AZKEN 10 SARRERAK

2022/04/23

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "ARI" BIDEA, 90 m, IV+. 2022/04/14


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Ez al dezu ikusten ebie ai dula? - galdetzen zidan behin eta berriz Ikerrek Etzegarateko mendatean gora.
- Ordizin gehio ai zun - erantzuten nion uneoro, kotxeko kristaleko euri tantak batera eta bestera botatzen zituen haizetako-garbigailuaren joan etorriei jaramonik egin gabe -, gañea han ebiik eztula inbehar irakurriet.

Eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, Ihabarren goizeko seietatik aurrera euririk egingo ez zuela zioen iragarpenean fede osoa jarria nuen. Ikerrek esaten duen moduan, mendira joateko gogo bizia dugunean eguraldi ona iragartzen duen iragarpenari sendo atxikitzen gatzaizkio, beste iragarpen guztiek kontrakoa badiote ere. Honetaz aparte, fedea Goierri eta Sakanaren artean izaten den eguraldi aldaketan ere jarrita nuen, askotan Goierrin euria botatzen ari duen bitartean, Etzegarateko mendatearen bestaldean zerua ateri mantentzen delako. Baina Altsasura iritsi ginenean eta euria botatzen jarraitzen zuela ikusi genuenean, nire fedearen sendotasuna bere potetik ateratako flan baten moduan balantzaka hasi zen.

Kronika honen istorioa igandean hasi zen, "Kormoran Moñudo" bidea eskalatu genuenean. Orduan anaiak proposatu zidan Aste Santuko oporraldian Ihabarko Urdebez hegoaldean Mikel Txintxak orain arte ireki dituen eskalada bideen eskaladarekin amaitzea:

- Beste biak honen bezelakok badie errex eskalauko ditteu - esan zidan.
- Teorin behintzat antzekok die, bai.

Ostegun Santurako "Ari" bidea aukeratu genuen eskalatzeko, Ihabartik urrutien dagoena. Gainera, Urdebezeko "beheko horman" dagoenez ("Txintxako kalea", "Kormoran Moñudo", "Elektrolitos" eta "Litos" bidearen lehen zatiarekin batera), gehiago eskalatzeko gogokin geratuz gero "goiko hormako" ("Irasagarra", "Sagarra", "Itxoin pittin bat Lur" eta "Litos"-en bigarren zatia) bideetako batekin konbinatu genezaken.

Baina momentuz euriak bustitako kotxe baten barruan Sakana zeharkatzen ari ginen. Herri askotan ostegun santuko prozesioak ospatu ahal izateko santuengan fede osoa jarrita zuten bitartean, nire santuenganako fedea jarduera berekoi batera zuzenduta zegoen: horma baten eskalada. Santuek kasu egingo zidaten? Ihabarrera iritsitakoan jakingo genuen...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 90 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Mikel Txintxak eta Christian Pauk 2022ko martxoan.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (25 m), 2ºL: III+/IV (30 m) eta 3ºL: IV (35 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Nahiz eta bidea zikinagoa izan (ezpeldi eta artadi baten erditik pasa beharko dugulako), nire ustez bidearen hasiera topatzeko modurik errazena hormaren oinaren ondotik mantentzea da bidearen lehen luzean eskalatu daiteken sabai berezia ikusten dugun arte. Bertan mugarri bat utzi dugu.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express-zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Material hau guztia eraman arren, guk Totem horia, Alien gorria, hiru artaka-trabagailu ertain, bilguneak muntatzeko eta harkaitz-zubi batetik pasatzeko bi zinta-uztai eta bost express-zinta "bakarrik" erabili genituen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Ihabarko Urdebez hegoaldeko "beheko horman" irekitako eskalada bideetako batzuk eta "Ari" bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Ze esaten nizun? - Bota nion Ikerri harrotasunez kotxea aparkatu zuenean - , Hemen eztu ebiik ai, jejeje.
- Ea pareta sekoa daun... - erantzun zidan -, ze lurre behintzet blai inda dau.
- Gutxiñez trastek hartu eta biden hasiera nun daun ikustea jun gaittezke - proposatu nion -. Pareta sekoa badau ondo, bestela motxilekin buelta bat emango deu...
- Bale... - erantzun zidan ez oso konbentzituta.

Hormaren oinetik batera eta bestera ibili ondoren, berrogei minutu pasatxo behar izan genituen "Ari" bidea hasten den lekua topatzeko. Kosta egin zitzaigun lehenengo luzeko ezproi txikiak osatzen duen sabaia identifikatzea, eskaladaren hasieran harkaitz-zubi batean jarritako soka topatzea, baita bidearen hasiera adierazteko jarrita dagoen mugarri txikia ikustea ere:

- Mugarri haundigo bat jarri beharko deu... - esan nion anaiari argazki bat egiten nion bitartean.

"Ari" bidearen hasieran. Lurrean utzitako motxilaren ezkerretik eskalatzen hasi ginen.

Zapatilla eta galtzerdiak blai eginda izan arren, horma nahiko lehortuta ikusteak animatu gintuen. Santuen eraginez? Nork daki, jejeje. Motxilatik materiala ateratzen nuen bitartean Ikerrek mugarri handiago bat eraikitzeko aprobetxatu zuen:

- Harritzen naiz plaka batekin bidearen izena ez jartzea - esan zidan -, Eginon ta Ziordin itteuen bezela.
- Neire bai - erantzun nion -, baña hauen filosofie dena ahal den garbiña uztea da ta pentsatzet plakak jartzek filosofi horren kontra juteala pentsaukouela...

- Lehenengo luzea, 25 metro, IV+. Christianen kronikaren argazkiak begiratu ondoren Mikelek luzea hormaren eskuinetik eskalatu zuela ikusi genuen, sabaia ere eskuinetik saihestuz. Tartean, (oinetik 5-6 metrora) harkaitz-zubi batean soka bat utzi zuten.

- Inbestigatzea nijo ea tetxue zuzen eskalatzeik daun... - esan nion Ikerri.

Sabaiaren bertikaletik zuzen eskalatzen hasi nintzen, gutxi gora behera hormaren erditik, Mikel eskalatzen hasi zen lekutik 3-4 metro ezkerrerago. Eskalatzen hasi eta berehala, hormak duen arrail batean, artaka-trabagailu bat trabatu eta zuzen eskalatzen jarraitu nuen sokadun harkaitz-zubiaren ezkerrean kokatu nintzen arte (III). Lehen metroetan katu-oinak bustiak izan arren, hormak uste nuena baino hobe eusteak animatu ninduen.

Lehen metroetan, sokadun harkaitz-zubiaren ezkerrera iristen.

Sabaiaren azpira zuzen iritsi nahi nuenez, hasiera batean harkaitz-zubitik ez aseguratzea pentsatu nuen, baina harkaitz-zubi hori baino aseguru hoberik topatuko ez nuela konbentzitu nintzanean bertatik luzearen bigarren express-zinta pasatu eta eskalatzen jarraitu nuen, sabaiaren azpian kokatuz.

- Ez det oso argi ikusten - esan nion Ikerri sabaia eskalatzeko aukera ezberdinak begiratzen nituen bitartean.
- Baukezu seguron bat jartzea?
- Baietz pentsatzet baña goiko harrie da preokupatzen ditena - erantzun nion -, extraplomauta eonda eroitzen banaiz lurreaño jungo naizelako.
- De segundo nik emangoiot ta esangoizut - erantzun zidan.

Ikerren proposamena oso ona iruditu zitzaidan baina horretarako sabaia asegururik jarri gabe saihestu behar nuen, soka sabaiaren erditik zuzen-zuzen geratu zedin. Sabaiaren azpitik kontu handiz eskuinera zeharkaldi horizontal bat egin eta eskuinetik zailtasunik gabe saihestu nuen, bere gainera berehala iritsiz (III).

Sabaiaren gainean. Ikerrek sabaia sokaren ezkerretik eskalatu zuen (IV+).

Soka ongi geratu zela ikusi ondoren, sabaiaren gainetik erdi-oinez jarraitu nuen ezproi txikiaren puntara arte. Punta honen atzean dagoen zuhaitz handiaren enborrean lehen bilgunea muntatzeko soka topatu nuen.

- Tetxue zemuzkoa? - Galdetu nion anaiari bere burua sabaiaren gainetik agertu zenean.
- Uste nuna baño errexago - erantzun zidan irribarretsu -, kazo onak dauzke.

Sabaia eskalatu ondoren lehen bigunera iristen.

Ikerrek esan zidan bezala, nik ikusitako heldulekuak sendoak dira eta auto-babeserako aukera ere bazutela iruditu zitzaion. Pasagunerik zailena IV+ inguruan egongo dela esan zidan baita topatu zituen harri eta harkaitz ezegonkor bakarrak sabaiaren gainean zeudela ere, pasagunerik zailena eskalatu ondoren.

Lehen bilgunea.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Zuhaitzetik zuzen jarraitu eta zertxobait eskuinean dagoen harkaitz-plaka inklinatura zuzendu zen, harkaitz-plakatxoak eta belarguneak tartekatuz (II/II+). Lehen metro hauek Ikerrek katu-oinak lehorrak mantentzeko ahaleginean belarrik ez zapaltzeko harkaitz-plakatxoen gainean egiten zituen mugimendu arraroek eragin zidaten barreen artean igaro ziren. Oraindik ez nekiena zen minutu batzuk beranduago barrea eragindako mugimendu berak egiten ariko nintzenik, jejeje. Bere oinean dagoen harkaitz-zubi batetik zinta-uztai bat pasatu ondoren, harkaitz-plaka zuzen eskalatzen hasi zen.

Harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen (III).

- Zemuzko harrie?
- Oso onaaa!!! - erantzun zidan.

Helduleku onak dituen harkaitz-plaka trinko hau eskalatu ondoren (III), erlaitz txiki batera iritsi zen, horma bertikalago baten oinean dagoena. Erlaitz txiki honetara harkaitz-plaka inklinatua eskalatu gabe iritsi nahi bada, plaka bere ezkerretik saihestu daiteke, belar artean egiten den II/II+ zailtasuneko eskaladatxo erraz bat eginez.

Erlaitz txikian.

- Goien parabolt bat ikusteet!!! - esan zidan - 5-6 metrota eo...
- Christianen kronikan hala azaltzea - erantzun nion-, gañea largo hontan daun seguro bakarra omen da.

Parabolta identifikatuta, Totem horia ahal izan zuen lekurik altuenean trabatu ondoren helduleku on eta harlauza zorrotzez josita dagoen horma bertikala zuzen eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz grisean iltzatutako metalezko pieza txiki honetara iritsi zen arte. Horma bertikal honen zailtasun orokorra gure ustez III+ inguruan dagoen arren, pasagune motzen batean IV zailtasunera iristen da.

Paraboltetik aseguratu ondoren. Ikerren eskuinean bigarren luzea identifikatu ahal izateko dagoen sabai berezia ikusi daiteke.

Paraboltetik gora, nahiz eta luzea eskuinean dagoen sabai nabarmenera zuzentzen dela dirudien, pixkanaka ezkerrerako noranzkoarekin eskalatzen jarraitu zuen, sabai honen ezkerrean dauden zuhaitzetara zuzenduz (III). Zuhaitz hauetako baten enborraren inguruan jarritako sokan muntatu zuen bigarren bilgunea.

Bigarren bilgunean.

- Ostia lajak nola mozteuen!!! - esan zidan bilgunera iristear nengoela.
- Bai, hemendio oaindio jende asko pasa ez dela notatzea, jejeje.

Bigarren luzearen amaieran.

Bigarren bilgunea.

- Oain zuzen dijo, ez?
- Pentsatzet goien ikustean tetxu hoi eskalau beharkoela - erantzun nion hormaren amaieran ikusten den sabai bat seinalatuz -. Ea zemuzkoen...
- Ba baukezu moitzea ebie beize hastea ta...
- Hoixe bakarrik behar nun, luzeik zailena bustin eskalatzea, jejeje - erantzun nion irribarren urduri batekin.

- Hirugarren luzea, 35 m, IV. Esprai fin baten moduan erortzen zen langar arin baten erdian zuhaitzetatik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen, hormaren gainean ikusmira ixten duen sabaiara zuzenduz. Horma tentea bada ere, helduleku oso onak dituenez, metroak arin irabazi nituen. Onartu beharra daukat arintasun honetan langarrak ere akuilu funtzioa egin zuela, sabaia bustita eskalatzeak beldurtzen ninduelako:

- Ez al dezu seguruik jarri behar? - esan zidan Ikerrek talkie-tik bat batean.
- Arrazoizu - erantzun nion - bakizu, errex ta presaka zoazenen seguruk jartzea ahaztu ittedie...

Orain arte eskalatutako metroak artaka-trabagailu batekin aseguratu ondoren eskalatzen jarraitu nuen, sabaiaren azpian kokatu nintzen arte. Hormaren zailtasun orokorra III ingurukoa izango zela iruditu zitzaigun, III+ zailtasuneko pasagune isolaturen batzuk baditu ere.

Sabaiaren azpian.

Sabaia eskalatzeko heldulekuen bila hasi nintzenean langarra geratu zen. Nire lasaitasunerako ez zuen asko bota, horma lehorra mantenduz. Sabaiak helduleku onak zituela ikusi nuenean bertatik eskalatzen jarraitzeko lasaitasun mentala emango zidan aseguru baterako kokapen baten bila hasi nintzen. Batetik eta bestetik begiratu ondoren, sabaiaren azpi eta ezkerrean artaka-trabagailu bat sendo trabatzeko aukera ematen zidan arrail bat topatu nuen: "pasoa eztit aseguratuko baña eroiezkeo ez naiz beheraño eroiko" pentsatu nuen, arraila garbitu eta artaka-trabagailua trabatzen nuen bitartean.

Artaka-trabagailuarengan fede osoa jarrita sabaia zuzen eskalatu nuen, bertako helduleku ederretatik tira eginez (IV). Pasagune hau azpitik dirudiena baino errazagoa dela iruditu zitzaidan, beharbada altua naizelako. Harritu zidana izan zen Christianen krokisean agertzen den harkaitz-zubia ez topatzea, beharbada sabaia guk eskalatu genuen lekutik eskuinerago eskalatuko zuten...

Sabaia eskalatzen.

Sabaiaren gainetik horma etzaten doa (III-). Iker segurtasun gehiagorekin aseguratu ahal izateko sabaiaren gaineko harkaitz-zubi batean zinta-uztai bat jarri, eta eskuinerako noranzkoa hartuz, azkeneko 10-12 metroak erdi oinez egin nituen, azken bilgunea muntatuta dagoen zuhaitzaren enborrera iritsi nintzen arte.

Azken bilgunean.

- Ona, ez?
- Bai, azkeneko luze hau asko gustau zait - erantzun nion zoriontsu zetorren anaiari -. Ez detena ikusi da Christianek esateun harkaitz-zubie...
- Nik ere eztet ikusi - erantzun zidan Ikerrek -, igual beste eskubitio eskalauko zuen...
- Hoixe pentsau det nik e bai.

Iker azken metroetan.

Materiala jasotzen genuen bitartean bustitako galtzerdiak harkaitzaren gainean jarri genituen zertxobait lehortuko ziren itxaropenez. Dena den beherako bidea hartu eta bertikaletik horizontalera pasa ginenean oinak berriro ere bustitzen hasi zitzaizkigun. "Kormoran Moñudo" bidea eskalatu genuenean egin genuen bezala, gaurkoan ere etxera itzultzea erabaki genuen metro gehiago eskalatu gabe.

Bidearen amaierako argazkia, atzean azken bilgunea ikusi daiteke.

- Zeñek esango zigun gaur eskalauko genula, eh?
- Nik fede pixkta banun, jejeje - erantzun nion anaiari irribarretsu -. Txikie bazen ere.

"Ari" bidea asko gustatu zitzaigun, erraza eta "katxarreatzen" hasteko aproposa izan daitekeena. Inguruan dituen beste bideen antzera, bariante ezberdinetatik eskalatzeko aukera ematen du, baina ez dut uste zailtasunaren aldetik asko aldatuko denik, bigarren bilgunera iristerakoan eskuinean uzten den sabai nabarmena eskalatzen saiatzen ez bagara behintzat. Milesker berriro ere Mikel eta Christiani horma honetan irudikatutako bideak egi bihurtzeagatik!!!

- Zenbat falta zaizkizu? - Galdetu zidan Ikerrek kotxera iritsi ginenean.
- Hiru - erantzun nion - beheko parten bat ta goiko parten bi.
- Nahibazu bihar beheko parteko hoi eskalau dezakeu... - proposatu zidan.
- Bale!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Montañas de Camille bloga. 2022/03/25. "Ari" (100m, V-), la séptima de Ihabar... Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2022/03/ari-100m-v-la-septima-de-ihabar.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina