2018ko errege egunean elurra mara mara bota zuen. Negu honetako hirugarren elurtea dagoeneko, badirudi denbora batean Goierriko mendietan elur faltarik ez dela izango. Azken elurte hau xelebrea izan zen: Goierriko herriak zuritzen ziren bitartean, Goierri inguruko eskualdeetan elurrak izandako eragina ez zen hain handia izan. Ordizian, elurra kentzeko makina gora eta behera gelditu gabe ibili arren, bigarren itzulia egiten zuenerako errepidea zurituta zegoen, kotxe gidarien artean ezustekoren bat baino gehiago sortuz. Denbora zen Goierriko herriak hainbeste zuritu ziren azken egunetik eta, hogeita lau ordutik gora etengabe botatako elurtearen ondoren, etxeko terrazan elur maila 12 zentimetroetara iritsi ginen.
Etxean elurrarekin jolasten...
Ordizia eta Aralar zuri-zuri.
Bat-batean elur asko botatako egunak ez dira mendian ibiltzeko onak izaten, elurrak ondo egonkortzeko denbora behar izaten duelako, honen testigu elurtearen biharamunean Txindokiko mendebal aurpegia erraztatu zuten elur-jausi handiek, zeintzuk Txindokiko ohiko bidea eta Oria iturria ere erabat estali zuten. Ez zen zauriturik izan baina naturaren indarraren aurka beste behin agerian gelditu zen.
Txindokin elur-jausia izandako lekuaren kokalekua.
Gertuago...
Lekuk Oria iturriaren kokalekutik egindako argazkia.
Ekaitzaren ondoren barealdia datorrela esaten den arren, elurtearen ondorengo egunetan eguraldi txarrak bere horretan jarraitu zuen, egun hotz, goibel eta euritsuak tartekatuz. Elurtearen ondorengo asteburuari begira, iragarpenek fronte berri bat zetorrela bazioten ere, larunbatean eguerdira arte ateri mantenduko zela iragarri zuten. Mendira joan nahi banu hau izango zen aste osoko aukera bakarra.
JARRAITUTAKO IBILBIDEA
Ibilbide honetan Olakosaitik Ausa Gaztelura gehien jarraitzen diren bideak ezagutzeko aukera dago. Kronika honetan azaldutako igoera 2013an azaldutakoaren antzekoa bada ere, oraingoan, nahiz eta Olakosaitik doan bide zuzena aukeratu, teknikoki errazagoa den bidea jarraitzen dela esango nuke, eskuak inongo momentuan erabili gabe igotzeko aukera ematen duena. Jaitsiera, Olakosaitik Ausa Gazteluko Errekontako lepora arte doan pistatik egin nuen, jaitsiera gozoa eta Txindoki eta Aizkorriko kanalen ikusmiraz gozatzeko aukera aparta ematen duena.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 5,6 kilometro.
- Punturik baxuena: Larraitz, 425 metro.
- Punturik altuena: Ausa Gaztelu, 904 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 525 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Olakosaien dagoen “Akapulko” elkartearen ondoan iturri bat dugu.
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka zailtasun teknikorik baina jaitsieraren lehen metroetan arreta jarri beharko dugu, batez ere harkaitza bustia badago.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oinez lasai-lasai, argazkiak egiteko eta atseden hartzeko denbora hartuz, igoera eta jaitsiera ia bi orduetan bete nuen. Arin-arin eta gelditu gabe ia denbora erdian egin daiteke.
Ibildea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO
Olakosaira iristeko deskribapen zehatza kronika honetan azalduta dago.
DESKRIBAPENA
Goizeko zortziak eta laurdenetan esnatu nintzenean ez nuen mendira joateko gogorik. Komunera sartu-irtena egin eta berriro ere ohean sartzear nengoela logelako leihora hurbildu nintzen. Erdi itxiak nituen begiak bat-batean zeharo ireki zitzaizkidan. Aurrean nuen ikuskizuna paregabea zen. Elurtutako Txindokiren inguruan txingar moduan gorritutako lainoak haizeak jarritako musikarekin dantzan zebiltzan, beraiekin dantza egiteko gonbidapena egiten arituko balira bezala. Erlojua zeharka begiratu eta eguerdirako espero zen euritea iritsi aurretik mendi irteera azkar bat egitea erabaki nuen.
Egunsenti honekin mendiari ezin ezetzik esan.
Ohearen ertzean eseri, Itziri muxu eman eta “mendia nijo” esan nion. “Noa?” erantzun zidan erdi-lo. “Gaztelua”, erantzun nion.
Korrika batean jantzi eta motxila egin, mendiko botak zorroan sartu eta, behar nuen guztia hartuta nuela egiaztatu ondoren, gosaltzeaz ahaztuta, ziztu bizian kotxean sartu eta garajea utzi nuen: “gaurko asmoa poliki igotzea denez, barauriko entrenamentue ondo etorrikoa” pentsatu nuen gosaldu gabe nindoala ikusi nuenean.
Olakosaira bederatziak jo aurretik iritsi nintzen. Kotxea aparkalekuan utzi, mendiko botak eta polainak jantzi, makuluak motxilan gorde eta, erlojuko GPS-ak zeruan bueltaka dabiltzan sateliteak hartu zituenean, izurrite batetik ihes izango banintz moduan, arin-arin hasi nintzen, lurrera baino zerura gehiago begiratuz. Bi helburu nituen: ahalik eta bihotz taupada baxuenak eramatea eta ahal zen neurrian makulurik gabe igotzea, hankekin indarra egin eta gorputzaren oreka lantzeko, hemendik makuluak motxilan eramatearena.
Aparkalekutik egindako argazkia eta hasieran igotzen den maldaren nondik norakoak. Ikusten den eraikina "Akapulko" elkartea da.
"Akapulko" elkartearen ondoko iturritik pasatu eta, lurreko pasabide metalikoa zeharkatu ondoren, jaitsieran jarraituko nuen pista utzi eta mendian gora hasi nintzen.
"Akapulko" elkartea eta lurreko pasabidea gurutzatu ondoren jarraitu beharreko bidea.
Aurretik nuen malda ezaguna nuen, izan ere mendi lasterketak prestatzen ditudanean maldetako serieak hemen egiten ditudalako. Malda gogorra da, lasai eta pazientziaz hartu beharrekoa. Bihotz taupadak ahalik eta baxuenen mantentzeko asmoz, hasierako abiadura moteldu eta maldan gora poliki hasi nintzen. Eguraldi iragarpena zela eta, euria hasiz gero motxilan euritarako txamarra nuela jakiteak lasaitasuna eman zidan: “txarrenetio galtzak bakarrik bustikoie” pentsatu nuen.
Maldaren lehenengo metroetan, aparkalekua denbora gutxian behean gelditzen da.
Deigarria da urtaroaren arabera mendia nola aldatzen den. Urtean zehar behi, zaldi, garo eta oteaz betea dagoen malda eta bide nabaria belar eta lokatzez estalita zegoen. Igoeraren lehen metroak ez nituen eroso igo pare bat alditan irrist eginez. Hirugarrenean irrist egin nuenean makuluak motxilatik atera eta hauen laguntzarekin igotzen hasi nintzen: “akabo oreka entrenamentue, jejeje”, pentsatu nuen.
Malda honen igoeran pista bat hiru aldiz zeharkatzen da, denbora eta tarte gutxian metro asko irabaziz. Hala ere, pultsometroaren morroi, bihotz taupadak baxu eraman nahi izateagatik, arnasketa lasai eta izerdirik bota gabe poliki nindoan.
Pistan egiten den lehen zeharkalditik gora egindako argazkia. Puntu urdinez bidea are eta zuzenago egiteko aukera, baina igotzen diren lehen metroak ez dira erosoak.
Pista zeharkatzen den bigarren lekutik behera egindako argazkia. Lokatza nabaria da.
Puntu beretik gora egindako argazkia, puntu urdinez aukera zuzena hartu nahi bada jarraitu beharreko bidea.
Hirugarren aldiz pistara iritsitakoan bi aukera daude: zuzen jarraitzea (2013ko kronikan egin genuen moduan) edo eskuinera jotzea pista jarraituz. Lehenengo aukera zuzenagoa bada ere, lehen metroetan oso tentea da eta belarra oso luzea egoten da igoera deserosoa bihurtuz. Hau dela eta zegoen lokatza kontutan izanda, pista jarraitzen hasi nintzen bi bihurguneren ondoren aska batera iritsiz.
Pistan eskuinera hartu ondoren.
Aska eta hemendik gora dauden bi aukerak.
Askan ere, jarraitzeko bi aukera daude: pista jarraitzea edo askaren ezkerretik diagonalean jarraitzea ezkerrean dagoen pinudiaren ingurura iritsi eta hemendik gora zuzen igotzeko. Oraingoan, maldaren zati deserosoa atzean zegoela jakinda, bigarren aukera hartu eta pinudiaren ertzera iritsi nintzenean pistarekin berriro ere bat egin nuen. Orain arteko igoera hodeiak dantzan zituen haizeagatik babestua egina nuen arren, pistara azkenekoz iritsi nintzenean, haize bolada batek nire pentsamenduetatik esnatu eta haizea hezurretaraino sartu zitzaidan.
Maldaren azken metroetan, pistarekin bat egin aurretik.
Bitan pentsatu gabe motxilatik haizetarako txamarra, belarriak estaltzeko buruko zinta, lepoko zapia eta eskularruak atera, dena jantzi eta, gorputza haizeagatik babestuz, aurrera jarraitu nuen pinudia nire ezkerrean utziz. Kuriosoa bada ere, mendian batzuetan eroso edo deseroso ibiltzearen arteko muga nylon geruza fin baten menpean besterik ez dago. Parean nuen zelaiaren gainetik Ausa Gaztelu eta Txindokiko gailur elurtuak nabarmentzen ziren paisaiari nolabaiteko negu-ukitua emanez.
Pistan, parean Txindoki eta Ausa Gaztelu.
Pista 50 metro inguruan jarraitu ondoren Olakosaitik Errekontako lepora doan pista nabariarekin topo egin nuen, jaitsieran jarraituko nuena, alegia. Pista nabari hau beste 100 metro inguruan jarraitu eta, eskuinera doan bihurgunearen ondoan, lizar pare batez babestutako askara iritsi nintzen.
Olakosaitik Errekontako lepora doan pistarekin bat egiten den lekua. Jaitsieran pista besterik ez nuen jarraituko.
Lizarrak dauden aska eta pista utzitako lekua.
Askatik gora igotzeko aukera ezberdinak dauden arren, nire ustez errazena askaren eskuineko mendi magaletik gora igotzea da, magalaren gandorrera pixkanaka hurbilduz eta Ausa Gazteluren gailurra osatzen duen harkaitz hormaren azpiko bi elorri nabarmen erreferentzi bezala hartuz.
Askaren eskuineko mendi magalean gora gutxi gora behera jarraitutako bidea.
Bdiea jarraitzeko erreferentzi bezala hartzen diren bi elorriak eta bide zuzenagoa egin nahi bada igotzen den belar kanala.
Metroak irabazi ahala haizearen txistua gogortuz zihoan tarteka makuluak lurrean sendo sartzeko arazoak izanez. Lehenengo elorrira iritsi aurretik belarrezko kanal nabari batetik zuzen igotzea badago gailurraren mendebaldean dagoen zabalgune batera iritsiz. Zabalgunetik gailurrera iristeko biderik zuzenenak trepadatxo bat egitea eskatuko digu. Gailurra hegoaldetik inguratzea ere badago, baina hau egiteko erraz, seguru eta azkarragoa da nik jarraitutako bidea. Honetarako, lehenengo elorria atzean utzi eta bigarrenera iritsi nintzenean honen eskuinetik zeharka doan xenda hartu nuen Ausa Gaztelura hegoaldetik igotzen den bidearekin bat egin arte. Hemendik gora, hodeien moduan, haizearen musikarekin dantzan Ausa Gazteluren gailurrera iritsi nintzen.
Aizkorri eta bere kanalak zuri-zuri bere osotasunean nire pausuak zaintzen.
Erreferentzi bezala hartzen diren bi elorriak eta hemendik gora jarraitutako bidea.
Ausa Gazteluren gailurrera iristen.
Haizearen enbaten eraginez zutik mantentzeko nahiko lan nuen, argazkiak egiteko zer esanik ez, eta argazki kamera segundo gutxietan egonkor mantentzea lortutako une eskasetan gailurreko bi buzoi, Txindoki eta Aizkorriko kanalei hainbat argazki egiteko aprobetxatu nuen. Trago bat ur azkar-azkar edan, Itzi eta MAT taldekoei gailurrean nengoela esan eta, haizeagatik ihesi, beherako bidea hartu nuen.
Ausa Gaztelutik dagoen Txindokiko hego-mendebaldeko aurpegiaren ikusmira ikusgarria. Aurpegi honetatik egiten den igoera, ezaguna izan gabe, teknikoki ez da zaila eta ederra da. Igoera honen ingurukoak hemen irakurri daitezke.
Buzoietako batetik Aizkorrira egindako argazkia.
Aizkorri eta bere kanalak gertuago, noiz joango gara?
Ausa Gazteluren beste buzoia eta Txindoki handia.
Haizearen indarragatik hasiera batean igotako bide bera jarraitzea pentsatu banuen ere, azkenean Larraitzetik datorren ohiko bidetik jaistea erabaki nuen, modu honetan aspaldi ikusi gabeko Karlosi bisitatxoa egiteko.
Buzoiatik behera, jaitsieraren lehen metroetan dago ibilbide osoan arreta handiena eskatzen duen tartea, mendizaleen joan etorri eta eguraldiaren higaduragatik labainkorra egoten dena. Oraindik urtu gabeko elur plaka bat zegoenez, tarte hau esku eta oinak harkaitzean kontu handiz jarriz jaitsi nuen. Zailtasunak atzean utzita, igoeran ia elurrik topatu ez nuenez, haizeagatik erdi-babesean zegoen harkaitz baten ondoan polainak kentzeko tartetxoa hartu nuen: “hola eztittut alperrik zikinduko” pentsatu nuen.
Tarte "konplikatua" atzean utzi ondoren egindako argazkia.
Hemendik beherako jaitsierak misterio handirik ez dauka eta “Z” zabal batzuk marraztuz Ausa Gazteluren hego ekialdeko aurpegi maldatsua jarraitu nuen beheko Errekontako leporaino. Tartean, Ausa Gaztelura igotzen naizen bakoitzean egiten dudan moduan, metro batzuetan bidetik desbideratu eta Karlos lagunari jarritako oroitarrira hurbildu nintzen berarekin solasalditxoa izateko. Karlosekin hitz egin eta, beti bezala, hunkituta, jaitsierarekin jarraitu nuen Txindokiri behin eta berriz, haizearen baimenarekin noski, argazkiak eginez.
Karlosen omenez jarritako oroitarria.
Errekontako lepora iritsitakoan hiru aukera daude: ipar ekialdera doan bidexka jarraitzen badugu Larraitzera, hegoaldera jarraitzen badugu Eniriora eta mendebaldera doan pista jarraitzen badugu Olakosaira zuzenduko gara. Nik hirugarren aukera hartu nuen.
Errekontako lepoan ditugun hiru aukerak.
Txindokiren hego-mendebalde aurpegi ikusgarria. Elur-jausiek egindako "sarraskia" ikusi daiteke.
Errekontako lepotik gora egindako argazkia, Karlosen oroitarriaren kokalekua adierazi dut.
Pista, igoeran utzi nuen puntura arte laua da eta Ausa Gaztelu hegoaldetik mendebaldera inguratzen du. Aizkorriko kanalen ikusmira ikusgarria parean, ibilbidea lasai hartu eta argazki kamera sutan jarri nuen. Ez dakit Murphy-ren legeagatik edo baina argazki kamera ateratzen nuen bakoitzean haize ufadak gogortzen zirela iruditu zitzaidan. Argazki kamera ahalik eta sendoenen hartu, arnasari eutsi eta argazki bera hiru-lau aldiz egiten nuen “hauetako bat sikiera mugitube ateako dela esperoet” itxaropenarekin.
Olakosaira doan pistara hurbiltzen.
Aizkorriko kanalak berriro ere.
Pista Ausa Gazteluren inguraketa egiterakoan laua da.
Artzain etxola batzuetara iritsitakoan pistak iparreko norabidea hartu eta igoeran pista utzitako askara iritsi nintzen, igoerako bidearekin bat eginez.
Artzain etxoletara hurbiltzen.
Gertuago... Ikusmira itzeleko talaia.
Desfokuratzearekin jolasten.
Hemendik behera bideak ez dauka ez misterio ezta galtzeko aukerarik eta pista jarraitu besterik ez nuen egin, metroak galdu eta haizeagatik babestuz nindoan heinean arropa kendu eta motxilan sartuz. Igoerarekin egin nuen bezala, jaitsiera ere lasai hartu nuen basoa eta Txindokiri argazkiak eginez.
Puntu urdinez igoerako bidea marraztu dut. Oraingoan pista jarraitzea besterik ez da.
Pistak zeharkatzen duen pagadian.
Txindokiko mendebaldeko gandorra bere osotasunean.
Gertuago...
Abiapuntura hurbiltzen.
Akapulkora iritsi nintzenean, bertako iturrian botei ahal izan nuen lokatz handiena kendu eta trago bat ur edan ondoren kotxera itzuli nintzen ibilbide motz eta eder honi amaiera emanez.
Lurreko pasabidera iristen, ibilbidearen amaiera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina