena eramatea gomendatzen dut.

Sabai bikoitza edo bakarrekoa?  Bi sabaietako denda batek pisu handiagoa dauka eta denda barruan kondentsazio handiagoa sortzen da. Bestalde, dendaren barruan bero handiagoa izatea lortuko dugu eta, eta hau pertzepzio pertsonala da, sendoagoa dela esango nuke. Gure kasuan sabai bikoitzeko Trangoworld etxeko "Mountain I" denda eraman genuen, bi pertsonentzat beharbada juxtu xamarra (motxilak kanpoan utzi beharra dira) baina oso sendoa eta haize bufadak ongi jasan zituen. Uste dut dagoeneko ez dela fabrikatzen. Arkaitzek sabai bakarreko Salewa Epic kanpin-denda eraman zuen, Epic II modeloa uste dut. Dagoeneko denda honen hirugarren modeloa merkatuan badago.

Kontutan izanda Aconcaguan topatuko dugun eguraldia orokorrean oso lehorra eta haizetsua izango dela, sabai bakarreko denda sendo batekin nahikoa izango dugu.

Gure kanpin-denda 2 kanpamentuan. Azken egunean izandako haize ufadak arazorik gabe jasan zituen.


JANARIA PRESTATZEKO

Gorago esan bezala, MSR etxeko litro bateko bolumena duen "Reactor" su-txikia eraman genuen eta ikaragarria iruditu zitzaigun: ura di-da batean berotzen du eta gas gutxi kontsumitzen du.

Ez genuen platerrik eraman, honen ordez Sea to Summit etxeko 480 ml-etako bolumena duen silikonazko "X-Mug" katilua eraman genuen.

Mahai-tresna moduan Decathlon-eko plastikozko goilara eta mendirako erailtzen dugun laban suizar txikia, gorri horietako bat.

HIDRATATZEKO

Gu hirugarren kanpamenturarte 2 litroetarko "Camel-bag" itsurakoa eta ahoa zabaleko plastikozko kantinplora eraman genuen. "Camel-bag" sistemaren hodia behin bakarrik izoztu zitzaigun, baina orokorrean gehien erabili genuena izan zen. Kantinplora aho zabalekoa izatea komeni da izozten bada goian egiten den izotz geruza apurtu dezakegu eta.

Gailur egunerako ez genuen "Camel-bag" eraman eta kantinploraz gain motxilan termo bat eta plumiferoaren barruko poltsikoetan litro erdiko bi botilatxo eraman genituen.

Gauetan likidodun ontzi guztiak zaku barruan edo bi anaion artean jartzen genituen ez izozteko eta ongi joan zitzaigun.

BOTIKINA

Artikulu honetan idatzi nuen ohiko botikinari hiru botika gehiago gehitu nizkion:

- Acetazolamida ("Edemox®") pastilak. Mendiko gaitza ekidin edota tratamendurako.

- Dexametasona ("Fortecortin®") anpuluak. Mendiko gaitza edota garun nahiz biriketako edemen tratamendurako.

- Hemicraneal® pastilak. Parazetamol, kafeina eta ergotamina dute. Pastila hauek Fernando Garridok gomendatu zizkigun altueran izaten den buruko mina arindu edota kentzeko eta egia esan izugarriak dira, ordubete baino gutxiagoan buruko mina kendu egiten dute eta. Guk gehien erabili dugun botika izan da, 20 pastila eraman eta lau pastilekin itzuli gara.

- Anti-inflamatorioak (Ibuprofeno®) eta antipiretikoak (Nolotil®) anpuluetan. Mina, sukarra edota biak izango balitz. Gainera Nolotil® ahotik ere hartu daiteke, nahiz eta nazkagarria izan.


- Metoclopramida (Primperan®) anpuluetan. Botakarentzat.

Botinaren barruan, bakoitzak 7,5 zentimetroetako bendaia itsaskorra eta biziraupenerako maindira eraman genuen.

Amaitzeko, botikinaren sailean sartuko dut nahiz eta hemengoa ez izan, denda bakoitzeko Ospitaleetan gernua jasotzeko erabiltzen diren bi litroetako ontzi bana eraman genuen, gauetan dendatik atera gabe pisa egin ahal izateko.

MOTXILA

Eta hau guztia non eraman? Argi dago eraman beharko dugun motxila handia izan beharko dela. Nire kasuan 65 + 15 litroetako bolumena duen Millet "Sherpa" motxila zaharra eraman nuen. Egun nik eraman nuena baino motxila moderno eta arinagoak badaude, baina esperientzia honen ondoren nik ez nuke 70-75 litroetako baino motxila txikiago bat eramango. Hala ere, egin nuen esperimentu batean etxean dudan 55 litroetako motxila batean dena eramatea lortu nuen, hori bai, janaririk gabe.

Etxean motxilakin egindako froga: 55 litroetako motxilarekin...


... eta 65 +15 litroetako motxilarekin.


ZER ETA ZENBAT EROSI?

JANARIA

Janariaren erosketa gailurrera igotzeko egingo dugun plangintzaren arabera egingo dugu. Plangintzaren inguruan beherago arituko naiz.

Kalkulu honetarako Fernando Garridok Excell taula bat pasa zigun, baina azkenean nahastu eta izugarrizko janari pila erosi genuen. Orientazio moduan, oinarrizko kanpamentutik gora joaten ginen bakoitzean goi kanpamentuetan jaten genuena jarriko dizuet:

- Gosaria: Edateko: 450 ml Capuccino (hiru azukre-sobreekin) + 450 ml te (hiru azukre-sobreekin) + beste 450 ml capuccino (hiru azukre-sobreekin). Jateko: Txokolatez estalitako 4 Oreo motako gaileta edo bi alfajor (Argentinako pasta antzeko bat). Alfajorra bakoitza bi Oreon truke hartzen genuen. Bigarren Capuccinokin Maria motako gaileta batzuk (8-10 bat) hartzen genituen. Bikote bakoitzeko gosarian guztira: 4 sobre Capuccino, 2 sobre te, 18 azukre-sobre, Txokolatez estalitako 8 Oreo (edo 4 alfajor) eta 15-20 Maria gaileta.

- Bazkaria. Ez genuen berezko bazkari bat egiten eta egunean zehar gauza hauek janez joaten ginen: hutsean ontziratutako hestebete edo urdaiazpiko bandeja erdia (100g. inguru), sardina edo arrain lata erdia, txokolate tableta erdia, 10 tostada fin edo craker's motako gaileta gaziak, txokolatez estalitako bi Oreo (edo alfajor bat). Egunean zehar jateko bikote bakoitzeko guztira: hutsean ontziratutako 200g. inguruko hestebete edo urdaiazpiko bandeja bat, sardina edo arrain lata bat, txokolate tableta bat, 20 tostada fin edo Craker's motako gaileta gaziak eta txokolatez estalitako 4 Oreo edo 2 alfajor.

- Afaria. Pasta prestatuta etortzen den sobre erdia, eta bi "Sopistant" motako banakako zopak. Bikote bakoitzeko guztira: prestatutako pasta sobre bat eta lau banakako zopak.

- Hidratazioa: Egunean 3 litro inguru edango genuela kalkulatu genuen. Honetaz aparte gosariarekin ia 1,5 litro edaten genituen eta afariarekin ia beste horrenbeste, guztira ia sei litro eginez. Egunen zeharreko litroetarako Euskal Herritik isotonikoak eraman genituen, baina han batez ere "Tang" motako hautsak erabili genituen, litro bakoitzeko bat: Guztira bikote bakoitzeko: 6 Tang sobre egunero.

GASA

Fernandok altueran pasatzen genuen egun bakoitzeko gas bonbona bat kalkulatzeko aholkua eman zigun, eta honetaz aparte beste bonbona bat oinarrizko kanpamentura egiten den hurbilketarako.

Guk hurbilketan zehar ia bonbona bat gastatu genuen eta altueran izan ginen lau egunetan (berez bost egun izan ginen baina lehenengoan gosaria eta azkenekoan bazkari eta afaria oinarrizko kanpamentuan hartu genituen) bi bonbona, beraz, nik kalkulua altuerako egun bakoitzeko bonbona erdia egingo nuke. Hau guk eraman genituen su-txikiek (Jetboill eta MSR "Reactor" bat) egiten duten gasturako, noski. Baita ere kontutan izan behar da gasaren gastua hotzaren arabera ere aldatu egiten dela. Guk gas bonbonak gurekin batera kanpin-denda barrura sartzen genituen gasa ez izozteko.

BESTE EROSKETA BATZUK

- Komuneko papera edo paperezko mukizapiak? Nahiz eta komuneko papera erosi ez genuen erabili, behar guztiak paperezko mukizapiekin bete genituen. Zenbat? Guk bakoitzeko bi egunean behin pakete bat kalkulatu genuen.

- Pilak: Guk kopetako linterna nahiz talkie-ko pilak bi alditan aldatu beharko genituela kalkulatu arren, ez dakit behin ere aldatzera iritsi ginen. Kopetako linterna gauetan jeikitzeko edota gailur egunean bakarrik erabili genuen. Talkie bakarrik gailur egunean eta hirugarren kanpamentuan erabili genuen.

Beste gailu elektronikoen bateriak kargatzeko (argazki kamarak, telefonoak, etab.) eguzki-kargagailu bat eraman genuen.

- Eguzkitako krema. Bikote bakoitzeko pote bat erosi genuen. Ez ahaztu eguzkitako ezpainetako manteka, guk ahaztu genuen bezala.

- Plastikozko poltsak. Bikote bakoitzeko hiru zabor poltsa handi (Urtuko genuen elurra jasotzeko, botak eta bestelakoak kanpin-denda kanpoan daudenean babesteko, etab.) eta zabor poltsa txikiak (anoak edo errazioak sartzeko) erosi genituen. Poltsa txikiak "gosari", "eguneko janari" eta "afari" bezala izendatu eta banatu genituen, otordu bakoitzean bikotearen janari guztia sartuz, hau da, altueran egin genuen egun bakoitzeko hiru poltsa genituen, gosaltzeko bat, egunean zehar jateko beste bat eta afaltzeko hirugarren bat. Banaketa hau egiteak gauzak asko errazten ditu.

- Eskuoihal hezeak. Lauentzako pakete txiki bat erosi genuen.

- Xanpu eta glizerina xaboia. Xanpua oinarrizko kanpamentuan erabiltzeko eta gilzerina xaboia (ingurugiroan eragin gutxiago duelako) altuerako kanpamentuetan erabiltzeko (sukaldeko trasteak garbitzeko, adibidez). Decathlon dendan denerako balio duen xaboia saltzen dute, dirudienez ingurugiroa ere zaintzen duena. Guk bikote bakoitzeko bat eraman genuen.

Nahiz eta erosi beharreko ongi kalkulatu mandoen moduan igoko gara materiala non eraman jakin gabe, jejeje.


ZEIN EROSKETA EGIN ARGENTINAN ETA ZEIN EUSKAL HERRIAN?

Gure esperientziaren ondoren, Euskal Herrian hestebeteak (txorixoa, saltxitxoia, etab.), urdaiazpikoa, ardi-gazta eta honelakoak bakarrik erostea gomendatzen dut. Botikina osoa eta hauts isotonikoak ere hemendik eraman genituen.

Behar dugun beste janari eta gauzak (paperezko mukizapiak, komuneko papera, pilak, etab.) Mendozan erosteko arazorik ez dugu izango. Gainera Mendozan bertan hipermerkatuak dude, guk adibidez, bertako Carrefour handi batean egin genituen erosketa guztiak.

Gasa Mendozako mendi dendetan erosten da.

ARGENTINAN TXARTELAREKIN EDO ESKURA ORDAINTZEA HOBE?

Gu izan ginenean, truke ofizialean euro bakoitzeko 16,8 argentinar peso ematen zizkiguten. Aconcaguako Parke Probintzialera sartzeko baimena eskura eta argentinar pesoetan ordaindu behar da, beste guztia (oinarrizko kanpamentuetako gastuak ez, noski) txartelarekin ordaindu daiteke. Guk ordaindu genuen guztia (azken egunetako hotela ezik), argentinar pesoekin eskura ordaindu genuen, euro eta argentinar pesoen trukea nola dagoen arabera merkeagoa ateratzen baita.

Eskura ordaintzeko bi aukera ditugu: kutxazainetan dirua atera edo hemendik eramandako euroak argentinar pesoengatik trukatzea. Guk euroak hemendik eraman genituen. Aukera hau hartzen baduzue 50 euro baino handiagoak diren billeterik ez eramatea gomendatzen dizuet, billete "handiak" aldatzerako arazoak izaten dira eta.

Eta, euroak non trukatu? Trukatetarako leku ofizialetan edo kalean topatu daitezkeen trukatzaileekin? Guk bi aukerak frogatu genituen: Aconcaguara joan aurretik egin genuen diru trukaketa Hoteleko harrera-lekuko langile baten bidez egin eta euro bakoitzegatik 17 argentinar peso eman zizkiguten (kasu honetan trukea gure alde atera zitzaigun). Aconcaguatik jaitsi ginenean aldiz, euro bakoitzegatik 16 argentinar peso ematen zizkigutela esan zigutenean, truke ofiziala egiten den leku batera joan ginen euro bakoitzegatik 16,8 argentinar peso trukatuz.

ACONCAGUARA IGOTZEKO PLANGINTZA

Hasieran esan bezala, nahiz eta Aconcagua 7.000 metroetara ez iritsi, dagoen latitudegatik, 7.600 metro inguruko mendi bateko oxigenon kopuru eta sentsazio izango dugu. Hau dela eta mendi honetara igotzeko altuerara oso ondo giroratu beharko dugu. Fernando Garridok esan zigun moduan: Azkarregi edota goragi igotzen bazarete ordainduko duzue.

Honetaz aparte, honelako mendi handi batean eguraldi eta haizearen menpe gaudenez, komeni da gailur saiakera pare bat gutxienez egiteko plangintza egitea.

Gure A plana Poloniarren glaziarretik doan bide zuzenetik igotzea zen eta bagenekien bide honetatik igotzeko goiko bi kanpamentu bakarrik muntatzen zirela. Poloniarren glaziarretik igotzerik izango ez bagenu B plana Plaza Argentinatik doan ohiko bidetik igotzea izango zen, eta bide honetatik igoz gero bagenekien goiko hiru kanpamentu muntatu beharko genituela. Bai A, baita B planean ere jaitsiera Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentutik egingo genuen.

Hau dela eta plan bakoitzeko plangintza bana egin genuen, beste gauza batzuen artean erosi beharko genuen janaria kalkulatzeko:

Poloniarren glaziarretik igoz gero (Plangintza hau poloniar faltsuaren bidea egiteko ere erabiliko genuen).

- Abenduak 26: Euskal Herria - Mendoza bidaia.
- Abenduak 27: Mendoza: baimena atera eta erosketak egin.
- Abenduak 28: Mendoza - Penitentes (2.700 metro) kotxez. Hemendik aurrera mendian ibiltzen hasiko ginen.
- Abenduak 29: Penitentes (2.700 metro) - Pampa de Leñas (2.950 metro).
- Abenduak 30: Pampa de Leñas (2.950 metro) - Casa de Piedra (3.240 metro).
- Abenduak 31: Casa de Piedra (3.240 metro) - Plaza Argentina oinarrizko kanpamentua (4.200 metro).
- Urtarrilak 1: Plaza Argentina (4.200 metro). Atseden eguna.
- Urtarrilak 2: Plaza Argentina (4.200 metro) - 1 kanpamentua (5.000 metro) - Plaza Argentina (4.200 metro). 1 kanpamentura materiala eramateko.
- Urtarrilak 3: Plaza Argentina (4.200 metro). Atseden eguna.
- Urtarrilak 4: Plaza Argentina (4.200 metro) - 1 kanpamentua (5.000 metro).
- Urtarrilak 5: 1 kanpamentua (5.000 metro) - 2 kanpamentua (5.800 metro) - Plaza Argentina (4.200 metro). 2 kanpamentura materiala eramateko.
- Urtarrilak 6: Plaza Argentina (4.200 metro). Atseden eguna.
- Urtarrilak 7: Plaza Argentina (4.200 metro) - 1 kanpamentua (5.000 metro).
- Urtarrilak 8: 1 kanpamentua (5.000 metro) - 2 kanpamentua (5.800 metro).
- Urtarrilak 9: 1. gailur saiakera.
- Urtarrilak 10: 2. gailur saiakera.
- Urtarrilak 11: 3. gailur saiakera.
- Urtarrilak 12: 2 kanpamentua (5.800 metro) - Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentua (4.370 metro).
- Urtarrilak 13: Plaza de Mulas (4.370 metro) - Penitentes (2.700 metro).
- Urtarrilak 14: Penitentes (2.700 metro) - Mendoza kotxez. Atseden eguna Mendozan.
- Urtarrilak 15: Mendoza - Euskal Herria bidaia.
- Urtarrilak 16: Euskal Herria.

Plaza Argentinatik gora doan ohiko bidetik igoz gero (jaitsiera Plaza de Mulasetik eginez).

- Abenduak 26: Euskal Herria - Mendoza bidaia.
- Abenduak 27: Mendoza: baimena atera eta erosketak egin.
- Abenduak 28: Mendoza - Penitentes (2.700 metro) kotxez. Hemendik aurrera mendian ibiltzen hasiko ginen.
- Abenduak 29: Penitentes (2.700 metro) - Pampa de Leñas (2.950 metro).
- Abenduak 30: Pampa de Leñas (2.950 metro) - Casa de Piedra (3.240 metro).
- Abenduak 31: Casa de Piedra (3.240 metro) - Plaza Argentina oinarrizko kanpamentua (4.200 metro).
- Urtarrilak 1: Plaza Argentina (4.200 metro). Atseden eguna.
- Urtarrilak 2: Plaza Argentina (4.200 metro) - 1 kanpamentua (5.000 metro) - Plaza Argentina (4.200 metro). 1 kanpamentura materiala eramateko.
- Urtarrilak 3: Plaza Argentina (4.200 metro). Atseden eguna.
- Urtarrilak 4: Plaza Argentina (4.200 metro) - 1 kanpamentua (5.000 metro).
- Urtarrilak 5: 1 kanpamentua (5.000 metro) - 2 kanpamentua (5.500 metro) - Plaza Argentina (4.200 metro). 2 kanpamentura materiala eramateko.
- Urtarrilak 6: Plaza Argentina (4.200 metro). Atseden eguna.
- Urtarrilak 7: Plaza Argentina (4.200 metro) - 1 kanpamentua (5.000 metro).
- Urtarrilak 8: 1 kanpamentua (5.000 metro) - 2 kanpamentua, "Guanacos" (5.500 metro).
- Urtarrilak 9: 2 kanpamentua, "Guanacos" (5.500 metro) - 3 kanpamentua, "Colera" (6.000 metro).
- Urtarrilak 10: 1. gailur saiakera.
- Urtarrilak 11: 2. gailur saiakera.
- Urtarrilak 12: 3 kanpamentua "Colera" (5.800 metro) - Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentua (4.370 metro).
- Urtarrilak 13: Plaza de Mulas (4.370 metro) - Penitentes (2.700 metro).
- Urtarrilak 14: Penitentes (2.700 metro) - Mendoza kotxez. Atseden eguna Mendozan.
- Urtarrilak 15: Mendoza - Euskal Herria bidaia.
- Urtarrilak 16: Euskal Herria.

Bigarren aukera honetan, hirugarren gailur saiakera bat irabazteko asmotan Urtarrilaren 5ean 1 kanpamentuan gelditu eta urtarrilaren 6ean atseden eguna bertan egiteko aukera kontuan izan genuen.

NOLA PRESTATUKO NAIZ ACONCAGUARA IGOTZEKO?

Buffff!!!! Milioi bat eurotako erantzunaren galdera.

Aconcaguaren igoerak egoera fisiko on bat izatea eskatu behar digu, ahalik eta gehiago, gu bezala, eraman beharreko guztia (25 kg inguru egunik gogorrenean) gainean eramaten baduzue.

Orokorrean egingo dugun gastua aerobikoa izango da eta abiaduraren aldetik oso poliki ibiliko gara. Hala ere, zenbat eta gorago igo, ahalik eta oxigeno gutxiago dagoenez, bide anaerobikoa ere martxan jarri daiteke. Honegatik komeni da astean zeharreko entrenamentuetan energia erretzeko bi bideak lantzea. Eta bide anaerobikoa apenas erabiliko badut, zergatik landu? Bide anaerobikoa lantzerakoan VO2 maximoa (modu sinplean esanada gure gorputzak garraiatu dezakeen oxigeno maximoa) handitzen da oxigeno gutxi dagoen egoeretan gure gorputzak erantzun hobea emanez.

Gure moduan joan ezkero motxila astun eta handi batekin mendi irteerak egitea gomendatzen dut, ez baita gauza bera 15 kg 20 edo 65 litroetako motxila batean bizkarrean eramatea, batez ere kontutan izanda Aconcaguan bolumen handiko motxilak eramango ditugula.

Pesak egitea edota eskalatzea ere gomendagarriak dira gorputzak indarra hartu dezan.

Mendi irteera luzeak astebururako uzten genituen, baita "baraurik" egiten genituen entrenamenduak ere: baraurik? Nola da hori? Baraurik entrenatzearen kontua ez da berria eta helbururik nagusiena gorputzak gantzetatik energia lortzeko bideak "aktibatzea" da, karbohidratoak aurrezteko batetik, edota karbohidratorik gabeko egoera batean gorputzak energia "azkarrago" lortzeko bestetik.

Entrenamendua baraurik egitearen kontzeptuak ez du baraurik hitzak literalki esan nahi duenarekin zerikusirik, asko laburtuz, karbohidratorik gabeko otorduaren atzetik egin daitekeen entrenamendua da. Funtsean, entrenamendu honen aurreko eguneko entrenamenduak karbohidratoen erreserbak ahalik eta gehien erre beharko lituzke, honetarako entrenamendurik egokienak energia lortzeko bide anaerobikoak erabiltzen dituztenak izanik. Entrenamendu horren ondoren egingo genuen dieta karbohidratorik gabea edo karbohidratoetan oso urria izan beharko litzateke. Hurrengo egunean baraurik egingo dugun entrenamendua goizean bada, karbohidratoetan oso urria den gosaria egin (tortilla eta azukrerik gabeko kafe bat) eta entrenamenduarekin hasiko ginen. Baraurik egiten dugun entrenamendua eraginkorra izateko energia aerobikoa den bidetik soilik lortu behark genuke, hau da, gure bihotz taupaden maximoaren erditik behera ibili beharko dugu gehienez.

Orokorrean astean zehar egun bat edo bitan atsedena hartuko dugu eta beste egunetan goian azaldutako ariketak banatzen joango gara, orokorrean bi egun pesa, bi egunetan energia lortzeko bide anaerobikoak erabiliko ditugun ariketak eta bi egunetan energia lortzeko bide aerobikoak erabiliko ditugun ariketak. Ez dut entrenamenduen taulen plangintza zehatz bat adierazi nahi izan azken finean bakoitzaren gorputza, genetika eta egoera fisikoa bakoitzarena da eta. Zalantzarik edota prestaketa serio baterako hobe kirol prestatzaile profesional baten eskuetan jartzea.

AZKEN AHOLKU BATZUK

Joan behar duzuen taldean gutxienez mendian ezagutzen zaituzten eta konfidantza duzuen lagun bat egotea komeni da. Azken finean egun asko dira eta espedizioan zehar denok izaten ditugu egun on, txar, tonto eta arraroak. Ondo ezagutzen zaituzten pertsona bat ondoan izatea ezinbestekoa da, sikiera konfidantza guztiarekin popatik hartzera bidaltzeko, jejeje.

Ahal dela zer erosiko duzuenaren zerrenda hemendik ongi zenbatuta eraman, dirua aurreztuko duzue.

Ez utzi ezer espedizioan zehar esperimentatzeko, ahal duzuen guztia aurretik frogatu, kanpin-denda, botak, su-txikia, materiala, janaria, edaria, etab. Goi-kanpamentu batera iritsi, afaltzen hasi eta afaltzeko erositako zopa edo makarroiak gustuko ez izatea izugarrizko faena da.

Momentu txarrak izan daitezke baina argi izan behar duguna da oporretan gaudela, disfrutatzera goazela, izugarrizko bizipena bizitzera, ikastera, elkarbizitzea eta beste pertsona batzuk ezagutzera. Beharbada honelako mendi batera hurbilduko garen aukera bakarra izan daiteke, honegatik bizipen honi ahalik eta zukurik handiena ateratzeko jarrerarekin bagoaz hobe, momentu bakoitza benetan biziko dugu eta.

KONTSULTARAKO ERABILITAKO BIBLIOGRAFIA

- Aconcagua. Guía práctica de ascensiones y trekkings. Heber Orona, Ediciones Desnivel, 2002 urtea.

- Abc Aconcagua. Heber Orona, Antucura editorial de Caviar bleu, 2012 urtea.

- Aconcagua, la cima de América. Mauricio Fernández, Editorial Summit, 2008 urtea.


Argazkiei buruzko oharra: Aconcaguaren inguruko kronika guztietan azaltzen diren argazkiak Ibon, Arkaitz, Iker eta lauok eginak dira. Iker eta nire argazkietan "Smithy" izena azalduko da, Arkaitz eta Ibonen argazkietan aldiz, nahiz eta neronek moldatuak izan, ez.


2 iruzkin:

  1. Kaixo Smithy
    E-posta bidaltzerik bai kontsulta batzuk egiteko?
    Eskerrik asko

    Josu Uranga
    josuranga@gmail.com

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa Josu,

      E-posta smithymujika@gmail.com da. Beste baterako nirekin harremanetan jarri nahi baduzu blogean bertan, facebook, twiter eta instagram zeinuen ondoan gurun-azal zeinua duzu zuzenean posta elektronikoa idaztera eramango zaituena.

      Ondoizan!!!!
      Smithy

      Ezabatu