AZKEN 10 SARRERAK

2021/01/12

LARRUNARRI (TXINDOKI), HEGO-MENDEBALDEKO HORMAKO "COULOIR"-ETIK, AD/M3/III-III+. 2021/01/06


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Negua ezohiko doa, urte ezohiko baten luzapen ironikoaren modura. Eguberriak ohiko bihurtu den maskararen atzean bizi izan ditugu, ospakizunik gabe, senideekin elkartu gabe eta, hau ezin ahaztu, kontsumitzeko aukerarik gabe, triste, askorentzat munduaren amaiera izango balitz bezala. Neguak hala ere, koronabirusari keinu maltzur bat egin nahiko balio bezala, mendizaleoi elur moduan opari ederra ekarri digu eta, hau ere ezohiko, etxe-ondoko mendiak soineko zuri potolo batekin jantzi ditu. Ezohiko elur geruzak neurtzen ari dira ohiko mendietan, baita ezohiko mendietan ere. Eta elurrak, nola ez, mendiak elur-zale garenokin bete ditu: mendizaleak, trineozaleak, eskizaleak, erraketazaleak eta, beste adjetiborik gabe, elur-zaleak besterik ez direnak. Eta zale hauek guztiak, gizartearen isla, sare sozialak elurretako argazki eta bideoez betetzen ditugu egunero, zein ala zein ikusgarriagoak, elurtutako egun bakoitzaren kronikan paragraforik ederrena nork idatziko duen lehian egongo bagina bezala.

  Larrunarri Errege egunaren bezperan.

Eskaladari dagokionez, elurtutako ezohiko egoera honek ateak ireki dizkio neguan eskalatzea ezohiko diren horma eta kanalei. Hau izan zen kronika honetako eskalada burutu ahal izateko aitzakia.

Larrunarriko hego-mendebaldeko horma aspalditik nuen begiak jota. Ausa Gaztelutik, Mikel Saez de Urabainek "Puntako Haitza" bezala identifikatutako eskalada-sektorearen eskuinean dagoen horma honi prismatikoekin begira pasatako orduak luzeak izan dira, bertatik egindako argazkiak asko izan diren bezala. Hormaren erdian, harkaitzezko ezproi zabal batek, koaderno baten erdiko alanbrearen modura, belarrez erdi estalitako bi horma bereizten ditu: eskuinekoa, bietatik "etzanena", Larrunarriko gailur eta gailurraurrearen arteko lepoan amaitzen da. Ezkerrekoa aldiz, gailurraren azpian dagoen horma makurtu batera arte luzatzen da. Bi horma hauek gertutik ikusteko Larrunarriko hego-mendebaldeko zeharkaldira egindako bisitak asko izan dira, baita elurrik gabe eskalatzeko saiakera pare bat ere. Saiakera hauetan konturatu nintzen horma hauek neguan izan zezaketen potentzialaz.

Ipar-medebaldeko horma eta denbora luzean inbestigatzen aritutako bi hormak. Ezkerreko hormaren ezkerrean dagoen horma bertikala Mikel Saez de Urabainek "Puntako Haitza" bezala identifikatutako sektorea da.

Larrunarrin elurra ondasun galkorra izaten da eta ongi aukeratu behar izaten dira negu giroan eskalatu nahi diren bideak. Honegatik, bi horma hauetatik zeini eman lehentasuna? Erantzuna Imanol Urrestarazu ordiziar mendizale eta parapentistaren bideo batean topatu nuen. Imanolen hegaldietako bideo zoragarri batean, ezker horman gailurrera zuzen-zuzen iristen den couloir "ezkutu" bat ikusi daiteke. "Ezkutua" diot, couloir hau beste leku batetik ikustea kosta egiten delako. Bideo hau behin eta berriz ikusteak couloir hau eskalatzeko garra piztu zidan: "hortio igotzea saiau beharren gare".

Imanol Urrestarazuren bideoaren fotograma bat. Puntu zuriz, Larrunarriko hego-mendebaldeko zeharkaldia. Couloir-a non dagoen ikusi daiteke.

Imanol Urrestarazuren bideoaren beste fotograma honetan couloir-a bere osotasunean ikusi daiteke. Gure asmoa gailurrera zuzen irtetea bazen ere (puntu zuridun bidea), elurraren baldintzak behartuta horma makurtuaren azpitik zeharkaldia egin eta gailurraren ezkerrera irten behar izan genuen (puntu gorridun bidea).

- Txindoki ez da Aizkorri bezela - esan zidan Mikel Saez de Urabainek afari batean -, Txindokin elurre indagero hotza itten badu, miston eskalatzeko egun batetik bestera kondizio onen jarri daiteke.

Hainbat egunetako elurtearen ondoren, urtearen lehen egunetan hotz handia egin zuen. Larrunarrin negu giroan eskarmentu handiena duen ordiziar alpinista handiak esandakoa gogoan, Leku eta biok Errege eguna horma hau eskalatzeko egunik onena izango zela pentsatu genuen. Oraingoan gainera Joseba izango genuen soka-lagun, joan den uztailean Irauleko orratzaren eskaladaren proiektua gurekin partekatzeko adeitasuna izan zuen berbera. Osagai onenak genituen eskalada arrakastatsu bat burutzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Eskaladari dagokionez, hormaren oinetik Larrunarriko gailurrera 100 metro inguru. Couloir-ak (azpiko horma bertikala zenbatuta) 40-50 metro izango ditu.
- Luze kopurua: Elurraren egoeragatik ez genuen luzeak eginez eskalatzeko aukerarik izan, horma eta couloir-a aseguratzeko moduan ez zegoelako.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik aurkitu baina ziurrenik hain ibilbide nabarmena aurretik eskalatuta egongo dela.
- Zailtasuna: AD/M3/III-III+. Zailtasun hau topatu genuen elur-baldintzaren arabera kalkulatu dugu. Baldintza ezberdinekin zailtasuna aldatu daiteke.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen eta Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan "Tximista" bidetik. Hego-mendebaldeko hormaren oinean, "Tximista"-k eskuinera hartzen duen lekuan zuzen igotzen jarraituko dugu eta, gainean dagoen monolitoak osatzen duen ezproiaren ezkerretik igotzen jarraituz, hego-mendebaldeko zeharkaldira iritsiko gara, horma bertikalaren oinera hain zuzen ere. Zeharkaldira arteko igoera ez da zaila, baina tartean hainbat irtengune tente eskalatu beharko ditugu, elur baldintzaren arabera errazak izan ez daitezkenak. Couloir-a horma bertikalaren eskuin aldean dago.
- Jaitsiera: Larrunarrira doan ohiko edozein bidetik.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko zortzi express-zinta, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, lau iltze ezberdin, bi izotz-torloju txiki (lokatz izoztuan sartzeko), bi elur-hesola eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi, enbor eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Material hau guztia eraman arren ez genuen erabili, elurraren baldintza txarragatik, aseguruak jartzeko aukerarik ez genuelako izan.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ibilbide osoa bost ordu eta erdietan egin genuen.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Elur-baldintzaren arabera ibilbidea aldatu daiteke, batez ere hurbilketa eta jaitsiera.
Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, "Tximista" bidea, gorriz aldiz, hego-mendebaldeko horman zehar egindako igoera.

Krokisa zehatzago. Zailtasun hau topatu genuen elur-baldintzaren arabera kalkulatu dugu. Baldintzaren arabera zailtasun hau aldatu daiteke.

Krokis zehatza beste angelu batetik ikusita.

DESKRIBAPENA

Lanbro itxiak ezkutatutako kotxe aparkatuen artean leku bat bilatzen genuen bitartean, mendizale talde txikiak mendian gora zihoazen. Ez da ohikoa zortziak baino lehen Larraitzen hain mugimendu handia ikustea, neguan batez ere. Lanbroak ezkutatzen bazuen ere, zeru oskarbiko egun eguzkitsu eta garbia iragarrita zegoen, elur-zaleak erakartzeko amurik eraginkorrena.

Kotxea normalean baino urrutirago aparkatuta, motxila astunak bizkarrean, kopeta-argien argi artifizialak argitutako bidearen metroe apurrei jarraituz martxan jarri ginen.

Kopeta-argien argipean.

Bidea izoztua zegoen, lokatza harriaren gogortasunaren pareko. Gogortasun honen lekuko sufrituko genuen jaitsiera, bertan pasako genituelako eguneko tentsio unerik handienak. Bidearen ertzeetako elurra aldiz, hautsa zegoen, aske, bigun, gaueko hotza bertatik oin-puntetan pasa izan balitz bezala.

Lokatza harriaren moduan zegoen, gogor-gogorra. Jaitsieran behin baino gehiagotan irrist egingo genuen...

"Tximista" bidean gora hasi ginenean egoera ez zen asko aldatu, arrastoaren barruan elur gogorra, arrastotik kanpo ordea, elur oso biguna.

"Tximista" bidean gora.

- Goizeko laino gorri, gaueko euri - bota zigun Josebak igoerari bizkarra emanez.

Mendian ikusten diren egunsentiak ezberdinak dira. Une labur batez, paisaiak kolore-panel guztia hartu dezake, elurraren zuritik zeruaren su kolorera arte. Une hau gainera eguneko unerik hotzena ere izaten omen da, ipar-pareta ilun eta izoztu bat eskalatzeko asmoa ez badugu behintzat. Oraingoan, Aizkorri su garretan jarri bazen ere, kolore-panela lanbroak osatutako itsasoan urperatuta gelditu zen.

Egunsentia. Goierri lanbro-itsasoaren azpian.

Aizkorri sutan.

Aizkorriko sutea itzaltzen hastearekin batera maldan gora jarraitu genuen, poliki, seguru, oinak bata bestearen atzetik leku berean automatikoki jarriz.

Igoeran zeharkatzen den hesira hurbiltzen.

Tarteka hego-mendebaldeko hormari zeharka begiratzen nion, igoera posibleak irudikatu nahian. Horma zuria zegoen, orbanik gabe eta harkaitz guztiak elurrezko mantu handi baten azpian estalita, elurrak hormak dituen arriskuak ezkutatu nahiko balitu bezala. Behetik begiratuta, merengezko opil erraldoi hartan zaila zen igoerarik egokiena zein izango zen antzematea.

Merengezko opil erraldoia.

Igoeran dagoen hesia zeharkatu ondoren kranpoiak jartzea erabaki genuen. Gomendagarria izaten da, berandu izan baino lehen, kranpoiak leku eroso batean jartzea. Honetan ari ginela, bidean gora zetorren mendizale kopuruak atentzioa deitu zidan. Mendian pertsona asko ikusten dudanean nire intimidadean sartzen ariko balira bezala sentitzen naiz, ezeroso, berekoi, buruak pertsona pila horren parte ez naizela konbentzitu nahiko balit bezala: "pila besteak dira, zu pilatik aparte gelditzen zara...". Molestatzen nauena ez da kopurua, kopuruak sortzen duen zarata baizik. Bakartiak ez diren lekuetan ibiltzearen ordaina, inongo zalantzarik gabe. Oraingoan gutxienez Pedro Garciarekin "Pedrenglish" hizkuntza praktikatu eta barre batzuk egiteko aukera izan genuen, jejeje. Handia gure Pedro, bai horixe...

Kranpoiak jantzi ondoren beste mendizaleekin sozializatu nahian...

Aldaparen ezkerrean dagoen monolito nabarmenaren parera iristear geundela, "Tximista"-ren arrasto erosoa utzi eta, elurretan belaunetaraino sartuta arrastro berri bat irekiz, monolitora zuzentzen ginen heinean, jendetzaren zarata urrunduz joan zen xuxurla bat izatera iritsi arte.

Monolitora hurbiltzen.

Metroak irabazten genituen heinean elurretan zentimetro gehiago sartzen gindoazen, elurra pilatutako lekuetan ia gerriraino sartuz:

- Paretako elurra gogorragoa egongo da - bota zuen Josebak halako batean.

Josebaren iruzkina kontutan hartuta "Plaka Gorriak" sektorearen eskuinera zuzendu ginen, bertan sortzen den korridore estu eta tentea eskalatzeko moduan egongo zelakoan. Ibilbidea luzatu arren, elur gogorrean azkarrago mugituko ginen, hego-mendebaldeko hormara lehenago iritsiz. Gainera panorama itxaropentsua zen, "Plaka Gorriak" elurrez estalita izateaz aparte, hainbat lekuetan izotza ikusten zelako. Dena alde izan izan arren, nik lehenik eta Josebak gero egindako saiakeren ondoren, amore eman behar izan genuen. Gerritik gora sartu ginen zulo berean itxaropen guztiak "elurperatuta" gelditu ziren.

Itxaropena "elurperatuta" geldituko zen zulotik atera nahian. Argazkia: Joseba Elustondo.

Buelta atzera eta buelta arrastoa elur bigunean irekitzen jarraitzera. Hemendik gorako ibilbidearen nondik norakoak azaltzea ez da erraza, metroak, pasagune erosoenak aurkitu nahian, ahal izan genuen moduan irabazi genituelako.

Lehen metroetan monolito nabarmenaren eskuin hormatik gertu mantenduz igo ginen, elurra "sakonegi" bihurtu zen arte. Orduan, monolitotik aldenduz, elur-palaren erditik igotzen jarraitu genuen.

Elur-palaren erdian arrastoa irekitzen.

Elur-pala hau beraien artean txilar eta belarra duten harkaitz-plakaz osatuta dago. Oraingoan ordea dena leun zegoen, koskarik gabe, eta elur geruza handiaren azpian ezin genuen ezberdindu ez harkaitz-plaka ezta belar edo txilarrik ere, itsuan igotzera behartuz. Arrastoa irekitzen ari zena elurrean kateatuta gelditzen zenean, bigarren zihoana tarte "erosoago" bat aurkitzen saiatzen zen.

Harkaitz-plaken artean, pasagune "eroso" baten bila...

Erreferentzia bakarra eskuinean genuen monolitoa zen, honen ezkerretik igotzen jarraitu behar genuela genekielako.

Monolitora zuzentzen.

Monolitoaren azpira iritsi ginenean egoera ez zen hobetu. Honen ezker hormatik gertu mantenduz, elur eta maldarekin borrokan, metroak ahal genuen moduan irabazten jarraitu genuen.

Monolitoaren azpian, igotzen nondik jarraituko genuen begiratzen.

Lekuk argazkiak egiten zituen bitartean, Josebak eta biok arrastoa irekitzen gindoazen, Josebak batez ere, berak hartu baitzuen arrastoa irekitzearen ardurarik handiena.

Monolitoaren itzalpean.

Elur-pala hau elur gutxiagorekin arazorik gabe lehendik igota banuen ere, lehen aldiz igotzen ari nintzenaren sentsazioa nuen. Elurrak dena estaltzen zuen, igoera erreferentziarik gabe utziz. Azalore itxurako elur-formazio bat ikusten genuen bakoitzean bertara zuzentzen ginen, azalorearen azpian pioletarekin trakzionatu ahal izateko belar apur bat egongo zenaren itxaropenez. Maiz gerriraino sartuz, pasada galanta hartzen ari ginen.

- Ta eskubiko espoloira igotzen bagea? - Proposatu nion Josebari - Paretan elurre hobe daula emateo ta ikusita aurretio daukeuna...
- Bai, igual hobe - erantzun zidan.

Eskuineko hormara (monolitoaren ezkerrekoa, alegia) igotzen hasteko izan nuen lehen aukeran pioletak belar izoztuan sartu eta, horma diagonalean eskalatuz, zeharkaldi bat egiten hasi nintzen.

- Hemen elurre nahiko ondo dauuuu!!! - Oihukatu nien garaile.

Bata bestearen atzetik, zeharkaldia eginez, monolitoak osatzen duen ezproira igo ginen. Baina elur "onargarri" bat topatu izanaren ametsak gutxi iraun zuen, ezproiaren gainera iritsi bezain pronto elur bigunean berriro ere belaunetatik gora sartzen jarraitu genuelako.

Ezproiaren ertzean arrastoa irekitzen.

Itsaso zuri baten erdian igerian ari ziren galdutako hiru naufragoen moduan, elur sakon eta bigunean "igerian" maldari zentimetroak nahi baino askoz motelago irabazten genizkion. Hego-mendebaldeko zeharkalditik 15-20 metroetako hormatxo batek banatzen gintuen. Bertan elurra sendoagoa topatuko genuenaren itxaropenarekin, Josebak arrastoa irekitzearen lan nekezari eman zion.

Hego-mendebaldeko zeharkaldia iritsi aurreko horma eskalatzen.

Elur bigunean maldan gora arrastoa irekitzen ibiltzea frustragarria izaten da. Pausu bat emateko, aldaka ahal den goienera igotzen saiatzen zara oina elurretik atera eta ahal den goienean jartzeko. Baina pisua oinaren gainean jartzerakoan atsekabetuta egiaztatzen duzu airean irabazitako tarte luzea elurretan zentimetro batzuetara mugatzen dela, atzera egiteko zorte txarrik ez baduzu behintzat. Malda handiagoa den heinean pausu bakoitza are eta nekezagoa bihurtzen da. Honelako ehunka pausu eman behar izan genituen, nekatuta, deshidratatzen hasiak, hego-mendebaldeko zeharkaldira iristeko.

Joseba zeharkaldira iristen. Gainean, gero eskalatuko genuen horma.

Leku zeharkaldiaren azpiko horma eskalatzen. Azpian orain arte irekitako arrastoa ikusi daiteke.

- Hemendik gora ze aukera ditugu? - Galdetu zigun Josebak indarrak berreskuratzen zituen bitartean.
- Pareta eskalatu, ezkerretio atera eo eskubitio Rayokin enpalmatzea - erantzun zion Lekuk.
- Ni eskalatzen saiatuko nintzen... - proposatu zigun - ez du ematen oso bertikala denik.

Beste bi aukerak teknikoki errazenak baziren ere, ez nuen elurretan gerriraino sartuta arrastoa irekitzen jarraitzeko gogorik. "A tomar por sako", pentsatu nuen, "behin honaño iritsita sikiera saiau beharko gea!!!".

- Oaintxe ikusiko deu nola daun... - bota nien hormara zuzenduz.

Elurraren baldintzak ikusita soka ateratzea berehala baztertu genuen: "total, seguruik ezin izango deu jarri". Horma bere eskuinetik eskalatzen hasi nintzen, udan egin nuen saiakera batean hasi nintzen leku beretik, bertan belarra dagoela jakinda. Ziurrenik efektu optiko bat izan daiteke edo zailtasuna ez ikusteko nahia, baina maiz gertatzen da horma bat eskalatzen hasi aurretik azpitik dirudiena baino tenteagoa izatea. Hemen ez zen ezberdin izan eta elurra ahal nuen moduan kendu eta pioletak belarrean sartuz, bertikaltasunari lehen metro batzuk irabazi nizkion.

Hormaren lehen metroetan.

- Hobe duzu ezker aldera pasatzia - esan zidan Josebak azpitik - errazagua ematen du.

 Josebaren gomendioari jarraituz, ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontal bat egin ondoren zuzen eskalatzen jarraitu nuen horma bertikal batekin topo egin nuen arte.

- Bufff!! Hemen prekario xamar dau... - bota nien.
- Eskuinera pasatzea baduzu? - Galdetu zidaten - Eskubitik eskalada kontinuogo dela ematen du...

Eskuinean elurrak estalitako zuhaitz bat ikusi nuen. Zuhaitzera kontu handiz hurbilduz, pioletaren laguntzarekin nire pisua jasateko nahikoa iruditu zitzaidan adar bat elurpetik atera nuen. Adarra eskuin eskuarekin heldu eta, nire pisua eusten zuela ikusita, zeharkaldi horizontal bat eginez hormaren eskuinera pasa nintzen: "txarrenetio goitio atatzen ez bagea hemendio rapel bat montauko deu" pentsatu nuen.

Hormaren eskuinera pasa eta metro batzuk eskalatu ondoren.

Zuhaitza ezkerrean utzita, zuzen eskalatzen jarraitu nuen, couloir-aren hasierara iritsiz.

Couloir-aren lehen metroetan... Argazkia: Joseba Elustondo.

- Zemuz ikustezu? - Oihukatu zidaten azpitik.
- Hemen emateu elurre hobe daula - erantzun nien lehen metroetako bertikaltasuna ahaztuta. Oraindik ez nekien dozena erdi metro gorago elur bigunean ez aurrera ez atzera geldituko nintzela.

Josebak eta Lekuk horma eskalatzen zuten bitartean couloir-a eskalatzen jarraitu nuen. Metro itxaropentsu batzuen ondoren elurrean gerriraino sartu nintzen: "hijo putaaaaaa!!!".

Elur bigunari zentimetro apur batzuk irabazteko borrokan ari nintzela, Joseba azpitik azaldu zen:

- Zemuz?
- Su puta madre - erantzun nion - hemen nabil gora jarraittu eziñik...

Joseba couloir-aren oinean.

Hainbat leku ezberdinetatik igotzen saiatu ondoren, atseden hartu eta Josebari pasoa eman nion. Saiakera pare baten ondoren, tartean eskuin iztarrean eman zidan kranpoikada bat ere, eskuin oineko kranpoien aurreko puntak harkaitzean jarriz biok sartuta geunden zulotik ateratzea lortu eta couloir-ari metro batzuk irabazten hasi zen.

Josebak couloir-arekin borrokatzen zuen bitartean Leku agertu zen, Josebak botatzen zuen elurra ahal zuen moduan jasanez.

- Hobe duzu Xabi dagoen lekuraino igotzea - oihukatu zion Josebak elur-bolo handi bat bota eta Lekuri bete-betean eman zionean.

Leku zuri-zuri Josebak botatako elur-bolo handiaren talkaren ondoren. Azpian irekitako arrastoa ikusi daiteke.

Poliki-poliki, esfortzu handiarekin, Joseba couloir-a horma makurtu batekin elkartzen den lekura iritsi zen.

- Oain hor bi aukera dittezu, zuzen jarraitzea eo ezkerrea paretan azpitio trabesi bat ittea - oihukatu nion.

Josebari begirada eta gogoa irteera zuzenera joan zitzaion. Baina gaur elurraren baldintzak ez zeuden zuzen ateratzeko moduan. Gogoz ahalegindu bazen ere azkenean amore eman behar izan zuen. Lehen aukera baztertuta, zeharkaldia kontu handiz egiten hasi zen.

- Ezin denen ezin da!!!! - oihukatu genion azpitik.

Couloir-aren amaierara iristen.

Josebak botatzen zuen elurraren bidetik kanpo geundela ikusi genuenean eskalatzen jarraitu genuen.

Horma makurtuaren azpitiko zeharkaldian egindako argazkia, Leku couloir-aren amaierara iristen.

Zeharkaldiko elurra ere oso biguna zegoen. Elurraren gainean flotatzen, oinen azpian ezer sendorik ukitu gabe, zeharkaldia zuhurtzia handiz egin genuen, ikaraz beteak, zapaltzen genuen elurra horman behera ez erori eta berarekin amilduko gintuenaren itxaropenarekin. Honelako lekuetan frogan jarri izan ohi da fededunaren fedea. Zeharkaldiaren amaierara iritsi ginenerako Joseba gailurrera eramaten duen ertzera irtetzear zegoen:

- Ondo? - Galdetu zidan.
- Oso ondo.
- Hortxe resalte txiki bat dago eta hortik gora erraza da.

Josebak utzitako arrastoa jarraituz, parean genuen irtengunera zuzendu nintzen, eskalada osoko azken zailtasuna.

Joseba zailtasun guztiak amaituta. Parean, itzalpean, azken irtengunea ikusi daiteke.

Irtenguneak 2-3 metro eskas ditu eta azpitik zaila ez dirudien arren, eskalatzea uste baino gehiago kosta zitzaidan, heldulekurik gabeko harkaitz-plaka tente bat eskalatzen baita. Pioleten puntak plakaren gaineko lur izotuan sartu eta, besoetatik tira eginez, gorputza plakan zehar arrastaka eraman nuen kranpoien puntekin helduleku txikiren bat bilatzen nuen bitartean.

Azken irtengunea eskalatzen.

 Azkeneko zailtasuna gaindituta, ertzera hurbildu nintzen Lekuri argazki batzuk egiteko.

Azken irtengunean.

Ertzaren bestaldean, kranpoien punten azpian Larrunarriko ipar-horma iluna lehen aldiz ikusi nuen. Bere eztarritik ateratzen zen haize hotz batek aurpegian bete-betean eman zidan. Lekuk irtengunea eskalatu zuela ikusi nuenean Larrunarriko gailurrera zuzendu nintzen.

Azken irtengunea eskalatu ondoren.

Harkaitz-bloke handi eta berezi batek eskuinean duen erlaitz estuaren gainetik gailurrera zoriontsu iritsi nintzen.

Gailurrera iristen, nire aurpegiak dena dio. Argazkia: Joseba Elustondo.

Eta gailurrera iristearekin batera eskaladan zehar urrun gelditu zen zarata itzuli zen. Eta zaratarekin, gailurretik ihes egiteko gogoa.

Leku harkaitz-bloke handia atzean utzi ondoren. Argazkiaren eskuinean Erlabeltzeko puntaren gurutzea ikusi daiteke.

- Izugarri gozau diat!!! - Bota zigun Lekuk gailurrera iritsi bezain pronto.
- Ederra izan da bai, pena elurra -erantzun zion Josebak -. Anbiente Patagonikoa, Torreko hongoaren eskaladaren modukoa.
- Gutxiñez igo nahi genun lekutio igotzeko kapaz izan gea ... - erantzun nien.

Elurretan gerriraino sartuta ibili ginenean Josebak esan zidan ezin zuela burutik kendu Aizkorriko kanaletan zenbateko elurra egongo zen. Lekuk bere ezagun batzuk pala eskuan zutela kanal bat igotzen saiatu zirela ere esan zigun. Kanalei zeharka begiratuz, bertan eskalatzeko elurraren egoera oso txarra izango zela konbentzitu nuen nire burua.

"Han eztek giroik izango..."

Palizaren ondoren hirurok zoriontsu Larrunarriko gailurrean. Argazkia: Joseba Elustondo.

Mendizale-edukiera bete eta zarata handitzen hasi zenean, gailurretik metro batzuetara mugituz atseden motz bat hartu genuen. Eguerdiko hamabiak izanda ere, bailaran goizeko behe-lainoaren hondarrak gelditzen ziren, artaldetik galdutako ardien itxurarekin. Zelai, baso eta baserrien gainean mendiaren itzal indartsua proiektatzen zen, desafiatzaile, eguzkiarekin borrokan.

Larrunarriko itzala bazterrak eguzkiagatik ezkutatuz.

Hidrataziorako denbora hartu ondoren, dagoeneko pertsonen presentziarekin ohituta dagoen belantxiga bati argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.

Mendietako zelatari txikia... Bai, ni ere Aizkorriko kanaletara joateko gogokin nabil.

"Tximista" bidean behera, igoerari buruzko xehetasunak errepasatzen genituen bitartean, eskalatutako hormari argazkiren bat egiteko aitzakiarekin noizik eta behin gelditu nintzen. Azpitik ikusita, harrigarria zirudien nondik igotzeko zortea izan genuen.

Jaitsieran hormari egindako argazki honetan egindako ibilbidea ikusi daiteke.

Etorkizunean elkarrekin irteera gehiago egingo ditugula hitz emanez Joseba agurtu ondoren etxera sartu nintzenean, eskaladak sentimendu gazi-gozo bat utzi ninduela sentitu nuen. Denbora luzean amestutako eskalada egiteagatik zoriontsu banengoen ere, elurraren baldintza txarrengatik gailur bertara zuzen atera ezin izateak nolabaiteko hutsunea utzi zidala sentitzen nuen. Ordu batzuk beranduago, Larrunarrik oparitu zigun ilunabarrari begira, sentimendu gaziak egunaren azken argiekin batera desegin eta gozoak bakarrik gelditu ziren. Sare sozialetan partekatu nuen hausnarketan Larrunarriri nion moduan: "Gaur ez zara gurekin ondo portatu eta haserretu naiz, baina zure gailurrera iristeko pentsatuta genuen leku eta bidetik igotzen utzi diguzu. Oparitu didazun ilunabarrarekin haserre guztiak ahaztu zaizkit. Milesker Txindoki, beste behin zure gailurrera igotzeko aukera eman diguzulako...". Elurraren baldintzak ikusita meritu handiko eskalada egin genuela uste dut, esfortzu handia eta esperientzia eta zuhurtzia osoarekin jokatzea eskatu ziguna. Egoera hartan egin genezakeen guztia egin eta mendiari eman geniezaioken guztia eman genion. Ezin dut gehiago eskatu...

Egunaren amaieran Larrunarrik oparitutako ilunabarra...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Youtube web orria. Imanol Urrestarazu, 2017/12/13. 100% Txindoki. Eskuragarri: https://www.youtube.com/watch?v=bHqMNIt7dKI
- Smithyrenbloga bloga. Larrunarri (1.341 m). Hego-mendebaldko zeharkalditik, 2016/10/22. 2016/10/25. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2016/10/txindoki-1341-m-hego-mendebaldeko.html


4 iruzkin: