AZKEN 10 SARRERAK

2024/01/03

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "POTIKOTI" BIDEA, 120 m, V-. 2023-12-29.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Urtea amaierara iritsi da eta honekin batera amaitzear dagoen urtearen balantzea eta datorren urteari begira asmo berrien zerrenda egin behar dela esaten da. Nik ez dut inoiz ez bata ezta bestea egiten, burua iraganean edo etorkizunean izatera eramaten nauelako, oraina behatzen artean ihes egiten didan bitartean. Eta honen kontziente izatea kostatzen bada ere oraina da bizi dezakegun une bakarra. Hala ere mendizale gehienok ditugu zerrendak, hori ezin dut ukatu, baina epe konkretu batean zerrenda bat betetzeko asmoak ez nau erakartzen ezta motibatzen ere. Filosofia sinple hau jarraituz, urteari ahalik eta zukurik handiena atera eta amaiera polit bat emateko asmoz, Asierrek eta biok azkeneko egunak eskalatzeko aprobetxatu genituen. Buruan Eginon aspalditik begiz jota dugun eskalada-bide motz eta dotore bat genuen, horma bustita egoteagatik, bi alditan sokak atera gabe kotxera itzularazi gaituena. “Hirugarrenean baietz” dioen esaera zaharrean fede osoa jarriz, abenduaren 29an hirugarrenez hurbildu ginen hormaren oinera, baita hirugarrenez kotxera itzuli ere horma bustita topatu genuelako.

Mendian, bizitzan bezala, gauzak nahi ez dugun bezala datozenean bi aukera ditugu: egoera berrira egokitu eta alternatibak bilatzen hastea edo marmar eginez egoera berrira egokitu gabe etxera itzultzea. Bigarren aukera berehala baztertu genuen, nahiz eta hasieran marmar pixkat egin genuela onartu beharra dudan, jejeje. Alternatiba baten bila ari ginen bitartean, abenduaren 21an Christian Pauk sare sozialetan partekatu zuen argazki eta mezua burura etorri zitzaizkidan:

- Ihabarren bi bide berri dare, “Potikoti” kintomenosekoa ta “with Friends” 6a-koa – esan nion Asierri -. Bertara jun gaitezke pareta lehorra daun ikustea.
- Bale – erantzun zidan – ea zeoze eskalatzeik deun.

Erabakia hartuta, Leze aisialdi guneko harizti hezea atzean utzi eta kotxea Ihabarrera zuzendu genuen, harkaitz-baldintza hobeagoen bila. “With girls” ireki berria bada ere, ez genekien “Potikoti” bidea berria ez zenik; izan ere, kronika hau idazteko garaian Chistianek urte hasieran bere blogean bide honen berri emanda zuela ikusiko nuen (kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak atalean topatuko duzue).

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro bide originalak, 120 metro guk eskalatutako barianteak.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Mikel Txintxak eta Christian Pauk 2022 urtean.
- Zailtasuna: V-. Luzez-luze: 1ºL: IV (40 m), 2ºL: III+ (30 m) eta 3ºL: V- (30 m bide originalak eta 50 m guk eskalatutako barianteak).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Ihabarko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Bidea “Elektrolitos” bidearen ezkerrean hasten da. Hurbilketaren azalpen zehatz bat hemen irakurri dezakezue.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 6 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Lerro etenez bidea ireki zenean azken luzea eskalatzeko jarraitu zen lerroa. Argazkian, bide honen eskuinean dauden "Elektrolitos", "Mujer Poderosa", "Intifada" eta "Kormoran moñudo" ikusi daitezke.

Krokis zehatza, lerro etenez bidea ireki zenean lehen eta azken metroak eskalatzeko jarraitu zen lerroa marraztuta dago. Argazki honetan ere ondoan dauden "Elektrolitos", "Mujer Poderosa" eta "Intifada" bideak ikusi daitezke
.

DESKRIBAPENA

- Nola ikustezu? – Galdetu nion Asierri kotxetik irten ginenean.
- Pareta lehorra daula ematen du – erantzun zidan -. Ordue ikusita, kintomenoseko hori probatuko deu?
- Goazen ba!!!!

Hurbilketa lasaitasunez egin genuen, bidea tapizatzen zuten putzu eta lokaztiak ez zapaltzera jolastuz. Hala ere, hormaren oinera iritsi ginenerako ez ginen gai izan zapatilen takoak eta itsatsita zuten lokatza ezberdintzeko. Bidea “Elektrolitos” bidearen eskuinera doa, bi bideen artean horma bertikalki bitan erdibitzen duen zuhaitz ilara nabarmen baten ezkerretik. Lehenengo luzean jarritako parabolt bakarra eta harkaitz-zubia identifikatu genituenean leku egokian geundela baieztatu genuen.

"Potikoti" bidearen oinean. Argazkian lehen luzeko parabolta eta sokaz loturiko harkaitz-zubia ikusi daitezke.

- Nahibazu ni hasiko naiz – proposatu zidan Asierrek zapatilei lokatza kentzen zien bitartean -, preokupauta ikusten zaitut eta.
- Arazorik gabe!!! – erantzun nion materiala emanez.

Materiala prestatzen ari ginen bitartean Itzirengandik jaso nuen dei batek kezkatuta utzi ninduen. Ez zen etxera ziztu bizian itzultzeko kontu bat, baina nahikoa izan zen kontzentrazioa galdu eta buruari emateko, nolabaiteko energia negatibo bat sentiaraziz. Eta burua ehuneko ehunean harkaitzean ez badago, sokadaren segurtasunerako hobe da soka-lagunak eskaladaren burua hartzea.

- Lehenengo luzea, 40 metro, IV. Luzea hormaren behekaldean dagoen zuhaitz txikiaren eskuinetik hasi genuen, paraboltera iristeko eskuin-ezker zeharkaldi diagonal bat eginez. Christianen kronikan ikusiko nuen moduan, Mikelek eta berak bidea paraboltaren bertikalean hasi zuten, zuhaitz txikia eskuinera utziz.

Zikina dagoela dirudien arren, horma helduleku onak dituen harkaitz-plaka trinko batez osatuta dago. Asierrek ez zuen zailtasunik izan paraboltera iristeko (III+).

Lehenengo paraboltaren parean.

Paraboltetik gora, ezker joerarekin eskalatzen jarraitu zuen soka bat duen harkaitz-zubi batera iritsi zen arte (III+). Tarte honetan, hormak, bertikal izatera iritsi gabe, inklinazio gehiago hartzen du.

- Orain arte zemuz?
- Errexa – erantzun zidan -. Harkaitza ematen duna baño askoz hobea.

Harkaitz-zubian aseguratzen.

Luzearen zailtasunik handiena harkaitz-zubitik gorako hurrengo 2-3 metro bertikaletan topatu genuen. Hormaren ezkerrean helduleku onak dauden arren, Asier honen eskuinera pasatu eta, bertako harkaitz-plakan dauden helduleku txikietatik tira eginez horma eskalatzea lortu zuen (IV).

Luzearen zailtasunik handiena atzean utzi ondoren hormaren inklinazioak behera egiten du eta, hainbat harkaitz-plaka etzan bata bestearen atzetik eskalatuz, metroak erraztasunez irabazteko aukera ematen du (III).

- Zenbat metro falta die? – Galdetu zidan talkie-tik halako batean.
- Hogei bat – erantzun nion -. Ze ba?
- Zuhaitz baten ondon dagoen puenterroka batera iritsi naizelako ta lehenengo reunioa beharbada hau izango delako.
- Ikusita beste bidek nola ekipatu dituzten, harritzen naiz berrogei metro baño gehiagoko luze bat izatea – erantzun nion.

Asierrek bilgunea harkaitz-zubi honetan muntatzea erabaki zuen. Harkaitz-zubiaren ondoan dagoen arrail batean Totem bat trabatuz, bilgunea sendotu zuen.

Lehenengo bilgunea.

Harkaitz-zubiraino iristea bakarrik behar izan nuen buruan nuen kezka momentuz aparkatuta utzi eta arreta osoa harkaitzera eramateko.

Lehenengo bilgunea pasagune bertikalaren gainetik ikusita.

Asierren parera iritsi nintzenean eta gainetik dagoen horma etzana begiratu genuenean zalantza bera piztu zitzaigun: “bigarren luzea nondik doa?”.

- Bigarren luzea, 30 metro, III+. Zailtasunaren aldetik, gainetik genuen horma eskuinean zein ezkerrean berdintsua zela iruditu zitzaigun, eskalatzeko aukera anitzak eskainiz. Bidetik irteteko beldurrez, Christianek sare sozialetan partekatu zuen argazkia begiratu eta luzea geunden lekutik zuzen xamar goraka zihoala iruditu zitzaigun, goien dauden ezpel txiki batzuetara zuzenduz.

Bilgunearen gainean belarrez estalita dagoen horma-hobi nabarmen bat ikusi genuen, “Y” itxurako zuhaitz txiki bat eta ur-tantadun hormatxo txiki bat duena. Luzea bertara zuzentzen zela pentsatuz, bilgunearen eskuinera igotzen hasiz, bertaraino igo nintzen (III).

Horma-hobiaren parean, nire ezkerrean "Y" itxurako zuhaitz txikia ikusi daiteke.

- Gotera bustie dau – esan nion horma-hobitik.

Horma-hobia ezkerrera utzita igotzen jarraitu nuen gainean dauden ezpel txikietara zuzenduz. Eskalada erraza iruditu zitzaidan (III) eta metroak erraz irabazi nituen harkaitz-plaka inklinatu batera iritsi nintzen arte. Bat batean, goian zegoen horman distira batek atentzioa deitu zidan:

- Han goien parabolt bat dau!!! – oihukatu nion Asierri.
- Ondo zoazenaren seinale!!! – erantzun zidan.

Batera eta bestera begiratu ondoren harkaitz-plaka inklinatua ezkerretik kontu handiz eskalatu (lur eta hostoez zikina dago eta) eta, ezpelen artean sartu nintzenean, soka batekin muntatutako harkaitz-zubi batera iritsi nintzen (III+). Harkaitz-zubi honetatik bertatik zinta-uztai bat pasatuz, bilgunea sendotu nuen: “Reuniónnnnn!!!”.

Bilgunean aseguratu ondoren. Argazkian horma-hobia eta "Y" itxurako zuhaitz txikia ikusi daitezke.

Bigarren bilgunea.

Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita. Argazkiaren azpian harkaitz-plaka inklinatuaren irteera ikusi daiteke, hosto eta lurrez beteta dagoena.

Asier harkaitz-plaka zailenetatik eskalatzen saiatu zen...

Horma-hobiaren ondoan jarri nuen asegurutik bigarren bilgunera egindako argazkia.

... baina niri gertatu zitzaidan moduan, pasagunerik zailena bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka iruditu zitzaion.

Bigarren bilgunera iristen. Nire gainean hirugarren luzeko lehen parabolta ikusi daiteke.

Asier bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen.

Bilgunearen gainetik dagoen horma begiratzen ari ginela bigarren parabolt bat ikusi genuen:

- Pentsatzen det pasoa hor egongo dela – esan zidan.
- Hala pentsatzen det nik ere – erantzun nion -. Ea zemuzkoa den.

- Hirugarren luzea, 50 metro, V-. Bilgunearen gainean dagoen ezpela ezkerretik saihestu ondoren, gainean dagoen hormara igo zen, eskuinean arrail nabarmen bat duena (III+).

Hirugarren luzearen lehen metroetan dagoen hormara igota.

Eskuin aldera zeharkaldi motz bat eginez (IV+) lehen paraboltera aseguratu eta honen gainean dagoen harkaitz-zubiari tira eginez bigarren paraboltaren parera iritsi zen (IV+).

Bigarren paraboltaren parean.

- Ez dakit eskubitik edo ezkerretik atera behar den – esan zidan gainetik zuena begiratuz -. Garbiena ezkerretik ematen du eskubin belar asko daulako baña parabolta jarrita daun lekuk liatu nau.
- Esango nuke ezkerretik atera behar dela – erantzun nion Christianen argazkia begiratuz -. Eta gainera, pareta eskalatzen dezun heinen ezker joerarekin eskalatzen jarraitu behar dezula ematen du.

Nik esandakoak entzun ondoren Asierrek horma ezkerretik eskalatu zuen (V-), gainean dagoen zuhaitz txiki bat eskuinera utzita, bistatik galdu nuen arte. Hogei metro gutxi gora behera eskalatuak zituenean (III-), sokaren mugimendua bat batean gelditu zen:

- Luzea seguro hemendik dijola? – Galdetu zidan talkie-tik harriduraz.
- Argazkin arabera baietz esango nuke – erantzun nion -, Ze ba?
- Eskalada hemen bukatzen delako eta hemendik gora harri sueltok ta plaka etzanak besteik ez daudelako.
- Ez dezu ezer ikusten?
- Eskubin paretatxo bat, baña destrepatu egin beharko nuke kintomenoseko irteera arte.
- Ba negatik nahizuna Asier, zu zoaz aurretik.

Zalantzan egon ondoren, ordura arte igotakoa jaitsi eta luzearen hasierako hormaren irteeran dagoen zuhaitz txikiaren eskuinera pasatuz, eskuin aldera eskalatzen jarraitu zuen, zuhaitz batzuk ezkerrera utzi eta ikusi zuen hormatxora zuzenduz (III-).

V- zailtasuneko pasagunea eskalatu ondoren egindako argazki honetan, sokari jarraituz gero jarraitu genuen bidea argi ikusi daiteke. Ezkerrean dagoen enbor okerreko zuhaitz txikia V- pasagunearen gainean dagoen zuhaitz txikia da.

Pare bat metro dituen harkaitz-plaka batek osatzen duen hormatxo tente bat eskalatu (III+) eta arrailez eta harri hauskorrez josia dagoen horma baten azpira iritsi zen.

Arrailez eta harri hauskorrez josia dagoen horma azpitik ikusita.

Horma hau kontu handiz eskalatu ondoren (IV-) zenbat soka geratzen zen galdetu zidan:

- Hamabost-hogei metro inguru –erantzun nion.

Zailtasunik gabeko pare bat hormatxo eskalatu ondoren (II+) ezpel batzuetara iritsi zen.

Argazki honetan hirugarren bilgunera iritsi aurretik igotzen diren bi hormatxoak ikusi daitezke.

Soka amaitzeko hamar metro eskas falta zirela esan nionean, ezpelen artean dagoen arte baten enborrean bilgunea muntatu zuen.

Azken bilgunean.

- Ez det uste hauek hemendik atera zirenik – esan zidan Asierrek bere ondora iritsi nintzenean.
- Ezta nik ere – erantzun nion -. Gañera kintomenoseko paso hori esango nuke ezkerretik eskalatu zutela, eskubitik expuesto xamarra dela iruditu zaidalako.
- Bai?
- Baietz esango nuke – erantzun nion -. Sokak behartuta eskubitik eskalatu behar izan det eta pasotik ateratzeko belar batzuetatik tira egin behar izan det. Gañera, pasoaren goiko zatia harri txikiz estalita dau.

Material guztia jaso genuenean, Asierrek azken luzearen lehen saialdian eskalada gelditu zuen lekuraino jaitsi ginen, harkaitz-zubiren batean soka bat topatuko genuenaren itxaropenarekin. Baina batera eta bestera ibili ondoren ez genuen ezer topatu, arte handi baten eskuinean dagoen harkaitz-plaka etzan batean topatu genituen bi harkatiz-zubi izan ezik.

Asier, topatu genuen lehen harkaitz-zubiaren kokalekua adierazten. Bigarren harkaitz-zubia argakiaren behekaldean ikusi daiteke.

- Azkeneko reunioa hauetako harkaitz-zubi batean montatutako zuten?
- Ez dakit, baña harritzen naiz soka bat jarrita ez uztea beste reuniotan egin zuten bezela – erantzun nion -. Dena den, zuk egin dezun bariantea interesanteagoa iruditzen zait hemendik ateratzea baño.

Azkeneko bilgunearen kokalekuaren misterioa argitu gabe, motxilak utzi genituen lekura itzuli ginen. Orduan Alpetan eskiatzen zebilen anaiaren bideo-deia jaso nuen. Gu zeru gris baten azpian geunden bitartean anaia eguzkipean terraza batean garagardo fresko bat edaten ari zen, Mont Blanc zeruertzean zuela:

- Zemuzko bidea? – Galdetu zigun.
- Buenoooo, sin masssss – erantzun genion elkarri begira.
- Ze ba?
- Bide oson oso metro gutxi eskalatzen die – erantzun nion -. Gehiena trepada errexak die.

Iker agurtu ondoren beherako bidea hartu genuen. Beherakoan bidea tapizatzen zuten putzu eta lokaztiak ez zapaltzera berriro ere jolastu genuen arren, kotxera iritsi ginenerako berriro ere ez ginen gai izan zapatilen takoak eta itsatsita zuten lokatza ezberdintzeko, jejeje. Sevillako tablao batean zapateatzen ariko bagina modura zapatilei lokatza hala nola kendu ondoren, kotxera kontu handiz sartu eta etxerako bidea hartu genuen, eskalada-egunari amaiera emanez.

Mikelek eta Christianek Urdebez hegoaldeko harkaitzetan egiten ari diren lana eskertzekoa da, bai eskalada-bide berriak irekitzeko garaian baita horma hau ezagutzera emateko garaian ere. Izan ere, maila ezberdineko eskalatzaile askoren jakin-mina piztu dute eta hau txalotzekoa da geroz eta pertsona gehiago mugitzen duen aktibitate honetan. "Potikoti" bideari dagokionez, Ikerri bideo-deian esan genion moduan, erabat konbentzitu ez gaituen bidea izan da. Duen luzerako eskalatzen diren metroak ez dira asko, eta pena da, metro hauek ederrak direlako. Eskalatzen diren metro hauen arteko tarte etzanek bidea desitxuratzen dutela iruditu zitzaigun, azken metroek batez ere. Hala ere egokiena norberak bidea eskalatu eta iritzi propioa egitea izango litzateke, gure iritzia iritzi pertsonal eta sesgatu bat besterik ez delako.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Montañas de Camille bloga. 2023/02/10. Ihabar: Potikoti (100m, AD+/V-). Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2023/02/ihabar-potikoti-100m-adv.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina