AZKEN 10 SARRERAK

2017/02/03

ACONCAGUA 2016-2017: 2. MARIARATZETIK ANDEETARA.


"Mendian bat eta bat bi dira, bat gehi bat aldiz, hiru" Alberto Iñurrategi.
 




Modu ezberdinetan betidanik izan dut mendiarekin harreman berezia, haur nintzela, sasiek urratutako oinak Mariaratz errekan freskatuz, karramarro eta amuarrainak harrapatu eta ertzetako zuhaitzetara igotzen nintzenetik, 2016ko abenduaren 26an Bilboko aireportuan Mendozarako hegaldia hartu nuen arte. Espedizio hau hilabete batzuk lehenago hasi zen, oraindik ez nago oso ziur noiz, baliteke otsaila edo martxoan, baina ez dut uste hau garrantzitsua denik.

Inguruko mendiak osaba Miguel Angelen eskutik ezagutzen hasi nintzen, berarekin lehen aldiz Aralar, Aizkorri, baita Pirinioetako mendiak igoz. Baina mendiarekin izan nuen lehen harremana ehiza eta arrantzaren bidez izan zen. Bost urte nituela amak ohetik jaiki, gosaria prestatu, eta goizeko zazpiretako katiuska eta alkandora berdeak jantzi ondoren, aita menditik nire bila etorri eta Zegamako ehiza-postuetara eramaten ninduen. Ehiza postuan aitona Jose zain izaten nuen irrifartsu, bere biloba zaharrarekin egoteko gogo biziz. Ehiza-postura iristen nintzenean aitonak eskupeta uzten zuen nirekin egon eta, bide batez, inguruan bueltatxo bat ematen genuen hegazti, animali, perritxiku, zuhaitz eta landare ezberdinen izenak irakatsiz. Kontraesana badirudi ere, elkarrekin pasatako ehiza egun horietan, aitonaren eskutik natura errespetatzen ikasi nuen.

Ni aitona eta Iker amonaren etxean...


1980ko urriaren 4a Añabason izugarrizko uso pasa eguna izan zen eta pasatako usoekin batera gure aitona ere joan zitzaigun. Hogeita hamasei urteren ondoren egun hura atzo izan balitz bezala gogoratzen dut: aitona ehiza-postuan hilda bihotzekoak jota, aitak zeruari botatako alferrikako oihuak eta nire negarrak. Aitonarengatik buruan gordetzen dudan azken irudia gurutze gorrikoek anbulantzian sartzen zutenekoa da, begiak itxita baina lasaitasun aurpegi batekin, bizitza bakean eta kontzientzia kargurik gabe utzi duenaren aurpegiarekin.

Aitona Usurben.


Berak nahi bezala SKB eskupeta oinordetzan jaso eta oraindik ere altxorra bezala etxean gordeta daukat. Aitona hil ondoren izan zen osabarekin mendi ibilbideak egiten hasi nintzen garaia.

Nerabezaroaren atarian, osabak Ernion egindako argazkia.


Nerabezaroa 80garren hamarkadan pasa nuen. Orduan ohikoa zen ikastolako karpetak "Gigantes del basket" aldizkaritik moztutako NBA-ko jokalarien argazkiez josita izatea: Michael Jordan, Magic Johnson, Larri Bird, Kareem Abdul Yabar, Dominique Wilkins... Kurt Rambis-en jarraitzailerik ere bazegoen. Saskibaloia (guretzat "basket") zen buruan genuen gauza bakarra eta edozein momentu aprobetxatzen genuen saskibaloian jokatzeko. Institutoan, klaseen artean, zaborrontzia saski bezela jarrita ogitartekoen aluminio-paperazko bolatxoekin antolatutako hiruko jaurtiketen txapelketak famatuak ziren.

Futbolean ez bezala, saskibaloian ez nintzen gaizki moldatzen eta kuadrilarekin hasi eta Ordiziako jubenilen taldean jokatzen bukatu nuen. Urte onak izan ziren eta asko ikasi nuen: zerbait lortzeko egunero saiatu beharra dagoela, entrenamenduen diziplina, baina guztiaren gainetik taldeak duen garrantzia, hau da, bakoitzak taldean postu bat izan arren denek, banakotasunaren gainetik, taldearen onurako lana egin beharra genuela.

Herriko koloreak defenditzen, jejeje. Euskadiko txapelketan hirugarrenak gelditu gineneko argazkia da.


Garai honetan mendira joateko aukera gutxi nuen, astebururo partiduak izaten nituelako, eta uda noiz iritsi zain izaten nintzen kuadrilako lagunekin kanpin-dendak hartu eta egun batzuetarako inguruko mendietara irteeraren bat egiteko.

Hala ere, neguan, Iker, aita eta amarekin Candanchura joan-etorriren bat egiten genuen iraupen-eskian aritzeko. Iraupeneko kiroletan beti ongi moldatu naizenez iraupen-eskia gogoko nuen. Inguruan elurra egiten zuenean ere eskiak hartu eta familian ibilbideren bat edo beste egiten genuen, Otzaurtetik Urdalur urtegira doan errepide elurtuan batez ere.

Otzaurten eskiatzen.


90eko hamarkada hastear, saskibaloiarekin batera, herriko Balakataklin atseden aldiko taldean parte hartzen hasi nintzen. Balakataklinek antolatzen zituen mendi ibilbide eta udako kanpamentuak noiz iritsi desiratzen egoten nintzen Xabi Irizar gidari bezala mendian galdu eta ibilbide errazena ere abentura handi batean bihurtzen baitzen.

Balakak antolatutako kanpamentu batean, ni zuhaitzaren aurrean nago.


Bizitza aldatu zidan talde honetan hiru urteetan izan ondoren, begirale titulua eskuratu eta beste zortzi urteetan begirale izan nintzen, mendira hurbiltzeko aukerak murriztu eta saskibaloia utziz. "Balakan", inguratzen ninduena, mundua, natura, gizartea, pertsonak, baita erlijioa ere ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen ikasi nuen. Dudan nortasun eta baloreen oinarrien parte handi bat "Balakari" zor diot, baita Smithy ezizena ere. "Balakan" jaso nuen aberaste pertsonaletik aparte plangintzak egiten ikasi nuen: helburuak jarri, ekintzak egin, ekintzak ebaluatu eta, indargune eta zer hobetuak identifikatu ondoren, helburu berriak jartzea. Saskibaloian bezala, guztia lan-taldean egiten genuen ardurak denon artean banatuz. Mendiari dagokionez, kuadrilarekin noizean behin irteeraren bat edo beste egiten nuen baina ehiza eta arrantza ziren oraindik mendiarekin erlazionatuta mantentzen ninduten afiziorik nagusienak.

Mendiarekiko zaletasuna "Balaka"ren aroa amaitzear zegoela etorri zitzaidan, 1996ean hain zuzen ere. Urte honetan bizitzan izan dudan kaka-nahaste emozionalik handiena izan nuen, emozioak kontrolik gabeko errusiar-mendi batean sartuta egongo balira bezala. Alde batetik, martxoaren 26an, bi urte gaixorik egon ondoren gure ama zendu zen. Amaiera zein izango zen ikusten genuen ere, gaixorik izan zen bi urteak gogorrak izan ziren.

Ama gaztea zela, izugarrizko irrifar kutsakorra zuen.


Martxoko gau ilun hartan, hil baino minutu batzuk lehenago irakatsitakoagatik eskerrak eman eta gaizki egindakoagatik barkamena eskatu nion. Honek gainetik izugarrizko pisua kendu arren, bizirik zegoenean gauza bera egin ez izanaren damuaz biziko nintzen urte batzuetan. Ama hil ondoren amonak hartu zuen gu lagundu eta zaintzeko ardura eta urteetan ezer esan gabe egunero etorri zen etxera guri laguntzera. Ama bakarra dela esaten bada ere amona bigarren ama bat izan da guretzat. Amarekin gertatu ez bezala, amonari behin baino gehiagotan eskertu diot gugatik egindako guztia.

Amona eta biok 2016an egindako bisita batean.


Urte honen amaieran, azaroan hain zuzen ere, Itzi eta bion arteko harremana hasi eta emozioen iluntasunean argi bat piztu zen, orain arte irauten duen argi disdiratsua. Argi bat izan arren 1996 eta 1998 urteen arteko garaia "existentziala" izan zen, nire espiritualtasuna landuz. Bizitzaren zentzuari bueltak eta bueltak eman eta erlijio eta filosofia ezberdinek duten ikuspuntua ezagutzen saiatu nintzen batetik eta bestetik gauzak ikasiz. Garai hartakoak dira etxeko Taoismo, budismo, kristautasun (batez ere askapen-teologoei buruzkoak), islamiar, filosofo eta pentsalari ezberdinen liburuak. 1996 urtean bertan osabarekin Donejakue bidea egin nuen eta bertan motxila batekin ibiltzeak buru, bihotz eta ariman izan dezakeen efektu terapeutikoa bizitzeko zortea izan nuen.

Osaba eta Latiendarekin Santiagoko katedralaren sarreran ibilbidea amaitu ondoren.


Mendi irteerek ariman izan dezaketen efektuaz itsutzen hasita, ehiza eta arrantzari pixkanaka lekua hartuz joan ziren, leku osoa hartu zuten arte. Pirinioetara itzuli eta bertan mundu bat deskubritzeke zegoela ikusi nuen. Eskaladako zaletasuna beranduago iritsiko zitzaidan, beharbada beranduegi, Pirinioetako hirumilakoak igotzen hasi nintzenean, denak igo nahi banituen behintzat, eskaladako ezagutza minimo batzuk izan beharko nituela ikusi nuen eta.

Vignemaleko Pique Longuen, igo nuen lehen hirumilakoa.


Eta eskaladak gogor heldu zidan, sortarazten ninduen bake sentsazioa mendi irteeretakoa baino sakon eta iraunkorragoa zelako. Edozein motako arazoa banu, eskalatzera joan eta eskaladak irauten zuen bitartean desagertzen zen, etxera itzultzerakoan arazoaren ikuspuntu berri batekin itzuliz. Eskaladak historiak eman duen mendizale handiek idatzitako liburuak irensten tartekatzen nituen: Bonatti, Messner, Terray, Lachenal, Rebuffat, Kukuczka, Bonington, Iñurrategi, Juanjo San Sebastian bezalakoek mendiari buruz duten sentimentua barneratu eta eskalada eta mendiaz nuen sentimentu espirituala ahalik eta gehiago sakondu nuen.

Gaur egun eskalatzen dudanean ere mundua geldituko balitz bezala sentitzen dut, momentu horretan munduan harkaitza eta soka-lagunatik aparte ez da beste ezer. Ekialdeko filosofiak predikatzen duen "kontzientzia konstantea" bizitzen dudan momentu bakarrenetakoa izaten da eta, filosofiarekin jarraituz, eskaladak nire arima eta nortasun sakonarekin konektatzea lortzen du.

Eginon eskalatzen.


Ez zen denbora luzea pasako harkaitzean ikasitakoa elur eta mistoan aplikatu nuen arte, ate berri bat irekiz: orduan hasi nintzen Aizkorriko kanalei ahalik eta zukurik handiena ateratzen. Aizkorri izugarrizko eskola izan da (eta da) nire mendi-eboluzioan. Bertan ikasi eta praktikan jarritakoa beste lekuetan aplikatu izan dut eta esan beharra daukat oraindik ez dudala inon Aizkorrin mistoan eskalatutako zailtasunik eskalatu.

Aizkorriko "eskolan".


Mendizaletasunaren prozesu honetan guztian Josu izan dut bidelagun, beranduago Iker, Asier eta Leku iritsi eta MAT taldea sortu genuen. Modu batean edo bestean mendian lortutako gailur gehienetan (gailur hitzaren esanahia mendien punturik garaiena baino zabalagoa ulertuz) MAT-eko lagun bat ondoan izan dut. Gure filosofia osoa bi hitzetan laburtzen da: Taldea eta konfidantza. Taldea diodanean hitza bere osotasunean ulertzea nahiko nuke: erabakiak taldean hartzen ditugu, taldean ibiltzen gara elkarri adarra jo eta argazkiak eginez, taldea gailurraren gainetik lehenesten dugu inor atzean utzi gabe, eta azken finean, familia txiki baten moduko taldea osatzen dugu. Taldera ohitu gara eta taldean mugitzea ohituak gaude, saskibaloi edota "Balakan" ikasi eta egin nuen bezala. Behin Alberto Iñurrategiri zera entzun nion: "mendian bat eta bat bi dira, bat gehi bat aldiz, hiru". MAT-en bost izanda asko garela esan dezaket.

MAT talde osoa Jonekin Argualas mendiaren gailurrean.


MAT taldeari konfidantza eskaladak eman digu. Gradu eta bideen gainetik eskaladak duen gauzarik garrantzitsuena soka-laguna da eta soka-lagunen arteko erlazioa konfidantzan oinarritzen da: eskalatzen hasterakoan zure bizitza soka-lagunaren eskuetan uzten duzu, bera aurretik doanean berea zure eskuetan uzten duen bezala. Bien artean konfidantza osoa ez badago sokada ez da oso aurrera joango (gogoratu Albertu Iñurrategik esandakoa). Urteetan soka-lagun ezberdin izan ditut baina anaia bezalakorik ez dut topatu. Begirada soil batekin besteak buruan zer duen ezagutzea handia da eta Ikerrekin egun mendian dudan konfidantza ez daukat beste inorrekin. Mendia errudun izan da egun biok dugun harreman hestuan.

Bi anaiak eskalada-bide bat amaitu ondoren.


MATen ibilbide asko eta maila ezberdinetakoak egin ditugu, baina denetatik nabarmenena 2013ko abuztuaren 11an egin genuenekoa da. Goizeko 6:25etan Iker, Asier, Josu eta lauok Mont Blanc-eko gailurra zapaldu genuen, urteetan irakurritako mendizale handi horiek noizbait egin zuten moduan. Gailurrean lauok "Aupa Leku" zihoen pankartatxo batekin eman genuen besarkada ez dut sekula ahaztuko, ezta isuritako malkoak ere. Sekulako oparia izan zen berrogei urte bete nituen urtean jaso nuena.

Mont Blanc-eko gailurrean.


2016an hiru urte betetzen ziren Mont Blanc eskalatu genuenetik eta, olinpiar urtea zelako edo (beti izaten da aitzakiren bat), Alpeetara itzultzekotan genbiltzan, oraingoan Cervinoa eskalatzeko asmoarekin: "Eta Aconcaguara juten bagea?" Bota nion behin anaiari bazkari batean gatza pasatzeko eskatzen duenaren "berotasunarekin". Konfidantza handirik gabe botatako galdera hau, mendian behera erortzen den elur-bolatxoaren moduan, egun eta asteak pasa ahala gorputza hartzen joan eta konturatu nintzenerako lau espediziokidek izena emanda genuen: anaiotatik aparte Arkaitz, Ikerren lankidea, mendizale ipurterre eta indartsua, eskaladan eskarmentu handikoa eta mendiarekin erlazionatutako edozein gaiaren inguruan hitz egiteko erraztasuna duena. Laugarren espediziokidea Ibon zen, behin edo behin Arkaitzen soka-laguna eta Pirinio nahiz Alpeetan ere ibilitakoa. Hasieratik atentzioa deitu zidan Ibon zein urduria zen eta diru-gastuarekin zuen etengabeko kezka. Bi hauen ondoan anaia eta biok espediziokiderik ahulenak (edota gutxienez esperientziarik gutxiena zutenak) ginen, honegatik espedizioaren antolaketaren pisurik handiena beraiek hartuko zutelakoan nengoen, beraiek baitziren esperientziarik handiena zutenak.

Ibon bazkide den Tolosako Uzturre mendi elkartea izan zen gure operazio gunea eta bertan egindako bilera pare baten ondoren gauza bakarra argitu genuen: espediziorako Jakako Aragon Aventura agentzia kontratatuko genuela. Arkaitzek urte batzuk lehenago Pakistanen egindako espedizio batetik ezagutzen zituen eta agentzia serio eta arduratsua zela esan zigun. Aragon Aventurakoekin hitz egin arte beste erabikirik ez genuen hartuko.

Urtearen lehenengo hilabeteak oso azkar joan ziren eta ekainerako Aragon Aventurakoekin lehen bilera eta ordainketa egin eta bidaia adostuta zegoen: espedizioa abenduak 26 eta urtarrilak 16 artean izango zen Plaza Argentinatik atera eta Plaza de Mulas-en amaituz. Oinarrizko kanpamentuen arteko zerbitzu guztiak kontratatuko genituen. Aukeratutako bidea? Poloniar glaziarretik doan bide zuzena, AD zailtasunekoa (itzuleran Mendozan erositako gida berri batean D zailtasuna ematen ziotela irakurriko genuen) eta gure eskura izan zitekeena, nahiz eta Ikerrek oso argi ez ikusi. Azaroan bigarren bilera eta ordainketa bat egiteko gelditu ginen: "entonces podréis hablar con Fernando que es el experto en el Aconcagua" esan zigun Javier Garrido anaiak.

Azaroa arteko hilabeteak ere konturatu gabe pasa ziren falta zitzaigun materiala erosi eta sasoian egoteko mendi lasterketetan parte hartuz. 2015ean ezagututako mendi lasterketen mundua mendian sasoian mantentzeko "aitzaki" ederra zela deskubritu nuen eta, eskaladak bezala, gogor heldu zidan. Egun mendian korrika egiten dudanean sentitzen dudana, eskaladan sentitutakoari asko hurbiltzen zaio, batez ere ordu askotako korrika saioa egiten dudanean. 2016ko mendi lasterketen denboraldiari amaiera Hiru Haundiak mendi ibilbidearekin eman eta hemendik aurrera 15 kilo inguruko motxila bizkarrean nuela buru-belarri entrenatzen hasi ginen.

Hiru Haundiak mendi ibilaldiaren amaieran. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Tartean, elkar ezagutu asmoz, anaia eta biok Ibon eta Arkaitzekin Pirinioetara irteera bana egin genituen: Ibonekin Costerillou ertzari saiakera eta Arkaitzekin Astazou mendien igoera. Elkarrekin egindako lehen bi irteera hauetan elkar ezagutzeko aukera gutxi izan genuen, bai Ibon baita Arkaitz ere ia ibilbide osoan gure aurretik 50 metro ingurura joan zirelako. Taldean ibiltzera ohitua, irteera hauek jokoz kanpo utzi ninduten. Beranduago, Txindoki eta Batanes mendietara egindako irteeratan ere egoera bera errepikatu zenez, espediziora Ibon eta Arkaitz asko ezagutu gabe joan nintzela esango nuke, Whatsapp-en bidez elkar trukatutako mezuak, Elkarteko bilerak eta kotxean egindako bidaiak kontutan hartzen ez baditut behintzat.

Talde argazkia Bilbotik atera aurretik. Arkaitz bere alabarekin eta Ibon bere seme zaharrarekin.


Badira ezagutzen diren momentutik errespetu eta begirunea sortarazten duten mendizaleak. Fernando Garrido ezagutu nuenean horixe sentitu nuen. Azaroan Jakan egin genuen bileran bi ordu eskas nahikoak izan zituen gaineko zalantza eta, zergatik ez esan, beldur asko uxatzeko. Aukeratutako bidea, polita eta oso teknikoa izan gabe, azken urteotan mendizale gutxik eskalatutakoa zela esan zigun, baita berak orain arte eskalatu gabea zuela ere: "ba honek ez badu eskalau, gu noa goaz?" galdetuko zidan anaiak Jakatik itzulitakoan. Edozein zalantzarako bere telefonoa eta erosketak kalkulatzeko erabiltzen duen taula ere eman zizkigun, nire kezkarik nagusienetako bat erosketak nola eta zenbat egitea baitzen. Aconcaguara joan aurretik telefonoz bearekin pare bat aldiz hitz egiteko aukera izan nuen, botikina eta aklimatazioarekin nituen zalantzak argitzeko: "antes de subir a la cumbre os recomiendo que paséis un día entero en el base para comer, hidratar y descansar bien", "tomároslo con calma, como subáis o muy rápido o muy alto lo vais a pagar", "a la hora de comprar comida y planificar la ascensión no penséis con la mentalidad ni el estómago a nivel del mar ya que el cuerpo en altura cambia mucho" bezalakoak aholkatu zizkidan. Aitortu beharra daukat Fernandok emandako aholkuek preziorik ez dutela eta Uzturre Elkartean abenduan egin genuen azken bileran beste espediziokideei plangintza ezberdinak eta erosketen proposamena egiteko zintzo-zintzo aplikatu nituen.

Fernando eta Javier Garrido anaiak. Argazkia Gorka Lecarcegi-rena da eta "El País" egunkaritik hartua dago.


Uzturreko azken bilerara kezkatu eta haserre xamar joan nintzen, besteen artean aurreko bileren "efizientziaren" beldur nintzelako. Erosketen zerrendarik ez genuen eta, alde honetan behintzat, besteak oso lasai ikusten nituen: "Hok ez al die ba aurretio espediziotan ibili? Manda huevos inexpertok erosketen zerrenda kalkulau beharra" esanda nion anaiari bilera baino egun batzuk lehenago. Bestalde, eta hau zen gehien kezkatzen ninduena, Arkaitz eta Ibonekin egindako irteerak gogoan, espedizioaren "talde" izaerari buruzko zalantzak argitu beharra nituen.

Bilera hotz hasi nuen: "hasteko, nire lasaitasuneako behintzat, zenbateko taldea gea? Laukoa? Bi eta bi? Bi, bat eta bat?". "Lauko taldea gaituk" erantzun zuen Arkaitzek "baña argi zeok kordadak ittekon Iker ta hi bat ta Ibon ta ni bestea izango gaitukela". "Bale, ordun nola antolauko gea? Pisua banatzeko garaian, goiko kanpamentuetan..." galdetu nion. "Pakistanen izan ginuzteanen kanpamentutara aurretio iristen hituanak denda montau ta denentzako elurre urtzen hasten hituan" erantzun zidan, "nik behintzat beti hala indiat". Gehien kezkatzen zidan gaia nolabait argituta, aurkeztu nizkien erosketa eta igotzeko plangintzak adostu genituen: "Hala ere mendiak agintzen du nola igoko garen eta igual kordadak ere aldatu beharko ditugu" esan zuen Ibonek. "Bai, baña horrek eztu esan nahi hemendio plangintza bat ez deunik eraman behar, gañea erosketak plangintzan arabera ittedie ta irakurrita dauket Guardaparkesei in behar deun plangintzan kopia ere eman behar zaiela", erantzun nuen. "Ez al dituk erosketa gehiegi?" Galdetu zidan Arkaitzek zerrenda ikusi zuenean. "Eztet uste, Fernandok pasatako taulakin kalkulatuittut, ta gañea berak jarritakoa baño gutxigo dau" erantzun nion. Handik aste batzuetara, Plaza Argentinan Arkaitzi arrazoia emango nion, janari pila soberan gelditu zitzaigun eta. Erosketak anaia, Arkaitz eta hiruon artean banatu eta, Bilboko aireportuan zein orduetarako azalduko ginen adostu ondoren, azken bilerari amaiera eman genion.

Aitortu beharra daukat lehen espedizioa izateko oso mentalizatua ez nengoela, eta asko estutuz gero, erabat motibatuta ez nengoela esatera ere ausartuko nintzateke. Bai, egia da Itzi Aconcaguaren kontuekin saturatu eta aspertuta nuela, baina buruan ditudan ametsen artean Aconcagua ez zen lehentasunezko bat. Abenduaren 25 arratsaldera arte ez nintzen espedizioaz benetan jabetu. Iker, Itzi eta hiruok familia eta kuadrilako lagunak agurtzeko asmoz etxetik atera ginen: "jakin izan banu ez nintzen ateako" esan zidan anaiak etxera itzuli ginenean. Kalean topatutako gehiengoek hiltzorian dagoen pazienteari eman behar zaion hil ala biziko tratamentuaren aurrean izango bagina bezala sentiarazi gintuzten: "kontuz ibili", "ea osorik iristen zeaten", "emaztea bakarrik uztea ere...", "han goien tontakeri gutxi, ehhh"... bezelako esaldiak kupidarik gabe behin eta berriz aurpegira bota zizkiguten: "Gerrara jungo bagiña ere!!" Esan zidan Ikerrek etxera itzuli ginenean.

Etxean egingo nuen azkeneko gaua lasai joan zen kaletik oso urduri itzuli banintz ere. Goizean jaiki, petateak itxi (azkenean anaia eta bion artean petate "extra" bat eraman genuen erositako janari eta materiala ere bi petateetan sartzerik izan ez genuelako) eta arratsaldeko hirurak aldera Leku gure bila etorri zen: "ni ez naiz kapaz izango zuek eramateko" esanda zidan Itzik begiak heze-hezeak zituela. 1996etik horrenbeste egun banaturik sekula izan gabe ginen, eta kezkatuta geunden bagenekielako egun askotan komunikaziorik gabe egongo zela, batez ere gailurrera joango ginen egunetan: "Zu WI-FI daun leku guztitatik nei idatzi, eh?" esan zidan. Malkoei eutsiz, eztarrian korapiloa nuela, Itziri historiara pasako ez den muxu eta "maite zaitut" bat esan eta negarrez hasi baino lehen furgonetan izkutatu nintzen.

Aireportuan Leku agurtu eta Jokin lehengusua (kasualitatea, juxtu Bartzelonatik iritsi berria zen), Arkaitz, Ibon eta hauen senitartekoekin elkartu ginen. Gu urduri bageunden ere besteenganako urduritasun eta kezka nabaria zen. Petateak fakturatu eta elkarrekin kafea hartu, muxuak eta besarkadak denei banatu eta, Guardia Zibilek Iboni motxilatik labana kendu eta niri lehergailuen testa eginez hegazkinean egin nahi genuen atentatu saiakera zapuztu ondoren, hegazkinean ontziratzeko pasa behar den gelatxora joan ginen: "Ostia!!!! Guardia Zibilen kontrolean motxila eta botak utzi ditut!!!" esan zigun Ibonek korrika hastearekin batera. Paris arteko hegaldia elkarbanatuko genuen bidaiariak ontziratzen hasita zeudenean berriro elkartu eta hegazkinera zuzendu ginen.

Jokinekin Bilboko aireportuan.


Hegazkinera sartu aurretik 2016ean zehar modu batean edo bestean lagundu gintuenei eskerrak eman nahi diet: Ordiziako mendi elkarteko Juanmariri txartel federatiboak horren azkar lortzeagatik, Igerturi pasatako mapa digitaleengatik, MAT-eko lagunei, Asierri utzitako petatea eta utzi nahi gintuen materiala eta Lekuri taxista izan eta pasatako informazioagatik, Terrari kuadrilako lotura izan eta beti hor izan eta izango dela ziur nagoelako, Elenari botiken inguruan emandako aholkuengatik, Mireni espedizioa egin ahal izateko hartu behar izan ditudan egunetarako erraztasun guztiak emateagatik, Pedro Garcia eta Fernando Garridori emandako aholkuengatik eta Marianori (Ez Rajoy, Galvan baizik) Mendozan utzitako material guztiarengatik.

Eta, zer esanik ez, zuri ere Itzi, argia emateagatik, ondoan ni bezalako ipurterrea izatea ez baita erraza. Badakizu zu gabe ez nuela ametsik beteko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina