Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
"Mendian zero arriskurik ez dago" esan nion Jon Ordoñezi arratsaldean egingo zidan elkarrizketan, "norberak erabakitzen du (bere esperientzia, indar, materialaren arabera...) zenbaterainoko arriskua hartu nahi duen".
Gogoeta hau Larrunarriko jaitsieran bizi izan nuen gertaera baten harira zetorren. "Txema-Petrel" eta "Frontoia" sektoreen azpian dagoen harritzan behera nindoala, gorako bidean zetozen hiru gazte topatu nituen. Korrika egiteko zapatilak, txandal eta kirola egiteko motxilarekin zihoazela ikusi nuenean, horma eskalatzeko itxura ez nien hartu. Hirurak harritzari metroak ezeroso irabazten zizkioten, igoera eskuekin lagunduz. Disimuluan, beraiengana hurbildu nintzen laguntzarik behar zuten edo ez jakiteko.
- Aupa - nik.
- Aupa - beraiek.
- Oye, ¿el camino a la cima va por aquí? - galdetu zidan hiruetatik lotsatiena ez izatearen itxura zuena.
- ¿A la cima? El camino para subir a Txindoki va por detrás de aquella loma - erantzun nion zur eta lur, ikusten ez zen "Tximista" bidearen kokalekua adierazi nahian.
- No, no, el camino que sube por la pared.
- Por la pared no hay ningún camino sin que tengáis que escalar, salvo que subáis por aquel monolito - erantzun nion "Arrastakulos"-en eskuineko monolitoa seinalatuz - yo hoy he subido por una canal que hay a la dereha y creo que es lo más factible viendo las condiciones que hay, pero he subido con piolet y crampones.
- Por ahí parece fácil - erantzun zidan harrotasun puntu batekin Larrunarriko ertzatik jaisteko muntatuta dagoen rappel lerroko horma seinalatuz.
- Hombre, si sois capaces de escalar 6a sin cuerda y en mojado ... - erantzun nion kezkatzen hasita.
Bota zidan begirada "zuk ez dakizu zeinekin hitz egiten ari zaren..." bezala interpretatu nuen. Hasieran kezka zena haserre izatera pasatzen ari zela sentitzen hasi nintzen.
- Bueno, este ya escala un poco, si sube él ya subiremos por detrás - bota zidan isiltasun ezerosoa apurtuz.
Ez nuen eztabaidan hasteko gogorik, ez eta buruan nuena aurpegira botatzeko gogorik ere. Ez nion esan nahi buruan zuen igoera, zuten ekipamendua kontutan izanda, arduragabekeri galanta iruditzen zitzaidala ez eta, eskuin kanaletik igotzea lortzen bazuten, gandorrean izotz geruza fin eta arriskutsua zain zutela ere. Esandakoa esanda ere gaizki hartuko zuenaren susmoa hartu nion.
- Vosotros veréis qué hacer, pero lo más fácil está a la derecha del monolito - esan eta eskuarekin keinu eginez agurtu nituen - si decidís subir por allí ya veréis mis huellas.
- Eskerrikasko - erantzun zidan orain arte isilik izan zenetako batek.
"Qué, ¿Por la pared ya subiremos, no? No parece difícil" izan zen entzun nien azken esaldia. Jonekin elkartu arteko orduak urduri eman nituen Interneteko albisteei begira, Txindokin erreskaterik egon ez ote zen beldurrez.
Urteak ziren ez nuela hainbeste mendizale material egokirik gabe Larrunarrin ikusten. Izugarrizko lokatz pila zegoen bide osoan bidea ezeroso, eta zergatik ez esan, tarteren batean arriskutsu ere bihurtuz. Hala ere asko eta asko ziren, makulurik, mendiko botarik edo mendian korrika egiteko takodun zapatilarik gabe, errepidean korrika egiteko zapatilak jantzita zihoazenak, orekarekin borrokan edo, borroka hau galduta, goitik behera lokatzez beteta. Kalean ibiltzeko zapatekin maldan gora zihoan bikote bat ere ikusi nuen!!!
Ikusitakoak hurrengo egunetan zer pentsatua eman zidan. Segurtasunari eta mendiko baloreei aldarria eginez, geroz eta argiago daukat mendian urteak daramagunak mendia ezagutzen hasi direnei nola mugitu erakusteko ardura hartu beharra dugula. Gurekin gertatu zen modu berean. Baina hau gauzatu ahal izateko bi faktorek batera joan beharra dute: beteranoek ardura hau hartzea eta hasiberriek aholkuak jasotzeko prest egotea. Bitartean leku berean hizkuntza ezberdinez hitz egiten duten bi munduren moduan sentituko gara, elkar ulertu gabe, elkarrekin haserre.
Hau guztia gertatu baino ordu pare bat lehenago, kronika honetan azaldutako bidea eskalatu eta gozatzeko zortea izan nuen, nahi baino elur gutxiagorekin eta nahi baino elur bigunagoarekin izan bazen ere. Ibilbidea lehendik ezagutzen nuen, udako egun galdu batean bertatik igota nengoelako. Negu giroan igotzea falta zitzaidan.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 200 metro inguru Erlabeltzeko puntaren gailurrera arte. Horietatik 110-120 metro inguru kanalean egiten dira.
- Luze kopurua: Ez nuen luzerik egin.
- Nork irekia: Hain bide nabarmena izanda zaila da hemendik igotzen lehena nor izan zen jakitea.
- Zailtasuna: PD+/M2+/III-. Zailtasun hau kanala topatu nuen egoeraren araberakoa da. Elurraren egoeraren arabera zailtasuna ere aldatu daiteke.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzeko iturrian edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi maldan gora hasiko gara "Arrastakulos" bidea dagoen monolitora zuzentzeko. Kanala monolitoaren eskuinean dago.
- Jaitsiera: Larrunarriko gailurrera doan ohiko edozein bidetik.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamar minutu kanalaren hasieratik Larrunarriko gailurrera, atsedenak barne.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz Erlabeltzeko puntara arteko eskalada zatia.
Kanalaren krokis zehatza.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
Iragarpenek zerua oskarbi geldituko zela zin egiten bazuten ere, zeru grisean ez zegoen izarrik, goizari itxura ilun eta tristea modu berean emanez. Ez dakit zein ordu zen Larraitzeko aparkalekutik atera nintzenean baina dena ilun zegoen. Azken egunetako hego haizeak eramaterik izan ez zuen elurra gogorra egongo zenaren itxaropenaz, maldan gora arin hasi nintzen. Itxaropena ordea igotzen nuen metro bakoitzarekin higatuz joan zen, haizeak harezko dorre bat higatzen duen moduan. Espero nuen lekuan ez zegoen elurrik eta lokatz izoztu eta gogorra espero nuen lekuan urtutako txokolate geruza sakon bat topatu nuen, igoera zaildu eta neketsua bihurtuz.
A zer nolako lasaitua hartu nuen Larrunarriko ohiko bide lokaztua utzi eta zelaian gora hasi nintzenean!!!
Zelaiaren lehen metroetan. Argazkiaren erdian "Arrastakulos" eta Eskuin kanala banatzen dituen monolito nabarmena, non Asierrekin duela bi urte "Ezkutua" bidea eskalatzeko zortea izan nuen.
"Arrastakulos"-ek jarraitutasuna zuela ikusteak animatu ninduen: "hor elurre badau igual eskubikon ere elurra eongoa". Txarrenean, Eskuin kanalak elurrik ez bazuen "Arrastakulos" eskalatzeko aukera izango nuela pentsatu nuen. Bitartean, monolitoa itsasargi bezala hartu eta aldapari metroak irabazten hasi nintzen.
Monolitoa gertuago. "Arrastakulos" ia bere osotasunean ikusi daiteke.
Monolitora arte luzatzen den malda belartsua ez da eroso igotzen den horietakoa, urte osoan igoera zailtzen duen belar luzeaz estalita dagoelako. Erosoena maldaren eskuinean dagoen ezproira hurbiltzea izaten da, bertako harkaitz-plaken gainetik metroak azkarrago irabazten direlako. Altuera irabazten nuen heinean, neguak erretako belar luze eta horituak elurraren zuriari paso eman zion. Elurretan orkatiletatik gora sartzen hasi nintzenean, igoeran elurra gogorra topatzearen itxaropena, dozena erdi bat pausuen ondoren desagertu zen.
Tarteka elur bigunarekin, tarteka belar luzearekin eta tarteka bustitako harkaitz-plaka irristakorrekin borrokan, makuluekin indarra eginez, arnasestuka eta izerditan ez hasteko abiadura jaitsi behar izan nuen. Hau guztia gertatzen zen bitartean, Aizkorri estaltzen zuten hodeiak altxatzen hasi ziren, egunsentiak atseden bat hartzeko aitzakia eman nahiko balit bezala. Antzoki bateko oihalak altxatu eta zer ezkutatzen duten ikusteko irrikan dagoenaren moduan, argazki kamara eskuetan, hodeiek zer erakutsiko zidatenaren zain gelditu nintzen. Oraingoan ikuskizuna ez zen bost izarretakoa izan baina gutxienez atseden labur bat hartzeko aukera izan nuen. Hodeiek Aizkorri berriro ere ezkutatzen hasi zirenean igoerarekin jarraitu nuen.
Ausa Gaztelu eta Aizkorri egunsentiko lehen izpien erangipean.
Belar luzea eta inklinazio aproposa duenez, malda honetan elur-jausiak ohikoak dira. Igoeran hiru elur-jausiren hondarrak zeharkatu behar izan nituen, azkenekoa Eskuin kanalaren oinera iritsi aurretik. Elur-jausiek utzitako izotzezko azaloreen gainetik metroak azkarrago irabaziz, monolitoaren oinera iritsi nintzen.
Elur-jausietako batek utzitako azalore izoztuak.
Monolitoa eskuinetik inguratuz, berriro ere elur bigunean sartuta, metroak arintasunez irabazi nituen, monolitoaren bestaldean zain nuen kanalak zer nolako itxura izango zuen ikusteko irrikan. Harkaitz-plaken atzetik azaldu zenean ezpainetan neraman irribarrea ezabatu eta dezepzio txiki bat sentitu nuen. Uste nuena baino askoz elur gutxiago zuen eta, itxura batean behintzat, lehen irtenguneak elurrik gabe zeudela ziruditen.
Eskuin kanala azpitik ikusita. Itxura ez zen oso pozgarria.
Eskuin kanalak "Y" itxura dauka. "Y"-ren eskuin adarra, bietatik tekniko eta interesgarriena (eskalatzeko asmoa nuena), ia elurrik gabe zegoen. Hori gutxi balitz, kanalaren ezkerreko paretatik zintzilik zegoen elur eta izotz plaka handi batek edozein momentuan eror zitekeenaren itxura zuen.
"Arrastakulos" edo Eskuin kanala? Erabakia eguzkiaren izpiek horman jotzen hasi baino lehen hartu beharra nuen. Buelta batzuk eman ondoren, "Arrastakulos" dagoeneko neguan eskalatuta izateak eta elurra biguna egoteak eskuin kanalaren aukera hartzea bultzatu ninduten. Kanal errazagoa izanik, elurra biguna egon arren erraz eskalatuko nuela pentsatu nuen, aparteko zailtasunik pasa gabe.
Kanalaren hasieratik behera egindako argazkian beste elur-jausi batek utzitako orbaina ikusi daiteke.
Prestaketa lanak arin egin nituen, ezker hormatik zintzilik zegoen elur-plaka handiari begirada kendu gabe. Trago bat ur edan eta makuluak motxilan gorde nituenean, pioletak eskuetan, kanala eskalatzen hasi nintzen.
Kanalaren lehen irtengunea kranpoiek harriaren aurka botatako kexa-oihuen artean eskalatu nuen, arin baina zuhurtziaz. M2/II zailtasunaren baitan topatu nuen irtengunearen bi metro pasatxoak eskalatuta, harriz estalitako metro batzuetatik ibili eta elurra hasten zen lekura iritsi nintzen.
Lehen irtengunea eta harriz estalitako pasabidea atzean utzi ondoren.
Ezker hormako elur-plaka handiaren azpian nengoen. Argazki bat azkar-azkar egin eta arin jarraitu nuen elur-plaka atzean gelditu zen arte. Elur-plaka zintzilikatuaren mehatxua atzean gelditu zenean arnasa lasai hartu nuen. "Oain gozatzeaaaa!!!" animatu nintzen.
Elur-plaka zintzilikatua.
Konturatu gabe bigarren irtengunearen azpira iristen ari nintzen. Kanalean elur gutxi bazegoen ere eta elur-plakaren azpian tentsio unea pasa nuen arren, igoeraz gozatzen ari nintzela ohartu nintzen. Kranpoi eta pioleten puntek alferrik ez sufritu arazteko leku egokienen bila kontzentratuta igotzen ari nintzen denbora osoan, beste ezertan pentsatu gabe.
Bigarren irtengunera iristen.
Bigarren irtengunea berez ez da irtengune bat, eta eskilara baten moduan, irtengune edo koska txiki eta ezberdinez osatuta dago. Lehenengoa baino zertxobait tenteagoa (M2/II+) eta mehartuagoa bada ere, piolet eta kranpoiak segurtasunez sartzeko lekuak ditu. Elur egoera onean irtengune hau 55º inguruan egongo den elur-pala tentea dela esango nuke.
Lehenengo irtengunetxo edo koska eskalatu ondoren.
Goiko argazkia egindako leku beretik goraka egindako argazkia.
Bata bestearen atzetik koska ezberdinak eskalatuz, irtengunea atzean utzi eta 50º inguruko elur gogorreko pasagune batera iritsi nintzen, kanalaren hirugarren (eta azken) irtengunera eramango ninduena.
Bigarren irtengunea atzean utzi ondoren.
Hirugarren irtengunera iristen.
Hirugarren irtengunea bigarrenaren estilokoa da, M2/II+ zailtasunaren baitan dagoena, baina bigarrena baino motzagoa da, 3-4 metro inguru. Irtengunera hurbildu, eta erdian zegoen elur arrasto bakarrak nire pisua eusten zuela ikusi nuenean, bertatik zintzilikatu eta irtengunea zailtasun handirik gabe eskalatu nuen, kanalaren amaierara iritsiz.
Hirugarren (eta azken) irtengunearen gainetik egindako argazkia.
Monolitoaren gainean, Larrunarriko hego-mendebaldeko hormak harkaitz-plaka eta belarrez tartekatutako anfiteatro txiki bat osatzen du. "Arrastakulos" eskalatzen denean gertatzen den bezala, hemendik gora aukera asko dago Erlabeltzeko puntara iristeko.
Begirada, nahita edo nahi gabe, anfiteatroaren eskuinean dagoen ezproi harritsura joan zitzaidan: "hortio igotzea la ostia izango zen", esan zidan gogoak. "A ver flipau, noa zoaz sokaik gabe ta harrie zemuzkoa den jakin gabe?" erantzun zidan buruak. "Ba ez du oso zaile ematen", gogoak. "Eroitzen zean arte", buruak. Azkenean buruari arrazoia eman nion, barruko eztabaida isilduz.
Ezproiaren eskalada alde batera utzita, honen ondotik igotzen jarraitzea erabaki nuen, parean nuen maldan ibilbide imajinario bat irudikatuz.
Gutxi gora behera jarraituko nuen bidea, ezproi harritsua (argazkiaren eskuinean) beste baterako utziko nuela erabaki ondoren.
Elurrik gabeko metro batzuk zeharkatu ondoren, goitik eroritako elur-jausiek orraztutako elur-pala bat igotzen hasi nintzen.
Elurretan egindako lehen metroak.
Metroak igotzen nituen heinean, 50º inguruko malda handituz zihoan. Elurraren gainetik agerian zeuden harkaitz batzuetara iritsi nintzenerako, malda 55º ingurura iritsi zen. Harkaitzen artean pasatu, eta belar tarteak ekidinez, ezproiatik ahalik eta gertuen mantendu nintzen, elurrik gabeko hormatxo belartsu batera iritsi nintzen arte.
Harkaitzen arteko pasagunea eta hemendik gora jarraitutako bidea.
Elurraren muga, bertan jazotako elur-jausi handi baten lekuko isila zen. Piolet eta kranpoien puntak belarran kontu handiz eta goxotasunez sartuz, 55º inguruko hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu nuen, bigarren hormatxo batekin topo egin nuen arte. Bigarren hormatxo hau ere, aparteko zailtasunik ez zuena, arazorik gabe eskalatu nuen.
Hormatxoa eskalatu ondoren, azpian monolitoa ikusi daiteke.
Bigarren hormatxoa. Gainean, ibilbidearen laugarren irtengunea ikusi daiteke.
Bi hormatxoak eskalatuta, zalantzan izan nintzen ezproiatik gertu mantenduz eskalatzen jarraitzea edo zertxobait ezkerrean zegoen irtengune batera zuzentzea. Irteerarik logikoena bigarrena izango zela pentsatuz, irtengunera zuzendu nintzen.
Laugarren irtengunearen azpian.
Laugarren irtengunea eskalatuta zailtasun guztiak amaituko zirela jakinda, belarretan eseri, eta Aizkorriri begira, ur pixkat edateko atseden motza hartu nuen.
Aizkorri begiratzeak ez nau sekula nekatzen. Goizeko hodeiak desagertzear, marra horizontal perfektu bat osatzen zuten, Aizkorriri itsasotik nabarmentzen den irlaren itxura emanez. Efektu hau handiagotuz zihoan eguzkiak Aizkorriko mendiak zuri kolore distiratsu batez apaintzen zituelako. Hodeiek osatutako marraren azpian, ilun, kolore bizirik gabe, Goierriko mendi baxuak eta bailarak elkarrekin nahasten ziren, batzuen amaiera eta besteen hasiera lausotuz. Kantinplora motxilara itzuli, eskularruak estutu, eta pioletak belarran sartuz, irtengunea eskalatzen hasi nintzen.
Aizkorri hodei guztien gainetik.
Irtengunea, 4 metro ingurukoa, azpitik dirudiena baino bertikalagoa iruditu zitzaidan. Lau metro hauek izango ziren bide osoari zailtasuna emango ziotenak, M2+/III- hain zuzen ere. Kontzentrazioa piolet eta kranpoien puntetara eramanez, poliki, lasai, irtengunea zailtasun handirik gabe eskalatu nuen.
Azken zailtasuna atzean utzi ondoren.
Zailtasun handienak amaituta, Erlabeltzeko puntaren gurutzera iritsi arte topatuko nuen zailtasun bakarra elurraren biguntasuna izan zen.
Erlabeltzeko puntako gurutzea harkaitzen artean ageri.
Kanalean elur gutxi topatu banuen ere zoriontsu iritsi nintzen Erlabeltzeko puntara. Kanala poliki, kontzentratuta eta zuhurtziaz eskalatzeak bailaran ditudan arazoak une batez ahaztu eta arazo hauek beste ikuspegi batekin begiratzeko aukera eman zidan. Goizeko hamarrak ematear ziren. Gurutzeari argazki bat egin eta sare sozialetan topatutako elur-egoerari buruz idatzi nuen: "Egunon Erlabeltzeko puntatik. Txindokira neguko materialarekin igo nahi baduzue, aukerarik onena “Arrastakulos” edo honen eskuineko kanaltxoa da, hala ere elurra ez dago gogorra. Gaur hozten badu...".
Erlabeltzeko puntako gurutzea.
Mezua bidali bezain pronto sakeleko telefonoa poltsikoan gorde eta martxan jarri nintzen, oraingoan bertatik pasatako sokadek ertzan utzitako arrasto nabarmena jarraituz.
Larrunarriko gailurrera arteko ertza.
Ertzako zeharkaldia arriskutsu zegoen. Izotz geruza fin batek harriak estaltzen zituen, eta silikonazko geruza artifizial bat izango balitz bezala, harrien zimur eta heldulekuak leun eta irristakor bihurtu zituen. Pasagune batean baino gehiagoan zuhurtzia handiaz mugitu behar izan nuen, ipar hormaren amildegiaren gainetik pioletak harri artean trabatuz, Larrunarrik Larraitzera iritsi arte lasaitu behar ez dela gogoratu nahiko balit bezala. Laino artean parez-pare hego-mendebaldeko hormako "couloir"-a azaldu zen arte ez nintzen erabat lasaitu.
hego-mendebaldeko hormako "couloir"-a laino artean erdi-ezkutatua.
Atzera begirada, Larrunarriko itzala Erlabeltzeko Puntaren jarraipena dirudi.
Egun eguzkitsu eta oskarbi bateko larunbateko goizeko hamarrak eta laurden izan arren, Larrunarriko gailurrean mendizale bakarra zegoen. Beste norbait iritsi baino lehen kasko eta pioletak motxilan azkar jaso nituen. Honetan ari nintzela Josebaren Whatsapp mezua jaso nuen: "Egunon, hementxe gaude Txema azpian. Ze elur gutxi ya. Nahi badezu beheruntzkuan pasatu...". "Jaitsieran nago ba. Oraintxe hurbilduko naiz!!!" erantzun nion.
Larrunarriko gailurrari argazki azkar bat egin, eta kranpoiak kendu gabe, beherako bidea bizi-bizi hartu nuen.
Larrunarri eta Aizkorri, Aizkorri eta Larrunarri, zein baino zein ederragoa.
Joseba eta Jonekin elkartu aurretik Eskuin kanalari egindako argazkia.
Beti da momentu on bat lagunekin egoteko eta beti da momentu on bat lagunek zerbaitekiko duten pasioa nola garatzen den ikusteko. Joseba eta Jonen mugimenduak argazki kamararen objetiboaren atzean jarraitu nituen denbora nahikoa izan zen eskaladari dioten maitasuna islatzeko. "Txema" bidearen lehen bi luzeak eskalatuak zituztenean (kontutan izan neguan luze hauek ez direla harkaitz-plakaren erditik eskalatzen) biak agurtu eta beherako bideari berrekin nion.
Jon eta Joseba "Txema" bidearen bigarren bilgunean hirugarren luzeko nondik norakoak aztertzen.
Ohiko bidearen lokatz pila buruan nuela, Amezti aldera zeharkaldia eginez jaisten jarraitu nuen, Larrunarriko ipar-mendebaldeko ertza eskalatzeko ohiko bidea uzten den langara zuzenean iristeko asmoz.
Ausa Gaztelu eta Aizkorri neguko eguerdiko argipean.
Larraitzetik antenara luzatzen den pistara iritsi nintzenean, ohiko bide lokazti eta irristakorra alde batera utzi eta pistan behera arin hasi nintzen, bertan erortzeko arriskurik ez zegoela konbentzituta. Atzean gelditu zen kronikaren hasieran kontatutako gertaera, baita batek baino gehiagok eskeini zuen lokatz gaineko patinaje erakustaldia ere.
Kotxez gainezka zegoen Larraitzera ordubata aldera iritsi nintzen, eginiko igoeraz asetuta, beste mendizaleetan ikusitakoaz kezkatuta, Jon eta Josebarekin denbora bat partekatzeaz zoriontsu. Balantze orokorra positiboa izan zela esan daiteke, jejeje.
Orendain neguaz jantzita...
Itziri aurrikusita baino beranduago iristearen arrazoia istripu bat izan ez zela azaldu ondoren, kotxearen motorra martxan jarri, eta errepidean pasiatzen ari zirenen artean pasatuz, Larraitz atzean geratu zen.
Amaierako oharra: jaitsieran topatu nuen hirukotegatik kezkatuta bazaudete, Larrunarriko gailurrera iristerik lortu zuten ez dakit, baina egunean zehar gutxienez ez zen helikopterorik ibili. Pentsatu nahi dut azkenean "Tximista" bidetik igotzeko aukera hartu zutela...
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Aralarren eskaladak bloga. Neguko eskalada atala. Eskuragarri: http://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/blog-page.html
- Smithyrenbloga bloga. 2017/12/08. Erlabeltzeko punta eta Larrunarri neguan: "Arrastakulos" kanaletik, 200 m, M3, 2007/12/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/12/erlabeltzeko-punta-eta-txindoki-neguan.html
- Smithyrenbloga bloga. 2021/01/12. Larrunarri, hego-mendebaldeko hormako "couloir"-etik, AD/M3/III-III+. 2021/01/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2021/01/txindoki-hego-mendebaldeko-hormako.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina