AZKEN 10 SARRERAK

2016/12/21

ESPELUNCIECHA (2.399 metro) IPAR MENDEBALDETIK, FORMIGALETIK ABIATUZ (2016/12/08)

Abenduaren 4ean Batanes Hortzetatik jaitsi ginenean anaia eta biok bi egun horietan ikasitak beste irteera batean praktikan jarri beharra genuela erabaki genuen. Abenduaren hasieran izaten diren jai egunak aprobetxatuz, 8 eta 9an Pirinioetara itzultzeko plana egin genuen.

Hasiera batean Serrato mendira joatea pentsatu genuen mendebaldeko aurpegian dituen bi korredoreak igotzeko: 8an bat eta 9an bestea. Baina Batanes Hortzetan topatutako elurraren kalitatea buruan eta, ezer egin gabe kotxera itzuliko ginenaren beldurrez, aukera hau baztertu egin genuen.

Serratoren aukera baztertuta Anayet aintziretara joatea pentsatu genuen 8an Espelunciecha eta 9an Vertice de Anayet eta Anayet bera igotzeko asmoarekin. Bigarren aukera honetatik gustuko ez genuena dendak jarriko genituen lekura egin beharko genuen hurbilketa motza eta desnibel gutxikoa izango zela zen, baina bestalde eguzkiaren argia gehiago aprobetxatuko genuen denda denboraz lasai muntatu eta afaria eta lasai prestatzeko. Arkaitzek antzerako plan bat proposatu zigun Bisaurinen egiteko, baina azkenean, bi anaiok Anayet mendia igo gabe genuela kontutan izanda, lehen aukera aukeratu genuen.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Ibilbidea Formigal eski estazioko Anayet aparkalekuan hasi genuen. GR-11 ibilbidea jarraituz, Culivillas sakanatik igo eta Anayet aintziretara iritsi ginen, bertan kanping dendak jartzeko.

Kanping dendak jarri ondoren iparraldera zuzendu eta azken aintzira atzean utzi genuenean ipar mendebaldeko ertzaren ingurura iritsi ginen. Hasiera batean gure asmoa ipar aurpegira pasa eta hemen dauden korredoreetako batetik igotzea bazen ere, azkenean, elurraren egoeragatik, iparmendebaldetik zuzen jo genuen Espelunciecha mendira doan ohiko bidearekin bat egin arte. Tartean 15-20 metro inguruko izotz erresalte erraz bat igo genuen, zailtasun maila kontutan izanda II+ ingurukoa edo.

Jaitsiera hegomendebaldera doan ertza jarraituz egin genuen, modu honetan nolabaiteko ibilbde borobila eginez.

Anayet menditik egindako argazki honetan gorriz igoerako bidea eta urdinez beherakoa margotu ditut, baita ibilbidean topatu genuen izotz erresaltearen kokalekua ere.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 6 kilometro.
- Punturik baxuena: Formigaleko Anayet aparkalekua, 1.735 metro.
- Punturik altuena: Espelunciecha, 2.399 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 720 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Ibilbidea errekatxo baten ondotik doa. Behin Anayet aintziretara iritsitakoan ez genuen urik topatu. Guk su txikia eraman genuen.elurra urtzeko.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun handirik ez dauka, guk II+ zailtasunaren inguruan dabil. Ipar mendebaldeko aurpegitik ateratzeko II+ inguruko erresalte bakarra topatu genuen.
- Eramandako materiala: Pioletak, kranpoiak eta kaskoa.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora:3 ordu eta berrogeita hamabost minutu.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

09:25, Formigal eski estazioko Anayet aparkalekua. Goizeko seietan Iker jaso eta Jacan ogia erosteko gelditu ondoren, 09:15erako eskiatzaileen kotxe ilara luzearen atzetik Anayet aparkalekura iritsi ginen. Lehen aldia zen Formigalera joatzen nintzela. Bueno, lehen aldia ez, duela urte batzuk Punta Escarra mendiaren ipar aurpegia eskalatzeko esperantzarekin aparkaleku hau noiz irekiko zain izan ginen eta, azkenean erabat nazkatuta, Peyreget mendian amaitu genuen erraketakin zeharkaldi bat egiten.

Aparkalekuan eta pistetan zegoen jende pilak txunditu ninduen: "joer hau da jende pila" esan nion anaiari. "Ba kalkulatu bakoitzegatio 50 euroko forfaita eta pentsau zenbat diru dagoen hemen" erantzun zidan.

Ateratzeko prest.


Kotxetik traste guztiak hartu, motxilak bizkarrera bota eta, ahal izan genuen denbora gutxiena galduz, jendetzaren zaratatik ihes egiteko edo, martxan jarri ginen.

Eskiatzaileen artean bazen mendizalerik ere. Gorriz jarraitu beharreko bidea margotu dut.


Pistaren ertzera iritsi bezain pronto elur-erraketak jartzea erabaki genuen, erosoago igo ahal izateko.

Elur-erraketak jazten.


Ibilbideak GR-11 bidea jarraitzen du, baina elurragatik markak ikusten ez zirenez, metro batzuetan eski pistaren ertzetik egin ondoren, Culivillas sakanean sartu ginen bertatik jaisten den errekatxoa gure eskuinean utziz.

Eski pistak utzi ondoren.


Gorago egindako argazkia, bideak galtzeko arriskurik ez dauka.


Aurreko egunetan pasatako mendi eskiatzaile eta mendizaleengatik bidea oso zapaldua eta arrasto bikainarekin topatu genuen: "Kranpoiekin igotzeko ere badau" esan zidan Ikerrek.

Iker eta atzean Balaitus, besteak beste.


Ibilbideak Culivillas sakana zeharkatzen du Punta de la Garganta mendia hegoaldetik inguratuz.

Mendizale batzuen atzetik. Bidea lasai hartu ezkero igoera gozoa egiten da.


Ibilbideak aldapa eta zati lauak tartekatzen ditu baina orokorrean ez zitzaidan igoera gogorra iruditu. Hori bai, ia igoera osoa itzalpean egiten denez, igoera "freskoa" bada, jejejeje.

Itzalpean egiten den zeharkaldietako batean.


Igoeran sakana zeharkatzen duen errekatxoa behin baino gehiagotan zeharkatzen da eta bertan izotzak sortutako forma eta irudi ezberdinei argazkiak egiteko aprobetxatu genuen.

Izotz formak.


Izotz formak zeuden lekutik gora genuen bidea. Ibilbidea nire gainean ikusten den lepoaren ezkuinera doa, gutxi gora behera nire buruaren parera.


Bidea gozoa eta aldapa handirik gabekoa izanik Anayet aintziretara iritsi aurretik atsedenik ez hartzea erabaki genuen. Dena den, honek ez du esan nahi ibilbidean zerbait jan edota edan ez genuenik, jejeje.

Eguzkiaren argira irten ginenean tenperaturaren aldaketa handia izan zen, lehen aldiz izerditan hasiz. Elurra nahiko bigun zuen azken aldapa baten ondoren  Anayet zelaira eramango gintuen lepora iritsi ginen.


Iker Anayet zelaira eramango gintuen azken aldapan eta jarraitu genuen bidea.


Eta lepo honetatik 200 metro eskasera Anayet zelaira iritsi ginen.

11:10, Anayet zelaia, 2.200 metro inguru. "Ostia, hau flipantea da" esan nion anaiari, "ya te digo" erantzun zidan "Anayet eta Midi ia leku beren". Aspaldian Piriniotan ikusi gabeko lekurik ederrenean nengoela sentitzen nuen eta Anayet-en presentzia izugarri eta ikusgarria iruditu zitzaidan.

Anayet zelaian, ezkerrean Anayet eta eskuinean Midi D'Ossau.


"Hara, frantziarren korredorea" adierazi nion Ikerri makuluarekin. "Elur gutxikin, ez?" Esan zidan. "Fijo" erantzun nion "ia elurrik gabe dau". 

Frantziarren korredorea, lehorra benetan. Bakarren batek korredore hau eskalatzeko asmotan igo ote ginen galdetu zigun.


Parean genuen edertasunaz gozatzen ari ginen arren, denda muntatzeko leku baten bila hasi beharrean geundela erabaki genuen, Espelunciecha mendira goiz igo eta goiz afaltzeko. Anayet aintziretan gora eta behera ibili ondoren, azkenean aintziren ekialdeko zelai batean muntatu genuen.

Espelunciecha mendia. Urdinez bertara igotzeko jarraitzen den ohiko bidea eta gorriz guk jaitsieran jarraitu genuena. Gutxi gora behera bi bideak elkartzen diren lekua da denda muntatu genuena. Argazkiaren ezkerrean Midi D'Ossau.


Midi D'Ossau gertuago... Zein ederra den!!!


Lekua aukeratu genuenean, Ikerrek denda jartzeko plataforma txukuntzen zuen bitartean nik denda muntatu nuen, denbora irabazten joateko.

Kanping denda jartzeko plataforma txukuntzen, atzean Vertice de Anayet eta Anayet mendiak.


Ikerrek egindako "Time lapse" honetan dendaren muntaketa osoa ikusi daiteke.



Espelunciechara doan ohiko bidea, denda jarri genuen ingurutik.


Denda muntatu, gauza guztiak barruan jarri eta txukundu ondoren, zerbait jan eta edateko aprobetxatu eta 12:40ak aldera Espelunciecharako bidea hartu genuen.

Egun batzuk lehenago Arkaitzek komentatu zigun Espelunciecharen ipar - iparmendebalde aurpegian badaudela kanal eta korredore interesgarri batzuk eta mendi honek duen altueragatik litekeena izango zela gozatzeko moduan topatzea. Bitan pentsatu gabe gailurrera doan ohiko bidea gure ezkerrean utzi (ibilbidearen norantza) eta altuerarik hartu gabe ipar norabidea hartu genuen.

Denda utzi ondoren, ibilbidearen hasieran.


Iparraldera gindoazen ehinean gure ezkerrean Anayet aintzirak uzten joan ginen. Azkenekoa atzean utzi genuenean orain arteko bide laua amaitu eta zeharkaldi aldapatsu bat egiten hasi ginen. Jarraitu aurretik Ikerrek Arkaitzi telefonoz deitu eta gutxi gora behera nondik jarraitu beharra genuen azaldu zion.

Iparren dagoen Anayet ibonaren eskuinetik (ibilbidearen norabidean) joan ginen ahalik eta zeharkaldi lauena eginez.


Elurrak estali gabeko pinua...


"Buff, hemen nik raketak kendu ta kranpoiak jarri behar ditut" esan zidan Ikerrek, hainbat lekuetan elur-erraketek elurrera ongi eusten ez zirela ikusi ondoren. Nahiz eta hasiera batean metro batzuk elur-erraketekin jarraitu, azkenean nik ere nireak kendu eta kranpoiak jarri nituen: "hola bai ondo" esan nion kranpoiek ematen zuten konfidantzarekin.

Iparraldera eramango gintuen zeharkaldi aldapatsuaren hasieran. Zeharkaldia geroz eta gehiago tentetzen joango zen.


Zeharkaldiaren amaieran ertz antzeko batera iritsi eta honen bestaldean Arkaitzek esandako korredoreak ikusi genituen: "Polittek, eh?" Esan nion anaiari. "Ba, bai" erantzun zidan. Zein korredore igoko genuen erabaki gabe bertara hurbiltzeko zeharkaldiarekin hasi ginen. 

Argazkian ikusten diren bi kanaletak batetik igotzeko asmoa genuen


Iker aurretik zihoan eta zeharkaldia hasi eta metro gutxietara gelditu egin zen: "buff, hau arriskutsu dau, elurre eztau lurrea pegauta ta kranpoiekin ematen diozunen huts hotsa aitzea". Metro batzuk gorago saiatu eta Ikerrek esaten zuen baieztatu nuen: "akabo gaurko korredorek" esan nion.

Gora begiratu eta gainetik genuen hormaren amaieran erresalte bat ikusi genuen: "ta hortio saiatzen bagea?" Esan nion. "Goazen probatzea ea zemuzkoa den" erantzun zidan.

Bitan pentsatu gabe gora begira jarri eta zuzenean hasi ginen igotzen.

Iker igoeraren lehen metroetan, behean Canal Roya.


Atzetik egindako argazki honetan jarraitu genuen ibilbidea eta erresaltearen kokalekua adierazi ditut.


Eguzkiaren eraginpean dagoen aurpegia izanda elurraren kalitatea ez genuen hain txarra topatu, baina hala era zenbait lekuetan, harkaitzen ondoan batez ere, hankak elurrak egindako zuloetan sartzen genituen. Tarteka ere elur gogorreko zatiren bat topatu genuen hanketako bikien "kalterako", jejeje. Honelakoetan zeharkalditxo horizontal bat egiten genuen bikiak lasaitzeko.

Hanketako bikiei atseden emateko egindako zeharkalditxo batean.


Hala ere, elur gogorreko zatiren bat topatu arren, argazki honetan ikusten den bezala, elurra ez zegoen gogorra.


Harkaitzetatik gertu oinak non jarri ongi begiratuz, zuloak zeuden eta.


Uste baino erraz eta lehenago erresaltearen azpira iritsi ginen: "Zemuz ikustezu?" Galdetu zidan anaiak pioleta erresaltea estaltzen zuen izotzean sartu nuenean. "Bueno, gogorra daula emateo, baña azpin hutsa dau" esan nion. Bi pioletak izotzean sartu eta erresaltea igotzen hasi nintzen.

Lehen metroak konfidantza gutxiarekin egin nituen, izotza harkaitzera itsatsia ez zegoela nabaritzen zen eta. Honegatik, badaezpada kranpoien puntak harkaitzean jarriz joan nintzen. Lehenengo 3-4 metroak eskalatu ondoren behera begiratu eta "nahizunen!!" Oihukatu nion anaiari.

Ikerrek ere lehen metro hauek kontu handiz eskalatu zituen, nire atzetik joanda izotz gutxiago topatu zuen eta.

Iker erresaltearen lehen metroetan.


Ni nengoen lekura iritsi zenean atzera begiratu eta: "Bufff Anayeten iparra, hemendio ikusita akojonantea da!!!" Esan zidan. "Ya te digo" erantzun nion, "ea aurten bertatik igotzeik deun".

Anayet-en ipar aurpegi ikusgarria.


Anayet-en ipar hormari argazki batzuk egin ondoren gora jarraitu nuen.

Erresaltearen bigarren zati honetan izotza egoera hobeagoan topatu genuen eta ederki gozatu genuen, pena 4-5 metroetako tartea izatea.

Erresaltearen zati bertikalenetik ateratzen.


Zapata berridun haurraren moduan gozatzen hasita geundenean zailtasun guztiak amaitu eta erresaltea amaitu zen: "Vaya!!!" Esan nion anaiari "onenen geundenen akabo".

Erresaltearen irteeran, ohiko bidearekin bat egitear.


Metro batzuk erdi-oinez egin ondoren Espelunciechara doan ohiko bidearekin bat egin genuen: "bueno, indeuna motxa baña gutxiñez zeozer gozatu deu, ez?" Galdetu zidan Ikerrek. "Bai, eskerrak ez gean ipar aurpegin sartu" erantzun nion.

Erresaltetik atera ondoren.


"I love this game!!!!"


Behin ohiko bidean, mendiaren ertzetik zihoan zapaldutako bidea besterik ez genuen jarraitu.

Ohiko bidean, jarraituko genuen bidea nabaria da.


Midi.


Azken igoera honetan behin baino gehiagotan saitau ginen ipar hormara pasatzen, baina itzalpean zegoen elurra zapaltzen genuen bakoitzean ia belaunetaraino sartzen ginen, elurra hautsa zegoen eta. Azkenean, elurraren egoera kaskarra onartu eta ohiko bidea jarraituz gailurrera iritsi ginen.

13:50, Espelunciecha, 2.399 metro. Gailurrean haize frexko batek agurtu gintuen. Buenoooo, haize frexkoak eta bertan zeuden eskiatzaileak, jejeje.

Iker gailurrean, atzean Anayet eta Vertice de Anayet.


Gailurrean argazki batzuk azkar-azkar egin eta gailurretik mendebaldera doan ertza jarraitzen hasi ginen haizeagatik babestutako harkaitz batera iritsi ginen arte.

Ni gailurrean, eskuinean Midi.


Gure dendatxoa gailurretik ikusita. elurraren erdian dagoen irla...


... Gertuago...


Haizeagatik babestuta, elikatu eta hidratatzeko aprobetxatu genuen, gailurrera geroz eta eskiatzaile gehiago iristen zirela ikusiz: "Joer, badatorrela jendea mendi honta" esan nuen. "Hombre, hemendio ikusita kriston jaitxiera earra daula emateo" erantzun zidan anaiak.

Atsedentxoaren ondoren martxan jarri ginen orain arteko ertza jarraituz. Kranpoiak kendu gabe, ahalik eta denbora gehienean ertzatik bertatik joatea erabaki genuen, batzuetan ertzaren alde batera nahiz bestera pasatuz.

"Hemendio elurre hobe daula eztezu uste?" Esan nion anaiari ipar aurpegian elur gogorra zuen tarte bat ikusi nuenean. Bitan pentsatu gabe bertara pasatu nintzen elur gogorrean kranpoiak ongi sartuz. Baina hiru pausu emanda nituenean eskuin oina zulo batean sartu eta aurrera erortzen hasi nintzen.

Muturrez aurrera ez erortzeko automatikoki ezker pioleta elurretan sartu eta gorputza pioleta sendo eusten zuen ezker eskuaren inguruan biratzen hasi zen. Min batek gorputz guztia zeharkatu ninduen: "Ostiaaaaa!!!!" Oihukatu nuen ezker eskumuturra eta eskua erabat bihurritu zirenean. Oreka berreskuratu nuenean pioleta askatu nuen ezker eskua eskuinekoarekin eutsiz.

"Minik hartuzu?" Galdetu zidan Ikerrek. "Ostia, oain kristona dauket" erantzun nion eskuaren gainean minez makurtuta nengoela. Eskumuturra eta eskuko behatzak mugitzerik banuela ikusi ondoren "gutxiñez eztet uste ezer hausi detenik" esan nion, "bihurritu fuerte bat bakarrik dela emateo".

Ertzara itzuli eta beherako bidearekin jarraitu genuen bi pioletak eskuin eskuan eramanez, ezker eskua indarrik gabe nuen eta. Jaitsiera juramentu eta idatziko ez ditudan hitz "teknikoez" (jejeje) josita egin nuen.

Atzera begirada, gailurra mendi eta eskiatzaileez bete egin zen.


"Nahi dezu etxera jun?" Galdetu zidan Ikerrek dendara 14:20ak aldera itzuli ginenean. "Ez, bihar arte itxoingoet ea zemuz daun, total, hemen edo etxen loin, bihar minez esnatzen banaiz urgentzita jungo gea", erantzun nion. "Gañea Ibuprofenok ekarrittut ta oiantxe hasiko naiz hartzen".

Hotelean gailurretik itzuli ondoren.


Ezker eskuan indar gutxi nuen eta indarra egiten nuen bakoitzean min handia sentitzen nuen. Ahal izan nuen moduan kranpoiak eskuin eskuarekin kendu eta denda ondoko harkaitzean hartutakoa atseden luzearen ondoren afariko prestaketekin hasi ginen. Ibuprofeno pilula bat hartu eta Ikerri ahal izan nuen moduan laguntzen hasi nintzen.

Afaria prestatzen, sukaldea leku paregabean.


Afaria ederra izan zen: saltxitxoi ogitarteko txikia (edo pintxo handia ikuspuntuaren arabera, jejeje), gaileta batzuk te beroarekin, salda beroa eta pasta platerkada pare bat: "gaur ere bakarren batek gu baño okerro afalduko zun" esan nion anaiari. Afaldu ondoren oraindik denbora izan genuen harkaitz batean lasai egon eta eguzkia pixkanaka nola sartzen zen ikusteko.

Eguzkiaren azken izpiak hegazkinen kea argituz.


Gaurkoak egin du.


Eguzkia izkutatu bezain pronto tenperaturak behera egin zuen.

Lo zakuetan sartzeko prest.


Hoteleko bistak, zoragarriak benetan!!!


Ikerrek bere argazki kamera gaueko "Time lapse" bat egiteko prestatzen zuen bitartean nik afariko gauzak jaso, botak dendaren atarian boltsa batekin estali eta zakuan sartu nintzen: "Ea gaue azkar pasatzean" esan zidan Ikerrek dendara sartu zenean.

Ikerrek dendara sartu aurretik egin zuen azken argazkia.


Tamalez etxean konturatuko ginen "Time lapse"-a ez zela ongi atera, argitasuna ez genuen ongi neurtu eta argazkiak nahiko ilun atera ziren.

Hala ere, argazkiren bat ez zen horren gaizki gelditu.


Solasalditxo luze baten ondoren batak besteari bizkarra emanez lo egin genuen, bakoitzak bere gauzekin, nire kasuan ezker eskuarengatik arduratuta. Hurrengo egunean zerbait egiteko kapaz izango nintzen? Hori bihar izango zen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina