AZKEN 10 SARRERAK
sollazbizkargaña etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
sollazbizkargaña etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/07/01

TTUTTURRETIK BALERDIRA: DESOREKAREN OREKAREN BILA. 2021/06/20


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Udaberria bizi berriak sortzen duen magiari begira geratzeko urtaroa da. Biluztutako zuhaitzak hosto berde biziaz jantziz, larrak loretuz eta izaki bizidunak bizitzaren zikloari berrekinez, naturak negu ilun eta luzea atzean utzita esnatu eta argituz doa, borborka, orden jakinik gabe. Gizakiok ez diogu udaberriaren magiari ihes egiten, eta beste izaki bizidunen moduan, udaberriak aztoratu eta "desorekatzen" gaitu, beharbada negua atzean geratu delako, beharbada uda eta merezitako oporraldia ate-joka dugulako. 

Udaberrian, eguraldiaren iragarpena arte bihurtzen da, eta eguraldiari dagokionez, urtarorik arraroena dela iruditzen zait. Neguaren atea itxi eta udaren atea zabaltzen badu ere, aste berean bi urtaro hauetako baldintzak bizi daitezke, baita egun berean ere. Egun askotan zaila da mendira eramango den arropa eta materialarekin asmatzea: zapatilak edo mendiko botak? galtza luze edo motzak? euritako txamarra? kranpoiak? Zer eraman? Eguzkitako krema eman ala ez bezalako erabaki sinplea hartzea ere askotan buruhauste handiak emango dizkigu eta lepoa ederki gorritutako egunak ez dira makalak izaten, jejeje.

Aralar udaberrian kolore berde biziaz jantzi eta animaliek larrak okupatzen dituzte, hauen zintzarrien oihartzunek paisaia armonia desordenatu batez kutsatuz. Udaberria urtaro ederra izaten da Aralarren ibilbide luzeak egiteko, udako eguzkiak basorik gabeko mendi biluztuetan ez baitu errukirik izaten. Errukirik gabeko eguzki hau iritsi aurretik eta udaberriari agur esateko asmotan, kronika honetan azaldutako ibilbidea egitea bururatu zitzaigun Asier eta bioi.

Aralarko Malloak Araitz bailararen gainean zintzilikatutako larreei deitzen zaie, nahiz eta gaur egun izen hau Araitz bailara mendebaldetik ixten duen zirku osoari deitzeko hedatu den. A-15 autopistatik begiratzen baditugu, Araitz bailarara amiltzear dagoen olatu erraldoi baten itxura dute. Mendebaldeko isurialdean kareharriak laberintu karstiko bat osatzen duen bitartean, ekialdeko isurialdean belar luzeaz estalitako larre bertikalek osatzen dute.

Aralarko Malloetako mendien zeharkaldia egitea buruan aspaldi nuen ametsa zen. Duela urte asko Ikerrekin Sollazbizkargaña (Intzako Dorrea) eta Astunaldeko lepora arteko zeharkaldia egina nuen arren, Ttutturretik Balerdira arteko zeharkaldiak izugarri erakartzen ninduen. Egiari zor, Malloetako zeharkaldi osoa egiteko Ttutturretik hastea ez da egokiena. Batzuen ustez zeharkaldiaren lehen mendia Arriolatz izan beharko litzateken bitartean, Imanol Goikoetxeak "Aralar" liburuan zeharkaldia Txurtxur mendian hasi beharko litzatekela proposatzen du, nahiz eta liburu berean batzuentzat igo beharreko lehen mendia Baraibar herriaren ondoko Muzkur mendia izan daitekeela azaldu. 

Ibilbidea prestatzeko garaian bi gauza izan nuen kontutan: Amezketan hasi eta amaitzea eta leku beretik bi aldiz ez pasatzea. Argi nuen Ttutturrera Arritzagako sakana igoz iritsiko nintzela, Artubitik behera aldiz, PR-GI 2008, GR-121 eta GR-20 ibilbideak lotu nituen San Martin auzora iritsi eta bertatik Amezketara itzultzeko.

- 31 km inguru izangoiela ustet – esan nion Asierri ibilbidea elkarrekin egiteko gonbitea bota nionean.
- Primeran!! – erantzun zidan -, entrenatzeko ondo etorriko zaigu.

Motibazioa arma boteretsua da eta motibatuak gaudenean ez dugu asko behar izaten gorputz eta arima martxan jartzeko...

IBILBIDEA

Ibilbidea Amezketan hasi genuen. GR-121 ibilbidea jarraituz, Arritzagako sakanetik igo eta Errenagara iritsi ginen bertan atseden hartu eta kantinplorak urez betetzeko. Errenagatik GR-12 ibilbidea jarraituz Unako putzura iritsi eta bertatik Ttutturrera zuzendu ginen, bertatik Artubiraino luzatzen den zeharkaldiarekin hasiz.

Artubiren ipar-mendebaldetik jaitsitz, PR-GI 2008 bidea lehenik eta GR-121 eta GR-20 ondoren konbinatuz, Amezketako San Martin auzora iritsi ginen, bertatik GR-20 ibilbidea jarraituz Amezketako herrigunera jaisteko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 33 kilometro.
- Punturik baxuena: Amezketa, 215 metro.
- Punturik altuena: Sollazbizkargaña, 1.430 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 2.100 metro pasatxo.
- Igotako mendiak: 13.
- Zailtasuna: Kurutzeta menditik aurrera, ertzaren ahotik jarraitzen badugu, teknikoki errazak izan arren kontuz ibili beharreko pasaguneak daude, amildegia handia delako. Balerdiko gailurrera iristeko ertz estu bat zeharkatu beharko dugu, hau ere teknikoki erraza dena baina aldi berean amildegi handia duena. Harkaitza bustia izanez gero zuhurtzia handiarekin ibili beharreko ibilbidea da. Ibilbidea teknikoki erraza bada ere, luzera eta desnibel handiko ibilbidea dela kontutan hartu.
- Ura: Ura ongi neurtu beharra dugu, Errenaga eta Larrondoko zelaien artean iturririk ez dugulako topatuko.
- Eramandako materiala: Guk ez genuen material berezirik eraman baina bertigoa badugu Balerdiko ertza zeharkatzeko soka motz bat eramatea ez litzateke ideia txarra izango.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zazpi ordu eta berrogeita hamar minutu, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Goizeko zazpirak ziren Amezketako San Bartolome elizaren paretik pasa ginenean. Kanpaidorreak zazpi kanpaikadak herrian zabaltzen zituen bitartean, GR-121 ibilbidea jarraituz, errepidetik hilerrira zuzendu ginen.

Amezketako San Bartolome elizaren paretik pasatzen.

GR ibilbideak errepidea jarraitzen badu ere, hilerriaren ezker hormaren ondotik doan belarrez estalitako bidea igotzen hasi ginen.

Hilerrira iristen eta hemendik gora jarraitutako bidea.

- Hau da hau lokatz pila!!!

Bidearen zati lokaztuta zegoen, tarteka urez beteta, erreka bat bertatik igarotzen ariko balitz bezala. Kontu handiz, oinak ahalik eta lehorrenen mantentzeko asmoz, bidean alde batetik bestera mugituz eta salto eginez jarraitu genuen, minez estalitako eremu batean egongo bagina bezala. Minen eremua atzean gelditu zenean, behean utzitako errepidea zeharkatu, eta berriro ere GR-121 ibilbidearen arrastoak jarraituz, Arritzagako sakanara zuzendu ginen.

Errepidea gurutzatu ondoren, nabaria da jarraitu behar den ibilbidea.

Metroak irabazten genituen heinean, harriz tapizatutako bideak zeharkatzen dituen urritzen artean Arritzaga errekaren jarioaren oihartzuna pixkanaka nabarmenduz joan zen, umil, egunsentiko txorien kantuak itzali nahiko ez balitu bezala. Sakana hasten den lekuan dagoen iturrian zintzurra freskatu ondoren, egurrezko zubi batetik erreka gurutzatu eta sakanan gora metroak irabazten hasi ginen.

07:25. Sakanaren hasieran dagoen iturri eta egurrezko zubira iristen.

Zeru grisak eguzkia ezkutatzen bazuen ere sargori egiten zuen. Hala ere, aurrean jarri eta arin igotzen hasi nintzen, buruan nuen helburuetako bat ibilbidea 5 km/h-ko bataz besteko abiaduran egitea baitzen. Ez zen denbora luzea pasatu bizkarra hezetu eta lehen izerdi tantak sudurretik behera erortzen hasi ziren arte. Orduan, duela 300 urte lehergailuen leherketek kareharrian irekitako bide honetan bertan gora eta behera ibiltzen ziren meatzariak burura etorri zitzaizkidan.

Arritzaga edo Buruntzuzin meatzak 1734 urtean kobrea ustiatzen hasi ziren, Amezketan sortu zen konpainia baten eskutik. Konpainia honen sorreraren atzean pertsonai berezi bat dago: Paulo de Petriati, Manet-eko kondea. Konde hau oso behartsua zen eta limosna eske Nafarroan ari zela, Alli-ko parrokoa zen Juan Antonio de Argañaren etxean azaldu eta honek mineral pusketa batzuk erakutsi zizkion. Kondeak mineralak ikusi zituenean zur eta lur gelditu eta metal aberatsak zirela esan zion. Honela ba, kondea eta parrokoak bultzatuta, Amezketan meatzak ustiatzeko konpainia sortu zuten. Hasieran 20 langile bazituzten ere, 400 langile lana egitera iritsi ziren, tartean Fernando Bengetxea ere, gerora Fernando Amezketarra bezala ezagutuko zena. Meatzen inguruan, meatzariak bizi ziren herrixka bat sortu zen, baita kapilau bat zuen eliza eta posta-zerbitzua ere. Egun, minak izandakoen hondakinak besterik ez dira gelditzen, iragan oparo baten testigu isilak, denborari hala nola eutsiz.

08:00. "... iragan oparo baten testigu isila, denborari hala nola eutsiz".

Meatzariek okupatutako lurrak atzean geratu zirenean, gelditu gabe Arritzaga bordetara iritsi, eta bertako iturri eta aterpe txikia alde batera utziz, Arritzaga erreka zeharkatu genuen, sakanaren eskuin ertzera pasatuz.

08:10. Arritzaga bordetan. Asierren ezkerrean aterpe bezala prestatutako borda txikia ikusi daiteke.

- Zemuz?
- Oaingoz ondo baña azpiko zatin txitxa gutxikin naula sentittuet - erantzun zidan Asierrek.
- Eztakit azkarregi hasi ez ote naizen - erantzun nion - ni ere momentun baten iztarrak guri-guri eraman dittut eta, jejeje.

Arritzaga bordetatik gora aldapak arnasa eman eta sakana pixkanaka zabalduz doa, Igaratzako arratearekin urtu arte. Tartean, Pardeluts iturria atzean utzi ondoren, Aralarko leku berezi horietako batera iritsi ginen: AmaBirjin harria. Herri tradizioaren arabera, bidearen erdian dagoen harkaitz handi honetan Ama Birjinak Arantzazura zihoala atseden hartu zuen. Harkaitzan egindako zuloak Andra Mariren irudi bat gordetzen du, plastikozko lore batzuez apaindua.

08:40. AmaBirjin harrian.

- Dirue utzita dau - esan zidan Asierrek.
- Bakarren batek eraman arte, jejeje - erantzun nion.

Orduan ez nekien baina ohitura omen da Andra Mariren irudiaren ondoan limosna uztea. Txanponak inguruko artzainek ere uzten dituzte, eskaintza gisa uzten dituztelako ardiren bat galdu dutenean. Noizik eta behin bakarren batek diru hau hartu eta San Miguel-era eramango du, santutegiko kandelak itzaldu ez daitezen.

Amabirjin harria (eta txanponak, noski, jejeje) atzean utzi eta sakanan gora jarraitu genuen erabat zabaldu zen arte: Igaratzako arratean geunden, Igaratzako bailararen sarrera dena. Igaratza beti Errenagari deitu izan bazaio ere, izendapen hau ez da egokia, Igaratza, Arritzaga sakana amaitzen den zelai irekia baita. Lekua oker izendatzearen jatorria Nafarroako mugan eraiki zen mikelete kuarteletik dator. Kuartelari Igaratza izena jarri zioten, ziurrenik inguruan ezagunena zen toponimoa zelako. Kuartelaren funtzioa Nafarroatik Gipuzkoara pasatzen zirenen kontrola egitea zen eta bere zimenduen gainean Aralarko Adiskideen aterpeta eraiki zen. Igaratzan, indikazio-poste nabarmen bat dagoen lekuari Perileku ere deitzen zaio. Perilekun, ekainaren 22an inguruko artzainek feria bat ospatzen zuten, hortik lekuaren izena. Feria honetara inguruko herrietako biztanleak etortzen ziren.

08:53. Perilekun. Hemendik aurrera jarraitutako bidea ikusi daiteke.

Gelditu gabe, Perilekutik hegoaldera zuzentzen den pista jarraitzen hasi ginen, azken iturria bertan genuela jakinda, Errenagaraino iritsi nahi genuelako.

- Hobe deu ude edan ta kantinplorak ondo betetzea.
- Bai, ze eguzkik jotzen badu faltan botako deu - erantzun zidan Asierrek.

Errenagako iturriaren freskuran, gorputza ongi hidratatzeari eman genion. Arritzagako sargoria atzean utzita, haize xuabe batek giroa tenperatura gozo batean mantentzen zuen. Zeruan noizik eta behin orban urdin bat ikusten bazen ere, oraindik lainotsu mantentzen zen, eguzkiari indarra kenduz.

- Gogoratzen naiz XIV ordutan hemen kriston postue jartzen zela.
- Bai – erantzun zidan.

XIV orduko ibilaldia Tolosako Aralarko Adiskideak elkarteak antolatutako ibilaldi neurtua da. Ibilaldia, 1925eko ekainaren 7an 14 mendigoizalek (Francisco Larrañaga, Eduardo eta Manuel Laborde, Francisco Labayen, Francisco Tuduri, Simón Arrue, Ricardo Diaz Sarasola, Victor Arrillaga, Antón Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Azáldegi, Ramón Barrio, Juan Jáuregui eta José Albero) lehenengo aldiz egin zuten ibilaldi berbera da. Ibilaldia berriz 1926 eta 1943an errepikatu bazen ere, 1967tik hona lau urtez behin errepikatzen da, Olinpiar jokoak egiten diren urteekin bat eginez. Ibilaldia Tolosan hasi eta ia 70 kilometro eta Aralar Baraibartik Amezketara zeharkatu ondoren, berriro ere Tolosan amaitzen da. Ibilaldi ederra da, lau aldiz (1996, 2000, 2004 eta 2008an) egiteko zortea izan dudana.

09:10. Errenagatik ateratzen.

Errenaga atzean utzi eta bertatik hegoaldera zuzentzen den pista jarraituz (GR-12 ibilbidearen gainetik doana), Unako putzura zuzendu ginen.

- Errenagako putzua – esan zidan Asierrek kartel handi batera hurbilduz – hau netzako berrie da.
- Netzakore – erantzun nion –, esango nuke lehen hemen holako kartelik etzeola.
- Ta gañea putzue deitzeare eztakit ba, ze urik eztauke – erantzun zidan irribarretsu.

09:15. Errenagako putzuan. Kartel azpian dagoen ura izan zen ikusi genuen bakarra.

Errenagan hartutako atsedenaldiagatik edo, pistaren maldan behera aprobetxatuz korrika txikian hasi ginen, poliki-poliki, hauspoa behartu gabe.

2 kilometroren ondoren Unako putzua inguratzen duen egurrezko hesia azaldu zen. Putzua urez gainezka zegoen, basamortu berdean oasi bat izango balitz bezala. Ez dut imajinatu nahi mendeetan putzu honek zenbat animali eta pertsonei egarria kendu dion. Unako putzuko ura, bertan dagoen zulo batean lurperatu, eta dirudienez, Iribas-ko iturburuan azaleratzen da, Aralarko alde ezberdinetan lurperatutako beste ur batzuekin batera Larraun ibaia sortuz. Ur hauek guztiek, milaka kilometroko zeharkaldiaren ondoren Mediterraneo itsasoan hartzen dute atseden.

09:30. Unako putzura iristen.

Haizeak putzuaren ertzetan sakabanatutako ihiak modu harmonikoan mugitzen zituen, inguruneari mugimendu iraunkorraren irudia emanez.

- Eguzkitako krema emango deu? – galdetu zidan Asierrek.

Zerua argituz zihoan, eguzkiak hodeiei bultza egingo balie bezala, baina tenperatura ez zen beroa.

- Tuturrea igo aurretio baso batetio pasatzegea – erantzun nion -, egune argitzen jarraitzen badu bertan krema emateko leku ona izangoa.
- Oso ondo!!! – erantzun zidan eguzkitako kremaren potea motxilan gordez.

Unako putzutik aurrera, lurrazpitik jarraitzen duten uren moduan, pixkanaka ekialdeko noranzkoa hartu genuen, Ttutturrera zuzendu eta orain arte jarraitutako pista alde batera utziz. Pistatik bi kilometro eskas ibili arren, eskertu genuen pistaren harri txikiak zapaltzetik Unako larreetako belar gozoa zapaltzera pasatzea. Orain arte bezala, maldan gora oinez eta maldan behera korrika txikian jarraitu genuen, denbora laburtu nahian, egunari minutuak irabazi nahian.

- Hemendio ikusita kriston estetikoa da!!! - bota nion Asierri Ttutturre lehen aldiz ikusi genuenean.
- Ya lo creo... - erantzun zidan.

Parez-pare Ttutturreko hego-mendebaldeko gandorra azaldu zen, mendiari piramide perfektuaren itxura emanez. Gandorra basoarekin bat egiten duen lepotik iparreko noranzkoa hartuz, mugarriez adierazitako bidea jarraituz gandorraren mendebaldean dagoen belarrezko paxara zuzendu ginen. Paxan metro gutxi batzuk igo ondoren gandorrera igo eta bertatik jarraitu genuen gailurrera iritsi ginen arte.

"... mendiari piramide perfektuaren itxura emanez".

- Gaurko lekuik urrutienea iritsi gea.
- Hemendio aurrea dena itzultzea da, jejeje... - erantzun zidan Asierrek irribarretsu.

Gailurrean geundela haizeak noranzkoa aldatu, indarra hartu eta hodei ilun eta mehatxagarri batzuk azken orduetan zeruak irabazitako argitasuna iluntzen hasi ziren.

- Ez al du ebiik ingo, ez? - Galdetu zidan Asierrek.
- Gaurko etzeon iragarrita behintzat -, erantzun nion - baña udaberrin nork daki...

10:00. Ttutturren.

Zeruari begirik kendu gabe, gailurretik ipar-ekialdera doan bidetik metro batzuetan jaitsi eta berehala mendebaldera hartu genuen, igoeran alde batera utzi genuen paxaren amaierara iritsiz. Ttutturreren mendebal aurpegitk jaisten jarraitu eta Ttutturre eta Ttutturregi mendien arteko lepora iritsi ginen. Lepotik gora jarraituz pagadi bat zeharkatu eta zelai batean azaldu ginen, non borda bakarti bat dagoen. Borda hau izan zen Ttutturreko gailurrean erreferentzi bezala hartu genuena jarraitu beharreko bidea zein zen irudikatzeko.

Ttutturreren gailurretik egindako argazki honetan jarraitu genuen bidea ikusi daiteke, baita erreferentzi bezala hartu genuen borda ere.

Bordara iritsi gabe, zelaiaren eskuin ertzetik jarraitu genuen alanbrezko hesi baten ondoan mantenduz.

Borda dagoen zelaian, atzean Ttutturretik jaisteko jarraitutako bidea.

Metroak irabazten genituen heinean, harkaitzak belarrari pixkanaka tartea irabaziz joan bazen ere, Ttutturregik osatzen duen gandorraren ahotik gertu mantentzen baginen igoerak zailtasunik ez zuela ikusi genuen. Gandorretik igotzen hasi eta denbora gutxira, pagoen artean gailurra azaldu eta punturik altuena adierazten duen perretxiku itxurako buzoira iritsi ginen.

10:15. Ttutturregiko gailurrera iristen, zerua geroz eta ilunago.

Pallardi bezala ezaguna bada ere, inork ez daki izen hau nondik datorren, izan ere, inguruko artzainek ez dute izen hau duen mendirik ezagutzen. Jasotako izenik zaharrena (1625 urtea) Fallita bada ere, J.M. Ansak Aralarko Malloen inguruan idatzitako "Las Malloas de Aralar. Itinerarios, historias y leyendas" liburu zehatzan, izena Ttutturregi bezala jasotzen du.

- Joer, hemendio Balerdi urruti ikustea...
- Bai, oaindio bide luzea daukeu - erantzun zidan Asierrek.

Ttutturregiko postontzia, atzean, oso urrun, Balerdi.

Postontziaren gainetik pasatuz, Ttutturregiko mendebaldeko aurpegiko malda belartsua jaisten hasi ginen, hego-mendebaldean dagoen Illobi lepo itxurako pasabide batera zuzenduz. Jaitsiera lasai hartu genuen, malda handia eta belar luzea dagoelako. Illobi zeharkatu eta borda bat eskuinean utzi ondoren, hego-mendebaldeko noranzkoarekin jarraitu genuen harkaitzez apainduriko muino itxurako gain batera iritsi ginen arte:

Bordaren ondotik pasatzen, atzean TTutturregitik (Pallardi) jaisteko jarraitutako bidea.

- GPS-en arabera Atallorben gare - esan nion Asierri aparatuaren pantailari begirik kendu gabe.

Harkaitzen artean begiratzen hasi ginen plakatxo edo postontzi baten bila, baina ez genuen ezer aurkitu.

- GPS-ek esaten bado hala izangoa - erantzun zidan.

10:30. Atallorbeko postontziaren bila, atzean Mendiaundi ikusi daiteke.

Argazki pare bat egin eta Atallorbetik behera korrika txikian hasi ginen, honen ipar-mendebaldean dagoen Mendiaundi mendira zuzenduz. Ingurune hau dolinaz betea dago eta gertu zirudien mendira iristeko hainbat aldapa igo eta jaitsi behar izan genituen. Egun batzuk geroago etxean ikusiko nuen bezala, bi mendi hauen artean, Atallorbeko iparrean mendikat webgunean Itturtxuloko punte izeneko mendi bat ageri da. Harritu ninduen mendi honen berri izatea, izan ere Imanol Goikoetxearen "Aralar" mapan ez da agertzen eta autore berak "Aralar" liburuan ere ez dio inongo aipamenik egiten. Egunen batean ibilbide hau errepikatzen badut, badaezpada igo egin beharko dut, jejeje.

Azken aldapa bat igo ondoren, Mendiaundiko gailurrean eraikitako mugarri handia eta postontzi berezia azaldu ziren.

10:40. Mendiaundiko postontzi "berezia". Egia esan, ez dakit zer adierazten duen, jejeje.

Mendiaundiren buzoia atzean utzita ibilbidearekin jarraitu genuen, ipar-mendebaldeko noranzkoa hartuz.

Mendiaundiko gailurrean.

Pausu bakoitzarekin zerua ilunduz zihoan, geroz eta hodei gehiago pilatzen zituen haize hotzaren eraginez. Haizeagatik nolabait babesten gintuen txoko batean gelditu eta zerbait jateko lehen atsedenaldia egitea erabaki genuen.

- Ez al do ba ebiik ingo? - galdetu zidan Asierrek zerura begira.
- Itxura onik eztauke, baña gaurko etzeon emanda… - erantzun nion, hotzagatik beso-erdiak berriro ere janzten nituen bitartean -, eskerrak eguzkitako kreman eman ezteun, jejeje.

Kurutzeaga parez-pare ikusi arren bertara iristeko bidea ez genuen zuzen egingo, bideak lapiaz eremuak ekiditen dituelako. Aralarko hainbat lekuetan fenomeno geologiko hau ohikoa da eta batzuetan ez da erraza izaten bide erosoena topatzea. Urrutira joan gabe, pasa den neguan Leku eta biok nahiko lan izan genuen Pardarriren hegoaldean dagoen lapiaz elurtua zeharkatzeko, hainbat lekuetan nahi baino izerdi gehiago botatzera iritsiz. Lapiaz eremuetan, gehienetan biderik luzeena azkarrena izaten da, jejeje.

Kurutzeagako gailurreko postontzira iristeko lapiaz motz bat zeharkatu behar da, zailtasunik gabekoa, baina harkaitza bustia egongo balitz kontuz ibili beharrekoa. Gailurrera iritsi ginenean lehen aldiz oinen azpian amildegi bat izatearen sentsazioa izan genuen. Orain arte igotako mendietan, Araitz bailara gure oinen azpian ikusi arren ez genuen inongo momentuan amildegi sentsaziorik izan.

11:00. Kurutzeagan.

Haize hotzgatik ihesi, gailurrean argazki soil bat egiteko geratu eta aurrera jarraitu genuen, gailurraren mendebaldean dagoen Arrutako lepora zuzenduz.

Arrutako lepotik gora euria hasi zuen. Ez zen euri-jasa bat, baina haize indartsuaren eraginez igoera desatsegina bihurtu zen, tenperatura dezente jaitsiz. Begirada lurrean jarrita, igoeran Araitz bailarako isurialdetik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu ginen, aldapan dagoen hesi elektrifikatuaren alde batetik eta bestetik ibiliz. Lepoa behean gelditu eta aldapa etzan zenean ibilbidearen pasabiderik ikusgarrienetakora iritsi ginen.

Hurrengo metroetan gandorra zorroztu eta ibilbidea ikusgarri bihurtzen da, gandorraren ahoaren alde batetik zein bestetik ibiltzera behartuz. Gandor zati hau guztia ekidin daiteke baina gainetik joateak bere xarma dauka. Ekilibristen moduan, geroz eta indar handiagoa hartzen ari zen haizearekin borrokan, metroak zuhurtzia handiz irabaziz jarraitu genuen, eskuinean Araitz bailararaino erortzen den amildegiaren gainean oreka mantendu nahian.

- Pareta majoa dau hemen azpin…
- Bai, Lekuk esateon bezela, “caerse aquí no es una opción”, jejeje – erantzun nion.

Amildegiak sortzen duen desorekarekin jolasean aritu ondoren, kareharriak belarrari leku eman eta gandorra zabaldu zen. Bertatik jarraituz, gailurrean mugarri bat duen Beldarri mendira inongo zailtasunik gabe iritsi ginen.

11:25. Beldarrin, atzean Sollazbizkargaña, Aralarko punturik garaiena.

Beldarritik aurrera, izan genuen lehen aukeran Sollabizkargañara Igaratzatik doan ohiko bidearekin bat egin genuen. Minutu gutxien buruan Aralarko punturik garaienean geunden.

Txindoki Sollazbizkargañatik ikusita.

11:30. Sollazbizkargañako gailurrean.

Sollazbizkargañako toponimiaren inguruan kronika honetan aritu nintzenez, ez naiz berriro ere errepikatuko.

Haizeak gorputzeko tenperatura ziztu bizian jaisten hasi zenean, berehala jarri ginen martxan. Aldaonera iristeko (hurrengo gailurra) bi aukera genituen: gandor bat jarraituz Elkomuts-eko lepotik pasatzea edo Gaintzako ohiko bideak aldapa galtzen duen Baratzail lepotik igotzea, Euskal Herria Mendi Erronka mendi-lasterketa zoragarrian igotzen dena, hain zuzen ere. Guk bigarren aukera hartu genuen.

Aldaonera arte jarraituko genuen bidea.

Kuriosoa bada ere, eta geunden mendia zein zen kontutan izanda, Sollazbizkargañatik behera mendizale batzuekin gurutzatu ginen lehen aldia izan zen. Orain arte bakar-bakarrik ibili ginen, noizik eta behin, urrun, mendizale bakarren bat ikusi bagenuen ere.

Baratzail lepora iristear geundela jaitsierako bidea utzi eta Aldaonen azpian dagoen paxa inklinatura igo ginen. Bertako belar gozoan metro batzuk jarraitu ondoren ezkerrera bota eta, harrien askeen artean, erdi ezabatua dagoen bidexka bat jarraituz, hiru buzoiez osatutako Aldaoneko gailurrera iritsi ginen.

11:50. Aldaoneko gaiurrera iristen.

Sollazbizkargaña Aldaonetik ikusita.

Aldaoneko jaitsiera izugarria da, oso maldatsua, oinak egosita izanez gero behatz puntak minberatzen dituen horietakoa. Amildegitik ahalik eta gertuen mantenduz, Egurbidea edo Egurbide lepora jaitsi eta bertatik Egurbide mendira igo ginen, gailurrean udalerrien arteko mugarri txiki bat besterik ez duena. Bertan argazkia eginez aurrera jarraitu genuen.

12:05. Egurbiden, atzean Aldaon eta bertatik jaisteko jaitsi behar den aldapa belartsua.

Aurretik duguna. Balerdi pixkanaka gertuago ikusten da.

Hemendik aurrera Nafarroa eta Euskadiren arteko mugatik gertu mantentzen saiatu ginen, amildegitik gertu. Modu honetan jarraituz, Beoin mendiko gailurrera iristeko ez genuen inongo zailtasunik izan.

12:15. Beoineko gailurrera iristen.

Beoin eta Oako lepoaren arteko jaitsiera Aldaonekoaren modukoa da, beharbada aldapatsuagoa. Ordurako maldan behera iztarrak kexatzen hasita zeuden eta ura dosifikatzen aritzeak (kontutan izan Errenaga izan zela ura hartu genuen azken lekua) ez zuen asko laguntzen.

Oako lepotik gora jarraitu eta parean genuen mendia bere ezkerretik PR-GI 2008 ibilbidea jarraituz saihestu genuen. Gero etxean konturatuko nintzen saihestutako mendia Elizkaitz dela, Malloak osatzen duten beste mendietako bat, gailur harkaiztsuan gurutze bat duena. Hona ere berriro itzuli beharko dut, jejeje.

Elizkaitz atzean utzi ondoren PR bidea mugatik asko aldentzen zela ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe bide hau utzi, Nafarroa eta Gipuzkoa artean dagoen hesia gurutzatu eta parean genuen mendira zuzendu ginen, Urakorri mendiaren gailurrea iritsiz. Igoeran belar luzea topatu genuen eta oinak oso nekatuta, lurrera begira bakoitza bere erritmoarekin.

12:40. Urakorriko postontzia.

Urakorriko gailurra Uakorri edo Oakorri izenez ere ezaguna da, denak Oako lepoa erreferentzia dutenak. Uarkorritik aurrera hesia gure ezkerrean utziz jarraitu genuen amildegira iritsi ginen arte. Bertan, erdi-kolokan zegoen hesiaren gainean oreka hala nola mantenduz, hesiaren bestaldera pasa ginen. Amildegiraino iritsi gabe badago hesia zeharkatzeko pasabide eroso bat.

Txindoki eta Larraone Urakorritik ikusita. Larraone Txindokiren aurrean mimetizatuta gelditzen da, bere ekialdeko gandor ikusgarria agerian utzitz. Larraonen tamalez urte osoan eskalada debekatuta dago.

Eta Urakorritik behera hirugarren jaitsiera handi bat, oraingoan Astunaldeko lepora eramaten duena. Arritzagako meatzak ustiatzen zirenean, postari bat Azkaratetik Amezketara joan-etorrian egunero zebilen, besteak-beste meatzarien eskutitzak eraman eta ekartzeko. Astunaldetik Azkaratera doan jaitsieran, belarra menditik baserrietara jaisteko erabiltzen ziren kable herdoilduak oraindik ikusi daitezke. Urteetan, araiztarrak Malloetara urtean bi aldiz igotzen ziren belarra moztera. Malda handia egonda, segalariek askotan sokaz lotuak mozten zuten belarra, gero fardeletan sartu eta soka batekin lotu ondoren kableetatik bailarara jaisteko.

Astunaldeko lepora iristen.

Astunaldetik gora Arritzagatik Balerdira doan ohiko bidearekin bat egin genuen. Gailurrera iritsi aurretik gandorraren ahotik zeharkatu behar den pasabidearen aurretik mendizale bat topatu genuen. Pasatzen utzi, eta lauko talde batekin gurutzatuz, gailurrera iritsi ginen.

13:00. Balerdiko postontzia. Lehen postontziarekin batera gurutze bat zegoen baina ez genuen topatu.

Balerdik Mallozar izena ere jasotzen du, eta TTutturrekin batera, Malloetako mendirik ikusgarrienak dira inongo zalantzarik gabe. Zerua argitzen hasi eta hodeien artean eguzki izpi batzuk ihes egiten zutela ikusita eguzkitako krema eman eta zerbait jateko bigarren atsedenaldia egiteko aprobetxatu genuen.

- Joer, hemendio Tuturre urruti ikustea...
- Zeñek esango zun handio gatozela - eranzun nion Asierri.

Eguzkitako krema ematen genuen bitartean, gandorran pasatzen utzi zigun mendizaleari begira egon ginen. Pasatzen utzi zigun leku berean zegoen, geldi-geldi gandorra zeharkatzea merezi zuen ala ez baloratzen ariko balitz bezala. Mendizale hark barruan izan zitekeena sentitu eta duela urte pare bat Pene Sarriere mendiaren hegoaldeko gandorra eskalatzen hasi behar ginen unea burura etorri zitzaidan. Egun hartan burua erabat blokeatu zitzaidan eta beldur irrazional batek goitik behera hartu ninduen, erabat paralizatuz. Denbora luzean lurrean eserita egon ondoren, Asierri atsekabe handiz beherako bidea hartzen nuela esan nion. Luze egingo zitzaion unearen ondoren, mendizaleak buelta hartu eta beherako bidea hartu zuen.

- Gutxiñez hortaño iristeko balorea izan du - esan zidan Asierrek.
- Bai, hala da - erantzun nion -, ea hurrengo batean sikiera pauso bat gehiago emateko kapaz den...

Gaurkoan jarraitutako mendi-lerroa Balerdiko gailurretik ikusita, Ttutturre urrutien gelditzen den piramide itxurako mendia da.


Balerdiko gailurretik bueltan, Bedaio eta Amezketa arteko muga adierazten duen hesia berriro ere zeharkatu eta Artubira zuzendu ginen, gaur igoko genuen azken mendia.

Postontzira irstearekin batera euria hasi zuen. Hasieran lotsati, gogo gabe, baina segundo gutxietan erritmoa hartu eta geroz eta tanta gehiago eta geroz eta handiagoak zerutik isurtzen hasi ziren, bazter guztiak bustiz.

13:30. Artubiko postontzian. Argazkian argazki kamerak harrapatutako euri tantak ikusi daitezke.

- Goazemazu hemendio a toda letxe!!! - esan nion Asierri Bedaio eta Amezketa arteko hesira zuzenduz.

Haizetako txamarrak gainetik jantzi eta mendian behera bizi-bizi hasi ginen, ipar-mendebaldeko noranzkoa hartuz. Gure helburua Amezketaraino iristen den PR-GI 2008 ibilbidearekin topo egitea zen, Larrondoko zelaietara eramango gintuena. PR arrastoak ikusten hasi ginenean GPS aparatua motxilan gorde eta mendian behera korrikan hasi ginen, ekaitza atzean utziz.

Larrondoko zelaietan, bertan dagoen iturriaren ondoan, PR ibilbideak GR-121 eta GR-20 ibilbideekin bat egiten du. Iturrian aspaldiko partez ura gogotik edateko aukera izan genuen, kantinploretan geratzen zena kontutan izan gabe. Egarria asetu eta kantinplorak berriro ere bete genituenean PR/GR bidea jarraitzen hasi ginen, indarrek uzten ziguten abiadurarik handiena eramaten. Bidexka, bide, bidea pista eta pista errepide bihurtu ziren Amezketako San Martin auzora iritsi aurretik.

Bidea pista bihurtzen den lekuan, errepidetik gertu.

Metroak galtzen genituen heinean mendi gaineko freskura atzean gelditu zen, oroitzapen baten moduan, bere lekua sargori itogarri batek hartuz. Honetaz errepidean korrikan hasi ginenean aski konturatu nintzen, errepideak xurgatutako beroak oin-azpiak egosten hasi zitzaizkidanean.

San Martinen ez ginen geratu ere egin. Korrika txikian jarraituz, pilota buruz buruko txapelketa ikusteko prestatzen ari ziren amezketarren artean pasatu ginen, eta ez zen gutxiagorako. Jokin Altuna herrikideak Beñat Rezustaren aurka jokatuko baitzuen. Arratsaldearen azken orduan txapela Amezketara iritsiko zen.

14:45. San Martinen.

Bukatzeko, galtzada itxurako bide maldatsu bat jaitsi ondoren Amezketako herrigunera iritsi, eta ia zortzi orduko ibilaldiaren ondoren, berriro ere San Bartolome elizaren paretik pasa ginen, ibilbideari amaiera emanez.

14:50. Amezketako kaleetan berriro ere.


- 4 km/h-ko medie - esan nion Asierri GPSari begira.
- Bakarrik?
- Bai, kontutan izanda sartu deun desnibela eztau gaizki - erantzun nion -, dena den gehio entrenau beharko deu, jejeje.

Zapatilak kendu eta oinak txakleta freskoetan sartzeak eman zidan gozatuak ez zuen preziorik izan. Kotxera nekatuta iritsi arren, muskularki ongi iritsi ginen, arazo eta ondoezarik gabe, eta oinetan babarik ez zen ageri. Baina zeru hodeitsu eta iluna izan arren, aidean eraman genuen azalak gorritu ederra hartu zuen, sobra ere eguzkitako krema beranduegi eman genuenaren seinale. Ibilbidearen penarik handiena egun batzuk beranduago sentituko nuen, igo gabe utzi genituen mendiak "deskubritu" nituenean. Asierri honen berri eman nionean ezin zuen sinetsi. Hala ere, erantzun zidan whatsapp-ean "2 gehiago? Errepikatuko degu ordun" erantzun zidan. Ez dakiena da gutxienez dozena erdi bat mendi gehiago direla, jejeje

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Goikoetxea I. Aralar mapa. Aranzadi Zientzia Elkartea, 1994.
- Peña Santiago L.P. Aralar: travesías y cumbres a través de una geografía humanizada. Donostia. Elkar edizioak, 1084.
- Goikoetxea I. Aralar: rutas - travesías - ascensiones. Donostia. Txertoa edizioak, 1992.
- Wikipedia, entziklopedia askea. 2020/09/01. Aralarko Malloak. Eskuragarri: https://eu.wikipedia.org/wiki/Aralarko_Malloak
- Noticias de Navarra. 2020/08/10. Valle de Araitz, un siglo de los cables de las Malloak. Eskuragarri: https://www.noticiasdenavarra.com/navarra/2020/08/10/siglo-cables-malloak/1069227.html
- XIV orduko ibilaldia. Eskuragarri: https://14orduak.eus/
- Mendiak.net web orria. 2011/06/24. Malloak integral (Beluta - Balerdi): gran circular desde Betelu. Kukoren erreporra. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=37814
- Mendikat web orria. Ttutturregi (1.290 m). Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/1282
- Smithyren bloga. 2017/03/31. Intzako Dorrea edo Sollazbizkargaña Amezketatik. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/03/intzako-dorrea-edo-sollazbizkargana.html
- Smithyren bloga. 2013/05/13. Balerdi (1206 m.) eta Artubi (1263 m.) Amezketatik, 2013/05/05. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2013/05/balerdi-1206-m-eta-artubi-1263-m.html


2017/03/31

INTZAKO DORREA EDO SOLLAZBIZKARGAÑA AMEZKETATIK

2016ko Hiru Haundiak mendi ibilaldiaren ondoren, korrikan egiteko zapatilak armairuan gorde eta Aconcaguarako espedizioari begira buru-belarri entrenatzen hasi ginen. Mendi lasterketen ondorioz sasoi fisiko onean izan arren, oinak mendiko botetara eta gorputza motxila astunara ohitu beharra genituen. Litro eta erdiko hiru botila ur eta 5 kiloetako pisu-diskoa, botikina janari eta arroparekin batera sartu eta, 12 kiloetatik gorako motxilarekin inguruko mendietan ibilbideak egiten hasi ginen, bizkar eta sorbalda indartzeko asmoz. Gerora konturatuko nintzen Aconcagua bezalako mendi baterako motxila txiki batean kilo asko sartzea baino (guk egin genuena) pisu bera motxila handi batean eramatea hobe zela, gorputza motxilaren bolumenara ere ohitzeko.

Urria eta abenduaren arteko eguraldia ez zen eguzkiaren aldetik eskuzabala izan eta, jakina, Euskal Herrian mendi irteerak eguraldiaren menpean daudenez, asteburu askotan etxetik atera gabe gelditu ginen. Honen ondorioz, abenduak 11rako euririk botako ez zuela iragarri zutenean, denborarik galdu gabe zein irteera egingo genuen antolatzen hasi ginen, denbora gure esku izango balitz bezala. Etxeko liburu eta mapei hainbat buelta eman eta, mahai gainean jarritako aukera ezberdinen artean, Intzako Dorrera igotzea adostu genuen, desnibel gogorra izan gabe 4-5 orduetako irteera egiteko aukera emango zigulako.

Aralarren iparraldean, Araxes ibaia eta Araitz haranaren zelai eta larreen gainetik, Malloak nabarmentzen dira. Iparraldera, iraganezina dirudien 1.000 metroetatik gorako horma osatzen dute eta, Atallu edo Betelutik begiratuz, Zegamatik Aizkorri ikusten arituko ginenaren sentsazioa dago. Hegoaldera berriz, Aizkorrin gertatzen den moduan, bertikaltasuna galdu eta gailurrak Unaga nahiz Errenagako larretan nahasten dira aldapa gozoak osatuz. Malloen gainetik bi gailur nabarmentzen dira: Balerdi iparraldean eta Intzako Dorrea. Lehena, duen itsura ikusgarriagatik; bigarrena aldiz, 1.430 metroekin denetatik garaiena izateagatik.

Malloak Tuturreren gailurretik ikusita.


Intzako Dorrea goierritarrok betidanik Irumugarrieta bezala ezagutu dugu. Baina izen hau zuzena al da? Toponimiaren inguruko azkeneko ikerketek ezezkoa diote. Dirudienez, Irumugarrieta gailurretik gertu Gaintza, Intza eta Erregenea komunalek muga egiten duten leku konkretu bat da. Gailurraren izen egokiena Sollazbizkargaña llitzateke, mendiak izan duen izenik zaharrena, nahiz eta Intzako Dorrea edo Elkomuts bezala ere ezaguna izan.

Sollazbizkargañaren gailurrera iristen diren ohiko bideak lau direla esan daiteke: Araitz haraneko Gaintza nahiz Intza herrietatikgora doazenak, motzenak izanda ere 1.100 metroetako desnibel gogorrean hauspoa ederki berotuko digutenak. Hirugarren bidea, Guardetxe abiapuntu duena, desnibel gutxiena duena da, baita ibilbiderik gozoena duena ere. Laugarren bidea, errepor honetan azalduko dudana, Amezketatik gora doana da. Amezketa herritik bertatik abiatu daiteke eta, kotxea elizaren ondoan utzita, 1.200 metroetatik gorako desnibelari aurre egingo diogu. Duela urte batzuk aldiz, Beratzeaga deituriko lekuan aparkalekua egin zutenetik eta, herritik hasten dena baino 200 metro desnibel eta ia bi ordu gutxiagoko ibilbidea dela ikusita, ohiko abiapuntua hau bihurtu da. "Google Maps" aplikazioan Ganbo izena duela irakurri dut baina ez dakit izen hau "ofiziala" den.

IBILBIDEA

Ibilbidea Beratzeagako aparkalekuan hasi genuen. Aparkaleku honetara nola iritsi hemen irakurri daiteke.

Beratzeagako zubia zeharkatu ondoren Arritzagako sakanean gora doan bidea jarraitu genuen ("Minaseko bidea" bezala ere ezaguna dena) Perilekun dagoen Igaratzako postera iritsi arte. Tartean Buruntzuzin meatzeak, Arritzaga saroi eta txabolak, Pardeluts iturria eta Ama-Birjiñ harria pasa genituen. Bide hau GR-121 ibilbidearekin bat dator. Igaratzako postean ipar-ekialdeko norabidea hartuz Sollazbizkargañaren gailurrera iritsi ginen.

Jaitsiera Pardeluts iturritik doan ohiko bidetik egin genuen, modu honetan nolabaiteko bide zirkularra eginez. Honetarako igoeran jarraitutako bidea hartu eta, gailurretik urrun ez dagoen indikazio postean, iparraldeko norabidea hartu genuen Nafarroa eta Gipuzkoa banatzen dituen mugatik gertu mantenduz. Gure ezkerrean Urgoiti eta Egurtegi mendiek osatzen duten sakanatxoa ikusi genuenean hego-mendebaldeko norabidea hartu genuen Pardeluts iturrira iristeko.

Pardeluts iturritik behera igoeran jarraitutako bide bera jarraitu genuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 17,25 kilometro.
- Punturik baxuena: Beratzeagako aparkalekua, 445 metro.
- Punturik altuena: Sollazbizkargaña, 1.430 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.100 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Ibilbidean hiru iturri topatu daitezke: Beratzeagan bertan, Arritzagako txaboletan eta Pardeluts iturria.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun handirik ez dauka, baina Perilekutik gora galtzeko arriskurik badago, batez ere behe lainoa izanez gero. Jaitsierako bidea ere ez da oso nabaria nahiz eta noizik eta behin bide arrastoren bat topatu. Arritzagako sakana zeharkatzen duen bidea bustia dagoenean irristakorra egon daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: lau ordu eta erdi atsedenak kontutan hartuz.

Bidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

08:15, Beratzeagako aparkalekua, 420 metro. Nahiz eta euririk iragarrita ez izan abenduaren 11 hotz eta triste esnatu zen. Zerua amaigabea zirudien laino zuri batek estaltzen zuen eta munduari kolore ilunak ematen zizkion. Belar eta zelaien kolore berdea bizigabea zirudien eta basoek ere, hostoetatik biluzirik, udaberrian izaten duten zoriontasuna galduta zuten: "gaur ustet argazkik nahiko tristek ateako diela" esan nion anaiari "holako egualdikin argie ez da bate ona izaten" erantzun zidan.

Kotxetik atera, aspaldi jarri gabeko bota hotz eta gogorrak jantzi eta, motxila astunak bizkarrera bota ondoren lehen pausuak ematen hasi ginen.

Aparkalekuan.


Pistan metro batzuk egin ondoren, Beratzeagako zubiaren ondoko iturrian tragoa jo eta, zubia gurutzatu ondoren, zibilizazioarekin lotzen gintuen pista utzi eta poliki-poliki GR-121 ibilbidearen arrastoak jarraituz maldan gora hasi ginen. Errekaren notek osatzen zuten musikaren artean, urritz, garo eta goroldioz tapizatutako basoa zeharkatzen hasi ginen. Metroak irabazi ahala errekaren hotsa urrunduz joan zen, urrutiko zurrumurru lotsatia iristeraino. Errekari "gero arte" bat esatea besterik ez zen, Buruntzuzin meatzetan berriro ere topo egingo genuen eta, honegatik igoeran ez genuen presarik hartu. Bidea estaltzen duten harri eta harkaitz heze eta irristakorrek igoerari emozio pixkat eman zioten, eskuko lesioagatik makuluak etxean atseden hartzen gelditu zirenez, baldar xamar nindoan eta. Harrigarria bada ere, urtean zehar zapatilekin ibiltzen ohitua, bazirudien mendiko botekin sekula ibili gabeak ginela.

Beratzeagako zubia gurutzatu aurretik.


Neguan zuhaitzak biluzik egotea duen gauza ona urtean zehar izkutatzen dutena ikusteko aukera uzten dutela izaten da, honegatik harritu gintuen Anduitzeko aitzorrotza hain goiz ikusi izana. Duela urte batzuk eskalatu genuen arren, egun aitzorrotza eskalatzea debekatua dago. Behatzaren itsura duen orratz ikusgarria gure ezkerrean utzi eta, atzean gelditu zenean, basoaren argiune bakarrean kokatutako izen bereko txabola bakartira iritsi ginen.

Anduitzeko aitzorrotza, ikusgarria benetan.


Anduitzeko txabolaren parean.


Anduitz txabola atzean uzten denean hasten dira maldarik serioenak. Lehergailuek harkaitzari irabazitako borrokan utzitako orbainaren moduan, bideak harkaitzan gora doa "Zeta" itsurako bihurguneak osatuz. Leku honetan atzetik bi mendizale hurbiltzen zirela ikusi eta, aurreratzen uzteko bidearen ertzera pasa ginenean, Ion eta Urko zirela ikusi genuen: "Joño, arraroa Aizkorritio kanpo ikusi ez izana, jejeje" bota genien azkeneko topaketak gogoratuz. Hizketan aritu ginen denbora motzean Aizkorriko kanalak eta Aconcagua izan ziren solasaldiaren ardatza. Elkarri zortea opa ondoren bakoitzak bere martxa eta bidearekin jarraitu zuen.

Bidea tentetzen den zati hau atzean utzi ondoren (bakarren batek tarte honek duen arrisku larriaz jabetu eta harkaitzean bihurgune arriskutsuko tartea dela margotu du) basoa pixkanaka desagertuz joan eta, konturatzerako, belarrez estalitako bi hormen artera iritsi ginen.

Basoaren azken zuhaitzak.


Basoaren isiltasuna Bizutsako ur-jauziak lotsati apurtu zuen. Negu lehorrak ur jauzian marka utzita zuen eta ez zen ohiko burrunbarik entzuten. Ur-jauziaren azpiko putzuak bainu bat hartzera gonbidatzen zigun baina, Udan gonbidapena tentagarria izaten den arren, oraingoan ezezkoa esan genion. Duela urte batzuk erreka osoan zehar putzuetara errapelatzeko paraboltak jarrita zeuden (ez dakit oraindik jarraituko duten) eta ohikoa zen neopreno eta txalekoz jantzitako taldeak errekan behera ikustea. Egun, Anduitzeko aitzorrotzaren eskaladarekin gertatzen den moduan, sakanen jaitsiera egitea debekatua dago.

Basotik atera ondoren. Argazkiaren eskuinean Bizutsako ur-jauziaren hondarrak ikusi daitezke. Borobilaren barruan "bagoneta" ertzaren hasiera non dagoen adierazi dut.


Mendiari metroak presarik gabe irabazten joan arren, konturatzerako Artubi mendira doan "Bagoneta" ertzaren oinera iritsi ginen, GR marka duen harkaitz handi baten ondoan dagoena: "zenbat pasa deu honearte?" Galdetu zidan anaiak. Erlojua begiratu eta "ia bi ordu" erantzun nion". Bizkar hezurraren moduan zuzen-zuzen doa Artubi mendiaren gailurreraino. Ez da ertza tentea eta II-III zailtasunaren baitan izan arren, IVko pausu pare bat eta IV+ pausu isolatu bat ere baditu. 7 luzeetako eskalada bidea da, friend, fisurero eta harkaitz zubiekin jolasean hasteko primerakoa eta, pausurik zailenak, paraboltez babestuak daude. Ertzaren inguruko informazio gehiago hemen topatu daiteke. "Ustet gaur Asier arista hau eskalatzea zetorrela" esan nion anaiari. "Bai, hala esan ziten neire" erantzun zidan. "Egunen baten haure inbeharkodeu ez?" esan genion elkarri, galdera batera egiteko prestatu bagenu bezala. Eskaladaren hasiera adierazten duen kordinoari argazkia egin eta ibilbidearekin jarraitu genuen.

"Bagoneta" ertzaren hasiera adierazten duen kordinoa.


Ertza hasten den lekua. GR markadun harkaitz handia ikusi daiteke.


Ertzaren hasieratik gora.


Hemendik gora maldak bere hortan jarraitzen du, atseden handirik eman gabe eta, metro batzuk igo ondoren, "bagoneta" ertza osoari argazkia egiteko aitzakiarekin, segundu batzuetako atsedena hartu genuen. Aldaparen amaieran, Basaizko harratean, Amezketako udalerriko mugan dagoen metalezko langa zeharkatu eta, mendiaren beste aurpegira pasa ginenean, ezerezetik aterata bezala, gure aurrean Buruntzuzin meatzeak azaldu ziren.

"Bagoneta" ertza bere osotasunean.


Basaizko harrateko metalezko langan.


Mendiaren beste aurpegira pasa ondoren. Argazkiaren eskuinean ikusten den eraikinera doan bidexka hartu genuen. Iker dagoen lekuan orain arte jarraitutako bidea utziko genuen.


Erdoildutako kableetatik zintzilikatutako metalezko gantxoak haizeak alde batera eta bestera leun mugitzen zituen, denbora markatzen joango balira bezala, garai bateko oparotasuna gogoratu asmoz. Orain arte jarraitutako bide nabaria utzi eta, GR eta PR markak jarrituz, bidexka batean behera egin genuen orain arte urrun izandako errekarekin berriro bat eginez.

Buruntzuzin meatza izandakoaren hondarrak.


10:20, Buruntzuzin meatzak, 935 metro. Erdi eroritako eraikinak, erdoildutako bagonetak, burdin kolore gorriko errekatxoak eta isiltasuna hausten duten kableen mugimenduek majia edo misterioa ematen diete meatza izandakoari, nolabaiteko zirrara berezia sentituz. Zirrara honetaz kutsatuta zerbait jan eta edateko lehen geldiunea egin genuen. Atsedena ez zen luzea izan eta, motxila gainean ez izateagatik, bizkarra hozten hasi zenerako berriro ere martxan ginen.

Atsedenaren ondoren berriro ere martxan.


Urte batzuk baziren hemendik gora igotzen ez ginela, honegatik meatzetatik gora doan pista zabal eta "berria" ikusteak harritu gintuen. Pistak zubi batez baliatuz erreka zeharkatu eta, errekaren ondoan metro batzuk egin ondoren, Arritzagako txaboletan utzi gintuen. Izen bereko saroian kokatutako txabola hauek zaharragoak gogoratzen nituen eta botikina eta guzti duen aterpe itsurako eraikinak atentzioa deitu zidan. Pista bertaraino iristeak txaboletako berritze lanak erraztuko zituela pentsatzen dut.

Botikina duen aterpe itsurako eraikina.


Arritzagako txaboletan.


Arritzagako txaboletako iturrian zintzurra freskatu eta, erreka beste behin gurutzatu ondoren, gure ezkerrean utzi genuen, pixkanaka behean geldituz. Metroak gora egin ahala erreka estutuz zihoan eta azkenean geldituko ziren arrastoekin ez genuen berriro topo egingo Pardeluts iturrira iritsi arte.

Txabolak atzean utzi ondoren, erreka pixkanaka azpian geldituz doa.


Igoera ongi zihoan, lasai eta egun tristeak gozatzeko uzten zigun aukera gutxiekin gozatuz. Zeruak zuri jarraitzen zuen, Aralarrek gainetik botatako maindira kendu nahiko ez balu bezala. Motxilak, nahiz eta astunak izan, ez ziguten sorbaldetan minik ematen eta igoera eroso egiten ari ginela ere esango nuke. Gogorra ez den aldapari metroak irabaziz Pardeluts iturrira iritsi ginen.

Pardeluts iturria. Gorriz igoeran jarraitutako ibilbidea eta urdinez jaitsieran jarraituko genuena.


10:50, Pardeluts iturria, 1.055 metro. Aralarren sustraietatik datorren ur hotza gustura edan genuen, eta motxiletatik ateratako barratxo bat jatearekin batera bigarren atsedenaltxoa egin genuen, oraingoan motxilak kendu gabe. Bost minutuetara iritsiko ez zen geldiune motzaren ondoren berriro ere martxan jarri ginen.

Pardeluts iturritik gora bideak galtzeko arriskurik ez dauka mendiek sortutako sakanaren erdian sartuta doa eta. Metroak irabazi ahala malda leuntzen joan zen, baita alboetara genuen mendien ertzak hurbiltzen ere, Igaratzako harratera iristen ari ginenaren seinale. Hala ere, Igaratzako harratera iritsi aurretik Ama-Birjiñ Harrira iritsi ginen.

Ama-Birjiñ Harriaren ondoan.


11:00, Ama-Birjiñ harria, 1.110 metro. Kondairak dio Ama birjin berberak harkaitz horretan oina ipini zuela; honen froga harkaitzaren gainean dagoen oin itsurako arrastoa da. Irudia, harkaitzean zizelkatutako Andra Mariarena da. Plastikozko lore ikusgarri batzuek apaintzen dute harria, urte osoan zehar kolore biziz mantendu dadin. Ohitura zaharrak dio limosna utzi behar dela, artzainek galdutako ardia berreskuratzeko uzten duten bezala. Harrian bildutako dirua Aralarko San Miguelera eramaten omen zen, santutegiaren mantenurako erabiliz. Poltsikoetan txanponik ez eta aurrera egin genuen, badaezpada ere Ama-Birjiñari begietara begiratu gabe, limosna ez uzteagatik zorte txarrik etorriko zenaren beldurrez.

Ama-Birjiñ Harritik denbora gutxira, alde batera eta bestera genituen mendiak zeruertzarekin bat egin zutenean, malda amaitu eta Igaratzako harratera iritsi ginen. Bertan haize fresko batek ustekabean harrapatu eta orain arteko beroak lapurtzen saiatu zen, gorputzetan hotzikara arin bat sentituz.

Igaratzako harratean.


Beroa mantendu nahian edo, pausua zertxobait arindu eta Perileku deitutako lekuan dagoen Igaratzako seinaleztapen postera iritsi ginen. Perilekun Ekainaren 22an ganaduaren feria egiten zen, hortik izena.

11:15, Igaratzako postea, 1.190 metro. Posteak puntu kardinalak adierazteaz aparte, porlanezko oinarrian inguruko mendiak non dauden ere adierazten du. Puntu kardinalekin batera haize-orratzak parez-pare begiratzen gintuen haizea hego-mendebaldetik zetorrela adieraziz.

Igaratzako seinaleztapen postera iristen.


Haizeak berotasuna erabat lapurtuko gintuenaren beldurrez Igaratzako postean ez ginen gelditu eta, norabideari laurogei eta hamarreko aldaketa emanez, helburu zehatzik gabe joango bagina bezala, hego-mendebaldeko norabidea utzi eta ipar-ekialdeko norabidea hartu genuen.

Igaratzako postea, ezkerretik gatoz eta Iker doan bidetik jarraitu genuen.


Helburu zehatzik gabe gindoazela diot postetik gora bide nabaririk ez dagoelako. Noizik eta behin bidexka arrastoren bat jarraitzen genuen, mendiak nondik jo behar genuen esan nahiko balu bezala, baina jarraitutako bide arrastoak animaliek egindakoa ez ote ziren ere beldur izan ginen. Behe laino edo lanbroarekin galtzeko erraza izan daitekeen tartea dela iruditu zitzaigun. Bidea eginez, Igaratzako postearen ipar-mendebaldean dagoen gainera igo ginen, Arbelo mendiaren jarraipena den lepo itsurako gainera hain zuzen ere.

Lepora iristen, atzean postearen kokalekua adierazi dut. Atzerago Aizkorri ikusi daiteke.


Lepora Sollazbizkargañaren gailurra ikusteko itxaropenarekin iritsi ginen arren, parez-pare atzetik zer izkutatzen zuen ikusten uzten ez zuen muino bat azaldu zen, mendiak gaurko ibilbideari emozio pixkat jarri nahiko balio bezala: "joer, harritzeko hemendio Irumugarrieta ez ikustea" esan nion anaiari. GPS-a atera eta, teknologiari kasu eginez, muinotik ikusiko genuela esan zidan: "gutxiñez zuzen juten aigea" erantzun zidan. Arbeloren hego-mendebaldeko lepotik sakan txiki batera jaitsi eta muinora iristear geundela, bidexka nabariagoa egitearekin batera, harkaitzetan gorriz margotutako arrastoak ikusten hasi ginen: "oain ziur ondo aigeala" esan nion anaiari.

Arbeloko lepoa (atzean) utzita muinora iristen.


Marka gorriak.


Muinotik lehen aldiz Sollazbizkargañaren gailurra dominatzen duen porlanezko puntu geodesiko berezia ikusi eta lasaitasuna sentitu genuen, itsasoan galdutakoek itsasargia ikusten dutenean bezala: "oain bai, bertan deu". Puntu geodesikoaren itsasargiari jarraika gailurraren hego-mendebaldean dagoen indikazio postera iritsi ginen.

Indikazio postean.


11:40, indikazio postea, 1.390 metro. Indikazio postea atzean utzita, jada ongi zapaldutako bidetik, muino batera igotzearekin batera haizea zakartzen hasi zela sentitu genuen: "ez al du ebiik ingo ezta?" Galdetu nion anaiari. Muinoan bertan Gipuzkoa eta Nafarroa banatzen dituen arantzadun alanbrezko hesia zeharkatu eta, haizeagatik babesean zegoen tartetxo bat zeharkatu ondoren, berriro haizearen menpera atera ginen gorputza jantzita genuen arroparen baitan uzkurtuz, haizerik ez sartzeko zulo eta zirrikituak estali nahiko bagenitu bezala. Indikazio postetik 6 minutu eskasera Sollazbizkargañaren gailurrera iritsi ginen.

11:46, Sollazbizkargaña, 1.430 metro. Nahiz eta azken bi urteotan Leitzan antolatzen Euskal Herria Mendi Erronka ultra lasterketari esker gailur hau zapaldu, urteak ziren "Minastik" igotzen ez ginela. Haize freskoak utzi zigun denbora laburrean gailurraz ahal izan genuen guztia gozatu eta, hoztu aurretik, mendizale talde bat iristear zegoela, beherako bidea hartu genuen, gailurrera iritsi aurretik haizearengatik babestutako tartetxoan zerbait jateko asmoarekin.

Sollazabizkargaña, 1.430 metro.


Haize babeslekura iritsi ginenean bazirudien haizeak nondik sartu asmatu zuela, edo gutxienez haizeagatik hain babestuta geundenik ez zitzaigun iruditu. Azkar-azkar zerbait jan eta edan eta, haizeari hozteko aukera handirik eman gabe, beherako bidea hartu genuen, alanbre arantzadun hesia zeharkatu eta indikazio postera zuzenduz.

Arantzadun hesira iristen.


11:57, indikazio postea, 1.390 metro. Indikazio postetik aurrera igoerako bidea utzi eta, zeharkaldi luze bat eginez, mendebaldeko norabidea hasieran eta geroago iparraldekoa hartu genuen, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan dagoen arantzadun alanbrezko hesitik gertu mantenduz. Zeharkaldi luze honetan guztian ez genuen metro askorik galdu.

Indikazio postera iristen eta hemendik aurrera jarraitutako norabidea.


Iker indikazio postean.


Han atzetik gatoz. Argazkian Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan dagoen arantzadun alanbrezko hesia ikusi daiteke.


Nahiz eta indikazio postean jarraitu beharreko bidea PR bidea dela adierazi, ez dut gogoratzen zeharkaldi osoan PR markarik ikusi genuenik, izan ere, Pardeluts iturrira iritsi arte ez genuen PR markarik ikusiko. Honegatik, Igaratzako postetik gorako bidearekin esan bezala, behe lainoarekin galtzeko erraza izan daitekeen bidea dela uste dut, zeharkaldi osoa ganaduak ongi zapaldutako bidexkaz josia dago eta.

Jarraitutako bidea, argazkian Egurtegi mendia ikusi daiteke.


Arritzagatik gora doan bidea ikusgarria bada ere, jaitsierako bidea basatia da oso, bakarde sentsazio batek biltzen zaituen horietakoa. Maiatzatik aurrera ardi eta zaldien zintzarriek mendiaren isiltasuna hausten badute ere, goian entzuten zen haizeagatik aparte ez zen besterik entzuten eta larretatik ihes egindako bake sentsazioa arnasten zen. Bazirudien bertatik pasatzen ginen lehen gizakiak ginela.

Memoriaren misterioa kuriosoa izaten da batzuetan: atzo jandakoa nekez gogoratzen dugun arren, duela urte asko egindako bidea argi gogoratu dezakegu. Neuronen mekanismo arraroren baten eraginez, Pardeluts iturrian amaituko zen bidea Urgoiti eta Egurtegi mendiek osatutako Aintziriko ordeka deitutako ibarran behera zihoala gogoratu nuen. Urgoiti mendia identifikatzea ez zen zaila izan, denbora osoan gure ezkerrean (mendebaldean) izan genuen eta. Buru biko gailurra izanik, beste mendietatik aparte gelditzen denez, kono baten itsura dauka. Urogoitiren iparraldean, harkaitz eta harriz biluztutako Egurtegi mendia dago eta hau ere ez da zaila identifikatzen. Bi mendiak identikatuta, Aintziriko ordekara eramango gintuen biderik errazena jarraituz metroak galtzen joan ginen, orain arte iparraldera jarraitutako norabidea utzi eta hego-mendebaldeko norabidea hartuz, tarteka ganaduak egindako xendak jarraituz, tarteka mendiko boten arrastoak zeuden bidexkak jarraituz.

Urgoiti eta Egurtegi mendiak. Bi mendien arteko Aitziringo ordekara jaitsi ginen.


Aintziringo ordekara hurbiltzen ginen heinean, honen eskuinean (jaitsierako bidean) bide bat nabaritzen hasi zen, ezerezetik agertzen arituko balitz bezala. Bata besteari begiratu ondoren bitan pentsatu gabe bide horretara zuzendu ginen.

Aitziringo ordekara iristen eta bertan jarraitutako bidea.


Aitziringo ordekaren eskuinean doan bide nabarian.


12:35, Aitziringo ordeka, 1.110 metro. Mendietatik zintzilikatutako ordekaren amaierara iritsi ginenean, Pardeluts iturria gure azpian ikusi genuen: "bueno, iritsi gea nahi genun lekura" esan zidan anaiak.

Pardeluts iturria bistan.


Pardeluts iturrian.


12:43, Pardeluts iturria, 1.055 metro. Iturriko ur hotza eztarrian min egin arte edan genuen, barrenak ederki freskatuz. Motxilatik azken barratxoa atera, bitan banatu eta, presarik gabe murtxikatuz, igoeran jarraitutako bidearekin bat egin eta jarraituz joan ginen.

Arritzaga txaboletara iristen.


Buruntzuzin meatzetara iritsi baino lehen pistak erreka zeharkatzeko eraikitako zubian.


13:05, Buruntzuzin meatzak, 935 metro. Buruntzuzin meatzak atzean utzi eta Arritzagako sakanean buru-belarri sartuko gintuen metalezko langa zeharkatu ondoren, "Bagoneta" ertzan biko sokada zegoela ikusi genuen: "hoitako bat ziur Asier dela" esan zidan Ikerrek. Aurretik zihoazen mendizaleen bakea "Domingueeeeeeroooooooooss!!!!" oihukatuz apurtu nuen. Asier eta bere soka-laguna, ertzak osatzen duen bizkarrezurrean oso goian izan arren, oihuak sakanako hormetan errebotatzen joan eta oihartzuna iritsi zitzaien. Asierrek besoareki egindako keinuari kasu egin eta, argazki batzuk egin ondoren, beherako bidearekin jarraitu genuen.

Asier eta bere soka-laguna bizkarrezurreko azken ornoa esakalatzen.


Asier gertuago...


Kameleoien moduan, begi bat ertzan, begi bat bidean mantenduz jaisten joan ginen Asier bistatik galdu genuen arte. Hemendik behera, ibilbidearen misterio guztiak ezagutu eta ezer berririk ikasi eta ikusiko ez bagenu bezala, arinago jaitsi ginen, inguruan genuenari jaramon handirik egin gabe, lau ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren 12:45tarako kotxea utzitako aparkalekura itzuliz: "zemuz bizkarra?" Galdetu nion anaiari galtzerdiak kendu eta oinen egoera ikusten nuen bitartean, "bizkarra ondo, sorbaldak pixkat minberauta" erantzun zidan eskuekin sorbaldak igurtziz. "Ni re berdin nabile, sorbaldekin hortxe-hortxe" erantzun nion irrifartsu.

Botekin hainbat ordu ibili ondoren galtzerdi lehor eta zapatilak janzteak ematen duen gustuarekin traste guztiak jaso eta, kotxearen motorea piztearekin batera, etxerako bidea hartu genuen, nekatuta baina zoriontsu, Aconcaguarako prestaketa ongi zihoanaren sentsazioarekin.

KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA DOKUMENTAZIOA

- Luis Pedro Peña Santiago. Aralar, "travesías y cumbres a través de una geografía humanizada". Elkar argitaletxea, 1984.
- Miguel Angulo. La montaña vasca, 300 itinerarios a través de las siete provincias. Elkar argitaletxea, 1985.
- Gipuzkoako Mendi Federakuntza. GR-121, vuelta a Gipuzkoa. Sua edizioak. 1.991.
- Imanol Goikoetxea. Montañas de Gipuzkoa, 437 itinerarios. 4º edizioa. Txertoa argitaletxea, 1.996.
- Mendikat web gunea. Zehazki artikulu hau.
- Gipuzkoa mendiz mendi web gunea. Zehazki artikulu hau.
- Wikipedia web gunea. Zehazki artikulu hau.
- Imanol Goikoetxea. Aralar mapa, 1/25.000. 1990.