AZKEN 10 SARRERAK

2018/09/17

EGINO, LA LEZE: "EZEZAGUNA" BIDEA, 60 m, V. 2018/08/23

Eginon eskalatzea plazer handia da. La Leze inguruko sektoreetako harkaitza eskalatzaileen joan-etorriek pixkanaka leuntzen hasita badago ere, bertako bideak eskalatuz egun pasa ederra pasako dugu inongo zalantzarik gabe. Eta hainbestetan eskalatutako hormara hurbildu eta bide berri bat eskalatzeko aukera badugu zer esanik ez!!!

Josema Berrocosori esker, Iban anaiarekin La Leze inguruan irekitako “Ekaitzean Elaia” eta "La Última Meiga" bideen berri izan nuen. Josemak bide hauen eskuinean hirugarren bide bat zegoela, baina nork irekia eta zein izen zuen ez zekiela esan zidan.

Ekainaren amaieran Berro anaiek irekitako bide hauek eskalatzeko zortea izan genuen, baita bertako harkaitz ederraz gozatu ere. Egun hartan izenik gabeko bide “ezezagun” hura eskalatu gabe uztearekin batera nolabaiteko arantza sartuta gelditu zitzaigun. Udan zehar “bide ezezaguna” eskalatzeko La Lezera egindako bisita parean eguraldi txarra izan zen etxera esku hutsik itzultzera behartu gintuena, bide honen eskalada maldizio ilun baten menpean izango balitz bezala.

Bide hau ezin eskalatzeak bertara hurbildu eta eskalatzeko gogoa geroz eta gehiago piztu zigun. Ez gara pertsona superstiziosoak, baina eskaladan aurrera egin nahi bagenu, bide honen maldizioa apurtu beharra genuen, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2. Lehenengo luzea “Ekaitzean Elaia” bidearekin partekatzen du.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: V. Luzez luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: V (35 m). Lehenengo luzea paraboltez oso ondo ekipatua dagoen bitartean, bigarren luzearen lehenengo 10-12 metroetan ez dago paraboltik. Tarte honetan auto-babeserako materiala ongi etorriko zaigu, baita parabolten artean bakarren bat jarri nahi bada, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadurara iritsitakoan ezkerrera hartu eta “La fuente” sektorera zuzenduko gara gure eskuinean pitzadura/kanal antzeko bat utziz. Kanal honen amaieran, basoan sartu aurretik, eskuinera gora doan malda igoko dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Auto-babeserako materiala lehen paraboltera iristeko bakarrik erabili genuen (friend bat eta artaka-trabagailu bat).
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago. Urdinez “Ekaitzean Elaia” eta orlegiz "La Última Meiga" bideak.


DESKRIBAPENA

Goizean goiz La Lezeko eremura iritsi ginen. Kotxea urte asko ikusitako haritz baten babespean utzita lo zeuden furgoneten artean oinez hasi ginen. Zerua zuri zegoen, zein eguraldi egingo zuenaren pistarik eman gabe, eta abuztua izateko, tenperatura fresko xamar: “hola aguantatze badu eskalatzeko earra” esan nion Asierri keinu bat eginez.

Hurbilketa memoriaz jakinda modu automatikoan egin genuen, arreta basaranez betetako elorri beltzetan jarriz. Ordiziako azokan bezperan basaran kiloa 5 eurotan salgai zegoela gogoratu ondoren, kotxetik hain gertu hainbeste basaran biltzeko aukera izateak harritu ninduen. Basaranak buruan, geroz eta “erosoago” (edo alferrago) bizi arazi nahi gaituen gizartearen inguruko hausnarketan hasi nintzen. Beharbada honetan guztian kontsumoan oinarritutako sistemak eragina izango duen arren (askok eragile bakartzat joko dute), urteak pasa ahala etxetik ezertarako aterako ez garen Alien modukoak izatera iritsiko garen beldur izaten naiz, mundu eta bizitza digital eta hotz baten morroi.

Pentsamendu hauek buruan bidearen oinera iritsi eta, presa handirik gabe, trasteak prestatzen hasi ginen: “Bidea nik hasikoet, hola zuk luze berrie eskalaukozu, bale?” proposatu nion Asierri. “Nahizun bezela, etzait inporta neire hastea”, erantzun zidan. Asierri bigarren luzerako friend eta artaka-trabagailuak eman eta nik express-zintak arnesetik zintzilikatzearekin batera eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 25 metro, V. Luze hau “Ekaitzean Elaia” bidearekin partekatzen duenez, honen inguruko azalpen hotza besterik ez dut egingo. Azalpen zabalago baterako hemen klik egin dezakezue. Argazkiak ekainekoak dira.

Lehenengo luzearen krokis zehatza.


Lehen luzea tentetzen doan plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da horma bertikalarekin topo egin arte. Hemendik gora luze osoa V zailtasunaren baitan mugitzen da.

Horma bertikala kolokan diruditen harkaitz batzuk eskalatuz hasi eta bilgunetik oso nabaria den harlauz bertikalera zuzenduko gara. Denbora osoan primerako heldulekuak topatuko ditugu eta luzea oso ondo babestua dago.

Lehen bilgunea.


Harlauzaren gainera igo eta harkaitz-plaka bertikal bat eskalatuz jarraituko dugu (helduleku oso onak), zuhaixka baten ondoko erlaitz txiki batera arte. Hemendik gora, zailtasun guztiak amaituta, harkaitz-plaka txiki bat eskalatuko dugu bilgunera iritsiz. Bilgunea, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia, zuhaixkaren eskuinean bilgunera iritsi aurreko erlaitza ikusi daiteke.


Harkaitz-plaka bertikala eskalatzen hasteko prest.


Lehen “bis” bilgunera iristeko 20 metro inguru oinez egin beharko digutu. Honetarako, bilgunearen eskuinetik oinez atera eta hildako zuhaitz handi eta nabarira zuzenduko gara.

Lehen bilgunetik jarraitu beharreko bidea, argazkiaren eskuinean hildako zuhaitz handia ikusi daiteke.


Zuhaitzera iritsi gabe ezkerrera hartu eta, oinez, zuzen joko dugu bigarren luzea hasten den harkaitz-plakara iritsiz.

Asier lehen "bis" bilgunea dagoen harkaitz-plakaren oinean.


Bertan uztaidun parabolt bat eta mailoi batek lotutako harkaitz-zubi pare batez osatutako bilgunea topatuko dugu.

Lehen "bis" bilgunea.


Lehen "bis" bilgunetik gora abiatzen diren bi bideak: gorriz "Ekaitzean Elaia" eta urdinez "La Última Meiga".


- Bigarren luzea, 35 metro, V. Asierren atzetik bilgunera iritsi nintzen. Oraindik kolorerik ez zuen zerura begiratu eta “azkenen emateo gaur behingoz eztula ebiik ingo” esan nion “maldizioa” buruan nuela. Soberan nituen express-zintak eman, sokak ordenatu eta, Reversotik pasatu nituenean eskalatzen hasi zen.

Josemak bidearen lehen parabolta oso goian zegoela esan zidan, 10-12 metro ingurura, "La Última Meiga" bidearen lehenengo paraboltaren parean gutxi gora behera. Hasieran zalantzan izan ginen "La Última Meiga"tik eskalatzen hasi eta, bi bideen arteko zuhaixkaren gainetik, eskuinera pasatzea edo bilgunetik eskuinera zuzenean pasatu eta, zuhaixka ezkerrean utzita, zuzen eskalatzen hastea. Bi aukerak baloratu ondoren Asierrek lehenengoa hartu zuen, horma belarrez garbiagoa zegoela iruditu zitzaion eta.

Bilgunetik atera eta aurretik zuen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi zen eskuineko zuhaixkatik gertu mantenduz, "La Última Meiga" bidearen metrorik ukitu nahiko ez balu bezala. Zuhaixkaren goiko adarren parera iritsitakoan, artaka-trabagailu bat sendo trabatu eta, zuhaixkaren gainetik, eskuinera zeharkaldia eginez hasi zen.

Artaka trabagailua trabatzen. Urdinez "Ekaitzean Elaia" eta orlegiz "La Última Meiga".


4-5 metroetako zeharkaldiaren ondoren friend bat trabatu eta zuzen eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz-plaka trinko eta bertikal baten azpira iritsiz.

“Lehen parabolta hemen dau!!” esan zidan. “Horrearte zemuz?” galdetu nion. “Igual azpitio hasi izan bagiña hobe” erantzun zidan. Lehen paraboltetik express zinta eta bi sokak pasatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen.

Belar eta lurrez betetzen hasitako heldulekuei eutsi eta oreka mantenduz harkaitz-plaka bertikala eskalatu (V) eta honen ezkerreko erlaitz txiki eta eroso batera iritsi zen. Ia atsedenik hartu gabe erlaitzetik gorako horma bertikala eskalatzen jarraitu zuen (V) bigarren erlaitz txiki batera iritsiz: “oaingoz kanto oso ona dauke” esan zidan, “beste bin estilokoa da, igual zertxobait errexagoa”.

Bigarren erlaitzaren gainean.


Bigarren erlaitzetik gora horma bertikala eskalatzen jarraitu zuen (V) bilgunea kokatutako horma bertikalaren oinera iritsiz.

Bilgune azpiko erlaitz inklinatuan.


Bertako erlaitz inklinatua metro pare batean eskuinera jarraitu (II) eta eskuin ezker doan harlauza babaresa moduan eskalatuz bilgunearen parean kokatu zen (IV+), ezkerrera egindako metro eskaseko zeharkaldi horizontalaren ondoren bertara iritsiz. Hasieran trabatutako artaka-trabagailu eta friend-etik aparte ez zuen auto-babeserako beste materialik erabili.

Bilgunean.


Bigarren bilgunetik lehenera egindako argazkia.


Artaka-trabagailua trabatutako lekutik gora egindako argazkia. Argazkian trabatutako friend-a ere ikusi daiteke.


Lehen paraboltaren azpira iritsi nintzenean Asierrek esandakoa baieztatu nuen: eroso eta zuzenagoa da luzea azpitik eskalatzen hastea. Paraboltetik behera belarrak horma tarte batzuetan estali badu ere harkaitza dirudiena baino hobea da.

Lehen paraboltaren azpitik egindako argazkia. Luzeak nahiko zuzen jarraitzen du.


Lehen paraboltetik gorako eskalada bertikala eta ederra iruditu zitzaidan, pena helduleku asko “zikinak” egotea.

Lehen erlaitzetik gora egindako argazkia.


Parabolten arteko tartea egokia da eta inongo momentuan ez dago babesik gabeko sentsaziorik. Hala ere, parabolten arteko tartea luzeegia dela irudituz gero, hormak auto-babeserako aukera handiak ditu. Luzea osatzen duten hormatxo ezberdinak eskalatzen nituen bitartean heldulekuak ahalik eta gehien garbitu nituen, lur eta belarrak kenduz.

Bigarren erlaitzean. Argazkian nire ezkerrean (azken paraboltaren azpian) erlaitz inklinatua ikusi daiteke.


Bigarren erlaitzetik gora egindako argazkia.


Bilgunera iritsi aurreko babaresa zoragarria iruditu zitzaidan, pena motza izatea. Bideak duen gauzarik txarrena bilgunea bera da, bi eskalatzaile eroso nekez sartzen baitira. Bilgunean aseguratu ondoren, Asierri nire soka muturrak pasatu eta bilgunetik eskuin eta gorago dagoen zuhaixkari helduta gelditu nintzen.

Bilgunera iristeko babaresa moduan eskalatzen den harlautz/arraila..


Asierrek rappel-a prestatu eta bide rappelatzen zuen bitartean bilgunera pasa nintzen. “Bai, hobe da largoa azpitio hastea” baieztatu zidan rappel-a egiten amaitu nuenean.

"La Última Meiga" bidearen bigarren bilgunea gure bilgunetik ikusita.


Bigarren bilgunea rappel-a egiten hasi aurretik.


Bigarren luzea rappelatzen.


Soketako bat motxilan jaso, lehen bilgunera itzuli eta jaso gabeko sokarekin bigarren rappel bat eginez lurrera bueltatu ginen. Bide ezezagunaren maldizioa hautsia zegoen!!!

Bigarren, eta azken, rappelean.


Erlojuari begiratu eta oraindik goiz zela ikusita, “eta Consejo de sabios eskalatzen badeu?” proposatu nion Asierri, Berro anaiek irekitako 6a zailtasuneko bideari erreferentzia eginez. “Bueno, hauntza hurbildu ta ea zemuzkoaen ikusi dezakegu” erantzun zidan. Trasteak jaso gabe, rappel-ean erabilitako soka bildu, zapatilak jantzi eta “Consejo de Sabios” bidera zuzendu ginen, eguna borobiltzeko eskalatuko genuen bigarren bidera.

Nolakoa izan zen eskalada hau? Hurrengo kronikara itxaron beharko duzue, jejeje.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina