AZKEN 10 SARRERAK
2017/10/05
ZIORDIA: ARBARA EKIALDEA, "MARIETA" BIDEA, 210 metro, 5c. 2017/10/01
Gauza bategatik edo bestegatik bi aste pasatxo sokak eta harkaitza ukitu gabe, azken hilabeteetan erdi gogortutako hatz-mamietako azala biguntzen hasita zegoen. Katu-oinetan aldiz, kontrako prozesua gertatzen ari zen, duela bi asteetako biguntasuna galdu eta gogorrak zeuden. Duela bi aste eskalatzera joateko prestatutako motxila ere orduan utzitako zoko berean zegoen, hautsa pilatzen. Aitzakiak aitzaki, berriro eskalatzeko gogo biziz nengoen.
Inspirazio bila ordenagailuan gordeta dudan Word artxibategian eskalatzeko zain dauden proiektuei errepasoa eman, interneten murgildu eta, sarean han-hemenka ibili ondoren, erantzuna “Mendia eta eskalada” blogak eman zidan.
Blog honek Antxon Gorrotxategik Ziordiako Arbara ekialdean irekitako “Marieta” bide berria argitara eman zuen (kronika irakurtzeko hemen klik egin dezakezue). Begietan distira berezi bat piztu eta bihotz taupadak azkartzen hasi zitzaizkidan. Musika izarren azken diskoa, idazle famatuen azken liburua edo merkatura irtendako azken telefono mugikorra erosteko zain egoten diren fanatikoen moduan, Antxonek irekitako bide berria eskalatzeko irrika bizia piztu zitzaidan.
Telefonoa hartu, MAT Whatsapp taldea dantzan jarri eta, hainbat mezuen ondoren, Asierrek asteburua libre zuela esan eta iganderako plana egin genuen. Arazo bakarra eguraldia izan zitekeen, baina euri arinaren mehatxua bazegoen ere, Kantauri isurialdearen hegoaldea lehor mantenduko zela iragarrita zegoen. Ez zen lehenengo aldia izango Etzegarate mendatearen iparra euripean eta hegoaldea lehor izatea eta, itxaropen honekin, igande goizean Asier jaso eta Ziordiara zuzendu ginen.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 210 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Antxon eta Iñaki Gorrotxategi eta Susana Agirre 2017an.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 4c (30 m), 2ºL: 5c (35 m), 3ºL: II (35 m), 4ªL: 4c (40 m), 5ºL: III (25 m) eta 6ºL: 4c (40 m). Bidea erdi-ekipatua dago, beraz, paraboltak dauden luzeetan, hauen arteko tartea luzea izan daiteke. Adibidez, lehen luzeko 30 metroetan bi parabolt bakarrik daude.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Ziordian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu lasai joanda.
Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta (12 eraman arren), zintak bilguneetarako eta bi zinta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi asko soka edota kordinoekin babestuak dauden arren, pentsatzen dut soka hauek zahartzen diren heinean material gehiago eraman beharko dela). Alien semaforoa, Lincam gorri eta horia eta fisurero jokoa eraman arren, Lincam horia eta bi fisurero bakarrik erabili genituen. Walkie-talkie parea eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ia hiru ordu.
BIDEAREN KROKISA
Arbara ekialdean irekitako bideak eta "Marieta" bidearen nondik norakoak. Puntu zuriz oinez egiten den tartea.
Krokisa zehatzago, argazkian klik eginez handiago ikusteko aukera dago. Urdinez bosgarren luzeko bariantea eta seigarren luzeko kanal-tximiniaren eskuin ertzaren bi luzeak ere adierazita daude.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Bidearen oina "Birra Moretti" bidearen eskuinean dago, 50 metroetara gutxi gora behera. Kotxea non eta nola utzi eta hormara hurbitzeko deskribapen zehatza hemen irakurri daiteke.
Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 20-25 minutu inguru pasako ditugu lasai joanda. Bidearen hasiera aurkitzeko, errazena lehen luzearen lehen metroetan dagoen zuhaixka nabaria identifikatzea da, hurbilketa osoan begi bistan izango dugulako.
Argazki honetan bidearen hasiera topatzeko erreferentzi bezala identifikatu behar den zuhaixka nabaria ikusi daiteke.
Oinera iristeko biderik zuzenena, harrobia zeharkatzen duen pista hormaren azpiko harizti parean uztea da. Pistatik gora eskaladatxo erraz baten ondoren, hariztia ezkerretik (igoerako norabidean) zeharkatuko dugu bidearen oinera iritsiz. Bidearen oinean "Marieta" izena idatzita duen plakatxo gorria dago.
Pista uzten den lekutik gora egin genuen bidea. Argazkian zuhaixka nabaria eta lehenengo bi luzeak ikusi daitezke.
DESKRIBAPENA
Hilabeteak ziren Asier eta biok elkarrekin eskalatzen ez genuela: “Alainekin Kalbarioetako irteera eskalatu genunetik esango nuke, ezta?”, pentsatu genuen. Gero etxean egiaztatuko nuen elkarrekin egin genuen azken eskalada Ziordian bertan izan zela, “Rock Circus” bidean hain zuzen ere.
Ziordia arteko kilometroak Asierrek Lenin mendira egin berria duen espedizioari buruz hizketan pasatu ziren, kotxetik kanpo ari zuen euriari jaramonik egin gabe. Altsasura iritsi ginenean, haizetako-garbigailua apenas eragiten ez nuela ikusita, aurrera jarraitzea erabaki genuen: “sikiera kanteraño jungo gea ea han ze itteon”.
Hurbilketaren lehen metroetan, horma laino zuri batez estalia.
Harrobiaren hesiaren ondoan kotxea utzi eta kotxetik atera ginenean hormari begira jarri ginen. Ez zuen euririk ari baina Arbara ekialdeko horma, atze-oihal baten moduan, laino zuri batek estaltzen zuen. Izara zuritik ihes egiten zuen bakarra Ziordiako ezproi ikusgarria zen: “Honaño etorrita sikiera horma bustie daun hala ez ikusi beharko deu, ez?” proposatu zuen Asierrek. Bitan pentsatu gabe material guztia hartu eta martxan jarri ginen. Hurbilketa presarik gabe egin genuen, ibilbidean pasako genuen denboran behe lainoa desagertu eta horma lehortuko zenaren itxaropenez.
Ziordiako ezproia behe lainoarekin borrokan.
“Bueno, harrie eztu ematen hain bustie daunik” esan nion Asierri bidearen hasiera adierazten duen plakatxora iritsi eta eskuarekin harkaitza ukitu nuenean. “Txomin bidea anaiekin eskalatu nunen hau baño askoz bustigo zeon”. “Bueno, lehengo bi luzek eskalau ta harrie txarra badau honaño rapelauko deu” erantzun zidan motxila kendu eta materiala ateratzen zuen bitartean.
Eguerditik atzera txirimiria iragarrita zegoenez, denbora luzea galdu gabe material guztia hartu, talkie-ak piztu eta, katu-oinak ahal izan nuen lehorren mantenduz, eskalatzen hasi nintzen.
Lehen luzea, 30 metro, 4c. Luzea bidearen izendun plakatxo gorria dagoen plaka etzana zuzen eskalatuz hasten da. Hasieran harkaitz hezearen itsasgarritasunarekin beldurra izan arren, soka gorria duen harkaitz zubi batetik aseguratu nintzenean, harkaitza uste baino itsasgarriagoa zela ikusi eta beldurrak uxatu ziren.
Harkaitz zubitik pasatako soka gorriaren parean.
Plakak helduleku onak ditu eta, harkaitzaren itsasgarritasunarekin batera, eskaladaz gozatzeko aukera izan nuen luzearen lehen paraboltera iritsiz: “harkaitza oaingoz eztau oso bustie ta oso ona da” esan nion Asierri.
Luzearen bigarren (eta azken) parabolta arteko tartea luzea izan arren, orain arte bezala, auto-babeserako aukera handiak zeudela ikusi nuen. Dena den, helduleku onak zeudela aprobetxatuz, kontu handiz metroak irabazi eta bigarren paraboltera arazotik gabe iritsi nintzen.
Bigarren paraboltaren parean.
“Hemendio gora ea bidea nundio dijon asmatzen deun” esan nion Asierri paraboltetik gorako plakan heldulekuen bila hasiz. “Ez al da eskubitio? Krokisen esango nuke luzea eskubialdea dijola” erantzun zidan Asierrek. Hau entzunda eskuinera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin eta, bigarren parabolta ezkerrean utziz, arrail bat eskalatuz jarraitu nuen.
Bigarren paraboltetik eskuinera egin nuen zeharkaldiaren hasieran.
Hurrengo 12-15 metroetan parabolt gehiago ez zeudela jakinda, Lincam horia jartzeko lehen aukera izan nuenean pitzadura batean jarri eta eskalatzen jarraitu nuen 3-4 metroetako hormatxo baten azpiko erlaitz estura iritsiz: “Bilgunea bistan dauket” esan nion Asierri talkie-tik, “naun lekutio lau metro ingurua”.
Hormatxo bertikalaren azpiko erlaitz estutik behera egindako argazkia.
Hasiera batean hormatxoa babestu gabe eskalatzeko tentatua izan arren, Lincam-a behe xamar zegoela ikusita, azkenean bertan dagoen “V” itsurako arrailean fisurero bat trabatu eta, pausua babestuta, hormatxoa eskalatu nuen, uztaidun parabolta eta altzairuzko uztai batez osatuta dagoen bilgune erosora iritsiz.
Hormatxoan fisureroa trabatzen.
Lehenengo bilgunea.
Lehenengo bilgunean.
Gertuago. Argazkian luze osoa babesteko erabilitako aseguruen kokalekua ikusi daiteke.
Lehen bilgunetik behera egindako argazki honetan ere luzeko lau aseguru puntuak ikusi daitezke.
“Luze politte, eh?” galdetu nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Hasteko ona, estuasunik gabe” erantzun zidan.
Asier fisureroa berreskuratzen.
Soberan nuen materiala guztia pasatu, bigarren luzearen lehenengo paraboltak non zeuden identifikatu eta, hodeien artetik isurtzen hasi ziren euri tanta finen artean, eskalatzen hasi zen.
Bigarren luzea, 35 metro, 5c. Lehen paraboltaren arteko 2-3 metroak bilgunetik zuzen eskalatu zituen belar bustiez jositako erlaitz estu batera igoz. Irrist ez egiteko beldurrez, lehenengo paraboltetik 3-4 metroetako zeharkaldi horizontala eskuinera kontu handiz egin ondoren bigarren paraboltera iritsi zen.
Bigarren luzearen lehen metroetan.
Bigarren paraboltetik gora, ezkerrerako joerarekin plaka bertikal bat eskalatuz jarraitzen da bertan jarritako paraboltetatik aseguratuz. Plakaren eskuin ertzetik eskalatuz gero errazagoa da baina harkaitzaren kalitatea ez da hain ona eta bloke bat baino gehiago heldu baino lehen bere sendotasuna ongi ziurtatu beharko dugu.
Langarrak pixkanaka horma bustitzen hasita zegoela ikusita, Asierrek plakaren eskuin ertzetik eskalatuz jarraitu zuen, eskuak baino oinak non jarri ongi begiratuz. Metroak poliki irabazten zihoan, poliki baino seguru. Bat-batean Laugarren eta bosgarren parabolten artean gelditu eta batera eta bestera heldulekuen bila hasi zen: “ondo?” Galdetu nion. “Harkaitze bustie dau ta paraboltea enaiz iristen”, erantzun zidan. “Zeoze sartzeko moduik badezu?”. “Kasualidadea oaintxe puenterroka bat azpin utziet” erantzun zidan. Lepotik zintzilik zuen zintetako bat askatu eta harkaitz zubitik pasatzen saiatu arren ez zen iritsi. Saiakera pare baten ondoren zinta berriro lepotik zintzilikatu eta, arnasa sakon hartu ondoren, parabolta arteko tartea zirt edo zart eskalatu zituen: “notatzea bi hilabete eskalatu gabe naula” esan zidan. “Honbreee, harkaitze bustie eotek ere zerikusie izangou, jejeje” erantzun nion.
Heldulekuen bila...
Bosgarren paraboltetik gora, nahiz eta bertikala izan, plakak helduleku onak ditu. Pasatako estutasuna atzean utzita Asierrek metroak arinago irabazi zituen plakaren amaierara iritsiz. Bertan, sendoak ez diruditen harkaitz batzuk eskalatu eta, zertxobait eskuinera pasatuz, harri txikiz jositako erlaitz batean metro batzuk egin zituen orratz nabari baten azpian uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune erosora iritsiz.
Plakatik atera ondoren.
Itxuraz bazirudien euririk ez zuela ari, baina bilgunea desmuntatzen ari nintzela zinta eta mosketoiak blai eginda zeudela ikusi nuen. Bilgunetik atera eta luzeari metroak irabazten nizkion heinean Asierrek eskalatutako luzea meritu handikoa izan zela egiaztatu nuen: “Joer, fisikoa baño eskalada sikologikoa, eh?” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. “Leku bertikaletan lehorrago dau baña plaka etzanetan kontu ibili beharren gare” erantzun zidan materiala pasatzen zidan bitartean. “Gañea seguridadeko mosketoi bat gutxigo dauket ta reversoa reunioa bi expressekin lotuet” esan zidan bilgunea erakutsiz. Konturatu gabe nengoen baina Asierrek egindako moldaketa elegantea iruditu zitzaidan.
Bigarren bilgunea eta Asierrek egindako moldaketa.
Hirugarren luzea, 35 metro, II. Bigarren bilgunetik laugarren luzeak zeharkatzen duen horma ikusten da. Bertara iristeko, lehenik eta behin bilgunearen eskuinean dagoen gandor itsurako batera igo beharra dago gure ezkerrean orratz nabari bat utzita. Igoera hau oso erraza da eta hasiera batean luzea babestu ala ez zalantzan izan ginen: “Holako leku tontotan istripu gehienak izateie” aholkatu zidan Asierrek arrazoi osoz. Harkaitza bustia egonda eta material nahikoa genuela ikusita tontakeria iruditu zitzaigun irristada bat izatearen arriskuarekin jolastea, honegatik azkenean auto-babeserako materiala hartu nion.
Bilgunetik gora atera eta eskuin aldera diagonalean jarraitu nuen oinak harkaitzaren pitzadura, zimur eta kosketan kontu handiz jarri eta gandorrera iritsiz.
Argazkian gandor itsurakoaren gainean nago. Orratza ere ikusi daiteke.
Gandorretik pareko horman laugarren luzeak jarraitzen duen ur-tantadun plaka nabaria identifikatu ondoren, katu-oinak ahalik eta lehorren mantentzeko, hirugarren bilgunea arteko metroak harkaitzen gainetik ahalik eta denbora gehiena mantenduz bete nituen. Hirugarren bilgunea ur-tantadun plakaren oinaren eskuinean kokatzen da, 3-4 metroetara gutxi gora behera, eta harkaitz zubi batetik pasatako soka eta altzairuzko uztai batez osatua dago. Hasieran hainbeste zalantza izan arren, azkenean luze osoan ez nuen babesgarririk jarri.
Gandor itsurakotik egindako argazkia. Ni bilgunean nago eta laugarren luzearen nondik norakoak ikusi daitezke.
Hirugarren bilgunea.
“Ea ur-tantak oso bustik ez daren” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Bidea berrie izanda eztet uste gaizki eongoienik” esan zidan eskalatzen hastearekin batera.
Laugarren luzea, 40 metro, 4c. Luzea bilgunearen ezkerretik (3-4 metroetara) hasten da, paraboltez babestutako ur-tantadun plaka etzana eskalatuz. Ur tantadun plakaren amaieran harlauz nabari bat dago. Hasiera batean zalantzan izan ginen harlauza eskalatu edo eskuinera jo, bilgunearen bertikalean, 15 metrora gutxi gora behera, harkaitz zubi batetik pasatako kordino gorri bat ikusten baita.
Asier ur tantadun plakaren amaieran.
Harlauzaren parera iritsi zenean, paraboltek honen gainetik jarraitzen zutela ikusita, Asierrek harlauza eskalatuz jarraitu zuen. Detaile tonto hau kontutan izan luze hau eskalatzen duzuenerako, bigunetik ikusten den harkaitz zubitik pasatako kordinora ez baita joan behar.
Harlauza eskalatzen.
Harlauza eskalatu ondoren, metro batzuetan erlaitz estu eta inklinatu bat jarraituz ezkerrerako joera hartu zuen plaka bertikal batera iritsi arte: “nola notatzean hemen pareta ondo garbittu duela” esan zidan plaka eskalatzen hasi aurretik. Plaka bertikala izan arren helduleku ederrak ditu eta, bertan jarritako bi paraboltetatik aseguratu ondoren, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune erosora iritsi zen.
Plaka bertikalaren amaieran.
Luzea hau ederra iruditu zitzaidan, harkaitza hezea egon arren, katu oinek inongo momentuan irrist egin ez zutelako. “Kordinoa jarrita edo goitio eroita dau?” Galdetu zidan Asierrek bilgunetik. “Eztakit ba, baña emateo jarrita daula” erantzun nion. Beste sokada batzuk ez nahasteko, hasiera batean eskuinera zeharkaldi horizontala egin eta hirugarren bilgunetik ikusten den kordinoa kentzekotan izan nintzen baina azkenean bertan uztea erabaki genuen: “deskuidauezkeo nahita utzita dau beste luze bat ekipatzeko”.
Laugarren luzearen amaieran euri tanten ondorioz aurpegi xelebrea jartzen.
Laugarren bilgunea.
Bosgarren luzea, 25 metro, III. Bilgunetik gora begiratu eta eskuin aldera doan plakaren amaieran harkaitz zubi batetik pasatako kordino gorria ikusi genuen: “plaka hau zuzen eskalatzea besteik ez da izango” esan nion Asierri. Plaka 3-4 metroetan eskalatua nuenean, 3-4 metro ezkerrago harkaitz zubi batetik pasatako soka eta malloidun parabolt batez osatutako bilgunea ikusi nuen: “hor reunio bat dau” esan nion Asierri. Laugarren luzean pentsatu genuen bezala, bilgunetik ikusten den kordino gorria beste proiektu batena izango zelakoan, badaezpada ezkerrera jo eta bilgune honetara iritsi nintzen luzeak hemendik gora jarraituko zuela pentsatuz.
Bilgunetik gora paraboltik ez zegoela ikusi nuen: “kuriosoa” esan nion Asierri “eztakit honen funtzioa zein izangoen, igual hasiera baten laugarren bilgunea hemen jarrikozuen”. Bilgunetik gora eskuinera diagonalean eskalatzen jarraitu nuen bloke eta plakatxo ezberdinak eskalatu eta harkaitz zubi pare batean zinta eta fisurero bana trabatuz.
Bosgarren luzea. Tarteko bilgunearen kokalekua adierazi dut, baita kordino gorriarena ere. Gure ustez puntu urdinek adierazitako bidea jarraitzea egoki eta zuzenagoa izango litzateke.
Bilgunetik ikusten den kordino gorriaren gainetik dagoen bigarren harkaitz zubitik pasatako kordino gorri batean aseguratu, hormatik atera eta lurrean dagoen harkaitz batean jarritako malloidun parabolta eta soka gorri batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.
Kordino gorridun bigarren harkaitz zubitik behera egindako argazkia. Asier laugarren bilgunean ikusi daiteke.
Bosgarren bilgunea eta hemendik gora oinez jarraitu beharreko bidea. Lehenenengo puntu gorriaren kokalekua ikusi daiteke.
Luzea amaituta eta bosgarren bilgunera iristeko dauden bi aukerak ikusita, malloidun paraboltera eskalatu eta gero eskuinera jo beharrean bilgunetik ikusten den kordino gorrira zuzenean eskalatzea hobea dela esango nuke (argazkietan puntu edo marra gorriz adierazitako bidea). Bi aukerak III mailako zailtasunaren baitan izango dira.
Asier bilgunera arin-arin iritsi zen: “Antxonek hemendio azken luzera iristeko zapatilak jartzea hobe dela esateo” esan nion. Bigunetik gora begiratu eta egin beharreko bidea puntu gorriz adierazita zegoela ikusi genuen. Bakoitzak soka bat bildu, Katu-oinak motxilatik zintzilikatu eta, zapatilak jantzi ondoren, martxan jarri ginen.
Bosgarren “bis” bilgunera iristeko oinez 40 metro inguru ibili beharko ditugu. Esan bezala ibilbidea puntu gorriz adierazita dago eta bertan egindako zuhaixka eta sasien garbiketa lana nabaria da. Egoera lehorrean tarte hau katu oinak kendu gabe egin daitekeela ere esango nuke.
Puntu gorrien atzetik. Bosgarren "bis" bilgunea argazkian ikusten den bigarren puntu gorriaren atzeko horman dago.
Bosgarren "bis" bilgunean.
Seigarren luzea, 40 metro, 4c. Bosgarren “bis” bilgunera zirimiripean iritsi ginen. Erabat bustitako katu-oinak berriro ere jantzi, zapatilak motxilen babesean gorde eta, material guztia hartu ondoren, Asier eskalatzen hasi zen. Seigarren luzeak jarraitzen duen eskuineko hormaren ertza eskalatu daiteke, izan ere, hasiera batean bidea hemendik amaitu zuten, ertzaren erdian bilgune bat muntatuta utziz. Dena den, Antxonen esanetan luzea ez da oso garbia eta harkaitzaren kalitatea ere ez omen da fundamentuzkoa. Zailtasunaren aldetik II-III zailtasun mailaren baitan omen dago.
Seigarren luzea bilgunetik zuzen 2-3 metro eskalatuz hasten da, eskuin-ezker doan kanal-tximinia ikusgarri eta elegante batera iritsiz. Luzearen zailtasunik handiena tarte motz honetan topatu genuen, harkaitza erabat bustia zegoelako.
Kanal-tximiniaren lehen metroetan.
Tximiniaren eskalada paraboltez babestua dagoen arren, parabolten artean auto-babeserako aukera ere badago. Asierrek metroak kontu handiz irabazten zituen, esku eta oinak non jarri ongi begiratuz, metroak irabazi ahala harkaitza geroz eta bustiagoa baitzegoen.
Amaierara iristen.
Bosgarren "bis" bilgunea eta Asier kanal-tximiniaren irteerara iristen.
Tximiniaren azken metroak bertikalak dira baina helduleku onekoa. Tximiniatik aterata, seigarren bilgunea lurrean dagoen harkaitz zubi handi batetik pasatako soka eta altzairuzko uztaiez osatua dago.
Harkaitza bustia egoteagatik, luze osoa arrautzak zapaltzen arituko banintz bezala eskalatu nuen, oinak non jarri ongi aukeratu eta une oro eskuak galtzetan lehortzen.
Kanal-tximiniaren sarreratik behera egindako argazkia.
Leku beretik gora egindakoa.
Tximiniaren irteera bertikalera iritsi nintzenean, eskuin eskuarentzat zegoen harkaitz bati heldu eta kolokan zegoela ikusi nuen: “joer” esan nion Asierri, “ba begik helduleku honta dijoz zuzen zuzen”. “Neire gauza bea pasazait” erantzun zidan. Beste helduleku batzuetatik helduta igo nintzenean bloke arriskutsu hau kentzea erabaki genuen. Ez nuen indar handirik egin behar izan blokea hormatik behera botatzeko eta, blokeak hormaren kontra jo eta hainbat zatietan apurtu zenean, airea erre usain berezi batez kutsatu zen.
Irteerara hurbiltzen.
Eskua eta oinak blai eginda nituela tximiniatik atera eta azken bilgunera iritsi nintzen: “earra bidea, eh? Nei behintzat izugarri gustau zait” esan nion Asierri. “Neire bai, pena bustie eotea”, erantzun zidan.
Seigarren bilgunean.
Materiala motxiletan jaso, galtzerdi eta zapatila lehorrak jantzi eta, bilgunearen ondoan argazkia egin ondoren, kaskoa kendu gabe beherako bidea hartu genuen, nolabait euritik babesten gintuenaren sentsazioa genuelako.
Asier ta biok zoriontsu bidea eskalatu ondoren, atzean seigarren bilgunea ikusi daiteke.
Kotxera mendiko kontu eta etorkizuneko proiektuez hitz eginez itzuli ginen, ea negua iritsi eta harkaitz denboraldiari amaiera eman aurretik Word karpetan egiteke ditugun proiektuei astindu ederra ematen diogun. “Marietaren” eskuinean bide gehiago irekitzeko aukera egon daitekeela ikusita, eguraldi oneko jai egun batean joan eta, Eginoko “Hasiberriak” bidean egin genuen moduan, azpitik friend, fisurero eta iltzekin bide berri bat irekitzeko aukeraz hitz egiten aritu ginen. Zeinek daki, beharbada urte amaiera baino lehen...
“Non gogoa han zangoa” dio euskal esaera batek. Egun hau esaldi honetan laburtu daitekeela esan genezake, eguraldi kaskarren gainetik gogoa nabarmendu baitzen. Eta horri eskerrak, eta horren gainetik, leku askoetan harkaitza bustia topatu bagenuen ere “Marieta” bide ederra iruditu zaigu. Inguruko beste bideak baino errazagoa izan daitekeen arren, klasiko izatera deitua dago zalantzarik gabe.
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
23:38
Etiketak:
arbara,
ciordia,
escalada,
eskalada,
marieta,
smithy,
smithyrenbloga,
ziordia
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina