AZKEN 10 SARRERAK

2017/02/08

ACONCAGUA 2016-2017: 3. BUROKRAZIAREKIN BORROKAN


"Mendi garaienak eskalatu ditut, zelaiak korrika zeharkatu ditut, zurekin egoteko bakarrik" U2.





"Hoi ez al dek Silvio Mondinelli?" Galdetu zigun Arkaitzek Charles de Gaulle aireportuan motxila handia gainean zuen mendizale altu bat seinalatuz. Parisko aireportuan zenbat ordu aspertuta generamatzan ez nekien eta parean mugitzen zen guztiari begira geunden, behiek trenei begiratzen dieten moduan. Denbora oso mantso zihoan eta hau gutxi ez balitz oraindik Atlantikoa zeharkatu beharra genuen. Ondotik pasatzen ziren pasajeroen inguruko istorioak asmatzen genituen Itzirekin Whatsapp-ean aritzen nintzen bitartean, ahal zen moduan Santiago de Chile-ra eramango gintuen hegaldira arteko orduei segunduak lapurtuz.

"Silvio ze?" Galdetu nion. "Mondinelli" erantzun zidan. "Ta hoi zein dek?" Galdetu zion Ikerrek. "Ez dakizue zein deken? Hamalau zortzimilakok igota zeuzkik", Arkaitzek. "Gañea Edurne Pasabanekin liatuta egon zela uste dut" esan zuen ordura arte ixilik zegoen Ibonek. Silvio Mondinelli motxiladun beste batekin zebilen aireportuan aurrera eta atzera. Ibilkera lasaia zuen, aireportuetan mila aldiz ibilitakoek edo denbora osoan nora joan argi dutenek eramaten duten horietakoa. Tipo elegantea iruditu zitzaidan: berrogeita hamabost urte ingurukoa, ilea larru-arras moztuta, mendizale arropa dotorea, eta fisikoki sasoiko dagoenaren itsura. Bere eskuak gihartsuak ziren, milaka metro eta milaka lekuetan eskalatu dutenek dituzten horietakoak. Silvio Mondinelliri begira geundela bozgorailurek ontziratzeko abisua oihukatu zuten: "Hau eztek gu goazen lekutio urruti ibiliko" esan zigun Arkaitzek.

Gauez izan zelako edo, hegaldiaren hamaika orduak motzak egin zitzaizkidan. "Jason Bourne" sagaren azken pelikula ikusi eta ordu batzuetako lo eder eta goxoa egiteko aukera izan nuen, nire belaunen osasunerako, Air France-ko hegazkinen aulkien arteko tartea beste konpainietakoa baino luzeagoa dela deskubrituz. Hain txikia dirudien detailea abantaila ederra izan daiteke 1,85 metroetatik gorako altuera dugunontzat!!

Santiago de Chile-n Mendozara eramango gintuen hegaldia hartzeko ordubete eskas genuenez, hegazkinetik atera bezain pronto korrika batean hasi ginen ontziratzeko atearen bila. Aireportuko WIFI-ra konektatu eta Itziri gure berri ematen ari nintzenean, "atea hau da!!!!" oihukatu zigun Ibonek motxiladun ilara baten ondoko mostradoretik. Itzi "gero arte" batekin agurtu eta Santiago de Chile ezagutzeko astirik gabe bidaiaren amaierara eramango gintuen azken hegazkinean sartu ginen.

Santiago de Chile-ko aireportuan hegazkina hartu aurretik.


"Ostia, Aconcagua!!!!" Oihukatzen hasi ziren besteak. "Nun?" Galdetu nien hegazkinaren pasilloaren bestaldetik nire ondoko leihotik begiratzen nuen bitartean. "Hementxe bertan zeok!!" Bota zuen Arkaitzek. Aulkitik jaiki eta besteengana hurbildu nintzen leihotik begiratzera. Aconcaguaren hego horma parez-pare genuen: "Ostia, a ze pareta puska" bota nien.

Aconcaguaren hego horma ikus eta izugarria.


Leihoaren bestaldean izotz eta harkaitzezko izugarrizko horma bertikala zegoen eta, Arkaitzek esan zuen bezala, gailurrean izan zitekeen bakarren bat ia ikusteko adina gertu geunden. Horma ikusita, hainbeste eskalada-bideez zeharkatuta izatea ezinezkoa zirudien. "Guk egingo dugun aproximazioa ere ikusten da" esan zuen Ibonek sakan bat seinalatuz, "hori rio vacas da".

Argazkiaren eskuinean ikusten den sakan luzea Rio Vacas da, Plaza Argentina oinarrizko kanpamenturako hurbilketan jarraitzen dena. Argazkiaren ezkerrean Aconcagua ikusi daiteke.


Hegazkinak Aconcagua inguratzen jarraitu eta Horcones sakana ikusteko aukera izan genuen, baita Plaza Francia-ra doana ere: "Kriston elurra dago!!" Bota zuen Ibonek "Polacos seguro kondizio onean dagoela".

Argazkian Horcones sakana ikusten da, baita sakana bitan banatzen den lekua: eskuineko adarra Plaza Francia-ra doa, ezkerrekoa aldiz, Plaza Mulas-era.


Argazkia gertuago... Horcones sakana bitan banatzen den lekuaren aurretik dagoen zelaigunean Confluencia kanpamentuaren kanpin-denda zuriak ikusi daitezke.


Aconcaguaren lehen ikusmira honek zirrara sortu zidan. Izotz, elur eta harkaitzezko piramideak inguruko mendiak txiki uzten zituen eta oinarrizko kanpamentuen tamaina txikiarekin konparatuz bertigoa ere sentitu nuen. Etxean ikusitako argazkiekin konparatuz horrenbesteko inpresiorik egitea ez nuen espero eta, dudarik gabe, mendi puska horren gailurrean egotea izugarrizko esperientzia izango zen.

Harkaitz eta izotz piramide ikusgarria...


Ikuskizuna eta lauon nirvana egoera gerrikoak lotzeko argia piztu zenean amaitu zen. Eserlekura itzuli eta, betiko moduan, lurreratzeko erritualarekin hasi nintzen: gerrikoa gogor lotu, begiak itxi eta bizitzak dituen gauza positiboetan pentsatzen hasi, aulkiaren beso-euskarriak gogor eutsi eta arnasa poliki eta sakon hartzen nuen bitartean. Pilotoak, hegan egiteari diodan beldurraz jabetu izan balitz bezala, lurreratze leun eta goxoa egin eta konturatu nintzenerako hegazkina ia geldirik zegoen. Gizadiaren onura eta antsiolitikoen kalterako piloto honek soldata ederki merezia du, ez Santiago de Chile-n lurreratu zuenak, horrek karneta kentzea merezi zuen, lastima bere izenarekin ez gogoratzea munduko terrorista bilatuenen zerrendan sartzeko.

Mendozako aireportua txikia da eta mendi elurtuen azpian dago. Gurea izan zen eguerdian iritsi zen hegazkin bakarra. Hegazkinetik jaitsi eta petateak jasotzen diren gelan sartu ginen. Minutu batzuen ondoren sirenatxo bat piztu, zinta martxan jarri eta zulo batetik bidaiarien trasteak ateratzen hasi ziren. Gure aurretik tamaina, kolore eta mota ezberdinetako maleta eta poltsak pasatzen ziren heinean gure petateak ez ziren inon agertzen: "atera dira?" Galdetu zigun Ibonek urduri. "Oaindio ez" erantzun nion. Ibon oso urduri zegoen eta aurrera eta atzera bueltaka hasi zen maletak atera eta sartzen ziren zuloetatik begiratuz. Maletak desagertu eta gela bidaiariez hustutzen zen bitartean gure barruan kezka eta beldur bat handituz joan zen. Luzeak egin ziren minutu gutxi batzuk pasatu eta gelan mendizale itsurako zortzi gelditzen ginenean, maleten zinta gelditu, eta sirenatxoa itzaltzearekin batera gure kezka eta beldurra egi bihurtu zen: "gure petatek eztie iritsi!!!"

Ondasun guztiak bat batean galduta bezala sentitzen ginen eta atsekabetuta beste mendizaleen atzetik gelaren izkina batean zegoen leihatilara hurbildu ginen beharrezko erreklamazioa egitea. Bi egunetan burokraziarekin izango genuen borrokaren aurkako lehen round-a martxan zegoen.

"Revistan batetio edo, aurreko hoi ezagune ittezaiak" esan zigun Arkaitzek aurretik genuen mendizalea seinalatuz. Atzerritar itsura izan arren gazteleraz ongi hitz egiten zuen mendizale beltzarana alemaniarrez hitz egiten zuen mendizale batekin zihoan. Gu baino gazteagoa, eskalatzaile peto-petoaren itsura zuen: gihartsua, beso eta hanka muskulatsuak eta, izugarrizko behatzak: "A ze atzaparrak zeuzkiken" esan zuen anaiak. "Ya te digo..." erantzun nion. Leihatilako langileak gure petateak Santiago de Chile-n lokalizatuak zituztela esan zigun, baita egun berean arratsaldean edo hurrengo eguneko eguerdian hotelean izango genituela: "baina bihar Penitentes-era goaz" esan zuen Ibonek kezkati. "Lasai Ibon" erantzun nion lasai hitzak efekturen bat egingo zuelakoan, "gure esku indezakeun guztie indeu. Oain asuntoa bere esku dau".

Aireportu barrutik egindako argazkia, mendiak bertan daudela dirudi.


Inka Expediciones Aragon Aventuraren bidez Argentinan kontratatutako agentzia zen. Aireportuan bertako langile bat zain genuen "Arkaitz" idatzita zuen orria eskuetan zuela: "¿Qué tal fue el viaj..?", "Mal" erantzun zion Ikerrek galdera amaitu aurretik, "los petates no nos han llegau". Eta eskerrak iritsi ez ziren!! Fisikaren lege ezezagun edo yogaren jarrera arraroren batengatik izango ez balitz, bila etorri zenaren kotxean ezinezkoa izango zen gu lauok, lau motxila eta bost petate sartzea. Hau gutxi ez balitz, hoteleko bidean kotxe gidariak espedizioari buruzko galdera eta zalantza guztiak "no sé, tendrán que preguntar en la oficina" erantzun unibertsalarekin erantzun eta gure barnean kezka berri bat pizten hasi zen: "ze agentzi mota kontratatu deu?"

Mendoza, ardoa eta nekazal industriaren inguruan (Argentinako fruta fresko eta oliba olioaren gehiengoa hemen sortzen da) eraikitako Argentinako hiririk nagusienetakoa da. Petrolio eta gasa ere baduenez, hiri aberats eta moderno batean bihurtu eta urtero handituz doa. Buenos Aires-en atzetik Argentinako bigarren hiririk garrantzitsuena bihurtuko dela esaten dute. Hala ere kontrastez betetako hiria ere bada eta kotxerik modernoaren ondoan duela hogeitamar urteko R-12a edota elegante eta garesti jantzita dagoenaren ondoan eskale bat topatu daitezke. Hiri handietan gertatzen den moduan hiriaren kanpoaldeko eraikin xume eta erdialdeko eraikin modernoen arteko aldea nabaria da eta hiritar xumeen artean indigena itxurakoek gehiengoa osatzen zuten. Hiria parkez (beraiek plaza deitzen diete) eta zuhaitzez betea dago eta espaloi asko zuhaitzen sustraien indarrez altsatuta daude. Atentzioa deitu zidan espaloi askoren ertzetan errekatxoak libre mugitzeko eraikitako ubideak, hiriaren zenbait puntuetan lubakiak ziruditen. Garraio publikoei dagokionez, munduko garraio publiko guztiak daudela esango nuke: trolebusak, autobusak, taxiak, trena, tranbia berria, tranbia zaharra...

Garraio publikoaren bi adibide: tranbia berria...


.... Eta zaharra.


Nutibara hotela Mendoza hiriaren erdigunean dago, hiria zeharkatzen duen Colon etorbidea eta Independencia plazatik gertu. Luxu handirik gabekoa, mendizale batek behar duenerako nahikoa da eta, nahiz eta anaia eta biok ez genituen probatu, igerileku eta gimnasioa ere baditu. Eskeintza guztietatik zukurik handiena WIFI-ari atera genion eta kodea eman bezain pronto tiki-tiki-tiki-tiki-tiki aritu ginen etxekoei gure berri ematen, etxetik kanpo urte batzuk eramango bagenu bezala.

Kalean bero egiten zuen, galtza eta kamiseta motzarekin lasai ibiliz gero izerdirik botatzen ez den bero lehorra. Logeletan trasteak edozein moduan bota ondoren, eguzki eta beropean, burokrazioaren kontrako borrokaren bigarren round-a leihatzera atera ginen: Parke Probintzialean sartzeko baimenaren tramitea.

Inka Expediciones-en bulegoetan amaigabeak iruditu zitzaizkidan minutuetan ez dakit zenbat datu eman (dirudienez fitxa bat bete beharra genuen) eta baimena eskuratzeko bete beharreko galdetegia erantzun genuen. Bulegorako bisita Arkaitzek ezagutzen duen Mariano Galvan himalaiar eta andinista handiak utzitako eskaladarako materiala jasotzeko ere aprobetxatu genuen: "Ustedes van por Plaza de Mulas, ¿Verdad?" Galdetu ziguten. "No, nosotros subimos por Plaza Argentina y bajamos por Plaza de Mulas" erantzun genien. Aireportura gure bila etorritakoa oraindik buruan, aitortu beharra daukat Inkakoekin izan genuen lehen harremanak konfidantza gutxi eman zidala. Parke Probintzialerako baimena nola lortu eta hurrengo egunean Penitentes-era eramateko gure bila zein orduetan etorriko ziren argituta, bulegoetan ordubete inguru izan ondoren kalera atera ginen: "Bueno bihar ordubatak arteko denbora deu baimena eta falta zaizkigun erosketa guztik itteko, ez?" galdetu nien. "Bai, baña hortako leheno dirue aldatu beharren gare" erantzun zuen anaiak.

Argentina is different...


Hotelera itzultzean burokraziaren kontrako borrokaren hirugarren round-a hasi zen: euro eta pesoen arteko trukaketa. Gainean generaman euro gehienak hoteleko langile batek harremanetan jarri zigun diru-trukatzaile baten bidez aldatu genituen. Momentu hura bideoan grabatzekoa izan zen: hoteleko sarreran bilete-sortaz beteta zegoen mahai txikiaren inguruan batek euroak eta besteok argentinar pesoak zenbatzen, droga erosten arituko bagina bezala. "Yo cuento dos billetes menos de los que debería haber" esan zigun serio zenbaketa amaitu zuenean. Ibonek euro-sorta hartu eta bitan zenbatu zuen: "Pues juraría que estaba todo, pero parece que tienes razón, faltan dos billetes". Ibonek dirurako duen zorroztasuna kontutan izanda diru-trukatzailearengan susmorik ilunenak piztu zitzaizkidan: "honek lapurtu indigu" bota nien euskaraz, ahal izan nuen irrifar sanoena egitera behartuz. Ibonek hirugarrenez dirua zenbatu eta galdutako bi bileteak azaltzen ez zirela ikusita, zor genizkion bi bileteak eman eta diru-trukatzaileak hoteletik alde egin zuen. Ibon eta Arkaitzen logelara igo eta diru-trukatzaileak emandako peso kopuruan iruzurrik ez zegoela egiaztatu genuenean, Ibonek gainean behar baino bi bilete gehiago zituela konturatu zen, diru trukaketan egindako hanka sartzeaz jabetuz. Zer esanik ez dago honek hurrengo orduetarako adarra jotzeko aukera paregabea eman zigula eta, nola ez, aukera hau ez genuen galdu.

Arratsaldeak gasa bakarrik erosteko aukera eman zigun. Gutxienez, adostu izan bagenu bezala, hotelera petateak zekartzan taxiarekin batera iritsi ginen: "bufff, ze onaaaaa, arazo burokratiko bat gutxigo, hau ospatu beharra zeok".

Petateen itzulera ospatzeko, hoteleko langile baten aholkuz "La Florencia" jatetxera joan ginen bertako haragi errea dastatzera. Egokitu zitzaigun zerbitzariaren gomendioei jarraituz Mendozako ardoa eta haragi mozketa ezberdinak dastatzeko aukera izan genuen, denen gainetik saihetsa eta "Chori"-a (azpizunaren antzeko haragia) nabarmenduz.

Afaltzen hasi aurretik bertako garagardoarekin topa eginez.


Preziatutako euskaldun onen moduan, haragia oso gutxi erretzeko eskatzeaz aparte, saihetsa eta "Chori"-a errepikatu nahi genuela esan genionean, zerbitzariak begiak parez-pare ireki eta harridura aurpegiarekin "¿Ustedes cruzaron el Atlántico a nado?" Galdetu zigun, txantxetan arituko bagina bezala: "ba oain hola badau eztet pentsaure egin nahi ze aurpegi jarrikoun postrea eskatzen diogunen" bota nien besteei irrifartsu.

Afariari egurra ematen.


Mendozan pasatako lehen egun lanpetuari amaiera ederra eman genion hotelera goiz erretiratuz, bigarren eguna are eta lanpetuagoa izango baitzen, logela utzi aurretik erosketak eta baimenak lortu behar genituen eta.

Mendozaren armarria Independencia plazan hoteleko bidean.


Inuxente eguna goizeko zazpiretan eztarri eta eskuko minez hasi nuen. Espelunciecha mendian izandako istriputik eskua minberatuta nuen eta gauetan bakarrik kentzen nuen ferula jarri eta gosaldu ondoren, antiinflamatorioen tratamentuari amaiera emateko hartu beharreko azken-aurreko Ibuprofenoa hartu nuen.

Mamitsua izango zen egun hura burokraziaren kontrako laugarren round-a leihatuz hasi genuen: Parke Probintzialerako baimenak lortzea. Mendozako kaleetan noraezean bagina bezala gora eta behera ibili ondoren lortu genituenean (lehenengo kapituluan zehazten dut baimenak nola lortu behar diren), "nik uste nian hau dena Inkakok edo gutxiñez Inkakon bat gukin etorriko huala" esan zuen Arkaitzek denok buruan genuena hitzetan jarriz. Hotela uzteko ordua hurbiltzen zen heinean gure urduritasuna handituz joan zen: oraindik erosketak egiteke eta Inkaren bulegoetara itzuli beharra genuen azken gestio burokratiko batzuk egitera.

Mendozako kaleetan kilometroak eginez.


Denbora irabazteko asmoz, Ibon eta biok Carrefour handi batean erosketak egiten genituen bitartean Iker eta Arkaitz Inkaren bulegoetara joan ziren. Hamabiak jotzearekin batera taxi batean hotelera itzuli eta, traste guztiak logeletatik korrika batean atera eta harrera-lekuan utzi genituenean, Penitentes-era eramango gintuen Inkako langilea azaldu zen: "gutxiñez hau minibus batekin azaldua" esan zidan anaiak. Itziri Whatsapp bidez telefonoz deitu eta Penitentes-era ateratzen ginela esan ondoren hotela utzi genuen. Itziren ahotsa ez zen naturala, triste zegoela nabaritzen zitzaion nahiz eta disimulatzen saiatu.

Traste guztiak eraman aurretik. Eguberriak pil-pilean eta gu galtza motzetan.


Mendoza eta Penitentes artean 160 kilometro inguru daude. Bi puntu hauek lotu eta Chilera daraman 7 errepide nazionalak amerikar pelikuletan Coloradon azaltzen diren errepide luze horietako baten itsura dauka.

Minibusean.


Errepidea, trenbide abandonatu eta Mendoza ibaia jarraituz metroak pixkanaka irabaziz doa, basamortu itsurako klima pixkanaka nagusitu, belar eta zuhaitzak harri eta hareari lekua utzi eta mugarik gabeko lautadak zeharkatuz. Atentzioa deitu zidan errepidearen ertzetan zenbat amabirjin eta gurutze dauden, baina batez ere bakoitzaren azpian urez betetako plastikozko botilez egindako mendixkak, ez dakit kristau erlijioko uraren garbikuntzarekin zerikusirik izango duen. Honetaz aparte errepide bazterrean ez genuen kotxeak harrapatutako animalirik ikusi: hemen ba al da animalirik?

7 errepide nazionala, Mendoza ibaia eta honen eskuinean trenbide abandonatua.


Errepidea mendien arteko pasabideak eta lautada amaigabeak tartekatzen ditu.


Bidean, beste mendizale batzuekin batera "La Estancia de Elias" jatetxean bazkaltzera gelditu ginen. Haragi-enpanadillak, entsalada, patata frijitu eta, nola ez, haragi erreaz osatutako menuaz aparte, jabearen semearekin jangelaren horma batean zintzilik duten Mari Abregoren poster batetaz hitz egiteko aukera ere izan genuen. Bere aitak nafar alpinistarekin Aconcaguan irteeraren bat egina zuela esan zigun.

Berriro ere errepidean. Momentu askotan ikusten nuen paisaia Kanariar irletakoa burura ekarri zidan.


Penitentes, 2.700 metroetara dagoen eski-estazioa da eta duen kokaleku eta lo egiteko aukeragatik Aconcaguara doazen espedizio gehienen abiapuntua da. "Ayelen" hotela izango zen hurrengo bi asteetan ohe batean lo egiteko azken aukera emango zigun lekua.

Penitentes-era iristen.


Penitentes.


Hoteleko lurrazpiko aparkalekuan Inkakoek Aconcaguako oinarrizko kanpamentuetara doan edozein petate, material edota trasteren banaketa egiten dute, mandazainek eramateko fardel eta kaxetan sartuz. Lekuak biltegi baten itsura zuen eta ikurrina tartean zegoen munduko bandera ezberdinez osatutako sare itsurako ate handi batekin ixten zen.

Ayelen hotelaren sarrera. Pentsatzet dut paraje honek neguan beste itsura bat izango duela.


"Ustedes van por Plaza de Mulas, ¿Verdad?" Galdetu zigun arduradun itsura zuen langile gazteak. "Galdera okerra" pentsatuko zuen lauon aurpegiak ikusi zituenean: "no, vamos por Plaza Argentina, pero esto ya lo confirmamos ayer con Inka en Mendoza" erantzun zion Ibonek ahal izan zuen edukazio eta modurik onenean. "Ahh, bueno" erantzun zigun Ibonek esandakoari jaramon handirk egin izan ez balio bezala. Latinamerikarrek bizitzarako duten erritmoa motelagoa dela bagenekien arren, aparkaleku horretan pasa genuen denboran Kalashnikov bana faltan bota genuen: bost langile gora eta behera zebiltzan itsuraz antolatu eta eraginkorra ez zen lan bat egiten, gure zalantzei "Sí sí ahora mismo" erantzun eta mila aldiz galdera berak egiten, petate eta traste guztiak gelaren erdian "kietoparau" zeuden bitartean.

Lurrazpiko aparkeluan Inkak duen txokoan gure petateak noiz mugituko zain. Atzean ikurrina ikusi daiteke.


Lauron artean antsiolitikoak banatzear nengoela, langileetako bat gure petateak pisatzen hasi zen. Bakoitzak mandoetan 30 kg eramaterik bagenuen, guztira beraz 120 kg: "Se pasan por 20 kg" esan zigun. Gehiegizko pisua ordaintzeko prest geundela esan ondoren, kilo bakoitzeko 5 dolar ordaindu beharko genuela esan zigun. Kontuak egin eta espediziotik itzultzeakoan Inkaren bulegoetan 100 dolarretako zorra kenduko genuela adostu genuen arren, gerora zor honekin ez ginen gogoratu ere egingo, espero dut langile hauetako bati soldatatik kendu ez izana.

Ikurrina gertuagotik, ea zenbat izen ezagutzen dituzuen.


Eta ikurrinaren azpian Jorge Egocheagak 2006an Aconcaguako marka egin zuenekoa.


Langileen fundamentua ikusita gure ondasun guztiak Plaza Argentinara zihoazen beste fardelen ondoan jarri zituztela egiaztatu genuen arte ez ginen handik mugitu. Orduan, nolabair lasaitzeko arnasa sakon hartu eta hurrengo egunerako ahal zen goizenean ateratzeko bidaian izena eman ondoren, hotelera igo ginen.

Gure petateak dagokien lekuan.


Penitentes izena atzean dituen mendietatik dator, izotzezkoen itsura bera dutelako.


Arratsaldea lasai joan zen, Penitentes inguruan paseotxo bat eta Itzirekin ahal nuen bezala komunikatuz, WIFI konexioa txarra izateaz aparte, batera konektatuta izan zitezkeen erabiltzaile kopurua murriztua zegoen eta. Gainera, oinarrizko kanpamentura iritsi arte munduarekin harremanetan jartzerik izango ez genuenez, hoteleko mendizale guztiok etxekoekin komunikatzeko premia genuen eta konexio ahulari gogor eusten genion, konektatzerik ezin zutenen beharrak kontutan hartu gabe.

Konektatu nahian.


Kuriosoa iruditu zitzaidan afariak zuen mailarekin alderatuz logelen eta WIFIaren konexio-mailak zein xumeak ziren: "A ze nolako txinada hartu deten bi egun hauetan" esan zuen anaiak afarian, "papeleo ta gestio guzti horrek agobiau nau, ea ibiltzen hasten gean". "Denok berdin gaude" erantzun zion Ibonek "Espedizioa bihar hasten da".

Afaldu ondoren hiru katalanekin garagardo pare bat hartzeko aukera hartu genuen, Xavi gidaria eta bi bezero. Beraien asmoa Aconcagua Plaza de Mulas-etik igotzea zen eta aurrikusten zuten aklimatazioa kontutan izanda ziurrenik gailur egunean elkar ikusiko genuen. 

Iker eta Ibonek afarian esandakoak buruan nituela oheratu nintzen: Burokraziarekin leihatutako borroka amaituta zegoen eta, "bai, espedizioa bihar hasten da", pentsatu nuen lo gelditu aurretik.

Espedizioa hasteko goizeko zazpirak arte itxaron beharko genuen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina