Badira, nahita edo nahigabe, garuneko disko gogorrean grabatuta gelditzen diren mendiko eskalada eta aktibitate batzuk. Duela bederatzi urte, 2011ko otsailaren 13an, Elarre ezizenez ezagututako mendizaleak Mendiak.net web orrian “Espolón Noreste Llena del Bozo” izenpean kronika bat partekatu zuen (kronika hau "kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean topatuko duzue). Kronikaren kontaketa eta argazki ikusgarriek txundituta utzi ninduten: “egunen baten hemendio igo beharra deu!!!!”.
"Egunen baten hemendio igo beharra deu!!!". Llena del Bozo eta ipar-ekialdeko ezproi ikusgarria (argazkiaren erdian). Argazkiaren ezkerrean Napazal pasabidea ikusi daiteke.
Urteak pasa ziren eta txunditu ninduen eskalada hura amets ahaztuen kutxan gelditu zen, beste amets ahaztu batzuekin batera, 2020ko urtarrilean Fidel Mendia mendizaleak bere blogean eskalada honen inguruko kronika eta bideoa partekatu zuen arte (kronika hau ere "kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean topatuko duzue). Fidelek grabatutako irudi ikusgarriek, itzalitako ametsa berriro ere piztu zuten, betetzeke ditugun ametsen lehen postura igoz. Gelditzen zitzaigun gauza bakarra ezproia eskalatzeko eguna zehaztea zen.
Eta eskalada hau egiteko pentsatu genuen asteburua, agendaren aldetik, beteta etorri zen. Ostiral arratsalde-gaua, maiteminduen eguna, Amurrio Trail taldekoek antolatutako euskal mendizaletasunaren XXIV. galarekin hasi genuen. Beti izaten da hunkigarria honelako gala batera joatera, are gehiago sarituetako bat bazara. “Digitalki” ezagutzen dituzun mendizaleak “analogikoki” ezagutzeko aukera duzu eta dagoeneko “analogikoki” ezagutzen dituzunekin berriro elkartzea plazer hutsa izaten da. Milesker bihotzez Pyrenaica aldizkariko erredakzio talde eta arduradunei, Aizkorrin kokatutako artikulu batek artikulu onenaren saria merezi duela erabakitzeagatik!!!
Ricardo Hernaniren eskutik saria jasotako une hunkigarria.
Euskal mendizaletasunaren XXIV. galan saritutakoen argazki familiarra. Zorionak guztioi!!!!
Amurriotik etxera ordu txikietan itzuli eta lo gutxi egin ondoren, larunbata goizean, orduak materiala eta janariaren prestaketan ziztu bizian joan zitzaizkidan. Konturatu nintzenerako arratsaldeko 17:30ak ziren, Asierrekin hitzordua jarritako ordua.
Ezohiko otsaila epel honetan asteburua bero zihoan, hogei graduetatik gora. Hau dela eta, gure zalantzarik handiena elurraren kalitate eta kantitatea zen, leku bakartia izanda, bertako baldintzen berri ez genuen eta:
- Garai baten bezela, bertaño iritsi arte ezteu jakingo zemuzkoa daun.
- Dauna gutxiñez gorra badau – erantzun nion Asierri furgonetan sartu nintzenean – ze hiru ordutako aproximazion ondoren buelta hartzea…
- Txarra badau sikiera bide normaletio igoko gea …
Furgonetaren atzerako ispiluan etxea urrunduz zihoan heinean, indar eta motibazio batek indarra hartzen zuela sentitu nuen. Bederatzi urte ondoren, amets ahaztuen kaxan gordeta gelditu zen eskalada hura egitera gindoazen. Elurraren baldintzak? Asierrek esan bezala, bertaraino iritsi arte ez genuen jakingo ….
Bitartean, itxaropena izatea besterik ez genuen...
IBILBIDEA
Ibilbidea Candanchuko eski estazioan hasi eta amaitu genuen. Iraupen-eskiko pista zeharkatuz, kontrabandisten lezera zuzendu ginen. Lezea atzean utzita, Lomeros de Esper deituriko muinoak eta La Tabla pasatu genituen GR-11 bidearekin bat egin eta Llena del Bozo mendiak iparrean osatzen duen bailarara iristeko.
Gr-11 ibilbidea utzi gabe, ipar-ekialdeko ezproiaren azpian egiten den zeharkaldi nabarmen bat egin genuen eta, Bozo haranera iritsi aurretik, GR-11 bidea utzi genuen ezproiaren oinera zuzenduz.
Ezproiaren hasieran hiru soka-luze eskalatu (elurraren egoeraren arabera beharbada bigarren eta hirugarren luzeak ekidin daitezke) eta ezproia bere osotasunean eskalatu genuen (D-, M4/IV) Llena del Bozoko gailurrera iritsiz.
Jaitsiera Napazal pasabidetik (2.320 m) egin genuen, bertatik jaitsi ondoren berriro ere GR-11 ibilbidea eta igoerako bidearekin bat egiteko.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbide osoaren luzera: 12,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Candanchuko eski-estazioa, 1.560 metro.
- Punturik altuena: Llana del Bozo, 2.566 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.300 metro inguru, horietatik 500 metro inguru ezproia eskalatzen.
- Igotako mendiak: 1.
- Eskalatutako luze kopurua: 3. Hiru luzeak ezproiaren hasieran eskalatzen dira.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dut topatu.
- Zailtasuna: D-, IV/M4. Luzez-luze: 1ºL: IV/M4 (45 m), 2ºL: III+/M3 (45 m) eta 3º L: III+/M3 (42 m). Hirugarren luzetik gora ensanble moduan jarraitu genuen, tarteka III zailtasun arteko hormatxo txikiren bat eskalatuz. Ezproia egoera onean dagoenean AD+ zailtasuna izaten du.
- Orientazioa: Ipar-ekialdea.
- Ura: Candanchun erosi daiteke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 6 express-zinta, Lincam, artaka-trabagailu (ez genituen erabili) eta Alien jokoa, lau iltze (ez genituen erabili), 3 izotz-torloju (ez genituen erabili) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak, harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Haizea badabil, lehen luzeetarako Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbide osoa egiteko pasatako denbora: Bederatzi ordu eta hogei minutu, atsedenak barne.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, hurbilketan jarraitutako bidea, gorriz ezproiaren eskalada eta urdinez Napazal pasabidetik behera jarraitutako bidea.
Krokisa zehatzago.
DESKRIBAPENA
Candanchuko aparkalekua, egunean zehar eskiatzen aritu ondoren afaltzera edo zerbait hartzera zuzentzen ziren eskiatzailez beteta zegoen. Hauen artean kontu handiz pasatuz, furgoneta pistetatik ahalik eta gertuen aparkatzen saiatu ginen, auto karabanak aparkatuta egoten diren lekuan.
Eski-pisten ertzetako banderak, lehortzeko zintzilik jarritako arropa bustiaren moduan, haize ufadek batera eta bestera astintzen zituzten. Haizeak eragindako sentsazio termikoa baxua bazen ere, furgonetaren termometroa ez zen 7 graduetatik jaitsi.
- Ea bihar elurre zemuzkoa daun – esan zidan Asierrek bokatari koskada bat emanez.
- Ta haizeare ea ze indarra dauken, ze han goien holakoa topatzen badeuuu …
Afaldu ondoren, sare sozial eta whatsapp mezuei azken begirada bota eta, urdailak zertxobait hustutzen hasi zirenean, lo-zakuetan sartu ginen.
Gaua, pistetako makinen hots eta argien eta haize boladen zarataren artean pasa genuen, asteburuko bigarren gaua ere motza bihurtuz. Goizeko lauak, ohikoa den moduan, nahi baino lehenago iritsi ziren.
- Gaur Dennis Urubko Broad Peak igotzen saiau behar da. - Esan zidan Asierrek zakutik ateraz.
- Gukin batea?
- Bai - erantzun zidan.
Zakuetatik ateratzen ginen bitartean, munduaren betaldean, Urubko alpinista handia, oinarrizko kanpamendutik aterata, Broak Peak neguan eta bakarrik igotzeko saiakeran murgildua zebilen jo eta su.
Itzik prestatutako amerikar tortita goxoak gosaldu ondoren, bezperan prestatutako motxilak bizkarreratu eta goizeko bostak laurden gutxiagoan energiaz beteak martxan jarri ginen. Gaueko haizea ihes eginda zegoela zirudien, eski-estazioa baretsu geldituz. Tenperatura? Pistetako eraikin batean jarritako termometroaren arabera 6º, uste eta nahi genuena baino altuagoa.
Irteteko prest.
- Oain arrasto grise jarraitzea besteik ez da – esan nion Asierri GPS-a piztu nuenean.
Izugarri kosta zitzaidan interneten Llena del Bozora neguan igotzen den ibilbide bat aurkitzea. Eta aurkitu nuen bakarra ordenagailuan goitik behera aldatu behar izan nuen, ez baitzen ezproira zuzentzen.
Ibilbidea hasi eta berehala, estazioko makinek gauez zapaldu eta gogortutako eski-pistak zapaltzen hasi ginenean, kranpoiak jartzea erabaki genuen. Iltzeak oinen azpian eta kopetako argien argipean, iraupen-eskiko pista zeharkatzen hasi ginen, hego-mendebaldera zuzenduz.
Kranpoiak jartzen.
Hurrengo orduak ilunpean pasa ziren, ikusmira kopetako argiek erakusten ziguten errealitate apurrera mugatuz. Denbora pasatzearekin batera haizea pixkanaka bizituz joan zen berriro ere, tarteka gogor joz. Lurretik altxatutako izotzezko kristal txikiak, orratz txikiak bezala, aurpegian behin eta berriz kolpatzen gintuzten.
- Espoloian holako haizea badau, eztakit ba … - esan nion Asierri, GPS-aren pila zaharrak aldatzeko aprobetxatu genuen geldiune labur batean.
- Bai – erantzun zidan haizearen zurrunbiloaren gainetik – ikusiko deu ea zemuz daun…
Ia erreferentziarik gabe, GPS-ak eta tarteka topatzen genituen oin-arrastoek adierazitako bidea jarraituz, etengabe maldan gora gindoazenaren sentsazioa genuen. Bat-batean, muino baten gainean, iluntasunarekin borrokan elurrez tapizatutako mendi bat azaldu zen. Oraindik ziur ez bageunden ere, parez-pare Llena del Bozo genuen.
Muinoa atzean utzita, GR-11 ibilbidearekin bat egin, aldapan behera hasi eta Llana del Bozok iparrean Aspe sakanaren gainetik osatzen duen bailara txikian sartu ginen, haizeagatik babesean geldituz. Jaitsieran jarraituko genuen bidea alde batera utzi eta, GR-11 ibilbidea utzi gabe eta altuerarik irabazi eta galdu gabe, 35º-40º inguruko malda bat zeharkatuz jarraitu genuen, harkaitzezko horma bertikal baten gainean dagoen zeharkaldi inklinatura iritsi ginen arte.
Argi bakarti bat elurrezko itsasoan galduta, zeharkaldi inklinatura hurbiltzen.
Kuriosoa bada ere, orain arte jarraitutako bidean arrasto garbirik topatu ez genuela kontutan izanda, zeharkaldi inklinatuan ondo zapaldutako arrasto bat zegoen, GR-11 ibilbidea jarraitzen ari ginenaren seinale.
- Bide hau pentsatzet espoloia jungoela, ez? – Galdetu zidan aurretik zihoan Asierrek.
- Ikusita non garen hala pentsatzet. - Erantzun nion, orduan GR-11 bidea zela jakin gabe.
Zeharkaldi inklinatuaren lehen metroetan. Urrunetik dirudiena baino tenteagoa da.
Zeharkaldia irrist egitea debekatua dagoen leku horietakoa da, 15 metro inguruko txirristaren ondoren, harkaitz batzuen gainean amaitzen den beste hainbat metroetako erorketa bertikala dagoelako. Gure kasuan, ongi zapaldutako arrastoa jarraituz, zailtasun handirik gabe egin genuen. Aspeko ipar horma klasikoaren hasieran dagoen zeharkaldia ekarri zigun gogora, honek kontrako noranzkoa badu ere.
Zeharkaldian...
Zeharkaldiaren amaieran, ezkerrean elurrik gabeko horma bertikal bat azaldu zen, ezproira igo ahal izateko giltza duena.
- Zein da eskalatzean kanala?
- Ezkerrekoa esango nuke – erantzun nion Asierri – belarra daukena.
Hormak hiru kanal bereizi ditu. Eskuineko biak estuak dira, baita, itsuraz behintzat, zail eta makurtuak ere. Ezkerrekoa da eskalatzen dena, hiruetatik errazena baita.
Ezproira igotzeko horma zeharkaldi inklinatuaren amaieratik ikusita.
Zerua lila koloretik gorriskara pasatzen zen bitartean, indarra galtzen hasitako ilargi betea Llena de la Garganta mendiaren atzean ezkutatzen hasia zen, laster biziko genuen ikuskizunaren hasierako artista izango balitz bezala.
Ilargia, gauero egiten duen ibilbidearen azken metroetan.
Horma eta ilargiari begirik kendu gabe, egunsentiak pixkanaka indarra hartuz zihoan heinean, GR-11 bidea utzi eta zetak eginez hormara zuzendu ginen.
Hormara hurbiltzen.
- Honi ze ematen die, kuarto? – Galdetu zidan Asierrek hormaren azpiko harkaitzetara iritsi ginenean.
- Bai – erantzun nion.
Hormaren ezkerreko kanala "0" bilgunea muntatuko genuen lekutik ikusita.
Pioleten laguntzarekin biok sartu ahal izateko erlaitz bat elurrean zabaldu eta materiala prestatzen hasi ginen. Bitartean, gure atzean, zain geunden egunsentiaren ikuskizuna hasi zen eta Midi D’Ossau mendia protagonista hartuz, honen inguruko zerua su kolorea hartu zuen.
Egunsentiaren ikuskizuna martxan...
Egunsenti ederrenak ere, nahi baino gutxiago irauten dute. Oraingoan ere, zeruko kolore gorri biziak berehala itzaldu ziren, zerua une batez kolorerik gabe gelditu eta ametsen mundutik zutik geunden erlaitz estura itzuliz.
- Ah pajarooo!!! Nere eskubin jarri zea eskalatzen hasteko!!! – bota nion Asierri umorez, eskalatzen hasteko bera ni baino leku erosoago batean zegoela ikusita.
- Harrapau indiazu, jejejeje.
Keinu bat eginez Asierri material guztia eman, arnesean ordenatu eta, soka lotu ondoren, eskalatzen hasi zen.
- Lehenengo luzea, 45 metro, M4/IV. Lehenengo metroetan 50º inguruko elur-pala bat igo zuen, belarrez estalitako kanal tentearen azpian kokatu zen arte.
- Lurre izotza bezela dau, gor-gorra!!! – Esan zidan pioletak lur izoztuan sendo sartuz.
Kanala bi hormatxotan banatzen da, bien artean harkaitz handi bat kokatuz. Lehen hormatxoa tentea bada ere, lur izoztuak Asierren pisua ongi eusten zuenez, zailtasun handirik gabe eskalatu zuen (III+/M3) harkaitz handiarekin topo egin zuen arte.
Harkaitz handiaren azpian.
Harkaitzaren ezkerretik eskalatzen jarraituz gero errazagoa dirudi, baina aseguruak jartzeko aukerarik ez dago. Harkaitzaren eskuinetik jarraituz gero aldiz, eskalada bertikalagoa eta zailagoa bada ere, eskuin horman friend ertainak trabatu daitezken arrail eder bat dago. Asierrek ez zuen bitan pentsatu ere egin eta eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen.
"Asierrek ez zuen bitan pentsatu ere egin eta eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen".
Friend pare bat trabatu ondoren, bigarren hormatxoaren zatirik bertikalenera iritsi zen. Bertan, oinak ahal izan zuen altuen altxatu zituen eta, ezkerrera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egin ondoren, zuzen jarraitu zuen hormatxoa eskalatuz.
Hormaren zailtasunak amaitu ondoren.
Eskalada baten lehen metroak gero etorriko denaren aurrekari badira, Asierrek kanala eskalatu zuen modua ikusita, aurretik genuen eskalada luzea gozo eta atsegina izango zela zalantzarik ez zegoen.
- 25 metroooo!!!! - Oihukatu nion sokaren erdia adierazten duen arrastoa segurtagailutik pasa zenean.
Hormatxoa eskalatuta, 50º-55º inklinazio inguruko belarrez estalitako horma eskalatu eta, lehen aukera izan zuenean, harkaitz-zubi bat aprobetxatuz, bilgunea muntatu zuen. Susmagarriki, haizea bare zegoen, indarra berreskuratzeko atseden hartzen ariko balitz bezala.
Lehen bilgunea.
- La madre ke te parioooo!!! Jejejeje – bota nion bilgunera iritsi nintzenean.
Lehen bilgunera iristen. Azpian, behe-behean, Aspeko sakana. Sakanaren amaieran Aspeko pasabidea ("Paso del Aspe") dago.
Lehen luzeko eskalada, zaila izan gabe, azpitik dirudiena baino bertikalagoa iruditu zitzaidan, lekuren batean baino gehiagoan arreta handia eskatuz, eskerrak lur eta belarra izoztua zegoela. Pirinioetara hurbiltzen garen bakoitzean esaten dugun moduan, "Aizkorrik hok baño zailagok eskalauta dauzkeu, jejeje".
Lehen bilgunean, atzean, mendi guztien gainetik, Midi D’Ossau.
- Bigarren luzea, 45 metro, M3/III+. Hemendik gora elurra geroz eta gehiago topatu genuen. Luzearen lehen metroak lehenengo luzearen azken metroen jarraipena da, baina ez dut uste malda 50º gorakoa denik.
Bilgunearen gaineko elur-palan.
Parean nuen hormara iritsi nintzenean, ezkerrera begiratu eta, amildegia besterik ez zegoela ikusita, eskuinera desbideratu nintzen, 2-3 metroetako zeharkaldi horizontala egin ondoren ezker-eskuin doan kanal txiki baten azpian kokatuz.
"... eskuinera desbideratu nintzen...".
Kanala eskalatzen hasi (55º gradu inguru) eta, eskuineko horman friend bat sendo trabatu ondoren, bukaera arte eskalatu nuen, horma motz baina bertikal batekin topo eginez.
Horma bertikalaren azpian.
Hormaren azpitik lehen bilgunera egindako argazkia, azpian Aspeko sakana, eta honen amaieran, argazkiaren ertzean, Aspeko pasabidea.
2-3 metro arteko hormatxo hau eskalatzea da luze honen zailtasunik handiena. Hormatxoaren gaineko elurra gogorra zegoela eta piletak elurretan trinko gelditzen zirela ikusi nuenean, pioleten puntak elurretan sendo sartu eta, gorputza poliki altxatuz, hormatxoa eskalatu nuen (M3/III+).
- Smithy, 25 metro pasata dare!! – Ohartarazi zidan Asierrek bilgunetik.
Gelditzen zitzaizkidan 20 metro sokarekin noraino iritsiko nintzen kalkulatzen hasi nintzen. Behera begiratu, Asier zegoen distantzia ikusi eta aurrean nuen puntaren harkaitzetara iritsiko ez nintzela baieztatu nuen. Hau ikusita, 50º inguruko maldako elur-pala igotzen jarraitu nuen. 15 metro inguru igo ondoren, palaren erdian dagoen harkaitz handi baten inguruan zinta-uztai bat pasatuz, bilgunea muntatzea erabaki nuen.
Hormataxo bertikaletik bigarren bilgunera arteko tartea...
Asierrek luzea arin eta segurtasun handiz eskalatu zuen, ohikoa duen moduan.
Hormatxoa eskalatzen.
- Beste luze bat eskalauko deu? - Galdetu zidan bilgunera iritsi zenean.
- Ez dakit baña aurretio deun punta hoi ikusita igual bazpare hobe deu - erantzun nion soberan nuen materiala emanez - gero handio gora ikusiko deu zer egin...
Bigarren bilgunean...
Denbora luzea galduko ez genuela ikusita, azkenean hirugarren luze bat eskalatzea erabaki genuen.
- Hirugarren luzea, 42 metro, M3/III+. Bilgunetik atera eta 50º inguruko elur-pala bukaera arte igo zuen pareko puntaren oinera iritsiz.
Punta eskalatzeko aukera ezberdinak aztertzen.
Punta eskalatzeko aukera ezberdinak baloratu ondoren, eskuinera metro batzuetako zeharkaldia egin eta, errazena bilatuz, eskuin-ezker noranzkoan eskalatzen jarraitu zuen, harkaitzek osatzen duten 2-3 metro arteko horma bertikalaren azpian kokatu zen arte.
Horma bertikalaren azpian.
Piolet puntekin kolpe batzuk jo eta hormaren gaineko lurra izoztua zegoela ikusita, pioletetatik tira eginez hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu zuen (M3/III+), gaineko harkaitzen artean galduz.
"...gaineko harkaitzen artean galduz...".
/
- Reunioa montatzeko leku baten bila hasi beharren zare, seibat metro bakarrik daretaaa!!! - Oihukatu nion bilgunetik.
Puntaren gainetik bigarren bilgunera egindako argazkia.
Asierrek harkaitzen artean begiratu eta, hauetako batetik zinta-uztai luze bat pasatuz, bilgunea muntatu zuen.
Hirugarren bilgunea, ezproiaren eskaladan muntatuko genuen azkenekoa.
Luze hau ez zitzaidan uste nuen bezain zaila iruditu eta, kuriosoki, erraztasun handiz eskalatu nuen. Ordurako eguzkia inguruak berotzen hasita zegoen, primaloft txamarren azpian beroa pasa araziz. Asierren ondotik pasatuz, bilgunearen gainean dagoen erlaitz batean eroso jarri eta arropa kendu eta zerbait jan eta edateko atseden hartzea erabaki genuen.
Bilgunearen gaineko erlaitz erosoan, sendoegi lotuak nituen boten lokarriak eta kranpoien zintak zertxobait askatzen.
- Ta hemendio aurrea ensanblen jarraitzen badeu? - Proposatu nion barratxo bat murtxikatzen nuen bitartean - Zailtasunik haundiñak pasa ditteula esango nuke.
- Bale, hola gañea azkarrago ibiliko gea - erantzun zidan - ze eguzki honekin elurre azkar biguntzen hasikoa.
- Hobezu zu aurretio jarraitzea ni baño material gehio daukezulako.
Hamaiketako inprobisatu honen ondoren, eguzkitarako krema aurpegi eta lepoan eman, orain arte jantzita eramandako primaloft txamarra motxilan gorde eta polarra jantzi nuen, gorputza zertxobait freskatuz. Bakoitzak 10 metro soka inguru lepoaren inguruan bildu eta bion artean 30-35 metro inguru utzita, ensanble moduan jarraitu genuen.
Soka bildu ondoren, eskalatzen jarraitzeko prest.
Harkaitz batzuen artetik eskalada erraz bat egin ondoren (II), 45º inguruko malda duen elur-pala batera irten ginen. Elurra biguntzen hasi gabe zegoela aprobetxatuz, metroak arin irabazten jarraitu genuen, bion arteko zilbor-hestea ahal genuen neurrian tente mantenduz.
"Elurra biguntzen hasi gabe zegoela aprobetxatuz, metroak arin irabazten jarraitu genuen".
Elur-palaren lehen metroetan, ensanblean eskalatutako harkaitzak (argazkian ikusi daitezke) atzean utzi ondoren.
Palaren amaieran 50º inguruko irtengune motz bat eskalatu eta, eskuinera pasatuz, ezproiaren ahotik jarraitu genuen.
Ezproiaren ahoan. Zuriz, Asier dagoen lekutik gora jarraituko genuen bidea.
Ezproiaren ahoan lehen metroak ibili ondoren. Goiko zati hau zaila baino, ikusgarria da, oso ikusgarria.
Hasierako metro hauetan ezproia zabala bada ere, ahal zen neurrian elurrak osatutako ertzaren ahotik jarraitu genuen. Igoera oraingoz oso erraza zenez, bion artean aseguruak jartzeko beharrik ez genuen ikusi. Gure atzean irekitako ikusmira geroz eta ikusgarriagoa zen eta, tarteka, mendi horien guztien gainetik hegan aritzearen sentsazioa bizia zen.
Elurrak osatutako ertzaren ahotik.
Lehen metro erraz hauen ondoren, elurrak inklinazioa irabazi zuen, bion artean aseguruak jartzen hastera behartuz. Ezproiaren ertzean mantenduz, pixkanaka eskuinean urrun ikusten genuen orratz batera hurbilduz joan ginen, poliki, baina gelditu gabe. Zoritxarrez, metroak irabazten genituen heinean elurra biguntzen zihoan. Hau dela eta, elurretik baino belarretik erdi-eskalatuz, orratzaren gailurrera iritsi ginen.
"...eskuinean urrun ikusten genuen orratz batera hurbilduz joan ginen."
Bion artean gutxienez aseguru sendo bat izaten saiatu ginen.
Atzera begirada, goiko argazkiko asegurua jasotzen.
Ezproiaren ertzean berriro ere.
Orratzaren gailurrera igo eta honen bestaldean ikusi nuena aho zabalik utzi ninduen. Nire azpian, 20 metro eskasera, Asier erlaitz ikusgarri baten ertzean zegoen ipar-hormari begira.
Asier erlaitz ikusgarrian eta hemendik gora jarraituko genuen bidea.
- Hemen kanal bat datorrela emateo - esan zidan.
- Eztakit, hemengo neguko eskaladak eztie oso ezagunek.
- Hala da baña honen nortean biden bat baño gehio irikita daula ustet.
Asier niri begira gelditu eta geldirik mantentzeko esanez, argazki kamera atera eta "ratatata" metrailatu ninduen: "kriston leku fotojenikon zare!!!" Bota zidan argazki kamera zorrora itzuliz.
"Kriston leku fotojenikon zare!!" Argazki hau etxean ikusi arte ez nintzen honetaz ohartuko.
Eskalada osoan pasako genuen tentsiorik handiena hurrengo metroetan izango zen. Asier ezproiaren ertzetik jarraitzen saiatu bazen ere, elurraren biguntasunak segurtasun distantzi handiago bat hartzea behartu zuen. Pare bat pitzadura atzean utzi ondoren, elur bigunarekin borrokan, gainean genuen orratzera zuzendu zen.
- Elurre paretatik separauta dau!!! - Bota zidan bat batean.
- Bufffff!!!! Kontuz ibili ordun.
Goiko orratzari begiratu eta berriro ere nigana zuzendu zen:
- Merezi du horrea igotzea?
- Holako elurrekin eztet uste, gañea buelta haundie emango deu ta elurre oaindik eta gehio bigundukoa - erantzun nion - igual hobe zaren lekun trabesi bat ittea ta listo.
Goiko orratza eskalatzea baztertua, Asierrek ezkerrera zeharkaldi horizontal bat eginez jarraitu zuen, elurretan baino, pioletak oraingoz gogor mantentzen ziren lur eta belarran sartuz. Berak aseguru bat jarri arte ni ez nintzen mugitzen, bion artean aseguru bat gutxienez zegoela bermatuz. Zeharkaldian, tarteka elur-geruza eta lurraren artean 20 zentimetro zeuden, hauen artean hondorik gabeko arraila zabalduz. Hau gutxi ez bada, 55º inguruko horma zeharkatzen ari ginela kontutan izanda, oinen azpiko amildegi sentsazioa ikaragarria zen. Ideia bat egiteko, argazki kamerak beraien zorroetan mantendu genituen, piolet bakarrarekin hormara lotuta mantentzeko beldur ginelako.
Zeharkaldiaren amaieran, belarrez estalitako 3-4 metroetako irtengune bat eskalatu eta, 50º inguruko elur-pala bat diagonalean zeharkatuz, parean genuen orratzaren oinera zuzendu ginen.
Zeharkaldiaren ondorengo elur-palan, pareko orratzera zuzentzen, bion arteko harkaitzean aseguru bat ikusi daiteke.
Orratzaren oineko harkaitzetara iritsi bezain pronto, Asierrek friend handi bat trabatu eta, zama handi bat lurrean utzi duenaren moduan, arnasa sakon hartu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.
Bigarren orratz hau ezkerretik eskalatu genuen eta, goi-mendian nolakoak diren gauzak, eskalatzen jarraitzeko, harria bezain gogorra zuen izotzezko tximini tente bat (60º inguru) eskalatu behar izan genuen.
Izotzezko tximinira zuzentzen.
Tximinia atzean utzita, eskuinera bota ginen eta M3/III zailtasuneko hormatxo bat eskalatu genuen, harriak ez botatzeko kontu handiz, orratzaren puntara iritsiz. Gelditu gabe, orratzaren atzean dagoen 55º inguruko elur-pala eskalatuz eguneko hirugarren orratzaren gailurrera iritsi ginen.
Hirugarren orratzera eramango gintuen elur-pala eskalatzen.Azpian, eskalatzen diren beste orratzak ikusi daitezke, ezkerren dagoena guk zeharkaldiarekin ekidin genuena da.
- Nik e aurretio ibili beharko naiz, ezta? - Bota nion orratzaren gailurrera iritsi nintzenean - zugatio bada bestela puntaño arrasota irikitzen jarrittukozu, jejeje.
- Gañea dauneko expressik gabe geldittu naiz - erantzun zidan arnesetik zintzilik zituen friend eta artaka-trabagailuak emanez.
Aurrea hartuz, orratzaren gailurra osatzen duten harkaitzen artetik pasatu eta bidearekin jarraitu nuen.
Hirugarren orratzaren gailurra osatzen duten harkaitzen artetik pasatzen.
Orratzaren bestaldean, lehenengo orratzan gertatu bezala, erlaitz ikusgarri bat azaldu zen. Bertara jaisten nintzen bitartean, goiz osoan atseden hartzen aritu zen haizea pixkanaka indarra hartuz hasi zen, biguntzen hasita zegoen elurrak antolatutako festara batuz.
Bigarren erlaitz ikusgarrian, nire gainean, urrun, Llena del Bozoko gailurra.
Asier erlaitzan, haizeak soka batera eta bestera eraman zuen. Ezproiaren eskalada osoan ikusmira itzela da.
- Ezkerretio huella hoi ikustezu? - Galdetu zidan Asierrek.
- Bai.
- Hoi jaitxiera da?
- Ez, jaitxiera mendin bestalden dau - erantzun nion - pentsatzet hoi beste igoera batekoa izangoela.
Ezkerreko arrastoa hura tentagarria bazen ere eta azkeneko elur-pala honetako elurra gogorragoa bazegoen ere, bion artean aseguru bat egon zedin, gailurrera zuzen zuzendu beharrean, harkaitz batzuetara zuzendu nintzen, bai eta bertan friend bat sendo trabatu ere.
Friend-a trabatzen...
... eta friend-a "destrabatzen", jejeje.
Azken metro batzuen ondoren, ipar-mendebaldeko gandorraren gainera igo eta, bertako ahotik azken metro batzuk oinez egin ondoren, Llena del Bozoko gailurrera iritsi ginen.
"... azken metro batzuk oinez egin ondoren, Llena del Bozoko gailurrera iritsi ginen".
Gailurrean haizeak gogor jotzen zuen, sentsazio termikoa dezente jaitsiz. Gurekin batera iritsi zen eskiatzaile bati argazki bat egiteko eskatu ondoren, ipar-ekialdera pasa ginen, haizeagatik nolabait babestu eta eskaladako materiala motxiletan gordetzeko asmoarekin. Zerbait jatea berehala baztertu genuen: "haizeik eztaun lekun baten zeoze jango deu!!".
Materialal motxiletan gordetzen genuen bitartean, eskiatzailea, gure zeregin eta pentsamenduetatik urrun, eskiak jantzi eta agurtu ondoren maldan behera ziztu bizian desagertu zen.
Llena del Bozo, 2.566 metro. Beste amets bat betea!!!!.
Gailurrean ez ginen denbora luzean egon eta materiala jasotzearekin batera, hozten hasitako gorputzak mugimenduan jarri genituen berriro ere.
Martxan berriro ere, Asierren eskuinean Aspe eta Llena de la Garganta...
Jaitsiera Napazal pasabidetik egin nahi genuenez, hegoaldera zuzendu ginen, ekialdeko horma gure ezkerrean utzi eta parean dagoen inbutu edo lepo antzeko batera zuzenduz.
Lepora zuzentzen. Atzean, urrun, Jakaren gainean dagoen Oroel mendi zabala ikusi daiteke.
Lepoa zeharkatu ondoren, 45º inguruko malda bat jaisten hasi eta pixkanaka ipar-ekialdeko noranzkoa hartuz joan ginen, azpian ikusten genuen Napazal pasabide nabarmenera zuzenduz.
Napazal pasabidera arte gutxi gora behera jarraitutako bidea. Argazkian, elurraren erdian ikusten diren bi puntuak gorako bidean zetozen bi mendizale dira. Argazkian Aspe eta Llena de la Garganta mendiak ere ikusi daitezke.
Hegoaldetik, Aísako bailaratik ziurrenik, bi mendizale zetozen, bakoitza bere abiaduran, bakoitza bere pentsamenduetan murgilduta.
Napazal pasabidera arteko jaitsiera ez da arriskutsua baina bai, tarte batean baino gehiagoan, kontu handiz ibili beharrekoa, maldak inklinazio polita hartzen baitu. Kontutan izanda nekearen eraginez jaitsieran istripu ugari izaten dela, metro hauek zuhurtziaz jaitsi genituen.
Napazal pasabidera hurbiltzen. Napazal pasabidearen ondoan bi mendizaleetako bat ikusi daiteke.
Bi mendizaleekin gurutzatu eta biak agurtu ondoren Napazal pasabidera iritsi ginen.
Napazal pasabidetik atzera begirada. Gutxi gora behera jaitsieran jarraitutako bidea marraztu dut.
Napazal bidetik beherako jaitsiera.
Pasabidearen bestaldera hurbildu eta, hasiera batean, atzeraka bota gintuen.
- Ostia, ze tentea den!!! - Bota nion Asierri.
- Jaitxiera kontu haundiz hartu beharko deu.
Lehen metroak hormari begira egin ondoren, buelta hartu eta maldari begira jaisten jarraitu genuen. Eguzkiaren izpietatik babesean egonda, elurra gogor-gogorra zegoen, jaitsiera erraztuz.
Jaitsieraren lehen metro tenteak atzean utzi ondoren.
Kranpoi eta pioleten puntak elur gogorrean sendo sartuz, metroak kontu handiz jaisten joan ginen, parean genuen "Midi"-a gidari genuela.
"... Midi-aa gidari genuela".
Metroak galdu ahala, Napazal pasabidetik jaisten den kanalak inklinazioa galduz zihoan, azkeneko metroak pioleten laguntzarik gabe jaisteko aukera emanez. Egun argitan, ilunpean ikusi gabeko bide eta paisaia ikusteko aukera izan genuen:
- Malda hoi gauen jaitxi deu, eh? - Galdetu zidan Asierrek, ordu batzuk lehenago Llena del Bozok iparrean osatzen duen bailarara eraman gintuen malda seinalatuz.
- Hala emateo - erantzun nion - hobe deu hortio igo aurretio zeoze jateko atseden bat hartzea, jejeje.
- Bai, hola pioletak gordeko ditteu.
"Malda hoi gauen jaitxi deu, eh? - Gadetu zidan Asierrek".
Handik gatoz...
Kanalaren azpian, GR-11 bidearekin berriro ere bat egin genuenean, harkaitz baten atzean, haizearen babesean, atseden hartzea erabaki genuen. Eguneko bigarren barratxoa murtxikatzen genuen bitartean, ipar-ekialdeko ezproia, animali mitologiko erraldoi baten bizkar hezur ikusgarriaren moduan, bere osotasunean azaldu zitzaigun. Sentsazio arraroa sortzen da eskalatu duzun horma bat bere osotasunean ikusten duzunean eta askotan "hortio igo gea?" galdera lehenago edo beranduago botatzen da.
Pioletak motxiletan gordetzen genituen bitartean eskalatutako pasabide ezberdinak identifikatzen saiatu ginen: sarrerako kanala, zeharkaldi horizontala, orratzak...
Ipar-ekialdeko ezproia bere osotasunean.
Material osoa gordeta zegoela egiaztatu genuenean, pisua hartutako motxilak sorbaldetatik zintzilikatu eta mendiak osatzen duen ipar bailaratik aterako gintuen malda igotzen hasi ginen.
Igoeran hankak nekatzen hasita zeudela nabaritu genuen. Honegatik lasai hartu genuen, presarik gabe, ibilbideko arriskurik handiena atzean utzita zegoela jakinda. Noizik eta behin atzera begiratu eta mendiari argazkiak egiten genizkion, edozein momentuan ihes irtengo zenaren beldur izango bagina bezala.
Asier Llena de la Garganta eta Llena del Bozo atzean dituela.
Igoeran ilunpean pasatako paisaiak egunez "deskubritzeak" zirrara sortzen dit beti, jaitsieran bide bera jarraitzen badut ere, erabat ezberdinak diren munduak zeharkatu ditudala sentitzen baitut. Oraingoan ez zen ezberdin izan, batez ere bailararen amaieran Candanchu eski-estazioa azaldu zenean.
"Oraingoan ez zen ezberdin izan...".
Jaitsieran, elurra leku askotan oso biguna topatu genuen, batean baino gehiagoan ezkutatutako zuloetan belaunetaraino sartu eta muturreko ederren bat edo beste hartuz.
- Oain hemen miñe hartzea behar deu - esan nion Asierri eroritako lekuetako batean - etxekok etziguten sinistuko ibiltzeko leku baten izan zenik, jejeje.
- Seguro ezetz - erantzun zidan - eskalatzen izan zela pentsauko zuen, jejeje.
Candanchu gertuago... Puntu zuriz gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.
Bederatzi orduetatik gora bakarrik eta erdi ixilpean ibili ondoren, Candanchuko "zibilizaziora" itzuli ginen. Eskiatzaile mordoaren artean, desagertzeko zorian dauden bi animali bakartien moduan sentitzen ginen, elkarren artean ezer antzik izango ez bagenu bezala.
"Zibilizazioan" berriro ere.
Furgonetara iritsi eta, bizi-bizi, arropaz aldatu eta traste guztiak jaso genituen, Candanchutik ahalik eta azkarren "ihes" egiteko. Dena ongi joan eta etxerako bidean gindoazela esanez etxekoei mezuak bidali ondoren, Asierrek furgoneta martxan jarri eta atzerako ispiluan eski-estazioa urrunduz zihoan heinean, etorri ginenean bezala, energia berritzaile batek indarra hartzen zuela sentitu nuen. Amets berri bat betea genuen, dena ongi atera zen eta etxera onik itzultzen ginen, lagun bezala, sokada bezala. Gehiagor eskatzerik ba al dago?
Amaitzeko, munduaren bestaldean gurekin batera mendian gora irten zen Denis Urubkoren berri egun bat beranduago izan genuen. Eskaladaren hasieran, elur-jausi batek 100 metrotan zehar eraman zuen. Eskalatzen jarraitu eta, 7.000 metro inguruan, soka finko bat apurtzearen ondorioz izan zuen 50 metroetako erorketaren ondoren, saiakera bertan behera utzi eta Oinarrizko Kanpamendura itzultzea erabaki zuen. Oinarrizko kanpamendutik, 31 urteren ondoren, goi-mailako alpinismoa utziko duela iragarri du. Honen inguruko informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Valle de Canfranc, Valle de Aísa, Candanchú-Astún mapa, escala 1:25.000. Editorial alpina, 2019.
- Mendiak.net web orria. 2011/02/13. "Espolón Noreste Llena del Bozo". Elarrek idatzia. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=36129
- Fidel Mendia bloga. Llana del Bozo, espolón NE. Eskuragarri: http://fidelmendia.blogspot.com/2020/01/llana-del-bozo-espolon-ne.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina