AZKEN 10 SARRERAK
imsersoextrem etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
imsersoextrem etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/06/16

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: IMSERSO EXTREM BIDEA "YO ME LO GUISO" ALDAERATIK, 215 m, 6a. 2024/05/19


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Axi, nun zabiltzate?
- Izal paren, Etxegarate igotzen.
- Gu Altsasu paren gare ta hemen egualdi ona dau – erantzun zion Josuk Asierri -. Ze itteko asmoa dezue? Gu Egino aldera goaz deportiba ittea.
- Oaindik ez deu erabaki – erantzun zion anai zaharrari.

Eguerditik aurrera ekaitz-arriskua zegoen iragarrita, zein kolorekoa ez dut gogoratzen, baina bustitzeko aukera guztiak genituen. Horregatik ez genuen argi nora jo: Arabara edo Nafarrora? Erabakia zirt edo zart hartzera behartuko gintuen Altsasura iritsi aurretik, buruan aspaldi bueltaka nenbilen proiektu bat proposatu nion Asierri:

- Eta Imserso Extrem barianteetaik eskalatzen badeu? Pentsatzen det nahiko azkar eskalatuko deun bidea izango dela ta ekaitze iritsi aurretik kotxen izango geala.

Imserso Extrem 2021eko uztailak 2an jaio zen Rafa Elorza, Sergio Martin, Juancar Sanz eta Antxon Gorrotxategiren eskutik. Ez zen denbora luzea pasa izan lau eskalatzaile hauek hirugarren, laugarren eta bosgarren luzeei aldaera bana egin eta bidea eskalatzeko zortzi aukera ezberdin gehitu zioten arte. Bide originalari “pónmelo más hecho” deitu zioten; aldaeren bideari aldiz, “yo me lo guiso”. Bigarren aukera hau izan zen Asierri proposatu niona.

Asierrek Altsasu iristear geunden arte hartu zuen erantzuteko denbora. Aldekoak zein kontrakoak ongi baloratu ondoren baiezkoa eman zidanean, kotxearen bolantea eskuinera biratuz Eginora zuzendu ginen.

Rafa Elorzak egindako krokis zoragarri honetan argi ikusi daitezke Imserso Extrem bidearen bi aldaerak.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 215 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Rafa Elorza, Sergio Martin eta Juancar Sanz, 2021eko uda-udazkenean.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: III (50 m), 2ºL: III+/IV (45 m), 3ºL: V (40 m), 4ºL: 6a (40 m) eta 5ºL: IV+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aisialdi guneko edo Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketa Eginotik edo La Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena La Lezetik egitea da. Hemendik 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daitezke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 14 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko eta friend sorta. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: hiru ordu.

BIDEAREN KROKISA

Krokis orokorra. Puntu urdinekin "pónmelo más hecho" aldaera.

Krokis zehatza. Hemen ere puntu urdinekin "pónmelo más hecho" aldaera ikusi daiteke.

Hirugarren luzeko krokis zehatza. Urdinez agertzen den bilgunea "pónmelo más hecho" aldaerakoa da.

Laugarren luzeko krokis zehatza. Bi bilguneak bi aldaerek partekatzen dituzte.

DESKRIBAPENA

La Leze aisialdi guneko aparkalekura iritsi ginean Josu eta Aitor kotxearen maletategian sakabanatutako eskalada-materiala sailkatzen ari ziren. Hilabeteak ziren Josu ikusten ez nuela eta elkar besarkatu ginenean izugarri poztu ninduen betiko umorearekin jarraitzen zuela ikusteak. Bi kordadak elkarrekin eskalatu genezakela proposatu genienean ez zuten asko behar izan baiezkoa erantzuteko nahiz eta, beraien hasierako asmoa kirol-eskalada egitea zenez, auto-babeserako materialik gabe egon: "lasai, moldauko gea" izan zen bota nien erantzuna.

Hurbilketa presarik gabe egin genuen, oraingoz urdin koloreari eusten zion zerupean. Ekaitzik bazetorren ez zen berehalakoan iritsiko.

- Jonena ze? - Bota zidan Josuk, saihesten ari nintzen gai bati atea irekiz.
- Joer, ba pinta onik ez daukela esango nuke - erantzun nion begietara begira -. Putada bat.

Eguneko ekaitz bakarra oraingoz Josu eta bion barrenean sortzen ari zen, zurrunbilo emozionalak azaleratuz. Jon, bion lagun min bat, osasun arazo larri batekin borrokan dabil azkenaldian, ekaitz bortitzaren erdian bizitzaren kandela ahula piztuta mantendu nahian. Lanean honelako egoerak maiz ikusi izan ditut baita hauen zorigaiztoko amaierak ere, hortik Josuri eman nion erantzuna. Baina borrokan ari den pertsonarekin lotura emozionala handia denean arrazionaltasunaren begiak itxaropenez blaitutako zapi batek estaltzen ditu, errealitatea ezkutarazi nahian (uztailaren 17an Jonen irribarrea betirako itzaliko zen). Zurrunbilo emozional honekin hasi nuen eskalada.

- Lehenengo luzea, 50 metro, III. Lehenengo luzea da denetatik errazena baina bertan ezin da deskuidatu, luzearen 50 metro luzeetan ez baitago aseguru finkorik. Honegatik, luzea eskalatzeko arazorik izan ez nuen arren, hainbat friend trabatu eta pare bat haitz-mokoetan zinta-uztaiak pasa nituen aseguru moduan. Azkeneko aldiz eskalatu nuenetik luzea garbiagoa zegoela iruditu zitzaidan, kordada ezberdinen pasaeren ondorioz ziurrenik.

Lehenengo bilgunean.

- Bigarren luzea, 45 metro, III+/IV. Bilgunearen gainetik dagoen zuhaixka ezkerretik inguratu ondoren, Asier luzeari zailtasuna ematen dion horma inklinatuaren landarediaren erdian galdu zen. Aurtengo udaberria oso hezea izaten ari da eta horrek eragina izaten ari du horma guztietan. Bigarren bilgunera daraman horma hau modu eta bide ezberdinak jarraituz eskalatu daiteke; izan ere, horma hau eskalatu dudan hiru aldietan hiru bide ezberdinetatik eskalatu dudalakoan nago, hortik luzearen zailtasuna III+ eta IV artean kokatzea.

- Bariantearen bigarren reunioa nun dau? - Galdetu zidan hormaren gainetik - Beste reunioa ikusten det.
- Ba krokisaren arabera eskubin egon beharko luke - erantzun nion -. Igual zeoze jaitsi beharko dezu.

"Pónmelo más hecho" aldaeraren bilgunea ezkerrean utzita, hormaren eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egin zuen, "yo me lo guiso" aldaeraren bilgunearen bila. Batera eta bestera begiratzen aritu ondoren, horma metro gutxi batzuetan jaitsi eta, belar batzuen artean, bi harkaitz-zubiz osatutako bilgunea aurkitu zuen:

- Hemen dau!!!!

Landarediaren erdian bigarren bilgunetik zintzilik.

Horma inklinatua eskalatu nuenerako Aitor lehen luzearen amaierara iristen ari zen. Itsaso berde baten erdian, harrizko bizkarrezur distiratsu baten gainean zeudela ziruditen Josu eta Aitor. Bitan pentsatu gabe argazki kamera atera eta argazki bat egin nien.

Josu eta Aitor harrizko bizkarrezur distiratsuan.

- Joer ba badau ezkutauta reunio hau - esan nion Asierri -. Pentsatzen det udazken ta negun belar gutxigo daunen errexago aurkituko dela.

Bigarren bilgunean, "yo me lo guiso" aldaeraren lehenengoa.

- Hirugarren luzea, 40 metro, V. Orain arteko eskalada erraza bada ere ez nindoan kontzentratuta. Horren adibidea Asierri materiala hartzen nion bitartean harkaitz bati ezker ukondoarekin eman nion ukondokada.

- Ostia!!!!
- Ze?
- Zartako majoa eman diot harkaitzari baina ez du ematen larrie denik.

Kolpearen eraginez eragindako isuria koskor moduan handitzen zihoan bitartean hirugarren luzea eskalatzen hasi nintzen.

Mina sentitzen nuen arren ez nuen arazo handirik izan urrun dagoen lehen asegurura iristeko, harkaitz-zubi batean jarrita dagoen soka bat (IV). Hemendik gora arrail bat eskalatzen jarraitu nuen bigarren harkaitz-zubi batera iritsiz (IV). Luzearen zailtasunik handiena babesten duen parabolta metro pare batera nuen. Bertatik express-zinta eta soka pasatzea lortu nuenean zuzen eskalatzen jarraitzea pentsatu nuen lehenik baina pasagunea V baino gogorragoa zela baieztatu nuen berehala. Ezkerrera begiratu eta, metro pasatxoko zeharkaldi horizontala eginez helduleku on batzuetara iristen nintzela ikusi nuenean, bidea handik zihoala argi geratu zitzaidan. Zeharkaldia zen egin behar nuen gauza bakarra.

Orduan ezker ukondoan dagoeneko arrautz baten tamaina zuen koskorra ikusi nuen. Min handirik sentitzen ez nuen arren, deformatutako ukondoa ikusteak izutu ninduen, eta honek berriro ere kontzentrazioa galduarazi zidan, barruko ekaitzari berriro ere atea zabalduz.

Ez nuen bitan pentsatu, express-zintari eskuin eskuarekin heldu eta ezkerrera pasa nintzen bigarren parabolt batera arte eskalatzen jarraituz (V). Bi begiak eta burua harkaitzean eduki nahi nituen, baina begi bakarra zegoen eskaladan, bestea ukondoari begira zegoen eta burua urrunago, behin eta berriz kolpatzen ninduten emozioen munduan igerian. Eskaladan nuen begi bakarrarekin parabolt bat ikusi nuen horma ixten duen goiko sabaian. Baina bertara iritsi aurretik bigarren paraboltaren parean atseden motz bat hartzea erabaki nuen, goian ikusten nuen paraboltera iristeko aukerarik onena zein zen baloratu eta barruan neraman zurrunbilo emozionala lasaitzeko asmoz.

Sabaian dagoen paraboltera nondik iritsi baloratzen.

Gertuago... Argazkian luzean orain arte jarritako lau aseguruak ikusi daitezke, denak finkoak.

Kontzentrazioa arnasketara eramateak emozioak zertxobait baretu zizkidan. Sabaiara iritsi aurretik honen azpian eta eskuinean dagoen arrail nabarmen batean friend bat sendo trabatu eta, hemendik gora ezker aldera eskalatzen jarraituz, zalantzazko harkaitz batzuk dituen horma tentea eskalatu nuen paraboltaren parera iristeko (IV+). Hemendik gora, harkaitz-plaka sendoa dagoela aprobetxatuz, ez nuen arazo handirik izan bidearen lehen koska nabarmenera igotzeko. Oinez egindako metro batzuen ondoren hirugarren bilgunera iritsi nintzen, bi aldaerek partekatzen dutena.

Hirugarren bilgunean.

Barruan nuen zurrunbilo emozionalaz Asierri ezer ez esatea pentsatu nuen, ezta ukondoaren egoeraz ere. Bidearen luzerik zailena eskalatzear geunden eta nola sentitzen nintzen esateak ez lioke ezer onik ekarriko.

- Luze polite - esan zidan.
- Bai, hala iruittuu zait neri ere - erantzun nion bakarrik.

Hirugarren luzea amaitzen.

- Laugarren luzea, 40 metro 6a. Josu bilgunera iritsi aurretik eskalatzen hasi zen Asier. Bilgunetik eskuinera 3 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin ondoren (III-), soka batez babestutako harkaitz-zubia duen sabel itxura duen horma motz bat eskalatuz erlaitz txiki batera igo zen (IV+).

Harkaitz-zubia duen erlaitz txikiaren gainean.

- Krokisaren arabera oain eskubi aldera fisura antzeko bat egon beharko litzateke - esan nion.
- Ikusten detela ustet - erantzun zidan.

Erlaitzetik eskuin aldera horizontalean mugitu beharrean metro pare bat zuzen eskalatu eta, friend bat trabatu ondoren, eskuin aldera zeharkaldia egin zuen belarrez estaltzen hasita zegoen arrailean sartuz (IV+).

Arrailaren lehen metroetan.

- Goien bi parabolt ikusten ditut - esan zidan -. Pentsatzen det 6a-ko pasoa han eongo dela.

Arrailaren eskalada tentea bada ere, gozatzeko modukoa da, helduleku onak dituelako (V); baina metroak eskalatzen zituen heinean arraila estutuz zihoan. 6a pasagunea babesten duen lehen paraboltera iritsi zenerako arraila harkaitzean zirriborratutako orbain estu bat besterik ez zen.

Bidearen pasagune zailena eskalatzeko zorian zegoen eta Asierrek burura etorri zitzaizkion ehunka jarrera eta modu ezberdinak praktikan jarri zituen pasagune hau eskalatu ahal izateko, baina ez zuen bakar batekin asmatzea lortzen.

- Ez det ikusten - esan zidan urduri.

Biok elkar ez ikusteak ere eragina izango zuen ziurrenik, ustezko erorketa geldituko duena zertan ari den ez jakiteak urduritasun estra bat ematen duelako. Azkenean, gorputza luzatuz bigarren express-zintari helduz gainditu zuen pasagunea (6a).

- Zure anaie ataskau bada ez det uste paso errexa izango denik - esan nion dagoeneko nire ondoan zegoen Josuri.

Soka segurtagailutik berriro ere irteten zela ikusteak poztu ninduen, Asierrek eskalatzen jarraitzen zuelaren seinale baitzen.

- Eskubitik oain nola doa? - Galdetu zidan bat batean.

Galderak alarma guztiak piztu zizkidan.

- Eskubitik? Luzea 6a pasoren ondoren ezkerrera doa horizontalen.
- Ezkerrera? - Galdetu zidan urduri.
- Bai, ezkerrera - erantzun nion -, kuartomaseko zailtasune omen dauke.

Izerdi bat baino gehiago bota behar izan zuen Asierrek eskuin aldera egin zuen zeharkaldia desegin eta bigarren paraboltaren gainean berriro ere kokatzeko.

Asierrek oker hartu zuen zeharkaldia desegin ondoren.

Berriro ere bidean, bigarren paraboltetik pare bat metrora dagoen dagoen helduleku on bati eutsiz ezker aldera zeharkaldia egiten hasi zen, harkaitz-plaka batek osatzen duen diedro itxurako batera zuzenduz (IV+).

Argazki honetan Asier ezker eskuarekin bigarren paraboltaren gainean dagoen helduleku onera eusten ari da.

- Friend-ik gabe geratzen ai naiz - esan zidan une labur baten ondoren.
- Friend-ik gabe?

Galdera botatzearekin batera egin genuen hanka-sartzeaz ohartu nintzen. Josuk eta Aitorrek auto-babeserako materialik ekarri ez zutenez, guk jarritako friend, harkaitz-zubi eta express-zintetaz aprobetxatzen ari ziren orain arte, baina beraiek berreskuratutako material hau hartzeaz ahaztu ginen.

Asierrek friend pare batekin amaitu zuen zeharkaldia (IV+), eskalatu zuen diedrotxoa (IV+) eta, diedrotxoa osatzen duen harkaitz-plakara igo ondoren, bigarren harkaitz-plaka baten erdian dagoen paraboltera iritsi zen (IV+). Ez dut imajinatu nahi tarte honetan pasa zuen tentsioa. Parabolt honek babesten duen pasagune "plakero" motz baten ondoren (V) ez zuen zailtasun handirik izan laugarren bilgunera iristeko (III).

Bidean geunden lau lagunetatik inork ez zuen 6a pasagunea enkadenatuko. Niri bigarren paraboltetik honen gaineko heldulekura iristea ere asko kosta zitzaidan, express-zintari heldu nion arren.

6a pasagunea nondik eskalatu begiratzen.

- Ez det usaitu ere egin - esan zigun Josuk laugarren bilgunera iritsi zenean, lauetatik sasoikoen dagoena.
- Guk ere ez - erantzun zion Asierrek.

Bi anaiak luzearen nondik norakoak komentatzen.

Aitor ere, batera zein bestera begira aritu arren, ezin izan zuen pasagunea enkadenatu.

Aitor 6a pasagunean, Josu eta Asierren begiradapean.

- Joer matxo, ni idea nondik ateratzen den paso hori - esan zigun bilgunera iritsi zenean.

Laugarren bilgunean.

Hanturaren ondorioz ukondoan ez nuen ia minik sentitzen, ezta koskorra ukitzen nuenean ere. Azkeneko luzea zailtasun handirik izango ez zuela ikusita Asierri erakustea erabaki nuen, nahiz eta barruan neraman zurrunbiloaz hitzik ez nion esan:

- Golpe galanta hartu dezu, ez dizu minik ematen? - Galdetu zidan harriduraz.
- Oain ez hainbeste - erantzun nion - pentsatzen det bihar gehio emango ditela.

- Bosgarren luzea, 35 metro, IV+. Oraingoan bai, oraingoan friend eta express-zinta guztiak arnesetik zintzilik nituela hasi nintzen azken luzea eskalatzen. Beste hiru lagunen begiradapean, zailtasun handirik ez nuen izan "pónmelo más hecho" eta "yo me lo guiso" aldaeren bideak banatzen dituen paraboltera iristeko. Lehenengo aldaerak eskuin aldera doan zeharkaldi batetik jarraitzen du; bigarren aldiz, paraboltaren ondoren goraka zuzen doan arrail/tximinia itxurako batetik. Bitan pentsatu gabe arrail/tximinia eskalatzen hasi nintzen (IV+).

Arrail/tximinian.

Arrail/tximinia sabai txiki batek ixten du, sendoak ez diruditen harkaitz batzuez osatutakoa. Sabaia zuzen eskalatuz IV+ zailtasunetik gora ibiliko nintzela ikusi nuenean beste aukera baten bila hasi nintzen. Ezkerrera begiratu eta harkaitzez garbitutako erlaitz txiki bat ikusi nuenean nire zalantzak berehala argitu ziren: erlaitz txikira iritsi beharra nuen. Kontu handiarekin sabaia osatzen duen harkaitzetako bati eutsiz, ezker aldera zeharkaldi horizontal bat egin nuen erlaitz txikiaren gainean kokatzeko (IV+).

Erlaitz txikiaren gainean.

- Hor nunbait puenterrokan bat dau - esan zidan Asierrek.

Nengoen lekutik ez nuen ezer ikusten eta, muntatutako harkaitz-zubia uste nuena baino urrunago egongo zenaren beldurrez, eskalatzen jarraitu aurretik friend bat sendo trabatu horman dauden arrailetako batean. Zein ezberdin ikusten den eskaladaren egoera soka gainetik duzunean, metro eskas bat bada ere!!!! Arrail batean bi eskuak sartu eta gorputza erlaitzetik altxatzearekin batera harkaitz-zubitik pasatako kordela agertu zen zeruertzean (IV+).

Harkaitz-zubitik aseguratzen.

Harkaitz-zubitik pixkat igo eta berehala pasa nintzen ezkerrera, bertan baitago azken bilgunea, beste harkaitz-zubi batetik pasatako bi sokaz osatutakoa.

Azkeneko luzea zaila ez zela ikusita, Asier eta Josu batera eskalatzen joan ziren, bata besteari behar zuen distantzia emanez.

Azken luzearen lehen metroetan.

Argazki honetan "yo me lo guiso" aldaeraren azken tarte osoa ikusi daiteke.

- Luze haure politte iruittu zat - esan zidan Josuk bilgunera iritsi zenean.
- Bai, egie esan beste bariantena baño polittegoa dela esango nuke.

Asier eta Josu "yo me lo guiso" bariantearen azken metroez gozatzen.

Eskaladan zehar gure inguruan pilatzen joan ziren hodeien beldur izan ginen arren, La Lezeko aisialdi gunera iritsi arte itxaron zuten gordeta zituzten tantak isurtzen hasteko. 6a pasaguneari saiakera berri bat ematera itzuli beharo genuela adostu genuen, Josu eta Aitor agurtu aurretik.

Gauza asko ikasi genuen eskalada-egun honetan, nik batez ere. Eskalada orainean egotea eskatzen duen ehunka aktibitateetako bat da. Honegatik, eskalatzen duzunean une oro egiten ari zaren horretan enfokatua egon beharra duzu, kontziente, zentzumen-organoek zure garuneraino eramaten duten informazioan kontzentrazio osoa jarriz eta mantenduz. Ezin duzu beste ezertan arreta galdu, ezin zara egunerokotasunetik dakarkizun emozio, kezka edo pentsamenduengatik kutsatu; horiek kanpoan uzten saiatu beharra duzu. Horregatik guztiagatik, askok uste dugu eskalada meditazioa egiteko modu bat izan daitekeela, eskalatzen duzun unean mundua gelditu daitekeelako, zu eta harkaitzaren artean ezer geratu gabe. Baina horren erraza dirudiena batzuetan kosta egiten da, emozioak bor-bor eta buruan mila gauza dituzunean bederen. Une horiek kudeatzea izan daiteke ikasi daiteken gauzarik eraginkorretako bat, eta ez bakarrik eskaladan, bizitzarako ere funtsezkoa da.

Eta zer gertatu zen nire ezker-ukondoarekin? Barruan zegoen isuria desegin arte pasa ziren hamar egunetan kolore guztiez tindatuta egon zen gajoa. Lehenengo bi egunetan mina zertxobait handitu zen arren, isuria desegiten joan zen heinean mina ere desegin zen, beste inolako ondoeza edo kalterik sortu gabe.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyrenbloga bloga. Egino, Doña Eusebia horma: "Imserso Extrem" bidea, "pónmelo mas hecho" aldaeratik, 225 m, V. 2021/08/24. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2021/09/egino-dona-eusebia-horma-imserso-extrem.html


2021/09/13

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "IMSERSO EXTREM" BIDEA, "PÓNMELO MÁS HECHO" ALDAERATIK, 225 m, V. 2021/08/24

"Imserso Extrem" bidearen hasiera adierazten duen kordel urdina.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Artistek dohain berezia dute margotu gabeko mihise zuri bat edo formarik gabeko harkaitz bloke bat arte bihurtzeko, gizaki gehienok ezer berezirik ikusten ez dugun horretan edertasuna aurkituz. Nire ustez hau bera aplikatu daiteke horma handi batean eskalada-bideak irudikatu eta irekitzeko dohaina duten eskalatzaileekin. Dohain berezi hau duten eskalatzaile hauek ez dira asko, eta eskalatzen dugun gehienok eskalatzaile dohaintsu hauek irudikatu eta ireki dituzten bideak eskalatzen ditugu, bidea duela aste batzuk edo duela ehun urte irekita badago ere.

Baina artisten moduan, eskalatzaile berezi hauek pasio eta gorrotoak pizten dituzten pertsonak izaten dira, askotan iraultzaileak direlako: eskalada-bidea irekitzeko jarraitu duten estiloa, bidearen seguru kopurua, eskalada-bidea irekitzeko garaian izan den naturarekiko errespetua, bidearen arriskugarritasuna, eskalada-bidea ireki den ingurunean eskalada-bideak irekitzeko moduari errespetua, etab, hizpide izaten dira bideak errepikatzen dutenen/dugunon artean eta honen inguruan liskar sinestezinak piztu izan dira, sare sozialetan batez ere.

Mota honetako liskarrak irakurtzen ditudanean tristura handia sentitzen dut, eskalada gustuko dugun guztiok, dugun maila edo eskalatzeko modua dena delakoa bada ere, mendian lekua dugula uste baitut. Artista/eskalatzaile hauek nire miresmen osoa merezi dute, kirol-eskaladako bide erraz bat Aiztondon edo hainbat luzeetako muturreko eskalada-bide bat Peña Montañesan ireki badute ere, baldin eta eskalada-bidea irekitzeko baimena izateaz gain ingurumena errespetatzen badute. Hauek dira nire baldintza bakarrak.

Artista-eskalatzaile talde aukeratu honen barruan kronika honetako bidea ireki duten Antxon Gorrotxategi, Rafa Elorza, Sergio Martin eta Juancar Sanz daude.

Dagoeneko dena irekita zirudien Eginoko Doña Eusebia horman eskalada-bide berri bat irudikatzeak badu bere meritua, baina irudikatzeaz gain bidea lehen saiakeran behetik gora eskalatu eta eskalada gustuko dugunok eskalatu ahal izateko txukundu eta egokitzea preziorik ez duen lan altruista da. Modu honetan, pasa den uztailean “Imserso Extrem” bidea jaio da, Doña Eusebia hormaren mendebaldean Rafak, Antxonek, Juancarrek eta Sergiok ireki duten bide zoragarria. Eta bide zoragarria diot, gure uste apalean, eskaladari dagokionez, horma berearen ekialdean dagoen "Barraskiloen ertza" ospetsua baino hobea delako, baita zailagoa ere. Amaitzeko, Rafak, Sergiok, Juancarrek eta Antxonek berehala egin zizkioten hirugarren, laugarren eta bosgarren luzeei aldaera bana. Aldaera hauetatik bi bariante jaioko ziren: "pónmelo más hecho" (kronika honetan azalduta dagoena) eta "yo me lo guiso", urte batzuk beranduago eskalatuko genuena.

Eskalada-bide hau eskalatzeko proposamena MAT taldera luzatu eta Asierrek baiezkoa erantzun zidanean izugarri poztu nintzen. Hilabete luzeetako lesio baten ondoren beretzat aukera ona izango zen eskaladari berriro ere gustua hartzeko, baita niretzat aukera ona berriro elkarrekin eskalatu eta bere konpainiaz gozatzeko ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 225 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Rafa Elorza, Sergio Martin eta Juancar Sanz, 2021eko uztailaren 2an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III (50 m), 2ºL: III+/IV (45 m), 3ºL: V (40 m), 4ºL: V (40 m) eta 5ºL: IV+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aisialdi guneko edo Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketa Eginotik edo La Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena La Lezetik egitea da. Hemendik 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daitezke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 10 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, Totem eta Alien jokoa. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkiaren eskuinean "Barraskiloen ertza" ikusi daiteke.

Bidearen krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

La Lezeko zuhaiztia kanpamendu nomada bat zirudien. Zuhaitzen artean barreiatuta, furgonetak, auto-karabanak, mahaiak, aulkiak eta arropa zintzilikatzeko sokak zeuden. Soketatik zintzilikatutako neoprenozko jantzien artean, garagardoak eskutan, alai, kanpamenduko okupatzaileak kontu kontari ari ziren, beraien kezkarik handiena La Lezeko putzuetan bizitako bizipenak behin eta berriz kontatzea izango balitz bezala.

Ez da ohikoa abuztuaren amaierako egun eguzkitsu bateko arratsaldean Eginon hegoaldeko orientazioa duen horma bat eskalatzea, eta uste dut horixe bera pentsatu zutela nomadek ere, kotxetik motxilak atera eta oinez hasi ginenean begiratu ziguten modua aintzat hartzen badut. Guk aldiz bagenekien haize goxo batek eskalada "freskatuko" gintuela, edo behintzat hori zen gure itxaropena eguraldiaren iragarpena interneten irakurri genuenean.

Baina, zortearen aurpegirik maltzurrena erakutsiz, La Lezeko aparkalekutik lehen monolitora doan pista maldatsuan haize goxo hori ez zen agertu, eta txapelaren azpitik ihes egiten zuten izerdi tanta potoloek ezpainetan uzten ziguten zapore gaziak arratsalde bero eta luze baterako prestatzen hasi gintuen.

Lehenengo monolitoa...

... bigarren monolitoa...

... hirugarren monolitoa...

... eta laugarren monolitoa.

- Hemen nunbaittetio gora igotzen hasi beharra daukeu - esan nion Asierri laugarren eta bosgarren monolitoen arteko hartxingadi nabarmenaren ertzera iritsi ginenean.

Hartxingadiaren goikaldean, laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasilloaren atarian, mugarri bat ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe mugarriraino igo eta pasilloan barrena beste mugarri batzuk tarteka jarraitzen zutela ikusi genuen.

Laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasilloa hartxingaditik ikusita. Argazkian lehen mugarria ikusi daiteke.

Lehenengo mugarriaren parean, laugarren monolitora hurbiltzen.

Ehiztariek animalien arrastoak jarraitzen duten moduan, mugarriak jarraituz, hurbilketa-bideak ezkerrera bota eta laugarren monolitoaren ipar hormaren itzalpetik eraman gintuen, mendi-lepo itxura duen urkila batera iritsi ginen arte.

Laugarren monolitoaren itzalpean.

Urkilan, laugarren monolitoko puntari bizkarra emanez eta ipar-ekialdeko noranzkoa hartuz, txilar eta arteen artean erdi-ezkutaturik dagoen bidexka jarraitzen hasi ginen. 25-35 metro inguru ibili ondoren Asier geratu zen:

- Hemen dau bian hasiera – esan zidan harkaitz batetik zintzilik dagoen kordel urdin bat seinalatuz.

Laugarren monolitoa atzean utzi ondoren. Argazkiaren ezkerrean bosgarren monolitoa ikusi daiteke.

Bidearen hasiera ertza baten oinean dago, urteek okertu dituzten arte batzuen itzalpean. Motxila izerdituak lurrean utzi, eta eguzkipean lehortzen ziren bitartean ura edateko aprobetxatu genuen:

- Eskerrak eguzkitako-krema etxen eman deten.
- Baita nik ere - erantzun zidan Asierrek.

Bidearen hasiera.

Asierrek trago bat ur edaten zuen bitartean eskalatzailez mozorrotzeko errutinarekin hasi nintzen: kaskoa eta arnesa jantzi, express-zintak arnesaren bi aldetan banatu, artaka-trabagailuak arnesaren atzeko uztaitik zintzilikatu, Totem-ak arnesaren alde batean, Alien-ak arnesaren beste aldean, talkie-a lepotik zintzilikatu, katu oinak jantzi, zapatilak motxilan sartu, motxila jarri, eta bukatzeko, zinta-uztaiak lepotik zintzilikatu, handiak alde batera, txikiak beste aldera. Denbora apur bat eramaten duen arren materiala arnesaren inguran ongi ordenatuta eramatea gustatzen zait, materiala behar dudanean batera eta bestera bila ez aritzeko.

Biok prest geundenean talkie-ak piztu eta eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 50 metro, III. Bidearen hasiera adierazten duen soka urdinetik gora, helduleku oso onak dituen 4-5 metro inguruko horma bertikala eskalatzen hasi nintzen, gainean dagoen ertzaren ahora zuzenduz (III). Metro hauetan egin den garbiketa nabaria da, Eginoko harkaitz grisarekin kontrastatuz eguzkiak ilundu gabeko harkaitz argia ageri delako. Nahiz eta zailtasun handirik gabeko tartea izan, badaezpada metro hauek harkaitz batetik pasatako zinta-uztai batekin babestu nuen.

Luzearen hasierako metro bertikaletan.

Lehen metro bertikal hauen ondoren horma inklinatuz doa. Metro hauek errazago eskalatu nituen ertzaren ahora iritsi nintzen arte.

Ertzatik behera egindako argazkia.

- Hemen haize goxo bat dabil!!!! – oihukatu nion Asierri bigarren seguru bat jartzen nuen bitartean.

Azkenean hainbeste itxarondako brisa bertan genuen, bazterrei tenperatura zertxobait lapurtuz.

Behin ertzaren gainean, jarraitu beharreko bideak galtzeko arriskurik ez dauka, ertzaren ahotik jarraitu behar delako. Lehen metro etzan batzuk eskalatu ondoren (II) ertzak osatzen duen gain batera igo (II+) eta bertatik argazki batzuk egiteko aprobetxatu nuen.

Ertzak osatzen duen gainara igotzen.

Ertzaren gainatik behera egindako argazkia.

Bosgarren monolitoa eta Egino.

Gain honetatik aurrera ertza etzaten da, metroak arinago irabazteko aukera emanez (II).

Gainatik gora dagoen zatia. Argazkian lehen bilgunearen kokalekua ikusi daiteke.

Bizkarrezur erraldoi baten gainetik joango banintz bezala, metroak arin irabazi nituen, Asierrek sokaren 50 metroak amaitzear zeudela esan zidan arte. Orduan, bi harkaitz-zubietatik pasatako sokez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Lehenengo bilgunea.

Asier ertza zeharkatzen.

Ertzaren gainatik bilgunera egindako argazkia.

- Bigarren luzea hor gañen ikustean monoliton azpin bukatzeala esango nuke – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean -, ez dakitena da horrea iristeko luzea nundio dijon.
- Bueno, zeoze ingodeu – erantzun zidan lasaitasun osoz.

- Bigarren luzea, 45 metro, III+/IV. Asierrek ertzaren ahotik eskalatzen jarraitu zuen 15 metro ingurura dagoen arte batekin topo egin zuen arte (II/II+). Zuhaitza saihesteko ertzaren ezkerrera pasatu, eta metro batzuetan belarretan oinez ibili ondoren, luzea amaitzen den monolitoaren oinera iristeko eskalatu behar den horma inklinatuaren oinera iritsi zen.

Horma inklinatuan.

Horma inklinatu hau eskalatzeko aukera ezberdinak badira ere, Asierrek logikoenetik jo zuen, hau da, horma garbitu den lekutik. Gutxi gora behera hormaren erditik eskalatzen jarraituz, hormaren hasierako metro tenteak erraztasun osoz atzean utzi zituen (III+/IV). Lehen metro hauek tenteak badira ere, helduleku onekoak dira, eta friend-ak trabatzeko aukera handiak ematen dute.

Horma inklinatuaren amaieran.

Atzera begirada...

Lehen metro tente hauek eskalatuta horma etzanez doa (III). Azken metroak erdi-oinez eginez bidean eskalatzen den lehen monolitoaren oinera iritsi zen eta honen oinean harkaitz zubietatik pasatako sokak aprobetxatuz bilgunea muntatu zuen.

Bigarren bilgunea.


Asierrek lehenengo luzean egin zuen moduan, bigarren luze hau bidea harkaitz soltez garbitzeko aprobetxatu nuen.

- Lasai, ez naiz erori ta, jejeje!!! – botatzen nion irribarretsu harkaitz bat bota eta sortutako burrunbak hormetan oihartzun egiten zuen bakoitzean.

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+/V.

- Hemendio gora ebidentena hor ikustean kanaletio eskalatzea izangoela ustet – esan zidan Asierrek monolitoa eskuin-ezker mozten duen kanal nabarmen bat seinalatuz – gañea han goien parabolt bat ikustea.

Hirugarren luzeko nondik norakoak.


Rafak bere blogean idatzitako kronika irakurri eta Asierrek adierazitakoa baieztatu genuen. Bilgunearen gainetik atera eta zertxobait eskuinera bota nintzen, harkaitz-zubi txiki batetik zinta bat pasatuz lehen segurua jarri eta monolitoa eskuin-ezker diagonalean mozten duen kanal nabarmenera sartuz (III).

Kanala eskalatzen hasi (III+) eta kordel gorri bat zuen harkaitz-zubi bat ikusi nuenean, luzeko bigarren segurua jarri nuen.

Kordel gorria duen harkaitz-zubitik aseguratu ondoren.

Kanaletik bilgunera egindako argazkia. Kordel gorria ikusi daiteke.

Hemendik gora, monolitoak duen sabai nabarmen bat ekiditen duen kanala pixkanaka tentetu eta estutzen da harkaitz-plaka tente batean urtzen den arte. Metro hauek lasai eskalatu (IV) eta kanalaren amaierara iritsi nintzenean handik gora nituen aukerak aztertzen hasi nintzen.

- Pentsatzet asuntoa hemen hasikoela – Bota nion Asierri -, kontutan izanda hortxe parabolta daula…

Harkaitz-plakara pasatu eta paraboltetik aseguratu nintzenean (IV+) monolitoaren ezker hormatik gertu mantenduz eskalatzen jarraitu nuen, hormaren oinean ddagoen arrail nabarmenak babariar moduan eskalatzeko ematen duen aukera aprobetxatuz (V). Harkaitz-plaka tentea bada ere, arrailak lasaitasunaren mesedetan friend-ak trabatzeko aukera handiak ditu.

Harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu nuen ipuru batekin topo egin nuen arte. Ipuruaren atzean erlaitz apurtu batek jarraitzen zuela ikusi nuenean, aurrera nondik jarraitzearen zalantza piztu zitzaidan.

- Nik esango nuke goraka zuzen eskalau beharren zarela – esan zidan Asierrek Rafaren kronika kontsultatuz – zuhaitzen atzetio harrik suelto darela jartzeo.

Asierrek esandakoari kasu eginez, ipurua dagoen lekutik gorako horma bertikala zuzen eskalatzen hasi nintzen.

Zirrara eta beldur pixka bat ematen badu ere hormak helduleku oso onak ditu. 2-3 metro eskalatuak nituenean (IV+) eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egiten hasi nintzen monolitoaren sabaiaren gainetik kokatu nintzen arte (IV+).

- Zaile baño gehio inpresionau itteo – bota nion eskaltzen jarraitu aurretik.

Hemendik gora, hormak dituen helduleku onak aprobetxatuz zuzen jarraitu nuen eskalatzen (IV), monolitoaren gainera iritsi nintzen arte.

Monolitoaren gainera iristen.

Parez-pare gaurkoan eskalatuko genuen hurrengo monolitoa azaldu zen, sabai nabarmen eta beldurgarri bat duena. 5-6 metro erdi-oinez ibili ondoren bigarren monolitoaren oinera iritsi nintzen. Bilgunea ezker aldean dago, uztaidun bi paraboltez osatutakoa.

Hirugarren bilgunean. Argazkian laugarren luzearen nondik norakoak adierazi ditut.

- Laugarren luzea, 40 metro, IV+/V. Monolitoaren sabai nabarmena honen ezkerrean dagoen 5-6 metro inguruko diedro bertikal bat eskalatuz saihesten da.

Asier lehenengo 2 metroak eskalatu, eta diedroa babesten duen paraboltetik aseguratu ondoren, beste metro pare bat eskalatu zituen diedroaren ezker aldean dagoen erlaitz batera iritsiz (IV).

Diedroaren lehen metroetan.

- Zemuz?
- Oaingoz ondo – erantzun zidan aurretik zuena baloratzen zuen bitartean.

Erlaitzan.

Diedro hau eskalatu ondoren, hormaren ertzeraino iristen den bigarren diedro bat eskalatzen da, eskuinera diagonalean doana. Asier metroak pixkanaka eskalatzen hasi zen, harkaitz bakoitza eutsi aurretik hormara itsatsia zegoela konprobatuz. Gero nik ere baieztatuko nuen moduan, bigarren diedro honek helduleku on eta sendoak ditu, nahiz eta harkaitzaren itxurak hori ez adierazi. Hemen ere garbiketa lana handia egin dela nabaria da.

Bigarren diedroa eskalatzen.

Diedroa eskalatu eta hormaren ertzara igo zenean, bertan aseguru bat jarri zuen (IV).

- Errexa da baña harkaitzek eztu konfiantza haundik ematen… - esan zidan talkie-tik.

Hormaren ertzean.

Hormaren ertzetik metro gutxi batzuk eskalatu ondoren Asierrek ertzaren ezkerretik eskalatzen jarraitu zuen (IV+), bigarren monolitoak atzean osatzen duen ezproiaren gainera iritsiz. Bertan, lurrean dauden bi harkaitz-zubietatik pasatako sokak aprobetxatuz bilgunea muntatu zuen.

- Hemen nundio jarraittuzu? – Galdetu nion bigarren diedroa eskalatu ondoren hormaren ertzara iritsi nintzean.
- Nik zertxobait ezkerretio jarraittuet – erantzun zidan.
- Erditio eskalatzea pentsatzen ai naiz.
- Segi lasai, segundo junda etzea eroiko ta…

Ezproiaren gainera iristeko eskalatu behar den zatia. Asierrek sokaren ezkerretik eskalatu zuen, nik aldiz sokaren eskuinetik, ezproiaren erditik.

Asierrek animatuta ezproiaren erditik eskalatzen jarraitu nuen. Itsasgarritasunezko pasagune pare bat dituen arren, soka gainetik izateak ematen duen konfiantzarekin ezproiaren metro hauek uste baino errazago eskalatu (V) eta bilgunera iritsi nintzen.

Ezproiaren gainara iristen.

Azken luzeak zeharkatzen duen ertza nabarmena eta laugarren “bis” bilgunea identifikatu genuenean, bertara zuzendu ginen. Laugarren “bis” bilgunea ertzaren ezkerrean dagoen arte nabarmenaren enborrean pasatako soka batez osatuta dago. Bertara iristeko, 10-12 metro besterik ez ginen ibili.

Bosgarren luzearen nondik-norakoak.

Asier laugarren bilgunean.

- Ea azkeneko largo hau zemuzkoaen – esan nion Asierri soka pasatuz.
- Seguro pare bat jartzeittuzunen atzeagotio aseguraukoizut hobe ikusteko.
- Ados!!!

- Bosgarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunea osatzen duen arteren eskuinera pasatu, eta eskuinerako joerarekin eskalatuz, gainean dagoen ertzera igo nintzen (III). Behin ertzaren gainean, aseguru bat jarri eta ertzaren ahotik mantenduz metroak eskalatuz jarraitu nuen parabolt bat topatu nuen arte (III). Paraboltetik aseguratu ondoren ertza zertxobait tentetzen da, punta batera iritsiz (IV).

Ertzaren puntan.

Ertzaren puntati behera egindako argazkia.

Puntara igo nintzenean (IV), luzea amaitzeko falta zitzaidan zatia aztertzen hasi nintzen: parean nuen horman parabolt eta kordel gorri bat identifikatu nituenean argi gelditu zitzaidan horma zeharkaldi bat eginez zeharkatu beharko nuela. Hau ikusita eta eskuinera jo beharko nuela jakinda, puntaren inguruan zinta-uztaia jarri eta express-zinta bat pasatu nion, sokak nik jarraitu behar nuen bide bera jarraitzeko. Modu honetan, soka jasotzeko garaian ez nion Asierri amildegira tira egingo.

Azken bilgunera iristeko egin behar den zeharkaldia.

Puntaren bestaldean dagoen arrakalara jaitsi, zeharkatu, eta hormara pasa nintzen.

Horma ezker-eskuin noranzkoan zeharkatzen hasi nintzen, hasieran horizontalean, eskuak baino oinak non jarri ongi begiratuz, parabolt batera iritsi nintzen arte (IV+). Zeharkaldia ikusgarria bada ere ez zitzaidan zaila iruditu heldulekuak oparoak dira eta, oinentzat batez ere. Paraboltetik aurrera zeharkaldia horizontal izatetik diagonal izatera pasatzen da, baina zailtasunari dagokionez ez da zailagoa (IV).

Kordel gorri batetik zeharkaldiaren bigarren asegurua jarri ondoren, IV zailtasuneko pasagune motz bat eskalatu, eta zailtasun guztiak amaituta, harkaitz baten harkaitz-zubietan jarritako bi kordel motz aprobetxatuz bilgunea muntatu nuen.

Bosgarren, eta azken, bilgunea.

Bosgarren bilgunea muntatzen.

Asierrek azken luzea presarik gabe eskalatu zuen, lasaitasun osoz, hilabeteetako lesioaren ondoren galdutako sentsazioak berreskuratu nahiko balitu bezala.

Ertzaren lehen metroetan...

Ilusio handia eman zidan kontzentratuta eta gozatuz zihoala ikusteak.

Ertzaren puntan.

Ertzaren puntatik egindako argazki honetan seguruak non dauden hobe ikusi daiteke.

- Zemuz jun da? – Galdetu nion bilgunera iristear zegoela.
- Asko gustau zait, oso estetikoa – erantzun zidan – hau dron batekin grabatuzkeo kriston irudik grabatukoie…
- Ya lo creo…

Bilgunera iristen...

Harkaitz zabal batean eserita, trasteak jaso eta motxilan gordetzen genituen bitartean, lehen luzearen hasieratik bidelagun izan genuen brisaren bultzadarekin putre pare bat hegan pasa ziren, hegoen mugimendua brisaren kapritxoetara egokituz. La Lezetik gora pasatako beroaldia ahaztuta, eskalada tenperatura onean egin genuen, bero handirik pasa gabe.

- Bide earra, eh? – bota nion Asierri kantinplorari azken ur tantak lapurtzen nizkion bitartean.
- Bai, asko gustau zait – erantzun zidan -, esango nuke ezagune itteanen Arista de los Caracoles-i protagonismoa kendukoiola…

Kronikaren hasieran idatzi dudan moduan, "Barraskiloen ertzaren" estiloko bidea iruditu zitzaigun, teknikoki zailagoa eta estetikoki basatiagoa, “hemen gehio eskalatzea”, Asierrek esan zidan moduan. Ekipatuta dagoen moduagatik eta jarraitzen duen ibilbideagatik guri bide hau gehiago gustatu zitzaigun, beharbada berria delako, beharbada "Barraskiloen ertza" askotan eskalatu dugulako. Gure uste apalean Eginon eskalatu beharreko bidea izan beharko litzateke, gomendagarria ehuneko ehunean.

Bidea eskalatu ondoren biok zoriontsu.

Eguzkia arratsaldeko itzalak luzatzen hasi zenean beherako bidea hartu genuen. Bidearen amaieratik gora mugarri txiki batzuk jarraituz, Doña Eusebia hormaren gainera iritsi, eta hormaren ertzetik asko aldendu gabe, ezkerrera hartu (mendebaldea) genuen, bidexka bat iristen den mendi-lepo batera iritsi ginen arte. Bertatik jarraituz, Olano mendira doan ohiko bidearekin bat egin eta La Lezera itzuli ginen, hormari argazki batzuk egiteko denborarekin. Nomadak kontu kontari jarraitzen zuten, denbora gelditu izan balitz bezala. Zein ederrak diren mendiko abenturak lagunen artean partekatzen direnean!!!

Oharra: Jaitsiera honen inguruko azalpen zehatza irakurri eta “track”-a jaitsi nahi baduzue, hemen klik egin dezakezue.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- viejas zapatillas bloga. 2021/07/14. Imserso Extrem. Egino, 225 m 5a.. Eskuragarri: https://viejaszapatillas.com/2021/07/14/imserso-extrem-egino-225m-5a/