AZKEN 10 SARRERAK
2022/10/16
LARRUNARRI (TXINDOKI), "TXEMA - PETREL" SEKTOREA: "MAILENKA" BIDEA, 115 m, IV. 2022/09/18
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Pirinioetako hiru mila metrotik gorako mendiak igotzen hasi nintzenean, hirumilako guztiak igo nahi banituen behintzat, eskalada-ezagutza minimo batzuk beharko nituela ikasi nuen. Askok jarraitu duten ibilbide berari jarraituz, lehen eskalada-ezagutzak kirol-eskaladak eman zizkidan. Hirumilakoek eragindako sukarra baretu eta eskaladak eragindakoak geroz eta gehiago harrapatzen ninduen heinean, kirol eskaladatik hainbat luzetako eskalada-bide ekipatuetara jauzi egin nuen lehenik eta hauetatik eskalada-bide erdi-ekipatu edo "garbietara" ondoren, eskaladari buruzko ezagutzak gehituz eta aberastuz.
Urtetako eboluzio honetan emandako jauzi bakoitzarekin, zailtasun fisikoaren gainetik, igo dena zailtasun psikologiko eta teknikoa izan dela konturatu naiz. Baina zailtasun hauen gainetik, kronika honetan partekatu nituen gogoeten artean idatzi nuen moduan, eskaladak gauza garrantzitsuago bat eman dit:"maila baxuko eskalatzailea naiz, izan ere, nire burua eskalatzailetzat ez daukat: baldarra naiz, ez naiz indartsua, teknika falta zait eta buruaz ere ez naiz oso fin ibiltzen. Orduan, zergatik eskalatu? Eskaladak, dudan beldur, konfiantza, ahuldade, indar, errealitate eta nahiaren aurrean jartzen nau. Ispilu baten moduan, nire alderik indartsu eta zaurgarriena agerian uzteko ahalmena dauka. Eta agerian gelditzen den beldur eta zaurgarritasuna aldatzeko nahia da eskaladak ematen didana. Pasagune zail bat edo hormatzar bertikal baten aurrean, dudan beldur eta konfiantza faltari aurre egin eta eskalatzeko gai izateak sortzen duen sentsazio betegarria parekatzen duen sentsazio gutxi daude. Beti pentsatu izan dut erosotasun eremutik irten gabe eboluziorik ez dagoela. Eskaladak erosotasun eremutik atera eta nire burua hobe ezagutzen laguntzen nau, gustuko ez dudana hobetzeko garra piztuz. Horretaz aparte, bi eskalatzaile nylonezko zilbor-hesteaz lotzen diren bakoitzean konfiantzazko paktu bat sinatzen dute, izan ere daukaten gauzarik preziatuena uzten diote elkarri: bizitza. Ba al da konfiantza handiagoa eskatzen duen aktibitaterik?"
"Eta nylonezko zilbor-hestearen bestaldean inor ez dagoenean?" galdera ez dakit noiz sortu zitzaidan, baina azkenaldian, egoerak behartuta beharbada, eskaladan beste jauzi bat emateke nuela sentitzen nuen: bakarkako eskalada, ingelesez "rope solo" bezala ere ezagutzen dena. Ez naiz "free solo" edo sokarik gabeko eskaladaz ari, norberak bere burua soka batekin aseguratuz egiten duen eskaladaz baizik. Eskalada mota honi buruzko bideo asko ikusi eta artikulu asko irakurtzen hasi nintzen baina jauzia eman ahal izateko faltan botatzen nuen "zuzenean" norbait eskalatzen ikusi eta galderak egiteko aukera izatea. Eta aukera hau Jaime Alonsok "labargorri"-k apirilaren 17an eman zidan Ihabarko "Irasagarra" bidea anaiarekin eskalatu nuenean. Berak nola eskalatzen zuen ikusi/ikasi eta telefonoz hainbat mezu trukatu ondoren, bakarkako eskaladarekin animatzen hasi nintzen, hasiera batean luze bakarreko luzeak eskalatuz eta geroago hainbat luzeetako bide errazak eskalatuz, IV+ zailtasunetik pasa gabe.
Soka-lagun batekin eskalatzearekin alderatuz, bakarkako eskaladak mentalki beste maila batera eramaten nauela sentitzen dut, konpromisoa handiagoa delako. Soka-lagun batekin estualdirik gabe eskalatzen ditudan luzeak bakarka puntu bat igotzen dira, ziurrenik eskalada hau oraindik menperatzen ez dudalako. Kontzentrazio osoa eskatzen dit helduleku bakoitzean, aseguru bakoitzean edo bilguneetan egiten dudan maniobra bakoitzean, eta arnasketa lasai eta sakon bat eramateak duen garrantzia irakatsi dit, egoera ezerosoetan batez ere. Eskaladaren irakaspenak eta harkaitzak transmititzen didana modu sakon eta estuago batean bizitzen ditut, eskaladak irauten duen bitartean meditazio luze batean egongo banintz bezala. Kronika honetan ez naiz bakarka eskalatzen dudanean jarraitzen dudan moduaren xehetasun teknikoetan hasiko, honek bakarrik kronika baterako emango lukeelako.
Eta bakarkako eskaladan sakontzen joateko eskalada-bide berri baten bila ari nintzela, Larrunarriko "Mailenka" bidearekin gogoratu nintzen: zailtasun "atsegineko" bidea, ez oso luzea eta ekipatua, nahiz eta parabolten arteko tartea motza ez izan.
Larrunarrin, eskalatzailez gainezka egoten den ipar-mendebaldeko gandorraz gain bada zer eta non eskalatu, gandorraren hego-mendebaldeko horma zabalean batez ere. Horma honetako eskalada mota, eskalatzaileen jargoia erabiliz, "plakeroa" da, hau da, inklinazio ezberdineko harkaitz-plaketan egiten dena. Larrunarriko eskalada teknikoa da, aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza (honegatik gomendagarria izaten da friend edo artaka-trabagailuren bat eramatea) eta, zailtasunari dagokionez, V zailtasunetik gorako eskalada-bideak dira. Beharbada honegatik, eta hormara hurbiltzeko ordu bete inguru eramango gaituelako, Larrunarrin ez dugu eskalatzaile pilaketarik topatuko eta eskalada lasai eta bakarti batez gozatzeko aukera izango dugu.
Baina Larrunarriko eskalada-bideen artean, "Txema - Petrel" sektorean badira errazagoak diren bi bide: "Petrel" eta "Mailenka" (azken hau urtetan "Patxirena" bezala gaizki izendatu dutena, beharbada 2002 urteko "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburuan hala jasota zetorrelako). Bi bide hauek IV/IV+ zailtasunaren inguruan daude ("Petrel" bideak V zailtasuneko irteera zuzen bat dauka) eta ez dira oso luzeak (115 metro inguru), honegatik sokada batek ez luke arazo handirik izan behar goiz edo arratsalde batean bi bide hauek eskalatzeko.
"Petrel" eskalatu nuenaren testigantza dokumentatua badut ere (nahiz eta kronika hau zaharkitua geratu den, eskalada hau Gipuzkoako Mendi Federakuntzak Larrunarriko bideak berrekipatu baino lehenagokoa delako), "Mailenka" eskalatuta nuenik ez nintzen gogoratzen, garai batean bere parabolten artean sokarik gabe eskalatzen aritzeko ohitura izan nuen arren. Igandean burutuko nuen eskalada zalantza hau argitzeko ere balioko zidan, inongo zalantzarik gabe.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: III+ (25 m), 2ºL: IV (30 m), 3ºL: IV (30 m) eta 4ºL: IV (30 m). Lehen luzea eskalatu nahi ez bada hormaren eskuinetik arazorik gabe oinez saihestu daiteke 1 bilgunera iritsiz.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteken arren, goizaren lehen orduetan itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketa nondik egiten den arabera, Larraitzen edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu lasai igota. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, Oria iturrian zintzurra freskatzeko aukera izango dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: bidea rappelatzea, "Arrastrakulos" kanaletik jaistea edo ipar-mendebaldeko gandorra jarraitu eta Erlabeltzeko puntatik pasatuz Larrunarriko gailurrera iritsi eta bertara iristen den ohiko edozein bidetik jaistea.
- Eramandako materiala: Bidea bakardadean eskalatzeko, 80 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 10 express zinta eta bilguneak muntatzeko luzera ezberdinetako zinta-uztaiak erabili nituen. Totem jokua eraman nuen arren ez nuen erabili. Sokada batean eskalatuz gero 60 metroko bi sokekin bi luzeetan eskalatu eta bi rappel-etan jaisteko aukera izango dugu.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu pare bat pasatxo, kontutan izanda bakarka eskalatzen denean bidea bi aldiz eskalatzen dela. Sokada batean igoz gero denbora erdian edo gutxiagoan eskalatuko dela pentsatzen dut.
BIDEAREN KROKISA
Larrunarriko eskaladako sektore ezberdinak eta "Mailenka" bidearen kokalekua (gorriz). Zuriz eta urdinez hurbilketa posibleak, orlegiz aldiz, jaitsiera posibleak.
Aurreko argazkia gertuago, hemen "Mailenka" bidearen nondik norakoak zehatzago ikusi daitezke.
"Mailenka" bidearen krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Alarmak esnatu ninduenean urduri sentitzen nintzen. Ez dakit gaueko ametsek urduritasun honetan eragina izan zuten, zer amestu nuen ahaztuta bainuen. Kotxeak Larraitz arteko bihurguneak bata bestearen atzetik irensten zituen bitartean urduritasuna eskaladak eragindakoa zela sinestarazi nion nire buruari, orain arte bakarka eskalatu dudan eskalada guztien aurretik urduri sentitu izan naizelako.
Iñaki eta Cooper Larraitzen ikusteak ez zidan erabat lasaitu baina beraiekin Larraitzetik azkar igotzen hasi nintzenean ez nintzen urduritasunarekin gogoratu. Ez dago hamalau kiloko motxila astun batekin ordu erdiko igoera bizi bat egitea bezalakorik urduritasun guztia azken tantara arte izerditzeko. Iñaki eta Cooper agurtu eta, ohiko bidea utzita, hormara zuzendu nintzenerako lasai sentitzen nintzen, izerditan blai baina lasai, jejeje.
Intentsitate altuko entrenamendu honen ondoren hormara arteko aldapatzar belartsua pazientzi handiz hartu nuen, izerdi jarioa gelditu eta arropa zertxobait lehortuko zenaren itxaropenez. Askotan igo izan dut aldapa hau eta igo naizen guztietan hormaren oinera nekatuta iritsi naiz: pisuarekin noalako, azkarregi noalako, beroa egiten duelako, belarra luzeegia dagoelako, elurra biguna dagoelako; aitzakien katalogoa zabala izan daiteke. Nekatuta sentitu arren, haize hotz batek orrazten zituen belar luzeetatik begirada altxatu eta parez-pare eskalatu nahi nuen horma ikusi nuenean zirrara batek goitik behera zeharkatu ninduen, eskalatu behar den horma ezezagun bat lehen aldiz ikusi izan banu bezala.
"Mailenka" bideak igotzen duen horma.
Parez pare denbora gutxi barru eskalatzera nindoan harkaitz-plaka inklinatuak eta arrailak nituen. Horma goitik behera aztertzen nuen bitartean, Xabier Larretxearen azalpenak kontutan hartuz bidearen nondik norakoak imajinatzen hasi nintzen: bidearen hasiera, bilguneen kokalekuak, pasagune errazak, pasagune ez hain errazak, eta luzeak batzeko aukerak. Lehenengo bi luzeak luze bakarrean eta hirugarrena aparte utzi edo lehenengo luzea alde batetik eta azkeneko biak luze bakarrean? Zein aukera hartu eskaladan zehar erabakiko nuela pentsatu nuen.
"Mailenka" bidearen nondik norakoak hormaren azpitik ikusita. Oraindik ez nekien bidea luze bat beherago hasten denik.
Xabier Larretxearen krokis eta azalpenen arabera, bidearen hasiera, uztaidun bi paraboltez osatuta, belarrez eta ardi kakez estalitako erlaitz zabal batean kokatzen da. Leku erosoa da, ederra, hormatik zintzilikatutako barandarik gabeko balkoi natural bat. Goizean goiz iritsiz gero bertatik Larrunarrik Goierrin proiektatzen duen itzal ikusgarria ikusi daiteke, piramide perfektu baten itxura duena. Erlaitz honetan motxila utzi nuenean sorbaldek lasaitu ederra hartu zuten: "maldan gora horrenbeste pisu arrastaka eramateak merezi du? Eta eskalatzen?" Galderei benetan konbentzitzen didan erantzun baten bila ari nintzela, materiala erlaitzean kontu handiz utzi eta sailkatzen hasi nintzen, zirujau batek ebakuntza baten aurretik ebakuntza-mahaiaren gainean materiala utzi eta sailkatzen duen moduan.
Oharra: Etxera itzuli nintzenean, Gipuzkoako mendi federazioak Larrunarriri buruz argitaratua duen eskaladen liburuxka teknikoan "Mailenka" bidea luze bat beherago hasten zela ikusiko nuen. Aste batzuk beranduago bidearen oinera itzuliko nintzen benetazko lehen luzea eskalatzeko eta kronika hau eguneratzeko.
Bidearen 1 bilgunera iristen, Xabier Larretxearen kronikan 0 bilgunea bezala azaltzen dena.
1 bilgunea "Petrel" eta "Mailenka" bideek partekatzen dute. Bertatik, besoak altxatuta dituen erraldoi baten moduan, bi bideek hormatik zerura arte igotzen dira "U" erraldoi bat irudikatuz. Hormaren ezkerrean "Petrel" bidearen lehen parabolta identifikatu nuen, hormaren eskuinean aldiz, "Mailenka"-ren bigarren luzeko lehenengo biak.
Hormaren ezkerrean "Petrel" bidearen lehen parabolta identifikatu nuen...
... hormaren eskuinean aldiz "Mailenka"-ren bigarren luzeko lehenengo biak.
Larrunarriko hego-mendebaldeko horma osoan ez zegoen inor. Behera begiratu nuen eta atzetik inor ez zetorren. Gaurkoan mendiaz bakardadean gozatzeko eguna izango zen, harkaitzak transmititutako bizipen eta emozioak bueltaka zebiltzan putre eta belatxingekin bakarrik partekatuz. Segurtasunez eskalatu ahal izateko segurtagailu, korapilo eta mosketoi bakoitza bere lekuan zeudela eta ongi funtzionatzen zutela behin baino gehiagotan egiaztatu ondoren, harkaitz-plakara hurbildu eta, eskuak harkaitz hotzean ipiniz, begiak itxi eta harkaitzak transmititzen zidana sentitzen saiatu nintzen, sentitzen nuena deszifratu gabe, sentimenduek ez baitute honetaz ulertzen: "gaurkoa egun ederra izango da" kobentzitu nion nire buruari begiak ireki nituenean.
Sokaren muturra 1 bilgunera finkatuz, benetazko 0 bilgunean nengoelakoan eskalatzen hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 25 metro, III+. Oharra: Lehenengo luze honen kontaketa ez da "Mailenka" eskalatu nuen irailak 18koa, aste batzuk beranduagokoa baizik,. Hau dela eta, luzearen azalpen tekniko eta hotz batera mugatuko naiz.
"Mailenka" ustez eskalatu nuen irailak 18tik aste batzuk beranduago "Mailenka" benetan hasten den lehen paraboltaren azpian nengoen, Hego-haize bortitz baten kolpeen astinduak ahal nuen moduan jasanez. Nire helburua beste bat izan arren, haizeak behartuta lehen luze hau eskalatu ondoren eskalada bertan behera utzi behar izango nuen.
"Mailenka" bidearen hasiera. Argazkian lehenengo bi paraboltak ikusi daitezke, baita luzean eskuinetik saihesten den sabaia ere.
Argazki honetan, soka jarraitzen badugu lehen paraboltetik gorako nondik norakoak ikusi daitezke.
Luzea harkaitz-plaka etzan eta erraz bat eskalatuz hasten da lehen paraboltera iritsi arte (II hasieran, III- ondoren). Lehen paraboltetik gora harkaitz-plaka etzana mantentzen bada ere, eskuentzat helduleku txikiak ditu, zuzen eskalatzen bada batez ere (III). Dena den tarte hau guztia harkaitz-plakaren eskuin aldetik saihestu daiteke eskalada erraz bat eginez (II+). Sabaiaren azpira iristear gaudela harkaitz-plakak inklinazioa irabazten du, baina heldulekuak hobeak dira (III). Sabaia eskuin aldetik saihesten hasiko gara. Parabolten arteko tartea motza ez bada ere (luze osoan lau parabolt daude), sabaiaren oinean dagoen arrailean tamaina erdiko friend-ak trabatu daitezke, baita sabaiaren eskuinean dagoen arrail sisteman ere. Arrail sistema honetatik sabaia arazo handirik gabe eskalatuko dugu (III) erlaitz eroso batera igoz. Sabaiak eskuinean duen arrail sistematik ez badugu eskalatzen eta eskalada zuzenago bat egiten badugu pasagune hau III+ zailtasunera igotzen da.
Soka doan lekutik jarraitzen badugu III+ zailtasuneko pasagunea eskalatuko dugu.
Argazki honetan sabaiaren eskuineko arrail sistema ikusi daiteke (III).
Erlaitzetik gora, koska txikiz beteta dagoen harkaitz-plaka inklinatu, motz eta polit bat eskalatuko dugu lehenengo bilgunera iritsiz (III).
Erlaitzetik gora dagoen parabolt bakarra. Harkaitz-plaka hau oso polita da.
Oharra: hemendik aurrera irailak 18ko eskaladaren bizipenekin jarraituko dut. Pentsatu behar da bide hau eskalatu nuenean azken hiru luzeak "bakarrik" eskalatu nituela.
- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Bilgunearen eskuin aldera oinez hasi eta, arrail nabarmen eta zurixka ondora iritsi nintzenean, honen eskuinetik eskalatzen hasi eta, harkaitz-plaka etzan eta trinkoa eskuin noranzkoan eskalatzen jarraituz, lehen paraboltera zuzendu nintzen (III). Harkaitza hotza zegoen eta hurbilketan belarrak orrazten zituen haize hotzak eragindako sentsazio termikoa ez zen oso altua. Polarra lehenengo bilgunean ez uzteko erabakia hartu izanak poztu ninduen. Lehen metro hauek bidean zeharreko harkaitz-plaketan topatuko nuena erakutsi zidaten: oinentzat batez ere dauden heldulekuak aurkitu eta hauetaz aprobetxatu eskalada lasai bat egin ahal izateko.
Motxilatik pixkanaka ateratzen nindoan sokarekin arazorik ez izan arren, "azkarregi" eskalatzen hasi nintzen, bakarka eskalatzen hasten naizen bakoitzean gertatzen zaidan moduan. Bularretik zintzilik daramadan aparatu auto-blokeatzailea behin eta berriz blokeatzen zitzaidan desblokeatzeko gelditzea behartuz: "lasai Smithy, lasai" esan nion nire buruari lehen paraboltera iritsi eta lehen express-zintatik soka pasa nuenean. Bakarkako eskaladak abiadura lasai batean eskalatzea eskatzen du, musika lasai batek abiadura lasai batean dantza egitea eskatzen duen bezala, aparatu auto-blokeatzailea behin eta berriz blokeatzea nahi ez badugu behintzat.
Lehen paraboltetik gora harkaitz-plaka zertxobait tentetzen bada ere, noizik eta behin eskuentzat agertzen hasten diren helduleku ederrak aprobetxatzen hasi nintzen; batzuetan harlauza txiki batzuk eta beste batzuetan belarrak hartutako arrail batzuk.
Lehen paraboltetik gora dagoen ikusmira, argazkiko lehen parabolta bidearen bigarrena da. Argazkia horman jarritako materiala errekuperatzeko luze hau bigarren aldiz eskalatu nuenean egin nuen.
Bigarren luzeko harkaitza ere, lehenengo luzekoa bezala, itzela da, trinkoa eta, nahiz eta parabolten arteko tartea motza ez izan, hauen arteko metroak estutasunik pasa gabe eskalatu nituen. Horma kolore zuria hartzen duen tarte batean pittin bat gehiago tentetzen da, baina bertan dauden arrailen laguntzaz ez nuen arazo handirik izan honen gainean dagoen erlaitz txiki batera igotzeko (IV-).
Erlaitz txikitik behera egindako argazkia. Azpian kolore zuriko arraildun tartea ikusi daiteke, baita lehenengo bilgunea muntatuta dagoen erlaitza ere.
Bilgunera iritsi nahi banuen eskalatu beharko nuen harkaitz-plaka tentearen azpian nengoen, parabolt bakarrez babestua dagoena. Lasai nindoan, arreta osoa egiten ari nintzen mugimendu bakoitzean jarriz. Argazki pare bat egin ondoren harkaitz-plaka eskalatzen hasi nintzen.
Bigarren bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka tentea.
Harkaitz-plakaren zimurdura leunetan oinen puntak kontu handiz kokatuz metroak pixkanaka irabazten hasi nintzen, kamera geldoan mugituko banintz moduan. Plakaren amaierara iritsi aurretik eskuin aldera metro pasatxoko zeharkalditxo bat egin behar da. Zeharkalditxo honetan pasa nuen luze osoko ezerosotasun bakarra, eskuentzat helduleku onak ez dituelako. Harkaitz-plakaren goiko ertzean behatz puntak jarri eta, dantzan ariko banintz moduan, oinak eta gorputza ezkerretik eskuinera mugituz uste baino errazago iritsi nintzen uztaidun bi paraboltez osatutako bigarren bilgunera (IV).
Bigarren bilgunea.
Bigarren bilgunetik behera egindako argazkia.
Bigarren luzea zein lasai eskalatu nuen kontutan hartuta hirugarren luzea eskalatzen jarraitzea erabaki nuen, baina ez nekien nahiko express-zinta izango nituen bi luzeak bakarrean eskalatzeko. Honegatik, badaezpada bigarren bilgunetik zinta uztai luze bat pasatu eta bertan jarritako segurtasun mosketoi batetik soka pasatu nuen, express-zinta bat aurreztuz.
Hirugarren luzea bigarren bilgunetik ikusita. Argazkian bigarren bilgunetik pasatako zinta-uztai luzea ikusi daiteke baita, sokaren amaieran, hirugarren luzetik zintzilik utzi nuen motxila ere.
- Hirugarren luzea, 30 metro, IV. Bilgunetik atera eta belarrez estalita dauden harkaitz-plaka etzan batzuetatik igotzen jarraituz eskuin aldera jo nuen zuri koloreko arrail tente eta nabarmen baten azpian kokatuz (III): "asuntoa hemen hasiko da" pentsatu nuen gora begiratuz.
Tarteka babariar teknika erabiliz, tarteka arrailatik kanpo, metroak poliki-poliki irabaziz jarraitu nuen eskalatzen (IV). Arraila zoragarria da eta, tentea bada ere eta parabolten arteko tartea luzea mantentzen bada ere, helduleku oso onak ditu. Bosgarren paraboltera iritsi aurretik arraila belar multzo mardul batek ixten duela ikusi nuen, baina ez nuen zailtasun handirik izan eskuinean dagoen harlauza baten laguntzarekin arrailaren eskuinetik eskalatzen jarraitu eta luzeko azken parabolt honetatik azkeneko express-zinta pasatzeko (IV).
Azkeneko paraboltetik behera egindako argazki honetan arraila ixten duen belar multzoa eta bertatik irteteko dagoen harlauza (sokaren azpian) ikusi daitezke.
Hirugarren bilguneko uztaidun paraboltak jada bistan nituen, baina bertara iristeko azken pasagune bat nuen eskalatzeko. Ez nuen bitan pentsatu: azken paraboltetik eskuin aldera eskalatzen jarraitu eta eskuin eskuarekin harkaitz-plakaren eskuin ertzari heldu nionean, oinentzat helduleku berriak aurkitzea izan zen misterio guztia (IV).
Hirugarren bilgunea.
Hirugarren bilgunetik behera egindako argazkia.
Hirugarren bilgunetik aseguratu nintzenean barrenetik zoriontasun berezi bat zabaltzen hasi zitzaidan. "Mailenka"-ri eskalatzen nizkion lehen 60 metroak eskalatuak nituen dagoeneko (kontutan izan egun honetan ez nuela benetazko lehen luzea eskalatu), estualdirik pasa gabe, kontzentrazio osoz, amets motz eta gozo bat balitz bezala. Zoriontasun lasaigarri hau berehala amaituko zenaren beldurrez pena sentitu nuen express-zinta gehiago eta soka luzeago bat ez ekartzeagatik. Dena den eskalatzen jarraitzeko bihozkada hau berehala pasatu zitzaidan, soka luzeago batek eta express-zinta gehiagok motxilan suposatuko zidan pisu irabazia kalkulatu nuenean batez ere, jejeje.
Motxila mosketoi batekin bilgunetik zintzilikatu, soka bilgunera finkatu, aparatu auto-blokeatzailearekin lehen bilgunera arte rappelatu, aparatu hau bi polea auto-blokeatzaileengatik aldatu eta, soka gainetik nuela, eskalatutako bi luzeak berriro ere eskalatu nituen express-zintak arnesera itzuliz. Soka-lagun batekin eskalatzen dudanean gertatzen zaidan bezala, soka gainetik izateak segurtasun estra bat eman zidan, sokak pisua hartu eta polea auto-blokeatzaileek eskuen laguntzarik gabe bakarrik igotzen hasi zirenean batez ere.
Bigarren eta hirugarren luzeak bigarrenez eskalatzen hasi aurreko argazki honetan sokak jarraitzen duen ibilbidea marraztu dut.
Hirugarren bilgunera bigarrenez iritsi eta, soka mimo handiz berriro ere motxilan gorde, motxila sorbaldetatik zintzilikatu eta sokaren muturra bilgunera finkatu nuenean, prest nengoen eskalatzen jarraitzeko. Aurretik azken luzea nuen, teorian lauetatik zailena zirudiena.
Laugarren luzearen itxura hirugarren bilgunetik ikusita.
- Laugarren luzea, 30 metro, IV. Bilgunetik gora diedro inklinatu baten itxura duen harkaitz-plaka batetik eskalatzen jarraitu nuen, arrail belartsu eta nabarmen batera iritsiz (III+), oinean harkaitz-zubi handi bat duena.
Azken luzearen nondik norakoak.
Arrailaren amaierara iritsi nintzenean (III+) atentzioa deitu zidan hurrengo bi paraboltak bata bestetik 2-3 metro "eskasera" egotea. Orain arte parabolten arteko tartea zein luzea zen kontutan izanda, bidearen pasagunerik zailenaren azpian nengoela pentsatu nuen.
Arrailaren amaieratik geratzen dena. "Gertu" dauden bi paraboltak ikusi daitezke.
Arrailaren goiko ertzean oinak jarrita gorputza luzatu eta goiko paraboltetik express-zinta pasa ondoren, pasagunea uste nuena baino errazago eskalatu nuen (IV), eskuentzat helduleku txikiak dituen arren. Egia esan behar badut, lehenengo bilgunera iristeko eskalatu behar den pasagunea zailagoa iruditu zitzaidan.
Pasagune hau eskalatuta, arrailaren gainetik dagoen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu nuen, hormaren amaieran dagoen sabai nabarmenaren eskuin aldera desbideratuz, hormak zuri kolorea hartzen duen lekura hain zuzen ere (III+). Leku honetan hormak ezproi txiki baten itxura hartzen du. Hormatxoa babesteko dagoen paraboltetik aseguratu eta, lur eta belarrek osatutako koska txiki batean zutik jarri ondoren, eskuin aldera zeharkaldi motz bat eginez ezproia inguratu (IV) nuen, sendoak ez diruditen harkaitz handi batzuetara zuzenduz. Harkaitz haundi hauek eskalatuta laugarren bilgunera iritsi nintzen (III+), "bizikletaren erlaitza" (edo "vira de la bicicleta") izenez ezagutzen den erlaitz horizontal eta estu batean dagoena. Ezproi itxurako honen inguraketako pasagunea laugarren luzeko zailena iruditu zitzaidan, luzea lehen aldiz eskalatu nuenean batez ere. Pasagune hau bigarren aldiz eskalatu nuenean eskuin aldera lehenago pasa nintzen pasagunea errazago eskalatuz.
Azken bilgunean aseguratu nintzenean "Mailenka" eskalatuta nuela sentitu nuen, baina oraindik azken luzean jarritako express-zintak errekuperatu beharra nituen. Honetarako, lehenago egin nuen moduan, soka bilgunean finkatu eta aparatu auto-blokeatzailearekin rappelatu ondoren hirugarren bilgunera itzuli eta express-zintak errekuperatuz luzea berriro ere eskalatu nuen, nahiz eta horretarako beharrik ez izan, bide beretik rappelatuz jaisteko asmoa nuelako.
Azken bilguneko argazkia materialaren bila jaitsi aurretik.
Laugarren bilgunera bigarren aldiz iritsi nintzenean, hirugarren bilgunean zoriontasun sentsazio zena euforia berezi batean bihurtzen hasita zegoela sentitu nuen. Euforia sentsazio hau ederra da eta erlaxatu egiten nau, agian gehiegi, eta hau ez da gomendagarria izaten segurtasun maniobrak egiteke geratzen direnean. Eta bidea oraindik rappelatu beharra nuen, zapatilak behean utzi nituelako. Rappelatzeko beharko ez nuen material guztia motxilan sartu eta, denbora luzea galdu gabe, hiru rappel eginez 1 bilgunea dagoen erlaitzara itzuli nintzen. Oraingoan bai, "Mailenka" eskalatuta nuen.
Euforiak eragindako sentsazio atseginaren eraginpean, erlaitzean eserita oinutsik, Goierrin sakabanatutako herrietako etxe eta baserrien teilatu gorriei begira, sentitzen nuen zoriontasuna mugagabea zen. Honelako uneetan buru eta ariman sentizen den bakeak denboraren iraganak zentzua galtzea eragiten du. Begiak itxiz eguzki izpien berotasuna aurpegian sentitzen hasi nintzen, baita orain arte entzun ez nituen ardien txintxarrien hotsa entzuten ere. Ez dakit zenbat denboran izan nintzen modu honetan baina begiak berriro ere ireki nituenean indarberritua sentitzen nintzen, zoriontsu, arazorik gabe.
- Gaurkoz bukauta - zioen Itziri argazki batekin bidali nion mezuak.
- Ondo?
- Ezin hobe.
"Gaurkoz bukauta".
"Zen" momentu hau motxila pisutsua sorbaldetatik zintzilikatu nuen bezain pronto desagertu zen.
Erlaitzean zain nuen motxila astuna.
Erlaitzean materialik utzi ez nuela egiaztatu eta beherako bidea mantso mantso hartu nuenean zerbaitek atzera begiratzea eragin zidan. Hormaren erdian, eguzkiaren eraginez puntu batek distira berezi bat egiten zuen. Hurbildu nintzenean "Petrel" bidearen lehen parabolta zela ikusi nuen: "Seinale bat ote?" pentsatu nuen. Irribarre maltzur bat ahoan marraztuz buelta hartu eta beherako bidearekin jarraitu nuen.
Hormari azken begirada.
Aurretik eskalatu gabeko bakarkako nire lehen eskalada-bide luzea izan da "Mailenka". Bidea ederra da, harkaitz trinko eta sendokoa eta, parabolten arteko tartea moztu nahi bada, auto-babeserako eskaladan hasteko paregabea izan daitekeena. Zailtasunari dagokionez zaila ez zela banekien ere, bide hau erronka berria izan da niretzat. Jaimeren irakaspenei esker animatu nintzen bakarkako eskaladaren mundu honetan eta eskalada bakoitzaren ondoren zerbait berria ikasten ari naiz, soka-lagun batekin eskalatu dudanean aplikatu dudana.
Eskalada azken finean ikasketa etengabe bat da, bizitza bezala.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Obeso G., Arrieta Tx. Gipuzkoako eskalada Gida - Guía de escalada de Gipuzkoa, 160. Edición: Euskal Mendizale Federakundea, 2002.
- Gipuzkoako Mendi Federazioa. Txindoki liburuxka teknikoa. Eskuragarri: https://www.gmf.eus/galeria/2021/Eskalada%20Guneak/WEB%20TXINDOKI.pdf.
- Eskalatzen bloga. Txindoki - Petrel (4b, 90 m, derrigorrez 4a) eta Patxirena (4b, 90 m, derrigorrez 4a). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2010/10/txindoki-petrel-4b-90-m-derrigorrez-4a.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:34
Etiketak:
aralar,
eskalada,
larrunarri,
mailenka,
smithy,
smithyrenbloga,
txindoki
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina