AZKEN 10 SARRERAK

2019/12/21

BERIAIN (1.493 m), ZULOAUNDIKO KANALETIK, II+. 2019/12/15

"Mendiak ez dira estadioak non lorpenaren nahia asetzen dudan, nire erlijioa praktikatzen dudan katedralak baizik. Mendietara otoitzara hurbiltzen direnen moduan noa. Beraien gailur maiestatetsuetatik nire iragana ikusi, etorkizuna amestu eta, ezoiko zorroztasunarekin, oraina sentitzen dut... nire ikusmira argitzen da, nire indarrak indarberritzen dira. Mendietan kreazioa ospatzen dut. Mendietara noan bakoitzean berriz jaiotzen naiz". Pentsamendu sakon hau Anatoli Bukreev alpinista kazakhstandarrena da, 1997ko Eguberri egunean elur-jausi batek Annapurnan betirako eraman zuena.

Bukreeven hausnarketa itzela iruditzen zait, mendira umiltasun eta errespetuz hurbildutako alpinista puskak botatakoa. Bai, guztiarekin kritiko zaretenontzat, bera ere himalaiara egindako espedizio komertzialetako zirkuan parte hartu zuen. Honen adibide 1996an Everest mendian bi espedizio komertzialek bizitako tragedia, hain mediatiko bihurtu eta Anatoli Bukreev eta Jon Krakauer (bakoitza espedizio komertzial ezberdin batean) aurrez aurre izan zituena. Denok ditugu kontraesanak eta Jesusek zioen moduan, "bekatutik libre dagoenak bota dezala lehen harria".

Bukreeven hausnarketaren harira, mendira umiltasunez hurbiltzea galtzen ari dela uste dut. Mendia gutxiesten dutenak geroz eta ugariagoak dira. Batzuk ezjakintasunagatik, beste batzuk aldiz, umiltasuna kotxeko maletategian utzita, errespetu faltagatik, harrotasunagatik, berekoikeriagatik. Gu ere umiltasuna etxean utzi dugun bakoitzean arriskuan izan gara, istripuak izan ditugu eta mendiak ozen hitz egin arren ez diogu kasurik egin. Beharbada gakoa mendiak dioenari arreta gehiago jartzean datza, bidaltzen digun mezu eta zeinu bakoitza aintzat hartuz. Baina horretarako mendiak dioena entzuteko prest izan behar gara. Prest al gaude?

Zuloaundi Beriaingo hego-hormaren medebaldean kokatutako sakonune handi eta nabarmena da. Sakonunea behin baino gehiagotan begiratu banuen ere, goitik behera zeharkatzen duen kanalak atentzioa eman zidan lehen aldia abenduaren 6an izan zen, Akerregiko paxaren mendebaldeko irteera igotzetik netorrela. Aldai belaztitik hego hormari azken begirada bota nionean, kanala errebelazio moduan azaldu zen. Hormaren goiko ertzetik basoaren erdiraino jarraitutasuna duen kanala ikusteko kapaz izateaz aparte, txundituta utzi ninduen. Argazki kamera atera eta zoom ezberdinarekin argazkiak bata bestearen atzetik egiten nizkion bitartean, erdian dagoen hormak kanala osorik eskalatzeko giltza izango zuela argi gelditu zitzaidan. Distantziak eta egindako argazkiek, ordea, ez zidaten aukera handirik eman hormak zein itsura zuen garbi ikusteko.

Erantzuna kanala eskalatzen saiatuz aurkitu beharko nuen...

IBILBIDEA

Unanun hasi nuen ibilbidea, Beriainera doan ohiko bidetik Aldai belaztira iristeko. Bertan, Beriainera doan ohiko bidea utzi eta, ekialdean dagoen pagadia zeharkatuz, Zuloaundiko kanalera zuzendu nintzen.

Kanala zuzen igo nuen, pasagune eroso eta errazenak bilatuz. II+ zailtasuneko irtengune bat eskalatu eta harritza bat igo ondoren, horma bertikal batekin topo egin nuen. Horma eskuinetik (ekialdetik) saihestu eta, kanala ezkerrean utziz, harkaitz berezi batera zuzendu nintzen. Harkaitz hau eskuinetik (ekialdetik) eskalatu (II) eta, eskuinerako noranzkoan jarraituz, hormatik ateratzeko dagoen kanal estura zuzendu nintzen.

Kanal estua (II+) eta honen gaineko bigarren kanal belartsu bat eskalatu (II+) ondoren, hormatik atera eta, ohiko bidearekin berriro ere bat eginez, Beriaingo gailurrera iritsi nintzen. 

Jaitsiera Beraingo ohiko bidetik egin nuen, Eguterako bariantea jarraituz.

Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, igoerako bidea; gorriz, kanala eta urdinez jaitsierakoa, Egutera zelaiunetik doana.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 9 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 900 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: II+. Hasierako irtengunea eskuin edo ezkerretik erdi-oinez igo daiteke.
- Ura: Unanun eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Beriaingo ohiko bidetik ordubete pasatxoan (arin ibilitzen bagara) Unanura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Kanalean harri aske pila eta ardi eta putreak sarri ibiltzen direnez, kaskoa eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu inguru, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Kanalaren krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Botak ala zapatilak? Unanutik atera aurreko zalantza izan zen. Eskalatzeko garaian zapatilekin erosoago sentitzen banaiz ere, aurreko egunetan botatako euri jasek bidea lokaztua utzi zutela pentsatu nuen. Eta zapatila lokaztuekin eskalatzea arriskutsua izan zitekeen, botei baino lokatz gehiago itsasten zaie eta. Azkenean boten alde egin nuen, baita irabazi ere.

Iturtxiki arteko bidea errekastoa zirudien, iturritik isuritako uren ihesbide. Uretan "plisti-plasta" igoz eskertu nuen zapatilak hartu ez izana. Iturrira iritsi nintzenean aurtengo azken ilargi beteak bazterrak oraindik argitzen zituen, eguzkiak zerutik noiz botako zuen zain.

Ilargi betea zeruan nagusi.


Iturtxikitik gorako bideak okerrera egin zuen. Guarreingo iturramatik isuritako urak bidea erabat lokaztu zuen eta metroak irabazi ahal izateko iztarrekin nahi baino indar gehiago egin behar izan nuen.

Guarreingo iturrama urez gainezka.


Guarreingo iturramatik gora, iturburu gehiago ez dagoenez, bideak hobera egin zuen. Metroak arinago irabaziz, egunsentiaren miraria Aldai belaztian ikuste ko nahia zen momentu horretan nuen helbururik nagusiena. Nire zain egon izan balitz bezala, Aldai belaztira iritsi nintzen bezain pronto Beriaingo hego-horma urre kolorez janzten hasi zen.

Egunsentiaren miraria.


Egunsenti eta ilunabarra jaiotza eta heriotzarekin erlazionatutako une magikoak direla iruditzen zait, hausnarketarako momentu bereziak. Arnasketa eta burua lasaituz momentu eder honi ahalik eta zukurik handiena ateratzen saiatu nintzen.

Aratz eta Aizkorri eguzkiaren lehen izpien eta ilargiaren azkenekoen eraginpean.


Argitasunak iluntasunari lekua hartu eta itzalak desegiten ziren bitartean, argazki makina kanalera zuzendu eta sutan jarri nuen.

Zuloaundiko kanala eguzkiaren lehen izpien eraginpean.


Momentu ederra izan zen, egunsenti guztien bezalakoa. John Lennonek egunsentiari buruz zera esan zuen: "Egunsentia ikuskizun ederra da, eta hala ere, entzule gehienak lo daude oraindik". Ez zitzaion arrazoirik falta.

Aldai belaztia eskuinetik (ekialdetik), pagaditik gertu mantenduz, igotzen jarraitzen nuen bitartean, Beriaingo ohiko bidea pixkanaka ezkerrean gelditu zen.

Pagaditik gertu mantenduz... Beriaingo hego-horma bere osotasunean.


Metro batzuen ondoren pagadian sartu eta, ahalik eta altuera gutxien galdu nahian, pagotik pagora jarraitu nuen bat batean zabalune harritsu batera iritsi nintzen arte: kanalean nengoen.

Kanalera iritsi nintzen lekutik behera egindako argazkia.


Leku beretik gora egindako argazkia. Eguzkipean irtengunea ikusi daiteke baita, oraindik itzalpean, horma bertikala ere.


"Bueno, oain gora zuzen tiratzea besteik ezta" pentsatu nuen kanalean gora metroak irabazten nituen bitartean. Kanalaren igoera, hego-hormako besteen antzera, ezerosoa da. Irrist ez egiteko oinak non jarri ongi begiratuz joan behar izan nuen. Batzuetan ezkerretik, besteetan eskuinetik, metroak pixkanaka irabazten joan nintzen irtengunera iritsi nintzen arte.

Irtengunera iristen. Nik erditik eskalatu arren, eskuin nahiz ezkerretik erraztasun osoz saihestu daiteke.


Behera begirada. Argazkian Aldai belaztitik jarraitutako bidea ikusi daiteke.


Irtengunea eskuin edo ezkerretik erraztasun osoz saihestu daitekeela ikusi nuenean zuzenean eskalatzeko aukerak baloratzen hasi nintzen. Bertako heldulekuetatik tira egin eta egonkor mantentzen zirela ikusi nuenean, eskalatzen hasi nintzen.

Irtengunea azpitik dirudiena baino tenteagoa bada ere, heldulekuak onak ditu. Zailena irtengunetik ateratzea da, gaineko harritza bertaraino iritsi eta harri guztiak askeak daudelako. Ezkerreko belarrei tira egin behar izan nien irtengunea eskalatu ahal izateko (II+).

Irtengunearen gaineko harritza azpikoa baino ezegonkorragoa da eta ez zen tarte luzerik pasa honen ezker aldera pasa nintzen arte.

Bigarren harritzatik behera egindako argazkia. Ikusten da harriak lurrera sendo itsatsiak ez daudela.


Harritzaren ezker aldetik metroak irabazi eta goiko hormara hurbiltzen nintzen heinean, honen eskalada ahuntzaren gauerdiko eztula ez zela izango ohartzen hasi nintzen. Azpitik inklinatuak ziruditen tarteak bertikalak ziren, bertikalak ziruditenak aldiz, makurtuak.

Horma bertikalera hurbiltzen.


Hormak erdian diedro irekiaren itsura hartzen du. Bertara iritsi eta, harkaitza hauskorra izateaz aparte, goiko tartean makurtua zela ikusi nuen: "eskaladako trasteik gabe ezinezkoa" pentsatu nuen, "ta hauekin ere eztakit seguridadez eskalatzeik eongoen". Diedroa baztertua, honen eskuineko horma aztetzen hasi nintzen. Horma hau, hain bertikala ez izateaz aparte, harlauza ezberdinez estalia zegoela egiaztatu nuen. Eskaladaren aldetik ez zitzaidan teknikoki oso zaila iruditu (beharbada III+ edo IV inguru), baina harlauzen sendotasuna zalantzazkoa da. Ez nuen gogo handirik bertatik eskalatzen hasi eta, 4-5 metroetara, harlauza bat eskuetan nuela lurreraino erortzea. Eskalada baztertuta, eskuinera (ekialdera) zuzentzen den erlaitz belartsuan gora egin nuen, horma eskalatzeko leku erraz eta seguruago baten bila.

Horma bertikalaren oinean egindako zeharkaldia.


Jarraitutako saihesbidean atzera egindako argazkia. Argazkian ikusten den bezala kanalaren ezkerrean (mendebaldean) beste bi saihesbide posible daude, baina kanaletik gehiegi urruntzen zirela iruditu zitzaidan.


Horma ia bere osotasunean saihestu behar izan nuen.

Pareko ezproira iristear nengoela,  3-4 metroetako eskaladatxo laburra egiteko aukera izan nuen (II).  Horma bertikala saihestuta, ezkerrerako joerarekin igotzen jarraitu nuen kanalera itzultzeko bide baten bila, baina ez nuen pasabide segururik topatu. Kanalari begirik kendu gabe, metroak irabazten jarraitu nuen, kanala aurrean nuen harkaitz berezi batera zuzentzen zela ikusi nuen arte: "Merezi du kanalea jaitxi 10-15 metro bakarrik itteko?" nire buruari galdetu nion harkaitz bereziari begira.

"Ez" izan zen erantzuna, kanalaren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz harkaitz berezira zuzentzen nintzen bitartean.

Bertara iritsi eta eskuinean osatzen duen kanaltxoa eskalatuz (II+) harkaitzaren gainera igo nintzen. Kanal edo hormatxo honen eskalada erraza bada ere, goian harri aske dezente dituenez, esku eta oinak non jarri ongi begiratzea behartu zidan.

Harkaitz berezia eta hau eskalatzeko kanaltxo/hormatxoa.


Harkaitz berezia atzean utzita kanala zabaltzen da, zailtasuna galduz. Irteerara iristeko eskuineko noranzkoan oinez igotzen jarraitu nuen.

Irteerara arteko bidea.


Kanaletik (eta hormatik) irteteko kanaltxo bat eskalatu beharra dago. Lehen metroetan belarrez estalia dago, baina zailtasun handirik ez dauka. Azkeneko metroetan aldiz, kanaltxoa estutu eta tentetzen da. Kanalaren bi hormetan oinak non jarri ongi begiratuz eta metroak pixkanaka irabaziz kanaltxoa eskalatzea lortu nuen (II+).

Irteerako kanala.


Kanaltxoa eskalatu bezain pronto haize bortitz eta hotz batek lurrera bota ninduen ia. Haizeak gorputza hozten zidan bitartean, motxila kendu eta, izozten hasitako eskuekin, barruan nuen arropa guztia eta eskularruak ahal izan nuen azkarren jantzi nituen.

Irteerako kanaletik behera egindako argazkia.


Gorputza eta, eskuak batez ere, berriro epelduta, Beriaingo lautadara nondik atera begiratzen hasi nintzen. Eskuinetik (ekialdetik) hartuta oinez eta inongo zailtasunik gabe iritsiko nintzela ikusita, begirada buruaren gainean nuen kanal belartsu batera zuzendu zen.

Kanal belartsu tentagarria.


Kanalaren oinera hurbildu eta honen eskuineko harkaitz-plaka sendoa zela baieztatu ondoren eskalatzen hasi nintzen. 4-5 metroetako eskalada erraz (II+) eta lasaigarriaren ondoren kanala eskalatzea lortu nuen Beriaingo lautadara ateraz. Metro batzuk oinez ibili ondoren, ohiko bidearen ertzean eraikitako bi mugarri berezi eta nabarmenera iritsi nintzen.

Zuloaundiko kanalaren irteera.


Kanalaren irteeratik gertuko mugarri nabarmenak.


Kanalaren irteera mugarrietatik ikusita.


Kaskoa motxilan gorde, lepokoarekin belarriak estali eta, eguzkitako betaurrekoak jarri ondoren, Beriaingo gailurrera zuzendu nintzen.

Beriaingo gailurrerako bidean...


Parean nuen eguzkiak ez zidan aurretik nuena garbi ikusten uzten. Hau dela eta, Aitorrek "Xabiiii!!!" bota zidanean ezagutzea kosta egin zitzaidan. Urteak ziren Etxarriko mendi lasterkari eta pertsona handia ikusten ez nuela eta plazerra izan zen berarekin hitz batzuk partekatzea. Animo artista eta zaindu lesio horiiiii!!!!!

Aitorrekin hitz egin ondoren Beriaingo gailurrera arin-arin iritsi nintzen.

Gailurra, ibilbideen erdia... Hodeiak luze-luze haize gogorraren eraginez.


Haize ezatseginaren eraginez ez nintzen denbora luzean gailurrean izan. San Donatoko baselizaren babesean ur pixkat edan ondoren beherako bidea hartu nuen.

Jaitsieran, nola ez, kanalari argazki gehiago egiteko aprobetxatu nuen.

Zuloaundiko kanala goitik ikusita.


Aldai belaztira iritsi nintzenean, atzera begiratu eta, une batez, Beriaingo hego-hormari begira gelditu nintzen. Zuloaundiko kanalari azken begirada botatzen nion bitartean sentsazio gazi-gozoa sentitu nuen. Kanala igo izanak zoriontsu senti arazten ninduen bitartean, zuzen igo ez izanak frustrazio sentsazio txiki bat ere sortu zidan. Pentsamendu honekin ari nintzela gizon gizen bat ondotik pasa eta Aldai belaztiko maldan gora hasi zen, arnasestuka, baldar, baina gorako bidean gelditu gabe. Orduan pentsamendua argitu zitzaidan: momentu oro dugun ahalmenarekin eta menditik egiten dugun irakurketarekin ahal dugun guztia ematen badugu, nahikoa izan beharko litzateke zoriontsu sentitzeko.

Zuloaundiko kanalari begia kliskatu ondoren jaisteko bidearekin jarraitu  nuen.

Zuoaundiko kanalari azken begirada...


Guarreingo iturramara iritsi aurretik eskuinera doan bidegurutzea hartu eta, Elorriagoako pagadian sartuz, Egutera zelaiunera zuzentzen den bidea hartu nuen, Beriaingo ohiko bidean atzean geldituz. Bide honetan lokatz gutxiago topatuko nuela pentsatu arren, hainbat lekutan eroso jaistea kosta egin zitzaidan (Oharra: Eguterako bidearen zehaztasunak kronika honetan irakurri daitezke).

Eguterara iristear nengoela ur-zarata batek Beriaini begiratzea behartu ninduen. Ubeiko ur-jauzia, urez gainezka, Beriaingo muturretik behera indarrez amiltzen zen. Haizeak, ura batera eta bestera mugituz, horma osoa busti eta ur-jauziari zaldi baten isatsaren itsura ematen zion. Ubeiko ur-jauzia horrenbesteko urarekin sekula ikusi gabe nengoen. Argazki kamera zorrotik atera eta, argazki batzuk egin ondoren, jaisteko bidearekin jarraitu nuen.

Ubeiko ur-jauzia bizi-bizi.


Ur-jauziaren jarioa gertuago...


Ez zen denbora luzerik igaro Babatzeko portalangara iritsi eta, Irristagor zelainuea atzean utzi ondoren, Unanura itzultzeko.

Beriain Eguterako muinoetako batetik ikusita.


Kotxeko maletategian eserita, adar lehor batekin mendiko botei lokatza kentzen nien bitartean, azken urteotan Beriainera egindako igoera "ezberdinetan" pentsatzen hasi nintzen. Ez, oraindik ez da urrun joan behar abentura politak bizitzeko. Beriainen gehiago etorriko dira? Botak zorroan gorde eta, irribarre maltzur batekin, kotxean sartu nintzen motorra martxan jarriz...

Beriaini azken begirada. Itzuliko gara? Ziur baietz...


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina