Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Blog honetan, beste leku batzuetan bezala, abentura asko irakurri daitezkeen arren, ezin dugu ahaztu bizitza dela dugun abenturarik zirraragarriena, nahiz eta abentura horretatik ez garen bizirik irtengo; edo beharbada bizirik irtengo ez garelako da abenturarik zirraragarriena. Horren harira, neurozientzian adituek diote bizitzaren %70-80a modu automatikoan bizi dugula, hau da, denboraren ia hiru laurden egiten ari garenaz ez gara kontziente edo egiten ari garen horri ez diogu erabateko arreta jartzen. Datu hori lazgarria iruditzen zait, batez ere abentura zirraragarrienaz ari bagara. Modu automatikoan gaudenean, gehienetan gure garuna iraganean edo etorkizunean dago, hau da, gertatu diren gauzak (onak edo txarrak) gogoratuz edo gertatu ez diren gauzak (onak edo txarrak) irudikatuz. Baina iraganak gaur garenera ekarri gaituen arren eta etorkizunean gure ametsen eta nahien betetzearen itxaropena jartzen dugun arren, bizitza orain gertatzen ari da, orainean. Eta garuna orainean ez den beste nonbait dagoenean, bizitzak aurrera egiten du, eta errepikaezina den une bakoitzak ihes egiten digu, eskuetako behatz artetik ihes egiten digun hondarra bezala.
Ez da erraza oraina bere osotasunean bizitzea edo une honetan egiten ari garenari erabateko arreta eskaintzea, garunak ondo garatua baitauka modu automatikoan funtzionatzea; izan ere, pertsona batzuek bizitza osoa ematen dute egiten ari direnari erabateko arreta jarri nahian. Baina erraza ez bada ere, garuna horretarako entrenatu daiteke. Garuna beste nonbait dugula konturatzea da gakoa, eta egiten ari garenari, edozer dela ere, erabateko arreta behin eta berriz adeitasunez eta epaitu gabe eramaten saiatzea. Teknika hau meditazioan edo yogan, besteak beste, ikasten eta lantzen bada ere, edozein jardueratan aplika daiteke. Eta eskalada jarduera egokia da erabateko arreta lantzeko, jarduerak berak zentzumen guztiei erabateko arreta jartzea eskatzen baitu, eta, gainera, naturan egiten den jarduera bat da, eta, beraz, gure osasunari onura gehiagarria dakarkio. Hori dela eta, ez da harritzekoa eskaladatzen dugun bitartean denboraren nozioa galtzea eta eskalada baten ondoren burua bakean, arin, egunerokotasunaren pisurik gabe sentitzea. Eta hori dela eta, ez da harritzekoa eskalatzaile askok eskalada meditazioa, yoga edo mindfulness bezalako jarduerekin osatzea.
Bizitza den abentura zirraragarri honetan parte hartzea zoriaren kontua izan da; izan ere, ez dugu bertan parte hartzeko ezer egin. Ez al du merezi biziko dugun une bakoitzari ahalik eta zuku gehien ateratzea?
Zukua une bakoitzari ateratzeko testuinguru honetan, ez nuen bitan pentsatu Asierrek kronika honetan deskribatutako bidea eskalatzea proposatu zidanean. Eginora mila aldiz joan garen arren, beti dugu zer deskubritu, zer bizi, eskalada bat errepikatzen badugu ere. Joxan Artze poetaren hitzak gogoratuz, “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”.
Aitortu beharra daukat aspaldi geniola begia botata bide honi, baina bide motza izateagatik, eskalatzeko denbora gutxi izango genuen egun baterako gordeta genuen. Zailtasunari dagokionez, oraindik ere Eginoko Biblia izaten jarraitzen duen Vicente Peralesen “Egino: paseos en vertical” liburua nuen erreferentzi bezala, non bideari ematen dion zailtasun handiena IV den eta zatirik zailena A1 moduan eskalatzen dela jartzen duen. Asierrek, aldiz, interneten aurkitu zuen informazio berriagoa, zailtasun handiena 6a ingurukoa izan zitekeela iradokitzen zuena. Kontuan hartuta, gure uste apalean, Peralesen liburuan agertzen diren bide askoren zailtasuna ez dagoela egungo zailtasunera “eguneratua” (zer esanik ez artifizial moduan eskalatu ziren bideak), ez genuen denbora asko behar izan zailtasunaren inguruko ideia bat egiteko:
- Seguro 6a-tik gertuago dagoela IV-tik baino, jejeje – esan zidan Asierrek.
- Eta ea A1 hori zailagoa ez ote den gainera.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Pepe Santosek eta Esteban Villambrosak 1959an. Abel Arroyok eta Felix Bañuelosek berrekipatua bigarren luzetik 2024ko apirilaren 13an parabolt lilekin.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (25 m), 2ºL: 6a (15 m) eta 3ºL: IV (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Lezeko aisialdi-gunean hartu daiteke.
- Hurbilketa: Lezeko aisialdi-gunetik Eginoko monolitoetara doan bideari jarraituko diogu. Bidea, laugarren monolitoaren eskuinaldean dagoen plaka inklinatu eta nabarmen baten oinean hasten da. Laugarren monolitoa errazago identifikatzeko, kontuan izan behar da laugarren eta bosgarren monolitoen artean hasten dela Doña Eusebia hormara hurbiltzeko jarraitu beharreko bidea. Lezeko aisialdia gunetik 20-25 minutu inguru beharko ditugu.
- Jaitsiera: Iparraldeko hormatik. Horretarako, hirugarren bilgunetik monolitoaren puntara igoko gara eta ekialdean dagoen lepo zabalera jaitsiko gara. Hemen bi aukera ditugu: 15-20 metroko rappel bat egitea iparralderantz, han dauden zuhaitzetako batetik, edo ipar-horman dagoen 3-4 metroko arrail zabal batetik jaistea. Jaitsiera hori ez da zaila (III) eta helduleku onak ditu. Hala ere, kontuz jaitsi beharreko hormatxoa da, zer esanik ez bustita badago. Behin iparraldeko hormaren oinean, ekialderantz jaitsiko gara oinez (mendebalderantz ez dago jaitsierarik) monolitoa inguratuz, bidearen oinera berriro ere iristeko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat eta luzera desberdineko 6 express-zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko eta harkaitz-zubietatik pasatzeko. Badaezpada friend sorta bat eraman genuen baina ez genituen erabili; hala ere, bigarren luzeko diedroan fríend txiki bat trabatzea oso ondo etor daiteke. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru, oso lasai ibilita.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen krokis zehatza.
Bigarren luzearen krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Udaberria arnasten zen Lezeko aisialdi-gunean zentzumen guztiekin. Berdetasuna nonahi, bere usain hezea zozoen xuxurlarekin nahasten zen, beste urtebetez bizitza berri baten hasierari ongi etorria emanez. Udazken zale sutsua naizen arren, onartu behar dut udaberriak ere baduela bere xarma. Amets luze eta sakon baten ondoren natura berriro esnatuko balitz bezala da, eta duela gutxira arte zuri-beltzean koloreztatuta egon diren mendi eta paisaiak kolore askotako paleta bat hartzen hasten dira txorien kantuez apainduta.
Ez genuen denbora nahikorik bide luze bat eskalatzeko eta, denbora nahikoa eta soberan genuen “Los rebecos” bezalako bide baterako. Horregatik, gure nahia minimora murriztu genuen: presarik gabe eskalatzea eta, ahal zen neurrian, eskaladaren inguruko guztiaz gozatzea, beste anbiziorik gabe.
Laugarren monolitoa ez da besteak bezala nabarmentzen, beharbada basoak gehiago ezkutatzen duelako, zer esanik ez udaberria bete-betean dagoenean. Horregatik, ez da harritzekoa haren aurretik pasatzea konturatu gabe. Monolito hau identifikatzeko modu hutsezina da haren eta bosgarren monolitoaren artean dagoen hartxingadia identifikatzea, monolito guztiak zeharkatzen direnean zeharkatzen den hartxingadi bakarra eta Doña Eusebia hormara iristeko igo behar dena.
- Pena negua ez izatea – esan nion Asierri monolitoa haritzen adar berdeen artean agertu zenean.
- Ze ba?
- Haritzen hostoek paretaren zati bat ezkutatzen dutelako – erantzun nion -, ta krokise marrazteko ez delako pareta osoa ikusten.
- Negun bueltatu beharko degu orduan, jejeje.
Laugarren monolitoa zuhaitzen artean.
Bidea, monolitoaren eskuinaldean dagoen plaka inklinatu eta nabarmen baten oinean hasten da, horma hezea badago, oso irristakorra dena. Horma eskuin-ezker diagonalean mozten duenez, lehenengo luzea nondik doan jakiteko, gomendagarriena lehen bilgunea identifikatzea da, hormaren oinetik ikusten baita. Hori izan zen egin genuen lehenengo gauza motxilak lurrean utzi genituenean:
- Joer, lehen kimikoa kristoetxen dau – esan nion Asierri luzearen hiru aseguru finkoetatik lehenengoa identifikatu nuenean.
- Halere lehenago zeoze sartzeko aukera daula emateu, ez? – Erantzun zidan arnesetik zintzilik neramatzan friend-ak seinalatuz.
- Bai, hala emateu.
- Lehenengo luzea, 25 metro, IV+, 3 kimiko. Ilusioz edo xalotasunez beterik, pareta haztatzen hasi nintzen heldulekuen bila, Braillen irakurtzen ari den itsu bat banintz bezala, plaka tentea erditik eskalatzen hasi nahi nuelako. Baina aseguru on bat jartzeko lekuaren urruntasunak berehala bazterrarazi ninduen ideia ausart edo inozo hori. Hori ikusita, plakaren eskuinaldera pasatu, metro bat igo nintzen handik eta, oinpunten gainean zeharkaldi horizontal bat egin ondoren, ezkerreko eskuarekin iritsi nintzen belarrez estalitako plakaren ezkerraldean dagoen helduleku handi batera (IV+). Zeharkaldi hau plakaren eskuinaldetik gorago igotzen bada errazagoa dela iruditu zitzaidan (IV inguru). Helduleku handi horri eutsi ondoren, ez nuen zailtasun handirik izan gorago dagoen zulo handi batera igotzeko eta han dagoen harkaitz-zubi handi batetik zinta bat pasatzeko (III+).
Harkaitz-zubia dagoen zulo handiaren parean.
Harkaitz-zubi handi batek ematen duen konfiantzaz beterik, eta zulo honen gainetik helduleku asko (eta onak) daudela ikusita, ez nuen arazorik izan luzearen lehen aseguru finkora iristeko (III+).
Lehen aseguruaren parean hasten da zeharkaldia, ezkerrerantz. Horretarako, ezkerretara dagoen erlaitz txiki batera igo nintzen, eta kontu handiz mugitzen hasi nintzen, bertan zegoen belarrarekin irrist ez egiteko eta luzearen bigarren asegurura iristeko (III+).
Zeharkaldiaren hasieran.
Zeharkaldia oso polita iruditu zitzaidan eta, nahiz eta lehen eta bigarren aseguruen arteko tartea luzea izan, ez nuen estutasunik pasa, heldulekuak oso onak direlako. Harritu ninduena bigarren eta hirugarren aseguruen arteko tarte motza izan zen; horregatik, hasieran pentsatu nuen luzeak zuzen jarraitzen zuela bi aseguru horien artean dagoen plakatik tentetik.
Argazki honetan bigarren eta hirugarren paraboltak ikus daitezke, baita haien artean dagoen plaka tentea.
- Luzea kuarto ingurukoa bada errexenetik jungo da – esan zidan Asierrek, pentsatzen ari nintzena jakingo balu bezala.
- Bai, arrazoi dezu – erantzun nion ezkerretara nuen kanaltxo bati begira -, errexena ezkerreko kanal hortatik jarraitzea izango dela esango nuke.
Plaka tentea eskalatzea baztertuta, bigarren asegurutik ezkerraldera zeharkaldi motz bat egin eta kanaltxoan sartu nintzen, eta handik pixka bat igo ondoren, eskuin eskuarekin hirugarren, eta azken, aseguru finkotik express-zinta bat pasatu nuen (IV).
Kanaltxoan, hirugarren paraboltetik aseguratu ondoren.
Bilgunera arteko azken metroak bertikalak dira, baina ez zitzaizkidan zailak iruditu, helduleku onak baitaude. Baina haietatik irteten zen belarrak ez zidan konfiantza handirik ematen, ez eskuengatik, oinengatik baizik, irrist egiteko arriskuagatik. Horregatik, bilgunera iritsi aurretik ikusi nuen harkaitz-zubi batean beste zinta bat pasatu nuen (IV).
Lehen bilgunean.
- Bigarren luzea parabolt lilakin ekipatuta daula esango nuke – esan nion Asierri bilgunea muntatu nuenean.
- Bai? Ba hori berrie da – erantzun zidan -. Ekarri deten kronikan hori ez da agertzen.
Zeharkaldiaren amaieran, kanaltxoa eskalatzen hasi aurretik.
Asier bilgunera iritsi zenean, interneten aurkitu zuen kronika irakurtzen hasi ginen. Kronika horren arabera iltze zahar bat edo beste besterik ez zegoen bigarren luzean; horregatik, parabolt lilak ikusi genituenean lasaitu egin ginen. Josema Berrocosok esango zidanez, parabolt lilekin ekipatzea da Abel Arroyoren nortasun-ikurra.
- Bigarren luzea, 15 metro, 6a, 3 parabolt lila. Luzeraren hasieran, alderik alde zeharkatzen da arrail bat duen erlaitz horizontal txiki bat. Peralesen liburuaren arabera, erlaitz hori haren gainean zutik edo babariar teknika erabiliz zeharka daiteke. Interneten aurkitu genuen kronikan protagonistak zutik zeharkatu zuen, baina luzea berrekipatu den moduan naturalena babariar teknika erabiliz zeharkatzea litzateke.
- Ea luze hau zemuzkoa den – esan zidan Asierrek bilgunea utzi aurretik.
Erlaitzaren arrailak eskaintzen duen helduleku onak aprobetxatuz, Asier pixkanaka bilgunetik urruntzen joan zen, katu-oinen puntak hormak dituen zimur txiki eta leunetan kontu handiz jarriz (V). Jentilbaratzako “Sumendi” bidearen lehen luzearen zeharkaldia gogorazi zidan, hura zailagoa den arren. Horrelako zeharkaldietan, komeni da orpoak jaistea katu oinek eusten duten azalera handitzeko eta gorputzaren pisua orekatzeko; horrela, besoak gutxiago nekatzen dira. Zeharkaldiaren amaierara iritsi zenean (V) zalantzak hasi ziren:
Zeharkaldiaren amaieran.
- Ezkerren beste parabolt bat ikusten det baña ez da lila – esan zidan Asierrek.
- Esango nuke zuzen jarraitzen duela – erantzun nion -, hor dagoen diedritotik.
Asierrek parabolt lila gehiago ikusten ez zituenez, diedro txikiaren ezkerraldean dagoen paraboltean aseguratu zen:
- Goien beste parabolt lila bat ikusten den – esan zidan gorputza pixkat altxatuz -, baña ez dago gertu.
Geratzen zitzaion indarra erabiltzeko eskatu zion saiakera baten ondoren, A0 moduan eskalatzea lortu zuen luzearen pasagunerik gogorrena. Baina ez zen gustura geratu. Diedro txikiaren gainean dagoen paraboltetik zintzilikatu zen, diedroaren ezkerraldean dagoen paraboltean jarri zuen express-zinta kendu zuen eta diedroa berriro eskalatu zuen, oraingoan modu askean (6a).
Pasagunea bigarren aldiz eskalatu ondoren.
Hirugarren paraboltetik ezker aldera zeharkaldi motz bat egin ondoren (IV+), bigarren bilgunea dagoen erlaitz erosora igo zen:
- Ondo estutu behar izan det – esan zidan bilgunetik.
- Ez daukezu esan beharrik, jejeje – erantzun nion.
Bigarren bilgunean.
Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita.
Bitxia da burua zein erraz baldintzatu daiteken. Asierrek zenbat estutu zuen gogoratuta, zeharkaldi horizontalaren amaierara iritsi nintzenean buruan neukan gauza bakarra zen ez nintzela gai izango gainetik nuen pauso bertikala eskalatzeko. Eta pentsamendu hori zen nire arreta osoa bahitua zeukana, une hartan beste ezer existituko ez balitz bezala. Azken aldian egiten hasi naizen bezala, nire arreta arnasketara eramaten hasi nintzen lehenik eta begiek transmititzen zidatenera gero. Eta magiaz bezala, gainetik nuen pasagune bertikalean heldulekuak ikusten hasi nintzen, ordura arte ikusteko gai ez nintzena.
- Benga, ba!!!!
Pasagunea erraz eskalatu nuela esan nahiko nuke, baina ez zen horrela izan. Pasagunea modu askean eskalatzea lortu nuen, bai, baina majo estutuz eta Asierrek emandako azalpenen eta animoen artean. Faltan bota nuen beste parabolt bat egotea zeharkaldiaren amaieran dagoenaren eta diedrotxoaren gainean dagoenaren artean, baina iruditu zitzaidan diedrotxoan friend txiki bat ongi trabatu daitekeela, edo, hori posible ez balitz, diedroaren eskuinaldean eusten den helduleku alderantzikatuan. Gehien poztu ninduena buruak pasabidea eskalatu aurretik jarri zidan tranpan ez erortzea izan zen.
- Gutxiñez libren eskalau dezu – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Bai, baña “de primero” ez det uste aterako nunik “ni de koña”, jejeje – erantzun nion irribarretsu.
- Hortako berriro probatu behar, jejeje.
Bigarren bilgunea Eginoren historia ezin hobeto laburbiltzen duen bilgunea da, bertan iltze zahar eta herdoildu bat, begidun torloju zahar pare bat eta parabolt lila berri bat daudelako. Asierrek begidun bi torlojuak eta parabolta aprobetxatuz muntatu zuen bilgunea.
Bigarren bilgunea.
- Hirugarren luzea, 20 metro, IV, 2 parabolt lila. Gora begiratu genuenean, landaretzak hartutako “oihan” bat besterik ez genuen ikusi. Peralesen liburuan luze honi III/III+ ematen diotenez, “oihanaren” eskuinaldean dagoen horma bertikala berehala baztertu genuen, askoz zailagoa delako. Interneteko kronikako protagonistek zuhaitzen artean eskalatzen jarraitu zutela kontatzen zuten.Harritu egin gintuen parabolt lilarik ez ikusteak:
- Igual luze hau ekipatu gabe utzi dute? – Esan zidan Asierrek.
- Baliteke – erantzun nion -. Baina behin honaino iritsita politena goitik ateratzea izango zen, ezta?
Luzeak nondik eramango ninduen argi izan gabe, bilgunetik hormatxo txiki bat eskalatu nuen, harkaitz ona duena (IV), eta erlaitz txiki batera igo nintzen. Handik bigarren hormatxo bat eskalatu nuen, bigarren hau harkaitz zalantzazkoagokoa, landaretzaren ertzera iritsiz (III+). Pentsatu nuen bi hormatxo hauek Peralesen libuan III+ eta III bezala agertzen direnak izan zitezkeela.
Bi hormatxoen arteko erlaitz txikian.
- Hemendik ez det paraboltik ikusten – esan nion Asierri hormaren ertzak osatzen duen diedro itxurakoari begira.
Ondoan nuen zuhaitz baten enbor sentotik zinta bat pasa eta, ikusten nituen aukera desberdinak aztertu ondoren, hormak osatzen duen diedroa eskuinetara utzi eta zuhaitzen artetik jarraitu nuen. Horma tente bat eskalatu ondoren, hegazti baten habia izan zitekeen zulo baten parera iritsi nintzen. Poztu ninduen zulo ondoan freskagarri baten lata zahar huts eta koloregabe bat ikusteak: “Gutxienez hemendik norbait pasa da”, pentsatu nuen. Gainean nituen zuhaitzek eskalatzea oztopatuko zidatela ikusita, eskuinetara zeharkaldi horizontal bat egitea erabaki nuen, eta orain arte landaretzagatik saihestu nuen diedrora itzuli nintzen. Orduan, nengoen lekutik metro eta erdira gutxi gora behera, diedroa osatzen duen eskuineko horman zerbaitek atentzioa eman zidan:
- Parabolt lila bat!!!!! – Oihukatu nion Asierri.
Parabolta ikusi nuenean pentsatu nuen luzea diedroan barrena joan zitekeela. Parabolteraino iritsi eta nire gainetik lauzpabost metrotara bilgunea ikusi nuen, soka bat zuhaitz baten enborretik pasata. Baina bilgunera iritsi aurretik jakin nahi nuen luzea diedrotik doan ala ez. Horretarako, parabolt hartatik aseguratu nintzenean, Asierri soka emateko eskatu nion eta diedroan behera metro batzuk jaitsi nintzen. Orduan, lore hori batzuen artean, bigarren parabolt lila bat ikusi nuen:
Ikusi nuen lehen parabolt lila.
- Luzea hemendik dijo fijo – esan nion bigarren parabolteraino jaitsi nintzenean.
Asierrek luzea bide zuzenetik eskalatu zezan, soka diedrotik zuzendu ahal izateko parabolt hartatik aseguratu nintzen, soka osoa jaso nuen eta Asierri bota nion berriro. Behin Asierrek berriro aseguratu zidanean, eskalatzen jarraitu nuen bilguneraino (III+).
Azken bilgunean.
Argazki honetan luzean dauden bi paraboltak ikus daitezke.
- Parabolt gehio ikusi dituzu? – Galdetu nion Asierri azken paraboltaren parera iritsi zenean.
- Ez – erantzun zidan -. Bi hauek bakarrik darela esango nuke.
Asier bidea amaitzen.
Hirugarren bilgunea.
Niri gertatu zitzaidana beste inori ez gertatzeko, faltan bota genuen luzearen hasieran beste parabolt bat ez egotea, luzea nondik doan adierazteko besterik ez bada ere.
Eskalada amaituta, ez genuen zailtasunik izan bilgunea muntatuta dagoen zuhaitzaren eskuinaldetik igaro eta monolitoaren puntara igotzeko.
- Beste monolito baten punta!!!!!
Monolito honen ikuspegia ederra da. Mendebaldean, hirugarren eta bigarren monolitoak bi letagin erraldoi dirudite, basotik sortuak, zerura begira. Ekialdean bosgarren monolitoak ebakitzen du zerumuga, hemendik ikusita eskalaezina dirudiena. Iparraldean, parez pare, “Imserso Extrem” bidean eskalatzen diren puntak daude ilaran, eskalada berri baten zain egongo balira bezala, eta horien eskuinean, paisaia dominatuz, “Doña Eusebia” horma ikusgarria, geroz eta eskalada-bide gehiagok zeharkatzen dutena. Eginoko harkaitz-erresuma zaharrari oraindik usain berria dario, iturri zaharrari ur berria darion bezala.
Hirugarren eta bigarren monolitoak.
Bosgarren monolitoa.
“Imserso Extrem” bidean eskalatzen diren puntak.
Doña Eusebia horma.
Puntatik jaisteko, ekialdera dagoen lepora jaitsi ginen lehenik, eta handik iparralderantz jo genuen, sokaren laguntzarik gabe jaitsi daitekeen arrail handi baten bila.
Asier arrailaren irteeran.
Laugarren monolitoaren puntan.
Ez zitzaigun kosta arraila jaistea, baina bustita badago, kontuz jaistea eskatzen duen horietakoa da, edo, askoz seguruago, 15-20 metroko rappel bat egitea ekialdean dagoen lepoko zuhaitzetako batetik.
Arraila jaisten. Ez da zaila, baina...
- Bide politte, ez? – Esan nion Asierri.
- Bai, asko gustatu zait – erantzun zidan.
Monolitoei bizkarra emanez, poliki-poliki, presarik gabe, aparkalekura itzuli ginen. Bihotzak beteak eduki ohi ditugun arren, beti sentitzen dugu nostalgia puntu bat motxilak kotxean sartzen ditugun bakoitzean, eskaladaren amaiera dakarrelako. Baina beti joaten gara Eginon edo beste nonbait, harkaitzean edo eguneroko bizitzan, berriro eskalatuko dugun ziurtasunarekin, bizitzeko geratzen zaigun une errepikaezin bakoitzari ahalik eta zuku handiena ateratzen jarraitzeko asmoz.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- El Confidencial (02/02/2026). Nazareth Castellanos, psicóloga: "Pasamos un 70 u 80 por ciento del tiempo en piloto automático, imaginando y referenciando". El Confidencial. Eskuragarri: https://www.elconfidencial.com/alma-corazon-vida/2026-02-02/nazareth-castellanos-psicologa-piloto-automatico-imaginando-1qrt_4273880/
- John Kabat Zinn. Vivir con plenitud las crisis (ed. revisada y actualizada): como utilizar la sabiduria del cuerpo y de la mente para enfrentarnos al estres, el dolor y la enfermedad. Editorial Kairós.
- Perales V. Eguino paseos en vertical, 71-74. Gasteiz. Vicente Perales, 1984.
- Cuaderno de escaladas bloga. 2013/07/23. Vía Rebecos al Cuarto Monolito de Egino. Eskuragarri: https://cuadernodeescaladas.com/via-rebecos-al-cuarto-monolito-de-egino/

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina